Nola moldatzen dira emakumeak antzerkian, telebistan eta zineman? Aktore eta zuzendari lanetan gizonezkoen baldintza beretan aritzen al dira? Agurtzane Intxaurraga, Aizpea Goenaga, Bea Egizabal eta Itziar Elias elkarrizketatu ditugu bideo honetarako.
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Balio etikoak
Gaiak: Genero-berdintasuna, Antzerkia
Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak
Bideoa ikusi aurretik
Aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderak egin ditzakegu, bideoa euskal aktoreei buruz dela esanda:
-Nortzuk dira zuen gustuko euskal antzezleak? Zerrendatu (ea zenbat gizonezko eta zenbat emakumezko ateratzen diren).
-Zineman, telebistan eta antzerkian gizon eta emakumeen presentzia berdina al da?
-Telebistako hiru saio aipatu. Protagonista nagusia gizonezkoa ala emakumezkoa da?
-Protagonista gizonezkoa denean, zer motatako paperak izaten ditu? Eta emakumeak? Eta bigarren mailako pertsonaiak direnean? (superheroia, enpresaria, goi-burua / ama, alaba, emaztea, maitalea…)
-Aipatu hiru zinemagile gizonezko eta beste hiru emakumezko.
Bideoa ikusi aurretik, bideoan agertzen diren lau emakumeak aurkeztu ditzakegu, labur-labur:
Bea Egizabal. Lasarte-Oriakoa. Clowna eta ipuin kontalaria. Umorezko bakarrizketa feministak egiten ditu. Formatuko txikiko lanak egiten ditu, areto handietako zirkuitotik kanpo. |
![]() |
Agurtzane Intxaurraga. Orozkokoa. Aktorea, baina batez ere zuzendaria: Hika antzerki taldeko zuzendaria. Talde handiekin egiten du lan, antzokietan. Euskal Telebistan aktore-zuzendari ere izan zen. Ikus Wikipedian. |
![]() |
Aizpea Goenaga. Donostiarra. Aktorea, antzerki-testu egilea, zuzendaria... denetik egin du, besteak beste filmak zuzendu. Antzerkian ez ezik, telebistan eta zineman ere aritu da. Ikus Wikipedian. |
![]() |
Itziar Elias. Azkoitiarra. Aktorea eta zuzendaria, batez ere antzerkian aritu da. EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko idazkari ohia. |
![]() |
Bideoa ikusi bitartean
Bideoa ikusi ondoren
-Ezagutzen al zenituzten bideoko emakumeak?
-Bideoan, Aizpea Goenagak botatzen duen galderari buruz hausnartu: “Mutila bazina zure burua zalantzan jarriko zenuke?”. Zinemagintzaz ari bada ere, esaldi hori bizitzako beste egoera batzuetara eraman al daiteke?
- Bideoko emakumeek beti demostratu behar izan dute balio dutela. Zergatik? Gizonezkoen artean gauza bera gertatzen dela uste al duzue? Gelakideen artean gertatzen al da?
-Emakumea eta gorputza beti bat doazela kontatzen dute: emakumea beti lirain, argal, gazte eta makillatuta egon behar dela. Gizonezkoen artean, aldiz, ez da gertatzen. Zergatik uste duzue mantentzen dela jarrera hori?
-Zer da "genero-arrakala" zinemagintzan, telebistan edo antzerkigintzan? Ezagutzen al duzue genero-arrakalaren kontra agertu den profesionalik?
-Zineman edo telebistan paperak lortzeko, emakumeek gizonezkoen gonbidapenak onartu behar izan dituztela kontatzen da bideoan. Zer lekutan uzten du horrek emakumea?
Karanbola hirukoitza liburuan Eneritz Artetxek emakumeak euskal antzerkigintzan duen egoeraz jarduten du. Liburu horretan datozen datuen arabera, gizonezkoek baino emakume gehiagok egiten dituzte antzerki ikasketak, baina gero epe luzera gizonezko gehiago aritzen dira lanbidean. Adibidez, Donostiako TAEn (Arte Eszenikoen Tailerra) 1995etik 2018ra 215 emakume eta 124 gizonezko ibili ziren; Gasteizko TAEn emakumezkoak % 72 izan dira eta gizonezkoak % 28, baina gero eskola horretan bertan emakumezko profesionalak % 42 eta gizonezkoak % 58. Arrazoietako bat amatasuna izan ohi da. Agurtzane Intxaurragaren bideo-pasarte hau ikusi daiteke: Amatasuna, lan mundurako oztopo.
Aipatzekoa da antzezpen munduan dagoen mailaketa ere: antzerkia da gutxien baloratzen dena; dirua eta ospea telebistak eta zinemak ematen dute. Era berean, antzerkiaren barruan ere mailaketak daude: antzoki handietako zirkuitoa dago (antzerki-programatzaileak, antzerki-kritikariak...) eta areto txiki eta alternatiboak (gaztetxeak, liburutegiak...). Ipuin kontalaritza, adibidez, eremu nahiko feminizatua da, haurrei zuzendutako kontu bezala ikusten delako. Bea Egizabalek eta Agurtzane Intxaurragak egoera zein den azaltzen dute bideo-pasarte hauetan: Antzerkia, anaia pobrea, Aretoko helduen antzerkia baloratuena eta Emakumea plaza publikoan.
Bideo hauen bidez, oholtza gainean dabiltzan beste emakume batzuetan testigantzak ere ezagutu ditzakegu (gainera, proposamen pedagogikoak ere badituzte):
Antzerki unibertsalaren historian, mundu mailan oso baloratuak, aitortuak eta hedatuak izan diren gizonezko dramaturgoak agertzen dira. Emakumezko antzerkigileak eta aktoreak, aldiz, baztertu egin dira, ez dira liburuetan jaso izan. Hori dela eta, gaur egun zaila da emakumeek historikoki egindakoa erakusten duten dokumentu-iturriak aurkitzea, antzerkian ez ezik, baita gizarteko beste esparru eta jarduera guztietan ere.
Beraz, generoa da emakumeen bizitzan eragiten duen faktorerik erabakigarriena. Agerian geratzen da emakumeek ere ekoizten dutela, baina generoen arteko botere-harreman asimetrikoek haien lana isilarazi egiten dute.
Bidea errazteko, hona hemen ikertu daitezkeen aro batzuk:
Informazioa batu ostean, gaiari buruzko aurkezpen txiki bat prestatuko dute. Amaieran, informazio-bilketari buruz ere hausnartu dezakete denen artean: zer baliabide erabili dituzten, informazio-iturriak lortzeko zailtasunak izan dituzten, zerk erakarri duen euren arreta…
Bideoan, emakumezko antzezleek gizonezkoek baino askoz ere presio handiagoa dutela aipatzen da: lirain egon behar dute, polit, argal, gazte, makillatuta joan, takoiak erabili… Gainera, paperak lortzeko egin behar dituzten “faboreei” buruz ere hitz egiten da. “Fabore” horiek gizonezkoek eskatutakoak izan ohi dira.
2021ean "Gaztea, argala eta liraina izan behar duzu… emakumezkoa bazara” artikulua argitaratu zuten Argia aldizkarian, eta bertan euskal komunikabideetako hainbat emakumek jasandako tratua salatzen da. Me Too mugimendua (#MeToo, euskaraz: "Ni ere bai"), sare sozialetan modu biralean hasitako mugimendua, ere aipagarria da. 2017ko urrian, sexu-erasoak eta sexu-jazarpena salatzeko sortu zen, AEBetako Harvey Weinstein zinema-ekoizle eta exekutiboaren aurkako sexu-abusu salaketen ondorioz.
Bost-sei laguneko taldeetan banatu, eta horrelako egoerak erakusten dituzten antzezlan txikiak egitea proposatzen dugu: edertasun kanonekin lotutako egoerak, abusu-egoerak... Taldean gidoia idatzi, eszenografia pentsatu, eta, ondoren, hiru kidek antzeztu dezakete. “Zapalduen antzerkia”ren metodologia erabili daiteke horretarako.
Gutxienez hiru pertsonaia egongo dira:
Adibidez: Maria da protagonista. Zuzendari arrakastatsu batek afaltzera gonbidatu du, eta joan ala ez erabaki beharko du. Berak pelikularako papel bat lortu nahiko luke, baina ez du gizon hori batere atsegin. Bere pisukide batek gonbidapena onartzeko esaten dio eta besteak, berriz, ezetz.
Zapalduen antzerkiaren ezaugarrietako bat hauxe da: lehenengo, antzezlana gaizki bukatzen da beti, eta gero, publikoak lagunduta, beste bukaera bat bilatzen zaio. Ipini dugun adibidearekin jarraituta: Mariak zuzendariarekin geratzea erabakiko du, baina oso gaizki sentituko da, etsita, ez delako benetan egin nahiko lukeena. Ondoren, publikoaren proposamenak kontuan hartuta, antzezleek beste bukaera bat antzeztuko dute: Mariak ezetz esango dio gonbidapenari, eta ahaldunduta sentituko da.
Antzezlanak egin ondoren, sentipenei buruz hitz egin dezakegu:
-Zer sentitu duzue gidoia prestatzean?
-Zer sentitu duzue antzezle moduan?
-Zer sentitu duzue publiko moduan?
Leading Lady Parts Erresuma Batuko BBCk estreinatu zuen film laburra da eta telebistaren industriako genero-ezberdintasuna jartzen du agerian. Filmean hainbat antzezle famatu agertzen dira eta interpretazioaren munduan nagusi den sexismoa nabarmentzen dute, casting bat irudikatuz.
Casting-eko arduradunek hainbat baldintza jartzen dizkiete antzezleei: argalagoak izatea, makillatuta joatea... Gaur egun zinemaren eta telebistaren munduan nagusitzen jarraitzen duten estereotipo matxista krudelak nabarmentzen ditu, oso modu esajeratuan.
Ikasleei eskatuko zaie arreta ematen dieten egoera guztiak apuntatzen joan daitezela, gero denen artean eztabaidatzeko eta hausnartzeko. Mota honetako galderak ere egin daitezke:
-Nola sailkatuko zenukete film hau? (Komedia, drama, parodia...)
-Zer sentipen sorrarazi dizue? (Barregura, pena, haserrea...)
-Casting-eko arduradunak bi emakumezko eta gizonezko bat dira; emakumeak dira okerrenak. Berdin funtzionatuko al luke hiru gizonezko balira? Zergatik?
-Esajeratuegia da, gordinegia (pentsatu arren, halakoak ez dira aurpegira esaten, politikoki zuzenak izateko)... Sinesgarria al da ala surrealista (gizon bat hartzea emakume baten rolerako, arduradunetako bat beltza izanda beltzen kontra agertzea...)?
-Zer iruditu zaizue bukaera (neskak gezurra esatea, casting-a ondo joan zaiola)?
-Zein da filmaren helburua? Zuen ustez, lortzen al du helburua?
-Zerbait aldatzekotan, zer aldatuko zenukete? Egin proposamenak!
Talde txikietan banatuta, ikasleek sormena aktibatzeko aukera izango dute. Proposamena audio-podcastak egitea da. Podcasteko gaia casting-ak izango dira. Informazio gehiago izateko, ikasleek ikerketa txiki bat ere egin dezakete: benetako casting-iragarkiak bilatu, emakumezkoen eta gizonezkoen perfil-eskaerak konparatzeko.
Podcastetan aurkezle (multzo) bat izaten da eta gai zehatz baten inguruan eztabaidatu ohi da bertan. Aurkezleaz gain, baliteke beste laguntzaile batzuek ere parte hartzea podcastean. Hori bai, gaur egun era askotako podcastak daude. Casting baterako aholkuak izan daitezke, casting-ei buruzko benetako elkarrizketa bat aktore bati, izena eman nahi ez duen emakume baten fikziozko testigantza, asmatutako narrazio bat... erabili irudimena!
Gidoi txiki bat prestatzea komeni da beti ere, nahiz eta gero inprobisazioa erabili. Grabatzeko orduan, garrantzitsua da oihartzunik gabeko toki isil bat eta grabagailu on bat aukeratzea (eskuko telefonoa erabili daiteke) eta hitz egiteko txandak errespetatzea. Podcastak luzeak izan ohi dira, baina kasu honetan 15 minutuko muga izango dute, gero gelan entzun ahal izateko. Gehien gustatu zaizkienak sare sozialetan ere partekatu ditzakete gero.
4. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena, antzezpena edo grabaketa egingo dute ikasleek, euren lanaren emaitzak gelakideei ezagutarazteko.
Ebaluazio-irizpideak
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
Ikaste-prozesuari buruz
Bere komunikazio-gaitasunei buruz
Talde-lanari buruz
Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk: