Ipuinen transmisioa

Ahotsak.eus proiektuan adinekoei jasotako bi ipuin aukeratu ditugu (Hontzarena eta Axelko eta Otxokorena), ondoren Ameli eta Joxe Mari Karrere ipuin-kontalariei eman, eta ipuinen beraien bertsioak egin dituzte. Kontaketaren eta transmisioaren inguruan hausnarketa eragiteko bideoa.

Mailak: Batxilergoa

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Ipuinak, Ahozko testu-generoak

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:

  • Garai bateko bizimodua eta kultura ezagutzeko interesa
  • Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Ahozko jarduna ezagutu, erabili eta balioesteko gogoa
  • Ipuinak eta istorioak entzuteko nahia
  • Fikziozko istorioak sortzeko eta kontatzeko irrika

 

Bideoa ikusi aurretik:

Gaiaren aurkezpena egingo dugu. Aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderak egin ditzakegu:

-Gustatzen al zaizue ipuinak, istorioak eta anekdotak entzutea? Eta kontatzea?

-Ipuin asko ezagutzen al dituzue? Aipatu zuen gustuko batzuk.

-Etxean kontatu al dizuete ipuinik/istoriorik? Nork? Nola? Noiz?

-Ipuinak behar bezala kontatzeko, testuingurua inportantea da. Zuen ustez, zer behar da? (Hartzaile aproposak, isiltasuna, arreta: entzuteko gogoa, irrika: kontatzeko gogoa...)

-Zuen ustez, ba al dago ipuinak ondo kontatzeko teknikarik? Zer egin daiteke entzulearen arreta erakartzeko?

-Zer ezaugarri dituzte ipuinek?

Ipuina narrazio mota bat da, fikziozkoa. Ipuina edo istorio laburra: irudimenak sortutako kontakizuna, bereziki alegiazkoa (baina ez beti), denbora tarte batean eta toki batean pertsonaia bati/batzuei gertatutako ekintzak kontatzen dituena.

 

Bideoa ikusi bitartean:

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
  2. Ikasleek euren arreta erakarri duten pasarteak gogoan har ditzatela.
  3. Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez, euskalkietakoak: uskun (zigun), azen (zeuden), auen (zuen), gaz (gaude), dusku (digu), solasten (hitz egiten), afixan (kabian), botaidek (bota iezadazu, toka), utsen (zion/zizkion), dustat (dizut, toka), itzartu (esnatu)...

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin gehien ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren:

  1. Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-Ezagutzen al zenituzten bi ipuin horiek?

-Zer bertsio gustatu zaizue gehien? Zergatik?

-Musikarekin ala gabe nahiago?

-Ipuinen bukaerak borobilak al dira? Inportantea al da bukaera ematea?

-Testuingurua/egoera bera al da adinekoen kasuan eta kontalarien kasuan? (Nori zuzendu, prestaketa...). Adinekoek berdin kontatuko al lukete aurrean, adibidez, bilobak izanez gero?

Ameli eta Karrere ipuin-kontalariei jatorrizko ipuinak eman zizkieten, eta bertsio bana egiteko eskatu. Adinekoei, berriz, beren bizimoduari buruzko beste galdera askoren artean, elkarrizketatzaileak “badakizu ipuinik?” galdetu zien. “Bai? Ba kontatu!”. Baina ez zegoen hartzaile egokirik, ez girorik... ipuinak kontatzeko, eta astirik ere ez zuten izan ipuina gogoratzeko.

-Zer gehiago izan behar da kontuan ipuin/istorio bat kontatzeko orduan? (Ahots-tonua, erritmoa, begirada, gorputz-adierazpena…)

 

3. Interesgarria da kontalaritza eta antzerkia bereiztea, nahiz eta batzuetan muga lausoa izan (era guztietako antzezlanak daudelako). Kontalaritzan:

  • Narratzailea norbera da, ez pertsonaia bat: ez du antzeztu behar
  • Kontalariak inprobisaziorako aukera handiagoa du: istorioa publikoaren, lekuaren eta egoeraren arabera alda dezake (ez dauka gidoi finkorik)
  • Ez du ezer behar (atrezzorik, mozorrorik… eszenatokirik ere ez)

Nola kontatu ipuin bat? bideoa ikusi, eta komentatu:

-Bideoko kontaketa-estrategietatik zein da gehien gustatu zaizuena? Zergatik?

-Zuen ustez, zer da egiteko zailena?

-Ikasi al daiteke istorioak/ipuinak ondo kontatzen ala kontalariak berezko dohaina izan behar al du?

 

4. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Lau adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin dezakete.

  • “Hitzen arrastoan”. Bideoko bi ipuinen bertsioak aztertuko ditugu, talde txikietan banatuta: eta B. Talde bakoitzak ipuin bat aztertuko du:
  1. Hontzarena
  2. Axelko eta Otsoko

Bideoa berriz (nahi beste aldiz) ikusiko dute ikasleek, oraingoan kontalariek darabiltzaten kontaketa-estrategiei erreparatuz. Kontalari bakoitzarekin taula bat bete dezakete, eta, hala, hirurak konparatzeko aukera izango dute:

 

Tonua

 

Erritmoa

 
Pertsonaien izaera

Ahotsa

 

Keinuak
 
Hizkuntza-baliabideak

Onomatopeiak

Esamoldeak

Formulak

Errepikapenak

Exajerazioa

 
Kontalariaren gorputz-adierazpena

Keinuak

Begiradak

Espazioaren erabilera

 

 

Nahi izanez gero, ipuinaren egitura eta edukia ere landu ditzakegu (ipuinak sortzeko baliagarria gerta dakieke):

 

Lekua eta denbora   
Pertsonaia(k)
 
Egitura

-Hasiera

-Gertaerak (arazoak, ekintzak, konponbideak...)

-Bukaera 
 
Denbora (orainaldia ala lehenaldia?)  
Ordena (kronologikoa ala saltoak denboran?)  
Narratzailea (1. pertsonan, 2. pertsonan ala 3. pertsonan? Orojakilea, protagonista ala lekukoa?)  

Ekintzen narrazioa, azalpenak, deskribapenak eta elkarrizketak identifikatu

 

 

Taldetxo bakoitzak ikaskideekin partekatuko du egindako lana, eta ateratako ondorioak azalduko dituzte, ahozko azalpenak emanez.

 

  • “Jolasten”. Kontaketa-laborategia jarriko dugu martxan. Kontalaritza-estrategiak lantzeko, esperimentu batzuk egingo ditugu: esaldi eta testu laburrekin jolastuko dugu, talde txikietan jarrita (2-3 lagun). Hona hemen jolas batzuk, aukeran:
    • Asmatutako hizkuntza: Momentuan asmatutako hizkuntza batean hitz egin, aurrez zer sentimendu transmititu nahi diren pentsatuta (haserrea, poza, lotsa, beldurra... bi aukeratu).
    • Tonua: “Goseak amorratzen nago” esaldia esan, ahotsa aldatuz: otsoa izanda, umea izanda, triste, pozik, gogaituta, haserre, misteriotsu… bururatzen zaizkien aukera guztiak erabilita, txandaka.
    • Pertsonaien izaera: Ahotsa eta keinuak. Aurkezpen txiki bat egin. Adib.: “Txanogorritxo naiz eta amonaren etxera noa”. Pertsonaiak aldatzen joan: gaiztoa, eroa, inuxentea, lotsatia, bihurria, lotia, erretxiña, alaia, tristea, kexatia…
    • Espazioa: “Ikusi, hor/han dago!” eta “Badator, badator…” esaldiak erabili. Egoera: iratxo bat, erraldoi bat, txori bat, mamu bat, erle bat… guregana gerturatzen ari da.
    • Inprobisazioa: Taldeko pertsona bakoitzak hitz bat (edo bi) esango du, eta hitzak paper batean idatziko dituzte. Guztien artean istorio txiki bat asmatuko dute, hitz horiek erabilita. Bat-batean egitekoa, istorioa idatzi gabe. Gero kideei kontatu.

Kontaketa-laborategiko jolasak grabatu egingo dituzte, gero bakoitzak bere burua ikusi eta baloratu ahal izateko.

 

  • “Bestearen azalean”. Ipuin-kontalari izateko unea iritsi da. Ikasle bakoitzak ipuin bat aukeratu eta kontatu egingo du. Horretarako, prestaketa-lanak binaka egingo dituzte: lehenengo ikaskide baten aurrean kontatuko dute ipuina, eta haren aholkuak eta laguntza jasota, gero ikaskide guztien aurrean.

Publikoaren aurrean zaude: zein da hartzailea? Ez da gauza bera 3 urteko umeei edo helduei kontatzea. Ikusi Doña Karmenen ipuina eta Yolanda Arrietaren Oinutsik jauregian.

Kontuan izan orain arte ikusitakoa (Nola kontatu ipuin bat? bideoa berriro ikus daiteke):

  • Gorputz-adierazpena: ahotsa bezain inportantea da, edo gehiago! Begiradak, keinuak, espazioaren erabilera, arnasa…
  • Tonua eta erritmoa: umorezkoa, tristea, misteriozkoa…
  • Erritmoa: bizia, motela, aldakorra, isiluneak…
  • Pertsonaien izaera: ahotsak, keinuak...
  • Hizkuntza-baliabideak: onomatopeiak, esamoldeak, erregistroak…

Ez duzu paperik behar: ez zara testuan oinarrituko. Istorioaren eskema ezagutzea da garrantzitsuena.

Zer ipuin aukeratu? Aukera bat Amelik eta Joxe Mari Karrerek kontatutako ipuinak berriz kontatzea da, baina nork bere erara eta nahi beste gauza aldatuta (egitura nagusia soilik mantenduta). Hau da, beste bertsio bat egitea.

Hona hemen ipuin gehiago, aukeran:

 

Peru eta Maria Jatorrizko bertsioa Ameliren bertsioa Karrereren bertsioa
Otsoa eta ilargia Jatorrizkoa Amelirena Karrererena
Kipuliotxu Jatorrizkoa Amelirena Karrererena
Astakumearen istorioa Jatorrizkoa Amelirena Karrererena
Katu beltzaren ipuina Jatorrizkoa Amelirena  
Sasi guztien gainetik Jatorrizkoa Amelirena  

 

Beste aukera bat: gustuko ipuin bat aukeratzea eta horixe kontatzea. Ez dauka ipuin tradizional bat izan beharrik ere. Oraingo istorio bat edo norberari gertatutako anekdota bat ere izan daiteke.

Ondo legoke kontaketak bideoz grabatzea, gero ikusi eta aztertu ahal izateko. Kontaketa egitean nola sentitu diren ere komentatu dezakete (zer zailtasun izan dituzten, disfrutatu duten ala ez...).

 

  • "Bestearen azalean”. Irakurketa ozena egingo dugu, bakarka. Ikasle bakoitzak ipuin bat aukeratuko du, eta ozenki irakurri.

Kasu honetan, ikasleak testua izango du aurrean, eta gorputz-adierazpenak ez du kontalaritzan bezainbesteko garrantzia izango. Erritmoa, tonua, isiluneak… horiek bai, kontuan izan beharko ditugu. Testuan bertan markatu daitezke isiluneak eta tonu-aldaketak. Testuari erreparatuko diogu.

Pako Eizagirreren azalpenak kontuan izan ditzakegu, aditua baita lan horretan (Aittu.eus webgunearen sortzailea da): Testua ezagutu eta barneratu (00:30-01:40). Eta baita Yolanda Arrietarenak ere: Irakurketa ozenerako jarraibideak (01:55-04:25).

Irakurgai guztiak ez dira egokiak ahoz kontatzeko. Testu batzuek askoz hobeto funtzionatzen dute paperean. Hona hemen irakurketa ozenerako aproposak izan daitezkeen liburu batzuk:

Kontu zaharrak, Joxe Arratibel (1995)

Begi-niniaren poemak, Juan Kruz Igerabide (1999)

Bidea, Pello Añorga (2015)

Krokodiloa ohe azpian, Mariasun Landa (2015)

Amona basoan galdu zenekoa, Arantxa Iturbe (2015)

Mr. Señora, Oier Guillan (2016)

Poza, Uxue Alberdi (2019)

Lo Potolo, Uxue Alberdi eta beste (2019)

 

Aukeratutako testua aztertu eta ikasle bakoitzak zer zati irakurriko duen erabakitakoan, tonoa eta erritmoa erabakiko dute, probak eginez: zer tonotan irakurri (umorezkoa, serioa, lasaia…), pertsonaien ahotsak nolakoak izango diren, non egin geldialdiak, zer hitz nabarmendu…

Testua barneratuta dutenean (markatu egin dezakete, nahi badute):

  • Ozenki irakurriko dute ikaskideen aurrean. Grabatu (audioa edo bideoa graba daiteke. Adibiderako, ikus: Txirri, Mirri eta Txiribiton oporretan).
  • Izan dituzten sentsazioen berri emango dute:

-Gustura sentitu zara? Eroso, deseroso? Urduri, lasai? Disfrutatzen, bukatzeko irrikitan? Beldurrik piztu al zaizu? (Gaizki egiteko beldurra, erridukulua egitekoa…)

  • Gustura geratu ez badira, hobeto prestatu, eta berriz irakurri eta graba dezakete (adibidez, bakarrik egonda).

Ondoren, hainbat lanketa egin daitezke. Bi aukera:

  1. Audio-ipuina egitea: edizio-programaren bat erabiliz ahotsari musika eta soinuak gehitzea.
  2. Bideo-ipuina egitea: edizio-programaren bat erabiliz ipuina bideo bihurtzea, marrazkiak/irudiak, soinuak eta musika ipinita. Adibiderako, ikus Aittu.eus webguneko ipuinak.

Emaitza ikaskideekin partekatu eta, nahi izanez gero, sare sozialen bidez ere bai.

 

 5. Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere: ikus-entzunezkoa, ipuin-kontaketa, audio-ipuina… eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea, ahozko jardunen bilakaera ikusteko. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea komeni da. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak).

 

Ebaluazio-irizpideak

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.


Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:

– Ea gai den zenbait erabilera-eremutako ahozko eta ikus-entzunezko testuak interpretatzeko eta balioesteko, eta ea landutako testuen funtzio soziala kontuan hartzen duen.

– Ea badakien ahozko aurkezpenak egiten eta ea gai den, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz, aldez aurretik prestatutako eskema bati jarraitzeko.

– Ea modu aktibo, erreflexibo eta pertinentean parte hartzen duen ikaskuntza helburu duten ahozko interakzioetan, eta horretan, ea gai den azalpenak eta argudioak modu pertinente eta egokian emateko.

– Ea gai den, aldez aurretik egindako plangintza bati jarraituz, hizkuntzarekin nahiz literaturarekin lotutako gaiei buruzko idatzizko testuak zorrotz, argi eta akatsik gabe ekoizteko (azalpenezko eta argudiozko testuak, batik bat).

– Ea, testuak interpretatzean eta sortzean (azalpenezko eta argudiozko testuak batik bat), gai den hizkuntzaren planoei buruzko ezaguerak modu erreflexiboan identifikatzeko eta erabiltzeko.

– Ea gai den landutako literatura-lan eta -pasarteetako edukiak interpretatzeko, eta horretan, ea erabiltzen dituen literatura-formei, -garaiei eta -egileei buruzko ezaguerak.

– Ea badakien hizkuntza-aniztasunaren berri, eta ea gai den errealitate hori kontzeptu sozio-linguistikoak erabiliz kritikoki interpretatzeko.

– Ea gai den, informazioa bilatzean, aukeratzean, komunikatzean eta zabaltzean, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu autonomo, eraginkor eta kritikoan erabiltzeko.

– Ea gai den hizkuntzak ikastean tartean diren ikaskuntza-prozesuez gogoeta egiteko, eta horretan, ea baduen konfiantzarik bere gaitasunetan.

Hontzaren ipuina

Patxike Ibabe (Aramaio, 1932): Gure amak kontetan uskun hori. Ba, hontza auela luma barik. Eta txorixek apur bat zertu ein zien, penaute azen. Esaten auen: “Ze in biher dou guk? Ze ingo dou guk txori honeatik? porke, klaro, guk lumak daukau eta horrek ez dauko bape”. Eta esan auien: “Bueno, ba, bakotxak emungo dutsau luma bat, hainbeste txori klase gaz”, eta bakotxak emun utsen lumaik polittena. Ta, bueno, emun dutsie ta jantzi da lumaz. Ba, horreik esan gure dau, ba, bastante zea, sinbologiko, ezta? Eta, bueno, aurkittu zan hain dotore, ba, ez utsien, ba…[…] ba, saludau o agur bat emun o esker on bat emun. Bueno, esan gure nauke [eskerrak emun, animalixek o bestela, geuk moduen, emun geike] eskerrak emun o alrebes, animalixek nahiko fiñek diez. Eta orduen esan auen: “Ba oin… Ez dusku guri begittu ta ezta eskerrik emun ta zea in ez, ba, orduen oin gabez urtengo dau, gabez”. [Hori izen zan zigorra?] Bai, bai, bai, zigorra izengo zan. Gabez. Bai.

Joxe Mari Karrere (Errenteria, 1963): Hontzaren ipuina edo zergatik hontzak gauez ibiltzen diren. Ba, hasiera-hasiera batean, animali guztiek eta txoriek eta denek hitz egiten zutenean, txori guztiek, ba, sekulako luma ederrak zittuzten, bat izan ezik: hontza. Eta gainontzeko txoriek ikusi zutenean hontza, gizajua, lumarik gabe –horrela, neguan hotz eta beroan kixkaltzen, noski, lumarik gabe– ba, erabaki zuten denen artean bakoitzaren luma bana emango ziotela hontzari, hontza jazteko. Eta, halaxe, lumarik ederrena oparitu zioten, bakoitzak zeukan lumarik ederrena, oparitu zioten hontzari ta hontza jantzi zen luma guztiekin, dotore-dotore. Inoiz ez zen ikusi halako txori eder eta koloretsua. Bainan badakizue nola diren gauzak! Hontza, horrela bere burua ikustean hain dotore eta hain koloretsu, harro-harro harropuztu zen eta hor zebilen alde batetik… arboletik arbolera ta, bere harrotasuna erakusten eta besteei esaten: “Begira zuek kolore bakarrekoak. Zu ta zu ta… Nik kriston kolore pila daukat. Ederra baino ederragoa naiz!”. Eta esaten zuten ere ortzadarra bere hegalaldiarekin agertzen zela. Bainan, noski, beste txoriek ikusi zutenean hori, ya pixkat hasarratu ziren. Esaten zuten: “Joe, begira hau! bakoitzak luma bana eman eta eskertu beharrean… ala! Harrotasunez, harroputz… harroputz beti gure aurrean eta…”. Orduan, txori guztiek batzar bat egin zuten eta erabaki zuten hontza bakarrik gauez ibiliko zela. Eta ordutikan horrela da: hontza bakarrik gauez ibiltzen da. Eta tarteka egiten du halako uluka bat, ulua, “uuu, uuu, uuu”, esateko “Hemen nago, hemen nago, hemen nago”, bestela inork ez baitu ikusten.

Amaia Elizagoien `Ameli´ (Baztan, 1994): Badakizue zein den basoko animalirik ederrenetakua? Hontza da. Eta azalduko dizuet zergatik. Ardiek solasten zuten garaietan, hitz egiten zuten garaietan, hontzek ez zuten lumarik. Eta, esaten dutenez, lotsatu xamar ibiltzen omen ziren basoan zehar, inork ez begiratzeko esperantzan. Baina egun batean enara ttiki bati-edo halako zeozer sortu omen zitzaion bihotzian eta beste txoriekin elkartu eta esan zien: “Ei, lagunak, ikusi nola dagon hontza, gaixua, beti lotsatuta, beti gordeka. Utziko al diogu bakoitzak luma bat? Bakarra. Eta, hala, lumatuko da gu bezala. Eta haietako bat, usoa uste dut zela, hain zegoen hunkituta esan zuela: “Bai, gainera ederrena emango diogu. Merezi du, sufritu duen gutiarekin!”. Eta, hala, banan-banan txori guztiak beregana joan eta lumarik pollitena eman omen zioten. Handik guttira hontza lumaz beteta omen zegoen eta hain eder ikusten zen egun osoa pasatzen omen zuela errekari begira, bere burua begira. Horrenbertze, ahaztu egin zuela nondik zetorren. Eta handik gutxira, lumak jaso eta handik gutxira, ez zuen basoko animali bakar bat ere agurtzen. Eta momentu hartan enarak berriz ere denak elkartu eta esan zien: “Ikusi al duzue nola dabilen gure hontza beti? Harrotuta!”, “Niri kontatuko didazu! Atzo kantuan entzun nuen erreka ondoan!”, “Ta zer kantatzen zuen?”, “Ba, hantxe nabaritu nuen eta halaxeko zerbait esaten omen zuen: Gora ta gora beti, ta gora beti ni, nere disgustu eta zoritxarrak fini. Gora ta gora beti, ta gora beti ni, nere disgustu eta zoritxarrak fini!”. “Hori abesten zuen? A, bai?”. Eta egun hartan baso guztia elkartu eta erabaki zuten handik aurrera hontza gauetan bakarrik aterako zela. Eta nik oraindik ez dut egunez hontzik ikusi.

Axelko eta Otsoko

Bixente Pagoaga (Arrasate, 1946): Axelkok euken, ba, afixan euken umiek. Ta Otsoko fan zan ta esan utsen, behetik esaten utsen: "Axelko, zenbat ume daukek?", eta "Bost". "Botaidek bat" ta "Eeez" ta "Botaidek bat, arbolia botako dustat bestela buztanakin", ta "Ezetz!". Eta bestiek buztanakin joten utsen arbolie tiki-taka, tiki-taka, joten utsen arbolie, ta bota utsen ume bat. Ta jan euen umioi. "Edarra jeuan ta botaidek beste bat", "Eez". Ta bueno, holan, banan-banan ume danak jan utsen. Ta gero, ba, Otsokuoi fan zan errekara, egarrixa euken, ta fan zan errekara ta eran euen ure. Bixen bittartien fan zan Axelko eta tripie ebai ta atara utsen umie tripa barrutik, kargau utsen harrixekin. Ta itzartu zanien Otsokuoi, ba, egarrixa eukela; ure eraten hasi ta itto zan errekan. Ta gero esaten zan: hori hola bazan, sartu zaille kalabazan, ta urten daixela Vittorixako plazan.

Joxe Mari Karrere (Errenteria, 1963): Ba omen zihoan behin Otsoko –ba, ez dakit, zelaitik, basotikan edo… menditik barrena– eta han ikusten du Axeriko arbol baten gaiñian bere kumeekin. Eta harrituta: “Hi, Axeriko, zer egiten duk hor, hor gaiñian igota, txori baten moduan?” eta “Hamentxe, badaezpada ere, nere haurrak zaintzen hi bezalako jendailangatik”, eta “Baa! Nik ez diat ezer egingo! Baiña, hara, goseak nauk eta botaidak hire haurretako bat” eta “ Ta, ta, ta, ta… Nola botako diat nere haurretako bat? Ez, ez, ez, ez.”, “Ba, botatzen ez badiak, ja-ta arbola bertan behera botako diat” eta “Ba, ba, bai zera!”. Eta hasten da otsua isatsakin danba! danba! arbolai jo ta jo. Eta, halako batian, axerikume bat taka! eroi eta otsoak jan. Eta “Botaidak beste bat!”, “Bai zera! Orain gutxiago zeuzkiat eta!”, “Botaidak beste bat!” eta “Ezetz eta ezetz”. Eta otsoa hasten da, Otsoko, panpa! panpa! panpa! arbolei eta beste kume bat eroi ta hua jan. Eta horrela, taka-taka, denak eroi eta kume guztiak jan zituen. Gero, egarriz edo, errekara hurbildu zen eta han hasten da edan ta edan ta edan ta edan, tripa ondo bete arte axerikumeekin eta urarekin. Eta hantxe, ba, siesta. Bazkalostean, siesta. Han gelditzen da lo. Orduan, Axeriko jeisten da arbolatik ikusten duenean bertan, labaiña hartu, tripak ireki eta bere kume guztiak atera zituen. Eta han zeuden harri batzukin otsoaren tripa bete berriro, hua josi eta alde egin. Otsoa esnatu zenean, egarriz, hasten da edaten errekan eta harrien pisuakin, kargakin, errekara eroi, ta!, eta hantxe itota geratu omen zen otsoa.

Amaia Elizagoien `Ameli´ (Baztan, 1994): Nafarroako Pirineoan duela urte kuadrilla bat otsoak bizi ziren eta otsoekin elkarbizitzan-edo txoriak eta beste hainbat animali egoten omen ziren. Otsoak fama ez du bapatean irabazi eta kontatzen dute bazegoela txori bat, ama izan berri zela, eta hantxe omen zegon zuhaitz baten gaiñean bere kabian, bere bost kumetxoekin, pozik. Eta halako batean: “Au-au-auuuuu” entzun zuen entzun. Eta bapatean nabaritu zuen bere zuhaitzaren azpian hantxe zegoela otsoa eta bazekien zertara zetorren. Baiña otsoari berdin zitzaion harek bazekien edo ez, eta zuzenean, beti bezala, berriz ere esan zion: “Txoritxo, txoritxo, ekarri kume ttiki hoietako bat. Ekarri zure txita hoietako bat, goxo-goxo jango dittut ta”. Eta txori amak penaz, haserrez, esan zion: “Ez, ez dizut emango. Nireak dira bostak eta ez dizkizut oparituko”. Eta momentu hartan otsoak bere buztana mugituz zuhaitza dantzan jarri omen zuen geroz eta azkarrago ta zas! Halako batean txori txiki bat erori eta “aam”, eraman egin zuen. Handik gutxira berriz. Etorri eta berdiña: “Emaidazu, emaidazu txori txiki hoietakoren bat, gustora jango dittut eta”, “Ezetz! Ez dizudala emango! Bat eraman duzu eta ez duzu gehiago eramango!”. Baiña txoriak ezin zuen otsoarekin eta banan bana denak eraman zizkion, bere kumetxo guztiak, denak. Erraten dutenez, denbora batez txoria ordu luzez egunez ez omen zen kabira bueltatu eta inguruan zituen lagunek halaxe abesten omen zioten:

Txori kantazale ederra nun ote haiz kantatzen? Txori kantazale ederra nun ote haiz kantatzen? Harrien negarra haizeak darama Zaraitzuko ibarretan barna. Harrien negarra haizeak darama Zaraitzuko ibarretan barna”.

Eta, hala, xoria hegaka, kantarik gabe, kanturik gabe, otsoarengana hurbildu omen zen. Hura etzanda zegoen erreka ondoan, lo goxoa egiten. Eta poliki-poliki bere pikoarekin zast! tripa zulatu, bere kuma guztiak atera eta denen laguntzaz harriak sartu eta josi omen zion tripa axkar-axkar. Eta hegalak zabaldu eta zerua berriz bere egin zuen momentuan, otsoa esnatu eta egarriz egarriz errekara joan eta –hain zen beti dena nahi zuen halakoa– edan eta edan eta edan eta edan eta… errekak eraman omen zuen otso hura eta, azkenean, ezer gabe gelditu omen zen.

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza