60ko hamarkadan haize berriak iritsi ziren euskal kulturara. Musikan gertatu zen fenomenoa “euskal kantagintza berria” bezala ezagutzen da; Ez Dok Amairu kultura-mugimendua da garai horren erakusgarri.
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Euskara eta Literatura
Gaiak: Euskara, Abestiak
Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:
- Garai bateko bizimodua eta kultura ezagutzeko interesa
- Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
- Kantatzeko eta kantak sortzeko irrika
- Ahozko ondarea ezagutu, erabili eta balioesteko gogoa
Bideoa ikusi aurretik:
-Zer dakizue “euskal kantagintza berriari” buruz? Ezagutzen al duzue Ez Dok Amairu mugimendua? Eta sasoi hartako abestiren bat?
-60ko hamarkada entzuten duzuenean, zer datorkizue burura?
-60ko hamarkadan, frankismo garaian, zein zen euskararen egoera? Zuen ustez, musikariek askatasuna izango al zuten nahi zutena kantatzeko?
-Nolakoak dira kanta tradizionalak eta nolakoak modernoak? Eman bietako adibideak.
Bideoa ikusi bitartean:
1.Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
2.Beren arreta erakarri duten pasarteak gogoan hartu.
3.Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez, D'Els Setze Jutges, La Nova cançó (Hamasei Epaileenak taldea, herrialde katalanetako “kanta berria” mugimenduarekin lotua).
4.Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztia barneratzeko.
Bideoa ikusi ondoren:
-Euskal kulturan aldaketa asko gertatu ziren 60ko hamarkadan. Bideoan dioten bezala, bazegoen egarri bat, iturria itxita egona baitzen luzaroan (1936ko gerra eta gerraosteko lehen urteak). Gustatuko al litzaizueke garai hori -dena egiteko zegoen garai hori- bizitzea? Zergatik?
-Kantautoreen figura sortu berria zen. Batez ere hortik jo zuen Ez Dok Amairu mugimenduak. Ezagutzen al zenituzten bideoan aipatzen diren musikariak? Eta bideoko abestiak? Osorik entzun ditzakegu, Interneten bilatuta, eta komentatu: iritziak partekatu. Ba al dute gaurkotasunik?
-60ko hamarkadan sortu zen rocka ere, eta iraultza ekarri zuen musikaren mundura. Ordukoak dira The Beatles, The Rolling Stones, Elvis Presley… ezagunak dituzue?
Arantxa Gurmendik eta bere ahizpak ‘Bihurriak’ taldea sortu zuten sasoi horretan: rock abestien euskarazko bertsioak egiten zituzten (ikus testigantza). Ez zuen luzaroan iraun. Errobi taldea hartu izan da lehen euskal rock taldetzat (Anje Duhalde eta Mixel Ducau lapurtarrek sortua, 70eko hamarkadan).
-Inauterietako mozorroetan, 60ko hamarkada mugimendu hippyarekin lotu ohi dugu (loreak, kanpai formako galtzak, bakea eta maitasuna…)? Nondik dator irudi hori? Zer gertatu zen?
-Antzerkira, joera modernoak iritsi ziren (Jarrai, Goaz, Geroa…). Ikus Gerraosteko antzerkia: tradizioa vs modernotasuna bideoa.
-Euskara batuaren sorrera. Ikus Euskara batua eta euskalkiak bideoa.
-Ikastolen mugimendua. Ikus Gerraosteko ikastola klandestinoak bideoa.
-Literaturan, Gabriel Arestiren Harri eta herri aipatu behar da. Nobelagintza berria, berriz, Txillardegiren eta Saizarbitoria idazleen eskutik etorri zen (Leturiaren egunkari ezkutua eta Egunero hasten delako).
-Durangoko azokaren sorrera
-Artista taldeak (Gaur, Hemen, Orain, Danok... Jorge Oteizak Quousque Tandem...! argitaratu zuen; Nestor Basterretxeak eta Fernando Larrukertek hainbat film esperimental egin zituzten, horien artean Ama Lur)
-Alfabetatze eta euskalduntze taldeak
-Noizkoa da? Zein da abeslaria? Eta zein da letraren egilea?
-Letra atera
-Abestiaren bideoa/audioa bilatu
-Zergatik aukeratu dut? Iritzia eman kantari buruz (edukiari buruz, doinuari buruz, zergatik gustatzen zaizun…).
-Aurkezpen txiki bat prestatu, kantari buruzko informazioarekin eta iritziarekin. Ikaskideekin partekatu (letra partekatu eta bideoa/audioa erakustearekin batera elkarrekin kanta dezakegu).
Adibide modura, hona hemen Ez Dok Amairu mugimenduko zenbait kideren kanta batzuk:
|
|
Beste autore batzuen garai hartako kantak ere aukera ditzakete. Besteak beste: Estitxu, Antton Valverde, Julen Lekuona, Maite Idirin, Jose Antonio Villar, Pantxoa eta Peio, Oskarbi, Imanol Larzabal, Gontzal Mendibil, Anje Duhalde, Oskorri, Lupe, Miren Aranburu…
-Aurkeztuko den abestia euskaraz izango da.
-Abestia audioan/bideoan grabatuta egongo da.
-Ezinbestekoa: genero ikuspegia zaintzea eta iraingarria ez izatea.
-Umoretsua izatea balioetsiko da.
-Gehienez 5 laguneko taldeak aurkez daitezke.
Ikasleak parte hartzera animatzeko, Wazemank taldearen bideo bat ikus dezakegu gelan (adibidez, Joselu anaiak, Negu gorriak edo Barricada).
Data bat ipiniko da lanak aurkezteko. Audioa/bideoa entregatzeaz gainera, taldeek gelan bertan ere egin dezakete erakustaldia (‘kontzertua’ eman), ikaskideen aurrean. Epaimahaia: ikasleek erabakiko dute nola egin; bozketa egin daiteke ikasgeletan.
Zuek, gazteok, zer daukazue esateko?
Kantak sortuko ditugu, taldeka (2-3 lagun). Pausoak:
-Ideiak pentsatu: zer esan nahi dugu?
-Koplak/bertsoak osatu. Horretarako, bertsotarako arbel digitala erabil dezakegu (izena eman behar da): http://www.bertso-eskolak.eus/web/arbeldigitala
-Doinua aukeratu. Doinutegia erabil dezakegu (lerro kopurua aukeratuta, hainbat aukera agertuko zaizkigu).
-Egindako koplak/bertsoak gelakideekin partekatu: kantatu
Aukera bat: kopla/bertso guztiak grabatu eta bideo-koplak sortu, horretarako guztion artean marrazkiak eginda edo irudi aproposak aurkituta (bideoak editatzeko programaren bat erabiltzen erakutsi, marrazkiak/irudiak eta audioa elkartzeko).
Ondoren, hainbat lanketa egin ditzakegu grabazioarekin, hedabideen jarduna ezagutzeko eta lantzeko (ikasle taldetxo bakoitzak lanketa desberdina egin dezake):
-Bideo-erreportaje labur bat prestatu, grabatutako irudiekin (horretarako, editatzeko programaren bat erabiltzen erakutsi eta adibideak eman). Sarean zabaldu.
-Elkarrizketa idatziz jarri, egunkari digital edo blog baterako (titulua, azpititulua, sarrera, galde-erantzunak, argazkia, azgazki-oina… Sarean ipini.
-Irratsaio baterako erreportajea/elkarrizketa gertatu, elkarrizketako audioa erabilita. Sarrera prestatu (aurkezpena) eta grabatu; musika ere erabil dezakegu. Gertuko irratiren batera bidali.
Ondo legoke grabazioak Ahotsak.eus-era bideratzea, ahozko ondarearen artxibora (adibiderako, ikus Donostiako San Ignazio ikastetxeko ikasleen proiektua).
5- Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere: azalpena, aurkezpena, bertsoa… eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea (ahozko jardunen bilakaera ikusteko). Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea (irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak).
Ebaluazio-irizpideak:
Ebaluazioa ikasleek ekoiztutakoaren grabazioak ikusi ondoren egin daiteke.
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek beraiek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
-Ea gaiak interesa piztu dion.
-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.
Ikaste-prozesuari buruz
-Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.
Bere komunikaziorako gaitasunei buruz
-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera izan duen ala zailtasunak izan dituen.
-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.
Talde-lanari buruz
-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
-Ea ondo baloratzen duen talde dinamika ala arazoren bat izan duen.
Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:
- Ea buruz dakizkien bertsoak eta kantuak (tradiziokoak nahiz egungoak), eta errezitatu nahiz abesten dituen.
- Ea aurreko belaunaldien testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.
- Ea lehenaldia eta orainaldia lotzeko eta bere ikuspegia aberasteko gogoa eta gaitasuna izan dituen.
- Ea azaldu, narratu edo deskribatzen dituen euskararen jatorriaren eta bilakaeraren ezaugarri bereziak.
- Ea hizkuntza baten egoera zehazten duten oinarrizko faktoreak deskribatu, eta horien adibideak ematen dituen, bai eta hizkuntzen arteko ukipen-egoeren ondorioz sortutakoak ere.
- Ea eskubide-zapalketak eragiten dituzten arrazoiak adierazten dituen.
- Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak.
- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.
- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak.
- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.
- Ea informazio hori bere gogoetak eta ikuspuntua egituratzeko edo eraldatzeko erabili duen.
- Ea talde-lanean ondo moldatu den, berdinen arteko harremanean iradokizunak eginez eta ikaskideen iritziak errespetatuz.
- Ea bere iritzia eta hausnarketak partekatu dituen, horretarako txanda errespetatuta.
- Ea ahozko ekoizpenean ondo moldatu den, komunikatzeko gai izan den.
- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak.
- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen.
- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.
- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.
- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.
- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.
Jose Angel Irigarai (Donostia, 1942):
-Kantagintzan aipatu behar da Labeguerie. Labeguerie… aurrekariak izan ziren... badakizu, lehen otxoteak, abesbatzak eta horrelakoak bakarrik zeuden, eta orduan kantagintza oso molde mugatuan ete hertsian eta batez ere ematen zuen ba taldeka, abesbatzetan eta, baina modan jartzen hasia zen, ba rocka ya hasia zen, eta pop eta kantautoreena eta hori dena… hemen ez zegola horrelakorik, eta gainera, gitarra bat hartzea bera gaizki ikusia zegoen. Baina bat-batean izan zen bat, gitarra hartu, betiko moldean batetik, kanta xumeak eginez musika aldetik, melodia aldetik, kantatzeko manera aldetik eta baita ere kezkak, arazoak, herriari zegozkionak eta are personalak, personalak, orduan imajinaezina zena, horiek ere kantatzen hasi zena. Hura izan zen Mixel Labeguerie.
Migel Ansa (Andoain, 1937):
-Labeguerin kantak hasi zian hemen modan jartzen. "Gu gera Euskadiko…" hoik. Eta horrek emoziyo haundiya sortu zun.
Jose Angel Irigarai:
-Eta ya famatua zen. Egin zituen bi diska txiki, klandestinoki pasatzen zienak beste aldetik honat, eta jende guztiak bagenuen. Diska hoiek ziren ikaragarriak. Eta horrek sekulako zera ze kantatzen zuen "Euzko gudariak" eta "euskal gudaria" ta "Euskal Herria ta askatasuna" ta… gauza batzuk garai haietan oso imajinaezinak batez ere hegoaldean.
Lurdes oholtzaren gainean jartzen zenean… sinestezina da, gaur egun ezin duzu irudikatu entzuten baduzu diska edo ikusten baduzu uste duzu ba modu batekoa izanen zela, xalo-xalo kantatzen, eta zen… elektrikoa. Elektrikoa zen. Jendea gelditzen zen zirrara batek zeharkatua.
Jose Mari Iriondo (Azpeitia, 1938):
-Irratira eraman nuen lehenengoa ni izan nitzan, 65eko maiatzian. Eta handik hurrungo egunera hasi giñan ya emititzen. Ta egunak izango ziran kanta hoietako bakoitza ba dozena erdi bat aldiz emandakoak. Izan zan, eromena izan zan Lurdesen… ta zian kanta sotilak ziran, errex-errexak, "Abesten dizut Jauna"… eta kantu hoiek izugarrizko arrakasta izan zuten. Hoiek garai hartan onda median artian, Usurbilen ere entzun egiten zuten, eta nonbait Joxean Artzek entzuten zituen hoiek, eta harrituta zegoen eta urte hartako urriaren 13an, 13rako bilera bat eskatu zuen, hementxe, kafetegi hontantxe eskatu zuen. Eta Lurdesek kontatzen zian nola "Usurbilgo gazte batek nahi du gurekin, zurekin ta nerekin bildu” eta abar. Ta Joxean Artze nik hemen ezagutu nuen, ta urriaren 13an bildu giñen ta han zerbait egin behar genuela han hasi giñan.
Gero handik 15 egunera, berriz, gurean, Azpeitian bildu ginen. Eta han berriz ere alkarri burua berotu genion, eta handik hiru astera, bilera bat antolatu genuen Donostian, Bar Iturriozko sotoan. Han bildu ginan lehenengoz, eta harea eraman behar genitun, bakoitzak eaman behar genitun, konbidatu behar genun jende pilla bat, eta nik konbidatu nitun ba Julian Lekuona -Aizpurutxon apaiz zegoen ordurako-, Xuber Jose Luis Frantsesena konbidatu nuen, gero Mikel Sudupe konbidatu nuen, gero Imanol Urbieta… pilla bat eta gero… Benito Lertxundi ere nik konbidatu nuen…
Jose Angel Irigarai:
-Laboak komentatu zidan: “Hi, biltzen ari gaituk, eta zerbait egiteko… kantari, ni Bartzelonan nago eta han ere, badakizu, D'Els Setze Jutges hasi dire, ta zergatik ez haiz etortzen?” etab. Ta berak zekien nere... ba bueno, kezken berri eta hola, ezta? Ta orduan hasi nintzen gero Ez Dok Amairu izanen zen taldera hurbiltzen. Lehenbiziko bileretara, oso informalak, oso anitzak, denetarikoak, ez ziren bakarrik kantariak, orduan biltzen… oso zabala zen hasiera hartan, oraindik definizio gabekoa.
Arantxa Gurmendi (Donostia, 1944):
-Ta horrela hasi ginan bilerak egiten, eta etorri zan jende pillo bat gerora ez zianak musikariak izan, ezta kantariak izan, baina bai izan dute zeresana eta zeregina sorreran. Ze behar zan dinamizatu, bildu jendea, animatu… baldintzak jarri. Batek gaitasuna eduki zezakeen kantatzeko baina igual ez zekan gaitasunik kanta bat sortzeko, baina musikari bat baldin bazeon eskura hori egin zezakeena... zan pixka bat bildu kapazidade guztiak, ez? Eta lanean jarri.
Jose Mari Iriondo:
-Eta han bildu ginan Iturriozko sotoan, eta han jardun genuen hitz egiten eta bueno, handik beste 15 egunera edo biltzekotan gelditu ginen, eta bakoitzak eraman behar zuen izen bat, talde bat egin behar genuela eta izen bat. Bigarren bilerarako, Donostian, eraman genituen izenak. Baina ordurako Joxean Artzek gure etxetik eraman zuen Resurreccion Maria Azkueren liburu bat, Euskalerriaren Yakintza, eta eraman zuen eta han irakurritako ipuin baten izena. Eta esan zuen nola komentatu zuen zeakin este Jorge Oteizarekin komentatu zuen, eta “fenomeno", Ez Dok Amairu… “bonito, muy precioso, contra el maleficio del 13” ta ez dakit-zer jardun ziola, eta ordun esan zuen, eta nik eraman nituen 3-4 izen baina isildu egin nituen. Hain izen polita iruditu zitzaidan… esan nun: ba kito! Hauxe! Eta denok aho batez onartu genuen.
Jose Angel Irigarai:
-Ez Dok Amairurena hastapenetik izan zen, batetik, gure herri tradizioan zeuden baloreak, ondareak ta hori dena ikasi, ikertu, geureganatu baina baita ere gaurkotu, gaurko moldez eman, eta gero baita ere gaurko jendarteak eta gaurko munduak dauzkan arazoen aurrean ba nola bizitzen genituen azaldu.
Arantxa Gurmendi:
-Dana in behar zan altxatu, sortu, egin… eta, alde horretatikan begiratuta, ezinbestekoa zan musika ere hala izatea, eta ordun pentsatu zan: pausoak eman behar dira, ordun Katalunian… beti referentzia izan da guretzako, bazeon ya D'Els Setze Jutges. La Nova cançó. Katalana. Raimon eta Pi De la Serra eta hoiek danak, eta ordun hemen ere zeozer in zitekeela, horrelako zeozer…
Jose Angel Irigarai:
-Ez Dok Amairuren eta garai hartako Oteizarekin eta garatutako bidea... nik uste dut askotan transmititzen da axalekoa: zeintzuk ziren eta zer gauzak in ziren baina ez da ongi edo behar bezala transmititzen muina, edukia, eta hor garatu zela, inoiz ez bezala gure herrian, batetik garaikide izateko zea bat, gaitasun bat: oso garaikide ginen momentu hortan. Kantagintzan ze esanik ez, literaturan ere hasten ziren nobelagintza berria: Txillardegi, Leturia ta beste nobela batzukin, Saizarbitoria bere nobelakin… beste nobela literatura mota bat. Lete bere poesiarekin, poesia espaziala eta esperimentala egiten Joseanton Artze, baina erabat garaikidea, hain garaikidea non oraindik ere gure inguru zabalean holakorik ez zen egiten, eta momentu berian kantatzen ahal genuen Detroit-ko beltzen erreboltaren alde kanta bat: "Ez kanta beltza", Benitok ere kantatzen zuena, edo Vietnamgo gerla eta Goizueta. Goizuetako kanta edo "Atharratzeko jauregian", ez?
Arantxa Gurmendi:
-Eta horren ondorioa izan zan "Euskal kanta berria" izenarekin azaldu zan lehendabiziko emanaldia; lehendabizi, aurrenekoa egin zan Hernanin, eta gero ya hori ponpa haundiagoakin Victoria Eugenian. Prestatu genunian jaialdia, pues Jarraikoek antolatu zuten, ta uste genun dana zala monotonoa: kantautoreak, gitarra txikik… eta “hau pixkat aspergarria izan liteke, eta zeozer jarri beharko degu pixka bat alaiagoa”. Eta moda-modan zeon "La Chica Ye-ye", irabazi zulako Eurovisioko festibala, eta ordun Jarraikoak hasi ziran: “Joe, Arantxa, bakizu ze in behar deun? Zuk kanta zazu La Chica Ye-ye!” Hausteko monotonia hori. Eta esan nun: “Nik? Bai zea kantatuko det nik La Chica Ye-ye, nei ez zait kanta hori gustatzen”. "Baina berdin dio, da adierazteko ba hori: zeatik ez euskeraz?". Ensaiatu genun, Zarautzen, bi o hiru aldiz eta gero ala, Victoria Eugeniara! La chica Ye-ye. Eta bueno, klaro, izan zan bombazo bat. La chica Ye-ye euskeraz. Bueno. Eta bai zan pixkat hausten zuna festibala, besteen maila, ez? Kantautoreena ta hola. Baino bueno, gero esaten (de)zu: bai, egia da, momentu hartan hori kantatzea zen esatea: euskerak denetarako balio du. Ez da museo batean egon behar dun zeozer. Erabili egin behar da.
Idoia Gereñu (Tolosa, 1980):
-Hizkuntza bat da eta gure hizkuntza horrekin denetik egin dezakegu, besteek bezelaxe. Ta hori egiten saiatu ziren.
Jose Angel Irigarai:
-Oroitu behar dugu erabat euskalgintza baztertuta zegoela. Gainera haiek zirrikitu bat edo beste uzten bazuten, sistemak uzten bazuen, uzten zuen ustez eta hilik zegoelako, eta orduan pues bueno, pixka bat dekoratibo, bertsolariak bezala ta hori… gisa hortarat, dekoratibo gisara, ez zuten beldurrik baina konturatu ziren, hain zuzen batez ere Ez Dok Amairurekin musikak, kantagintzak daukana hori delako, pixka bat zabaltzen delako segittuan eta orduan fenomeno sozial bat bilakatzen delako.
Idoia Gereñu:
-Laboa ere adibide, da kanpoan egiten ari ziren mugimendu abangoardita hoien errepertorioak edo lan egiteko moduak euskerara ekarri. Eta horrek eman zion indarra kantugintzari, antzerkiari eta garaiko gazteria horrek emozionatu zuen. Zaharkitua zan hori ez zitzaion… gustatzen. Garaiko gazteek beste zerbait behar zuten, eta euskalgintzak eman egin zion. Erdaldunak zirenei ere, erdaldunak zirenak ere euskalgintzara gerturatzeko aitzakia edo arrazoia izan zuten aurrera begirako ikuspuntu edo ikuspegi horrekin. Eta nik uste dut horrek aldatu zuela zeharo gizartearen bizitzeko modu bat.
Jose Angel Irigarai:
-Kantariak, jendeak ez daki, egoten ziren urte bat, osorik, debekatuta. Ezin inun kantatu. Benitok pasatu ditu 2 urte kantatu ezinik Bizkaian… Julen Lekuona ere berdin… horrela ibiltzen ginen, ez?
Axen Egaña (Donostia, 1937):
-Kantatzen ari zan Benito Lertxundi eta zeuden poliziak kanpoan, eta begiratzen aber ze kantatzen zun, eta zeukaten estrofitas eta: “Porque usted ha cantau una estrofa más”. Ez zekiten ze esaten zuten, baino “una estrofa más”, osea pues balin bazian bost, pues igual kantatu zittun sei. Eta nola seigarren hori ez zuten beoiek hartuta... pues baitare, pues multa.
Jose Mari Iriondo:
-Asko debekatzen zuten garai hartan. Erreza zan debekatzea. Ta dana zan ba “canciones subversivas”.
Jose Angel Irigarai:
-60ko hamarkadan bizitutakoa izan zen errepikaezina baina oso bestelakoa. Sekulako mobimendua, beti bezala ez zuena asko iraun, soziologikoki ere oso baldintzatuta geundelakoz eta… Baina benetan sozialki horrela bizitzea eta hola transmititzea ez da hain erreza eta batez ere ez da hain komuna, zoritxarrez, ez da gertatzen.
Jose Mari Iriondo:
-Eta hor meritua zeinena zan? Denena. Euskal Herrian zegoen gose egarri ikaragarri bat, eta hor danok konturatu giñan zerbait gehiago egin genezakeela.
Jose Angel Irigarai:
-Zegoen egarri hori, landuta zegoen, prest zegoen, eta hori dena etorri zen, egarria eta iturria, bat egitera 60ko hamarkadan.
-60ko hamarkadako kultura-susperraldiarekin lotutako bideoak:
-Euskal Kantagintza Berria: 1961etik 1980ko hamarkadaraino euskal musikagintzan gertatu zen mugimenduari esaten zaio. Nova Cançó Catalanari jarraituz sortu zen. Euskal abesti herrikoiak biziberritu zituzten, eta baita abestietan politika eta gizarte gaiak sartu ere. Horretarako, kantautoreak edo egile abeslariak hartu zituzten eredutzat (ordura arte abesbatzak eta zortzikoteak ziren nagusi); Bob Dylan zen orduko Mendebaldeko Europako gazteen erreferentzia nagusietakoa.
-Aurrekariak:
-Nemesio Etxaniz azkoitiar apaizak kantagintza berritzeko beharra aldarrikatu zuen, 50eko hamarkadan. Zenbait tango, runba, pasodoble eta modako doinu euskaratzen hasi zen. Handik gutxira erromeria talde batzuk —Azkoitiko Kontrapuntoak eta Bilboko Soroak laukoa, besteak beste—kantu zaharrak modu berrian ematen hasi ziren. Soroak laukoak, 1961ean, disko txiki bat argitaratu zuen.
-Mixel Labéguerie izan zen euskal kantagintza berriaren aitzindarietako bat, 1961ean eta 1963an kaleratu zituen diskoekin: Gazteri berria abestia askatasun gosez zebilen euskaldun gazteriaren himno bihurtu zen berehala.
-Baziren jendaurrean agertzen ziren beste kantari batzuk ere: Mikel Laboak 1964an argitaratu zuen lehen diskoa, Julen Lekuonak 1965ean… Lourdes Iriondo gero eta ezagunagoa zen, Loiolako Herri Irratian egindako emanaldiei esker; eta Benito Lertxundi izeneko gazte bat bigarren gelditua zen La Voz de España egunkariak antolatutako artista berrientzako lehiaketa batean.
-Mugimendu gisa, 1965ean egin zituzten lehen bilerak euskal kantagintza akuilatzeko. Musikarekin eta kulturgintzarekin lotutako hainbat lagun bildu ziren. Bilera haien emaitza nagusia Ez Dok Amairu mugimendua izango zen.
-Taldearen lehen emanaldiak 1966ko urtarrilean izan ziren, Hernanin eta Donostiako Victoria Eugenia antzokian (Jarrai antzerki taldeak antolatu zituen). Ez Dok Amairuren lehen emanaldi ofiziala 1966ko martxoaren 6an izan zen, Irungo Bellas Artes antzokian. Talde gisa, Baga, biga, higa sentikaria izan zuten proiekturik inportantena (1970).
-Egitura malgua izan arren, nolabaiteko antolaketa ere izan zuen Ez Dok Amairuk: Joxean Artze zen zuzendari artistikoa, Jose Angel Irigarai antolatzaile zuzendaria eta Nekane Oiarbide arduratzen zen administrazioaz eta harreman publikoaz.
-Ez Dok Amairu taldeko kide izan ziren, besteak beste: Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Julen Lekuona, Jose Antonio Villar, Jose Angel Irigarai, Joxean Artze, Jesus Artze, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Felix Sarasola, Juan Mingo, Luis Bandres, Jean Paul Arregi, Nekane Oiarbide, Joxe Mari Iriondo eta Jose Mari Zabala. Talde batzuen parte-hartzea ere izan zuen: Oskarbi eta Yoloak, kasurako.
-1972ko abenduan desegin zen taldea. Zergatiak: Jose Mari Iriondoren hitzetan eta Jose Angel Irigarairen arabera.
-Ez Dok Amairu desagertu arren, partaideek musikagintzan jarraitu zuten (bakarka zein taldean: Ikimilikiliklik ikuskaria eta Zazpiribai taldea), eta 70eko hamarkadan musikari gehiago ere bazebiltzan Euskal Kantagintza Berriaren olatura igota: Maite Idirin, Gontzal Mendibil, Estitxu, Ortziken kolektiboa, Pantxoa eta Peio, Etxamendi eta Larralde, Antton Valverde, eta abar.
-1980ko hamarkadan bukatu zen Euskal Kantagintza Berriaren mugimendua. Izan ere, kantautoreak bigarren plano batera pasa ziren, salbuespenak salbu. Lehenengo folk eta rock taldeak (Errobi, Itoiz, Izukaitz, Haizea, Oskorri...) hasi ziren haien lekua hartzen, eta ondoren Eusko Rock Erradikala etorri zen.