Prentsaren garapena

Euskarazko prentsaren sorrera eta garapena da bideo honen gaia. Egunkariak eta euskarazko aldizkariak ('Zeruko Argia' bereziki) ditu bizkarrezur moduan.

Mailak: Batxilergoa

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Komunikabideak

4,02 puntu 5 izarreko maximotik
46 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:

  • Garai bateko bizimodua eta kultura ezagutzeko interesa
  • Euskararen historia ezagutzeko gogoa, hedabideen jarduna bereziki
  • Hedabideetarako testu eta diskurtsoak landu eta sortzeko irrika
  • Euskara zaindu eta sustatzeko griña

 

Bideoa ikusi aurretik:

Gaiaren aurkezpena egingo dugu: euskarazko hedabideak izango ditugu hizpide, prentsa bereziki. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu.

-Ba al duzue euskarazko prentsa irakurtzeko ohiturarik?

-Euskara hutsezko zenbat egunkari egon dira historian zehar?

-Noiz sortu zen euskarazko lehen egunkaria?

-Zeintzuk dira euskarazko aldizkari ezagunenak zuentzat?

-Zuen ustez, euskaraz zerbait falta al da gaur egungo hedabideetan? (Moda, bidaiak, kirola, musika, teknologia, txutxumutxuak...)

-Iritzi-trukea egin.

 

Bideoa ikusi bitartean:

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
  2. Ikasleen arreta erakartzen duten pasarteak gogoan hartu.
  3. Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu ditzatela. Adibidez: Arantzazuko takua (Arantzazuko fraideek ateratzen zuten egutegia), “refugium peccatorum” (latinezko esaera: 'bekatarien babeslekua'), “ecce homo" (latinezko esaera: 'hona hemen gizona')...

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztia barneratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren:

  1. Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu.

-Ezagutzen al zenuten euskarazko prentsaren historia?

-Ezagutzen al dituzue bideoan agertzen diren pertsonak? (Elixabete Garmendia, Miren Jone Azurza, "Amatiño", Joxe Mari Iriondo...)

-Eta bideoan aipatzen dituzten izenak? ("Basarri", Rikardo Arregi, Joxemi Zumalabe...)?

-Euskarazko hedabide gehienak elizaren babespean sortu ziren (baita lehenengo ikastola klandestinoak ere). Zergatik? Zein zen euskararen egoera gerraostean?

Euskarazko hedabideak zapalduak izan direla dio Elixabete Garmendia kazetariak, “susmopekoak” izan direla Espainiako agintarientzat.

-Ados al zaudete?

-Zer beste egunkari eta aldizkari itxi zituzten? (Egin, Ardi Beltza...). Noiz?

-Orain ere “susmopekoa” al da euskal prentsa?

-Gaur egun ba al dago zentsurarik? (Mozal legea...)

Gai honekin lotuta Euskara eta zentsura bideoa ikus daiteke.

 

3. Euskara batua garrantzitsua izan zen prentsa eta literatura nazionala izateko, guztientzat bakarra:

-Imajinatzen duzue euskara baturik gabeko garaia? Nola idatziko genuke?

-Zer abantaila eta desabantaila ditu euskara batuak, zuen ustez?

Gai honetan sakontzeko, Euskara batua eta euskalkiak bideoa ikus daiteke.

Bideoan ez dira sasoi bateko euskarazko aldizkari guztiak aipatzen, bakan batzuk baino ez. Besteak beste, tokiko prentsa falta da: herri-aldizkariak. Gaur egun asko daude, herri askotan, baina horiek ere nahiko berriak dira: 80ko hamarkadan sortu ziren lehenengoak (ikus fitxako “Testuingurua” atala; bereziki 80ko hamarkada bitartekoak datoz hor ere, ez guztiak. Gaur egungo asko falta dira).

 

4. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Lau adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin dezakete.

 

  • “Historia egiten”. Euskarazko prentsaren historiaren zatitxo bat ezagutu dugu, oso txikitxoa eta mugatua. Eremu zabala dago ikergai, eta horixe proposatuko diegu ikasleei. Talde txikietan banatuta, gai bat aukeratu eta ikerketatxoa egin dezatela. Emaitza ahoz partekatuko dute ikaskideekin, aurkezpen txikiak eginez.

Gai posible batzuk:

Prentsa:

-Gerra aurreko prentsa (Javier Díaz Nocik tesia dauka eginda gai horri buruz: Euskal kazetaritzaren sorrera eta garapena 1834-1939)

-Sasoi bateko egunkari elebidunetako artikuluak aztertu (El Día, Euzkadi...)

-Eguna egunkariko artikulu batzuk aukeratu eta aztertu

-Sasoi bateko euskarazko aldizkarien historia (aldizkari bat aukeratu eta aztertu; ikus literatura-aldizkariak)

-Gaur egungo euskarazko aldizkariak (bat aukeratu: herri-aldizkariak, literatura...)

Irratigintza:

-Irratigintzaren historia: gerra aurreko irratiak

-Irratigintzaren historia: gerraosteko irratien historia

-Irrati bat aukeratu eta aztertu (Loiolako herri irratia, Segura irratia, irrati libre bat...)

Telebista:

-EiTBren historia (Noiz-nola sortu zen, garapena...)

-Tokiko telebistak (Hamaika, GoiTB...)

-Telebista digitalak (Kanaldude, Berria...)

 

Ikerketatxoa egiteko, dokumentazio-lana (tesiak, ikerketa-lanak, liburuak...) izango da oinarri nagusia. Hori bai, elkarrizketak ere egin ditzakete (horretarako, ikus hurrengo proposamena: “Zu zeu elkarrizketatzaile”). 

Aurkezpenak egitea izango da azken pausoa (Genially bezalako programak erabil ditzakete; adibiderako, ikus Elbira Zipitriaren ibilbidea, Lizardi eta Lauaxeta eta Literatura berria).

 

  • “Zu zeu elkarrizketatzaile”. Ikasleak kazetari bihurtuko dira, eta kazetariak elkarrizketatuko dituzte (herrikoak edo eskualdekoak badira hobeto, gertutasunarengatik). Euskarazko hedabideen garapenari buruz eta kazetari moduan izan duten ibilbideaz galde diezaiekete.

2-3 laguneko taldetxoetan egin daiteke. Nor elkarrizketatu erabakitakoan, hurrengo pausoa hitzordua lotzea izango da. Baiezkoa lortzean, galdetegia prestatu: galderen zerrenda. Elkarrizketaren helburua(k) argi izanda, emaitza hobeak lortzen dira. Hori bai, inprobisazioari tarte bat uztea ere garrantzitsua da; elkarrizketan bertan galdera berriak sor daitezke, elkarrizketatuak kontatzen duenaren arabera.

Elkarrizketa bideoz grabatzea proposatzen dugu (ikus jarraibide orokorrak). Adibide gisa, ikusi Jakintza ikastolako ikasleek egiten dutena: Ordiziako ikasleek egindako elkarrizketak.

Ondoren, hainbat lanketa egin ditzakegu grabazioarekin, hedabideen jarduna ezagutzeko eta lantzeko (ikasle taldetxo bakoitzak lanketa desberdina egin dezake):

  1. Bideo-erreportaje labur bat prestatu grabatutako irudiekin (horretarako, editatzeko programaren bat erabiltzen erakutsiko diegu, adibideak emanez). Bideo-erreportajea sarean zintzilikatu.
  2. Elkarrizketa idatziz jarri, egunkari digital edo blog baterako (titulua, azpititulua, sarrera, galde-erantzunak, argazkia, azgazki-oina)… Bi aukera: elkarrizketa eran jartzea, galdera-erantzunak sartuta, edo erreportaje eran, elkarrizketan jasotako esaldiak zeharka sartuta. Adibiderako, ikus Jakintza ikastolako ikasleen lanak.
  3. Irratsaio baterako erreportajea/elkarrizketa gertatu, elkarrizketako audioa erabilita. Sarrera prestatu (aurkezpena) eta grabatu; musika ere erabil dezakegu. Gertuko irratiren batera bidali.

Ondo legoke grabazioak Ahotsak.eus-era, ahozko ondarearen artxibora, bideratzea (adibiderako, ikus Donostiako San Ignazio ikastetxeko ikasleen proiektua).

Egindako lana gelakideei aurkeztea eta azalpenak ematea izango da azken pausua.

 

  • “Sormena lagun”. Kazetari-lanetan aritzeko proposamena da hau ere. Baina elkarrizketaz aparte, badaude beste idazketa-molde batzuk ere.

Kontuan izan behar da 'kazetaria' eta 'idazlea' 'ez direla lanbide bera: kazetariaren langaia informazioa eta objektibotasuna dira. Hori bai, badaude sormenerako tartea uzten duten lanak ere kazetaritzan. Prentsan gehien erabiltzen diren idatziak ezagutuko ditugu, zer ezaugarri dituzten:

-Artikulua. Informazio hutsa. Batzuetan ez dago prentsaurrekora joan beharrik ere (prentsa-oharrekin eta agentzietako informazioarekin aski izan daiteke. Adibidea

-Erreportajea. Informazioa da oinarria, baina aberatsagoa da. Kazetariak bere estiloa emateko aukera dauka. Gaiaren enfokea ere berak aukeratzen du. Ikuspegi bat baino gehiago jorratzen ditu (elkarrizketatuen hitzak zeharka sartzen dira testuan). Bi adibide: Zoriontsu ezer gutxirekin eta Trenez kosta ahala kosta.

-Elkarrizketa. Elkarrizketatuaren hitzak bere horretan datoz (elkarrizketa eginda, erreportajea ere egin daiteke, elkarrizketatuaren hitzak zeharka sartuta). Galdera-erantzunak osorik daude. Sarreratxoan dauka kazetariak “luzitzeko” aukera (baita elkarrizketatuari buruzko bere iritzia ematekoa ere; adibidea). Ikus aurreko atala: “Zu ere elkarrizketatzaile”. Elkarrizketa motak bideoa ere ikusi.

-Kronika. Informazioa baino areago doa. Gertaera batzuk kontatzen dira, kazetariaren sentipenetatik abiatuta, eta nabarmendu nahi denaren aukeraketa bat eginez (iritzia eman daiteke ala ez). Adibide batzuk: Bidaia-kronikak

-Iritzi-artikulua. Ez da informazio hutsa. Norbere iritzia ematen du artikulugileak. Adibidea: Karmele Jaio idazlearen artikuluak).

 

Bakarka egiteko lana izango da. Ikasle bakoitzak bere gustuko idazmoldea aukeratuko du, eta ariketatxo bat egin, ikusitako ereduak aintzat hartuta. Sormena lantzeko bidea ematen dutenak lehenetsiko ditugu: erreportajeak, kronikak eta iritzi-artikuluak. Ikus sailkapen hau ere.

Emaitza ikaskideekin partekatuko dute, ahoz gora irakurrita. Albisterako elkarrizketaren bat egin baldin badute eta bideoan grabatu, bideo-zatitxo bat aukeratu, eta hori ere erakutsi dezakete.

 

  • "Gaur egunera begira”. Gaur egungo euskarazko aldizkariak zeintzuk diren aztertu, dauden hutsuneak identifikatu, eta ikasleek beren gustuko aldizkari digitala sortzea izango da erronka.

-Zeintzuk dira gaur egungo euskarazko aldizkariak?

Zerrenda bat osatu dezakete, guztien artean (Gaztezulo, Aizu!, Entzun!, Gaur8, Elhuyar, Jakin, Thebalde, 111aldizkaria, Hegats, Maiatz, Behinola, Ekaia, Hik Hasi, Bertsolari, Gazteberri, Karmel, Herria, Egan, herri aldizkariak...). Aldizkari digitalek ere balio dute (Zut, Ttap, Sustatu, Ikasbil...). Azaldu dezatela zeintzuk diren gehien gustatzen zaizkienak. Ezagutzen ez dituztenak ezagutzeko balio dezake (sarean bilatu edo ale batzuk eraman gelara). Gazteak eta euskarazko hedabideak bideoa ere ikus daiteke, gai honekin lotuta.

-Zer falta da gaur egun? Zer irakurriko zenukete gustura?

Gustuko gai batekin/batzuekin lotutako aldizkari digital bat egitera animatuko ditugu. Adibidez, bidaiak, literatura, moda, teknologia... Ereduak bilatu ditzakete beste hizkuntza batzuetan eta antzeko zerbait egiten saiatu euskaraz. Bideoz/audioz osatutako webgune bat edo Youtubeko kanal bat ere izan daiteke.

 

 5. Ekoizpena partekatzea. Ekoizpena dena delakoa izanda ere, ikasleek beti ahozko aurkezpena/azalpena/kontaketa egitea proposatzen dugu, ahozkotasuna lantzeko, eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea, ahozko jardunen bilakaera ikusi eta aztertu ahal izateko. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea komeni da. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak.

 

Ebaluazio-irizpideak

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.


Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:

– Ea gai den zenbait erabilera-eremutako ahozko eta ikus-entzunezko testuak interpretatzeko eta balioesteko, eta horretan, ea bereziki kontuan hartzen dituen hedabideetan sarri-sarri erabili ohi diren testuen funtzio soziala.

– Ea badakien ahozko aurkezpenak egiten eta ea gai den, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz, aldez aurretik prestatutako eskema bati jarraitzeko.

– Ea modu aktibo, erreflexibo eta pertinentean parte hartzen duen ikaskuntza helburu duten ahozko interakzioetan, eta horretan, ea gai den azalpenak eta argudioak modu pertinente eta egokian emateko.

– Ea gai den zenbait erabilera-eremutan erabili ohi diren euskarri digital eta analogikoko idatzizko testuak interpretatzeko eta balioesteko, eta horretan, ea bereziki kontuan hartzen duen azalpenezko testuek (1. mailan), pertsuasiozko testuek (2. mailan), iritzi-artikuluek eta zientzia-dibulgazioko testuek zer funtzio sozial duten eta zer balio transmititzen dituzten.

– Ea gai den, aldez aurretik egindako plangintza bati jarraituz, gaurkotasun handiko gaiei eta curriculumarekin, hizkuntzarekin nahiz literaturarekin lotutako gaiei buruzko idatzizko testuak zorrotz, argi eta akatsik gabe ekoizteko (azalpenezko eta argudiozko testuak, batik bat).

– Ea, testuak interpretatzean eta sortzean (azalpenezko eta argudiozko testuak batik bat), gai den hizkuntzaren planoei buruzko ezaguerak modu erreflexiboan identifikatzeko eta erabiltzeko.

– Ea gai den ikasturtean zehar landutako literatura-lan eta -pasarteetako edukiak interpretatzeko, eta horretan, ea erabiltzen dituen literatura-formei, -garaiei eta -egileei buruzko ezaguerak.

– Ea gai den, ikasturtean landutako garai eta mugimenduetako lanik adierazgarrienak irakurri ondoren, testu-iruzkin kritikoak egiteko.

– Ea badakien hizkuntza-aniztasunaren berri, eta ea gai den errealitate hori kontzeptu sozio-linguistikoak erabiliz kritikoki interpretatzeko.

– Ea gai den, informazioa bilatzean, aukeratzean, komunikatzean eta zabaltzean, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu autonomo, eraginkor eta kritikoan erabiltzeko.

– Ea gai den hizkuntzak ikastean tartean diren ikaskuntza-prozesuez gogoeta egiteko, eta horretan, ea baduen konfiantzarik bere gaitasunetan.

Euskarazko prentsaren garapena

 

Gerra aurreko loraldia

Patri Urkizu (Lezo, 1946): Hor baziren bi egunkari aski interesgarri hegoaldian: bat El Día eta bestea Euzkadi, Bilbon. El Día Donostian agertzen zen eta Euzkadi Bilbon. Eta gero hor zegoen ere Eskualduna, Baionan, eta hor agertzen ziren informazio pila bat… bueno, politikoak ere bai, baina baita ere euskal literaturaz mintzatzen zirenak.

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): El Día egunkarian egiten ziren kritikak ere aipatu dira... Egunkaria, bueno, funtsezko… nola esango nuke? tresna bat da irakurzaletasun ohiturak finkatzeko eta kultura bat ikusgarri egiteko.

Elixabete Garmendia (Ormaiztegi, 1953): Bueno, euskarazko lehenengo egunkaria, Eguna, gerra garaian sortu zan, gerra bete-beten, 1937ko hasieran. Eta iraun zon hortxe San Antonio egunera arte, gutxi gorabehera, ekaiñen 13ra arte edo. E? Eta Eguna hori Bilbon egiten zuten, han Posta kalean, Euzkadi egunkariaren azpiegittura aprobetxatuz, eta gudariek egiten zuten egunkari hori.

Patri Urkizu (Lezo, 1946): Lenbiziko urtia, bigarren zenbakia, Bilbon, 1937. urtarrilaren 2.a, larunbata. E? Eta orduan, ba, hemen izugarrizko informazioa dago, batez ere, ba, gerra garaiko historia hoietaz.

Elixabete Garmendia (Ormaiztegi, 1953): Hor ibili ziren batzuk, bueno, ba, Agustin Zubikarai ondarrutarra, Eusebio Erkiaga, "Basarri" ere bai, Iñaki Eizmendi… Harek ya "Nere bordatxotik" atala ya —gero Zeruko Argian izan zuna eta, gero, nik uste det La voz de Españan ere bai, ba, atal hura ya— Egunan egitten zun. Eta kontue da oso egunkari… ez dakit… oso fundamentu haundikoa egiten zutela eta modernoa ere esango nuke.

Juan Martin Elexpuru (Bergara, 1950): Eta iraungo zuen Bilbo jausi arte edo astebete lehenagora arte. Iraungo zeban lau hillabete, bost… ez dakit.

Patri Urkizu (Lezo, 1946): Francoren aldekoak Bilbon sartu zirenean, ba, bai Euzkadi, bai beste aldizkarik eta rebista guztiak, ba, pikutara. Erreka jo zuten, debekatu zen euskeraz argitaratzea eta horrelako gauzak gertatu ziren. Historia triste bat benetan.

 

60ko hamarkadan, argi izpiak

Jose Mari Iriondo (Azpeitia, 1938): Prentsa idatziaren egoera ikaragarri motela zan, ikaragarri mixerablia zan gu hasi giñen garaian. Zeruko Argia, astian behin etortzen zana, gero Arantzazuko takua, eta Arantzazuko rebistan ere gauza gutxi. Redentzionen artikulon bat edo beste, baina oso gutxi ematen zan euskeraz. Eta prensa… eguneroko prensak "Basarri"rena eta ezer… Eta "Basarri"rena zan herri-kirolak, sartzen zuen asko euskal kulturaren zea asko sartzen zuen "Basarri"k, baina hoixe zegoen bakar-bakarrik. Euskeraz irakurri zitekeena hori bakarrik zan, ez zegoen besterik.

Juan Martin Elexpuru (Bergara, 1950): Zan euskera irakurtzeko leku ia bakarra. Anaitasuna Bizkaian, baiña... eske orduan ez zan… Kontuan euki bihar dogu ez zeguala Berriarik, ez zeguala Euskal Telebistarik, ez zeguala Goienarik. Hori askotan ahaztu itten jaku, baiña… Eta, ba, orduan, zegoena Zeruko Argian agertzen zan.

Elixabete Garmendia (Ormaiztegi, 1953): Anaitasuna, gero baita ere argitalpen zera izan zana, oso… ba, gure garaian, 70eko hamarkadan, euskera batua argi eta garbi eta irmo hartu zuen lehenengo argitalpena izan zan.

Bernardo Atxaga(Asteasu,1951): Anaitasuna, ba, aldizkari bat zan. Han ibiltzen zan Aresti bea. Anjel Zelaietak zuzentzen zun.

Elixabete Garmendia (Ormaiztegi, 1953): Joan Mari Torrealdai-eta zeuden hor. Eta aldizkari… nere gustorako garai hartan Zeruko Argia baiño hobea zan, modernoagoa zan. Anaitasuna, hori, frantziskanoengandik sortua, baiña harek ere ibilbide askoz laburragoa, jakiña, baiño interesgarria izan zon. Hori bai.

 

Zeruko argia: 100 urteko historia

Elixabete Garmendia (Ormaiztegi, 1953): Argia astekaria 1921ean sortu –hau da, datorren urtean ya 100 urte beteko littuzke– baiño 36an bukatu zan, Zeruko Argia bezelaxe, e? gerrarekin biak bukatu ziren. Gertatzen da gero Zeruko Argia berpiztu egin zala 1963an, berpiztu egin zutela, beste kaputxino batek, Agustin Ezeizak. Eta gero, 80an berriz gertatu zan kaputxinoek ya Zeruko Argia utzi egin nahi zuten. Orduan, bertan lan egitten genuenon eskutan utzi zuten, eta orduan “Zerukoa” kendu genion, kaputxinoek eutsi ziotelako mantxeta hari. E? Beraientzat geldittu zan. Eta guk momentu hartan hartu gendun Argia historikoaren –1921ean sortu eta 36an bukatu zen Argia haren– mantxeta.

Juan Martin Elexpuru (Bergara, 1950): Hasieran, ba, hori, kaputxinotan han Donostian zertzen zan; erredakziñua, bueno, ba, fraileek zuten burua, baiña berehala sartu ziran gaztiak hor, zera, eta orduan, ba, beste ikuspegi bat emoten.

Elixabete Garmendia (Ormaiztegi, 1953): Ehun urtetan zehar zenbat jende, zenbat belaunaldi, zenbat pertsona diferente... Gaur egungo Argia aldizkari aurrerakoi eta alternatibo hortaraino ia zenbat pauso egon diren, zenbat jende pasa dan... baino beti hori: erreleboa batzuk besteei emanez eta etenik gabe.

Luis Alberto Aranberri "Amatiño" (Eibar, 1945): Miren Jone Azurtza, Mikel Atxaga, Edorta Kortadi eta gero Mikel Ugalde, zera, ELAkua eta... Nik uste hor… Kontua izan Zeruko Argia “zerukoa” zala –ez gaittezen ekibokatu– eta kaputxinoena zala. Orduan, nik uste hor agintian zeudenak zan jende euskaltzalea, moderatua, eliztarra... halako zerbait. Gero hori aldatu egin zan, e!

Miren Jone Azurza (Donostia, 1929): Zeruko Argian dana egiteko zegon. Dana iteko. Klaro, Zeruko Argia, ba, bihurtu zan 14 orrialdeko... Hutsetik hasita, e! Eta hor, ba, bildu zan... Nik hor asko disfrutatu nun, ta sufritu´re bai, ta ikasi´re bai eta erakutsi´re bai. Zeatik, klaro, danak boluntariyuak zian.

Juan Martin Elexpuru (Bergara, 1950): Orduan kazetaritzak ez zeukan, egixa esan, profesional izateko –euskal kazetaritzak– zerik, lurrik ez zeukan. Esan nahi dot, sasoi hartan ez zeuan ezer. Bai Argia eta, baiña ez ziran profesionalak. Argian kolaboratzaileak ziran, Zeruko Argian, eta ez zeuan beste ezer.

Miren Jone Azurza (Donostia, 1929): Lehenbizi in bihar zan plantilla bat bilatu. Pentsatu orrialde bakoitzian zer, zeiñek in bihar zun, ze argazki, maketatu... eta ez zan iñor hori dana egiten zekiña. Eta idazliak billatu eta herritakuai´re... ba, herritan, igual segun ze herrira, billa jun.

Luis Alberto Aranberri "Amatiño" (Eibar, 1945): 1963an hasi nitzuan ni Zeruko Argiarentzat lan egiten, Eibarko berriemaille.

Juan Martin Elexpuru (Bergara, 1950): Herrietako kronikak be egoten ziran. Izan nitzan Bergarako kronista denpora gutxian, pare bat urtean, urte batean edo.

Miren Jone Azurza (Donostia, 1929): Iten gendun billeratxo bat, ba, astelehenetan, bazkalonduan, kafia hartzen. Hango taberna batetik ekartzen ziguten kafetxoa eta iten gendun plana. Nik ordurako gutxi gorabehera baneuzkan gauza batzuk pentsatuk, bestela ez ziran etortzen hain erraz. Eta, bueno. Eta oso ondo konpontzen giñan. Iya danak zian... batzuk zian unibersitariyoak, ba, Eugenio Igarzabal, eta, bueno, Rikardo Arregi eta hola… Eta gero, ba, Mikel Atxaga, Xalbador... jende… jende pulamentua zuna.

Jerardo Elortza (Oñati, 1944): Hasi nitzan orduan Zeruko Argian zerbaitt idazten. Orduan halako bultzagille eta eragille oso garrantzitsu bat, inportante bat, euki geben, gu baiño askoz zaharragua ez zana: Rikardo Arregi. Eta Rikardo Arregik Zeruko Argian asko idazten eben.

Juan Martin Elexpuru (Bergara, 1950): Bera izan zan alde batetik, bueno, munduko politikagintzaren berri emoten zabana. Kazetari sen haundikoa, eta, orduan, ba, Zeruko Argian-ta artikuluak-eta zertzen zituen. Karisma haundiko persona. E?  Ba, jente asko biltzen zuen.

Jerardo Elortza (Oñati, 1944): Berak lan asko egin eben eta inguruko jentia be lanian jarri eben: orduan, bestiak beste, ba, Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola, Mari Karmen Garmendia, gero Arantxa Urretabizkaia, Xabier Lete eta hor jende gaztia...

Luis Alberto Aranberri "Amatiño" (Eibar, 1945): "Gazte naiz" uste dot zala saila. Eta "Gazte naiz" horretan idatzi zeben, oker ez banago, Ramon Saizarbitoriak, Andu Lertxundik eta belaunaldi horrek idatzi juan inguru horretan.

Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944): Osatu genuen talde bat eta hor ya hasi ginen "Gazte naiz" orria osatzen.

Luis Alberto Aranberri "Amatiño" (Eibar, 1945): Egunkaririk ez dago, aldizkariak, agertzen dira lehelengo aldizkariak eta aldizkarietan zeiñek idazten dabe? Idazliak. Idazliak zeintzuk dira? Jente sakona, pentsalariak. Konbentutik pasatu bazara edo fraille egon bazara, hainbat hobe. Dana da astuna, sendua, sakona. Eta aldizkariak dira artikulu bildumak, ez dago informaziñorik.

Elixabete Garmendia (Ormaiztegi, 1953): 76en, ni hor redakzion sartu nintzenen, esan dedana, Mikel Atxaga, ba, zuzendari efektiboa, eta gero, kolaboratzaileen arten oso garrantzitsue –eta asko zeren, e! Kolaboratzaile, gaiñera, izendunek, e! baiño oso garrantzitsue– "Amatiño". "Amatiño"k egitten zun hasieran "Zenbat gara" izan zan bere sekzioaren izena eta gero "Boulevard irekia". Eta nere ustez "Amatiño" izan zan kazetaritza, kazetaritza soillari, euskarazko kazetaritzari, modernotasuna eman zion lehenengoa. Ordura arte lerroa zan beti, ya apaiz jendengandik-eta zetorrena, iritzi-artikuloak, esan dezagun. Ez? Askotan, gainera, ez izen propioz siñatuak, baizik izen… hori, goitizenekin siñatuak eta hori dana. Ezta?

Luis Alberto Aranberri "Amatiño" (Eibar, 1945): Ez bakarrik liburu bat atera dala eta hari kritika. Ez, ez, ez. “Bihar halako… eta egitaraua hau da eta horrenbeste liburu aterako dira eta igaz horrenbeste gertatu ziren eta ez dakit zer eta bestia. Eta erosle…” informazio bezela, ba, ez dakit nik, “Xabier Mendigurenek etarako dau `Ezker berria´ liburua edo `Europako ezker berria´”. Informazio hutsa. Eta hori izan zan arrakasta. Azken batian zein zan arrakasta? Kazetaritza hutsa egitia.

 

Frankismoaren amaiera

Jose Mari Iriondo (Azpeitia, 1938): Baina Egin eta Deiarekin ere izan genuen zea bat, desengaiño bat: ze azkenian zan bi hizkuntzak. Bi hizkuntzak. Eta egiya da lehelengotik hasi zian, ba, bai Deian eta bai Eginen, ba, artikulu batzuk, baiña artikulu hola interesantiak... Hori dana gazteleraz zan eta, gaiñera, euskerazkuak zian betiko zeak, hau da, euskal kulturaren kontu batzuk, kirolaren kontu batzuk eta abar. Baiña, hola, zerbait seriyua zanian, beti gazteleraz.

Juan Martin Elexpuru (Bergara, 1950): Belaxe ikusi zan ehuneko larogeta piku erderaz zala.

Elixabete Garmendia (Ormaiztegi, 1953): Guri iruditzen zitzagun beharrezkoa zala euskera hutsezko hedabide bati eustea. E? Bi egunkariak –hori esan det– elebidun modura zetozen, ikaragarrizko ilusioa sortu zuten, eta ez zan harritzekoa egoera hartan. Joe, hemengo egunkariak izatea… Ordura arte pentsa zer izan zen: La Voz de España eta konpañi guztie. Guk, hori, intuizio modura izan gendun; esan gendun: “baiño, aber, euskara hutsez… beharko da, beharko da, eutsi beharko zaio”. Eta hola geldittu giñen.

Lurdes Auzmendi (Ataun, 1955): Eta trantsizioko urte haietan, bueno, ba, erabat eraldatu genuen aldizkaria. Bajak hasi ziren. Nola ez? Bai? Izan zen esan zigunik “Zeruko argia baino gehiago zarete inpernuko sua” eta era horretako gauzaren bat edo beste. Bai?

Elixabete Garmendia (Ormaiztegi, 1953): Hor genden Pilar Iparragirre, Lurdes Auzmendi eta hirurok, esate baterako. Eta askotan errepikatu izan det “refugium peccatorum” izan zala Zeruko Argia momentu hartan. E? Osea, euskal munduko… hori, pekatarien babespea izan zala Zeruko Argia. Eta… ba bai, nolabaitt bai. Egia esan, gu giñen... aber, apuntatu giñen momentu hartan sortzen ari ziren –ez dakit– mugimendu guztietara, ezta? ekologismoa, feminismoa ta... eta abar.

Juan Martin Elexpuru (Bergara, 1950): Eta… bueno, ba, garrantzi haundiko aldizkaria izan da Zeruko Argia. E? Gero Argia bihurtuko zan, ez dakit 80. urtean edo holakon baten.

Elixabete Garmendia (Ormaiztegi, 1953): 1980en –eta hor kaputxinoak lehendik ya urduri samar zebiltzen–, bueno, ba, kontue zan hoixe, Zeruko Argia –ba, hori, esan dedana– ezkerrekoa eta aurrerakoia zan, eta, hortaz, ba, harpidedun tradizionalek, ba, poliki-poliki utzi egin gintuzten. E? Gauza da poliki-poliki Zeruko Argi ya urperatzera zihoan itsasontzi bihurtu zala. E? Erabat.

Lurdes Auzmendi (Ataun, 1955): Orduan, aldaketa ematen denean ya Argiarakoa, bai Elixabetek eta bai nik utzi egin genuen, eta beste gauza batzuetara pasatu giñan.

Elixabete Garmendia (Ormaiztegi, 1953): Hasi ziren Zeruko Argiako erredakziora, Okendo 22ra azaltzen, ba, hor EUTGn ikasten zuten gazte batzuk: Pello Zubiria, Josu Landa, Kike Amonarriz ere noizbaitten azalduko zan... Guk alde egin gendunen –bueno, ba, beste hori, Pilar, Lurdes eta hirurok eta beste batzuk ere bai–, ba, momentu hortan Joxe Mari Ostolazak eta Joxemi Zumalabek, ba, jende hau erakarri zuten, tartean Barandiaran bat ere bazan... Bai, bai, bai. Hori ere bai. Eta, hortaz, hoiei esker… bueno, ekipo horrek salbatu zon –hori, ba, esan deun bezela– urperatzera zihoan edo ia urperatuta zegon itsasontzie. E? Eta, bueno… Eta ez hori bakarrik: gero, eta ez hainbeste denborara, gaiñera, Egunkaria sortzeko gai izan ziren baita ere.

Lehenengo egunkaria gerra betean eta baldintza haietan, ezta? Eta zer, eta bigarren egunkaria 1990ean, konstituzio egunean, abenduaren 6an irten zan lehenengo aldiz, Argiatik bultzatutakoa. Joxemi Zumalabe ibili zan hor lehelengo ilaran, ezta? Eta… bueno, ba, ya Egunkaria, euskerazko egunkaria.

Juan Martin Elexpuru (Bergara, 1950): Oso jente trebatua zan, eta, bueno, kazetaritzaz asko zakixena eta esperientziarekin, Argiarekin eta abar. Eta, ba, indartsu hasi ziren proiektuarekin, baina resistentzia gogorrak egon ziran. Bai. Ze, klaro, aldi berean batez be PNV-ren aldetik eta, ba, joño, ba, ez zan beren sokako jendea. Eta, orduan, hasieran egon zan ahalegin bat beste bat ateratzeko. Dana dala, bueno, Egunkariak bere bidea egin zuen, e? laster. Bestea, bueno, hor geratu zan. Eta Egunkaria sortu zan. Eta, bueno, bere historia ezagutzen dogu, ez?

Elixabete Garmendia (Ormaiztegi, 1953): Itxi zuten indarrez, ba, bueno, Espainiako… enfin, gobernu eta enparauek. Ez? Eta nola itxi, gaiñera! Hura inpresionantea izan zan. Hango orduko irudiak dira... Torrealdai esku lotuta zeramatenean `Ecce homo´ren pare eta buf... Eta, hori, guardia zibilen patrolak Andoaingo Martin Ugalden abiada zoron eta ze, ze... Ikaragarria, ikaragarria izan zan hura, e.

Ze ezaugarri izan dittu euskarazko kazetaritzak? Bueno, ba, euskarazko kazetaritza izan da susmopekoa –izan da eta esango nuke oraindik ere seguruasko izaten jarraitzen dola, susmopekoa– Espainiako agintarientzat eta. Beti. Eta, ordun, hori, ba, jazarri egin dute ahal izan duten guztian.

-Bideo honetan Hego Euskal Herriko euskarazko prentsan eman diren urratsetako batzuk jaso ditugu. Bereziki egunkariak eta euskarazko kazetaritzan mugarria izan den Zeruko Argia (gerora Argia) astekaria dira aintzat hartu ditugunak: 1937tik 1990. urtera bitarteko argitalpen batzuk, ez bakarrak. Gerra aurreko euskarazko kazetaritzaren historia ezagutzeko, irakurri Javier Díaz Nociren Euskal kazetaritzaren sorrera eta garapena (1834-1939) doktorego tesia.

-Euskara hutsezko egunkariak:

-Eguna. Bilbo, 1937. Eusko Jaurlaritzak Euzkadi egunkariaren babesean sortua, gerra garaian. Gutxi iraun zuen.

-Euskaldunon Egunkaria. Andoain, 1990-2003. 1997tik aurrera, koloretan. Argiako kazetari-taldeak bultzatutako hedabidea. Herri ekimenetik sortua. Indarrez itxi zuten, ETAk sortua zela argudiatuta. Berria egunkaria sortu bitartean, Egunero egunkaria plazaratu zuten langileek (Hernani). 10 urteren buruan, libre utzi zituzten akusatuak, kargurik gabe.

-Berria. Andoain, 2003. Euskaldunon Egunkariaren jarraipena, lan-talde eta zuzendari berarekin.

-Euskara hutsezko aldizkariak. Euskarazko kazetaritzak muga ugari izan ditu, baina hala ere asko dira historian zehar euskaraz argitaratu izan diren aldizkariak, Iparraldean zein Hegoaldean. Hona hemen batzuk:

-Uskal-Herriko Gaseta, Baiona (1848-1848)

-Eskualdun ona, Baiona (1904-1907)

-Euzko Deya. Bilbo, (1916-1920, 1921-1923)

-Gure herria, Baiona (1921-1976)

-Euskal-esnalea (Tolosa, 1908-1911), Euskalerriaren Alde aldizkari elebidunaren gehigarri bihurtua (Donostia, 1911-1931)

-Karmel aldizkaria. Markina-Xemein (1931)

-Herria astekaria, Baiona (1944)

-Euzko-gogoa kultur aldizkaria (Guatemala, 1950-1955. Biarritz, 1955-1959)

-Anaitasuna, Bilbo (1953-1982)

-Jakin (kultura eta pentsamendua) (Arantzazu-Oñati, 1956-1968, geroztik Donostia)

-Argia (Argia astekaria, bi aldizkariren batura: gerra aurrean sortutako Argia aldizkariaren izena darama, baina Zeruko Argiaren jarraipena da). Zeruko Argia (Iruñea, 1919-1936. Hondarribia, 1954-1959. Donostia, 1963-1980). Argia (Donostia, 1921-1936. Venezuela- NY, 1946-1948. Lasarte-Oria, 1980).

-Egan, literatur aldizkaria, Donostia (1948-1987. 1954tik euskara hutsezkoa) https://ahotsak.eus/lezo/pasarteak/lez-097-013/

-Goiz-Argi. Arantzazu-Oñati (1958-1986)

-Jazten. Arrasate (1989-1994)

-Tokiko hedabideak. Lehenengotakoak: Ttipi-ttapa (Baztan, 1981), Eta Kitto! (Eibar, 1987), Arrasate Press (Arrasate, 1988-2005), Goierritarra (Ordizia, 1989-2012), Karkara (Aia-Orio, 1989)... Gaur egun herri aldizkari asko daude herri eta eskualdeetan; adibidez, Goiena (Debagoiena, 2000).

-Aldizkari espezializatuak: Elhuyar (zientzia, 1974), Ipurbeltz (komikia, 1977-2008), Aizu! (AEKren aldizkaria, 1981), Senez (itzulpengintza, 1984), Ekaia (zientzia, 1989), Uztaro (gizarte-zientziak, 1990), Bertsolari (bertsolaritza, 1991), Bat (soziolinguistika, 1990), Zuku festa (pornoa, 1991-1997), Entzun! (musika, 1996), Ostiela! (umorezkoa, 1996-2006), Gaztezulo (gazteentzat, 1999), Putz (1999-2009)...

-Literatur aldizkariak. Ustela (1975-1976), Oh Euzkadi (1978-1983), Pott (1978-1983), Susa (1979-1994), Xaguxarra (1980-1981), Maiatz (1981), Idatz & Mintz (1981), Stultifera Navis(1982-83), Kandela (1983-84), Pamiela aldizkaria (1983-86/1991-93), Korrok (1984-89), Txortan (1984-85), Porrot aldizkaria (1984-90), Literatur Gazeta (1985-89), Plazara (1985-1992), Enseiucarrean (1986-2002), Zintzhilik (1986-96), Hegats (1989), Mazantini (1991-93), Garziarena berria (1997-98)... ikus Migel Angel Elkoroberezibarrek egindako ikerlana.

-Egunkari elebidunak eta euskarazko orriak zein artikuluak, erdarazko prentsan. Gaztelaniaz/frantsesez argitaratutako egunkari eta aldizkarietan asko dira euskarari tokia -handia zein txikia- egin diotenak. Hona hemen batzuk:

-Euskal-Erria aldizkaria, Donostia (1880-1918)

-Eskualduna aldizkaria, Baiona (1887-1944)

-Euskalerriaren Alde, Donostia (1911-1931)

-Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko aldizkaria RIEV (1907-1936, 1983-1995)

-Euzkadi egunkaria, Bilbo (1913-1937)

-Euzkerea aldizkaria, Bilbo (1929-1936)

-Amayur aldizkaria, Iruñea (1930-1936)

-El Día egunkaria, Donostia (1930-1936)

-Yakintza aldizkaria, Donostia (1933-1936)

-Tierra Vasca-Eusko Lurra (Donostia 1933-1934, Bilbo 1936-1937, Baiona 1937-1940, Buenos Aires 1956-1976)

-Principe de Viana, Nafarroako Gobernua (1940)

-Ekin aldizkaria

-Diario Vasco, Donostia

-Enbata, Baiona (1960)

-Fontes Linguae Vasconum aldizkaria (hizkuntzalaritza), Iruñea (1969)

-Deia, 1977

-Egin, 1977

 

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza