Zuberera

Zuberoako euskalkia da bideo honen oinarria: zuberera. Euskalki bereziena dela esan daiteke, euskara batutik gehien urruntzen dena. Hainbat hiztunen testigantzak batu ditugu, zubereraz hizketan, euskarari buruz.

Mailak: DBH

Proiektuak: Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta literatura

Gaiak: Euskara

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

"Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan" proiekturako prestatutako bideoa, DBHrako, Euskara eta Literatura ikasgairako. 

Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu:

-Garai bateko pentsaera ezagutzeko interesa

-Adinekoen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea

-Herri hizkerak ezagutu, erabili eta balioesteko gogoa

-Euskalkien aberastasunaz jabetu eta haien erabilera sustatzeko nahia

 

Bideoa ikusi aurretik

1-Gaiaren aurkezpena egingo du irakasleak. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu. 

-Zer dakizue zubererari buruz? Ezagutzen eta ulertzen al duzue? Non entzu(te)n duzue?

-Zein iritzi duzue zubererari buruz (ezezaguna, ulertzeko zaila, polita/itsusia…)?

-Ba al dakizue zein den zubereraren egoera (nork hitz egiten duen, asko hitz egiten den ala gutxi…)?

 

Bideoa ikusi bitartean

1-Aurre-ezagutzak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2-Euren arreta erakarri duten pasarteak gogoan hartu.

3-Zuberera seguruenez ez zaienez gertukoa egingo, nahikoa izango da ideia nagusiak ulertzea: zeri buruz ari diren hizketan. Hala ere, ulertu ez dituzten hitzak apunta ditzakete, belarrira jotzen dietenak. Adibidez, “prefosta” (jakina, noski).

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztiaz jabetzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

1-Ulermena ziurtatu. Zalantzak argitu.

2-Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu, denok elkarrekin. Hona hemen horretarako balio dezaketen galdera batzuk:

-Formari erreparatuko diogu lehenengo. Ahoskerari dagokionez, antzeman al duzue alderik beste euskalkiekin (ü bokalaren erabilera, h aspiratzea…)?

-Ulermen arazorik? Zein testigantza da errazena ulertzeko? Zergatik?

-Edukiari dagokionez: Iparraldean euskararen egoera zein izan zen eta orain zein den azaltzen dute bideoan. Eskolan zigortu egiten zituzten, euskaraz egiten zutenean. Euskarak Iparraldean ez du ofizialtasunik orain ere, eta eskola gehienetan frantsesa da nagusi. Gaztetxo askok eskolara joandakoan galtzen dute euskara. Ezaguna egiten zaizue kontatzen dutena? Alderik ikusten al duzue Hegoaldeko egoerarekin? Eta antzekotasunik? 

 

3-Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Hiru adibide:

  • Hitzen arrastoan. Zubereraren ezaugarriei sakonago erreparatuko diegu orain. Testua banatuko diegu ikasleei (ikus “Testua” atalean), eta zubereraren ezaugarriak zein diren aztertuko dute. Talde txikietan egingo dute lana, eta ondoren partekatu, ahoz; talde bakoitzak idazkaria eta bozeramailea izendatuko ditu. Zubereraren ezaugarrietako batzuk zein diren ikus dezakegu lehenengo (inprimatuta ematea da aukera bat), lana errazteko: Zuberotarra. Ondoren, taula hau ere baliagarria gerta dakieke:

 

Zuberotarrez

Nola da euskara batuan?

Lexikoa

 

 

 

 

 

 

 

Aditza eta morfologia

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Fonetika (bideoa berriz entzun)

 

 

 

 

 

 

 

  • Testigantza bila. Ahotsak.eus webgunean testigantza dezente dauzkagu zubereraz. Ikasleek testigantza bana bilatu beharko dute webgunean (banaka edo 2-3 laguneko taldeetan). Minutu bat aztertu, eta euskalkiaren ezaugarriak identifikatuko dituzte (aurreko taula erabil dezakete). Lana burututakoan, ikaskideei egindako lanaren berri emango diete, ahoz. Lehenengo, bideo pasarte hori zergatik aukeratu duten azalduko dute, gero bideoa ipini, ikasgelan entzun, eta identifikatu dituzten ezaugarriak zein diren esango dute.

 

  • Eman iritzia. Zuberera da euskara batutik gehien desberdintzen den euskalkia. Iparraldean hitz egiten den beste euskalkia, nafar-lapurtera (Lapurdin eta Behe Nafarroan hitz egiten dena), zubereraren antzekoa ala desberdina da? Nafar-lapurteraren eta zubereraren arteko aldeez jabetzeko, bideo hauek ikusiko ditugu: 1. Euskalkiari eutsi ala moldatu (nafar-lapurtarrez) eta 2. Parisko lehengusuekin frantsesez (zuberotarrez). Behar adina aldiz entzungo ditugu biak, ulermena ziurtatzeko (ideia orokorrak bederen). Ondoren, talde txikietan banatuta (2-3 ikasle), bi bideoak sakonago aztertuko dituzte:


-Nafar-lapurtera errazago ulertzen al da zuberera baino, ezta? Zergatik?

-Zubereraz dagoen bideoa idatziz jarri (transkripzioa egin).

-Batutik desberdinak diren hitzak identifikatu, bi bideoetan. Nola esaten dira batuan?

Emaitzak partekatuko ditugu. Talde bakoitzak bozeramaile bat izendatuko du horretarako.


Ondoren, edukian sakontzeko, bideoetan agertu diren gaiei buruz hausnartuko dugu:

  1. Iparralde-Hegoalde harremana
  2. Hitz egiteko modua aldatzea, beste batzuekin komunikatzeko
  3. Erdarara jotzea, euskaraz ez dakitenekin

Ikasle bakoitzak nahi duen gaia aukeratuko du, eta bere hausnarketa-esperientzia-iritzia partekatuko du, ahoz. Azalpen-aurkezpen laburrak izango dira, nahiko informalak eta inprobisatuak (giro informala lortzeko, biribilean jarrita egin dezakegu, lurrean eserita).

 

4- Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpenak/azalpenak bideoz grabatzea interesgarria izan daiteke, irakasleak ez ezik ikasleek beraiek ere baloratu ahal izateko. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea (horretarako, baliagarri gerta dakizkiguke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak).

 

Ebaluazio-irizpideak:

Ikasleen autoebaluaketa. Ikasleek beraiek autoebaluaketa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste prozesuari buruz

-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde dinamika ala arazoren bat izan duen.



Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio irizpideak:

-Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak

- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin

- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak

- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean

- Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean

- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen

- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen

- Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia

- Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak

- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen

- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen

- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei

- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean

- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen

- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan

- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen

- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen

- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan

- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan

- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen

- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…)

- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena

- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak

- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen

ZUBERERA

Pierra Arhanget (Atharratze-Sorholuze, 1919): (Eüskaraz mintzatzia ez zünianq libre) A, ez, eskolan ez, non, non.

Maddi Berterretx (Arüe-Ithorrotze-Olhaibi, 1932): Ordin ez gintützün üsü ari üskaraz e... eskolan. "Dià, dià, dià, dià." Ez dizien nahi ari gintien... (Bai). Bestaldiz ari, ariko gintüzün bai, bena... ez, ez.

Cecil Etxeberria (Etxarri, 1929): Pünitiak ginten eskuaraz ari baginen! (Bai, e?) A bai... gure jenerazionia hola da...!

Marianne Arhancet (Atharratze-Sorholuze, 1922): Üskaratik frantsesilat igaiteko makila bat igaiten zien eta hua korriazten züzün, batetik bestila ta...

Pierra Arhanget (Atharratze-Sorholuze, 1919): A makila, ba bea azeneko. Eta hua igaiten zen batetik bestila. (Eguna, eguna finitzean, makila zienak ze bazin? Punizionea edo zerbait?) Aiii, püni, pünizione baziin, bai. Bai, bai. (Ta zer zen punizionea?) Eskolako zolan [...] bi eskük kürütxeta. (A bai?). “Oui, oui”. Eta errejentak erran arte hura zuk aidian itxekita!

Jean Luis Davat (Ürrüstoi-Larrabile, 1935): Frantsesan indarra izigarrikoa da. Administrazionian, komerzioan… denetan. Frantsesa denetan da, denetan da, eta horrek izigarriko eragina dü, prefosta. Eta eskolan debetü zen, orai berri arte osoki debetü zen. Eta orano badira errejenta eli bat euskara debetatzen dienak eskolan, e. Hori bada. Eta hori bada orano ere. Eskola eli batetan, eskola zonbaitetan.

Allande Etxart (Altza-Altzabeheti-Zunharreta, 1950): Ziek ezagützen düzie, ziek gütienez badüzie gobernü bat… heben ez da ez lürraldeik, ez institüzioneik, ez legeik… estatü frantsesak ez dü ezagützen e, hizkuntza minorizatü baizik ere ez dü ezagützen… Ordian, xuuu.  

Maddi Berterretx (Arüe-Ithorrotze-Olhaibi, 1932): (Eta zure alabak badaki euskaraz?) Badaki, ein dizie üskara. Enfin, gehienak, gehiena baita han oküpatzen. Haek, eskolara jun artino, beti üskaraz mintzo, mintzo zün. Bena gero eskolan abiatü ondun, üskara ützi, eta uai konprenitzen bai, konprenitzen dizü, e, bena eleka ar(i)tzeko ez düzü… ausart.

Maiana Ager (Mitikile-Larrori-Mendibile): Alabak badakizü… bai, hainbat untsa, eta semik kasi bate. (Kasi bate?) Oro entelegatzen dizü baina ez elestatzen paketik. Aita bezala.

Allande Etxart (Altza-Altzabeheti-Zunharreta, 1950):  Lehen erraiten zian: ba herri ttipietan atxikitzen da üskara eta hola, eta hala dük. Urdiñarbe, Muskildi, Altzürükü, ere Barkoxe eta herri zonbaitetan, eta beste zonbaitetan gue adineko burasoek frantsesez aritzen duzik haurrekin. Eta Santa Grazin eta gazteagoetan eta bo… Larrainen oraino gütiago, bena Santa Grazin bezala, eztakiat, lau haurretarik batek badakinez üskara. Santa Grazi hantxe, badakik, mendin. Eta ordian, hirietan haboro, beharbada aisago, oai arra-azkartüko dük üskaratze hoi. Kanpainetan edo baserri zeretan bena ordin, zerentako, puff… ez mila bena bai hamar arazo badük, e... ez dük bat edo biga, e. Badük… Nik erraiten nin hoi: autoestima, etsaien indarra, telebistaren indarra, eskolarena ere bai… Ez dük klase elebidunik Santa Grazin ez Larraiñen...

Cecil Etxeberria (Etxarri, 1929): Gaztetan ez sobera. Ez, gaztiak ez, bana bon, ene adinetakuak eta ba ondokuak e. Berrogoi... berrogoita hamar, hirutan hogoi urte hortan, o(rai)no eskuara mintzatzen dute, ba. (Bai). Bana gaztek ez, ez... (Eta zerengatik hori?) Bo... zeren, zerengatik? Joan dira gaztek eskoletarat... Lehen, eskola herrian egoiten zen, eta... Bana oai… eta… Herriko eskolara goizik eta... banatzen dute, eta gero joiten dira bestetarat. Ta han... han galtzen dute ja. Ene... ene haurrek’e... Ttipian eskuara baizik ez zuten emaiten... Ene seme gehienak, […] Maianaren aitak, eskolara joan da sei urtetan, ez zakien frantses mikoik! Errienta behar, euskara beitzakien, konpreniarazteko, bena... eta geo bestiek’e. Bena gero eta... Bon, nik e... behar beinien lanian ari, eta haurrak altxatu, eta kolegioan ezarri ditut goizik... mutikuak. Hiru mutiko baigintien gehienak. Eta gero alaba. Eta han galdu zuten gero eskuara.

Jean Luis Davat (Ürrüstoi-Larrabile, 1935): Ba zaharrak üskaldün, gaztiak erdaldün eta bien artien hanitxek eskuaraz badaki eta güti egiten, hori da. Ahuerkeriaz frantsesialat lerratzen edo ahalkez e(re) bai, eta hara! Gero gaiza (gauza) berria düzü, oai, haur parrasta batek üskaraz ikasten diala ikastolai esker, eta gazte eli batek gai-eskoler esker. Heben ama eskolan eta lehen mailean zübereraz ikasten da (bertakua?). Bai, bertakoa Sohütan, Sorhoetan, eta han Basabürükoan. Hara, gero bigarren mailean, kolexioan, han batura igaiten dira.

Joana Hoqui (Zalgize-Doneztebe, 1992):  (Eta ze harreman duzue zuek euskara batuarekin?) Nik ez diat maite. Bena… gero untsa kontent gütük alkar konprenitzia hegoaldira joaiten girelaik edo hola. Xiberotarrez ari gütük bena bon, behar, gük, nik ikasi baitüt eskolan batua hanitxez aisago mintzo nük hegoaldetarrekin, baitakit hitz bat ez badie konprenitzen, hop, erranen diat behar den hitza batuaz. Ordin bai… goxo dük. Bestelan...

Bettan Hoqui (Zalgize-Doneztebe, 1991): Praktiko dük, bena…

Joana Hoqui (Zalgize-Doneztebe, 1992): Bena itsusi dük.

Bettan Hoqui (Zalgize-Doneztebe, 1991): Nahiago diagü denboa habo(ro)sekhartü eta bürüz  dügünak bere üskalkian mintzo dadin, hola bats-batsa, beti ikasten diagü, bizkaitar amiñi bat eta nafartar amiñi bat… eta aski praktikatzez, alkar entelegatzen diagü. 

-Zuberera euskararen bost euskalki nagusietako bat da, hiztun gehien dituena, hain zuzen. Zuberoan hitz egiten da, Ipar Euskal Herrian.

-Ipar Euskal Herrian euskarak ez du ofizialtasunik (Frantziako estatuan frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra), horrek dauzkan ondorioekin: eskola gehien-gehienetan dena frantsesez irakasten dute. Zuberoan adineko ia denek dakite euskaraz; gazte askok, ordea, ez. 

-Zuberera euskara batutik gehien desberdintzen den euskalkia da. Batua sortu zuten garaian, kexa eta ika-mika ugari izan ziren Euskal Herri osoan, eta baita Zuberoan ere. Gaiari buruz sakontzeko, ikus bideo hau (proposamen pedagogikoak ditu):

-Euskalkiekin lotuta, beste bi bideo ere baditugu, proposamenekin:

-Euskalkia etxeko eta kaleko euskara izan ohi da, belaunaldiz belaunaldi transmititzen dena. Tokian tokiko euskara ez da hezkuntzan modu iraunkor eta planifikatuan irakasten. Euskalkiak hizkera informalarekin lotu ohi dira eta batua, berriz, hizkera formalarekin.

-Hizkera informala edo lagun arteko euskara lantzeko, beste bi bideo dauzkagu prestatuta, euren proposamenakin:

 

Utzi zure ekarpena