Emakumeak bertsolaritzan XV-XIX

XV. mendetik XIX. mendera bitartean bertsotan egiten zuten emakumeen berri ematen du bideo honek. Anabel Ugaldek eta Estitxu Eizagirrek sasoi bateko dokumentuak aztertu dituzte eta, haien arabera, ohikoa zen emakumeek bertsotan egitea.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura, Balio etikoak

Gaiak: Genero-berdintasuna, Bertsolaritza

5 puntu 5 izarreko maximotik
Iritzi 1 guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:

  • Bertso munduko emakumeen historia ezagutzeko interesa
  • Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Emakumea gutxietsi eta diskriminatzea dakarten estereotipo, aurreiritzi eta rolak baztertzea
  • Sexu-diskriminazioarekin kritiko agertzea
  • Emakumeen ahalduntzerako tresnak ezagutu eta erabiltzeko gogoa

 

Bideoa ikusi aurretik

Aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderak egin ditzakegu, bideoa sasoi bateko emakume bertsolariei buruz dela esanda:

-Ba al zegoen bertsolaririk XV. mendean? Baldin bazegoen, gizonezkoak edo emakumezkoak izango ziren?

-Nola irudikatzen duzu bertsolari bat XV. edo XVI. mendean? Zer klase ekonomikoko familia izango zuen? Ikasketarik izango al zuen?

-“Eresi” hitzak zer ekartzen dizue burura?

-Nor izango ote ziren "profasadorak"?

-Ba al dakizue zer diren bertsopaperak? Zergatik zabaldu ziren hainbeste?

-Ba al dakizue zer ziren Lore Jokoak?

 

Bideoa ikusi bitartean

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu.
  2. Bideoan zehar ulertzen ez dena azaldu, eta behar beste aldiz ikusi. Hiztegi aldetik dituzten zalantzak argitu. Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

  1. Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-Zer iruditu zaizue bideoa? Zer da gehien harritu zaituztena?

-Bideoan esaten da emakumezkoek sortutako bertso eta poema oso gutxi iritsi direla gaur egunera. Zergatik ote? Noiz geratzen ziren jasota?

-Estitxu Eizagirrek esaten du emakumeek zein gizonezkoek kantatzen zutela, baina ez dakigula zer balio emango zitzaion bakoitzari. Zuek zer uste duzue?

-Bertsopaper ugari anonimoak zirela aipatzen da bideoan. Zergatik izango ote zen?

-Emakumeak plazetatik erretiratzen hasi ziren XIX. mendetik aurrera. Zergatik?

 

XX. mendean ezagutu dugun bertsolaritza eredu maskulinoetan oinarritu da. Bertso-txapelketetan eta bertso-saioetan bertsolariak gizonezkoak izaten ziren. Sagardotegietan eta tabernetan ere batik bat gizonezkoek kantatzen zuten. Kristina Mardaras eta Arantzazu Loidi izan ziren bertso txapelketetan parte hartu zuten lehen bi emakumezkoak, 80ko hamarkadan. Horregatik, irudipena izan dezakegu beti horrela izan dela, baina dokumentuek kontrakoa erakusten dute: alegia, garai batean ohikoa zela emakumeek bertsotan egitea.

Gainera, emakumeak aurretik ere egon ziren plazan: Lore Jokoetako bertso lehiaketetan hartu zuten parte (Lore Jokoak literatura eta poesia sustatzeko sortu ziren), idatziz zein bat-batean. Hona hemen izenetako batzuk: Dominika Hiribarren, Hondarribiko Joxepa, Marieder Uthurralt, Dominika Goyhetche, Mari Luixa Erdozio, Aña Etxegarai Aña debrua (Marie Hargain bertsolariarekin aritzen zen bat-batean)... Erdoziok eta Etxegaraik bat-bateko bertso lehiketa batzuk irabazi zituzten.

Aña Etxegarai. Iturria: BDB

 

Emakume horien biografiei erreparatu (artikulu honetan ere aipatzen dira Hargain eta Etxegarai. Apaizen begiradapean kantatzen omen zuten), eta komentatu.

Gaian sakontzeko, bertsolaritzari buruzko beste bi bideo hauek ere ikus daitezke:

  • Bertsolaritzaren bilakaera (XX). Bertsolaritza oso maskulinizatua egon zen bideoan azaltzen den garaian eta, gainera, historia gizonezkoen ikuspegitik kontatua dago. Kontrastea handia da, aurreko bideoarekin alderatuta.
  • Emakumeak bertsoen plazan. Gaur egun bertsotan dabiltzan hainbat emakumeren testigantzak: emakume izateak nola baldintzatu duen beren bertso-ibilbidea.

 

3. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke, talde txikitan. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin de

 

  • “Hitzen arrastoan”. Milia Lasturkoren eresiaren bertsioak egitea da proposatzen dena, eta, horretarako, abestiaren letra aztertzea eta hitzekin jolastea.

 

Ikus Wikipedian Esteban de Garibaik jasotako Milia Lasturkoren eresiaren letra eta azalpenak (hitzen esanahia). Milia Lasturkoa gazterik hil zen, erditzeko orduan, Arrasaten, XV. mendearen lehen erdialdean. Eresia horretan, Miliaren ahizpak eta koinatak Milia Lasturkoaren heriotza dute kantagai. Lehen lau estrofetan, Miliaren ahizpak adierazten du Peru Gartzia Orokoa senarrak ez diola tratu onik eman Miliari, eta Arrazolako Marinarekin ezkontzeko asmoa duela salatzen du. Bosgarren eta seigarren estrofetan, Peru Gartziaren arrebak, Santxa Ortizek, hartzen du hitza, anaiaren alde egiteko. Azken hiru ahapaldietan, Miliaren ahizpa mintzo da ostera. Miliaren heriotzak bi familien ohorea auzi bihurtu zuen. Eresiaren jatorria ezagutzeko, Anabel Ugalderen bideo-pasarte hau ere ikus daiteke: Eresiak, hiletako bertsoak.

Eresi horrekin hainbat bertsio egin dira, musika estilo ezberdinetan. Hona hemen batzuk:

 

Taldeka, jatorrizko eresia gaur egungo hizkera informalera itzultzea proposatzen dugu (horretarako, jatorrizkoa aztertu eta ulertzea komeni da) eta eresia osoa edo zati bat musikatzea. Talde bakoitzak nahi duen estiloa erabil dezake (rocka, rapa, technoa, folka…) eta baita musika tresna edo ordenagailua (sintetizadore bezala). Posible da baita ere Lasturko Miliaren historian inspiratutako beste pieza bat sortzea (poema, kanta, bertsoa...).

Egindako lana gelakideen aurrean aurkeztuko dute taldeka. 

 

  • “Bestearen azalean”. Bertsoak sortzeagatik epaituak izan ziren emakumeen azalean jarriko dira ikasleak, eta antzezlan laburrak sortuko dituzte: epaiketak antzeztuko dituzte.

 

“Profasada” hitzak esamesa esan nahi du; besteei buruzko bertsoak egiten zituzten emakumeei "profasadorak" deitzen zieten. Batzuk epaituak izan ziren egindako bertsoengatik. Gaiari buruz gehiago jakiteko, Ahotsak-eko testigantza gehiago entzun daitezke: adibidez, “Profasadak” edo emakume bazter-endredaitzaileak, “Profasadorak” edo jarrera desegokiak zituzten emakume bertsolariak, Profasadorak bertsotan ibiltzen ziren eta Profasadoren epaiketak.

Epaiketa horietako bat irudikatzea, eta antzezlan bat sortzea proposatzen da. Gela talde handietan banatuko da (8-10 ikasle) eta talde bakoitzak profasaden inguruko istorio bat sortu, idatzi eta antzeztuko du.

  • Nor dira epaituak?
  • Nork eraman ditu epaitegira? Zergatik?
  • Istorioaren laburpena
  • Bertsoa(k)
  • Pertsonaiak (epailea, akusatzaileak, akusatuak-epaituak, testiguak...).

 

Hurrengo puntuak jorratu daitezke antzezlanaren barruan:

  • Emakumeak non biltzen ziren
  • Nolakoak ziren: familia-mota, lanbidea, janzkera…
  • Txutxu-mutxuaz nola eta non enteratzen ziren
  • Bertsoak nola sortzen zituzten eta kantatzen nola hasten ziren
  • Koplak edo bertsoak herrian nola zabaltzen ziren: merkatuan, tabernan, etxean…
  • Kaltetua nola enteratzen zen eta horrek berarentzat zituen ondorioak
  • Salaketa eta epaiketa
  • Epaiketaren ondorioak

 

Antzezlanean bertso edo kopla bat sortu beharko du talde bakoitzak, eta kantatu ere egin beharko dute, baina antzezlana hitzez egingo da. Horretarako, gidoia idatziko dute, pertsonaia bakoitzak esango duenarekin. Eszenografia eta jantziak ere zaindu egingo dira. Sortutako bertsoaren kopiak publikoaren artean banatuko dira, guztiek batera kantatu ahal izateko.

Antzezlanak grabatu egin daitezke, eta ikastetxeko webgunera edo Youtubera igo daitezke.

 

  • “Gaur egunera begira”. Gaur egunera begira ipiniko dira ikasleak, eta euskal musikagintzako uzta betaurreko moreekin aztertuko dute.

 

Garai bateko kanta-paperak eta bertsopaperak gaur egungo diskoen parekoak izango lirateke. Izan ere, horixe zen sortutako abestiekin dirua eta ospea lortzeko bidea. Billboard astekari estatubatuarraren zerrendaren arabera, 2022an kontzertuekin diru gehien irabazi zuten 10 musikariak gizonezkoak izan ziren:

Bad Bunny 373 milioi dolar (65 kontzertu)
Elton John 334 milioi dolar (84 kontzertu)
Ed Sheeran 246 milioi dolar (63 kontzertu)
Harry Styles 214 milioi dolar (71 kontzertu)
Coldplay 208 milioi dolar (40 kontzertu)
The Rolling Stones 179 milioi dolar (20 kontzertu)
Red Hot Chili Peppers 176 milioi dolar (31 kontzertu)
Def Leppard & Mötley Crüe 173 milioi dolar (35 kontzertu)
Kenny Chesney 135 milioi dolar (41 kontzertu)
The Weeknd 131 milioi dolar (19 kontzertu)

Iturria: Billboard.com

 

Euskal Herriko musika taldeei begira jarriko gara. Azkenaldian plazaratutako diskoei eta kontzertuak ematen dabiltzan musika taldeei begira, zehazkiago. Badok.eus webgunean "Azken diskoak" zein izan diren ikusteko aukera dago. Gauza bera egin daiteke kontzertuekin: kontzertuen agenda begiratu eta aztertu.

  • Aukeratu disko/kontzertu batzuk (kopuru handi samarra izatea komeni)
  • Zenbat musikari dira gizonezkoak eta zenbat emakumezkoak? Atera ehunekoak!
  • Emakumezkoak dauden musika taldetan denak emakumeak dira ala gizonezkoak ere badaude? Eta alderantziz?
  • Emakumeen lanei erreparatu. Abesti bat aukeratu, eta gelara eraman (ezagutzen ez zituzten musikariak aukeratu ditzakete).

 

Talde txikitan egin daiteke ariketa hau. Euskal musikagintzaren erradiografia modukoak egingo dituzte ikasleek, emakumeen lanak nabarmenduz.

Talde bakoitzak egindako azterketa gelakideekin partekatuko du, aurkezpen txiki baten bidez, eta iritzi-trukea sustatuko da.  

 

4. Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, ahozkotasuna lantzeko.

 

Ebaluazio-irizpideak

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

  • Ea gaiak bere interesa piztu duen.
  • Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

 

Ikaste-prozesuari buruz

  • Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
  • Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
  • Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
  • Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

 

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

  • Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.
  • Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
  • Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

 

Talde-lanari buruz

  • Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
  • Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.

 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:

  • Ea buruz dakizkien bertsoak eta kantuak (tradiziokoak nahiz egungoak), eta errezitatu nahiz abesten dituen.
  • Ea interpretatzen duen euskal kulturako ondarean aurkitu daitezkeen adierazpen, esaera edota bertsoen esanahia.
  • Ea literatura-adierazpen herrikoietatik jasotako adierazpen-baliabideak sormenez erabiltzen dituen.
  • Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak.
  • Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.
  • Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak.
  • Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.
  • Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean.
  • Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen.
  • Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen.
  • Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia.
  • Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak.
  • Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.
  • Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen.
  • Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei.
  • Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.
  • Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.
  • Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.
  • Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.
  • Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.
  • Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.
  • Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.
  • Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.
  • Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…).
  • Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.
  • Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak.
  • Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen.

Gutxienez XV. mendetik, eresigileak

 

Anabel Ugalde (Arrasate, 1956): Euskal Herriko emakumeek betik egin dute bertsotan.

Estitxu Eizagirre (Hernani, 1979): Jasota dauden lehen emakumeen zeak, ba, eresiak dira, XV. mendekoak eta jasota iritsi zaizkigunak dira, bueno, familia oneko edo klase altuko emakumeek sortutakoak.

Anabel Ugarte: Esteban de Garibaik jaso zituen bere amandreak kantatzen zituenak, eta berari esker dakizkigu kontu hauek. Hau da, ba, adibidez, Santxa Ozaetakok, senarra hil zutenean bandoen arteko gerretan, zelan kantatu zion senarrari. E? Eta zela esan zuen Aramaio erreko zuela, Aramaiokoak zirelako hiltzaileak. Eta badakigu bere senarraren hiletan izan zela hori. Eta, gainera, Garibaik esan zigun kantu hauen izenak zirela eresiak. Berari esker dakigu hiletetan Euskal Herriko emakumeek kantatzen zizkietela familiakoei eresia hauek.

Estitxu Eizagirre: Haiek sortzeak ez du esan nahi besteek sortzen ez zutenik, ez? Beste gauza bat da zergatik batzuk iritsi diran eta besteak ez diran iritsi edo, beharbada, ba, eresia hoiek hiletetan kantatzeko, ba, beharbada familia batzuek bazuten autoridadea eta beste famili batzuek ez zuten? Hori da ez dakiguna, ez?

Anabel Ugalde: Badakigu hileta hauetan emakumeek kantatzea ohikoa izaten zela. Baina fenomeno hau ez da bakarrik Euskal Herrikoa: bost kontinenteetan antzeman da emakumeak zirela zeregin hauetan ibiltzen zirenak. Eta zeregin hauek debekatu egin zituzten. Debekatu egin zituzten, ez zirelako bakarrik izaten kantuak, izaten zirelako, bueno, keja izaten zen elizgizonena-eta izaten zen, emakumeek espektakulua egiten zutela euren uluekin, euren aienakin, mina adierazteko, ba, iletik tiraka, erropak urratu... denetik egiten ei zuten. Eta debekatu egin zuten. Baina debekatu arren, jarraitu egin zuten, eta dokumentatu izan dira XX. mendean ere Bizkaiko herriren batean –hasieran, e– egiten zirela horrelakoak.

 

Gutxienez XV. mendetik, “profasadorak”

 

Anabel Ugalde: Bizkaiko Foru Zaharrean aipatu zuten lehenengo aldiz hitza, "profazada" hitza; bere esangura ei da, ba, irainak, gaizki-esanak, esamesak...

Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein, 1994): Ba profasadorak zin emakume batzuk XIV.-XV. mendien bizi omen zienak. Dakigu eurei buruz edo dakigu existidu ziela agertzen dalako 1452ko Bizkaiko foru legeak debekatu egin ebala euren jardune, bueno, ba, esanez bazter nahasle batzuk zirela, zoro batzuk, ez dakit zer… eta, gainera, kasu askotan prostituziñoiaz lotzen ei zan euren figura, ba, izengo zielako andra ausartak eta, bueno, ba, espazixua hartzen ebenak eta kantetako ohitturie zaukienak.

Anabel Ugalde: Salaketa hauek izaten ziren, ba, emakumeak barre egiten zutelako, ba, batean botikarioa andrazalea zelako eta kontatzen zituztelako... gona kontuak-eta izaten ziren askotan.

Estitxu Eizagirre: Emakume batzuek beharbada taldean elkartuta-edo jartzen zituzten bertsoak. Askotan zian sexua gaia zeukatenak edo garai hartan ondo ikusiak ez zeuden ekintzak-edo kontatzen zituztenak eta, bueno, ba, hori dena mozteko, joera hori mozteko, ba, auzitegietara eramaten zituzten, zigortuak izan ziren eta horrela, ez?

Anabel Ugalde: Bata kartzelan ere egon zan. Eskoriatzako emakume bat, Eibarren egon zana lanean, eta kartzelan euki zuten.

Estitxu Ezagirre: Badaude horrelako kasuak  garai oso desberdinetan zehar eta toki desberdinetan. Eibarren, esaterako, edo, bueno, Asteasuko bat da nik kontatuko dudana. Ez? Asteasuko kasu hontan badaude lau emakume bertsolarik egindakoak. Eta, ordun, auzitan jartzen da: emakume honek, honek eta honek bertso hauek jarri dituzte nere alabagatik. Ez? Eta gaia sexua da. Eta, ordun, bertso hoiek hor gelditu ziren idatzita. Ez? Lau emakume, beraien artean adin diferentzia hainbeste daukatenak eta abizen desberdinak dituztenak, nun elkartzen dia bertso batzuk iteko?

Anabel Ugalde: Ez zekiten irakurtzen eta idazten, analfabetoak ziren, baina hizkuntzarekin jolas egiteko gaitasun ikaragarria zeukaten. Eta emakume hauek izaten ziren, ba, ehungileak, bueno, josten ari zirenean, hariginen zeudenean, ehuna egiten ari zirenean... sukaldeetan egiten zuten, ba, ji-ji, ja-ja.

Estitxu Eizagirre: Ez dakigu ze formatutan zeatu zan, baiño desdeluego salaketa jartzen zan: “gazte guztik ikasi dituzte eta, klaro, buruz ikasten dituzte eta hori ya ezin da frenatu”. Ez? Eta ordun ya publizitate txar hori bere alabarekiko, ba, hori zabalduta zegola, ez?

Anabel Ugalde: Eta oso politta da esaten dutelako bertsoak –eta bertso hitza aipatzen dute– bertsoak oso kaltegarriak izan daitezkeela, ba, jende gazteak kantatu egiten dituela, buruz ikasi, eta gero faran-faran, firin-faran hor dabiltzala danak bere alabaren kontu sekretu hoiek kontatzen. Eta ya bertsoak aipatzen dituzte. 1816an.

Estitxu Eizagirre: Iruditzen zaigu emakumeak izan diala lotsatiak, txintxoak, esanekoak, etxeko lanak egiten zituztenak... ez dakit… purutasuna, pulkroa, sexuataz ezin zuten hitz egin, dena tabua, dena ez dakit zer... Bueno, hori da saiatu dirana Eliza, eskola, frankismoa... saiatu dira emakumeak hola izan daitezen, baiño horren aurreko emakumeak ez ziren batere hola eta “de hecho” horregatik hainbeste enpeño euki zuten denak horrera eramateko.

 

XIX. mendera arte, parez pare bertsotan

 

Anabel Ugalde: XVIII. mendean, Mogel osabak esaten du hemen oso ohikoa zela mutilak zein neskak bertsotan egitea, oso-oso ohikoa. Eta Euskal Herrira etorri ziren kanpotarrak ere, XIX. mendean eta, jaso zuten berdin-berdin egiten zutela mutilek zein neskek. Ba jolas bat moduan zan, ondo pasatzeko modu bat zan.

Estitxu Eizagirre: Garai bateko gizarteetan, zergatik etxe inguruan edo komunidadean edo beste mila gauzetan, zergatik ez zuten kantatuko? Beste gauza bat da bakoitzak kantatzen zunari ematen zitzaion balore berdina edo ez, baiña hori ya ez dakigu.

Anabel Ugalde: XIX . mendekoak dira hezkuntza sistema nazionalak eta hezkuntza sistema nazional horiek, eta nazional diot, egin ziren frantsesaren gainean, egin ziren españolaren gainean, eta, gainera, hezkuntza-sistema horiek bilatzen zutena zan uniformizatzea, homogeneizatzea. Batez ere neskei erakusten zietena zan moralidadea: formalak izaten. Formalak izaten, etxekoandre formalak izaten, senarrari kaso egingo ziotenak, familia aurrera aterako zutenak... baina boza altxatu barik. Ez zegoen lekurik trenean elkarrekin bertsotan etortzeko ji-ji ja-ja. Ez zegoen lekurik. Hori oso gaizki ikusia zegoen.

Estitxu Eizagirre: Azkenean nundik etorri zitekeen emakumeen estandarizazio bat eta gauza batzuk gaizki ikustea? ba eskolatik, pulpitotik eta sozialki jartzen dia arau hoiek, ez? Eta ordun pentsatu dezaket nekazal eremu batean beste era bateko bizitza, ordura arteko esangurak gizon edo emakumeenak, rolak eta egiteko moduak bestelakoak izan diranak, “basatiak” nahi baldin bada, hoiek arrastoan sartzea berandugo dator.

Anabel Ugalde: Oso leku konkretuetan, oso leku euskaltzaleetan, iraun zuten emakumeek bertsotan. Oso giro euskaltzaleetan. Besteetatik desagertu egin ziren.

 

XIX-XX. Bertsopaperak

 

Estitxu Eizagirre: Bertsopaperek zer pentsatu haundia ematen dute, ze hori bai da gutxi gorabehera ya idazten jakitea... bueno, ez da baldintza bat, ze batzun kasuan ez zekiten idazten, buruz egiten zituzten eta beste batzuk paperera eramaten zituzten. Baina beste askok... ya idazten jakin beharra sartzen da hor, eskola sartzen da tartean... hor ya beste garai batean gaude.

Anabel Ugalde: Europa osoan hasi ziren saltzen, ba, guk esaten ditugun bertsopaper, kantapaper... hasi ziren saltzen. Badirudi Gabon inguru horretan jendeak asmatu egiten zituela gabon-kantak, inprentaratu, saldu eta gero elizan kantau. Zeintzuk ziren gabon-kanta hauen egileak? Ba, adibidez, Bizenta Mogel izan zan hauetako bat. Batzutan anonimoak dira. Hori da daukagun beste arazo haundi bat: anonimotasuna.

Estitxu Eizagirre: Ematen dit zer pentsa ere, ba, hor emakumeek sentitu al duten autoridade berdina gauza horiek egiteko edo ez, eman zaien balore iguala, euki al zuten aukera berdina eskolatik pasa eta alfabetatuak izateko...

Anabel Ugalde: Bueno, eta guk ezagutzen ditugun bertsolari klasiko haundi hoien izenak ere guk ezagutzen ditugu bertsopaperengatik, e. Txirritak-eta bertsopaperak saltzen zituzten. Sagardotegira joango ziren, baina bertsopaperak ere saltzen zituzten. Eta bertsopaperak bihurtu ziren euskaldunontzako kontsumo objetu bat.

 

XIX-XX. Lore Jokoak: emakumeak txapelketan

 

Anabel Ugalde: Iparraldean sortu ziren Lore Jokoak. Lehenengo Lore Jokoak 1851n antolatu zituen Abbadiak, Antoine Abbadiak. Hasierako bertso-txapelketak ziren bertso idatzienak, hau da, txapelketara aurkezten zituzten aurrez idatzitakoak. Bertsopaperak moduan izango liratekeenak. Eta hor badugu Uturralth bat, emakumezkoa, irabazlea. Eta gero ya hasi ziren inprobisaziokoak. Ba igual bost aurkeztu eta bost horietatik hiru neskak ziren. Gehienak. Baina... izenak bai: ba Osorio batek irabazi zuen, Etxeberri batek ere irabazi zuen... Azkaine- Hazparne, inguru horretakoak ziren. Izenak bai, hoiek jasota daude eta, gainera, kronikak idazten ziren Eskualduna aldizkarian eta. Eta kronika horien arabera, nik batean somatu nuen, hitz egiten duelako frantsesez, "sexu ahularen" inguruan. Hor ya mmmm… pista bat daukagu, aldaketarena: “sexu ahula”. Baina besteetan ez dute arrarotzat jotzen emakumeak aurkeztea txapelketara. Baina poliki-poliki badirudi neska horiek erretiratzen hasi zirela plazatik.

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza