Feminismoaren bilakaera

Euskal Herriko mugimendu feministaren bilakaeraren berri ematen da bideo honetan, 80ko hamarkadatik 2000. urtera bitarte. Zertzelada eta mugarri batzuk aipatzen dira soilik, aro horretako talde eta jarduera feministak oso anitzak izan baitziren.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Balio etikoak

Gaiak: Genero-berdintasuna

0 puntu 5 izarreko maximotik
0 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak

  • Historia hurbila ezagutzeko interesa
  • Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Emakumea gutxietsi eta diskriminatzea dakarten estereotipo, aurreiritzi eta rolak baztertzea
  • Genero-indarkeriaren eta zapalkuntzaren aurkako jarrera aktiboa azaltzea
  • Emakumeen ahalduntzerako tresnak ezagutu eta erabiltzeko gogoa

 

Bideoa ikusi aurretik

Bideoa ikusi aurretik Feminismoaren hastapenak bideoa ikustea gomendatzen dugu. Izan ere, bideo hau bestea osatzera dator. Aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderak egin ditzakegu:

-Erregimen frankistak berdin onartzen al zuen gizon eta emakumeen sexualitatea?

-Zer dakizue feminismoaren historiari buruz? Noiz sortu zen Euskal Herrian eta zer bilakaera izan du?

-Emakumeen Asanbladak 70eko hamarkadaren amaieran sortu ziren. Nolakoak izango zirela uste duzue? Zer landuko zuten?

-Garai batean ez zegoen antisorgailuak gaur egun bezala libreki erosteko aukera Zer uste duzue suposatu zuela emakumeentzat antisorgailuak modu askean lortu ahal izateak?

-Ezagutzen al duzue talde feministarik? Talde feministaren batean parte hartzen al duzue?

 

Bideoa ikusi bitartean

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu.
  2. Bideoan zehar ulertzen ez dena azaldu, eta behar beste aldiz ikusi. Hiztegi aldetik dituzten zalantzak argitu. Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

  1. Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-Zergatik uste duzue emakumeek ezin zutela antisorgailurik erosi erregimen frankistaren garaian?

-Heziketa sexuala, plazera... 70eko hamarkadaren amaieran mahai gainean ipini zuten gai hori. Nola lantzen da gaur egun?

-Abortu-eskubidearen aldeko borroka hamarkada askotan luzatu zen. Espainian Abortuaren Legeak izan duen kronologia bilatu eta hari buruz hausnartu. Zer ondorio atera daiteke? Zein da gaur egungo egoera?

-Mugimendu feministan lesbiana asko zeuden lehen lerroan. Zergatik izan daiteke?

-90eko hamarkadan feminismoa instituzionalizatu egin zen. Zer esan nahi du horrek?

-Plaz! plataforma aipatzen da bideoan. Zer iruditzen zaizue emakume plataformak hauteskundeetara aurkeztea?

-Queer teoria, postpornoa, transfeminismoa... zer dakizue kontzeptu horiei buruz eta ertzetara begiratzen duen feminismoaz?

 

Munduko emakumeekin konektatzea, feminismoaren ikuspegi globala aipatzen dute bideoan: Emakume Mundu martxak... Zer da feminismo dekoloniala?

Praktika feministei buruz gehiago jakiteko, bideo hau ikusi daiteke: Praktika feministak.

Praktika horietan ez da gizonezkorik aipatzen, baina feminismoa ez da emakumeen kontua soilik: patriarkatuaren aurka egitea da. Patriarkatua zer den, horri buruz hausnartu daiteke. Horretarako, irudi hau erabil daiteke:

Nolakoa da familia hau? Deskribatu (jarrerak, koloreak...) Zer gertatzen da zentzumenekin? Interpretatu!

Familia patriarkala. Iturria: gazeta.get

 

3. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke, talde txikitan. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin dezakete.

 

  • “Jolasten”. Emakumeari plazererako eskubidea ukatu zaio, gizaldiz gizaldi, baina gizonezkoaren plazerak ere oso ikuspegi mugatua izan du. Autoesplorazio tailerra egingo dugu, bakarka eta begiak estalita, plazerarekin esperimentatzeko.

 

Ariketa honen helburua gure gorputzarekin eta zentzumenekin plazera bilatzea da; nork bere buruari ematea plazera, alegia, ez kanpoan bilatzea. Inportantea: jantzita egingo da eta ez dira genitalak modu sexualean ukituko.

Hasi aurretik, beraientzat plazera zer den eta plazererako zer bide ezagutzen dituzten (sexua, janaria...) galdetuko diegu.

Jarraitu daitezkeen gidalerro batzuk (20 minutu inguru guztira):

1. Itxi begiak. Begiak estalita mantentzeko, antifazak edo lepoko zapiak erabil daitezke. Begiak estalita mantendu ariketak iraungo duen denbora guztian.

2. Erlaxazioa. Musika lasaigarri bat ipini, eta arnasan ipiniko dugu arreta (musikak ariketa guztian zehar iraun dezake): airea nola ateratzen den eta nola sartzen den, zer ibilbide egiten duen sudur-zuloetatik biriketara eta sabelera. Arnasa sakon eta luze hartu. (5 min.)

3. Usaimena. Arreta usainean ipiniko dugu. Olio-esentzia edo perfume tantatxo bana ipini ikasleei behatz batean. Posible da airean kolonia zabaltzea ere. Ikasleak euren buruak usaintzera ere gonbidatu: eskuak, besoak... (5 min.)

4. Dastamena. Ikasle bakoitzari gerezi bat edo fruta txiki bat emango diogu. Usaindu egingo du, ukitu eta dastatu. Poliki-poliki, zaporea ondo hartuz. (5 min.)

5. Ukimena. Bere burua ukitzen hasiko da ikaslea. Goitik behera joan daiteke: lehehengo burua, ilea, gero belarriak, aurpegia, lepoa, sorbaldak, sabela, besoak, eskuak, behatzak, ipurgaina, izterrak, zangoak, oinak... Bakoitzak bere erritmora egin dezala, eta nahi duen ordenan. Gorputz osoa ukitu dezake, poliki eta sentituz. Ukimenarekin bukatzeko, “autobesarkada” bat eman. Posible da “automuxuak” ematea ere (eskuetan, besoetan...). (5 min.)

6. Arnasketa. Ariketa bukatzeko, arnasketa egin daiteke berriro: hiru arnasketa sakon, eta begiak ireki. (2 min.)

 

Ikasleak arnastera eta ahotsa askatzera animatuko ditugu ariketan zehar. Oihurik eta antzerkirik ez da onartuko, baina plazerezko hasperenak eta zaratatxoak ongi etorriak izango dira. Ukitzeko modua aldatzen joateko ere proposatuko diegu: kili-kiliak, laztanak, masaje erako igurtzi sendoagoak... bakoitzak gustatzen zaion ukitzea bilatu beharko du. 

Ondoren, talde txikitan elkartu, eta sentitu dutenari buruz hitz egingo dute. Taldeko batek idazkari lana egingo du, eta komentarioak apuntatuko ditu:

-Ikusmena kenduta, beste zentzumen batzuk piztu egiten dira. Zer iruditu zaizue ariketa? Plazerik sentitu al duzue?

-Zer da gehien gustatu zaizuena?

-Zein dira zona erogenoenak zuentzat?

-Ezagutzen al dugu geure burua? Ba al dakigu zer gustatzen zaigun (zer eta nola ukitzea)?

-Zein dira gure erreferentzia sexualak (pornoa, filmak, serieak...)?

 

Talde txikitan hitz egindakoa talde handian partekatuko dute (idazkariek jasotakoaren laburpena egin dezakete), eta iritzi-trukea egingo da gelan.

 

  • “Sormena lagun”. Collage-ak egitea proposatzen da, feminismoa eta patriarkatua irudikatzeko.

 

Gela taldetan banatuko da eta talde bakoitzak bere erara jorratuko du gaia. Galderak: zer da feminista izatea? Zer da patriarkatua? Mugimenduen, eskakizunen, helburuen, leloen, ekintzen, kartelen, argazkien edo bestelako informazio eta materialen bilaketa egingo dute sarean, eta collage batean irudikatuko dute. Posible da baita ere materiala beraiek sortzea: argazkiak atera (adibidez, "We can do it" karteleko emakumea imitatzen), marrazkiak egin... Garai bateko egoera izan daiteke, edo gaur egungoa. Bertakoa zein beste herrialde batekoa. Eztabaidarako bidea ematen duten irudi eta lelo deigarriak ere bilatu ditzakete. Sormena erabili!

Collageetako mezu nagusiak euskaraz izatea lehenetsiko da; beste hizkuntza batzuetakoak euskaratu egin daitezke eta baita lelo berriak sortu ere.

Lanak gelakideen aurrean aurkeztuko dituzte, eta gero ikastetxean jarri daitezke gainerako ikasleek ere ikus ditzaten.  

 

  • “Ika-mika”. Eztabaida proposatzen da, aldeko eta kontrako jarrerak lantzeko, besteek diotena entzuten eta adostasunetara iristen ikasteko.

 

Hau da proposatzen dugun gaia: pornografiaren onurak eta kalteak. Pornografia bai ala ez? Noraino bai? Zergatik ez?

  • A jarrera: Pornoaren kontra. Kalte gehiago egitendu onura baino.
  • B jarrera: Pornoaren alde. Onura gehiago egiten du kalte baino.

 

Ikasleak bi taldetan (hirutan, asko baldin badira) banatu daitezke. Eztabaida formalen ezaugarriak eta erabiltzen diren formulak eta testu-antolatzaileak zein diren azaltzea komeni da, erabil ditzaten (irakaslearentzat lagungarri gerta daitezke: sekuentzia didaktiko hau, bereziki 84-85 orrialdeak, eta beste adibide hau).

Talde bakoitza bi azpitaldetan banatuko da, eta azpitalde bakoitzak zer defendatu behar duen erabakiko du (A eta B jarrerak). Batzuetan ez dira ados egongo defendatzea egokitu zaienarekin, baina hala ere argudioak bilatu beharko dituzte. Azpitalde bakoitzak aldez aurretik ikerketatxo bat egingo du defendatu behar duen ikuspuntua jorratzeko (zer adinetan hasten den pornoa kontsumitzen, sortzen duen mendekotasuna, erakusten duen sexualitate-eredua, dauden pornografia motak, sortzen duen negozioa, “porno feminista” deitua...) eta horren arabera arrazoiak eta argudioak prestatuko ditu.

Talde bakoitzean gidari bat egon daiteke, txandak eman eta errespetaraziko dituena. Aukera bat: eztabaida grabatzea eta podcast bihurtzea.

Helburua ez da lehia, ez eta guztiaren gainetik arrazoia izatea ere. Hausnarketa egitea eta jarrera kritikoa lantzea da helburua. Adostasunera iristen saiatuko dira: besteak dioena entzun, eta, dioena zentzuzkoa baldin bada, arrazoia ematen ere jakin behar da. Eztabaidak bukatzean, denen artean hausnartu dezakete:

-Kontsumitzen al duzue pornorik? Pornografiaz hitz egitea tabu bat dela uste al duzue?

-Eroso sentitu al zarete egokitu zaizuen ikuspegia defendatzen?

-Aldez aurretik gaiari buruz ikertzeak lana erraztu al dizue?

-Ikasi al duzue ezer? Aldatu al da aldez aurretik zenuten ikuspegia?

 

4. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena egingo dute ikasleek, gelakideei euren lanaren emaitzak ezagutarazteko.

 

Ebaluazio-irizpideak

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

  • Ea gaiak bere interesa piztu duen.
  • Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

 

Ikaste-prozesuari buruz

  • Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
  • Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
  • Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
  • Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

 

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

  • Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.
  • Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
  • Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

 

Talde-lanari buruz

  • Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
  • Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.

 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:

  • Ea bideoetako testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.
  • Ea enpatiarik erakutsi duen bideoko pertsonekin.
  • Ea feminismoaren historia eta emakumeek historian zehar eskuratutako lorpenak ezagutzen dituen.
  • Ea emakume eta gizonen arteko eskubide-berdintasunaren aldeko jarrera argiak adierazten dituen, haien orientazio afektibo-sexuala edozein izanik ere.
  • Ea hainbat eremutan (publizitatea, informazioa, txisteak, eskola eta abar) emakumeari buruz ageri diren gizarte-estereotipoak biltzen eta aztertzen dituen.
  • Ea emakumea gutxietsi eta diskriminatzea dakarten estereotipo, aurreiritzi eta rolak baztertzen dituen.
  • Ea kultura-elementuen (estereotipoak, rolak eta abar) eta emakumeen diskriminazioaren arteko lotura azaltzen duen.
  • Ea sexu-diskriminazioaren eta indarkeriaren aurkako jardunak proposatzen dituen.
  • Ea feminismoari buruzko informaziorik bildu duen eta aldarrikapenak barneratu dituen.
  • Ea ikaskideekin eztabaidatuz gogoeta egin duen emakumearen egoeraren inguruan eta eskolan zein gizartean duen ikusgaitasunaren inguruan.
  • Ea emakumea gutxiestea, diskriminatzea eta/edo haren aurkako indarkeria sustatu eta justifikatzea dakarten estereotipo, aurreiritzi eta rolak gaitzesten dituen.
  • Ea ikerketan informazioa lortzeko gaitasuna erakutsi duen, iturriak bilatzeko orduan.
  • Ea informazio hori bere gogoetak eta ikuspuntua egituratzeko edo eraldatzeko erabili duen.
  • Ea talde-lanean ondo moldatu den, berdinen arteko harremanean iradokizunak eginez eta ikaskideen iritziak errespetatuz.
  • Ea bere iritziak eta hausnarketak partekatu dituen, horretarako txanda errespetatuta.
  • Ea ahozko ekoizpean ondo moldatu den, komunikatzeko gai izan den.

Feminismoaren garapena (1980-2010)

 

Iratxe Retolaza (Donostia, 1977): 80ko hamarkada, 70eko hamarkadatik 80ko hamarkadara izan zen asanbladen garaia, ez? Eta orduan, esan dezagun, herrialdeka sortu zutela... Bizkaiko Asanblada, Gipuzkoako Asanblada, Arabakoa... eta hor sortu ziren asanbladak eta horri esker, ba, taldeetako, bueno, herrietako ekarpenak bildu zitezkeen ere herrialde mailan, eta gero horrek ematen zuen aukera Nazio Koordinakundea ere saretzeko. Ez?

Imanol Miner (Errenteria, 1974): 80en hasieran eta ya ordurako antisorgailu… metodoak-eta garatzen doazen neurrian eta… klaro, emakumeak ya helburu reproduktiboetatik haratago, sexuaz gozatzeko, sexualitateaz... osea, hori dana berria da. Horrek denak paradigma aldaketa ikaragarri bat dakar gizartean bertan ere.

Koldobike Mujika (Errezil, 1951): Bai, antisorgailuena inportantea izan zen emakumeontzat. Teorizazio mailan, guk sexualitatea... lehenengo planteamentua: guk plazerra dakagu eta guk sexualitatea dakagu. Eztabaidak izaten genittun, eta eztabaida hoien artean, ez bakarrik antisorgailuak errezetatzeko, baita heziketa sexuala emateko, eta heziketa sexual horren barnean, beti penetrazioa? Eske igual gure gorputzak arlo asko dittu, plazerra ematen diguten hainbat arlo. Horik jorratu behar ditugu eta sexualitatearen arloa zabaldu behar degu. Ta nik uste det oso aportazio interesantea izan zala garai hartan; hori lotzen genuen antisorgailuekin: errezetatu, baina heziketa sexuala aldi berean.

Miren Aranguren (Iruñea, 1981): Esango nuke indarkeriari aurre egin zaiola ere edo egin nahi izan zaiola ere hasiera-hasieratik. Eta 80. hamarkada horretan kalean ematen zan bortizkeria horrei, ba, bueno, pues hori izendatu zuten, hori salatu zuten eta pixkanaka-pixkanaka hasi ziran identifikatzen baita ere etxe barruetan eta bestelako harremanetan ematen zan indarkeria, ez? Orduan, uste det ildo garrantzitsu bat izan zala hasieratik.

 

1985. Abortoaren Legea

 

Koldobike Mujika: Abortua ez zen lortu guk eskatzen genittun supuesto guztietan, askoz gutxiago.

Urte askotan borrokatu gendun lege hori lortzea, eta hainbat supuesto planteatzen genittun. Eta gero lortu zan eta esaten genun: "Hau huskeria da".

Iratxe Retolaza: Ez da abortua doan eta askea emakume guztientzat.

Miren Aranguren: Urte batzuetan, bai 80. hamarkadan eta baita 90. hamarkadan ere, eta 2000.en urtetik aurrera, ba egon dira replikak abortatzeko eskubidearen alde. Ez? Eta emakumeak edo feministak mobilizatu gea hamarkada guztietan, bai, ba lege aldaketak aldarrikatzeko edo atzera bueltarik ez egoteko.

Iratxe Retolaza: Ba abortuaren lege hori 1985ean, ba, mugatua zen; joan da urratsak egiten eta hobetu da...

Koldobike Mujika: 2010ean ya La Ley de Plazos famosoa lortu zan. Eta orain kolokan dago berriz, Mundu mailan, e. Mundu mailan dago kolokan. Beira, Estatu Batuetan ya debekatzen hasi dira. Beida nola dagoen panorama. Eta hemen gutxi fiatu.

Imanol Miner: 89ko martxuaren 8an Gipuzkoako feminista lesbianen elkartiak leloa… atera zuen leloa, ba, inpakto haundiko lelo bat izan zan: "Eta zu zergatik zara heterosexuala?". Ezta? Pentsa, ordura arte... Klaro, araua, heteroaraua nagusi den gizarte batian, ba... aizkora sartzea hori da, ez? Eta irauli, galderari buelta eman. Lesbianak daude mugimendu feministaren lehen lerroan. Arauean zeatutako eta estatus bat, beste kapital sozial bat eduki zezaketenak esan eta egitera ausartzen ez zirenak lesbianak egiten zituzten.

 

1990eko hamarkada: Feminismo instituzionala

 

Iratxe Retolaza: Eta 90eko hamarkada beti aipatzen da izan zela instituzionalizatze garai bat. Ba, besteak beste, ya Emakundek ere hartzen du gorputz haundiagoa. Erakundeetan ere feminismoak eta feministek espazio batzuk hartzen dituzte. Eta testuinguru hortan sortu zen Plazandreok Donostian, hain zuzen ere, ba, alderdi politiko bat emakumez osatutakoa ba feminismoa ardatz izan duena eta mugarri bat ere badena esateko alderdi politiko bat emakumez eta feminismoari nagusitasuna emango diona, ez?

Koldobike Mujika: Hauteskundeetan zergatik ez parte hartu? Batzuk garbi geneukan arlo horretan ere gure hitza entzun behar zala, instituzio mailan, eta ez hori bakarrik, erabaki asko hor hartzen diala eta emakumeek egon behar dutela. Baino ez da nahikoa esatea emakumeek egon behar dutela, emakumeek ze planteamentu daukaten.

Josebe Iturriotz (Ordizia, 1978): Bueno, plataforma politiko bat zan. Plazandreok helburu horrekin sortu zan. Momentu batean, ba, eskatzen didate eta, bueno, ba, “bai, goazen hor aurpegia jartzera”, baina ezta ere intentzio haundirik gabe. Eta, bueno, nahiko ondo, aurreko urteetan ateratakoa bikoiztu egin genuen, baina ez genuen ezer atera eta, bueno, eta bai, eta listo. Baina, bueno, ideia politta da, ez? Emakumeen plataformak edo plataforma feministak sortzea udaletxeetan ba azkenean gutxienez errepresentazioa lortzeko ez bada, ez?

Koldobike Mujika: Eta hor ere ondo pasatu genuen. Zerbait egin gendun, hainbat boto lortu genittun, ze Udalerako eta Diputaziorako, eta hainbat zea, hauteskundetan, jun izan gea.

Iratxe Retolaza: Donostin hainbat hauteskundetan parte hartu duena eta gero ere Donostin eragile oso-oso garrantzitsua izan dena hainbat eremutan, ez bakarrik udalgintzako hauteskundeen testuinguru horretan, ezpada eragile oso inportantea izan delako bai Feministaldia antolatzeko, bai Emakumeen Etxearen sorreran... Gerora, alderdi politikoaren bide hori abiatu zuen talde horrek egin ditu ekarpen haundiak hirian eta izan da eragile feminista oso garrantzitsu bat. Eta 2002an sortu zan Euskal Herriko Bilgune Feminista, hasiera batean ere zapalkuntza hirukoitzaren ideia horretatik elikatu zena. Besteak beste, nik uste dut, ekarri zun aldaketa bat izan zen euskaratik eta euskaraz bide hori, ba, bueno, EGIZAN, AIZAN eta aurrekoek baino sendoago eta irmoago garatu dutela.

 

2009: transfeminismoa, MEDEAK-en eskutik

 

Kattalin Miner (Hernani, 1988): Medeak-eko hainbat kide hasiera baten militatzen ari dira Plazandreok-en. Ez da eszisio bat, da alaba bat. Ez? Beti euki… beti egondu da harreman oso zuzena Plazandreok eta Medeak-en arten. Medeak-ek bere sorreran grin hori zeukan: kalea hartu behar da berriro. Ze berdintasun plan eta ze kristo, ez? Gero zer pasatzen da? Datoz queer teoria, dator postpornoa, datoz beste...dator transexualidadea, dator bollereo politikoa… eta hor dator 2009an –8an, 9an– transfeminismoaren sorrera. Ez? Estatu mailan. Eta hor Medeak buru-belarri gaude. Hor ya banago, ez? Hor buru-belarri gaude. Eta, ordun, hori da igual ya gero Euskal Herriko Mugimendu Feministari egiten zaion ekarpena, ez? Ez dana norberaren ongizatearekin konformatuko, baizik eta beti ikusiko duna zenbat ertz dauden intersekzionalidade guzti horretan eta beti hoien lekutik ingo duna aldarri.

Iratxe Retolaza: Transfeminismoaren ikuspegi hori Euskal Herrian, besteak beste, Medeak taldeak ekarri zuen. Eta, gainera, Medeak-ek garai hortan bazuen kanpoko mugimendu trasnfeministekin harremana, baina, gainera, bestalde ere euskeraz aritzen zen. Ordun, horrek ekartzen zuen bertako begiradari ere ekarpena egin ahal izatea.

Josebe Iturriotz: Medeak izan zan guretzako oso-oso inportantea. Hor ezagutu genituen talde oso ezberdinak, bai Estatu mailan, bai Ameriketan… Eta, orduan, elkarlana izan da oso estua beste eragile batzuekin, beste talde batzuekin.

Iratxe Retolaza: 2000. urtean ya ta nik, adibidez, egia da Emakumeen Mundu martxaren testuinguru hortan ya sumatzen nuen beste giro bat sortzen ari zela eta beste saretze bat eta, bueno, bazegoela hor zerbait. Izan zan oso jai-giroan egindako martxa bat eta, bueno, gero ere bazuen munduko emakumeekin konektatzeko imajinario hori, geroko mundu martxetan ere egon dana. Batetik, ahizpatasun eta elkartasun global hori ikusgarri egitea, baina aldi berean guk elkarrizketan jartzea eta jakitea “bueno, gu nun gaude ikuspegi global hortan” edo “non nago ni” edo… eta nola desplazatu behar ditudan nere ikuspegiak, ba, bueno, ahalik eta askapen eta justizia globalago hori ere garatzeko.

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza