Gerraostean euskarazko antzerkiak izan zuen berpiztearen berri ematen da bideo honetan, bereziki Donostian egon ziren bi talderen eskutik: gerra aurretik sortutako Euskal Iztundea eta Jarrai antzerki taldea.
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Euskara eta Literatura
Gaiak: Aisialdia, Antzerkia
Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:
- Garai bateko bizimodua eta kultura ezagutzeko interesa
- Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
- Antzezlanak ikusteko eta sortzeko irrika
- Ahozko ondarea ezagutu eta balioesteko gogoa
Bideoa ikusi aurretik:
-Gustatzen al zaizue antzerkia? Zergatik?
-Zer antzezlan ikusi dituzue eta zer hizkuntzatan? Zer estilotakoak?
-Zuen ustez, euskarazko antzerkigintza noizkoa da? Gure aitona-amonek ikusten al zuten antzerkirik? Garai batean ba ote zegoen antzerki zaletasunik?
1920ko eta 30eko hamarkadetan euskarazko antzerkiaren “loraldia”deitzen zaiona gertatu zen. 1936ko gerraren ondorioz, baina, bertan behera geratu zen: euskararen kontrako jarrera nagusitu zen. Gerra ondoan, Francoren garaian, batzuek loraldi hura berreskuratzen saiatu ziren. Belaunaldi berriak, berriz, nahiago zuen modernotasuna tradizioa baino. 60ko hamarkadako giro horri buruzkoa da ikusiko dugun bideoa.
-Zuen ustez, zer da antzerki tradizionala eta zer modernoa? Gaur egungo antzezlanak nolakoak dira?
Bideoa ikusi bitartean:
1.Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
2.Beren arreta erakarri duten pasarteak gogoan hartu.
3.Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez, atzerriko autoreen izenak.
4.Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztia barneratzeko.
Bideoa ikusi ondoren:
-Zer iruditu zaizue bideoa? Zuen ustez, interesgarria da?
-Gerra aurretik eta gerraosteko lehen hamarkadetan antzerkiak arrakasta handia zeukan. Zergatik (euskaraz zen jarduera bakarra zelako, telebistarik eta zinemarik ez zegoelako…)?
-Hemen, gure herrian, izan al zen antzerki talderik? Dakizuena kontatu.
-Garai batean ez zuten Internetik, baina mundura zabalik zeuden: nazioartera begira, euskarara molde berriak ekartzeko. Gauza bera gertatzen al da gaur egun? Kanpoko zer erreferente dauzkazue (musika, zinema, literatura…)? Euskaraz egiten diren kultura-jarduerak (antzerkia, musika, telesailak, literatura…) modernoak iruditzen al zaizkizue? Erantzuten al diete oraingo gazteen beharrei?
-Tradizioa vs modernotasuna. Euskaraz antzezten zuten bi talde zeuden, eta elkarrekin lehian zebiltzan. Aldaketek eta molde berriek eztabaida dakarte sarri. Orain ere bai? Ezagutzen al duzue antzeko beste kasurik (dantzak, alardea…)?
Ondoren, hainbat lanketa egin ditzakegu grabazioarekin, hedabideen jarduna ezagutzeko eta lantzeko (ikasle taldetxo bakoitzak lanketa desberdina egin dezake):
-Bideo-erreportaje labur bat prestatu, grabatutako irudiekin (horretarako, editatzeko programaren bat erabiltzen erakutsi eta adibideak eman). Sarean zabaldu.
-Elkarrizketa idatziz jarri, egunkari digital edo blog baterako (titulua, azpititulua, sarrera, galde-erantzunak, argazkia, azgazki-oina… Adibide gisa: Ainhoa Larrañagari elkarrizketa). Sarean ipini.
-Irratsaio baterako erreportajea/elkarrizketa gertatu, elkarrizketako audioa erabilita. Sarrera prestatu (aurkezpena) eta grabatu; musika ere erabil dezakegu. Gertuko irratiren batera bidali.
Ondo legoke grabazioak Ahotsak.eus-era bideratzea, ahozko ondarearen artxibora (adibiderako, ikus Donostiako San Ignazio ikastetxeko ikasleen proiektua).
Zer eta nola egingo dugu? 4-5 laguneko taldetxotan banatu, eta:
1-Egoera pentsatu/aukeratu: zer kontatu nahi dugu (istorioa)? Eta nola (pertsonaiak)?
2-Pertsonaien ezaugarriak eta jarrerak zehaztu. Muturreko pertsonaiak (oso markatuak) aukeratzeak antzezpena erraz dezake (baina adi ibili behar dugu rol sexistekin!).
3-Gidoitxoa prestatu: pertsonaien arteko elkarrizketa idatzi.
4-Pertsonaien karakterizazioa landu (arropa, osagarriak… / keinuak, jarrerak, hitz egiteko modua…)
5-Testua ikasi, eta entsegatu, nor bere pertsonaiaren azalean sartuta.
6-Bestelakoak: eszenografia pentsatu (sinplea baina eraginkorra); soinua eta argia ere kontuan izan (beharrezko ikusiz gero, grabazioren bat eraman daiteke; edo ahoz egin: kantatu, soinuak egin…).
7-Dena prest dagoenean, gelakideen aurrean antzeztu.
Antzerki esketxak bideoz grabatzea proposatzen dugu, gero ikusi eta aztertu ahal izateko. Aukera bat: zer eta nola hobetu erabaki (ikasleek beraiek), praktikan jarri eta antzezlana berriro egitea; bigarrena ere grabatu egingo dugu, biak konparatu ahal izateko eta hobekuntzez jabetzeko. Hona hemen egindako lana ebaluatzeko kontuan izan ditzaketen irizpide batzuk:
|
BAI / EZ |
ZER HOBETU |
Istorioa/esketxa ondo ulertu da? |
|
|
Ondo entzun da? Pertsonaiek ondo, argi, ahoskatu dute? |
|
|
Pertsonaien karakterizazioa egokia izan da? |
|
|
Pertsonaiak ondo mugitu al dira eszenatokian zehar? |
|
|
Jantziak aproposak izan dira? |
|
|
Elkarrizketek naturalak eman dute? |
|
|
Dekoratua aproposa izan da? |
|
|
Soinuak eta argiak edukia hobeto adierazten lagundu dute? |
|
|
Gustatu zait? |
|
|
Beste aukera bat: jada sortuta dauden antzerki-testuak erabiltzea. Hona hemen euskarazko hainbat antzezlan: http://mikelmartinez.eus/teatrotestuak/
1.Bideo-ipuina egin. Ahotsean jarriko dugu arreta, ez gorputz adierazpenean. Izan ere, bideo-ipuinak sortuko ditugu, eta audioa izango da oinarria (ikasleen ahotsa, ez irudia). Bideo-ipuin adibideak: Kokoriko txitatxoa, Juan eta otsoa eta Ausarten kluba. Segitu ditzakegun pausoak:
-Gustuko ipuin labur bat aukeratu, elkarrizketa dexente dituena (moldatu ere egin dezakegu).
-Narratzailea eta pertsonaiak banatu.
-Narratzailearen eta pertsonaien hitz egiteko modua zehaztu: erabili beharreko ahotsaren tonua, abiadura eta erritmoa (adibidez, otso gaiztoa: ahots sendoa eta segurtasuna erakusten duena).
-Irakurketa dramatizatua egingo dugu. Behar beste entsegatu ondoren, audioa grabatuko dugu.
-Marrazkiak egingo ditugu, ipuina janzteko, audioa kontuan hartuta.
-Bideoa prestatuko dugu, marrazkiak eta audioa batuta. Posible da musika eta efektuak sartzea ere (bideo ediziorako, oinarrizko programaren bat erabiltzen erakutsi eta ereduak eman).
2.Ipuina antzezlan bihurtu. Ipuin bat aukeratu eta antzezlan bihurtuko dugu, eta ondoren antzeztu. Gorputz adierazpena eta ahotsa, biak izango ditugu kontuan. Segitu ditzakegun pausoak:
-Ipuina antzezlan bihurtu. Narratzailea desagertu egingo da, eta pertsonaien mugimenduak eta elkarrizketak bihurtuko dira istorioaren oinarri. Adibiderako, ikus Getxoko Berritzegunekoek Joseba Sarrionandiaren ipuin batean oinarrituta egindako lanketa hau.
-Pertsonaiak banatu eta karakterizazioa landu (arropa, osagarriak… / keinuak, jarrerak, hitz egiteko modua, nola mugitu…)
-Testua ikasi, eta entsegatu, nor bere pertsonaiaren azalean sartuta.
-Bestelakoak: eszenografia pentsatu (sinplea baina eraginkorra); soinua eta argia ere kontuan izan (beharrezko ikusiz gero, grabazioren bat eraman daiteke; edo ahoz egin: kantatu, soinuak egin…).
-Dena prest dagoenean, gelakideen aurrean antzeztu.
-Nor zen? Biografia laburra
-Nolakoak ziren bere antzezlanak? Antzerkigintzari egin zion ekarpena
1-Toribio Altzaga |
2-Marcelino Soroa |
3-Jacinto Carrasquedo |
4-Rabindranath Tagore |
5-Antonio Buero Vallejo |
6-Federico García Lorca |
7-Albert Camus |
8-Friedrich Dürrenmatt |
9-Eugène Ionesco |
10-John B. Priestley |
11-Arthur Miller |
12-Henrik Ipsen |
13-Berthold Brecht |
14-Tennessee Williams |
Ikasgelan ahozko aurkezpen txikiak egingo dituzte ikasleek (Prezi bezalako programak erabil ditzakete, autorearen argazkiarekin eta datu nagusiekin).
Autore horietako batzuk gaur egun ere modernotzat hartzen ditugu; adibidez, Ionesco eta absurdoaren antzerkia. Abeslari burusoila antzezlaneko zatitxo bat irakur dezakegu, eta ondoren komentatu, ea zer iruditzen zaien.
5- Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere: aurkezpena, ikus-entzunezkoa, antzezpena… eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea (ahozko jardunen bilakaera ikusteko). Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea (irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak).
Ebaluazio-irizpideak:
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek beraiek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
-Ea gaiak bere interesa piztu duen.
-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.
Ikaste-prozesuari buruz
-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.
Bere komunikazio-gaitasunei buruz
-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.
-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.
Talde-lanari buruz
-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
-Ea ondo baloratzen duen talde dinamika ala arazoren bat izan duen.
Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:
-(4.mailan) Ea aktiboki hartzen duen parte dramatizatze-, birsortze-, memorizatze- eta errezitatze-lanetan,
eta, erritmoa, ahoskera, azentua eta intonazioa zaintzeaz gainera, antzezpen-estrategia errazak erabiltzen dituen.
- Ea iteratura-ereduak sormenez erabiltzen dituen.
- Ea estilo propioz adierazten den, eta baliabide estilistikoak malgutasunez eta sormenez erabiltzen dituen.
- Ea ipuinak, pasadizoak... etorri handiz eta bizi narratzen dituen.
- Ea aurreko belaunaldien testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.
- Ea lehenaldia eta orainaldia lotzeko eta bere ikuspegia aberasteko gogoa eta gaitasuna izan dituen.
- Ea azaldu, narratu edo deskribatzen dituen euskararen jatorriaren eta bilakaeraren ezaugarri bereziak.
- Ea hizkuntza baten egoera zehazten duten oinarrizko faktoreak deskribatu, eta horien adibideak ematen dituen, bai eta hizkuntzen arteko ukipen-egoeren ondorioz sortutakoak ere.
- Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak.
- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.
- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak.
- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.
- Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean.
- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen.
- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen.
- Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia.
- Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak.
- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.
- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen.
- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei.
- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.
- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.
- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.
- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.
- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.
- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.
- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.
- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.
- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…).
- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.
- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak.
- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen.
Euskal Iztundea antzerki taldea
Jon Ezeiza (Donostia, 1936):
-Nere amak antzerkia iten zun Don Toribio Alzagan taldekoekin. Euskal Iztunde taldea. Escuela y Declamacion Vasca.
Jose Angel Irigarai (Donostia, 1942):
-Euskal Deklamazioko taldea, Maria Dolores Agirre zenak zuzentzen zuena. Ba hasiak ziren antzerkia berriz ere berpizten… Toribio Altzaga zenaren herentzia nolabait ere gaurkotu nahian. Gerla aurretikako Toribio Alzaga, Marcelino Soroa eta hoik danak.
Jon Ezeiza:
-Eta amangana, aman billa etorri zianian, amak esan zun 3 seme-alaba zeuzkala, eta bere antzerkia egiteko garaia bukatuta zeola. Ta orduan ni ezautu niñuen eta 17 urte neuzkan... ta jun nitzan eta Maria Doloresekin hasi nitzan.
Jose Angel Irigarai:
-Besterik ezean ba ni hor ere hasi nintzen. Maila xume batean baina egin nituen hainbat… ba Toribio Alzagarenak, Carrasquedorenak, Andre Joxepa tronpeta… eta holako gauza batzuk...
Jon Ezeiza:
-Eta han zeuden ba Gregorio Beorlegi, Joxe Egilegor, Antonio Etxeberria, Donato Guardetxea… eta gero jende berria sortzen hasi zan. Joxe Mari Etxebeste re sartu zan taldean. Bere emaztea Rosita Arruabarrena re bai… Maria Dolores zan zuzendaria eta Joxe Mari Etxebeste laguntzaile bezela.
Arantza Garaialde (Donostia, 1951):
-Nere bizitzan Maria Dolores gutxi gorabehera sartzen da pentsatzen det ba nik 8 bat urte ditudala. Ba umeren bat behar du ere ba eszenatokian pin-pin ateratzeko. Eta horrela hasi nintzan eta bueno ba urte pilla bat, ba… nik ya 22 urte edo 23 nitula izan zan ya… Maria Doloresen azken obrak. Baina bitarte hortan ba lan asko egin zun eta ohitura zan jartzea bi datatan, Donostian behintzat. Zala bata Santo Tomas jai egunean eta nik uste det pixka bat pentsatua azokara etortzen ziran baserritarrak eta ba bueno, probintziko jendea, bostetan, bazkal ostean, ba bueno entretenitzeko asmoarekin, behintzat hasiera baten ba pixka bat estilo hortan, ba far batzuk botatzeko eta gainera bertsolariak egoten ziran. Eta beti, nik gogoratzen ditut Uztapide eta Baserri.
Jon Ezeiza:
-Antzerki asko iten giñuzten, Santomasetan beti hemen Antzoki Zaharrean. Hiru funtzio iten giñuzen, e. Bostetan, zazpitan ta hamar eta erditan. Zaletasun handia zeon. Teatroa leporaino betetzen zan. Sarreraik gabe ta… ba hori, euskal kutsu haundia zeukalako.
Mirentxu Agote (Donostia, 1933):
-Dana bete-betia egoten zan.
Idoia Gereñu (Tolosa, 1980):
-Antzerkia garai hartako telebista edo gaur egungo sare sozialen parekoa zan garai hartan antzerkia, gerra aurrean eta gerraoste hasiera hortan.
Arantza Garaialde:
-Beste eguna San Sebastian eguna izaten zan, eta gauza bera, arratsaldean, eta normalean biak izaten ziran Antzoki Zaharrean.
Mirentxu Agote:
-Eta ya hasi nitzan ni ere, hasi nitzan eta urtero iten genun, Santo Tomas egunian eta San Sebastian egunian.
Jon Ezeiza:
-Guk iya gehiena euskal gaiak. Maria Doloresek Amal egin zun: Rabindranath Tagoren El cartero del Rey euskaratu zun eta oso politta, motxa baina oso polita…
Arantza Garaialde:
-Buero Vallejorenak adibidez itzuli zitun. Eta Buero Vallejo momentu hartan neri oso ona iruditzen zitzaidan, ta ona zan. Lorcarenak ere bai beste batzuk ere bai. Esan nahi det… baina bestela bai, zan antzerki nik esango nuke oso kostunbrista, guztiz. Batzuk kokatuak Euskal Herrian bertan, ba baserriko giroa, ona… ba ze esango nizuke… pixka bat alderdi hortan eta topiko asko erabiltzen zituna, ez?
Jose Angel Irigarai:
-Eta zen ba beharbada gerla aurreko teatro mota bat: kostunbrista eta…
Arantxa Gurmendi (Donostia, 1944):
-Baina hoiek ere lan haundiya egin zuten euskeraren alde.
Jarrai antzerki taldea
Jon Ezeiza:
- Gero bazeon beste antzerki talde bat e bai. Jarrai uste det zala. Jarrai, bai. Iñaki Beobidek eta.
Karmele Esnal (Orio, 1932):
-Zuzendaria zan Iñaki Beobide. Ta gero ba jende asko zeon. Ramon Saizarbitoria, Juan Antonio Arozena, Joxeba Goñi, Arantxa Gurmendi, Joxe Mari Aristi, Xabier Goenaga…
Xabier Goenaga (Donostia, 1937):
-Talde bat antolatu zen, Iñaki Beobide zuzendari zela, eta inguru horretan bueno ba euskaldun batzuk hasi giñan eta lan asko in gendun.
Arantxa Gurmendi:
-Ta bueno, jun nitzen taldera ta oso ondo hartu ninduten eta Ramon Saizarbitoria ere aldi berean sartu zan.
Xabier Goenaga:
-Ordun gu hasi ginan, bueno, beste giro bat ematen, bueno gazteak, hura aldatu nahian eta berritu ta…
Karmele Esnal:
-Ta gu hasi ginan, berriz, gauza modernoak egiten. Orduan hor zeon pikia.
Jon Ezeiza:
-Eta gure bi taldeen artean bazeon konpetentzi… beak iten zuen beste estilo… euskeraz baina beste obra estilo bat. Modernoagoak, amerikanoak… eta bueno, hor zeon ribalidade bat.
Xabier Goenaga:
-Konpetentzi ideologikoa pixkat ere bai…
Idoia Gereñu:
-Bi eredu izango dia, eta bi eredu hauen arteko talka edo lan egiteko moduak elkartuko dira garai hontan.
Jose Angel Irigarai:
-Eta Horiek egiten zuten ez kontrakoa baina oso bestelakoa: Albert Camus eta Dürrenmatt eta beste obra batzuk eta… hasi ziren jartzen.
Arantxa Gurmendi:
-Guk jarri gendun Los justos, Camusen obra, ez dakit ezautzen dezun, baino terrorismoari buruz da. Kokatua Rusian, zarren eta garaian, baina gaia… puri-purian zeon hemen.
Jose Mari Aristi (Donostia, 1928):
-Gu hasi ginan erderazko obrak itzuli erder… euskerara, eta obra hoiek jartzen. Eta egin genituan ba buf, ni goatzen naizenak aber: Denak dira nere semeak, “Todos eran mis hijos” erderaz, Arthur Millerrena.
Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944):
-Miller egin genuen, Ipsen, Priestley eta gero ya uste dut gehiegi korritu genuela, eta hasi ginen Brecht eta konpainia egiten, Ionesco absurdoaren teatroa…
Xabier Goenaga:
-Mundu guztian ari ziran ba ordun ba Ipsen, ta Ionesco eta bueno, horrelako… Tennessee Williams… ta hori, euskaraz hori egitia zan puf.
Arantxa Gurmendi:
-Pentsa, ni goatzen naiz Aiara jun izana Maizter berria obrarekin. El absurdo, teatro del absurdo. Ze ulertuko zuten? Baino guri iruditzen zitzaigun hori beharrezkoa zala. Osea, euskal kultura ez zala mugatzen gauza klasiko batera, iraunkorra ta Jaungoikoa eta lege zaharra…ta beti dana, ta, ez, gutzako zan: ireki in behar zan, ez? Gero eta zabalago eta Inglaterran iten bada holakoa, euskeraz ere bai! In diteke eta in behar da.
Idoia Gereñu:
-Garai hartako ikusle askok esaten dute Jarrairen gauzik aurreratuena aurrerakoiena eszenografiak zirela: lehen aldiz ikuspuntu minimalista zuten jantziak, eszenografiak, atrezzoak, etorri ziren euskal antzokietara. Eta horrek irauldu omen zuen antzerkia. Bai testuak noski, baina testuekin batera testu horren esanahia zuen testuinguru oso bat ekarri zuten. Hori dena euskerara.
Jose Angel Irigarai:
-Ekarri zituzten, esate baterako, haiek ekarri zuten Living Theatre. Living Theatre izan zen hirugogeita… zazpian-zortzian horrela izanen zen gutxi go… ez naiz ongi oroitzen. Living Teatre zen garai hartan ba teatrorik modernoena, esperimentalena, interesgarriena… Eta jarri zuten Antigona. Bueno, izan zen eskandalo bat. Ikaragarria. Eskandalo, alde batetik bat batzuentzako baina beste batzuentzako izan zen ikaragarri ona. Baina ikaragarria.
Arantxa Gurmendi:
-Kritikak oso zorrotzak zian, e. Zeatikan jende bat bazeon… Hori haustea… baino nola ez zitzaigun inporta, ez dakit, alde hortatik ausartak izan gea. Eta disfrutatu iten gendun, e. Neri ikaragarri gustatzen zitzaidan periodikuan azaltzen bazan “estos van a acabar con el alma del vascuence” eta. Nik esaten nun: “Qué importantes”. Jajaja. Beira, guk jakin gabe hoi dana lortuko deu, ez? Osea… baino gero ikusi da beharra zala. Behar zan pausoa eman aurrera.
Idoia Gereñu:
-Gertatutako garai ilunak ahaztu eta gazteak nahi zuten askatasunean oinarritutako bizimodu bat eta askatasuna erakusteko modu bat zan halako antzerki obra estremoak eginez, ez?
Ramon Saizarbitoria:
-Bai, ondo pasatzen genuen teatroa egitten, eta uste dut lan ona egin genuela, interesantea, eta lagundu zuela ba jende askorentzat ba euskeraren… ez dakit ez, ez dakit ba, halako prestigio bat ematen, dotoretzen.
Arantxa Gurmendi:
-Taldeak iraun zun 69 arte edo horrela. Gero desegin egin zan. Baino eta tarte horretan obra pillo bat jarri genitun martxan.
Axen Egaña (Donostia, 1937):
-Orduan Club de Teatro hemen zeon, eta antzerkia egiten genun igande goizetan ta hola Printzipalen. Orduan indarra bazegoen.
Arantxa Gurmendi:
-Club de Teatro deitzen zan ekintza bat, udaletxeak konpromisua hartu zun igandero-igandero goizetan antzoki zaharrean emango zala antzerki emanaldia. Eta ordun horrek behartzen gintun talde bakoitzak hiru hilabetero estreinatu in behar zun obra berri bat. Eta hori lan haundia zan bainon oso interesgarria. Eta horrek sortu zun, batera ekarri zun, zaletasuna handitzea eta antzokiak bete egiten zian. Oso interesgarria izan zan.
Jose Angel Irigarai:
-Donostian bazen antzerki bizitza nahiko oparoa. Talde amateurrak. Eta Euskal Herri osoan ere talde amateur asko bazeuden, zorionez gehienak herrietan euskaraz, baziren asko.
Arantxa Gurmendi:
-Eta baita’re Jarrai taldearen ekintzetako bat izan zan bultzatzea antzerki talde desberdinak herri askotan. Herri ezberdinetan sortzea bertako taldeak. Baino klaro, hoiei ere lagundu behar zitzaien eta materiala pasa. Eta nik uste det alde hortatik Jarraik, antzerkiaz aparte, lan haundiya in zula. (Ta zenbat antzerki talde zeuden garai hartan?) 35 edo hola, e, Gipuzkoan. Asko. Herri gehienetan zegon antzerki talde bat.
Arantza Garaialde:
-Ba eske lan pilla bat egin zan, eta dana doan, noski, dana… “amor al arte” esaten zana.
Arantxa Gurmendi:
-Oso aberatsa izan zan. Urte haiek oso aberatsak izan zian kultura aldetik. Ze ez zan bakarrikan antzerkia mugitu, baita ere mugitu zian pintoreak, eskultoreak, musikariak… ordun ere sortu zan, gutxi gorabehera sortu zan gutxi gora behera, hasi zian euskal kanta berriaren historia, ez? Eta bueno, osotasun batean kultura bultzatzea, euskaraz.
-Euskal kulturan 60ko hamarkadan gertatu zen susperraldiarekin lotutako beste bideo batzuk:
-1915ean, antzerkigintza berpiztuko zuen Euskal Iztundea jaio zen Donostian. Antzerki eskola baten modukoa zen Euskal Iztundea, Udalarena. Iztundea zuzentzeko katedra lortzen lehena Toribio Altzaga izan zen; hainbat antzerki lan idatzi zituen; osorik euskaraz idatzitako lehena, Aterako gera (1888). Toribio Altzagak Maria Dolores Agirre izan zuen laguntzaile.
-Euskal Iztundeak sustatutako lanak Donostian eta Gipuzkoa osoan hedatu ziren, baita Bizkaira ere gero, Resurrecion Maria Azkueren eskutik. Bizkaian, Manu Sota eta Esteban Urkiaga “Lauaxeta”k eratutako Antzerki Ibiltari konpainia ere bazegoen.
-Gerra aurrean, antzerki txapelketek, jardunaldiek eta Antonio Mª Labaienek sortutako Antzerti bezalako aldizkariak argitaratzeak antzerkirako zaletasuna sendotzen lagundu zuten.
-1936ko gerra iristean, euskarazko antzerkigintza mututu egin zen. Euskal Iztundea itxi egin zuten.
-Gerraostean, Euskal Iztundearen bigarren aldia etorri zen (1953-1981), Maria Dolores Agirreren eskutik. Gerra aurretik antzeztutako euskarazko lanak taularatu zituzten, eta baita beste obra batzuk euskarara itzuli ere. Antzezlan kostunbristak ziren oro har.
-Jarrai antzerki taldea (1959-1968). Iñaki Beobideren zuzendaritzapean, euskal antzerkiaren korronte berritzailea sortu zen. Euskal antzerki berria definitzeaz gain, garai hartako atzerriko obra abangoardistenak euskarara ekarri zituen eta taularatu. Kostunbrismoa baztertu zuten.
-Bilbon, Gabriel Arestik eta Begoña Foruriak (aurretik Txinparta antzerki taldean ibiliak, antzezlan kostunbristak egiten) Kriselu antzerki taldea sortu zuten 60ko hamarkadan. Jarrairen antzeko ibilbidea izan zuen Kriseluk ere: antzezlan modernoak euskaraz antzezten zituzten; Ugo Betti, Bertolt Brecht eta Ricard Salvaten lanak, besteak beste.
-1962. urtean Donostiako Antzerki Kluba sortu zen, Donostiako Udalaren babesean. Ekimen horri esker, talde amateurrek Antzoki Zaharrean antzezteko aukera zuten, igandero.
-60ko hamarkadan Gipuzkoa aitzindaria izan zen euskarazko antzerkigintzan. Gipuzkoan euskaraz antzezten zuten talde amateur asko zeuden. Gainerako probintzietan, ordea, gutxi ziren artean.
-Antzerkigintza amateurra indarra galtzen joan zen hurrengo hamarkadetan, hainbat arrazoirengatik. Batetik, zinema aretoetako eskaintza. Bestetik, euskal kantagintza eta kontzertuak; kantak erraz iristen ziren publikoarengana. Telebista ere aipatzekoa da.
-Antzerkian euskara bultzatzeko helburuz zebiltzan euskaltzaleak beste diziplina batzuetan murgildu ziren. Antzerkia profesionalizatzen joan zen.