Maria Dolores Agirre eta antzerkia

Maria Dolores Agirre emakume aitzindaria izan zen antzerkigintzan: Donostiako Euskal Iztundea antzerki taldeko zuzendaria izan zen eta hainbat antzezlan euskaratu zituen. Aldi berean, euskara irakaslea eta irrati esataria ere bazen.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Euskara, Antzerkia

1,33 puntu 5 izarreko maximotik
135 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:

  • Euskararen eta euskal kulturaren historia ezagutzeko interesa
  • Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Gaur egungo emakumeen lana ezagutzeko gogoa
  • Genero-ikuspegia sustatzeko nahia

 

Bideoa ikusi aurretik:

Maria Dolores Agirre antzerki zuzendaria izango dugu hizpide, aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderen eta azalpenen bitartez:

-Zer dakizue euskarazko antzerkigintzaren historiari buruz?

-Nor izan zen Maria Dolores Agirre? Zer egin zuen?

-Ezaguna egiten al zaizue Donostiako Euskal Iztundea antzerki eskola?

-Nolakoak ziren gerra aurreko eta gerraosteko lehen urteetako antzezlanak?

 

Bideoa ikusi bitartean:

1.Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2.Beren arreta erakarri duten pasarteak gogoan har ditzatela.

3.Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu.

4.Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztia barneratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren:

  1. Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-Bideoa ikusita, zer iritzi duzue Maria Dolores Agirreri buruz?

-Zer egin zaizue deigarriena? Zer nabarmenduko zenukete?

-Magisteritza ikasketak egin zituen lehenengotako emakumea izan zen. Nolakoa zen emakumearen egoera gerraostean?

-Antzerkia, irakaskuntza, irratigintza eta itzulpengintza. Hainbat alorretan aritu zen Maria Dolores, euskararen alde betiere. Zein zen euskararen egoera garai hartan?

-Zer nolako garrantzia zeukan antzerkiak gizartean? (Telebistarik ez, filmak ere gutxi, Internetik ez…)

-Donostian antzerki-mugimendu handia egon zen. Euskal Izkundeaz gainera, bazen euskarazko beste talderik?

Testuinguruaz hobeto jabetzeko, Gerraosteko antzerkigintza: tradizioa vs modernotasuna bideoa ikus dezakegu.

 

3. Maria Doloresek ez zuen aldarri feministarik egiten: ez zitzaion iruditzen ezer berezirik egin zuenik. Alabaina, emakumeen jarduna oso mugatuta zegoen garai hartan: ez zen ohikoa emakumeek goi mailako ikasketak egitea, eta are gutxiago emakumeak zuzendari karguetan ikustea. Sakontzeko, bi bideo hauek ikus daitezke, bertan ederki azaltzen baitituzte emakumeak kate motzean lotzeko hartutako neurriak: Emakumeak lantegitik etxera eta Zerbitzu Soziala emakumeentzat.

 

4. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Hiru adibide  eskaintzen dira hemen. Ikasleek aukera dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere (edo proposamen bat baino gehiago egin):

 

  • Bestearen azalean”. Maria Doloresi omen egiteko modu onena antzerkia egitea da eta antzezten ondo pasatzea. Aukera bat: taldetxoetan banatu (2-3 lagun), eta antzerki-esketx laburrak sortzea (5 minutu bitartekoak).
  • Gai bat aukeratu (adibidez: egoera deserosoak/barregarriak)
  • Egoera bat pentsatu (adibideak: Komunean, papera bukatu da; Puzker-usaina dago: nor izan da?; Ez da ausartzen gurasoei egia esaten)
  • Pertsonaiak zehaztu (adina, izaera, jarrera eta janzkera)
  • Gidoia idatzi (lekuak, elkarrizketak eta ekintzak)
  • Gidoia ikasi eta entsegatu (erabiliko diren objektuak eta atrezzoa aukeratu, eta mugimenduak/keinuak zehazten joan)
  • Ikaskideen aurrean antzeztu

Antzerki-esketxak bideoz grabatzea proposatzen dugu, gero ikusi eta aztertu ahal izateko. Aukera bat: zer eta nola hobetu erabaki (ikasleek beraiek), praktikan jarri eta antzezlana berriro egitea; bigarrena ere grabatu egingo dugu, biak konparatu ahal izateko eta hobekuntzez jabetzeko. Hona hemen egindako lana ebaluatzeko kontuan izan ditzaketen irizpide batzuk:

 

BAI / EZ

ZER HOBETU

Istorioa/esketxa ondo ulertu da?

 

 

Ondo entzun da? Pertsonaiek ondo, argi, ahoskatu dute?

 

 

Pertsonaien karakterizazioa egokia izan da?

 

 

Jantziak aproposak izan dira?

 

 

Pertsonaiak ondo mugitu al dira eszenatokian zehar?

 

 

Elkarrizketek naturalak eman dute?

 

 

Gustatu zait?

 

 

Beste aukera bat: antzezlan bakarra egitea guztien artean, gustuko antzerki-testu bat aukeratuta (ikus teatro-testuak. Adibidez: Irakasle gaiztoak). Kontuan izan behar da antzezlana publikoaren aurrean aurkezteko moduan prestatzeko denbora asko behar dela, eta koordinazio-lan handia behar dela (irakasleak antzerki-zuzendari lanak egin ditzake).

 

  • Sormena lagun”. Irratsaioak egingo dituzte ikasleek, beraiek aukeratutako gaien inguruan (adibidez: zaletasunak, gertaera misteriotsuak, sare sozialak, pertsonaia bitxiak…). Talde txikietan (2-3 lagun) 5-10 minutu bitarteko saioak prestatuko dituzte.
  • Dokumentatu. Zeri buruz hitz egin nahi dugu? Informazioa bilatu! Nolakoak izaten dira irratsaioak? Ereduak bilatu eta entzun!
  • Sormena landu. Kontatu nahi dugunari forma ematerakoan, irudimena erabili. Orijinaltasuna bilatu.
  • Egitura erabaki (irrati-esataria, elkarrizketatua, tertuliakideak… nola erabili eta noiz…)
  • Gidoia idatzi (zer esango duten gutxi gorabehera). Elkarrizketak egiten badituzte, bi aukera daude: benetako pertsonak elkarrizketatzea (adibidez, herriko pertsona bat) edo elkarrizketatuak pertsonaiak izatea, fikziozkoak (adibidez, “gaur Superheroi bat elkarrizketatuko dugu”).
  • Entseatu! Probak egin (ahotsa, erritmoa, tonua, isiluneak… nahi duten giroa sortzeko).
  • Grabatu! (musika zuzenean sar daiteke edo bestela ondoren, edizio-programaren bat erabilita).
  • Partekatu: egindako lana ikaskideei erakutsi, azalpen labur bat emanda (irratsaioa egiteko prozesuari buruz).

 

  • Zu zeu elkarrizketatzaile”. Maria Doloresen garaian ez zegoen telebistarik, baina orain bai. Telebista-programa laburrak (5-10 minutu) prestatuko dituzte ikasleek, sare sozialetan zabaltzeko. Kazetari bihurtuko dira: elkarrizketatzaile. Binaka egiteko jarduera izan daiteke: ikasle bat elkarrizketatzailea izango litzateke eta bestea kameralaria. Elkarrizketatua, berriz, antzerkiaren munduko pertsona bat, ahal dela emakumezkoa. Proposatzen ditugunak hauexek dira: aktoreak, antzerki-zuzendariak, antzerkiaren historian adituak, ipuin-kontalariak eta pailazoak.

Elkarrizketatuak herrikoak edo eskualdekoak badira hobeto, gertutasunarengatik. Hitzordua lotu, eta galderak prestatu ondoren (galdera orokorrak guztien artean presta ditzakete, eta gero elkarrizketatuaren arabera egokitu; informatu elkarrizketatuaren ibilbideaz!), elkarrizketa bideoz grabatzea proposatzen dugu (ikus jarraibide orokorrak).

Adibide gisa, ikus Txantxiku ikastolako ikasleek Goiena telebistan Iker Galartzari egindako elkarrizketa. Antzeko zerbait egin dezakegu, baina modu xumeagoan, eskura ditugun baliabideekin (eskuko telefonoa erabiliz gero, ez grabatu bertikalean! Horizontalean beti); adibidez, Jakintza ikastolako ikasleek egiten duten gisara: Elena Iruretari egindako elkarrizketa. Beste aukera bat: elkarrizketatzailea irudian ez agertzea (ahotsa bakarrik entzun daiteke edo galderak idatziz agertu bideoan. Adib.: Ramon Agirre).

Hona hemen jarraibide posible batzuk:

a.Taldetxo bakoitzak pertsona bat elkarrizketatuko du.

b. Ondoren, pasarte onena aukeratu, eta gutxieneko edizioa egingo du (moztu).

c. Bideoa ikaskideei erakutsi (ahozko aurkezpen txiki bat eginez: nor elkarrizketatu duten, zergatik, prozesua nolakoa izan den eta zer den jaso duten interesgarriena eta zergatik).

Ondoren, hainbat lanketa egin ditzakete grabazioarekin, hedabideen jarduna ezagutzeko eta lantzeko (ikasle taldetxo bakoitzak desberdina egin dezake):

  • Bideo-erreportaje labur bat prestatu, grabatutako irudiekin (horretarako, editatzeko programaren bat erabiltzen erakutsiko diegu, adibideak emanez). Bideo-erreportajea sarean zintzilikatu.
  • Elkarrizketa idatziz jarri, egunkari digital edo blog baterako (titulua, azpititulua, sarrera, galde-erantzunak, argazkia, azgazki-oina… Adibide gisa: Ainhoa Larrañagari elkarrizketa). Sarean ipini.
  • Irratsaio baterako erreportaje/elkarrizketa gertatu, elkarrizketako audioa erabilita. Sarrera prestatu (aurkezpena) eta grabatu; musika ere erabil dezakegu. Gertuko irratiren batera bidali edo sare sozialetan zabaldu.

Aukera bat: grabazioak Ahotsak.eus artxibora bideratzea gero (adibiderako, ikus: Donostiako ikastetxea eta Lekarozko institutua).

 

5- Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere: aurkezpena, ikus-entzunezkoa, antzezpena… eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea, ahozko jardunen bilakaera ikusteko. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea komeni da. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak

 

Ebaluazio-irizpideak:

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.


Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:

- Ea aktiboki hartzen duen parte dramatizatze-, birsortze-, memorizatze- eta errezitatze-lanetan, eta, erritmoa, ahoskera, azentua eta intonazioa zaintzeaz gainera, antzezpen-estrategia errazak erabiltzen dituen.

- Ea literatura-ereduak sormenez erabiltzen dituen.

- Ea ipuinak, pasadizoak... etorri handiz eta bizi narratzen dituen.

- Ea aurreko belaunaldien testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.

- Ea lehenaldia eta orainaldia lotzeko eta bere ikuspegia aberasteko gogoa eta gaitasuna izan dituen.

- Ea identifikatzen dituen euskararen eta gaztelaniaren arteko ukipen-egoeraren ondorioz sortutako fenomenoak, eta egoera zehatzak aztertzen dituen (2. mailan).

- Ea lotzen duen edukia historia- eta gizarte-testuinguruarekin.

- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.

- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.

-Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.

-Ea hautematen dituen gizarte-, arraza-, sexu- edota kultura-bazterketa adierazten duten irudiak eta adierazpenak (genero ikuspegiari lotutakoak bereziki), eta, horrez gainera, berak sortzen dituen testu mintzatu eta idatzietan adierazpen horien erabilera baztertzen duen.

- Ea bideoa behar bezala ulertu duen eta ulertu ez duena argitzen saiatu den.

- Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak.

- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.

- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak.

- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.

- Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean.

- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen.

- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen.

- Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia.

- Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak.

- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.

- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen.

- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei.

- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.

- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.

- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.

- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.

- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.

- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.

- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.

- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.

- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…).

- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.

- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak.

- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen.

Maria Dolores Agirre, antzerkigintzan aitzindari

Lurdes Auzmendi (Ataun, 1955):

-Errezildarra zen bera, Errezilen jaioa, baserriko alaba eta noski elebakarra izan zen gainera 12-13 urte edo zituenerarte. Eskolara joan zen, herriko eskolara, baina 6-7 urterekin eskola utzi zuen, garai haietan egiten zen bezala, gainera neska zen, bai? Lau anai uste dut zituela, neska bakarra etxean.

Patri Urkizu (Lezo, 1946):

-Gaztetan ba, 9-10 urte zitula, joaten zien bere astoakin Errezildik Tolosako plazara, eta Tolosako plazan han saltzen zittuzten ba arraultzak eta baserriko zenbait barazki. Eta arraultz hoiek salduta lehenbiziko gauza egiten zuena zen… lehenbiziko dozena arrautzen sosekin han ibiltzen zien bertso saltzaileak baziren, bertso-paperak saltzen zittuztenak, haiei zera erosi, bertso-paperak, berak zun afizioa, ta gero bueltakuan, Tolosatik oinez bueltatzen ziren Errezileraino, ba orduan bertso-paper guztia irakurri eta buruz kantatu eta ikasten zuen.

Lurdes Auzmendi (Ataun, 1955):

-Donostiara iritsi zenean oraindik erderaz ez omen zekien hitz egiten apenas. Hori bai, Kixoteren liburu zahar bat ba omen zuen bere etxean eta Kixote irakurria etorri zen. Gero maestra ikasketak egin zituen. Izan zen lehenengo emakumetako bat, gainera, Donostian maestra ikasketak egin zituena. Eta aldi berean euskara irakasten hasi zen. Esaten zun etxe ondoko farmazia batean jarri omen zuen karteltxo bat esanez bera prest zegoela euskarazko eskolak emateko eta uste dut egun berean ya, ordu pare batera edo izan zuela lehenengo ikaslea.

Patri Urkizu (Lezo, 1946):

-Eta gero Donostian ezkondu zen, mediku batekin.

Lurdes Auzmendi (Ataun, 1955):

-Egia da berak lan gehiena, gainera, egin zuela ezkondu eta ya umeak izan eta gero.

 

Euskal Iztundeko zuzendari

Idoia Gereñu (Tolosa, 1980)

-Maria Dolores Agirre izan zen Euskal Iztundearen bigarren zuzendaria

Patri Urkizu (Lezo, 1946):

-32an preseski esamin batzuk pasatu ta gero eta ez nolanahikoak, Maria Dolores Agirrek hartu zuen Euzko Iztundeko lema eta bera izan zen zuzendari urte askotan, gerra aurretik eta gerra ondoren. Ze Toribio Altzaga ya zaharkitua zen.

Lurdes Auzmendi (Ataun, 1955):

-Eta plaza atera zuen, lanean hasi ere bai, baina noski, gerra etorri zen eta gerrak dena hankazgoratu zien, bai? Gerra ondoren hasi zenean berriro lanean, gerra aurretik Toribio zenarekin, bai? Bueno, Toribiorekin lan egin ahal izan zuen. Asko miresten zuen Toribio. Gerra eta gero, itzuli eta berriro ekin ziotenean lanari, ya ordurako Toribio hilda zegoen bai? Eta  bueno ya beste… ya bera bakarrik nolabait hasi zen eskolari tiraka.

Patri Urkizu (Lezo, 1946):

-Eta gero ba jarraitu zuen 53az geroztik berriro Euzko Iztundearekin.

Arantxa Gurmendi (Donostia, 1944):

-Nere ama hor ibili zan. Toribio Alzagak-eta sortu zuten taldea izan zan hori, bainon segitzen zun…

Jose Angel Irigarai (Donostia, 1942):

-Orduan herentzia hori dena berpiztu nahi zuten, eta egiten zituzten, egiten zituzten urtean birritan edo horrela obra pare bat.

Marian Durá (Donostia, 1945):

-Maria Dolores Agirrek bai, egiten zun Santo Tomas egunian.

Arantza Garaialde (Donostia, 1951):

-Beste eguna San Sebastian eguna izaten zan, eta gauza bera, arratsaldean, eta normalean biak izaten ziran Antzoki Zaharrean.

Jose Angel Irigarai (Donostia, 1942)

-Eta zen beharbada gerla aurreko teatro mota bat, kostunbrista eta…

Arantxa Gurmendi (Donostia, 1944):

-Hasieran ziran gehienbat euskeraz idatzitakoak eta asko bastante klasikoak edo…

Lurdes Auzmendi (Ataun, 1955):

-Itzulpenarekin ikusten zen asko gozatu izan zuela.

Arantza Garaialde (Donostia, 1951):

-Buero Vallejorenak adibidez itzuli zitun.

Patri Urkizu (Lezo, 1946):

-Gero Lorca ere bai, Yerma, Calvo Sotelo, Lopez Rubio, Buero Vallejo, Pio Baroja… guzti hoiek itzuli zittun.

 Jon Ezeiza (Donostia, 1936):

-“Amal” egin zun Rabindranath Tagoren “El cartero del Rey” euskeratu zun eta… oso gauza politta.

Patri Urkizu (Lezo, 1946):

-Nik hemen kontatu dittut 26 antzerki eman zittuztela, 26 obra ezberdin.

 

Euskara eta antzerki irakasle

Lurdes Auzmendi (Ataun, 1955):

-Bi formazioak ematen zituen nolabait eta askotan biak bakar batean, dudarik gabe. Bata zen antzerki obra bat antzeztu behar zutenean prestaketa hoietan aritzea eta bestea zen aldi berean euskera irakaskuntzan ere jardutea.

Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947):

-Erabaki nuen alfabetatu nahi nuela zeatikan gure euskara ahozkoa zan  baiñon haurtzaro osoan liburu bakarra izan gendun euskaraz etxian eta klaro, guk ez genekin irakurtzen-ta euskeraz. Eta hasi giñan ahizpa eta biyok juten Donostiako konserbatrorioan Maria Dolores Agirrek ematen zitun eskola batzuk alfabetatzeko, gipuzkeraz noski. Zeatikan ordun euskara oraindik ez zegoen batua.

Miren Eegaña (Donostia, 1946):

-Ez dakit zeinek esan zidan “a, bai! Udaletxeak ematen ditu klase batzuk eta bonberotan ematen dituzte”. Maria Doloresen klasetara ba bi edo hiru urtetan joan nitzan.

Arantza Garaialde (Donostia, 1951):

-Gero hor ematen zitun klaseak eta klaseak bukatuta antzerkiko ensaioak eta hor egiten genitun. Hor izaten zan lekua, horrera etortzen ginan, Easo kalean, garai hartan Victor Pradera zala baina gero Easo kalea.

Jon Ezeiza (Donostia, 1936):

-Konserbatorio de musikan 3. bizitzan han Maria Doloresek ematen zitun klaseak, ba zazpitatik zortzietara edo seiretatik zortzita, eta gero zortzitan ya juten ginan gu, antzerki taldekoak, ba gure papertxoak-eta prestatzera eta ittera.

Mirentxu Agote (Donostia, 1933):

-Aurrena jartzen zun “Academia de Declamacion Vasca del excelentisimo ayuntamiento de San Sebastian” kanpon, letra haundikin.

Jon Ezeiza (Donostia, 1936):

-Jende asko elkartzen ginan eta oso giro ona zeon. Oso giro abertzalea, oso giro herrikoia, oso gustoa eta gure gauzak-eta izaten giñuzten, gure jaiak eta gure festak. Eta ondo, ondo konpontzen ginen. Maria Dolores zan zuzendaria eta Joxe Mari Etxebeste da laguntzaile bezela.

Arantza Garaialde (Donostia, 1951):

-Eta gainera Maria Doloresek… bera bizi zan Urbieta kalean, oso etxe polita. Nik bere etxean, txikitan e, eta gaztetan ba ez dakit zenbat urterarte ikasten nitun paperak eta gero ba azken astean-edo horrela esaten zidan ya ba juteko Konserbatorioko lokal hortara ba hor ya antzeztera besteekin eta taldean egitera. Baina bestela dana ni entxufada, bere etxean. Eta gainera magalean esertzen nindun askotan eta hor ikasten eta bera juten zan esaten ta… paper guztiak-eta berak esaten zidan nola egin behar nitun, ze doinua jarri hemen zer eta gero ba han mugitzen ginen ikasteko.

 

Irratian ere ibilia

Jose Angel Irigarai (Donostia, 1942)

-Hark klaseak ematen zituen, gero irratian mintzatzen zen Basarrirekin batera, euskal irratsaio batzuk bazituen…

Jose Mari Iriondo (Azpeitia, 1938):

-Maria Dolores Agirre zan hiztun earra, jo, oso… harritzekua zan.

Lurdes Auzmendi (Ataun, 1955):

-Irratigintzan ba bueno egiten zuten programa bat baita ere eta berak esaten zuen: euskara erabili zitekeen alor guztiak interesatzen zitzaizkiola.

Jose Mari Iriondo (Azpeitia, 1938):

 -“Charla con nuestros basarritarras” zuen izena, eta programa hortan lana itten zuten. Hor zeuden Jose Artetxe, hor zeuden gero Milagros Bidegain, hor zeuden Maria Dolores Agirre, hor zeuden Basarri sartu zuten… gero Oñatibia, gero Zurutuza ta hoiek sartu zituzten 47an eta hasi ziren Radio San Sebastianen, lehenago Euskal Irratia izan zan hortan hasi ziran.

Patri Urkizu (Lezo, 1946):

- Radio San Sebastian izango zen… ba han bere zatitxoa… bai berak eta bai Basarrik euskerazko zatitxo batzuk, eta garai hartan entzuten zuten euskera bakarra zen ba Maria Doloresen ahotsa eta Basarrirena Euskal Herriko etxe askotan eta askotan.

 

Emakume maitagarria

Jon Ezeiza (Donostia, 1936):

-Maria Dolores Agirre, zoragarrizko emakume zoragarria bai zela. Berak esaten zun askotan “zoragarri”, “zoragarri” baina bera bai zela zoragarri.

Lurdes Auzmendi (Ataun, 1955):

-Oso irekia. Gustatzen zitzaion hitz egitea. Kontatzea. Eta dudarik gabe euskaltzale sutsua.

Mirentxu Agote (Donostia, 1933):

-Gure ama balitz bezela, oso ondo ibiltzen giñan berakin.

Arantza Garaialde (Donostia, 1951):

-Neretzako festa bat bezela zan eta pentsatzen det maitagarria zalako, musu asko ematen zizkidan, besarkadak… eta neri agian… zalea nintzan eta beharbada inguruan ez nitun horrenbeste jasotzen. Nere etxean-ta ama ez zan oso muxuzalea eta horrela, eta pentsatzen det ba honek ematen zidala oreka hori. Maitagarria! bueno, beste amoña goxo hortaiko bat. Maitagarria! Oso far… hortz batzuk erakusten zitun… gero oso emakume planta ederrekoa zan, osea esan nahi dut alta zan, oso guapa zan, ile beltz-beltz moño eder batekin.

Lurdes Auzmendi (Ataun, 1955):

-Gogoan dut hori, ilea oso dotore orraztua eta makilatua, ezpainak margotuak, zer zer nolako dotoretasunarekin ibiltzen zen beti.

Patri Urkizu (Lezo, 1946):

-Eta ya  90 urte zitula ere, ze nolako maitasuna euskerarekiko zeukan: oraindikan euskerazko klaseak ematen zittun.

Mirentxu Agote (Donostia, 1933):

-Eta 92 urtekin hil zan.

Lurdes Auzmendi (Ataun, 1955):

-Laurogeita hamar… ez dakit zenbat, laurogeita hamar urtetik gora zituen hil zenean.  Baina jarraitu zuen buru ezin argiagoa edukitzen eta azken momenturarte izan zen emakume oso-osoa zentzu guztietan.

Patri Urkizu (Lezo, 1946):

-Lehenbiziko izan zen teatroaren historian, II. Gerrate Karlista bukatuta, Marcelino Soroa hasi zen, Marcelino Soroak pasatu zion lekukoa Toribio Alzagari eta Toribio Alzagak pasatu zion Maria Doloresi.

-Ikus Maria Dolores Agirreri buruzko: Lurdes Auzmendik idatzitako Bidegileak, Patri Urkizuren Maria Dolores Agirre eta Euskal Antzertia liburua eta Harkaitz Canoren Emakumea euskal antzerkian (1915-1981).

-Sasoi hartako kultur mugimendua Donostian:

Gerraosteko antzerkigintza: tradizioa vs modernotasuna eta Ez Dok Amairu

-Euskararen egoera gerraostean:

Gerraosteko ikastola klandestinoak

Euskara eta zentsura

Euskararen kontrako neurriak

Gerraostea: euskararen zapalkuntza

Euskararen transmisioaren etena

-Maria Dolores Agirre eta Elbira Zipitria lagun-minak ziren: Magisteritza ikasi zuten biek, Donostian, eta elkarren arrimuan ibili ziren euskalgintzan, Donostian. Maria Dolores irribarretsua eta goxoa zen. Elbira, berriz, serioa eta zorrotza.

Elbira Zipitria andereñoa

Azken unerarte elkartuta

-Genero ikuspegiarekin lotutako bideoak:

Emakumeak lantegitik etxera

Zerbitzu Soziala emakumeentzat

Emakumea lan munduan

Etxeko lanen banaketa

Emakumeen egoera lehen

Emakumeak eta aisia

Neskak eta mutilak aparte

 

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza