Elkarrizketak egiteko hainbat modu daude, helburuaren araberakoak. Ahotsak.eus proiekturako bideoz egindako hainbat elkarrizketaren adibideak batu ditugu bideo honetan.
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Euskara eta Literatura
Gaiak: Ahozko testu-generoak
Ikasleengan bultzatu asmo diren jarrerak:
Bideoa ikusi aurretik:
Gaiaren aurkezpena egingo dugu: elkarrizketa motak izango ditugu hizpide. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu.
-Elkarrekin hitz egiteari, elkarrekin komunikatzeko modu nagusiari, elkarrizketa esaten diogu. Baina elkarrizketa hitzak adiera gehiago ere baditu. Zeintzuk bururatzen zaizkizue?
-Ahozko testu-generoetan, non kokatuko zenukete elkarrizketa?
-Kazetaritzan, zer helbururekin egiten dira elkarrizketak? Zer jasotzeko (bizipen pertsonalak, iritzia, informazioa)?
Elkarrizketa hitzak 3 adiera ditu: 1. Solasaldia, pertsonen arteko hizketaldi informala. 2. Kazetari/ikertzaile batek pertsona bati/batzuei egindako galdeketa eta erantzun sorta. 3. Negoziazioaren bitartez gatazkak gainditzeko modua.
Ahozko testu-generoak, Jean-Michel Adam-en arabera (1987): narrazioa, deskribapena, argudioa, azalpena eta instrukzioa. Elkarrizketa narrazio mota bat izango litzateke. Hori bai, kontuan izan behar da ahozko jarduna genero-nahasketa dela (narrazioa, argudioak, deskribapenak, azalpenak… nahastu egiten dira).
Bideoa ikusi bitartean:
1-Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
2-Ikasleek euren arreta erakartzen duten pasarteak gogoan har ditzatela.
3-Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez: sesioa (borroka), hankazpin izan (zapalduta, menderatuta izan), komerik (gorabeherak), majiña bat (makina bat, ugari)… Jardun librean, Litzartzako lau emakumeek nokako formak darabiltzate: hitzenan (zinen), aizan (entzun ezazu), gaittun/gatxin (gara), diñat (dut), niken (nuke), zienat (diet), bahunan (bazen)…
Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztia barneratzeko. Bideoa bigarren aldiz ikustean, izenondo edo adjektiboak apuntatuko dituzte.
Bideoa ikusi ondoren:
1-Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
2-Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu.
-Zer pasarte gustatu zaizue gehien? Zerk piztu du zuen interesa? Zergatik (gaia, kontatzeko modua, elkarrizketatua nor den…)?
-Helburuaren arabera (bizipenak-biografia, iritzia edo informazioa jasotzea), lortzen diren erantzunak/emaitzak diferenteak al dira?
-Datu biografikoak jasotzeko bi adibide datoz bideoan: 1. Galdera-erantzun laburrak eta 2. Bere burua aurkezteko eskatzea. Zein gustatzen zaizue gehiago? Zer alde daude (batean elkarrizketatzailearen ahotsa kendu egin daiteke, bestean ez…)?
-Jardun gidatua eta librea (kazetariaren esku-hartze txikiagoarekin): emaitzari begira, zer diferentzia ikusten dituzue (erregistro aldetik, adibidez)?
-Elkarrizketatuak asko direnean, mahaingurua ere deitzen zaio. Kopuruak nola eragiten du elkarrizketan (bat, bi, lau pertsona izan)? Giroa aldatu egiten al da?
-Zer elkarrizketa mota egingo zenukete gustura? Nor elkarrizketatuko zenukete?
3. Bideoan agertu diren gaiei buruz hitz egin dezakegu (ikasleei interesgarriena iruditzen zaiena): kultura aldaketekin lotutako anekdotak, garapen pertsonala hezkuntzan, euskarazko antzerkiaren historia, emakumearen egoera lehen, kanta tradizionalak, bideoan agertzen diren euskalkiak/erregistroak… Adibidez: Lizartzako emakumeek diotena aztertu dezakegu eta iritzia trukatu.
Horrez gainera, elkarrizketen adibide gehiago ikustea aberasgarria gerta daiteke. Ahotsak.eus webgunean elkarrizketa interesgarri gehiago bilatu ditzakete (ikus Gazte Gara Gazte proiektukoak ere). Talde txikietan jarrita, gustukoak aukeratu eta ondoren partekatu.
4-Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Lau adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek aukera dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere.
-Nor/nortzuk elkarrizketatu? Pertsona bakarra ala gehiago (mahaingurua)? Adibidez, surfa gustatzen zaionak surflari bat elkarrizketa dezake. Gai zehatz bat interesatzen zaionak gai horri buruzko bi ikuspegi diferente batu ditzake, 2-3 pertsona elkartuta.
-Zer jaso: biografia-bizipenak, iritzia edo informazioa? Posible da denetatik jasotzea ere. Elkarrizketaren helburua(k) argi izanda, emaitza hobeak lortzen dira.
Nor/nortzuk elkarrizketatu erabakitakoan, hurrengo pausoa hitzordua lotzea izango da. Baiezkoa lortzean, galdetegia prestatu: galderen zerrenda. Inprobisazioari tarte bat uztea ere garrantzitsua da: elkarrizketan bertan galdera berriak sor daitezke, elkarrizketatuak kontatzen duenaren arabera.
Elkarrizketa bideoan grabatzea proposatzen dugu (ikus jarraibide orokorrak). Ondoren, hainbat lanketa egin daitezke grabazio horrekin:
1-Bideo-erreportaje labur bat prestatu grabatutako irudiekin (horretarako, editatzeko programaren bat erabiltzen erakutsi eta adibideak eman). Sarean zabaldu.
2-Elkarrizketa idatziz jarri, egunkari digital edo blog baterako (titulua, azpititulua, sarrera, galde-erantzunak, argazkia, azgazki-oina… Bi aukera: elkarrizketa (galdera-erantzunak sartuta) eta erreportajea (elkarrizketan jasotako esaldiak zeharka sartzen dira). Adibiderako, ikus Jakintza ikastolako ikasleek egiten dutena: Ruper Ordorikari egindako elkarrizketa.
Ondo legoke grabazioak Ahotsak.eus-era bideratzea, ahozko ondarearen artxibora (adibiderako, ikus Donostiako San Ignazio ikastetxeko ikasleen proiektua).
Proposamen hau 2. mailarako da aproposagoa. 1. mailan, elkarrizketak beraien artean egin ditzakete ikasleek, datu biografikoak eta bizipenak jasotzeko. Bi eratara egin daiteke: galdera-erantzun laburrak eta bere burua aurkezteko eskatzea. Ondoren horrekin lanketa egin daiteke (adibidez, ikus-entzunezko labur bat).
Egindako lana gelakideei aurkeztea eta azalpenak ematea izango litzateke azken pausua.
Sortutakoa mikroipuinen irakurketa ozena egin dezakete. Horretarako, Pako Eizagirreren azalpenak kontuan izan ditzakegu, aditua baita lan horretan (Aittu.eus webgunearen sortzailea da): Testua ezagutu eta barneratu (00:30-01:40) Ikasle bakoitzak bere mikropuinerako tonoa eta erritmoa erabakiko du, probak eginez: zer tonotan irakurri (umorezkoa, serioa, lasaia…), pertsonaien ahotsak nolakoak izango diren, non egin geldialdiak, zer hitz nabarmendu…
Testua barneratuta dutenean (markatu egin dezakete, nahi badute), ozen irakurriko dute ikaskideen aurrean. Ahotsak grabatu (bideoan ere graba daiteke. Adibiderako ikus: Txirri, Mirri eta Txiribiton oporretan).
Jarraibide posible batzuk:
Antzerki-esketxak bideoz grabatzea proposatzen dugu, gero ikusi eta aztertu ahal izateko. Aukera bat: zer eta nola hobetu erabaki (ikasleek beraiek), praktikan jarri eta antzezlana berriro egitea; bigarrena ere grabatu egingo dugu, biak konparatu ahal izateko eta hobekuntzez jabetzeko. Hona hemen egindako lana ebaluatzeko kontuan izan ditzaketen irizpide batzuk:
|
BAI / EZ |
ZER HOBETU |
Istorioa/esketxa ondo ulertu da (gidoia)? |
|
|
Ondo entzun da? Pertsonaiek ondo, argi, ahoskatu dute? |
|
|
Pertsonaien karakterizazioa (keinuak, jantziak, mugimenduak) egokia izan da? |
|
|
Elkarrizketek naturalak eman dute? |
|
|
Gustatu zait? |
|
|
Hasi aurretik, eztabaidatzeko garaian kontuan hartu beharreko irizpideak aletu ditzakegu (adibidez, baliabideak).
Ondo legoke eztabaidak bideoan grabatzea, gero guztiek batera ikusi eta baloratu ahal izateko (eduki aldetik ez ezik, baita ahozko komunikazioaren ikuspegitik ere): ikasleek beraiek erabaki dezatela zer eta nola hobetu dezaketen. Aurre-testu bezala balio dezakete, hurrengo eztabaida egiten dutenean, biak konparatu ahal izateko.
5- Ekoizpena partekatzea. Ekoizpena dena delakoa izanda ere, ikasleek beti ahozko aurkezpena/azalpena/kontaketa egitea proposatzen dugu, ahozkotasuna lantzeko, eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea, ahozko jardunen bilakaera ikusi eta aztertu ahal izateko.
Ebaluazio-irizpideak:
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
-Ea gaiak bere interesa piztu duen.
-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.
Ikaste-prozesuari buruz
-Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.
Bere komunikazio-gaitasunei buruz
-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.
-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.
Talde-lanari buruz
-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.
Irakasleak aintzat har ditzakeen ebaluazio-irizpideak:
-Ea aktiboki hartzen duen parte dramatizatze-, birsortze-, memorizatze- eta errezitatze-lanetan, eta, erritmoa, ahoskera, azentua eta intonazioa zaintzeaz gainera, antzezpen-estrategia errazak erabiltzen dituen.
-Ea literatura-ereduak sormenez erabiltzen dituen.
-Ea ipuinak, pasadizoak... etorri handiz eta bizi irakurtzen eta narratzen dituen.
-Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak
-Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin
-Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak
-Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean
-Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean
-Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen
-Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen
-Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen
-Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen
-Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei
-Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean
-Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen
-Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan
-Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen
-Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen
-Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan
-Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan
-Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen
-Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena
-Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak
-Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen
Jordi Estivill (Bilbo, 1985):
-(Zure izen eta abizenak?)
-Jordi Estivill i Castany.
-(Noiz jaioa?)
-1985ean.
-(Eta non jaio zinen?)
-Bartzelonan, Herrialde Katalanetan, Bartzelonan bertan.
-(Bartzelona kapitalean).
-Bai.
-(Eta orain bertan non bizi zara?)
-Bilbon.
-(Bilboko ze auzotan edo...?)
-Alde Zaharrean, orain Alde Zaharrean, bai.
-(Ze hizkuntza hitz egiten dituzu?)
-Ba bueno, katalana da nire ama hizkuntza eta gero ba bueno, guztiok bezala, gaztelania, euskera eta bueno, ingelesa apur bat baina ez ongi.
Julen Telleria (Tolosa, 1990):
-(Julen, kontatu pixka bat: izen-abizenak, noiz jaiotakoa zean...)
-Ni naiz Julen Telleria Lopetegi, 25 urte dauzket, 1990eko irailen 28n jaio nintzen. Tolosarra, Iruran jaiotakoa naiz berez, bai. Gurasok ezkondu ta belaxe harea jun zien etxe batea, Iruran, eta ni urtebete eskasekin edo ia Tolosa ekarri ninduen. Berez Iruran jaiotakoa baino tolosarra, hortan dudaik ez dakeu.
Aitor Fernandez de Ortega (Gasteiz, 1973):
-Anekdota bat hizkuntzak direla ta, ez? Pues, asko izan ziren, ez? Baina adibidez komunikatzeko... Ingalaterran egon nintzeneko anekdota bat, ez? Han, klaro... Ni joan nintzen, Ingalaterrara joan nintzenean, teorian ingeles filologia neukan eginda eta filologoa omen nintzen. Eta astebete eman ostean, lankide batek... Bizi ginen Ingalaterrako iparraldeko herri txiki batean, bai? Oso herri turistiko batean. Ta gonbidatu nindun bertako betiko, egiazko taberna batera. Orduan, klaro, nik egin nuen Euskal Herrian egiten dugun bezala, ez? Izan zen, tabernara heldu, taberna txiki horretara, atea zabaldu, sartu barraraino, eta barran nengoela pues eskatu bi garagardo, ez? Eta bi garagardo, pues, "two beers", ez? Ta orduan, klaro, ez nintzen... bueno, konturatu nintzen tabernaria ari zela gorritzen eta oso jenio txarreko aurpegia zeukala eta ez nekien zergatik, ez? Eta orduan kideak-edo azaldu zidan. Egin nituen oso akats estrategiko handiak eta hiru, ez? Lehenik eta behin, halako toki batean sartuta, Ingalaterran han ohitura da, kultura hemen Euskal Herrian ez bezala, beti agurtzen dute, beti, beti, beti... "Arratsalde on", "kaixo", edo dena delakoa. Gero, eskatzeko orduan, beti, beti, beti, "please", mesedez. Beti. Ezinbestez. Ta gero, bi, egin beharrean, horrela beharko, ez? Ze hau zen, pues, iraintzeko, ez? Garai batean hemen Euskal Herrian holako zerbait, pues, bat, "garagardo bat", ez genuke horrela eskatuko, ez?
Edurne Azkarate (Oion, 1993):
-(Igual hezkuntzan beharko genuke ere beste komunikazio zera batzuk landu edo nola ikusten duzu hori?)
-Nire ustez, oso ondo legoke hezkuntzan horrelako zerbait sartzea. Igual ez antzerkia konkretuki, ikasgai bezala, baino... Adibidez nik antzerkiarekin ikasi ditudan gauza asko pentsatzen dut lehenago ikasi daitezkela ere bai eta oso beharrezkoa dela ikastea, komunikaziorako eta... Emozioei izena jartzen jakiteko eta zure buruaren pentsamenduak eta gertatzen zaizun guztia kudeatzen jakiteko. Agian ematen zaio garrantzia ikaskuntzari ba kanpoko gauzei eta historiari, eta kanpokotik etortzen zaizkigun gauzei, eta jakiten gauzak egiten eta, baina dena kanpora begira. Baina barrura begira ez dut ikasgairik ikusten holan, non jorratzen dituzun eta potentziatzen dituzun agian zure barruko gauzak edo... Gero bizitzan erabilgarria izango dena berdin-berdin.
Idoia Gereñu (Tolosa, 1980):
-(Eta euskarazko antzerkian hastapena edo zein izango litzake, lehenengo lanak?)
-Euskal antzerkiari buruz hitz egiten dugunean, pastoralak, maskaradak, asto-lasterrak eta toberak eta besteak beste, gogoratu beharra dauzkagu, zalantzaik gabe, eta hoiek XV-XVI. mendetik aurrerakoak dia. Baino, gerokoak dia. Baino euskal teatro modernoa deitzen diogu ba oholtza gainean, baina oholtza gure antzoki formatuaren barruan egiten dan antzerki... guk, orain ezagutzen deun antzerki formadun horri. Eta hori... Horren aurrekariak badaude, hau da, gazteleraz euskaldunei buruz idatzitako testuak eta badaude, bat baino gehio, beste batzuek erdi euskeraz, beste erdi gazteleraz... Baino Martzelino Soroa esango genuke, karlisatadak ziala eta ez ziala, Ziburun zegola, lehen aldiz euskal antzerki obra bat edo idatzi zun eta Toribio Altzaga izan zan bere taldekideko aktore bat umea zala. Eta gero ba nik esango nuke Toribio Altzaga hasi zen teatro asko idazten, Euskal Hiztunde Eskola sortu zun, XX. mende hasieran dagoeneko... Eta hortik aurrea abiatu dala, nik dakidala, gure teatro modernoaren nolabaiteko historia.
Sagrario Soroa (Lizartza, 1932), Maria Zinkunegi (Lizartza, 1934), Luxia Garmendia (Lizartza, 1932) eta Sagrario Urdanpilleta (Lizartza, 1933):
-Emakumea lehen eta orain. Bi-hiru hitzetan esango diñagu. Aber, lehen zer itzenan, nolakoa itzenan, oain esan!
-Beti izan da obedittu beharrekoa, pakea jartzekoa… hori… oainguak ez dakit. Oain sesioa besterik ez dauke!
-Eske aizan, Maritxu, oso ondo zion...
-Gu neskame izan gaittun e!
-Baino emakumea ere bere lekun jartzea garaia izangon ba!
-Bai, egie, egie.
-29 urten earki sufritu diñat nik.
-Bai. Esan nahi niken, emakumea ere, aizan...
-Bai baino, gutxikin kejatzen ditun e!
-Bai baino ezta gu izan gean bezela ere, Maritxu.
-Gu izan gaitun hanka azpin, Maritxu.
-Eske bakoitze... Nik berriz jaio behar banu, nik berriz jaio behar banu... lehendabizi ez zekiñat ezkondu eingo nitzen.
-Nik hoixe esaten diñat.
-Berriz ezkondu behar ta...
-Hori askori aittu zionat e.
-Ta hori nik ondo, nahiko ondo... geure komerikin baino, ondo, ezta?
-Baino hala ta guztiz e gehio pentsatuko niken.
-Baino nik berriz jaio behar banu... Ta nik emakumeangatik...
-Oso diferente jokatuko niken nik.
-Nik bai. Eta gaur daon egunen emakumea, bueno, baino garaie bahunan emakumea ere pixka bat, neska, bere lekun jartzeko, zeatiken zapalduak izan gatxin, Maritxu.
-Gehiegi ere badaude oin e...
-Baino gu eon ginen bezela ere, Maritxu?
-Egie, dena guk aguantatu behar.
-Baina pakea eukitzeko.
- Bai, pakea hoixe! Haik bai beren pakea, eta hik?
-Bai ba, haik beren pakea, alegie, haik gustoa!
-Festak etorri ta "goazen etxea", umeak hartu ta andrea etxera. Ta beak...
-A bai! Uuuu! Etxen sartu ni ta gero bea tabernara. Ta segi.
-Bai ba. Ta hori bakarrik ez, beste mila gauza.
-Hori urtetan e! Urtetan ta urtetan.
-Ta hori bakarrik ez. Holako gauzak...
-Mila gauze!
-Hori baino okerraguak asko. Egunen egunekoa, egunen egunekoa okerrago. Emakumek etxen eon behar, zuk etxen, gainontzekoak kanpon, beak nahi duen bezela.
-Ta lana beak iten zuen. Klaro, gu etxen eoten ginen.
-Bai ba.
-Gure lana ez zan lana.
-Guk etxeko lanak egin behar izan gizkinenan makina bat e!
-Gure lana ez da behin ere izan lana!
-Ez...
-Umek hazi. Oain labadorak eta gauzek... guk aurreneko zeak, bate labadoraik eta ezer gabe, aber ze esklabitude izan genun e!
-Nik e bai!
-Oain beste modu batzuk badauzkee. Iten ditue bakaziok, ateatzen die gehio, gu ez ginen ateatzen.
-Modu gehio daukee eta! Bi irabazi, bi irabazi ditun!
-Dirue baino... jun in beharra daukee lanea, beharko.
-Modu gehio beak ere lan eiten duelako.
-Bai baino bizi gogorra da e...
-Hoixe ba!
-Goizen goizetikan umek guarderira eaman ta...
-Gu oin kafea hartzea goizen ta atsalden ateatzen gea. Oain e... ta aber nola goazen e, 80 urtea goaz, asike... Oain! Zenbat urte ein ditteun etxetik atea gabe? Ta pelikulaik ta zineik ikusi gabe!
-Bai, bai. Ez deu ikusi pelikula haundik eta teatro haundik.
-Gizonai nundik ondo eingo. Besteik ezer ez, gure pelikula hori izan da.
-Gaitze ugari.
-Beste bertso bat ere badakigu zeana, San Estebanetan urtero kantatzen duguna.
-A bai!
-Zein?
-Zea... "Neska etorri zaitez Oiartzunera...". Nola da ba hori? "Neskatxa gazte balientia...". Nola... Baino hori da lehendabizikua?
-Ez...
-Hori badakit nik.
-Hortik hasi.
-"Neskatxa gazte balientia
baldin gustatzen bazaizu
etorri zaitez Oiartzunera
hantxe topatuko dituzu.
Kale eta baserri,
kolore zuri-gorri,
ederra franko badezu.
San Estebanez erromerian
hantxe topatuko dituzu".
-Testuak giza komunikazioaren oinarrizko unitateak dira. Idatzizkoak edo ahozkoak izan daitezke, formalak edo lagunartekoak eta hainbat eratara sailka daitezke. Ikus testu tipologia.
-Ahozko testu-generoekin lotutako beste bideo batzuk, proposamen pedagogikoekin: