XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran baziren bertsotan egiten zuten emakumeak, baina pixkanaka desagertzen joan ziren. Bost emakumeren adibideak jaso ditugu bideo honetan: Joxepa Antonia Aranberri "Xenpelar", Joxepa Matea Zubeldia, Placida Otaño eta Mikaela eta Joxepa Iñaxi Elizegi.
Mailak: LH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Balio etikoak
Gaiak: Genero-berdintasuna, Bertsolaritza
Ikasleengan bultzatzen diren jarrerak
Bideoa ikusi aurretik
Aurrezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderak egin ditzakegu, bideoa sasoi bateko emakume bertsolariei buruz dela esanda:
-Ba al zegoen bertsolaririk XIX. mendearen amaieran eta XX. mende hasieran? Baldin bazegoen, gizonezkoak ala emakumezkoak izango ziren?
-Iparragirre, Txirrita, Xenpelar... ezagunak egiten al zaizkizue? Esan sasoi hartako emakume bertsolari batzuen izenak.
-Nola irudikatzen duzu bertsolari bat XIX. mendean? Nola ikasten zuten bertsotan? Non kantatzen zuten?
-Orduko bertsolariek jakingo al zuten idazten eta irakurtzen? Ikasketarik izango al zuten? Zer klase ekonomikoko familia izango zuten?
-Nolakoa zen emakumearen bizimodua (aisialdia, adibidez) garai hartan? Zer pisu izango zuen erlijioak euren bizitzetan?
Bideoa ikusi bitartean
Bideoa ikusi ondoren
-Bideoan bost emakume bertsolari aipatzen dira. Ezagutzen al zenituzten?
-Gehienak gizonezko bertsolari ezagunen familiakoak dira eta Aita Zabalak egindako bertso bilketari esker daukagu haien berri. Zuen ustez, sasoi hartan uste duguna baino ohikoagoa izango al zen emakumeek bertsotan egitea?
-'Plaza'ren kontzeptua aldatu egin da. Gaur egun, non egiten da bertsotan (bertso-saioak, txapelketak, bertso-afariak, bertso-poteoak...)? Eta nolakoa zen garai bateko "plaza" (iturria, auzoa, plaza, etxe-ataria, sagardotegia, taberna...)?
-Emakumeak jendaurrean kantatzea gaizki ikusita zegoen XIX. mende bukaeran, besteak beste, Elizaren eraginez. Bideoan zein dira egoera horren zantzuak? (Zubeldiaren alabak lotsatu egiten ziren amaren jokabidearekin. Placida Otañori "gallarda airosa" zela esan zioten, lotsagabea).
-Hala ere, bideoko emakumeak ez ziren etxe-txokoan kantatzera mugatu (Xenpelarrek lantegian kantatu zuen, Zubeldiak etxeko balkoitik eta plazan mahai gainera igota, Iñaxi Elizegik sagardotegian eta Placida Otañok Txirritari erantzun zion). Zuen ustez, ausardia berezia al zuten? Ala naturaltasunez egiten zuten?
Emakume bertsolari guztiak beltzez jantzita eta tapa-tapa eginda ageri dira argazkietan, serio-serio.
Batek gurutzea darama lepotik zintzilik. Horri buruzko hausnarketak egin daitezke.
3. XX. mendean ezagutu dugun bertsolaritza eredu maskulinoetan oinarritu da. Mende hasieran, bertsolari izatea alferkeriarekin eta mozkorkeriarekin lotzen zen eta gizonezko bertsolariek ere ez zuten ospe onik. Emakumeek, berriz, eremu pribatuan kantatu behar izaten zuten. Sagardotegietan eta tabernetan batik bat gizonezkoek kantatzen zuten. Bertso-txapelketetan eta bertso-saioetan ere bertsolariak gizonezkoak izaten ziren. Kristina Mardaras eta Arantzazu Loidi izan ziren bertso-txapelketetan parte hartu zuten lehen bi emakumezkoak, 80ko hamarkadan.
Horregatik, irudipena izan dezakegu beti horrela izan dela, baina dokumentuek kontrakoa erakusten dute: alegia, garai batean ohikoa zela emakumeek bertsotan egitea. Gainera, emakumeak aurretik ere egon ziren oholtza gainean: Lore Jokoetako bertso-lehiaketetan hartu zuten parte XIX. mende bukaeran.
Gaian sakontzeko, bertsolaritzari buruzko beste hiru bideo hauek ere ikus daitezke, eta komentatu:
4. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke, talde txikitan. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin dezakete.
Hona hemen XIX. mendean Lore Jokoetan parte hartu zuten emakumeen izenetako batzuk: Dominika Hiribarren, Hondarribiko Joxepa, Marieder Uthurralt, Dominika Goyhetche, Mari Luixa Erdozio, Aña Etxegarai `Aña debrua´, Marie Hargain... (artikulu honetan ere aipatzen dira Hargain eta Etxegarai. Apaizen begiradapean kantatzen omen zuten. Elkarrizketa interesgarria egin zieten 1896an). Erdoziok eta Etxegaraik bat-bateko bertso lehiaketa batzuk irabazi zituzten.
Patxi Etxeberria bertsolariak Aginagako Mikela Ignazia Gaztelu aipatzen du pasarte honetan, anaiekin etxean kantatzen zuen beste bertsolari bat.
Jendaurreko ikuskizuna ohiko bizibidea zen garai batean itsuen artean. "Asteasuko itsuek" bertsoa zuten diru-iturri: bertso sortak sortu, kalean kantatu eta bertsopaperak saltzen zituzten. Bi lehengusu, biak itsuak, ziren hala ibiltzen zirenak, euren emazteekin: Asteasuko Jazinta Arruti eta Elgoibarko Juana Manuela Irusta. Plazan, jendaurrean, sekulakoak eta bi esaten zizkioten elkarri senar-emazteok, bertsotan. Eta, ondoren, bertso horiek inprimatuta saltzen zituzten.
Talde txikitan banatuta, talde bakoitzak emakume bati buruzko ikerketa egitea proposatzen dugu. Horretarako, zerrenda bat egin daiteke lehenengo, eta, ondoren, aukeraketa, denek pertsona bera ez aukeratzeko. Laguntza pixka bat: Orainmenean liburua eta Bertsoikasgelako eta EKEko artikuluak.
Proposamena: Sasoi bateko emakume bertsolarien ahalik eta argazki zein informazio gehien lortzea. Izen berriak lortuta, zerrenda osatzen joatea.
Talde bakoitzak egindako lanaren aurkezpena egingo du, ahoz, gelakideen aurrean. 5-10 minutuko aurkezpen laburrak izango dira. Puntu hauek izan ditzakete kontuan:
|
Bukatutakoan, posible da lortutako informazioarekin panel bat osatzea denen artean.
Kopla txiki herrikoi batzuen adibideak:
8 silaba……………Mendi altuen edurre 8 silaba……………bota sutera egurre 8 …………………...alaba galanten amak 8 …………………...mutil zantarren bildurre
7 silaba……………Josetxo Olaberriko 6 silaba……………zer dezu negarrez? 7 …………………...Amak tabernarako 6 …………………...dirurik eman ez. |
Koplak sortuko ditugu, gustuko doinuren bat aukeratu ostean (hemen adibide batzuk: Ezagutzen ez bagaitu, Leku izenak asmatzen, Parrandako kontuak, Puntuka librean, Euskaldun berria eta zaharra... gehiago hemen).
Posible da kopla zaharren bertsioak egitea eta baita kopla edo bertso berriak hutsetik sortzea ere. Gai librean sortuko dituzte koplak. Binaka egin daiteke, gero kantatzeko joko handiagoa ematen duelako. Aukera bat: koplak bideoan edo audioan grabatzea, gero berriro entzun eta ikusi ahal izateko.
Istorioak benetako pertsonaietan oinarrituta egon daitezke edo asmatu egin ditzakete. Benetako pertsonaien adibideak:
Hurrengo puntuak jorratu daitezke:
|
Antzezlanean bertsoak baldin badaude, kopiak publikoaren artean banatu daitezke, denek batera kantatu ahal izateko.
Inportantea izan daiteke sentimenduei buruz hitz egitea: batetik, ea nola sentitu diren antzezlana sortzen eta antzezten, eta, bestetik, protagonistari buruz sentitzen dutena: ea enpatiarik sentitzen duten, ea irudikatzen ote duten egoera horretan beraiek zer egingo luketen...
Antzezlanak grabatu egin daitezke, eta ikastetxeko webgunera igo edo sare sozialen bidez parteka daitezke.
5. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpenak eta emanaldiak.
Ebaluazio-irizpideak
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
Ikaste-prozesuari buruz
Bere komunikazio-gaitasunei buruz
Talde-lanari buruz
Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk, ikasgaiko konpetentzia espezifikoekin lotutakoak:
1. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
2. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
4. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
5. konpetentzia espezifikoarekin lotuta
Joxepa Antoni Aranberri `Xenpelar´ (Errenteria, 1865-1943)
Estitxu Eizagirre (Hernani, 1979): Bai, Xenpelar famatuaren iloba. “Hiri” batean jaiotakoa, Errenterian jaiotakoa eta fabrikan lana egindakoa, ez? Eta, bueno, horrek eman zion bestelako bizitza batekin, ez?
Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein, 1994): Joxepa Antoni be zan oso emakume ausarta, oso ideologi politiko tradizionaleku, gaiñera. Eta, gaiñera, ideak oso argi. Ordun, bertso-sorta asko idazten zittun gai politikukin, gerra, mundu maillako gerrei, herriko kontuei, ermittei... gauza asko. Ta gero ezagunek ein die-edo neska zaharren kontra idatzi eban tipo batek eta irabazi eban bertso sariketa bat garai hartan, ba, neska zaharrei barre eiñaz edo, eta berak, neska zahar modun, erantzun otsen bertso-sorta oso on batekin. Eta hori… oin dala…oin da pixkat gure himnua edo.
Anabel Ugalde (Arrasate, 1956): Horrek Elizalderi, bai, Rikardo Elizalderi uste dut egin ziola kontra.
Estitxu Eizagirre: Eta, era berean, fabrikako langile izateak, ba, emango zion autonomia eta… ez? Emakume bezela ere emango zion autonomia. Eta beharbada hortik ere ulertzen dira bere bertsoak, ez? Ba neskazaharren alde, eta… bueno. Eta baita ere lantokian kantatzen zula, ez?
Joxepa Matea Zubeldia (Hernani, 1867-1947)
Estitxu Eizagirre: Joxepa Matea Zubeldia, Hernanin jaiotakoa, 1867an. Madridera jun zan neskame, hango batekin ezkondu zan, han ume batzuk euki zitun… Gero bueltatu ziran Hernanira. Etxean beti euskeraz egin zien seme-alabei. Eta gero denda bat ireki zun. Bere senarrak oso osasun txarra zeukan lanean gaixotu zalako eta hola, eta honek denda ireki zun eta denda berak eramaten zun aurrera. Eta etxeko balkoitik kantatzen omen zun herriko beste bertsolari batekin, hura pasatzen zanean etxe azpitik, bertsotan iten omen zuten elkarri.
Anabel Ugalde: Eskolatua zen, bazekien idazten-eta, eta izugarri gustatzen omen zitzaion poesiak eta kantuak idaztea eta koadernoak omen zituen, berak egindakoak, bikainak, letra onaz eta bikainak. Eta bertsolaria zen.
Estitxu Eizagirre: Aipatuko nituzke, pues, hori, Joxepa Matea Zubeldiak jarritako bertso jarrik, ez? Hori bazekiten herrian bazeudela Baztangari jarritako bertsoak, hori bazekiten, baino izena ez zun inork esaten. Eta hartu nunean eta ikusi nunean emakume bat zala egilea, kriston sorpresa hartu nun! Kontatzen dan eszena, ba, bueno, erresistentzia borroka bat da, emakumeek aurrera eramandakoa, gaiñera, esaten dana etxean bazkaria prestatu gabe utzita atera dira kalera, ez? Eta, hori da, emakumeek egindakoa.
Anabel Ugalde: Eta berak, mahaira igota, bertsotan kantatu zuen, ba, baztanga epidemia horren inguruan gertatutakoa.
Estitxu Eizagirre: Bazkalostean aulki bat jarri omen zun mahaiaren gainean, hara igo eta han kantatu omen zituen bertso hoiek, ezta? Joxepa Matea hil zenean, bere alabek, hainbesteko lotsakin bizi zuten bere ama bertsolaria izatea eta bere amak… eszena hori ere kontatzen omen zuten: “Gogoratzen zea ze lotsa gure ama Tilosetan igo eta hori kantatu zunekoa?”, ez? Ba, ama hil zenean, erre zituzten bere koaderno guztiak.
Anabel Ugalde: Alabak ya guztiz barneratuta zeukaten ze emakume mota behar zen. E? Ez zela egokia balkoian edo leihotik bertsotan egitea edo han Tilosetan mahaira igota bertsotan jardutea. Hori ez zala behar den emakume bati zegokion itxura. Eta Matea Joxepak idatzitako koaderno guztiak, alabak, lotsatu egiten zirelako –segurutik damututa egongo lirateke gaur egun, baina bere garaiko neskak ziren–, erre egin zituzten koadernoak.
Placida Otaño (Zizurkil, 1867-1954)
Estitxu Eizagirre: Placida Otaño zein zan? Ba zan Joxe Bernardo Otaño bertsolariaren alaba. Joxe Bernardo Otaño bertsolari oso ezaguna eta haundia zan eta bere alaba zan Placida, baita ere bere alaba zan bezela Adriana. Placida eta Adriana ahizpak ziran. Eta hauek ziran Pedro Mari Otaño bertsolari oso ezagunaren lehengusuak. Eta, bueno, Placida honek ikusten da bertsotan egiten zuela. Bere… Adriana bere ahizpak ere esaten zun –liburutan dao idatzita bere testigantza–, ba, nola Joxe Bernardo bere aitak egunerokoan bertsotan iten zun eta beti zeukan edo alaba Placida edo beste anaien bat bertsotan egiteko prest. Ez?
Anabel Ugalde: Placida Otaño ere bertsolari familiakoa zan eta bertsotan sano egiten zuen. Honek euki zuen ika-mikaren bat, `Txirrita´rekin uste dut. Bai. Eta `Txirrita´ri aurre egin zion. Zergatik ez? Ez ziren lotsatzen.
Estitxu Eizagirre: Eta baita ere badakigu asko kantatzen zula, ze `Txirrita´ri erantzun zion bapatean, ez? Ordun, `Txirrita´ garai hartan ere –gaur egun mitoa da, baina– garai hartan ere izango zan ospe handienetakoa zeukan bertsolari... beida zer zan, ez? Eta, ikusten danez, Placida lanean zebilen soroan, eta `Txirrita´ jun zan Jose Bernardorengana, Placidaren aitarengana, lagunak zialako, bixitan edo, ez? Hernanitik Zizurkilera. Eta etxera bidean zihoala, Placida ikusi zun eta, ordun, `Txirrita´k bota zion bertso pikante bat, esanez “erropa gutxikin zabiltza eta, hola, neguan gaude eta zu ya erropa gutxikin, ba, udara iristen denean nola ibiliko zea”. Ez? Oso sexuari lotutako bertso bat. Eta Placidak erantzun egin zion, zapla. Ez? Gutxi gorabehera esaten dio “ba holako gauzakin bildurtzen baldin bazea, sartu zaitezke fraile konbentu batean”. Ez?
Teodoro Mujika (Zizurkil, 1924): Indirekta gehiegi botatzen ziyuen Placidai. (Emakumia zelako?) Bai, ta gero atrebida edo… pixkat gallarda. Bat kantatuko dizut o zeatuko dizut. Juan Joxe Beldarrain. Eta harekin enamoratuta hau zeon pixkat, nonbait. Eta biyak edadekuak ta gaztiak eta...
Placidak entzuten du Juan Joxeren boza
sentitzen duenian hartzen duen poza.
Neska xume batekin nahi nuke esposa,
eta ez zu zeran bezin gallarda airosa.
E? Ez zula nahi halako zeaik. Oso zea omen zan ba.
Estitxu Eizagirre: Noski, Aita Zabala jun zan herriz herri galdetzera: “Aber, zer dakizue Pedro Mari Otañori buruz? Zer dakizue Pello Errotari buruz?”. Ordun, hoiengatik galdetu zun eta hoiei buruz zekitena erantzun zioten. Ez dakit, esaten detena. Ordun, normala da ere bertsolarien seme-alaben bertsoak guri iritsi izana eta izen hoiek iritsi izana, ze abiatu gea izen batzun billa. Aldameneko etxean egongo zan beharbada emakumezko bertsolari bat Placida Otaño bezain abila, edo igual abilagoa, baina beregatik ez da galdetu. Zergatik ez da galdetu? Ba beharbada bere etxean ez zegoelako gizon ezagun bat liburua egin nahi deguna gizon horri buruz, ez?
Mikaela Elizegi `Txintxarri´ (Asteasu, 1869-1967) / Joxepa Iñaxi Elizegi (Asteasu, 1864-?)
Estitxu Ezagirre: Pello `Errota´ren arreba bazan bertsolaria, eta gero, besteak ziran Joxepa Iñaxi Elizegi, 1864an jaioa, eta Mikaela Elizegi, 1869an jaioa.
Nerea Ibarzabal: Hemen marraztu doguz errota baten bueltan, ba, bere alabak.
Anabel Ugalde: Hoiek etxean bertsoa biziko zuten naturaltasun osoz. Zergatik ez zuten egingo?
Estitxu Eizagirre: Justu Iñaxi Elizegi zan bertsotan gehien egiten zuna. Eta, bueno, han badauzka berak bertsoak sagardotegian kantatutakoak. Sagardotegian, erantzunez. Sagardotegira jun eta gizonen batek zirikatu eta berak bertsotan erantzundakoak. Horrelakoak bi pasarte dauzka. Ordun, emakumeek ez zuten tabernan kantatzen? Bueno, ematen du baietz.
Nerea Ibarzabal: Askotan pasatzen zan: ba etxin egon ezkero gizon bat ezagune zana, semiek jaixo izen balitzez, igual semiai bai eskatuko jakon edo transmitiduko jakon edo jentik bai aitortuko otsen garai hartan bera be ahal zala izen bertsolari. Baiña alabak bertsotan in arren, ba, bueno, argi zauen hori ez zala izengo euren bidea. Eta, bueno, ba...
Teodoro Mujika: Hor bestia Mikaela zan, Pello `Errota´n alaba. Zabalak hala esaten zun: “Hua, gaurko egunez izan balitz, bersolariya seguru!”.
Estitxu Eizagirre: Mikaela Elizegik bertso jarriak badauzka, aitaren bertso asko gorde zitun gogoan eta bera izandu zan lekukotza eman ziona Antonio Zabalari, eta berari esker egin da holako liburu ederra.