Bertsolaritzaren garapena

XX. mendean bertsolaritzak izan duen bilakaera kontatzen da bideo honetan, hiru bertsolarik egindako ekarpenen berri emanez: 'Txirrita', 'Basarri' eta Xabier Amuriza.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta literatura

Gaiak: Euskara, Bertsolaritza

5 puntu 5 izarreko maximotik
Iritzi 1 guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:

- Garai bateko bizimodua eta kultura ezagutzeko interesa

- Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea

- Bertsoak kantatzeko eta sortzeko irrika

- Ahozko ondarea ezagutu, erabili eta balioesteko gogoa

 

Bideoa ikusi aurretik:

  1. Gaiaren aurkezpena egingo dugu. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu.
  2. Garai bateko bertsolaritza izango dugu hizpide, aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderen bitartez:

-Bertsolaritza fenomeno ezaguna eta ongi baloratua da gaur egun. Baina ez da beti hala izan. XX. mendearen hasieran, bertsolariek ospe txarra zuten. Zergatik zela uste duzue?

-Nolakoa zen sasoi bateko bertsolaritza? Non kantatzen zuten eta zer eratako bertsoak?

-Zein dira garai bateko bertsolari ezagunenak? Bota izenak. Zer dakizue haiei buruz? Ba al dakizue bertsoren bat?

-Bertsolaritzaren historian hainbat aldi bereizten dituzte adituek. Zein izan daitezke?

 

Bideoa ikusi bitartean:

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
  2. Beren arreta erakarri duten pasarteak gogoan hartu.
  3. Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez: ikuilatxurra (sardea, simaurra zein belarra jasotzeko erabiltzen den baserriko tresna).
  4. Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztia barneratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren:

  1. Ulermena ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-Zertan desberdintzen dira Txirritaren garaiko bertsolaritza eta gaur egungoa? Zerrenda bat osa dezakegu denon artean.

-Bertsolaritza garai berrietara egokitzen joan da, eta arrakastaz egin du bide hori. Adibidez: gero eta emakume bertsolari gehiago dago. Ezagutzen al duzue adineko emakume bertsolaririk? Zein izan ziren aitzindariak (ikus historiako emakume bertsolariak)?

-Bertsolarien zer irudi daukazue zuek? Zer garrantzia dute euskal kulturan? Zer nolako adjektiboak erabiliko zenituzkete haiek deskribatzeko?

-Bideoan “Amurizaren eskola” deitu dioten hori oso zabala da, eta era askotako bertsolariak barnebiltzen ditu. Zuen ustez, posible da aldi diferenteak bereiztea? Ba al dago mugarri izan den gertaerarik edo bertsolaririk? Zergatik?

-Gaur eguneko bertsolari batzuei buruz “eskola zaharrekoak” direla esaten da. Zer esan nahi du horrek?

-Hemen, gure herrian, bertsolaritzak izan al du eta ba al du indarrik? Hala bada, dakizuena kontatu (atzoko eta gaurko bertsolariak aipatu…).

 

  1. Azken ekoizpena:Hainbat ekoizpen gara daitezke. Lau adibide (ikasleek aukera dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere edo proposamen bat baino gehiago egin):

 

  • “Zu zeu elkarrizketatzaile”. Ikasleak kazetari bihurtuko dira. Herriko/eskualdeko bertsolariak elkarrizketatuko dituzte. Galderak guztien artean presta ditzakete.

Elkarrizketa bideoan grabatzea gomendatzen dugu (ikus jarraibide orokorrak, enkoadre kontuak batez ere), gerora ere erabili ahal izateko, eta komenigarria litzateke elkarrizketatuari argazkia ateratzea ere. Jasotakoarekin, hainbat lanketa egin daitezke, taldeka:

  1. Elkarrizketa idatziz jarri, eta argitaratzeko moduan ipintzea (titulu nagusia, azpititulua, sarreratxoa, galde-erantzunak, argazkia, argazki-oina…)
  2. Grabazioa editatu eta elkarrizketatuaren pasarte onenekin ikus-entzunezko bat sortzea, sare sozialen bidez ikastetxean zein herrian zabaltzeko (lan hau egiteko bideoak editatzeko programaren bat ezagutu behar dute eta ereduak eman beharko zaizkie). Ikasleek off-eko ahotsa grabatu dezakete eta sasoi bateko argazkiak ere erabili ditzakete (elkarrizketatuari eskatu).
  3. Elkarrizketatuaren testigantza erabiliz eta ikasleek narratzaile lana eginez (ahotsak grabatu), irratsaio bat sortzea. Musika eta soinu efektuak ere erabil daitezke. Sustatuko duguna: herriko hizkera erabiltzea, naturaltasunez jardutea eta adierazkortasuna lortzea. Adibide gisa, ikus Leitzako irratsaio hau.

1 eta 2 batera ere egin daitezke: adibiderako, ikus Jakintza ikastolako ikasleek egiten dituzten elkarrizketak eta lanketak.

 

  • Sormena lagun”. Sormena erabili, eta bertsoak sortuko ditugu. Neurri motzak aukeratuko ditugu (4, 6 edo 8 lerroko bertsoak); koplekin has gaitezke (4 lerro), eta gero bertsoak sortu.

-Gaia guztion artean erabakiko dugu

-Gero nork bere koplak/bertsoak sortuko ditu. Ideia pentsatu: zer esan nahi dut?

-Kopla/bertsoa osatu. Horretarako, bertsotarako arbel digitala erabil dezakegu (izena eman behar da): http://www.bertso-eskolak.eus/web/arbeldigitala

-Doinua aukeratu. Horretarako, doinutegia erabil dezakegu.

-Egindako koplak/bertsoak gelakideekin partekatu: kantatu.

Aukera bat: kopla/bertso guztiak grabatu eta bideo-koplak sortu, horretarako guztion artean marrazkiak eginda edo irudi aproposak aurkituta (bideoak editatzeko programaren bat erabiltzen erakutsi, marrazkiak/irudiak eta audioa elkartzeko).

 

  • Historia egiten”. Bertsolaritzari buruz gehiago jakiteko, ikerketa txikiak egingo ditugu. Sasoi bateko bertsolariak eta haien bertsoak ezagutzea da helburua. Horretarako, proposatzen duguna, ikasle bakoitzak (binaka ere egin daiteke) bertsolari bat aukeratu eta hari buruz jakingarri batzuk topa ditzala:

-Biografia laburra eta argazkia

-Bertso bat (politena aukeratu)

Fitxa modukoak sortuko ditugu, gero gelako hormetan ipintzeko. Bertsolariaren argazkia, izen-abizenekin, eta azpian bertsoa (letra handiz, ondo ikusteko moduan). Fitxaren ahozko aurkezpena ere egingo dute: biografia azaldu eta bertsoa kantatu.

Hona hemen sasoi bateko bertsolari ezagun batzuk:

Pernando Amezketarra (1754-1823)

Xenpelar” (1835-1869)

Jose Maria Iparragirre (1820-1881)

Bilintx” (1831-1876)

Pierre Topet "Etxahun" (1786-1862)

"Pello Errota" (1840-1919)

Pello Mari Otaño (1857-1910)

Manuel Lujanbio “Txirrita” (1860-1936)

Iñaki Eizmendi “Basarri” (1913-1999)

Uztapide” (1909-1983)

Bertsoak audioan eta bideoan aurkitzeko, bi bide: BDB (bertsolariaren izena jarrita) eta Ahotsak.eus

 

  • Mundu zabalean”. Mundura begira jarriko gara, beste toki batzuetan zer gertatzen den jakiteko. Izan ere, inprobisazioa ez da bertsolaritzara mugatzen. Munduko kultura askotan inprobisatzen dute, bakoitzak bere erara (kantatzearekin batera musika tresnak joz, esaterako…). Taldeka egiteko lana izango da hau (2-3 lagun taldeko). Talde bakoitzak herrialde bat aukeratuko du, eta hango inprobisazio moldea ikertuko du. Ondoren, aurkezpen txiki bat gertatuko du, gutxienez honako datuak aipatuz:

-Tokia (adibidez, herrialde katalanak)

-Inprobisazio moldearen izena (glosa, jota, dezima, regueifa, launedda, sairi…)

-Historia/informazio pixka bat (inprobisazioaren ezaugarriak, zein hizkuntzatan kantatzen duten…).

-Adibide bat ipini (bideo/audio bat bada hobeto).

-Iritzia (bertsolaritzarekin dituen desberdintasunak, gustatzen zaidan ala ez eta zergatik…)

Bilaketa hemendik has dezakete: Kulturartea mapa. Adibide batzuk ikusteko: Europa bat-batean.

 

4- Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere: azalpena, aurkezpena, bertsoa… eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea (ahozko jardunen bilakaera ikusteko). Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea (irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak). 

 

Ebaluazio-irizpideak:

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek beraiek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde dinamika ala arazoren bat izan duen.



Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:

- Ea buruz dakizkien bertsoak eta kantuak (tradiziokoak nahiz egungoak), eta errezitatu nahiz abesten dituen.

- Ea interpretatzen duen euskal kulturako ondarean aurkitu daitezkeen adierazpen, esaera edota bertsoen esanahia.

- Ea literatura-adierazpen herrikoietatik jasotako adierazpen-baliabideak sormenez erabiltzen dituen.

- Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak.

- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.

- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak.

- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.

- Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean.

- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen.

- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen.

- Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia.

- Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak.

- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.

- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen.

- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei.

- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.

- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.

- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.

- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.

- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.

- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.

- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.

- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.

- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…).

- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.

- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak.

- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen.

 Jose Mari Iriondo (Azpeitia, 1938):

-Neretzako daude hiru eskola: bertsolaritzan, gaur arte, hasi Txirritatik eta gaur arte. Bat dao Txirritaren eskola, eta Txirritari 35ian irabazi zion Basarrik irabazi zion, eta eskola bat sortu zuen, hau da,  Basarriren estilua sortu zuen. Basarrin estilua sortu zun, eta 79ko txapelketan Amurizak beste eskola bat sortu zuen. Hau da: Txirrita, Basarri, Amuriza, eta hortxe dago. Gaur eguneko bertsolaritza da Amurizan eskola.

 

Txirritaren garaia: tabernako bertsolaritza

Imanol Lazkano (Azpeitia, 1936):

-Nik esango nikek hemengo bertsolaritza zala tabernakoa, eta horreatik ez ziok garai hortan emakume bertsolaririk, emakumek debekatuta baitzeuken tabernan sartzia.

Jose Mari Iriondo:

-Txirritan eskola zan bizi-bizi-biziya, arrazoi sakonak bota, bestiari arrazoia kendu… ahal bazan arrazoia kendu… eta hori zan lehenengo zerak, bizitasun hori, inprobisazioko bizitasun hori eta jo, tiki-taka tiki-taka bixi-bixiekin.

Imanol Lazkano:

-Eta nik askotan esan diat beharbada, gaurko bertsolaritza hitzarekin jolas egitea baldin bada, orduan hitzarekin borroka egiten ziyen. Zan azkena zein ixildu eta tabernan ba oilar gixa egurra batek bestiai eta… askotan hor gailentzeatik etxeko saltsak esateko prest eta baztarrerainoko zeak… ya neurri gehiegi gabeko… ta horregatik huan nahiko gaizki ikusiya jende ikasian tartian bertsolaritza. Mozkorren festa, parranderoak… mozkorrak, hola fama txarra zian.

Jose Mari Iriondo:

-Alkarri asmatu ahalak esan, ta ahal bada bere inguruko jendiakin sartu: bere andria seguru sartu, ‘hire andria ez dek hirekin bakarrik ibiltzen ta ez dakit zer’, holakuk sartu, alkarri faltatu, ta hori zan… eta astik eman gabe zuk bukatzen dezunian, astik eman gabe arrazoia harrapatu eta erantzun. Era hortara jokatzen zan.

 

1935ko txapelketa eta Basarriren eskola

Imanol Lazkano:

-1920ko hamarkadan Lekuona, Manuel Lekuona famoso harek Oñatiko unibersidadeko batzarren batzutan edo iñ emen zian bere azalpen bat eta ordungo jakintsuen harridurarako, apaiz batek hori esatia: bertsolaritza taberna zuloko mozkorran jolasa baino zerbait gehio zala Euskal Herriyan ta abar ta.  Eta kontra asko omen xixkin baino alde ere bai banaka batzuk eta gero hango eraginez buelta hasi eta Aitzol, Francok hil zuen apaiz hura etab. lagun zittula, 35ko lehenbiziko txapelketa famoso hura antolatu ziyen. Eta hor hasi huan bertsolaritza pixka-pixkat tabernako jolasa baino zerbait gehiago bazala ikusten ta.

Jose Mari Iriondo:

-Ta kritika gogorrak izan zituen Basarriren garai hartako bertsolaritzak, 35ian irabazi zuenian, ba bertsogintza bat-bateko bertsolaritza moteldu in zuela, askoz e erritmo motelagoan kantatzen zuela, oso puritanue zala… baina gero… batetik, hau da, bertsolari intelektuala zala… eta gero batez ere ez zioten barkatu Txirrita bezelako aittona bati txapela kentzia. Ez zioten, hori ez zioten onartu. Eta hurrungo urtian, 36an berriz in zanian, txapela eman zioten Txirritari eman zioten, baina merezi zuen Uztapidek. Baina eman zioten Txirritari eta urte hartan hil zan. Ordun, errespetuz eman zioten.

Patxi Etxeberria (Orio, 1930):

-Basarri izan zan bertsolaritzai asko lan asko egin ziona bertsolaritzan alde eta bertsolarian alde garai hartan, zeatik eze bertsolaria zeon zulon, fama txarrakin, beti mozkor fama, alper fama, parrandero fana… izan ere bai ingo giñan, baino alde hortatikan oso fama txarra gendun bertsolarik. Eta hor in zun Basarrik lan haundiya eta Basarrik in zun zulo hortatikan bertsolaritza atera in zun.

Jose Mari Iriondo:

-Basarri izan zan, boom bat izan zan garai hartan.

Joxe Agirre (Azpeitia, 1929):

-Baxarri zan zea, hola, alkarrei gaizki esaten kontrakua eta hola, gizon formal hoitakua, ta harek asko zeatu zun, ganbiatu zun bertsotie.

Iñaki Eizmendi "Basarri" (Zarautz, 1913):

-Errezena geizki esatea da ta alkarri falluak billatzea, hori hola lagunartean jarrita hori egiten errezago da. Orain, nik uste det bertsolaritza garai hartan behintzat zerbaiten premian zegon. Oso lokaztegira eroria zegon. Eta jende errespetuko askotxok ez zuen bertsolaririk entzun nahi. Ez azkarrak ez ziralako eta bertsolariak ez ziralako, zerabizkiten gaiak jendearentzat aproposak ez ziralako.

Jose Mari Iriondo:

-Basarrik hor ekarri zuan: elkarrenganako itzala eta errespetua.

Teodoro Mujika (Zizurkil, 1924):

-Kulturatu in zun asko bertsolaritza.

Jose Mari Iriondo:

-Sagardotegitatik eraman zuen teatrora, eszenariora eraman zuen.

Imanol Lazkano:

-Taberna zuloko ez zan zerbait azaldu zian, eta horregatikan esaten dala uste diat Baxarrik atera zuela tabernatiken antzokira bertsolaritza. Eta gero horren bueltan… Uztapide ere horren harira sartu huan, nahiz eta Txirritan dotrinakoa izan, eta gero ba etorri hittuan Lasarte, Lizaso eta gero hurrengo ba gure belaunaldiya etab.

Joxe Agirre:

-Gai jartze eta hoiek geroko kontuk die, bastante. (ordun libren izaten zan?) Gu hasi giñen garaien bate gairik pe jarduten giñen, e. Ahal zunak ahal zuna!

Txomin Garmendia (Berrobi, 1934):

-Garai hartan joaten zinen bertsotara egun guztirako. Meza nausi ondoreako. Ta meza nausi ondoren saiua eta arratsalden bestea. Ta askotan gauen e bertan geratzen zinen. Bertsolaria iluntzean erretiroa iten gu bertsotan hasi giñenen hasi zan baino guk harrapatu gendun pixkat gauen bertan geldittu beharra. Garai haietako basarritarrai esan in behar zitzaien gauen etxera jun zala bertsolarie! Garai hartan plazatiken erretiratu orduko tabernara jendea hasiko zan bertso eske. Ta kantatu in behar. Garai hartan.. gaur beharbada bertsolari puntako hoiek egingo dittuzte 100 plaza edo 120 urtean. Garai hartan 20 plaza itten zittunak gaur 120 inda aiña kantatuko zun.

lmanol Lazkano:

-Bertsolaritza 60ko hamarkadara arte Txirritan dotrinatik hasi, Baxerrik eman zion aldaketa etab. eta hala ere huan 60ko hamarkadararte ikuilatxurra baino baserritarago. Lehenbiziko pausue, pasoik garrantzitsuena eman huan 60ko hamarkadan. Eta huan protesta giruan. Orduantxe Ez Dok Amairu… kantantiek eta hoien ingurun ta hoiek danak gure lagun in hituan eta inguru hortan eta abar, eta horrek izan huan oso gauza inportantie bertsolaritzak eman zuen pausue kaletartze hortan.

 

Bertso eskolak eta Amurizaren ekarpena

Joxe Mari Zinkunegi (Lizartza, 1932):

-Eskolatan, bertso eskolatan, lehen ez zan bertso eskolik, e. Norberak in behar zun. Lehen ez zan.

Julian Zinkunegi (Lizartza, 1930):

-Lehen bate eskolik gabeko bertsolarik.

Patxi Etxeberria:

-Neri bertso eskolak... ez nun sinisten bertso eskolak balio behar zunik e. Ez gendun pentsatzen guk bertsolari bat eskolan bertsotan ikasita atera behar zunik eta.

Jose Mari Iriondo:

-Zein hasi zan bertso eskolakin? Bertso eskolak bultzatzen Amuriza hasi zan.

Imanol Lazkano:

-Amuritzak beste kolpe bat jo zeban mahaian gañin kartzelatiken etorri zanian bere errima hiztegi potente horrekin ta. Bertsolaritza, ‘zu ere bertsolari’, eta jendiari animuak emanez etab ta bertso eskolai beste material berri batekin eta beste indar bat eman zion harek eta horrek danak eman dio bertsolaritzai gaurko nibel hori ta.

Patxi Etxeberria:

-Jende askok eta askok ez zuen uste o ez gendun uste o, Amuriza txapeldun aterako zanik eta danba, atera zan txapeldun. Garai hartan, gainea, berrikuntza, muga hori izan baitzan, marra batetik bestera pasa zana hori izan zan. Aiba la letxe! Hau zer da? Gure saileko hitzak eta bertsok entzun eta harenak entzun, eta nik antzematen nion ikaragarrizko diferentzia.

Txomin Garmendia:

-Beste hizketa klase bat, gure aldetik beste arrazoi batzuk ikusten dittut. Berso ondo iñe. Gaur sekula baino poto gutxio iten da.

Jose Mari Iriondo:

-Gaur eguneko bertsolariya da papeleko bertsolariya. Hau da, ikasi du, mundu guztiyak landu ditu riman hiztegiya, zeak Amurizak in zuena, hori mundu guztiak landu du… bertsuaren teknika perfektua daukate, gero euskeran, euskeran in da izugarrizko aurrerakua in da… eta orduan oso diferentia da. Eta batez ere da bertsolaritza urbanua.

- XX. mendean bertsolaritzak izan duen garapena kontatzen da bideo honetan, horretarako arreta hiru bertsolarirengan jarrita: Txirrita, Basarri eta Xabier Amuriza. Kontuan izan behar da bertsolari gehiago ere izan zirela, bertsolaritzaren garapenean zeresana izan zutenak.

-Bertsolaritzari buruzko historia apur bat (iturria: Bertsolaritzaren Datu-Basea):

-Historialari adituen arabera, ahozko tradizioa orain 10.000 urte jaio zen. Bertsolaritzaren abiapuntua ere ordukoa izan daiteke, artzain-arokoa.

-Historialariak XVI. mendean hasi ziren ahoz aho transmititutako kantu zaharrak biltzen.

-Dokumentatutako lehen bertso saioa 1801ekoa da: 4.000 ikusle bildu ziren Villabonako plazan, Zabala eta Txabalategiren bertso-gudua ikusteko. Fernando Amezketarra (1754-1823), Zabala, Txabalategi eta Izuela (1780-1837) dira sasoi horretako bertsolari ezagunenak. 

-Karlistaden garaian (1833tik aurrera), aldarrikapenak egiteko tresna gisa bertso-paperak erabiltzen hasi ziren. Xenpelar (1835-1869), Iparragirre (1820-1881), Bilintx (1831-1876) eta Pierre Topet "Etxahun" (1786-1862) dira sasoi horretako bertsolari ezagunenak. Xenpelar bat-bateko jardunean nabarmendu zen.

-Urruñako Lore Jokoei esker (1853), bertsolariek bat-batean jarduteko plaza eder bat izan zuten.

-1876-1935 bitartean bertso-paperak asko ugaritu ziren. Pedro Jose Elizegi "Pello Errota" (1840-1919) eta Pello Mari Otaño (1857-1910) eta Manuel Lujanbio Txirrita (1860-1936) dira garai horretan bertsolari ezagunenak.

-XX. mendearen hasieran, gerra aurretik, hainbat bertsolari zebilen batean eta bestean kantuan, plazetan zein tabernetan. Txirrita, Saiburu (1874-1954), Pello Errota... Giro horretan aritzen zirenek mozkor ospea zuten.

-II. Errepublika garaian, bertsolaritza duintzeko lanetan hasi ziren (besteak beste Manuel lekuona, Joseba Zubimendi, Aitzol eta Basarri), kaletik antzokietara eramaten. 1935ean I. Bertsolari Txapelketa egin zen (orduantxe sortu ziren gai-jartzailearen eta bertso-epailearen figura). 19 bertsolarik hartu zuten parte. Bertsolari beteranoak, Txirrita tarteko, eta bertsolari gazteak elkartu ziren. Iñaki Eizmendi Basarri (1913-1999) gazteak jantzi zuen txapela. Hori bai, 1936an beste bertso lehiaketa bat egin zuten, eta orduko hura Txirritak irabazi zuen. Uztapide (1909-1983) eta Zepai (1906-1971) gazteak ere nabarmendu ziren.

-1936ko gerraren ondorio, errejimen politiko gogorra jasan zuten bertsolariek, batez ere 1940 eta 1960 urteen artean. Basarri eta Uztapide bikoteak Euskal Herriko plaza askotan jardun zuen, oztopoak oztopo.

-1960tik aurrera, txapelketetatik aparte, bertsolaritza errepresio sozialaren aurkako aldarrikapen bide bihurtu zen (jardun horren adibide: Lopategi eta Azpillaga hegoaldean eta Xalbador eta Mattin iparraldean).

-1980ko Euskal Herriko Txapelketa  Xabier Amurizak (1941-) irabazi zuen (eta 1982koa ere bai). Amurizak bertsokera berria ekarri zuen, euskara landua, eta hiztegi errimatua ere egin zuen, sortu berri ziren bertso eskoletarako.

-Lehen bertso eskolak 70eko hamarkada erdialdean sortu ziren. 80ko hamarkadan zabalkunde masiboa izan zuten.

-1977. urtetik aurrera, bertso jaialdiek gora egin zuten. Bertsolari eskoletako lehen belaunaldiak plazaratu ziren: Sarasua, Euzkitze… tartean baita lehen neska bertsolariak ere (ordura arte, emakume bertsolarien jarduna oso mugatua zen; ikus historiako emakume bertsolariak).

-Bertsoak telebista, irrati eta egunkarietara salto egin zuen. Eta pixkanaka bertsolaritza dibertsifikatzen (bertso-tramak, bertso-musikatuak...) eta sofistikatzen (unibertsitate ikasketadun bertsolariak…) joan zen.

Utzi zure ekarpena