Ipuinak eta txisteak

Adinekoek kontatutako lau ipuinekin eta bi txisterekin osatu dugu bideoa. Ahozko literatura eta testu-generoak lantzeko balioko digu.

Mailak: DBH

Proiektua: Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta literatura

Gaiak: Ipuinak

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

"Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan" proiekturako prestatutako bideoa, DBHrako, Euskara eta Literatura ikasgairako. 

Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:

-Garai bateko bizimodua ezagutzeko interesa

-Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea

-Fikziozko istorioak sortzeko eta kontatzeko irrika

-Ahozko jarduna ezagutu, erabili eta balioesteko gogoa

 

Bideoa ikusi aurretik

1-Gaiaren aurkezpena egingo dugu. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu. 

-Ezagutzen dituzuen ipuinak aipatu. Zer kontatzen dute? Mezurik badute? Zein ezaugarri dituzte?

Ipuina narrazio mota bat da, fikziozkoa. Ikus ahozko testu-generoak (Adams, 1987).

Ipuina edo istorio laburra: irudimenak sortutako kontakizuna, bereziki alegiazkoa, denbora tarte batean eta toki batean pertsonaia bati/batzuei gertatutako ekintzak kontatzen dituena.

Burura etorritako txisteak kontatuko dituzte ikasleek.

-Euskarazko txiste asko al dakizkizue?

-Zein ezaugarri dituzte txisteek?

Txistea: barre eginaraztea helburu duen esaera edo istorio laburra; normalean asmatua izaten da, baina benetan gertatutakoa ere izan daiteke.

 

Bideoa ikusi bitartean

1-Aurre-ezagutzak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2-Ikasleen arreta erakarri duten pasarteak gogoan hartu.

3-Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez, “mandoa” (behorra eta astoa elkartuta jaiotzen den animalia antzua), “otzarapeian” (saskipean, saskiaren azpikaldean), “aldatza” (aldapa), “ariñeketia” (korrika saioa), “afixa” (habia), “itzartu” (esnatu), “pekotza” (behi gorotza, behi kaka), “txarroa” (pitxerra)…

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari etekin guztia ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

1-Ulermena ziurtatu. Zalantzak argitu.

2-Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu.

-Gustatu al zaizkizue bideoko ipuinak eta txisteak?

-Ondo kontatuta al daude? Zergatik?

-Zein hizkera darabilte?

-Gorputz espresioa, ahots aldaketak, keinuak... nabarmentzeko modukorik al ikusi duzue?

-Ipuin kontalariek berdin kontatzen al dituzte ipuinak? Aurrez prestatutakoak al dira ala bat-batekoak? Zertan igartzen da hori?

-Zein da egoera komunikatiboa? Zein da hartzailea? Zein testuingurua? Berdin kontatuko al lukete aurrean ume bat balute?

 

3-Ipuinak sakonago aztertuko ditugu. Ikasleak binaka jarriko dira, eta bikote bakoitzari zenbaki bat egokituko zaio, 1etik 4ra (eserita dauden hurrenkeran egin daiteke). Hala, bikote bakoitzak egokitutako ipuina aztertuko du.

  1. Kalabaza eta mandoa
  2. Axelko eta Otsoko
  3. Kipuliotxu
  4. Peru eta Maria

Ipuinak idatzita eman (Ikus ‘Testua’ atala). Aztertzeko garaian, honako hauek izan ditzakegu kontuan:

Kontatzen dutena:

Lekua eta denbora

 

 

Arazoak, ekintzak eta konponbideak

 

 

Pertsonaia(k)

 

 

 

Kontatzeko modua:

Egitura (hasiera-gertaera(k)-bukaera?)

 

 

Denbora (orainaldia ala lehenaldia? Ordena: kronologikoa ala saltoak denboran?)

 

 

Narratzailea (1. pertsonan ala 3. pertsonan? Orojakilea, protagonista ala lekukoa?)

 

 

Entzulearen arreta erakartzeko formulak identifikatu (onomatopeiak, errepikapena, exajerazioa, esamolde indartsuak…)

 

 

 

Ekintzen narrazioa, azalpenak, deskribapenak eta elkarrizketak identifikatu

 

 

 

Diskurtsoa egituratzeko baliabideak: erabiltzen diren formulak identifikatu, atal bakoitzean (esaerak eta lokailuak)

 

 

 

Ahozko baliabideak identifikatu (bideoa berriz ikusita): aurpegia, gorputz mugimenduak eta keinuak, ahotsaren erritmo eta tonu aldaketak…

 

 

 

 


Bikoteka egindako lana ikasgelan partekatuko dugu. Aukera bat: ezaugarriak arbelean idaztea.

 

3-Orain txisteei erreparatuko diegu. Lehenengo, bideoko bi txisteei buruzko iritzia eskatuko diegu.

-Badute graziarik?

-Ondo kontatuta al daude?

Ikasleek bururatzen zaizkien txisteak kontatuko dituzte (guztira bospasei), eta zein ezaugarri dituzten aztertuko dugu.

-Kontatutako txisteek ba al dute antzekotasunik? Zein ezaugarri dituzte (luzera, egitura; errepikapena, tonua, exajerazioa, erritmoa…)?

Txisteak kontatzeko gida baliagarria gerta dakiguke (lehen lau orriak bereziki).

 

4-Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Bost adibide (ikasleek aukeratu dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere):

 

  •  “Zu zeu elkarrizketatzaile. Ikasleak kazetari edo ondare biltzaile bihurtuko dira, eta ipuinak eta txisteak bilduko dituzte herrian. Bi-hiru ikasleko taldeetan, galderak aurrez gelan prestatuta. Elkarrizketa bideoan egitea gomendatzen dugu (ikus Jarraibide orokorrak), gero ikasgelan ikusi ahal izateko, eta elkarrizketatuari argazkia ateratzea ere komeni da. Ikasleek aurkezpen txiki bat prestatuko dute (elkarrizketatuaren biografia laburra, adibidez; nondik ezagutzen duten, etab.), bideoa erakustearekin batera ikaskideei azalpenak emateko. Bilketa lana beraien kabuz egingo dute, eskola orduetatik kanpo; lanketa, berriz, ikastetxean. Jasotakoarekin, hainbat lanketa egin daitezke ondoren ere. Hona hemen hiru aukera: 1. Grabazio guztietako pasarte onenekin ikus-entzunezkoa(k) prestatzea, sare sozialen bidez ikastetxean zein herrian zabaltzeko (lan hau egiteko bideoak editatzeko programaren bat ezagutu behar dute eta ereduak eman beharko zaizkie). Adibidez, txiste bilduma eta ipuin bilduma. 2. Bildutako ipuinak idatziz jarri, eta ondoren ikasleak narratzaile gisa jardutea, irratsaio bat sortuz. Sustatuko duguna: herriko hizkera erabiltzea, naturaltasunez eta adierazkortasunez. Adibide gisa, ikus Leitzako irratsaio hau. 3. Ikasleak beste gela batera joan daitezke herrian jasotako ipuinak kontatzera (horretarako, lehenengo ipuinak ondo prestatu –moldatu, kontaera hobetu…- eta gelakideen aurrean egingo dute).
  • Sormena lagun”. Bideoipuinak sortuko ditugu bideoko ipuinekin. Ipuina gure erara kontatuta eta hainbat ahotsekin grabatuko dugu, eta gertaerekin bat datozen marrazkiak egingo ditugu, ipuina janzteko. Bideoipuin adibideak: Kokoriko txitatxoa, Juan eta otsoa eta Ausarten kluba. 4-5 pertsonako taldetan egingo dituzte bideoipuinak, talde bakoitzak berea. Bideoko lau ipuinez gainera, beste hauek ere erabil daitezke (eta baita beste batzuk ere; ahozko euskal tradiziokoak, ahal dela): Katu beltzaren ipuina, Hontzaren ipuina eta Fernando amezketarra. Herri hizkera mantendu egingo dute; hori bai, herriko hizkerara egokitu daiteke ipuina. Pausoak:

1-Ipuina moldatzea eta hobetzea. Jasotakoak bat-batekoak dira, inprobisatuak. Hobeto ere konta daitezke, prestatuta (hasierako eta bukaerako formulak, gorputz espresioa, elkarrizketak…).

2-Ipuina grabatzea, audioan. Ikasle bakoitzak ahots bat egin dezake (narratzailea eta pertsonaiak).

3-Ipuina ilustratzea. Marrazkiak egingo dituzte, ipuineko atal bakoitzerako egokiak izan daitezkeenak.

4-Bideoa prestatzea, marrazkiekin eta ahotsarekin. Posible da musika eta efektuak sartzea ere (bideo ediziorako, oinarrizko programaren bat erabiltzen erakutsi eta ereduak eman).

5-Bideoak ikasgelan aurkeztuko dituzte, ikaskideei erakusteko. Lanaren prozesua ere azalduko dute (nola egin duten, zein zailtasun izan dituzten, esperientzia nolakoa izan den).

  • Jolasten”. Bakoitzak hitz bat esan, eta guztien artean istorio bat osatuko dute. Taldeka egin daiteke, edo gelakide guztiek batera. Lehenengo hitz batekin egin daiteke, gero bi hitzekin (bakoitzak bi hitz esatea) eta azkenik hiru hitzekin (bakoitzak hiru hitz segidan). Berdin du istorioak zentzurik ez badu. Beroketa ariketa moduan erabil daiteke, ipuinak asmatzen hasi aurretik (ikus hurrengo proposamena). Irudimena martxan jartzeko balioko du.
  • Bestearen azalean. Ipuin kontalari bihurtuko gara. Ikasleek taldeka jarri (talde txikiak baldin badira hobe; idazkaria eta bozeramailea izendatu) eta haurrendako ipuin bat asmatuko dute, ipuinak sortzeko eta kontatzeko baliabideak kontuan izanda. Ipuina prest dutenean, kontatu egingo dute. Pausoak:

    1-Ipuina asmatu. Horretarako, aurrez aztertutako ipuinen ezaugarriak izango dituzte kontuan, eta egitura klasikoa erabil dezakete:

    -Hasiera: Aurkezpena. Pertsonaiak eta kontatuko duguna kokatu (denbora eta lekua, pertsonaiekin lotutako azalpenak eta deskribapenak…).

    -Korapiloa: Gertaerak, ekintzak, arazoak... Bata bestearen atzetik gertatzen diren gorabeherak (batak bestea dakar).

    -Bukaera: Arazoa konpontzen da, bidearen/abenturaren amaiera iristen da… Bukaerak harridura sortzen baldin badu, askoz hobe.

    Guztien artean pentsatu, eta idazkariak apunteak hartuko ditu. Zirriborroari oniritzia emandakoan, narrazio literarioagoa egingo dute (hasierako formulak, elkarrizketak, deskribapenak…). Taldeko bozeramaileak ipuina ikaskideen aurrean irakurriko du, eta zer hobetu/aldatu daitekeen identifikatuko dute guztien artean, irakaslearen laguntzarekin.

    2-Ipuina kontatzeko prestatu. Taldeek entseguak egingo dituzte. Rolak bana ditzakete: batek narratzailearena egin eta besteak pertsonaien ahotsak, adibidez. Keinuak, tonua, erritmoa… dena zainduko dute. Ipuin kontalaritzaren teknikak ezagutu beharko ditugu. Horretarako, ipuin kontarien bideo batzuk ere ikusi eta komenta ditzakegu (ikus “Testuingurua” atalekoak). Hauek ere baliagarriak gerta daitezke: Ipuinak kontatzeko gida, Kike Amonarrizek Koldo Amestoyri egindako elkarrizketa eta ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak.

    3-Ipuina kontatu. Lehenengo gela girotuko dugu: argi gehienak itzali, kandelaren bat jar daiteke, ikasleak (entzuleak) lurrean eseri… Talde bakoitzak erabakiko du ipuina nola kontatu nahi duen: zutik, aulkietan eserita, antzerkia eginez…

    Ipuinak bideoz graba daitezke, eta ondoren ahozko jarduna aztertzeko erabili ikasleekin (beraiek erabaki dezakete jendaurreko jardun hortan zertan asmatu duten, zer hobetu dezaketen…). Ondo egindakoak nabarmentzea komeni da betiere.

    Ondoren ere hainbat lanketa egin daitezke. Hona hemen bi proposamen:

    • Ipuinak bideoz grabatu, eta ikus-entzunezko txiki bat prestatzea (irudiak, musika… ere erabil ditzateke), sare sozialen bidez zabaltzeko (bideoak editatzeko programaren bat ezagutu behar dute eta ereduak eman beharko zaizkie).
    • Beste gela batzuetara joan ipuinak kontatzera (LHra, adibidez). Ipuin kontaketa saioa antolatzea, alegia.
  •  “Sormena lagun. Txiste maratoia. Binaka edo hirunaka jarrita (eserita dauen hurrenkeran, adibidez), ikasleek 15 minutu izango dituzte txisteak pentsatzeko eta nola kontatu entsegatzeko. Ahoz kontatuko dituzte txisteak, banan-banan. Ikasle bakoitzak bana. Giro informala sortzeko, lurrean eserita eta biribilean egin daiteke kontaketa. Ondo legoke bideoz grabatzea (aurre-testu bezala balioko luke). Txiste lehiaketa moduan plantea daiteke. Besteen txisteak entzun ahala, gehien gustatu zaizkienak apuntatuko dituzte (adibidez bi). Bukaeran, txiste onenak aukeratuko dituzte guztien artean (bozka gehien jaso dituztenak). Hausnarketa hau ere egin daiteke emaitzen inguruan:

-Txistea bera da ona? Beste guztiak baino askoz hobea? Kontatzeko moduak (keinuek, tonuak, jarrerak…) zein neurritan eragiten du arrakastan?

-Txiste txar bat graziarekin kontatzea posible al da?


5- Ekoizpena partekatzea. Ekoizpena dena delakoa izanda ere, ikasleek beti ahozko aurkezpena/azalpena/kontaketa egitea proposatzen dugu, ahozkotasuna lantzeko, eta ahal dela bideokamerarekin grabatzea (ahozko jardunen bilakaera ikusi eta aztertu ahal izateko).

 

Ebaluazio-irizpideak: 

Ikasleen autoebaluaketa. Ikasleek beraiek autoebaluaketa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste prozesuari buruz

-Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde dinamika ala arazoren bat izan duen.

Irakasleak aintzat har ditzakeen ebaluazio irizpideak:

-Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak

- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin

- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak

- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean

- Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean

- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen

- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen

- Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia

- Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak

- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen

- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen

- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei

- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean

- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen

- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan

- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen

- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen

- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan

- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan

- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen

- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (galdera erretorikoak, adibideak ematea…)

- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena

- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak

- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen

Kalabaza eta mandoa

Patxi Goikolea (Arrasate, 1933): Bai, ipuinek gogoratu, ba baten bat igual gogoratuko naz ni… Ba… Esaten oskuen bat… adibidez. Bat kontetarren, e. Juaten da gizon bat ferixara, hamen Arrasatera -Arrasaten ferixia eitten zan ostiraletan ta-. Juaten da gizon bat, eta han egozan kalabaza haundi batzuk, egozan ferixan. Batek saltzen euken. Ta basarrittar bat, han mendixen bizi zana, esate dotse: "Hi, horrek zer dittuk bada?". "Horreik? Joe, horreik manduen arrautzak dittuk, moteil! Hik ez dakik, ala?". "Manduen arrautzak?", eta: "Bai, bai, bai, manduen arrautzak". Ta: "Bueno, ta horrek ze?". "Hortik mandokumiek urteten jok". "Zela urtengo jok, ba, mandokumiek?", "Baietz, ba! Ein eik probia! Ta total, bost duro besterik ez xok balixo". Orduen bost duro diru asko ei zan. "Bueno ba", erosten dau. "Hik hartu eta ipini otzarapeian eta hamendik hamabost egunera seguru mandokumiek urtengo dostana, ya ez daukek (arazorik, kezkatu beharrik)". “Bueno”. Hartzen dau besapeien zeroi, kalabazioi, ta badoia etxerutza. Ta etxera juatekuan, baserrixan, izugarrizko aldatza ei eukan, ta eurixe eindda ta laban samar. Ta badoia aldatzian… bastante gora doiela, laban eitten dau gizonorrek, urteten dotso kalabaziorrek besa azpittik ta aiba!, han doie: tantan-tantan goittik behera, tan-taun-taun... plousta! sasira. Sasixen, erbixe lo. Urteten dau erbixorrek, bere belarrixok tente dittula, hango ariñeketie! Ta: "Eneee! Akabo nire mandokumie!”. “Putx! Putx! Putx!", esaten otsen, baiña mandokumiek ihes in otsan. Holako, holako kontuak eta hola.

Axelko eta Otsoko

Bixente Pagoaga (Arrasate, 1946): Umiai asko kontetan jakon Axelkona eta Otsokona. Ba Axelkok euken ba, afixan euken umiek. Ta Otsoko fan zan, ta esan otsen, behetik esaten eutsen: "Axelko, zenbat ume daukek?", eta: "Bost". "Botaidek bat", ta: "Eeez". Ta: "Botaidek bat, arbolia botako dostat bestela buztenakin", ta: "Ezetz!". Eta bestiek buztanakin joten otsen arbolie, tiki-taka tiki-taka joten otsen arboliei, ta bota eutsen ume bat. Ta jan euen umioi. "Edarra jeuan, ta botaidek beste bat". "Eez". Ta bueno, holan, banan-banan, ume danak jan eutsen. Ta gero ba Otsokuoi fan zan errekara, egarrixa euken, ta fan zan errekara, ta eran euen ure. Bixen bittartien fan zan Axelko, eta tripie ebai, ta atara otsen umiek tripa barrutik, kargau otsen harrixekin, ta itzartu zanien Otsokuoi, ba egarrixa eukela; ure eraten hasi, ta itto zan errekan. Ta gero esaten zan: hori hola bazan, sartu zaille kalabazan, ta urten daixela Vittorixako plazan. Horreik izeten zien ipuiñek. Holako ipuiñek egoten zien.

Kipuliotxu

Mila Ibaibarriaga (Amorebieta-Etxano, 1930): Ta Kipuliotxuk e… amak bialdu aben (behixek zaintzen) behixek zaintzen. Amak esan otsen behixak zaindduko dabezan, eta “baaaaai”, esan otsen, eta juen zan behixek zaintzen. Eta behixek zaintzen dauela, bedar haundixe egon zan, behixek jateko, eta Kipuliotxu zan txiki-txikixe, eta jausi zan bedar artien, eta behiek jan aben. Jan aben, eta kitto! Eta gero, ama etorri jakon behixek etxera eruteko, Kipuliotxuri bille. Ta ez aben topetan Kipuliotxurik. Ta: “Kipuliotxu, nun zauz?”. Ta ixilik, ez otsen erantzuten, ta: “Nun zauz Kipuliotxu? Esan ba!” ta: “Hamen nau, ama, behixen barruen!”. (Behixen tripan). “Behixen tripan!”. Ta: “Behixen tripan zauzela?”. “Bai”. Eta: “Oin zelan urtengo dozu ba?”. “Zelan urtengo dot pa?”. Ta: “Ba itxain”, amak esan otsela. “Hurrengo kaka itten dabenien behixek, hantxe!”. (Pekotza itten dabenien…) Pekotza itten dabenien hantxe, pekotzian urten zan tza! Urten ei zan ta lohi-lohi-lohi. Ta amak eroan errekara. (Garbitzen) Errekan ipini han amak, korrientien ondo garbitzeko, hartu ta korrientiek erun. (Urak eruen). Urek eruen Kipuliotxu, korrientiak. Baia han beheratxua egon zan potzu bat. Hantxe, potzuan, geldittu zan Kipuliotxu. Eta gero, igo… urten aben handik […]. Urten aben, eta jun xakon atzera be amaana. Jo utsen atia amari te, esan otsen ze... Tun-tun, jo aben, eta: “Nor da?”, amak, eta: “Kipuliotxu”. “Kipuliotxu zariela? Nik ittotekotzat…” (Urak eruan zaittu te). “Urak eruan dotsula ta ittote zauzelakuen” ta: “Ba ez, ama. Urten ein dot, hemen nau te! Hamen nau te”. “Ba sartu zaittez, ume, barrure. Bixon artien oin apalduku eta gero ohera jungo gara”. Ta akabo. Beittu ze ederto!

Peru eta Mariaren ipuina

Jesus Altuna (Berastegi, 1932): Peru eta Maria bizi zien basarri baten. [Josetzunaian], bertako basarri baten bizi zien. Eta larunbat baten, larunbatetan izaten zen ferie zean, Zerkausien, Tolosan, ta joaten zien ba… emakumek joaten zien ba zeak saltzera, bere… bueno, baratzeko barazkik eta saltzea. Eta Mariak, ya ume bat zuten, jaioberrie, eta esan zion Peruri: “Zoaz, zea, Tolosa periara, eta ekarri behar dezu handik… e, txerri bat: txerrikume bat ekarri; haziko deu, eta gero ba hola hilko deu ta datorren negurako izango deu, izango ditteu odolkik eta abar”. Ta hola joan zan zea, Peru, eta erosi zon txerrie, eta ostiko bat jota bialdu zun etxealdera, ta bera etorri zan… zea, baxoerdi bat hartzera joan zan, hango taberna batera, eta etorri zan Berastegira. “Ta txerrie?”, zea, Mariak eta: “Ez al da etorri?”. “Baina nola etorri?”. “Nik bialdu det Tolosatik!”. “Baina Tolosatik nola etorriko zaizu ba txerrie? Ee uste dezu, etxe atarin zaudela edo ze? Hola, ostikoa jo, eta txerrie etorriko dala Tolosatik honea?”. “A, ba ba… nik hala pentsatzen nun…”. Ta bueno. “Lotu in behar zendun. Lotu, ondo, lepotik eta zuk ekarri txerrie”. “Bueno, bueno, ba beste baten ingo deu lana hobeto”.

Hurrungo larunbaten esan emen zion: “Bueno, ekarri behar dezu txarro haundi bat, ekarri behar dezu”. Bueno, ba Peru hoi joan emen zan zea, Tolosa, eta txarroari lotu zion soka, eta kinkili-kankala, kinkili-kankala, etorri zan bide guztin txarroa atzen zula, ta klaro, hartara alleatu zitzaion kertena bakarrik. Eta ordun Mariak: “Baino baino Peru, ze in dezu, ordea, oain?”. “Lotu, lotu… lotzeko esan ziazun” ta: “Nik lotzeko, txerrie bai lotzeko, baino txarroa burun gainen ekarri behar zendun! Buru gainen! Nola ekarriko dezu ba arrastaka txarroa!”.

Hirugarren larunbatan, bialdu zun… manteka edo halako zerbaitten bille. Egundaiñoko beroa iten emen zun. Eta harrek burun gaiñen jarri zun zea, manteka hori, ta etorri zan Berastegira dena izardittan, bero handikin, urtu in zitzaiolako. Eta berriz Mariak: “Joe, ez zaittut gehiago bialduko, ez dezu gauz zuzenik itten eta. Hori ekarri behar zendun ba putzu txulotan sartuz-sartuz, preskatuz, hori urtu iten dalako. Putzu zulotan sartuz-sartuz ekarri behar zendun. Beira, hor badaude nahiko ur, Karrosi alden eta”.

Eta hurrungo larunbaten: “Gaur ni joango naiz”, esan zion Mariak. Ta: “Ez, ez, azkenekoa, utziazu nei joaten, azkenekoa”. “Ez dezu gauza onik ingo ta”. “Bai, bai, oaingo hontan ondo, ondo ekarriko dittut gauzek”. Hala esan zion. “Bueno, ekartzazu ba zakuto bat gatz”. Ta bestek putzu-zulotan sartuz-sartuz ekarri zun gatza eta klaro, zakukin bakarrik, gatzaik gabe.

Parisko umearen txistea

Migel Urdainpilleta (Hernani, 1935):  Ordun, ba al genekiun ba guk? Umiak Paristik ekartzen zuela esan esaten ziguten. Ta gu puf… gu hala gelditzen giñan. Ta leheno re bi lagun emen zian. Bi neska koskor, lagunak, ta bat emen zan dirua zun familikua eta bestia pobria. Ta haserretu in emen zian. Haserretu, ta: dirua zunak neska txikiya ekarri emen zuen, ahizpa. Ta esan emen ziyon bestiai: “Aizan, pena al den guk ume ttikiya Paristik ekarriya?”. “Zuek bai, dirua dezuelako, nere amak etxen itten dizkin”. jajaja

Familia ugaria

Joanatxo Olinaga (Urnieta, 1931): Eliz atarin, apaiza barrenen emen zeon, ta eliza atarin sekulako mutil koskor pila emen zebilen jostatzen, eta atera emen da apaiza ta esan dio: “Oi, zer deu txikito, lagunakin ta jostatzen, e?”. Ta: “E, lagunak ez. Anaiak dira”. “Anaiak denak?”. Eta: “Bai, eta han ikusten al dezu beste pilla bat, beste mordoska bat?”. “Baai”. “Haik e denak nere anaiak dia”. “Jeesus, egon hai ixilik, motel. Zuen ama zerun egongo dok ordun”. “Zerun? Bai, armaiyuan sartuta dakau, aittak ez harrapatzeatik eta!”. Jajaja.

-Ahozko testu-generoak, Adams-en arabera (1987): narrazioa, deskribapena, argudioa, azalpena eta instrukzioa. Testu literarioa gehitzen diote sailkapen horri aditu batzuek (bertsoak, abestiak, poemak, antzezlanak...).

-Narrazioak benetakoak edo fikziozkoak izan daitezke. Muga beti ez da argi egoten, benetan gertatutakoak ipuin ere bihurtzen direlako batzuetan (Fernando amezketarraren pasadizoak dira horren lekuko; errealitatea eta fikzioa nahastu egiten dira sarritan). Fikziozko narrazioak landuko ditugu guk bideo honetan, ipuinak eta txisteak hain zuzen ere.

- Ipuina edo istorio laburra: irudimenak sortutako kontakizuna, bereziki alegiazkoa, denbora tarte batean eta toki batean pertsonaia bati/batzuei gertatutako ekintzak kontatzen dituena.

-Txistea: barre eginaraztea helburu duen esaera edo istorio laburra; normalean asmatua izaten da, baina benetan gertatutakoa ere izan daiteke. Hitz-joko edo ateraldi barregarriei ere “txiste” deitzen zaie batzuetan, eta “txantxa” hitzaren sinonimo gisa ere erabil daiteke: “Hori zer da, txiste bat?”.

- Narrazioa lantzeko beste bideo hau ere badaukagu, proposamenekin:

-Beste testu-genero batzuk lantzeko ere baditugu bideoak eta proposamenak:

-Adinekoei jasotako beste ipuin batzuk:

-Hona hemen ipuin kontalari batzuen bideoak:

-Webgune honetan 100 ipuin entzun daitezke, bideoan jasota, bost ipuin kontalarirenak.

-Pako Eizagirreren webgunean hainbat bideo-ipuin daude (euskara batuan, gehienak bere ahotsarekin).

Utzi zure ekarpena