Euskara eta zentsura

Frankismo garaia sasoi latza izan zen euskararentzat. Euskarazko kultura-jarduerak oso mugatuta zeuden. Sistemak ezarritako zentsura motak ezagutuko ditugu.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Oroimen historikoa, Euskara

4,67 puntu 5 izarreko maximotik
3 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:

  • Euskararen historia eta garai bateko bizimodua ezagutzeko interesa
  • Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Bizikidetzarako eta elkarlanerako asmoa
  • Izpiritu kritikorako eta hausnarketarako grina
  • Adierazpen-askatasuna defendatzeko nahia 

 

Bideoa ikusi aurretik:

Gaiaren aurkezpena egingo dugu. Frankismo garaiko zentsura izango dugu hizpide, aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderen bitartez:

-Zer da zentsura/zentsuratzea (informazio publikoa kontrolatu eta ezabatzea)? Eta autozentsura?

-Noiz urratzen da adierazpen-askatasuna eta nola?

-Ezagutzen duzue informazioa edo hizkuntza bat zentsuratua izan den kasurik? Zer gertatu zen eta noiz? Eman azalpenak eta iritziak.

-Zuen gurasoek zuen adina zutenean, ba al zegoen euskarazko hedabiderik? Eta aitona-amonen sasoian?

-Nolakoa zen euskararen egoera frankismoan?

 

Bideoa ikusi bitartean:

1.  
Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2.  Beren arreta erakarri duten pasarteak gogoan har ditzatela.

3.  Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez, alcahuete (kontakatilua), txibatoa (salataria), NO-DO, partea, azpijana...

4.  Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztia barneratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren:

1.  
Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.

2.  Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-Zerbaitek harritu al zaituzte? Eman iritzia eta ezagutzen dituzuen antzeko beste egoera batzuk aipatu.

-Zer zen NO-DOa? (Francoren erregimenaren propaganda egiteko erreportaje-sorta, zineman pelikulen aurretik ematen zutena). Eta partea? (Erregimenaren propaganda, irratian). Gaur egun, ba al dago parterik edo antzekorik? (Gabonetako erregearen mezua)

-Noiz arte iraun zuen frankismoko zentsurak? Zer urtetan legeztatu zuten ikurriña?

-Zer da klandestinoa? Gaur egun, ezagutzen duzue modu klandestinoan egiten den gauzarik (legea bete gabe)?

-Ezagutzen dituzue bideoan aipatzen dituzten kantariak eta bertsolariak? Euskal kantagintza berria bideoa ikus daiteke, testuinguruaz jabetzeko.

-Nor zen Dolores Ibarruri `Pasionaria´? Nor zen Telesforo Monzon? Eta nor Aita Altuna (Patxi Altuna) jesuita? Ez baldin badakizue, sarean bilatu.

-Bideoan aipatzen dutenez, dena zegoen kontrolpean: argitalpenak, irratiak, antzokiak, bertso-saioak, kantaldiak, baita elizak eta frontoiak ere. Gaur egun ba al dago nolabaiteko kontrolik? (Sare sozialetan, adibidez)

 

  1. Franco Donostian bideoa ikusi, haren bisitek hiria nola eraldatzen zuten ezagutzeko. Nahi izanez gero, Frankismo garaian ezarri zituzten beste neurri batzuk ere azter ditzakegu:

 

  1. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Hiru adibide  eskaintzen dira hemen. Ikasleek aukeratu dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere (edo proposamen bat baino gehiago egin).
  • Zu zeu elkarrizketatzaile”. Ikasleak kazetari bihurtuko dira, ahozko ondasunaren biltzaile. Talde txikietan banatu (2-3 kide), eta talde bakoitzak adineko euskaldunen bati (amona, aitona, bizilaguna, familiako ezaguna...) elkarrizketa egingo dio, eta bere esperientzia kontatzeko eskatu: zentsura ezagutu duen –zineman, komunikabideetan, argitalpenetan…–, euskaraz hitz egiteko/idazteko/irakurtzeko oztoporik izan duen sekula, frankismoko giroa…). Galderak guztien artean prestatuko dituzte, guztiek antzeko kontuak galdetzeko.

Elkarrizketa bideoan grabatzea gomendatzen dugu (ikus jarraibide orokorrak), gero ikasgelan ikusi ahal izateko, eta komenigarria litzateke elkarrizketatuari argazkia ateratzea ere. Ikasleek aurkezpen txiki bat prestatuko dute (elkarrizketatuaren biografia laburra, adibidez; nondik ezagutzen duten, etab.), bideoa erakustearekin batera ikaskideei azalpenak emateko.

Jasotakoarekin hainbat lanketa egin daitezke ondoren ere. Aukera bat: grabazio guztietako pasarte onenekin ikus-entzunezkoa(k) prestatzea, sare sozialen bidez ikastetxean zein herrian zabaltzeko (lan hau egiteko, bideoak editatzeko programaren bat ezagutu behar dute eta ereduak eman beharko zaizkie).

Ederra litzateke gero grabazioak ahotsak.eus artxibora bideratzea (adibiderako, ikus Donostiako San Ignazio ikastetxeko proiektua).

 

  • Gaur egunera begira”. Gaur egun ba al dago zentsurarik komunikabideetan? Eta adierazpen-askatasunaren urraketarik (Euskal Herrian, munduan…)? Ikasleak ikertzaile bihurtuko dira, kazetari, eta talde txikietan batuta, informazioa bilduko dute. Azter ditzaketen gaietako batzuk:

Ikasleek batutako informazioaren berri emango diete ikaskideei, ahozko aurkezpenak eginez: kasuaren berri eman eta euren iritzia azaldu. Ondoren, eztabaidatu eta iritzia trukatuko dute (betiere pentsaera politiko guztiak errespetatuz).

 

  • “Historia egiten”. Lehenaldira joko dugu, bideoan aipatzen diren hariei tiraka. Adierazpen-askatasunaren urraketak eta zentsura-kasuak aztertuko dituzte ikasleek. Frankismo garaiko giroa eta gertaerak azter ditzakete eta baita ondorengoak ere. Esate baterako:
  • Euskarazko liburugintza frankismoan. Joan Mari Torrealdairen Artaziak. Euskal liburuak eta Francoren zentsura 1936-1983 (2000, Susa) liburuan datozen kasuak
  • Irratigintza frankismoan. Zeintzuk ziren sasoi bateko irrati klandestinoak? Nondik emititzen zuten? Pirenaica, Euzkadi… irratien historia
  • Gerra garaiko eta gerraosteko euskarazko egunkari eta aldizkariak: Eguna, Euzko Deya, Eskualduna, Herria, Euzko Gogoa, Zeruko Argia, Jakin
  • Hedabideen itxiera: Egin (1998), Euskaldunon Egunkaria (2003)

Talde txikietan egin dezakete lana, eta gero ikasgelan partekatu, ahozko aurkezpenen bidez. Ondoren, guztien artean informazio interesgarriena aukera dezakete, eta horrekin irratsaio bat prestatu, ikasleak narratzaile edo irrati-esatari bihurtuta. Sustatuko duguna: herriko hizkera erabiltzea, naturaltasunez eta adierazkortasunez. Adibide gisa, ikus Leitzako irratsaio hau.

 

  1. Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere: azalpena, aurkezpena, bideoz jasotako adierazpena… eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea, ahozko jardunen bilakaera ikusteko. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak

 

Ebaluazio-irizpideak:

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.



Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:

- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.

- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.

- Ea identifikatzen dituen euskararen eta gaztelaniaren arteko ukipen-egoeraren ondorioz sortutako fenomenoak, eta egoera zehatzak aztertzen dituen (2. mailan).

- Ea eskubide-zapalketak eragiten dituzten arrazoiak adierazten dituen.

- Ea jarrera positiboa eta errespetuzkoa ageri duen inguruan dagoen eleaniztasunarekiko eta kultura-aniztasunarekiko.

- Ea bideoa behar bezala ulertu duen eta ulertu ez duena argitzen saiatu den.

- Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak.

- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.

- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak.

- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.

- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen.

- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen.

- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.

- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen.

- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei.

- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.

- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.

- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.

- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.

- Ea autoebaluazio- eta autozuzenketa- estrategiak erabiltzen dituen ahozko erabilera hobetzeko.

- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.

- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.

- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…).

- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak.

- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen.

 

 

Xabier Goenaga (Donostia, 1937):

-NO-DOa derrigorrezkoa, derrigorrezkoa. NO-DOa. Jo Francoren abenturak eta guztik ezagutzen genitun…

Jose Angel Irigarai (Donostia, 1942):

-A, NO-DOa ere noski, propaganda… klaro, bai, bai, bai. 

Mertxe Hidalgo (Gernika-Lumo, 1928):

-NODOagaz altza in bihar eta (besoa altxatzen du). Himnoa joten ebenien, danak altzeta. Ni ez, ez nitzen altzetan, jasarritxe geratuten nitzen, baina egoten zien jentiek begire ia nok ez dauen altzaten besue.

Felix Durandegi (Donostia, 1937):

-Zinetan NO-DOa ematen zuen bezala, ba radiyuan ere ba beren aldera.

 Jokin Muxika (Donostia, 1932):

-Francon garaien guk irratirik ez gendun eta obligatu zuten taberna guztietan irratia jarri behar zala, altabozakin gainea, parte emateko eta el himno nacional emateko. Eta goatzen naiz jende guztia, taberna guztik ba irrati baten bila…

Jose Antonio Mujika (Donostia, 1943):

-Partea entzuten zan ordun: el parte. Ordubatean. Espainia osoan ematen zuten, Francon garaian bakizu.

Jokin Muxika (Donostia, 1932):

-Tabernan jarri behar izaten gendun (argazkia) argazkia Francona. Ta ordun irratia La Ser bakarrik zan eta La Ser konektatzen zun con Radio Nacional, eguardin ta gabian, parte emateko. Parte emateko, eta parte ematen zanian dana gelditu in behar zan: jokun ari ziranak eta… gero, jotzen zuen el hinmo nacional ta tabernetan e zutik jarri behar zan. Ta segun ze jende zeon hola edo (eskua altxata).

Pantxi Matxain (Donostia, 1928):

-Baino ni goatzen naiz gabian egoten nitzala con La Pasionaria, hura aitzen egoten nitzan gustora.

Miren Zarraga (Andoain, 1932):

-Dolores Ibarruri, bai.

Pantxi Matxain (Donostia, 1928):

-(Orduan ezkutuko emisorak harrapatzen ibiltzen ziñaten?) Bai, bai, (eta…) Radio Pirenaica

Miren Zarraga (Andoain, 1932):

-Radio Pirenaica! Bai, Radio Pirenaica zan.

Jose Mari Iriondo (Azpeitia, 1938):

-Radio Euskadi Venezuelatik emititzen, gero Radio Paris eta Radio Pirenaica.

Arantxa Gurmendi (Donostia, 1944):

-Orduan Pirenaica eta hortikan ematen zian irratsaioak, hemen entzuten zianak eta hemen kontatzen ez zien gauzak kontatzeko erabiltzen zianak.

Iñaki Lizaso (Azpeitia, 1935):

-Harek ematen zitun hamengo politikunak, garai hartan ihesi junda zerenak, Monzon eta hoiek Frantzian bizi zien ta…

Axun Oiartzabal (Lezo, 1946):

-Ba botatzen zuten pixka bat zer gertatu zen edo zein detenitu zuten edo ze folloia zen o igual zen huelga bat lanekua…

Jose Mari Iriondo (Azpeitia, 1938):

-Ziran Francoren… kontrako emisioak ziran.

Iñaki Lizaso (Azpeitia, 1935):

-Haiek ematen zituen Euskadiko gora beherak eta… baina Guardia Zibilen baten aitzen bazun... ordun kontuk! (Fuera?) Zu kuartelea! Nei ez niñuen behin e eman baiño honi bai! (Anaia?) Honi egurra.

Maria Jesus Manterola (Zumaia, 1927):

-Horreatikan ba etortzen zian gure etxea errejistratzea: Radio Pirinaicatikan entzuten genduzen hemen ze pasatzen zan, entenditzen? Eta baten bat bageneukan, alkaueten bat. Guk ganban eukitzen gendun radiyua, eta etxia rejistratzera zazpi bider etorri zian gure etxea.

Juan Mari Balentziaga (Zumarraga, 1943):

-Ni akordatzen naiz nere aitte zanak hartzen zon La Voz de España. Garai hartan hori zan. Klaro, gero guk euskerakok beste batzuk baino klandestinidaden e, atera ziren baino... baino ez. (ta hoiek nun ateratzen zenittuen?) Buf, horik e, horik… ordun inprentaik’e  ez zan… izaten zien fotokopiadora zaharren batzuk nunbaitten sortzen zien ta hakin ba bueno, hola ibiltzen giñen, izkutuan.

Juan Joxe Agirre (Alegia, 1930):

-Aldizkari klandestinoak, garai hartan hemen debekatuta zeudenak, oain ikusi eta ikusten dezu “hau klandestinoa nola izan laike?” baina Francon… garaian edozein gauz. Bere erregimenaren aurka zeozer soziala, arazon txikin bat ikutzen baldin bazendun hori ya debekatu egiten zuten, zensura zegoen.

Jon Ezeiza (Donostia, 1936):

-Zensura haundia, bai, bai. Zensura…

Ana Etxaide (Donostia, 1936):

-Ezin zen argitaratu, e. Argitaratzen zian gauza batzuk, ez? Sortzen ziran gauzak euskeraz baina baina liburu bat ateratzeko behar ziren baimenak ziren oso konplikatuak, oso konplikatuak. Bialdu behar zenuen zentsurara bai euskarazko testua eta bai itzulpena.

Jon Ezeiza (Donostia, 1936):

-Itzulpenak. Euskarazko antzerkiak erderatu eta hara eramanaz, baimena lortzeko. Bestela ez zuen baimenik ematen.

Arantxa Gurmendi (Donostia, 1944):

-Euskeraz egin dien gauzak beti izan dute gertutikan bijilantzia bat. Hori… (zentsura…) Zensura existitzen zan eta bo, teatroan ere lehenbiziko filan eseritzen zien.

Jon Ezeiza (Donostia, 1936):

-Beti bijilatzen beti guardia zibilak. Hemen teatro…  antzoki zaharrean ere beti guardia zibilak eta policia secreta eta ibiltzen zian.

Arantxa Gurmendi (Donostia, 1944):

-Guk antzerki obra ematen genun bakoitzian, emanaldi bakoitzean, zensurakoak zeuden, zensurakoak lehenbiziko asientotan. Nik ez dakit zertaz enteratzen ziran edo enteratzen zian bai edo ez baina obra guztiak eraman behar ziran zensura pasatzera.

Juan Mari Balentziaga (Zumarraga, 1943):

-Antzerkia itteko ia dana prest genduen, eta ia hasi… ez dakit ba ordubete bat edo ordu erdi  ordubete edo faltako zan eta etorri zien Guardia Zibilek eta antzerkia hua ez zeola itterik han. Ez zeola itteik? Zeba? Antzerki honek ez ezer ez dauke… Hori debekauta zeola. (Ta zeatio? Euskeraz zalako o…?) Hori, arrazoia hori, zeatik antzerkik berak ez zeuken ez zeuken…ez zeuken… ez zen arrazoirik debekatzeko.

Jon Ezeiza (Donostia, 1936):

-Antzerkia eta jesuitatan hamar eta erdietako mezetan euskerazko meza ordun ere poliziaz beteta egoten zan atzeko aldia, zer esaten zun aita Altunak, Azpeitiko jesuitak, ze esaten zitun grabatzen ta hor ta hortan ba istilu asko ibili ditugu.

Arantxa Gurmendi (Donostia, 1944):

-Baino denetan egoten zan. Antzerkian eta aktibidade guztietan. Frontoietan’e bai. Frontoietan’e bai. Klaro, eske ez zan bakarrikan zer egiten zan, bai zer sortu zitekeen. Ikurriñak atera edo ez dakit… ikurriña erabiltzea debekatuta zeon! Oseake… ta hortarako bai egoten ziran beti guardiak. Bai, lan asko iten zuten garai hartan.

Jose Mari Iriondo (Azpeitia, 1938):

-Guretzako oztoporik gogorrena izan zan zentsura. Zentsura. Kantariak esate baterako, kantariak debekatuta egon ziran, iparraldeko denak. Baina hemen zeakin hegoaldekoak ere, ba esate bateko, Lurdes ta Xabier, Benito, Laboa, Julian Lekuona… hauek danak debekauta zeuden.

Joxe Mari Soroa (Usurbil, 1932):

-Juten ziñanian festan batera, beste herrin batera kantatzera festetan, ordun esaten zizuen letrak bialtzeko gobiernora ikusteko aber politikuak zian o beste ze klase zien. 

Jose Mari Iriondo (Azpeitia, 1938):

-Zerrendak eginda zeuzkaten, bakarren bat gordetzen det oraindik, zer kantu ez zitezkeen jarri  edo zein ez zitezkeen kantari irratian. Eta “no recomendables y recomendables”. Esate baterako, eskatzen zizkiguten bertsolarietan erabiltzen genituen gaiak. Kantuak. Zer kanta jartzen genituen eta kantu bakoitzaren letra. Eta bakoitza, euskal kantu bakoitza letra, baina itzulpena eta guzti. Esate baterako ‘Euskadi’  hitza sekula ez, ez zegoen sartzerik.

Nati Arrieta (Bergara, 1940):

-Ez dakitt zelako bertsuak kantau zittuela eta kuartelera eruan zittuen! Eta, ba, baten batek sartu zotsen txibatazua, bai, ta nere anaia ta kuadrillia. Harek han egon zian. Kuartelera eruan zittuen, euskeraz kantau zebela bersuak edo ez dakit zer ta, auskalo, berak pentsautako bertso batzuk igual izango zein baina haren fitxia hantxe geratu zan.

Patxi Etxeberria (Orio, 1930):

-Txibaton batzuk tarten, eta haik denuntziatzen zuen. Según o Francogatik o Francon ingurun edo zerbaitte hizketan jardun ziñalako edo zeozer esan ziñula bersotan ta, ta haik itxura danez haik iten zuen hor azpijana, entenditzen al dezu?

Juan Bautista Aizpurua (Andoain, 1925):

-Ez zan bertsota, ez zendun kantatzeik. Kontuz hitz egin behar zendun, e. Kartzelan egonak asko e… Agirre egona do. Lazkano egona do. Joxe Lizaso egona do. Azpillaga egona do, Lopategi egona do… hoik danak kartzelan egonak e.

Joxe Agirre (Azpeitia, 1929):

-Eraman niñuen, goizeko ordubata alde hortan, Dios, hura beldurra hura!

Patxi Etxeberria (Orio, 1930):

-Ez dakit ba nik ze… egun pare bat o hirun bat o ze pasa zittuen, ta libratu zittuen, bai. Baino… joe!

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza