Feminismoaren hastapenak

Nola hasi zen mugimendu feminista Euskal Herrian? Zein zen emakumearen egoera orduan? Iparraldean eta Hegoaldean egoera oso desberdina zen. Orduko protagonistak eta feminista adituak elkarrizketatu ditugu, feminismoaren hastapenak ezagutzeko (1974-1981).

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Balio etikoak

Gaiak: Genero-berdintasuna, Bizikidetza

5 puntu 5 izarreko maximotik
Iritzi 1 guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak

  • Historia hurbila ezagutzeko interesa
  • Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Emakumea gutxietsi eta diskriminatzea dakarten estereotipo, aurreiritzi eta rolak baztertzea
  • Genero-indarkeriaren eta zapalkuntzaren aurkako jarrera aktiboa azaltzea
  • Emakumeen ahalduntzerako tresnak ezagutu eta erabiltzeko gogoa

 

Bideoa ikusi aurretik

Aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderak egin ditzakegu:

-Ezagutzen al duzue feminismoaren historia?

-Noiz eta nola hasi zen garatzen feminismoa Euskal Herrian?

-Zein zen emakumearen egoera frankismo-garaian?

-Ezagutzen al duzue emakume feminista aitzindaririk? Bota izenak.

-Ezaguna egiten al zaizue Basauriko 11 emakumeen epaiketa?

-Eta abortuaren alde egin ziren kanpainak?

- Ba al dakizue Dibortzioaren Legea zer urtetakoa den?

 

Bideoa ikusi bitartean

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu.
  2. Bideoan zehar ulertzen ez dena azaldu, eta behar beste aldiz ikusi. Hiztegi aldetik dituzten zalantzak argitu. Ezagutzen ez dituzten kontzeptuak edo erreferentziak apuntatu.

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

  1. Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-70eko hamarkadatik hona aldaketa handiak egon direla iruditzen al zaizue?

-1968ko maiatza aipatzen dute bideoan. Ikasleek eta langileek Parisko kaleak hartu zituzten. Zer gertatu zen?

-Ipar Euskal Herrian emakumeek 1975etik aurrera abortatzeko eskubidea zuten. Hegoaldean, berriz, urte askotako borroka izan zen. Ba al dakizue zein den egoera orain?

-Bere buruaz beste egin zuen neska gazte batek Donostian. Ez zen bakarra izan. Zer sentitzen duzue hori jakinda? Iritziak partekatu.

-Zer iruditzen zaizue abortuaren alde egin zen mugimendua? Zuek sinatuko al zenukete "Nik ere abortatu dut" dokumentua? Zergatik bai/ez?

-Aurrera al goaz beti? AEBn Abortuaren Legea indargabetu dute 2022an...

-Ba al dakizue zer gertatu zen Basauriko auzipetuekin (azkenean indultatu egin zituzten, 1983an, hainbat jirabiraren ostean)?

-Adulterioagatik kartzelan zeuden emakumeak aipatzen dira bideoan. Emaztea fidela ez baldin bazen zigorra zeukan... senarrak, ordea, ez. Zer iruditzen zaizue?

-Zer iritzi duzue frankismoan emakumeak zuen egoeraz? Kontatu al dizuete halakorik etxean (gurasoek, aitona-amonek...)?

-Lola Valverdek esaldi indartsu bat dakar: "Mujer, tu hogar es tu carcel, tus hijos tus cadenas y tu marido el carcelero". Komentatu.

-1977ko jardunaldi feministetan 3.000 emakume elkartu ziren. Kopuru handia iruditzen al zaizue?

 

Bideoan agertzen diren emakumeei buruz ere hitz egin daiteke. Ea norbait ezagutzen duten. Iratxe Retolaza eta Miren Aranguren Gure genealogia feministak liburuaren egileak dira.

Bideoan agertzen ez diren beste gertaera batzuk: 1978an UEUn bi asteko ikastaroak egin zituzten feminismoaz, Iruñean, eta urte berean emakume zinemagileen zikloa, Donostiako Zinemaldian. Miren Garmendia ibili zen UEUko ikastaroak antolatzen (pasarte honetan kontatzen du). 1977ko Leioako Jardunaldiak bultzada handia izan ziren jarduerak antolatzeko. Jardunaldi horietan erabaki zuten baita ere Euskal Herri mailako asanblada sortzea, mugimendu feminista bateratzeko.

Leioako 1977ko jardunaldi feministen osteko festa, kalean

1977. Leioako jardunaldi feministen osteko festa, kalean. Iturria: Picara Magazine

Abortua baimendu zuen lehenengo legea 1985ekoa da Hego Euskal Herrian (Iparraldean 1975ekoa; 12 astera arte, emakumeek eskatzen baldin badute): bortxaketa-kasuetan, emakumearen bizitza arriskuan egonez gero edo fetuak malformazioren bat zuen kasuetan. 2010ean legea aldatu zuten: ordutik abortua legezkoa da 12 astera arte, bortxaketa baten ondorioa baldin bada, eta 22 astera arte emakumearentzat kalte fisikoak edo psikologikoak baldin badaude. 2015ean adingabekoen abortatzeko eskubidea gehitu zuten legean. Antisorgailuak, berriz, Iparraldean 1967tik zeuden baimenduta. Hegoaldean 1979ra arte debekatuta egon ziren (horrek haurdunaldi kopuruan dituen ondorioekin) eta emakume asko Iparraldera joaten ziren erostera, ezkutuan.

1976an El País Semanal aldizkarian erreportajea atera zuten abortuari buruz. Espainiako Auzitegi Gorenaren datuen arabera, urte hartan estatuan 300.000 abortu klandestino egin ziren eta 3.000 emakume hil ziren.

Oraindik orain abortuarena gai konplexua da, munduko hainbat tokitan eztabaida handiak pizten dituena (AEBn Abortuaren Legea bertan behera utzi zuten 2022an).

Hona hemen kronologia txiki bat:

1968. Maiatzeko iraultza Parisen

1970. Burgosko prozesua (ETAko 16 kideren epaiketa) salatzeko emakume martxa Hendaiatik Behobiara

1972. Bobignyko prozesua, abortatzeagatik epaitutako 16 urteko neska.

1974. Iparraldeko talde feministen sorrera

1975. Francoren heriotza. Txiki eta Otaegiren fusilamenduak. Emakumearen nazioarteko urtea. Abortuaren Legea Frantzian. Emakumeak legez gizonaren menpe egoteari utzi zion Espainian.

1976. Hegoaldeko talde feministen sorrera. Basaurin 11 pertsonaren atxiloketa abortatzeagatik.

1977. Leioako I. Jardunaldi Feministak (3.000 emakume)

1978. UEUn ikastaroak feminismoaz Iruñean. Zinemaldian emakume zinegileen zikloa Donostian. Antisorgailuak saltzea/erostea baimendu zuten. Emaztearen adulterioa despenalizatua.

1979. Basauriko 11 emakumeen epaiketaren hasiera (bukaera 1985ean). Boto-eskubidea guztientzat (gerraosteko lehen udal hauteskunde demokratikoak hegoaldean; emakume politikariei buruzko dokumentala: Haziak).

1981. Dibortzioaren Legea. Homosexualitatea despenalizatua.

1984. Bigarren jardunaldi feministak.

1985. Abortuaren Legea (kasu batzuetarako bakarrik; 2010ean zabaldu zuten)

 

Kronologia horretan gertaera asko falta dira. Gehiago jakiteko, besteak beste Gure genealogia feministak liburua kontsultatzea gomendatzen dugu.

Basauriko prozesua. 1976. urtean 11 pertsona atxilotu zituzten Basaurin, 10 emakume eta gizonezko bat, abortua praktikatzeagatik edo abortatzen saiatzeagatik. 12 urte arteko kartzela-zigorrak jaso zitzaketen. Mobilizazio handiak izan ziren, eta epaiketa behin eta berriro atzeratu zen. 1979an 3.000 pertsona batu ziren Bilboko epaitegiaren aurrean (urte horretan "Nik ere abortatu dut" sinadura-bilketa masiboa ere egin zuten), eta, protesten ondorioz, epaiketa bertan behera geratu zen. 1982an egin zuten epaiketan absolbitu egin zituzten, baina fiskalak errekurtsoa jarri zuen eta prozesua luzatu egin zen. 1985eko Abortuaren Legea neurri batean prozesu honi zor zaio. Hona hemen Las 11 de Bilbao dokumentala eta Podcasta.

1968ko maiatzeko iraultza. Paris izan zen matxinadaren hiriburua. Lehendabizi unibertsitarioak atera ziren kalera eta langileak  gero. Vietnameko gerraren aurkako ekintzaile batzuen atxiloketa izan zen abiapuntua, baina beste arazo batzuk ere bazituzten: masifikazioa unibertsitateetan, langabezia, poliziak protestei eman ohi zien erantzun bortitza... Sistema kapitalista, gizartea bera, iraultzeko gogoa zuten gazteek. Zerbait berria sortzeko gogoa. Dena zegoen auzitan: hezkuntza-sistema, familia, autoritatea... Pragako ikasleek sobietarren tankeei aurre egiten zieten bitartean, Pariskoek Marx, Mao edo Che Guevararen erretratuz bete zuten Sorbona unibertsitatea. Autogestioaren garaia zen. Feminismoarena. Sexu-iraultzarena. Epizentroa Parisen zegoen, baina txinparta kontinente guztietara zabaldu zen: gazteak agintearen aurka eta utopiaren alde. Gehiago jakiteko, irakurri Gaztezuloko erreportaje hau.

Feminismoaren gaian sakontzeko eta gaur egunera begira jarrita, Praktika feministak bideoa ikus dezakegu.

 

3. Lehenago zer? Begirada txiki bat eman diezaiokegu 1936ko gerraren aurreko urteei. Mugimendu feministaren hastapenak 70eko hamarkadan kokatu arren, aipatzekoa da aurretik ere izan zela emakumeekin lotutako askapen prozesurik Euskal Herrian. Besteak beste, alderdi jeltzalearen barruan 1922. urtean sortutako Emakume Abertzale Batza aipa daiteke; nahiz eta oso tradizionala izan eta emakumeek rol zehatz batzuk bete, lan handia egin zuten -lehenengo ikastolen mugimendua sortzen, besteak beste: Euzko Ikastola Batza- eta presentzia izan zuten politikagintzan ere -emakume mitinlariak ere izan ziren- bereziki II. Errepublika garaian (1931-1936). Gehiago jakiteko, irakurri Elixabete Garmendiaren artikulu hau.

II. Errepublikako urte horietan dibortzio-eskubidea eta emakumeen boto-eskubidea legeztatu ziren (gerrarekin bertan Casilda Hernaezehera geratu ziren biak) eta egon ziren politikan jardun zuten emakumeak ere, baita Euskal Herrian ere. Kaxilda bezalako emakumeak (irudian) ere aipagarriak dira; donostiarra, miliziana anarkista izan zen (Donostiako jatetxe batek eta Zizurkilgo gaztetxeak Kaxilda izena dute, haren omenez). Liburua ere idatzi zuten hari buruz.

Ikasleek Kaxildari buruzko informazioa bilatu dezakete, sarean, eta guztien artean haren biografia osatu eta ezagutu.

 

4. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke, talde txikietan. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo talde bakoitzak proposamenetako bat egin dezake.

 

  • “Historia egiten. Ikertzea proposatzen dugu, bideoan jasotako informazioa osatzeko informazio gehiago aurkitzea, eta ikaskideekin partekatzea. Feminismoaren historia zein 70eko hamarkadako historia izan daiteke, eta baita aurrekoa edo ondorengoa ere (ikasleen interesen arabera). Bakarka edo talde txikietan egin daitekeen lana da.

 

Bidea errazteko, hona hemen hainbat proposamen:

a. Gertaerak eta legeak

1968ko maiatzeko iraultza

Bobignyko epaiketa (1972): 16 urteko neskatila epaitua abortatzeagatik

Burgosko prozesua (1970): Manifestazioa Parisen, Behobiara emakume martxa

Basauriko 11 emakumeen prozesua (1976-1985)

Abortuaren inguruko historia Euskal Herrian (legeak, borrokak...)

Donostiako Zinemaldian emakumeen 1. zikloa (1978)

Emazteen adulterioa eta antisorgailuak zigorgabetzea (1979)

Frankismoko neurri bat: Zerbitzu Soziala

Frankismoko beste neurri bat: Ezkontzean lantegitik bota

Emaztea gizonaren menpe edukitzeko neurriak eta Dibortzio Legea

Lehenenego talde feministak edo talde feminista esanguratsuak (bat aukeratu)

 

Informazioa batu ostean, gaiari buruzko aurkezpen txiki bat prestatuko dute, ahal dela argazkiekin. Powerpoint edo Prezi bezalako tresnak erabil ditzakete horretarako.

b. Militante feministak. Militante feministen lana oso ezkutuan geratu da. Normalean ez dugu haien berririk izaten; batzu-batzuetan, hil ostean gertatzen da. 70eko eta 80ko hamarkadetan mugimendu feministetan jardun zuten horietako batzuek. Eta aurretik ere izan ziren, nahiz eta euren buruak "feministatzat" hartu ez (adibidez, Emakume Abertzale Batzakoak).

Emakume militante aitzindarien adibide batzuk: María de Maeztu, Madalena Jauregiberri, Polixene Trabudua, Haidee Agirre, Julene Urzelai, Sorne Unzueta, Maria Etxabe, Bittori Etxeberria, Itziar Mujika, Delia Lauroba, Tere Verdes, Balendiñe Albizu, Enpar Pineda (liburuxka, Kattalin Minerrek idatzia), Benita Asas, Kaxilda, Arantxa Gurmendi aktore feminista, Arantxa Urretabizkaia idazle feminista, Mariasun Landa idazle feminista, Miren Garmendia, Lola Valverde, Begoña Gorospe, Begoña Zabala, Marijose Molina, Begoña Amunarriz, Maria Jose Urruzola, Inaxi Otegi, Maria Luisa Ozaita, Mari Luz Esteban...

Polixene Trabudua eta Haydee Agirre kartzelan,  1933an, politikagintzan jarduteagatik.

Polixene Trabudua eta Haydee Agirre kartzelan, 1933an, politikagintzan jarduteagatik. Iturria: Euskonews

Kulturgintzan edo euskalgintzan zeresana izan zuten emakume aitzindariak ere azter ditzakegu. Esate baterako: Eulalia Abaitua argazkilaria, Bixenta Mogel idazlea, Rosario Artola idazlea, Maddi Ariztia idazlea, Mirentxu Loiarte zinema-zuzendaria, Katalina Eleizegi antzerki-idazlea, Maria Dolores Agirre antzerki-zuzendaria (hari buruzko bideoa), Elbira Zipitria andereñoa (hari buruzko bideoa eta ibilbidea), Miren Jone Azurza kazetaria (Ahotsak-en elkarrizketatua), Mari Karmen Garmendia (Ahotsak-en elkarrizketatua), Elixabete Garmendia (Ahotsak-en elkarrizketatua), Miren Azkarate (Ahotsak-en elkarrizketatua), Karmele Goñi antropologoa, lehenengo ikastoletako andereñoak... zerrenda luzea osa daiteke.

Zer proposatzen dugu? Emakume aitzindari bat aukeratu, eta hari buruzko informazioa bilatu, laburpena egin eta aurkezpen txiki bat prestatuko dute, ahal dela argazkiekin, lanaren emaitza gelakideekin partekatzeko. Banaka edo binaka egin daiteke.

 

  • Zu zeu elkarrizketatzaile”. Adineko emakumeak elkarrizketatzea proposatzen dugu, gazteak zirenean euren egoera zein zen jasotzeko. Elkarrizketatuak ez dauka militante feminista izan beharrik (baldin bada, hobeto); feminismoari eta boto-eskubideari buruz ere galdetu.

Emakumeak lehen aldiz botoa ematen, 1933an

Emakumeak lehen aldiz botoa ematen, 1933an. Iturria: Indalecio Ojanguren

Galdetegia guztien artean osa dezakete. Ideiak hartzeko, emakumeen sasoi bateko egoerari buruzko bideo hauetako batzuk ikus ditzakete:

 

Binaka egin daiteke lana. Elkarrizketak laburrak izango dira eta bideoan grabatuko dituzte (bideokamera edo sakelakoa), gero gelakideei erakusteko. Grabazioa editatu egin dezakete, adibidez OpenShot programarekin (nola erabili erakutsiko zaie), pasarte onenak aukeratuta. Bideoa gutxienez 2 minutukoa izango da eta gehienez 10 minutukoa. Hona hemen grabazioak egiteko kontuan har ditzaketen jarraibide orokorrak.

Aurkezpen txiki bana egingo dute bikote guztiek, eta elkarrizketatuari buruzko datuak ere emango dituzte (izena, nongoa den, zer harreman duten harekin, etab.), bideoa erakustearekin batera.

Bideo guztietako pasarteekin bideo bakarra osa daiteke bukaeran. Ikus-entzunezko hori ikastetxean edo herrian zabaldu daiteke. Posible da elkarrizketak gero ahotsak.eus-era eramatea ere (jarri gurekin harremanetan).

 

  • “Ika-mika”. Mugimendu feministan izan diren edo dauden eztabaida batzuk ekarriko ditugu hona, eta ikasleek ere eztabaidatzeko aukera izango dute.

 

Gela hiru taldetan banatuko da, eta talde bakoitzak hiru gaietako bat aukeratuko du eztabaidarako. Ondoren, bitan banatu, eta taldetxo bakoitzak aukeretako bat defendatuko du (A ala B). Hiru eztabaidak ezagutuko ditugu:

 

  1. Militantzia bakarra ala bikoitza. Mugimendu feministaren lehen urteetan eztabaida gogorra izan zen eta gerora ere eztabaidatu izan da. Emakume batzuek alderdi politikoetan edo sindikatuetan militatzen zuten, eta aldi berean talde feministetan. Beste batzuek, berriz, talde feministetan bakarrik. Iratxe Retolazak alzaltzen du pasarte honetan. Testuingurua ere aintzat hartu behar da: ezkerreko politikari batzuek lehenengo iraultza egin behar zela aldarrikatzen zuten, eta ondoren feminismoaren aldeko borroka. Gainera, feminismoa aldarrikapen burgesa zela zioten (Lola Valverdek azaltzen du pasarte honetan). Bi jarrerak:
    1. Militantzia bikoitzaren kontra daude batzuek. Feminismoari lehentasuna eman nahi diote, ez dadila bigarren mailan eta beste borroka batzuek baldintzatuta egon. Bestela, hartzen diren erabakiak ez direla aski iraultzaileak, ez doazela arazoen erroetara (feminismo erradikala), erdibidean geratzen direla, denen gustua egin nahi delako.
    2. Militantzia bikoitzak (abertzalea, sozialista...) feminismoa aberastu dezakeela uste dute beste batzuek. Borroka asko elkarrekin gurutzatzen direla eta guztiak lotuta daudela eta kontuan hartu behar direla, diskurtsoak eraikitzeko eta ikuspegi feminista batetik aurrera egiteko. Adibidez, zapalkuntza hirukoitzaren teoria: emakumea, euskalduna eta langilea.
  2. Berdintasunaren feminismoa ala desberdintasunaren feminismoa? Aspaldiko eztabaida da hau ere. Emakumeentzat boto-eskubidea eskatzen zutenek gizonen pare jarri nahi zuten: gizonen eskubide berak izatea legearen aurrean eta gizartean. 'Berdintasunaren feminismoa' aldarrikatzen zuten. 70eko hamarkadan, berriz, 'desberdintasunaren feminismoa' agertu zen, esaten duena parekotasun hori ezin dela eraiki gizonezkoek eraikitako ereduak hartuta, desberdintasunetik baizik. Bi jarrerak:
    1. Gizonek eta emakumeek berdinak izan behar dute legearen aurrean eta gizartean. Emakumeak gizonak dituen eskubide berak izan behar ditu. Biologikoki desberdintasunak izan arren, gaitasun intelektual berak ditugu. Gizonezkoen pribilegioak bertan behera geratu behar dira. Adibidez: soldata-berdintasuna aldarrikatzen dute eta emakume-gizon kopuru bera botere postuetan.
    2. Feminitate berri bat eraiki behar dela diote, kultura patriarkalaren parte diren pentsamenduak albo batera utzita, gizonezkoek eraikitako ereduei iskin eginez. Beste sistema bat eraiki behar da, balio femeninoetan oinarrituta (intuizioa, zaintza, komunitatea...). Gizarte parekidea lortzeko, beste gizarte bat eraiki behar da, ez gizarte patriarkalera (botere-harremanetan oinarritua, kapitalista...) egokitu.
  3. Zer egin prostituzionarekin? Espainiako Zigor Kodearen arabera, adin txikikoen prostituzioa delitua da (187. artikulua), baina helduen prostituzioa ez dago araututa: alegala izango litzateke. Ezkutuko eremu bat da, urtean diru mordoa mugitzen duen merkatua. Prostituten ehuneko handi bat baldintza eskasetan ari da lanean. Zer egin horren aurrean? Feminismoan bi jarrera nagusitzen dira.
    1. Batzuek diote prostituzioa zigortu eta desagerrarazi egin behar dela. Ez dela lana (ez dute "lan sexuala" terminoa onartzen), emakumeen esklabotza dela. Besteak beste, puteroei isunak jartzea proposatzen dute eta prostitutei bertatik ateratzeko laguntzak eskaintzea.
    2. Beste batzuek prostituzioa legeztatzearen alde daude. Lan sexuala beste lanbide bat dela eta baldintza duinetan lan egiteko aukera eman behar zaiela. Prostitutei hitza ematearen alde daude. Jarduera bat debekatzeak eta zigortzeak askotan kontrako efektua izaten duela diote: itzali ordez indarra hartzen duela, baina klandestinitatean eta baldintza are okerragoetan.

Zotz eginda erabaki daiteke taldetxo bakoitzaren rola zein izango den. Taldetxo bakoitzak arrazoiak eta argudioak prestatuko ditu, eztabaida hasi aurretik bilduta. Hori bai, helburua ez da bakoitzak berea defendatzea bakarrik. Besteen argudioak entzuten eta akordioetara iristen saiatuko dira.

Hasi aurretik, ikasleei eztabaiden ezaugarriak eta erabiltzen diren formulak edo testu-antolatzaileak zein diren azaltzea komeni da (ikus Iritziak eta argudioak fitxako proposamenak, sekuentzia didaktiko hau, bereziki 84-85 orrialdeak eta beste adibide hau), esateko modua esaten dutena bezain inportantea baita.

Hiru taldeek txandaka egingo dituzte eztabaidak. Hau da, eztabaida guztietan ikasle batzuek publiko moduan hartuko dute parte eta galderak egiteko aukera izango dute. Talde bakoitzean moderatzaile bat egongo da, eztabaida gidatzen eta hitza ematen.

 

5. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena edo eztabaida egingo dute ikasleek, gelakideei euren lanaren emaitzak ezagutarazteko. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak.

 

Ebaluazio-irizpideak

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

  • Ea gaiak bere interesa piztu duen.
  • Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

 

Ikaste-prozesuari buruz

  • Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
  • Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
  • Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
  • Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

 

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

  • Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.
  • Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
  • Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

 

Talde-lanari buruz

  • Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
  • Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.

 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:

  • Ea bideoetako testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.
  • Ea enpatiarik erakutsi duen bideoko pertsonekin.
  • Ea Euskal Herriko mugimendu feministen historia eta historian zehar izandako aldaketak ezagutzen dituen.
  • Ea emakume eta gizonen arteko eskubide-berdintasunaren aldeko jarrera argiak adierazten dituen, haien orientazio afektibo-sexuala edozein izanik ere.
  • Ea hainbat eremutan (publizitatea, informazioa, txisteak, eskola eta abar) emakumeari buruz ageri diren gizarte-estereotipoak biltzen eta aztertzen dituen.
  • Ea feminismoa gutxietsi eta diskriminatzea dakarten estereotipo, aurreiritzi eta rolak baztertzen dituen.
  • Ea kultura-elementuen (estereotipoak, rolak eta abar) eta emakumeen diskriminazioaren arteko lotura azaltzen duen.
  • Ea sexu-diskriminazioaren eta indarkeriaren aurkako jardunak proposatzen dituen.
  • Ea mugimendu feministari buruzko informazioa bildu duen eta haien aldarrikapenak barneratu dituen.
  • Ea ikaskideekin eztabaidatuz gogoeta egin duen emakumearen egoeraren inguruan eta eskolan zein gizartean duen ikusgaitasunaren inguruan.
  • Ea emakumea gutxiestea, diskriminatzea eta/edo haren aurkako indarkeria sustatu eta justifikatzea dakarten estereotipo, aurreiritzi eta rolak gaitzesten dituen.
  • Ea feminismoaren eta berdintasunaren aldeko elkarteen ezaugarriak, funtzioak eta programak ezagutzen dituen.
  • Ea ikerketan informazioa lortzeko gaitasuna erakutsi duen, iturriak bilatzeko orduan.
  • Ea informazio hori bere gogoetak eta ikuspuntua egituratzeko edo eraldatzeko erabili duen.
  • Ea talde-lanean ondo moldatu den, berdinen arteko harremanean iradokizunak eginez eta ikaskideen iritziak errespetatuz.
  • Ea bere iritziak eta hausnarketak partekatu dituen, horretarako txanda errespetatuta.
  • Ea ahozko ekoizpean ondo moldatu den, komunikatzeko gai izan den.

Lehen haziak, Iparraldean

Miren Aranguren (Iruñea, 1981): Guk abiapuntua Ipar Euskal Herrian jartzen degu, bueno, ba, 68ko maiatzaren ondorio zuzen bat izan zalako emakumeak antolatzen hastea Baiona eta inguruetan, eta Hegoaldean oraindik frankismo garaian ginalako 1975. urtera arte, ez?

Iratxe Retolaza (Donostia, 1977): Bai eta hori da: 1974an sortu ziren talde modura, ba, mugimendu feminista horiek Ipar Euskal Herrian. Ipar Euskal Herrian gero egon ziren mugimendu feministan bi adar modura: bata zan –esan dezagun– Frantziako mugimendu feministaren ordekaritza bat –talde bat, ba, Frantziako mugimendu feministarekin lotura zutenak, nolabait Emakumearen Askapen Mugimendua izena zutenak, bai? eta aldizkariak eta sortu zituztenak–; eta gero, ba, bazeuden, ba, ezker abertzaletasunarekin nolabaiteko harremana zuten talde feministak. Ez? Eta horrela sortu zen Ipar Euskal Herrian eta Angela Davisen ere diskurtsoetatik erantzuten eta abar, zapalkuntza hirukoitzaren ikuspegia garatzen, nun, bueno, aipatzen zuten “gu gara euskaldunak, emakumeak eta langileak eta, beraz, zapalkuntza hirukoitzari egin behar diogu aurre, beraz behar ditugu askapen mugimenduan diskurtsoak zapalkuntza hirukoitz horri aurre egiteko”.

Miren Aranguren: Ipar Euskal Herrian, hasiera batean, mugimendu oso indartsuak izan zian, planifikazio familiarraren aldeko mugimenduak, kontrazepzioa eta abortatzeko eskubidea aldarrikatzen zuten hoiek. Hasi zian, gordeka ibili gabe –ez? beraiek esaten duten bezela–, hasi zian abortuak iten.

Iratxe Retolaza: Abortuaren aldeko mugimendua ere suspertu zen Frantziako estatu osoan eta, bueno, hor egon ziren hainbat mugimendu: ba egon zen hainbat jende ezagun ere publikoki abortuaren alde egin zutenak eta abortatu zutela esan zutenak. Eta holako mugimendu sendo bat egon zen Frantziako estatuan garai hortan. Eta Frantziako giro horren bueltan ere Ipar Euskal Herrian sortu ziren, ba, guneak abortua egin ahal izateko.

Miren Aranguren: Hor, ba, kasu bat egon zan Parisen, bueno, nahiko entzutetsua izan zana, Bobignyko epaiketa, eta, horren ondotik, ba, Simone Veilek abiatu zun prozesu bat, ba, mugimendu feministaren aldarrikapen hoiek guztiak ere lege bilakatzeko eta… Eta 75etik –uste det– aurrera, ba, ya abortatzeko aukera, eskubidea, izan zuten Frantziako estatuan.

 

Hegoaldean, frankismoa

Iratxe Retolaza: Emakumeak oso… ez? oso… leku hertsia zuen. Ba, gogoratu behar dugulako, frankismoan, emakume ezkondu batek senarraren baimenak behar zituela kontu korronte bat irekitzeko, enplegurako sarbidea –zuten gutxitan– izateko, eta abar eta abar. Legalki ez zela herritar askea ere. Emakumea, emaztea zenean, senarra zen bere –esan dezagun– bere tutore legala.

Arantxa Gurmendi (Donostia, 1944): Emakume ezkonduak ezin zuten lanik egin. Beraien eginbeharra umeak zaintzea zan eta senarra zaintzea. Autonomia hori eukitzea, hori zan… etxetik ateratzea, etxea uztea... Ez, ez, ez, eske izugarria zan nola teorizatzen zan hori guztia, ez? Ze kulpabilidadea sartzen zitzaien emakumeai, beharra baldin bazuten eta lanean hasi behar bazuten. Eta, batez ere, ze… ze etorkizuna eskaintzen zitzaien emakumeei: ama izan. Ama? Baina ama… ume bat bestean atzetik. Ama izan? Klaro, ez zeon pildoraik eta ez zan ezer… dana debekatua zeon! Ordun, aber, pentsa zazu, zenbat familia, 6-8-7 ume ta…

Lola Valverde (Donostia, 1941): Gizon askok ez zioten uzten emakumeari lana etxetik kanpo egiten. Oseake, zer nahi genun? Ba nahi genun gizonezko menpekotasun horretatik atera. E? Atera. Gogoratzen naiz manifestaldi batian talde emakumezkoen talde batek esaten, karraxika esaten zuten –aber gogoratzen naizen, oso zea da, argia ematen du–: "Mujer, tu hogar es tu carcel, tus hijos tus cadenas y tu marido el carcelero" esaten zuten. Eta oso gogorra da hori esatea, bainan horrela ikusten genun.

Arantxa Gurmendi: Gainera, ezkontzea zan umiak eukitzea eta ordun ez zeon haurtzaindegirik eta holako gauzak. Hoiek modernoak dia. Eta ya, gainera, hori da ondorio bat, onartzea emakumeak, umeak izan ondoren, edo izanaz gain, izan dezakeela beste bizimodu bat lana iñez eta abar. Hori dana lotuta dijoa, pakete bat da. Baino garai hartan zeini bururatuko zitzaion… emakumeak lana egitea? Nahiko lan ez al dauka etxean?

Miren Garmendia (Donostia, 1947): Harkaitz jaio zanean, 74an, ez zegon haurtzaindegirik. Montatu ziren haurtzaindegi batzuk, baiño emakume gehienak gero bildu giñen feminismoaren mugimentuan.

Iratxe Retolaza: Bazeuden hor ere ekintza txiki batzuk, ba, trantsizio politiko horren garaian egin zuen eztanda eta Euskal Herriko mugimendu feminista, ba, Hego Euskal Herrian ere saretu zen, Espainiako estatuan saretu zen ere eta hor egon zen iraultza handi bat. Eta hor borroka asko egon ziren lehen lerroan.

Miren Aranguren: Hegoaldeko Euskal Herriko mugimendu feminista abiatu zanean, bazeuden aldarrikapen ezberdinak, batzuk zeuden oso lotuta amnistiarekin, emakume batzuk oraindik kartzelan zeudelako, ba, emakumeei leporatzen zizkieten delituengatik: adulterioa, prostituzioa, abortua, ez dakit zer... bueno, horrelako batzuk. Orduan, amnistiaren aldarrikapena izan zan hasierako urte hoietan aldarrikapen garrantzitsu bat. Baina gerora ere, Ipar Euskal Herrian bezela, kontrazepzioa eta abortuarena eta planning zentroen aldarrikapena, ba, oso orokortua izan zan.

Iratxe Retolaza: Gertatu zen batera Francoren heriotza eta 1975ean emakumeen nazioarteko urtea aldarrikatzea eta, gainera, nolabait, emakumeen eskubideen karta bat diseinatzeko, ba, mugimendu bat hastea nazioarte mailan eta abar eta abar. Osea, giro hortan, ba, bueno, ba… ta aurretik zeuden aurrekari guzti hoien ondorioz, ba, sortu ziran Hego Euskal Herrian mugimendu feministak.

Arantxa Gurmendi: Hasi giñanian emakumeen elkarteak sortzen, eta feminismoaren hasieran eta, hori izan zan, ba, borroka oso-oso gogorra izan zan, zeatikan asko zeon aldatzeko. Ya ez… lege aldetik, ze esanik ez! Hemen neskak-eta abortatzera joaten zian Londresera edo Parisa... ezkutuan, modu txarrian, eta… bueno.

Miren Aranguren: Emakume asko juten zian Hegoaldetik ere Iparraldera abortatzera. Eta, bueno, hor egon zian elkartasun… elkartasun sare hoiek ere egon zian. Alegia, hemen askotan esan da, ba, Parisera edo Londresera juten ziala emakumeak, noski harea juten ziala, baina baita Baionara edo Hendaiara ere.

Miren Garmendia: Eta hor hasi ginen, bueno, kontaktua Baionako planning familiarrekin, eta, turnatzen, baino ni askotan jun nintzen, ba, eramaten nuen larunbatetan bi edo hiru emakume Baionara, abortatzera.

Mertxe Uranga (Donostia, 1937): Eta hamen itten gendun astero reunio bat eta bidaltzen genittun, abortatzeko, jendea, nahi zunak, haurra… oi, emakumeak, bialdutzen gendun zeara, Holandara, abortatzera. Neska bat etorri zan, gaztea, eta esan zidan: nik ez dakat diruik eta abortatu in bihar det. Eta ez badet abortatzen, suizidatu ingo naiz”. Eta esan nion: “Aizu, nik ezin dizut, pentsa zazu, nik diruik ezin dizut eman. Zuk zeatzen baldin badezu, dirua bilatzen baldin badezu, ba, nik ingo dizut, bueno, ahal detena eta nik lagunduko dizut, pues, emango dizut ez dakit zer, bai. Baino nik ezin dizut pagatu! Ta hamen… Gu gera… klandestinoak gera eta ez degu ezerre honekin irabazten, todo lo contrario, dirua zeatzen zaigu”. Pues badakizu ke hurrengo egunian suizidatu zala, barrio Grosen, calle San Franziskon.

Miren Garmendia: Juten ginen Baionara, baino dirua zeukatenak ya juten ziren Inglaterrara eta Holandara.

Mertxe Uranga: Ta batek baino gehiok, nik uste det… baino ez zian juten, ez zekaten dirurik eta ez zian juten. Eta ez dakit nola abortatuko zuten, pues perejillakin o nola… esaten zan bezela.

Maite Gonzalez (Donostia, 1943): Beasainen emakume bat hil zan abortua eginda eta, ordun, elizkizuna egon zan eta, elizkizunan ondoren –gainera, apaizak bota zitun kristorenak, no? emakume horren kontra, eta– gu atera ginan eta manifestazio isila egin gendun  Beasainen. Eta gero hasi ginan biltzen, gai guzti hoiek lantzeko eta. Oraindik hauteskundeak etortzekoak ziran, partidu politikoen legalizazioa gertatzeko zegon... osea, egoera hartan, pentsa zazu, dana zegoen egiteko.

Iratxe Retolaza: Abortuaren aldeko mugimendu haundi bat egon zen eta hortxe, ba, mugarri izan zen Basauriko 11 lagunen epaiketa, ez?

Miren Aranguren: 1976. urtean atxilotu zituzten Basaurin 11 emakume, abortatzeagatik, eta, orduan, horren aurrean eta epaiketaren iragarpenaren aurrean, ba, mugimendu feminista Hegoaldean antolatu zan, artikulatu zan... bueno, bai, hor uste det eztanda in zula antolaketak berak ere, ez? ze nik uste det, bai, abortatzeko eskubidearen aldeko borrokak horrek zeharkatu zula mugimendu feminista edo emakume askoren bizitza, ez?

Maite Gonzalez: Buruan daukat hori: manifestazioa, poliziak aurrean, bildurra… bildurra. Baino gure militanzia politikoaren gaillurra jo zuen urte hartan.

Miren Aranguren: Horren aurrean elkartasun uholde izugarria sortu zan eta replikatu ziran ere, ba, Frantzian ere abiatutako zenbait kanpaina, ez? Ba "nik ere abortatu dut" eta horrelakoak ere, edo sinadura-bilketa masiboak...

Maite Gonzalez: Sinatu genun "yo también he abortado", Basauriko juizioa egon zanean. Eta gogorra izan zan gutako askorentzat sinatzea hori, ze familiyak… orduan gure familintzako… ideologia gizartean nahiko itxiya zegon, nahiko itxiya zan, eta guk pentsatzea gure familiak zer pentsatuko… bueno, ze susto hartuko zuten... Baino gure aldetik militantzia keinu bat zan.

Iratxe Retolaza: Gaurko ikuspegitik sekulako ahalduntze kolektiboa izan zen eta oso-oso ausardia handiko ekintzak izan ziren, gainera, ari zirelako asko aitortzen hori, abortua, praktikatu zutela, baina, gainera, hain justu hori ilegala zen garaian.

Miren Aranguren: Kateaketak, autobusen okupazioak, udaletxeen okupazioak... bueno, hori izan zan etengabeko… etengabeko borroka bat  70. hamarkada horretan.

Iratxe Retolaza: Eta gero hortik sortu ziran ya jardunaldiak eta abar, bai, egin zirenak. Eta jardunaldi hoietan ya hainbat ikuspegitako feministak bildu ziren, hasi ziren ya egituratzen, ba, bueno, agenda konpartitu bat, gogoeta konpartitu bat...

Miren Garmendia: Izan zan, bai, zerbait oso fuertia: 3.000 emakume. Baino imajinatzen zera zer zen 77n? Puf.

Iratxe Retolaza: Leioan egin ziren, gaur egun unibertsitatea dagoen leku berean, ez? Azken batean, pentsatu behar dugu 1977an jardunaldi feministen Leioako jardunaldi horiek oihartzun izugarria izan zutela prentsan. Orduan, ikusten zan hor zerbait zegoela bor-bor-bor-bor. Eta, klaro, oraindik 81a ez da iritsi eta dibortzioarena hor dago, baino hainbat borroka daude hor benetan eragin nahian. Ez?

Miren Garmendia: Ni apartatu egin nintzen 78an, 78-79; ez zegon dibortziorik. 

Iratxe Retolaza: Adibidez, dibortzioaren legea izan zen mugarri, ba, borroka asko egin zalako eta 1981ean, osea historikoki atzo da, pentsatzen baldin badugu... atzora arte hemen, Gipuzkoan –Euskal Herriko leku guztietan ez, baina hemen Gipuzkoan– emakumeek ezin zuten dibortziatu, ez?

Miren Garmendia: Gogoratzen naiz beti, notario baten aurrean egin genun eta nola notarioak esan zidan: “entre las primeras mujeres divorciadas, si no es la primera”.

Arantxa Gurmendi: Nik uste det, eman dien pausoak hain haundiak dia, zaila egiten zaizu hola, eta batez ere gazte jendeai-eta, pentsatzea nondik abiatu ginen, ez? Ze egoeratik abiatu ginen.

  • Euskal Herriko mugimendu feminista 70eko hamarkadan hasi zen, baina badira aurrekariak, isolatuak izan ziren arren. Adibidez: Espainiako estatuan sortutako lehen emakume elkartea Eibarren sortu zuten, 1952an: Goi Argi. Carmen Apellanizek kontatzen du pasarte honetan eta Maritere Gantxegik beste honetan. 1936ko gerraren aurretik ere egon zen mugimendurik, besteak beste, Emakume Abertzale Batza taldea. II. Errepublikaren garaian dibortzio-eskubidea eta emakumeen boto-eskubidea legeztatu zituzten (gerrarekin bertan behera geratuko ziren biak; Francoren diktadura oso gogorra izan zen emakumearekin). 
  • Francoren heriotzak (1975) ate asko ireki zituen Hego Euskal Herrian. Emakumeak antolatzen hasita zeuden, hainbat bidetatik baina modu klandestinoan (besteak beste borroka politikoan, haurtzaindegiak sortzen...), eta azkenean legezko egiturak sortzeko aukera izan zuten. 1975a Emakumearen Nazioarteko Urtea ere izan zen. 
  • Ipar Euskal Herrian urte batzuk lehenago hasi zen mugimendu feminista, 70eko hamarkadaren hasieran, eta Parisko 1968ko maiatzeko iraultzak eta askatasun haizeek izan zuten eraginik horretan. Baita Bobignyko prozesuak ere: 1972an 16 urteko neska bat epaitu zuten Parisen, abortatzeagatik, eta protesta oldea piztu zen ("Nik ere abortatu dut" sinadura bilketa tarteko). Frantziako estatuan Abortuaren Legea 1975ean lortu zen.
  • 1976an Basaurin 11 pertsona atxilotu zituzten, abortatzeagatik edo abortatzen saiatzeagatik. Protesta handiak izan ziren hurrengo urteetan (sinadura-bilketak, manifestazioak...), epaiketa asko luzatu baitzen: 1979an hasi zen eta 1985ean bukatu. 
  • 1977an Euskal Herriko I. Jardunaldi Feministak antolatu zituzten, Leioan. 3.000 emakume elkartu ziren. Euskal Herri mailako asanblada sortzea erabaki zuten. 
  • 1978. urtean UEUn feminismoari buruzko ikastaroak antolatu zituzten, Iruñean; Donostiako Zinemaldian, berriz, emakume zinegileen I. zikloa antolatu zuten. Antisorgailuak saltzea/erostea baimendu zuten (ordura arte Hego Euskal Herrian debekatuta zeuden) eta emaztearen adulterioa zigorgabetu zuten (gizonarena ez zegoen zigortuta).
  • 1979an Hego Euskal Herriko gerraosteko lehen udal hauteskunde demokratikoak egon ziren, eta handik aurrera posible izan zen emakumeak politikan aritzea eta baita pixkanaka-pixkanaka erakundeetan politika feministak abian jartzea ere. 
  • 1981ean Dibortzioaren Legea atera zuten eta homosexualitatea zigorgabetu, Hego Euskal herrian. Abortuaren Legea 1985ean sortu zuten (kasu batzuetarako bakarrik; 2010ean zabaldu egin zuten).

 

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza