Hainbat pasadizo

Adinekoek kontatutako sei pasadizorekin osatu dugu bideoa, istorio edo anekdota adierazkor bezain politekin. Ahozko testu-generoak lantzeko balioko digu: errelatoa, hain zuzen ere.

Mailak: DBH

Proiektua: Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta literatura

Gaiak: Testu-generoak

5 puntu 5 izarreko maximotik
Iritzi 1 guztira

"Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan" proiekturako prestatutako bideoa, DBHrako, Euskara eta Literatura ikasgairako. 

Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:

-Gure arbasoen bizimodua ezagutzeko interesa

-Bizikidetzarako jarrera

-Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea

-Beraien bizipenak kontatzeko interesa

-Ahozko jarduna ezagutu, erabili eta balioesteko gogoa

 

Bideoa ikusi aurretik

1-Gaiaren aurkezpena egingo dugu. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu. 

-Zer dira ahozko testu-generoak? Zeintzuk dira?

Ahozko testu-generoak, Adams-en arabera (1987): narrazioa, deskribapena, argudioa, azalpena eta instrukzioa.

-Zer da narrazioa edo kontaketa? Zein narrazio mota daude?

Narrazioa: denbora tarte batean eta toki batean gertatzen diren ekintzen kontaketa. Narrazioak bi eratakoak izan daitezke: benetan gertatuak eta fikziozkoak. Benetan gertatuak direnean, pasadizoak edo anekdotak dira.

 

2- Lau laguneko taldeetan jarrita, ikasleek 15 minutu izango dituzte anekdota labur bat pentsatzeko. Ondoren, ahoz kontatuko dituzte anekdotak (talde bakoitzetik batek). Ondo legoke bideoz grabatzea (aurre-testu bezala balioko luke). Guztion artean komentatuko ditugu:

-Kontatutako anekdotek ba al dute antzekotasunik? Zein? (egitura, denbora, kontatzeko modua, narratzailea, hizkera…)

 

Bideoa ikusi bitartean

1-Aurre-ezagutzak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2-Deigarri egiten zaizkien pasarteak gogoan hartu.

3-Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez, “izkiñosua” (txori mota bat), “abanta eman” (abiadan joan), “kanabel” (kainabera).

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari zuku guztia ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

1-Ulermena ziurtatu. Zalantzak argitu.

2-Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu.

-Pasadizoak interesgarriak al dira? Zergatik?

-Ondo kontatuta al daude?

-Ipuinekin nahastu daitezke? Antzekotasunik badute?

-Zein da egoera komunikatiboa? Zein da hartzailea? Zein testuingurua?

-Aurrez prestatutakoak al dira ala bat-batekoak?

 

3-Kontaketak sakonago aztertuko ditugu. Ikasleak binaka jarriko dira, eta bikote bakoitzari zenbaki bat egokituko zaio, 1etik 4ra (eserita dauden hurrenkeran egin daiteke). Hala, bikote bakoitzak egokitutako kontaketa(k) aztertuko d(it)u.

1.   Zikoinaren bisita eta Etxean hazitako belea
2.   Zozketa batean, arkumea tokatu
3.   Arrain gorriak
4.   Arrantzarako deia eta Demetrio eta bizargina

 

Pasadizoak idatzita eman (Ikus ‘Testua’ atala). Aztertzeko garaian, honako hauek izan ditzakegu kontuan:

Kontatzen dutena:

Lekua eta denbora

 

 

Gertaerak edo ekintzak

 

 

Pertsonaia(k)

 

 

 

Kontatzeko modua:

Egitura (hasiera-gertaera-bukaera?)

 

 

Denbora (orainaldia, lehenaldia. Ordena: kronologikoa, saltoak denboran)

 

 

Narratzailea (1. pertsona, 3. pertsona. Orojakilea, protagonista, lekukoa)

 

 

Ekintzak, deskribapenak eta balorazioak identifikatu

 

 

Diskurtsoa egituratzeko baliabideak: erabiltzen diren formulak identifikatu, atal bakoitzean

 

 

 

 

Ahozko baliabideak identifikatu: ez berbalak, paraberbalak eta berbalak

 

 

 

 

Bikoteka egindako lana ikasgelan partekatuko dugu. Aukera bat: ezaugarriak arbelean idaztea.

 

4-Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Hiru adibide (ikasleek aukera dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere):

 

  •  “Zu zeu elkarrizketatzaile. Ikasleak kazetari bihurtuko dira, eta anekdotak bilduko dituzte herrian. Bi-hiru ikasleko taldeetan, galderak aurrez gelan prestatuta (umetako bihurrikeriak, herriko pertsonaia ezagunen kontuak…). Elkarrizketa bideoan egitea gomendatzen dugu (ikus grabazioak egiteko Jarraibide orokorrak), gero ikasgelan ikusi ahal izateko, eta elkarrizketatuari argazkia ateratzea ere ondo legoke. Izan ere, ikasleek aurkezpen txiki bat prestatuko dute (elkarrizketatuaren biografia laburra, nondik ezagutzen duten, etab.), bideoa erakustearekin batera ikaskideei azalpenak emateko. Jasotakoarekin, hainbat lanketa egin daitezke ondoren ere. Hona hemen hiru aukera:
  1. Grabazio guztietako pasarte onenekin ikus-entzunezkoa(k) prestatzea, sare sozialen bidez ikastetxean zein herrian zabaltzeko (lan hau egiteko bideoak editatzeko programaren bat ezagutu behar dute eta ereduak eman beharko zaizkie).
  2. Bildutako narrazioak idatziz jarri, eta ondoren ikasleak narratzaile gisa jardutea, irratsaio bat sortuz. Sustatuko duguna: herriko hizkera erabiltzea, naturaltasunez eta adierazkortasunez. Adibide gisa, ikus Leitzako irratsaio hau.
  3. Ikasleak beste gela batera joan daitezke herrian jasotako anekdotak kontatzera (horretarako, lehenengo gelakideen aurrean egingo dute).
  • Bestearen azalean. Ipuinen eta pasadizoen arteko muga oso lausoa da, ipuinei egiantza ematen diegulako (benetako lekuetan kokatu, ekintzak benetako pertsonei egotzi...) eta pasadizoei, berriz, ipuin itxura (exajeratu, mitifikatu…). Horrekin jolastuko dugu. Ikasleek kontalari rola hartuko dute. Binaka ipini, eta bikote bakoitzak bideoko sei narrazioetako bat aukeratuko du. Bi modutara prestatuko dute, eta bakoitzak era batera kontatuko du gero:
  1. Erreprodukzio askea. Batek pasadizoa bideoan adinekoek kontatzen duten estilora kontatuko du. Berari gertatu balitzaio bezala. Ez dauka bideoko berdin-berdina izan beharrik: bere erara kontatuko du, bere hitzak eta euskalkia erabilita; bideoan ez datozen xehetasunak gehitu ditzake, izenak aldatu…
  2. Fikzionatu eta ipuin bihurtu. Pasadizo hori oinarri hartuta, moldatu eta ipuin bihurtuko dute, irudimena erabiliz. Ipuina: ia magikoki gertatzen diren ekintza harrigarriak kontatzen dituen narrazio laburra.

Narrazioak ikaskideen aurrean kontatzen dituztenean, aurrean paperik eduki gabe eta irakurri gabe egingo dute, eta ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak aintzat hartuta. Bideoz graba daiteke, eta ondoren ahozko jarduna aztertzeko erabili ikasleekin (beraiek erabaki dezakete zertan asmatu duten, zer hobetu dezaketen…). Ondo egindakoak nabarmentzea komeni da. Ondoren ere hainbat lanketa egin daitezke. Hona hemen bi proposamen:

  1. Pasadizo eta ipuin politenak bideoz grabatu, eta ikus-entzunezko txiki bat prestatzea (irudiak, musika… ere erabil ditzateke), sare sozialen bidez zabaltzeko (bideoak editatzeko programaren bat ezagutu behar dute eta ereduak eman beharko zaizkie).
  2. Beste gela batzuetara joatea pasadizoak eta ipuinak kontatzera (LHra, adibidez;  taldeka egin daiteke: astero 2-3 lagun joatea).  
  • Jolasten”. 4-5 laguneko taldeetan banatuta egingo dugu jolasa. Hitzen ordez, bala-bala hizkuntza erabiliko dugu (hitzen ordez bala-bala esatean datza). Zakutxo edo poltsa batean sentipenekin lotutako hainbat hitz sartuko ditugu, papertxoetan idatzita: harridura, beldurra, tristura, barrea, etsipena, nazka, haserrea... Talde bakoitzak bere papertxoak izango ditu (talde guztiek berdinak), eta taldekideak bertatik paper banaka ateratzen joango dira, ondokoei erakutsi gabe. Hala, taldekide bakoitzak bala-bala hizkeran bere kontaketa egin beharko du, besteek hitza asma dezaten (adibidez, nazkagarria). Jolas honen helburua, ondo pasatzeaz gainera, gorputz adierazpenaren eta hitzezkoak ez diren baliabideen garrantziaz ohartzea da.
  • Bestearen azalean. Ikasleak binaka jarriko dira, eta batak besteari pasadizo edo anekdota labur bat kontatuko dio. Pasadizo hori berari gertatutakoa izango da. Gero, ikasle bakoitzak bestearen anekdota kontatuko du. Lurrean eserita egin daiteke, biribilean, egoera informalagoa izan dadin. Beraien hizkeran kontatuko dute. Bukaeran, iritzi eta komentarioentzat tartea hartuko dugu. Hainbat galdera egin daitezke, sentimenduei lotutakoak adibidez:

-Lortu al dugu naturaltasunez komunikatzea?

-Kontatutako anekdotek erakusten al dute pertsona hori nolakoa den?

-Arazorik izan al duzu kontatzeko? Lotsak, beldurrak…

-Nola sentitu zara ondokoa zuri buruz hizketan ikusita?

-Nola sentitu zara ondokoari buruz hizketan?

 

5- Ekoizpena partekatzea. Ekoizpena dena delakoa izanda ere, ikasleek beti ahozko aurkezpena/azalpena/kontaketa egitea proposatzen dugu, ahozkotasuna lantzeko, eta ahal dela bideokamerarekin grabatzea (ahozko jardunen bilakaera ikusteko).

 

Ebaluazio-irizpideak: 

Ikasleen autoebaluaketa. Ikasleek beraiek autoebaluaketa egiteko, egin ditzakegun galderak:

 

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

 

Ikaste prozesuari buruz

-Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

 

Bere komunikazio gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

 

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde dinamika ala arazoren bat izan duen.



Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio irizpideak:

-Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz.

- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.

- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak.

- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.

- Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean.

- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen.

- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen.

- Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia.

- Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak.

- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.

- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen

- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei.

- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.

- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.

- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.

- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.

- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.

- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.

- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.

- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.

- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…).

- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.

- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak.

- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa

duen.

ZIKOINAREN BISITA

Pepi Añorga (Donostia, 1939): Nere anaia jaio zanian, nik sei urte nazkan. Ba zea, zea, la cigüeña, Añorga Txikiko estaziyuan utzi zula, eta nola ekarri zuen... Etxian euki zun, amonakin, eta jaio zanian eaman ziguten umia ikustera. Hurrungo egunetikan leihora atea, ta noiz pasako zan zea, txorin bat berriz e umiakin. Pentsa!

ETXEAN HAZITAKO BELEA

Joxe Mari Soroa (Usurbil, 1932): Geo, beste gauz bat, politta. Neonek… nik dakitelako, osea, baten batek esango balit ez nuke sinistuko. Guk txorik harrapatzen genitun eta eukitzen genitun denetatik. Kabik, Andatza juten giñan ta kabitan hartu ta ba izkiñoxuak eta… Ba euki genun e… belea. Belia. Eta beliai erakutsi geniyon hitz egiten ta txistu jotzen. Jartzen zan gure etxian puntan. Gure etxia… hola pasatzen zan ba kale nagusiya. Eliza hor, gero Markesenia eta hurrengua zan guria. Ta goiko punttan jartzen zan, eta jendiak han ohittuera zun igandetan… hiru-lau taberna zian, ta ordun badakizu, taberna batetikan bestea. Ta Patrinetikan Xendoenera juten zianian goitik behera, goitikan zeak, gure beliorrek: “Fiu-fiu!”. Txistu jotzen ziyen eta jendia hola… “Zein ote da?”, ta ez zien enterau ere iten, eta bestia goitikan. Eta auzuan, gendun Anttonio; izena zun Anttonio, Pagola. Kojera pixkat iten zun. Ta ezautzen zun xoxuak eta: “Anttonio, noa hua?”. (Bai, e?) Beliak. (Beliak?) “Anttonio, noa hua” esaten ziyon. Bai. Osea, nik bizittu dedalako. Zuk nei esan eta ez nizuke sinistuko. 

ZOZKETA BATEAN, ARKUMEA TOKATU

Maritxu Olabiaga (Donostia, 1915): Iten zuten arkumia rifatu, juten giñanai. Eta neri tokatu zitzaidan, ta zea, biberoiakin hazi gendun. Eta geneukan txakur bat, Txuri deitzen giñona, eta biyok juten zian gaztelura, bakarrik, eta gero balkoitikan etxera deitzen geniyon: “Txuri, txuri!”, txakurrai, eta biyak etortzen zian etxera. Eta han transito haundiya zan gue etxian, eta han jarri genun, lastuakin ta horrela, lo iteko arkumiak. Bestiak edozein tokitan txakurrak lo iten zun, ta kito baino… kosta zitzaigun arkumia… jesus! Moldatzen geniyon dana, eman biberoia ta dana ta ni ohira jun baino leheno han zeon nere ohian gainian arkumia. Oi ama! Ze abanta ematen zun harek! Bai, bai. (Eta pena emango zizun gero arkumia kentziak…) A, ez dakizu ze in ziguten gañea, honbre! Halako ederra in zan, haundiya eta zea. Eta biyak ibiltzen zien, zakurra ta bera, bainon hortikan jun giñan Calle Campanario 9, 3. bizitzara, eta aitak esan zun: “Ez, ezin deu eraman arkumia ta txakurra hara”. Hirugarren bizitza, gañea… Eta bueno, ba berak ezagutzen zula baserria zeukan bat, eta gainea uste dut zala: Kaperotxipinekua izan behar zun, nere aitan barkuan jabia. Hitz egin zun aitak, eta baietz, tokia bazeola arkumiandako, jakiña. Eaman, eta halako batian, arkume erdi bat, buruik eta ezerre gabe, eta nola nere aitai opari asko iten ziyoten, bai pasteleriko gauzak, tartak eta hola, holako gauzak asko iten zioten, eta bueno ba opari bat. Opari bat? Gure Perico! Hil, eta ala, guri ezer esan gabe… jo, ze… ez gendun jan, e! O, jesus, gure Perico nola jango gendun! Ezta, ezta… Nere amak labian jarri zun baina guk ez genun jan.

ARRAIN GORRIAK

Pedro Mari Illarreta (Donostia, 1937): Aieten, ba palaziyuan. Palaziyuan han estankiak bade… han, han… nik igari han ikasi det. Guardan semian laguna ta jeje… ordun han ibiltzen giñan. Arrantzan da dana ni lehenbizi han hasi nitzan. Bate amuik ez ta jostorratza hola okertu ta hariyakin. Hariyakin jarri, ta ogi puxka bat eta arraiak egoten ziran… osea, han estankian. Arrai gorriyak eta bestiak, adornozko arrai hoiek. (Arrai hoiek jatekuak ez zian izango…) Ba nik jan izandu ditut. (Bai?) Behin goatzen naiz, han kanabel artian jarri, ta harrekin rast! Platera bat eaman nun, platera eder bat… Platera betia, arraiez. Ta etxera nijuala harrekin, pareta saltatzekuan, guarda: “E! Nora hua? Ze in diak!”. Eta errita saioa eman zian eta… baina behinik behin arraiakin etxera. Ta prejitu ta jan. Ta etxian haik ezik arrain hobiaguak, baino… batek harrapatzen zuna hobia izaten zan.

ARRANTZARAKO DEIA

Jokin Muxika (Donostia, 1932): Arrantzale asko zian. Hori desagertu in da. Asko. Arrantzale asko. Eta kaian eta gero alde zaharrian asko bizi zian. Eta adibidez ba bosgarren pisun edo… eta egoten ziran lokarri batzuk txintxilika, kalera; kalen iltze, iltze batekin edo lotu, eta goien kanpai txiki bat. Eta goizeko hiruetan edo lauetan, arrantzara joan behar zanian, bat etortzen zan danai deitzera. Pentsa zazu gaurko eunian… gaurko egunian daon ganberrismoakin… ordun errespetatu iten zan. Etortzen da gizona ta deitu: arrantzara jun behar zuela.

DEMETRIO ETA BIZARGINA

Joxe Torregarai (Usurbil, 1937): Zuen osaba o aitona Demetriok in zin beste istoriya, Xebastian barberuakin kristona. Bai, honbre. Hara jun ta… Ez zan isildu re iten gizajua. (Hori zein?) Gue aittona. Demetrio. Ez zan isildu re iten, ta, bakizu, jaboia ematen, jaboia eman ta jaboia eman ta, afeitatzeko, ta hala ere hizketan gue aittona. Halare hizketan ta...  Ze in dixkio, zea, barberuorrek? Sudurrak itxi, zeakin, jaboiakin. Itxi, ale, ale… zea, ta: “Hi, itxi, tapatuyak atzeko zulua re!”, esan zion. Ta ittoko nak. Eta gero itto, bai. Ta ez isiltzen gue aittona ta, sudurrak re itxi dizka zeakin, jaboiakin, eta: “Hi, itxiyak atzeko zulu hau re eta gero itto!”. jajaja

-Ahozko testu-generoak, Adams-en arabera (1987): narrazioa, deskribapena, argudioa, azalpena eta instrukzioa. Testu literarioa gehitzen diote sailkapen horri aditu batzuek (bertsoak, abestiak, poemak, antzezlanak...).

-Narrazioa landuko dugu guk bideo honetan. Benetako gertaeren narrazioa, hain zuzen ere: pasadizoak edo anekdotak. Anekdotaz osatutako beste bideo bat ere prestatu genuen:

-Ipuinak eta txisteak lantzeko, hona hemen beste bideo bat, proposamenekin:

-Eta testu-generokein lotutako beste bi bideo-proposamen ere baditugu:

-Ikasgelan ahozko jarduna lantzea da bideo-proposamen honen helburua, egoera komunikatibo bakoitzerako egokia dena. Izan ere, ez da berdina jendaurreko aurkezpen bat izan ala lagunarteko kontaketa bat. Hona hemen jendaurreko jardunaren bi adibide, bi hitzaldi, bi testuinguru erabat desberdinetan:

Utzi zure ekarpena