Prozesuak: nola egiten da?

Zerbait nola egin azaltzen duen testu-generoa da instrukzioa, aginduak edo argibideak erabilita. Elkarrizketatuta ditugun lekukoek askotan azaltzen dituzte gauzak egiteko prozesuak. Lau adibide esanguratsurekin osatu dugu bideoa.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Ahozko testu-generoak

4,50 puntu 5 izarreko maximotik
2 iritzi guztira

Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:

  • Gure arbasoen bizimodua ezagutzeko interesa
  • Bizikidetzarako jarrera
  • Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Azalpenak emateko interesa
  • Ahozko jarduna ezagutu, erabili eta balioesteko gogoa

 

Bideoa ikusi aurretik

1-Gaiaren aurkezpena egingo dugu. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu. 

-Zer dira ahozko testu-generoak? Zeintzuk dira?

Ahozko testu-generoak, Jean-Michel Adam-en arabera (1987): narrazioa, deskribapena, argudioa, azalpena eta instrukzioa. Denen ezaugarriak azalduko ditugu, eta arbelean jarri, ikasleen laguntzarekin. Bakoitzetik adibide bana jartzen saia gaitezke, guztion artean.

-Instrukzio testuek zein ezaugarri dituzte? Non aurki daitezke? Ahozkoak eta idatzizkoak (arauak, jarraibideak, errezetak…)?

 

2-Bost laguneko taldeetan jarrita, ikasle bakoitzak institututik herri/hiriko txokoren batera joateko zer egin behar den pentsatuko du. Ahoz azaltzeko moduan prestatuko du, eta argi duenean zein instrukzio eman behar dituen, taldekideei azalduko die bidea.  Gainerako taldekideek, adi jarraituko dituzte gidariaren esanak, eta nora eraman dituen asmatu beharko dute.

 

3- Bideoan ikusiko ditugunak ez dira leku batera iristeko jarraibideak. Beste prozesu batzuk deskribatzen dituzte. Gauzak egiteko prozesuak: nola egiten da?

-Zein testu-genero izango litzateke? Instrukzioa? Azalpena? Deskribapena?

-Adinekoak dira bideoan agertzen direnak. Zuen ustez, zer azalduko dute? Bota hipotesiak!

 

Bideoa ikusi bitartean

1-Bideoa osorik ikusiko dugu lehenengo.

2-Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez, “kontzejupe” (udaletxe azpia), “sutako hautsa” (egurra erre ondoren geratzen dena), “sardaia” (arropa zintzilikatzeko tokia), “pabak” (sareak zintzilikatzeko zutoinak), “mandoa” (behorra eta astoa elkartuta sortzen den animalia antzua).

3-Bideoa lau zatitan ikusiko dugu, prozesuka. Arretagunea:

Zein testu-genero agertzen dira?

Ahozko jardunean testu-generoak nahastu egiten dira. Zerbait azaltzen ari garenean, deskribapenak sartzen ditugu tartean, argudioak…

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztia barneratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

  1. Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu.

    -Bideoko azalpenak interesgarriak al dira? Zergatik?

    -Ulertzen al dira prozesuak? Ondo azalduta al daude? Nork azaltzen du ondoen?

    -Gorputz adierazpenak laguntzen al du? Zein keinu egiten dituzte?

    -Zein testu-genero identifikatu dituzue?

    -Zer dakigu egiten? Lehen zer egiten zuten etxeetan, orain egiten ez dena? Dena eginda erostea gustatzen zaigu? Badakizu zerbait egiteko jarraibideak ematen? Bota adibideak.

  3. Bideoko azalpenak sakonago aztertuko ditugu. Ikasleak talde txikietan jarriko dira (3-4 ikasle), eta talde bakoitzari zenbaki bat egokituko zaio, 1etik 4ra (eserita dauden hurrenkeran egin daiteke). Hala, talde bakoitzak egokitutako prozesua aztertuko du.
  1. Pilotak egiteko prozesua
  2. Lixiba egitea
  3. Sareak tindatzea
  4. Txokolatea egitea

Prozesuak idatzita eman (Ikus ‘Testua’ atala). Aztertzeko garaian, honako hauek izan ditzakegu kontuan:

Testu-generoak identifikatu (instrukzioa, deskribapena, azalpena, narrazioa eta argudioa)

 

 

 

 

Diskurtsoa egituratzeko erabiltzen diren antolatzaileak eta lokailuak identifikatu

 

 

 

 

Ahozko baliabideak identifikatu

 

 

 

 


Taldeka egindako lana ikasgelan partekatuko dugu. Hala, guztion artean osatuko dugu taula. Testu-generoak zehaztasunez bereiztea (ez da erraza gertatzen) baino garrantzitsuagoa izango da ahozko jardunaren ezaugarri orokorrez jabetzea: nola egituratzen den, naturaltasunez tartekatzen direla generoak, gorputz espresioak daukan garrantzia…

Talde bakoitzeko kideek egokitu zaien prozesua euren hitzekin azaltzeko ahozko testu bat prestatuko dute. Ordenagailu gelan ala gelan bertan egin daiteke. Taldekide batek ahoz kontatuko du esleitutako prozesua, baina euren hizkera erabilita.

 

4-Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Hiru adibide (ikasleek aukeratu dezakete, ordezko beste ekoizpenen proposatu, eta baita bat baino gehiago egin ere):

 

  •  “Zu zeu elkarrizketatzaile. Ikasleak kazetari bihurtuko dira, eta prozesuak bilduko dituzte herrian, gauzak egiteko moduak (ogia, adibidez, edo antzinako jolasen jolas-arauak). Bi-hiru ikasleko taldeetan, galderak aurrez gelan prestatuta (ogibidearen arabera izan daiteke: okina, zapataria…). Errezetak ere jaso ditzakete. Ikasleek beraiek erabaki dezatela.

Grabazioa bideoan egitea gomendatzen dugu (ikus Jarraibide orokorrak), gero ikasgelan ikusi ahal izateko, eta elkarrizketatuari argazkia ateratzea ere ondo legoke. Izan ere, ikasleek aurkezpen txiki bat prestatuko dute (elkarrizketatuaren biografia laburra, nondik ezagutzen duten, etab.), bideoa erakustearekin batera ikaskideei azalpenak emateko.

Jasotakoarekin, hainbat lanketa egin daitezke. Hona hemen aukera bat: grabazio guztietako pasarte onenekin ikus-entzunezkoa(k) prestatzea, irudiak eta musika jarrita, sare sozialen bidez ikastetxean zein herrian zabaltzeko (lan hau egiteko bideoak editatzeko programaren bat ezagutu behar dute eta ereduak eman beharko zaizkie).

  •  “Sormena lagun. Sukaldari bihurtuko gara, eta “telebista programa bat” egingo dugu. Ikasleak binaka jarriko dira (nahi duenak bakarrik ere egin dezake), errezeta bat azalduko dute, eta bideoan grabatuko dugu (ikaskideak publikoa izango dira). Horretarako, hainbat iturri erabil ditzakete: etxean galdetu, Interneten bilatu, sukaldaritza liburuak kontsultatu… Aurkezpena prestatuko dute. Gero ahoz azalduko dute, telebistarako bailitzan. Hori bai, sukalderik izango ez dugunez, antzeztu egingo dute (irudimena erabiliko dute: lapikoa, katiluak, platerak, jakiak… ikustezinak izango dira; onomatopeiak erabil ditzakegu soinuak egiteko: plo-plo, txof-txof, ttak-ttak…). Testu-generoak lasaitasunez nahastuko dituzte, naturaltasunaren mesedetan (posible da pasadizoren bat edo txisteren bat kontatzea, adibidez; azalpenak ematea, deskribatzea… Adibiderako, errezeta hau ikus daiteke, eta baita beste hau ere).

Errezeta guztiekin “telebista saioa” osatuko dugu. Errezeta bakoitzak bere bideoa izan dezake, edizio lan pixka bat eginda (bideoak editatzeko programaren bat ezagutu behar dute eta ereduak eman beharko zaizkie). Errezeta orijinalena zein den aukeratuko dute guztien artean.

  •  “Jolasten. Jolastu egingo dugu. Taldeka jarri (4-5 lagunekoak), eta talde bakoitzak jolas bat aukeratuko du (asmatua ere izan daiteke). Gela barruan egiteko moduko jolasak izango dira, mugimendu asko eskatzen ez dutenak (adibidez, karta joko bat). Jolasaren arauak zein diren erabakiko dute eta, jolastu aurretik, ikaskideei arauak azaldu beharko dizkiete: nola jolasten den (taldeko guztien artean egin dezakete, arauak edo pausoak txandaka azalduz). Ondoren, gehien gustatu zaien jolasa zein den erabaki (bozketa egin daiteke), eta jolastu egingo dute. Beste aukera bat: talde bakoitzak jolas bat egitea (beste talde batek proposatutakoa).

5- Ekoizpena partekatzea. Ekoizpena dena delakoa izanda ere, ikasleek beti ahozko aurkezpena/azalpena/kontaketa egitea proposatzen dugu, ahozkotasuna lantzeko (ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak aintzat hartuta), eta ahal dela bideokamerarekin grabatzea, ahozko jardunen bilakaera ikusteko.

 

Ebaluazio-irizpideak: 

Ikasleen autoebaluaketa. Ikasleek beraiek autoebaluaketa egiteko, egin ditzakegun galderak:

 

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

 

Ikaste prozesuari buruz

-Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

 

Bere komunikazio gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

 

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde dinamika ala arazoren bat izan duen.



Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio irizpideak:

-Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz.

- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.

- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak.

- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.

- Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean.

- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen.

- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen.

- Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia.

- Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak.

- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.

- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen

- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei.

- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.

- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.

- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.

- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.

- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.

- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.

- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.

- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.

- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…).

- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.

- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak.

- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa

duen.

Pilotak egiteko prozesua

Luxiano Juaristi (Azkoitia, 1932):  Gu mutil-koskorretan ibiltzen giñen sasoien, ba hamen fabrike bat bazan harixe ta eitten zittuenak eta, nik ez dakit, nolabait inguratzen genun hango hari-zaztarra edo zeoze, ta harekin geuk eitten giñuzen pelotak, ikisi giñuzen eitten, ta gero jostu ta… josi ta danak geuk eitten giñuzen. (Zuek?) Bai, ta kanika barruan ipini, pelotiai, hots hobia etara zeixen. Bazien, limonada esaten giñun guk, gaseosa, hamen fabrike txiki bat edo, tailler zea, txiki bat bazan, ta harek e honenbesteko botilla batzuk, txiki batzuek, betetzen zittun gaseosakin. Ta harek ematen zun, bere presixukin ixteko behetik gora, kanike bat barrun, ta harek ixten zun. Ta haixek nundik topauko ibiltzen giñen, puskatzen bazan botilla haura pelota eitteko harekin. Zeatik hots hobie eteratzen zun pelotik, paretan jotzen zunian ta; ta harekin.

Baiñe beste pelota profesionalana diferentie da. Haure da: ba lelengo, goma bat. Hori, ez dakit, estranjeritiken ekarriko zeben, pentsatzen det, hamen ez dakit, ez det uste… Latexa gerogo izen zan, baiñe horren aurretik beste goma bat… totxue bezela, holako pusketak etortzen zin, eta guraizekin ebaitzen zeben mehe-mehe, haure, pelota eitten zebenak, ta gero, mehe-mehe ebai, eta tira haixek juten zien zera itten, pelotia bezela biribilla eitten. Eta orduan, eitten zanian tamaiñe bat… ez dakit zenbat izengo zan, zenbat gramokue, zeatik zenbat eta haundixo haure ipintzen zan, pelota bizixao izeten da. Eta orduen tamaiñe bat, harekin hartzen zixoen, pelotie normala izeteko… Gero, lana bat ipintzen zixoen, flojuagua, haren geiñetik, eta gero beste lana bat ipintzen zixoen, ondiken tiesuo, fuertiagua geiñetiken, ba fuerte, haure lotzen zixoen. Eta gero narrue ipintzen zixoen geiñetik hari, narro bat... Esaten zeben zala ba… ahuntzena, ahuntzen narroa. Eta gero ahuntzen narro haure ebaitzen zeben "ocho" bezelako zea, dibujo batien. Berak plaka batzuk bazauzkeben, eta harekin ebaitzen zeben; bustitzen ipintzen zeben narru haura, hobeto tiretzeko, eta ordun josten zeben, handik etarata. Eta gero gelditzen zan oso tieso. Ta gero hamen pixkatien ibiltzen zien ba biguntzeko, fronto… kontzejupe hortan; oso ona zan, pelotie biguntzeko, harrixe aproposa zeguen, oso suabie eta ona, ta han izeten zan pelotak preparatzia, ba gero ibilli zeixeben profesionalak edo edo pelotarixek.

Lixiba egitea

Maritxu Rekondo (Urnieta, 1927): Lixiba izaten zan holako zea bat, burnizko… burniya o hojalata, o ez dakitt zer zan… ontzi bat, haundiya. Bi aldetan eskulekuk izaten zittun, gainera. Lixiba itten zan: jartzen zan han erropa sartzen zan, doblatu eta jarri, pillan-pillan-pillan jarri. Eta gero iten zan etxian sutako hautsa. Barreño batian, balde batian edo jarri, o eltze haundi batian o lo que sea, eta han egosi itten zan. Eta zeari, zapi hairi jartzen zitzaien gainian… nola esango nizuke nik? Zaku bat bezelakoa zan, arpilleria modukoa, baina oso itxiya izaten zan, espeziala. Hua jartzen zitzaion gainian. Eta harek izaten zittun bi txulo azpin, eta handikan bota ura, berua, eta behera ateratzen zan. Behian baldia jartzen zitzaion, eta hua betetzen zan. Eta handik atatzen zan erropa bat… kolore batekin! Eta usai batekin! Gero, jaboia ugaritzen hasi zanian, ahittu zan hua. Aklaratzen zan, uretan pasa, eta aklaratu eta txuri-txuri-txuriya ateatzen zan hua. (Eta lehortu ta?) Lehortu, sardaian jartzen zan. (Zer da sardaia?). Sardaia? Zuk ez dakizu. Jartzen dituzu hesola batzuk sartuta. Hortxe aurrian oiantxe ere bado, eta alanbre bat bezela jartzen zan… alanbria o zea, soka, jartzen zan eta han zabaltzen zan.

Sareak tindatzea

Joxe Sagarzazu (Pasaia, 1933): Eta sariak? Sariak zian kañamozkua eta algodoia. Ez zeon naylona eta plastikoa eta hoiek denak, ezta pentsa… ezta erotuta re. Ostiralian zan azkeneko arrantzako eguna. Orduan, larunbatian ya goizian goiz atera saria, zabaldu hemen Ondartxon, zabaldu pabetan, garbitu, arraia baldin bazuen garbitu, eta gero iten zan, behin lehortu ta gero, garbitu eta gero, tanatu. Tana. Zan tinta bezela. Usaia… ze koloria? Hau baino gorriyo! (Gorriya zan?) Gorriya ez, marroia edo, marroi antzeakua hola, illuna. Ta hua gero berriz utzi pixkat eskurritzen, eta gero zabaldu berriz lehortzeko. (Eta tanatu nun iten zan?) E, arkaitz… han Ondartxon zeon arkaitz zulo bat: arkaitzean zulua iña, ta arkaitzean bertan zulua iña, han bertan. Tana juten zan hara eta ura, ta sartu eta gero euki goien, tana berriz erortzeko, eta gero ya zabaldu pabetan, karruakin.

Txokolatea egitea

Joxe Mari Gorrotxategi (Tolosa, 1929): Bueno, ba txokolatea iteko aurreneko gauza behar zan, este… kakaoa tostatu. Tostatzen gendun labean, ea zea, paila batzutan labean, o bestela kobrezko ontzi batean edo bestela kafea tostatzen zan zea hoitan. Guk labian sartzen gendun eta han tostatzen gendun. Gero, makinatxo baten pasa, eskuz, buelta… zea, manibela batekin, eta txokolate… este, kakaoa zea, txikitu, osea hausi kakaoa, eta ordun gelditzen zan zea, kakao hori gelditzen zan azalakin eta kakaoa. Orduan, ganbelakin, ganbela eo beste makina bat bazun… haizeatzen zala, kakaoa eroritzen zanean, ta azala botatzen zun kanpora. Nola pixu gehiago zeukean kakauak, kakaoa eroitzen zan goitik behera, eta haizeak eiten zun kanpora bialdu este, azala, pixu gutxigo zeukelako. Eta orduan, hoi zeatzen zanean, ba zan makina bat, este, antzinekoa, garai batean zea, mandokin ibiltzen zana. Tolosan bazan zea, bat: mandoak alkilatzen zitun konfiteritza… elektrizidadeik ez zeon eta bueltaka ibiltzen zan ba astoa o mandoa, bueltan makinan, zea, makil batzukin bueltaka. Orduan, makina iten zan berotu, ta zeuzkean hiru edo lau rodillo, egurrezkoak, eta mahaia… esango nuke, makina horrek zeuken ba: bueltaka ibiltzen zala, kakaoa bota eta juten zan ba kanal batera, inguruan zeuken kanal batera, eta gero hori nahastu azukreari, eta gero berriz e makina hortan pasa, ta hoixe zan txokolatea. 

-Ahozko testu-generoak, Adam-en arabera (1987): narrazioa, deskribapena, argudioa, azalpena eta instrukzioa. Testu literarioa gehitzen diote sailkapen horri aditu batzuek (bertsoak, abestiak, poemak, antzezlanak...). Ikus lotura hau ere.

-Instrukzioa landuko dugu guk bideo honekin: gauzak egiteko jarraibideak. Hori bai, testu-generoak nahastu egiten dira: ez dugu bakar bat erabiltzen, normalean; ahozkotasunaren ezaugarri nagusietako bat horixe da.

-Testu-generoak lantzeko, beste bideo batzuk ere badauzkagu:

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza