Iritziak eta argudioak

Argudioak eta iritziak aztertzeko balio du bideo honek: zer ezaugarri dituzten eta zer formula erabiltzen diren. Horretarako, Ahotsak.eus proiekturako elkarrizketatutako hainbat lagunen iritziak erabili ditugu.

Mailak: Batxilergoa

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Ahozko testu-generoak

2,03 puntu 5 izarreko maximotik
3.272 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:

  • Denen iritziak arretaz entzun eta errespetatzeko borondatea
  • Elkarrizketarako eta bizikidetzarako jarrera
  • Ahozko eta idatzizko testu-generoak ezagutu eta lantzeko gogoa
  • Nobere iritzia defendatzeko argudioak garatzeko irrika

 

Bideoa ikusi aurretik:

Gaiaren aurkezpena egingo dugu: argudio-testuak izango ditugu hizpide. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu.

-Eguneroko bizitzan etengabe darabiltzagu argudioak: familian, lagunekin, auzokoekin... Oso umetatik gara argudiatzeko gai. Bururatzen al zaizue adibideren bat? (Gurasoei zerbait eskatzeko...)

-Zer da argudiatzea? Bota definizioak!

-Gauza bera al dira iritzia ematea eta argudiatzea (nork bere iritzia defendatzeko arrazoiak ematea)? Eman al dezakegu iritzia argudiatu gabe?

-Argudioa ahozko testu-generoetako bat da. Zer ezaugarri linguistiko ditu? Zer formula erabiltzen dira argudiatzeko?

Ahozko testu-generoak, Jean-Michel Adam-en arabera (1987): narrazioa, deskribapena, argudioa, azalpena eta instrukzioa. Argudiozko testuaren barruan iritzia dago. Hori bai, kontuan izan behar da ahozko jarduna genero-nahasketa dela (narrazioa, argudioak, deskribapenak, azalpenak… nahasten ditugu hitz egiterakoan).

 

Bideoa ikusi bitartean:

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak konparatu.
  2. Ikasleek euren arreta erakartzen duten pasarteak gogoan har ditzatela.
  3. Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez: handicap (desabantaila, ingelesetik hartutako hitza), urtegaz (urterekin), biziki (oso), ainitz (asko), ukan (eduki), fite (azkar)...

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztia barneratzeko, eduki zein forma aldetik.

 

Bideoa ikusi ondoren:

  1. Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu.

-Zer iritzi gustatu zaizue gehien? Zergatik? (Gaia, iritzia emateko modua…)

-Argi geratu zaizue bakoitzak zer defendatzen edo kritikatzen duen? Esaldi batean laburbildu beharko bazenute, zer esango zenukete? Mikelek... Rubenek... Onintzak... Gorkak... Uxuek... (adibidez, “Ruben A eta B ereduak desagertzearen alde dago; eredu bakarra D eredua izan beharko litzatekeela uste du”)

-Konbentzitzeko moduko arrazoiak erabiltzen al dituzte?

-Zer iritzi daukazue agertu diren gaien inguruan? Konforme zaudete? Kontrako iritzirik baldin baduzue, lasai esan pentsatzen duzuena. Iritzi-trukea egingo dugu.

 

3. Argumentazioa genero diskurtsibo bat da, berezko estrategia diskurtsiboak eta ezaugarri linguistikoak dituena. Argudiozko testu-generoen barruan iritzia dago.

Iritzia ematean arrazoiak/argudioak eman ditzakegu, iritzi hori justifikatzeko, baina ez dago derrigor norbait konbentzitzen saiatu beharrik (batzuetan hala izaten den arren). Argudiatzea, berriz, bestea konbentzitzeko izaten dugun elkarrizketa izan ohi da, aldeko eta kontrako arrazoiak emanez.

Argudiatze-egoeretan 3 ezaugarri hauek betetzen dira:

  1. Egoera/gai bati buruzko ikuspegi kontrajarriak daude
  2. Argudiatzaileak jarrera jakin bat hartzen du
  3. Bestea konbentzitzen saiatzen da, arrazoiak emanez

Hiru adibide ikusiko ditugu. Argudiatze-egoerak al dira? Zergatik?

  • Ez dut patata-tortilla nahi. Ez zait patata-tortilla gustatzen, arrautzak kalte egiten didalako. Nahiago dut tostadak jan.
  • Mendira baino hobeto hondartzara baldin bagoaz, ala? Eguraldi honekin bainatu egin gaitezke eta mendian lainotuta egon arren ere berdin-berdin da. Ura oso tenperatura onean dago orain eta mendian bero pasatuko dugu”.
  • “Liburu hori zoragarria iruditu zait. Irakurtzeko erraza, baina aldi berean sakona eta hunkigarria”.

 

Bideoan ikusitako iritzietara bueltatuta:

-Zuen ustez, ikuspegi kontrajarriak dituzten gaiak al dira bideokoak?

-Jarrera jakin bat al dute gaiari buruz?

-Ikusi dugun bideoan ba al dago elkarrizketarik? (Ez dakigu elkarrizketatzaileak zer galdetu eta zer erantzun dien)

-Zer tonu darabilte (efusiboa, lasaia...)? Irudikatzen dituzue eztabaida batean parte hartzen, beren iritziak defendatzen eta kontrako iritzia duena konbentzitzen saiatzen? Egoera hori izango litzateke argudiatze-egoera.

-Konturatu zarete zer estrategia diskurtsibo darabilten iritziak emateko garaian?

 

Argudiatzeko erabiltzen diren estrategia linguistiko batzuk ikus ditzakegu:

 

ARGUDIATZEKO TESTU-ANTOLATZAILE ETA ESAMOLDEAK

1-Nork bere burua inplikatu/Arrazoitu

Nire iritziz... Nire ustez... Uste dut... Iruditzen zait... -(e)la... Askok uste dugu... Nire ikuspuntutik/esperientziatik... Nik beti esaten dut... Gustatuko litzaidake... Nahi nuke... Ez nuke nahiko... Nik neuk...

-(e)lako... -(e)nez (gero).. Bait-... Kontuan hartuta... -t(z)eagatik/-t(z)earren... -(r)i esker... dela medio/kausa/bide... Bistakoa denez... Honegatik/horregatik/hargatik...
2-Baieztatu/Ezeztatu/Zalantzan jarri

Ziur... Jakina... Bai, noski ... Egia borobila... Bistakoa da... Dudarik/zalantzarik gabe... Ez dago zalantzarik... Eztabaida ezina da... Behar-beharrezkoa da... Konturatzen naiz... Onartzen dut... Ulertzen dut...  ...-z konbentziturik nago

Ezinezkoa da... Gezurra galanta... Hori dioena oker dago... Sekula halakorik... Ez nago batere ados... Hori ez da egia... Onartezina da...

Ez dakit ba...  Beharbada... Agian... Ez dut argi ikusten... Hori ez da guztiz zuzena... Ez nuke esango... Izan liteke, baina... Badirudi, baina... Zaila da sinestea...
3-Kontrajarri/Kontrastatu/Ñabardurak egin

Dena dela ere... Hala eta guztiz ere... Esanak esan... Edozein modutan... Hori horrela izanik ere...  Zernahi gisaz (ere)... Nolanahi/edonola ere... Datorrena datorrela... Hori gorabehera...

Nahiz eta... -n arren... ba-.... ere... Baina...

Kontuan hartu, baina... Kontuan izan behar da, bestetik... Ados, baina...

Kasu honetan, ordea... Horren aurka esan... Aurrekoaren kontrara...

Baldin eta... Beti ere... Kasu honetan...
4-Negoziatu/Konbentzitu
Nirekin bat etorriko zara... Ados bazeunde, gustatuko litzaidake... Hala nahi bazenu... Onartuko bazenu... Gogorarazi nahi dizut... Zera uler dezazun gustatuko litzaidake... Utz iezadazu azaltzen... Zera ziurtatzen dizut... Egoeraz jabe zaitez... Zure lekuan jarrita... Zu ni bazina, ulertuko zenuke... Ezin duzu zeure horretan jarraitu... Adostasunera heltzeko... Bion mesederako... Eskertuko nuke...
5-Harikaldu/Ondorioztatu/Bukaera eman

Ildo horretatik... Hari horri tiraka... -(r)i dagokionez... Jakin badakigu...

Beraz... Honela/horrela/hala... Esanak esan... Kontuan izanik... Honen/horren ondorioz/kausaz... Bada... Ondorioz... Honela/horrela/hala...

Bukatzeko/amaitzeko... Amai dezaguz esanez... Azkenik... Behin honaino iritsita...

(Taulako informazioaren iturri nagusia: 'Konbentzitzeko argudiatu' sekuentzia didaktikoa)

 

Badaude beste estrategia batzuk ere. Adibidez:

  • Galdera erretorikoak, erantzunik espero ez duten galderak, erabiltzea. “Eta egoera hori justua al da? Ba ez, ez da justua... honegatik eta honegatik”.
  • Nork bere esperientzia edo gertuko batena kontatzea, arrazoiei pisua emateko. “Amaiari goizeko laurak arte geratzen uzten diote gurasoek”.
  • Gertutasuna erakusteko, ni pertsonaz gainera, zu eta gu pertsonak Bestea ere zakuan sartzea, interpelatzea, edo kolektibo baten izenean hitz egitea. “Askotan sentitzen dugu...”, “Egoera horretan zaudenean...”, “Guk, emakumeok...”.
  • Adjektiboak erabiltzea, egoera/jarrera/gertaera hori kalifikatzeko: “Lotsagarria da...”, “Hori baino gauza ederragorik...”.
  • Errepikapena: ideia/argudio bera bi modu diferentetan azaltzea, indarra emateko. “Ez dago eskubiderik, ez dago eskubiderik hori...”, “Inportantea da, oso inportantea da...”.

Eta ahozko baliabideak ere oso inportanteak dira, esaten dena indartu edo indargabetu dezaketelako: keinuak, begiradak, erritmoa, ahotsaren tonua, gorputz-jarrera… Adibidez: behera begira hitz eginez gero edo oso baxu edo azkarregi edo sututa edo batere entusiasmorik gabe, esaten dugunak indarra galduko luke. Horri buruz gehiago jakin nahi izanez gero, ikusi bideo hau: Ahozko baliabideak.

 

4. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Lau adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin dezakete.

  • “Hitzen arrastoan”. Bideoko iritziak aztertuko ditugu. Edukiari baino (arrazoia duten ala ez) formari erreparatuko diogu gehiago: esaten dutena nola esaten duten, alegia. Ea aipatu ditugun ezaugarriak agertzen diren!

2-3 laguneko taldetxoak osatu. Taldetxo bakoitzak bost iritzietako bat aztertuko du, eta ez talde guztiek bera (adibidez, 10 taldetxo baldin balira, iritzi bakoitza bi taldek aztertuko lukete). Testua banatuko zaie, ezaugarriak errazago ikusteko.

Fitxa posible bat:

 

Argumentatzailearen izena
 
Gaia/egoera/arazoa
 
Iritzia/ikuspegia/jarrera
 
Darabiltzan argudioak/arrazoiak

-

-

-

-

Darabiltzan testu-antolatzaileak eta estrategiak

-

-

-

-

-

 

Egindako lana ikaskideei azalduko diete, ahozko aurkezpen txikiak eginez.

 

  • ”Ika-mika”. Argudiatze-egoera bat aukeratu eta eztabaida egitea proposatzen dugu. Ahozko eztabaida izango da, baina aurretik prestatu egingo dute. Eztabaidatzea arazoak konpontzeko, negoziatzeko eta ikasleen agresibitatea hitzez bideratzeko bitarteko bat izan daiteke. Izan ere, komunikazioa ezinbestekoa da: nork bere sentipenak adieraztea, eta besteen iritziak entzun, ulertu eta errespetatzea. Beraz: ikasleak euren iritzia defendatzen eta besteak konbentzitzen saiatuko dira, bai, baina ondoren adostasun batera iristeko, negoziatuta. Malgutasuna erakutsiko dute.

 

ZER LANDU?

  1. Zertaz eztabaidatuko dugu? Gaia eta ikuspegi kontrajarriak
  2. Nork defendatuko du ikuspegi bakoitza? Banaka ala taldeka? Taldeak osatu eta ikuspegiak aukeratu
  3. Zein erregistro erabiliko da (formala, informala)?
  4. Zenbat denbora izango du bakoitzak bere iritzia emateko?
  5. Nork gidatuko du eztabaida? Rolak banatu

Gaiek ez dute sakonak eta traszendentalak izan beharrik. Eguneroko bizitzako egoerak izan daitezke, eta oso gai polemikoak ez badira hobeto, gainera (bestela blokeoak sor daitezke).

Adibide moduan, bi egoera:

A egoera: Eskolako komun guztietako ispiluak margotuta agertu dira: “Babalorea hau irakurtzen duena”, “Munduko itsusiena naiz”, “Hi, izorrai!” eta horrelako idatziekin. Irakasleak esan du: “Zein izan da? Errudunak agertzen ez badira, denak zigortuta. Hori egin duena edo dutenak agertu arte, ez gara klasetik aterako”.

Ikuspegi kontrajarriak:

  • Batzuek uste dute zigorra ez dela justua, egileek aitortzen ez badute guztiak zigortuko dituztelako eta, gainera, ikaskideak salatzera bultzatzen dituztelako.
  • Besteek diote egileek egin dutena aitortzeko modu bakarra dela, presiorik egin ezean zigorrik gabe geratuko direla eta ez dela justua, ezin dutela nahi dutena egin eta zigorrik gabe geratu.

 

B egoera: Ikas-bidaiarako 3 proposamen daude, eta erabaki egin behar da.

  • Hondartza eta parranda. Hegazkinez. Astebete. 205 euro.
  • Ibilbideak, aterpetxeetan lo eginez. Autobusez. Zortzi egun. 105 euro.
  • Paris-Amsterdam. Bidaia gastronomiko-kulturala. Autobusez, bidean geldialdia eginez. Sei egun. 155 euro


Ikuspegi kontrajarriak: Denetik dago gelan. Batzuek hondartza nahi dute, beste batzuek mendia, eta badaude bidaia kulturala nahi dutenak ere.

Ahozko baliabideak kontuan hartzea ere komenigarria da, eztabaidarekin hasi aurretik. Denen artean adostu dezakete zeintzuk diren tonu, erritmo, bolumen, keinu eta erregistro egokienak gelakideen aurrean iritzia emateko, probak eginda:

     PROBATU ETA ADOSTU

  1. Tonua. Ez baxuegia eta ez altuegia, entzule/gelakide guztiek arazorik gabe entzuteko modukoa, baina garrasi egin gabe.
  2. Begirada. Saiatu beste taldeko kideei begiratzen (ez lurrera/sabaira/publikoari).
  3. Aurpegierak eta eskuekin egindako keinuak. Esandakoarekin bat etorri behar dute (ez egon momia baten moduan, ez sartu eskuak poltsikoetan...).
  4. Erritmo aldaketak. Oso azkar hitz egiten badugu, ez gaituzte ulertuko; mantsoegi hitz egiten badugu, berriz, aspertu egingo dira.
  5. Intentsitatearekin edo bolumenarekin jokatu, enfasia emateko, arreta erakartzeko...
  6. Erregistro ezberdinekin probak egin (lagunartekoa, serioagoa...).

(Informazioaren iturri nagusia: Ahozko eztabaidarako baliabideak)

 

Eztabaidetan, ohiko arrisku batzuk:

       KONTUZ HAUEKIN

  • Gure iritziaren aldeko nahikoa argudio ez aurkitzea eta ikuspuntua aldatzea: kontraesanetan erortzea.
  • Norbere ideietan bakarrik zentratzea, bestea konbentzitu behar horretan. Konbentzitu behar dugunaren iritzia ez kontuan hartzea. Ondorioz, akordio batera iristeko zailtasunak izatea.

 

Ondo legoke eztabaidak bideoan grabatzea, gero guztiek batera ikusi eta baloratu ahal izateko (eduki aldetik ez ezik, baita ahozko komunikazioaren ikuspegitik ere): ikasleek erabaki dezatela zer eta nola hobetu dezaketen. Aurre-testu bezala balio dezakete, hurrengo eztabaida egiten dutenean biak konparatu ahal izateko.

 

  • “Eman iritzia”. Bakarka egiteko lana izango da hau. Iritzi-artikuluak idatziko dituzte ikasleek. Hedabideetan agertu ohi direnen estilokoak.

Badakigu zer testu-antolatzaile erabili ohi diren, ikusi ditugu adibide batzuk. Baina hedabideetako argudio-testuek badituzte ahozko testuek ez dituzten ezaugarri batzuk:

  • Hartzailea. Ez dakigu hartzailearen ikuspegia zein izango den, artikulua publiko orokorrak irakur dezakeelako. Salbuespena: "Gutuna zuzendariari" ataleko eskutitzak, pertsona/talde jakinei zuzendutakoak.
  • Ikuspegiak kontrajarriak kontuan. Gure ikuspegia argudio sorta baten bidez justifikatu behar dugu, baina kontrako argudio posibleak ere kontuan izanda (eta komeni bada, horiek ere artikuluan aipatuta).
  • Egitura. Artikuluaren egitura inportantea da: argudioek eta azalpenek ondo lotuta egon behar dute. Hurrenkera inportantea da. Hasiera eta bukaera zaintzea komeni da (azken esaldiak/paragrafoak ideia nagusia laburbil dezake).

Adibide batzuk ikus ditzakegu (ikus “Iritzi-artikuluen ereduak” dokumentua). Irakurri eta komentatu. Ondoren, ikasleen txanda izango da. Gai bat eta ikuspegi bat aukeratu, eta iritzi-artikulua idatziko dute. Nahi izanez gero, pertsona/talde jakin bati zuzendutako kexua ere izan daiteke.

Idatzitako iritzi-artikulua ahoz gora irakurriko dute ikaskideen aurrean, egindako lana partekatzeko. Ozen irakurtzeko, garrantzitsua da hitzezkoak ez diren baliabideak ezagutzea edo gogoraraztea (erritmoa, isiluneak, tonua, bolumena...). Horretarako, Pako Eizagirreren azalpenak kontuan izan ditzakegu, aditua baita lan horretan (Aittu.eus webgunearen sortzailea da): Testua ezagutu eta barneratu (00:30-01:40)

Bideo honen bigarren zatian ere ozen irakurtzeari buruz dihardute: 'Idazketa tailer baterako aholkuak (10:30 minututik aurrera).

 

  • “Bestearen azalean”. Antzezlan txikiak egitea proposatuko diegu ikasleei, “Zapalduen antzerkiaren” teknika erabilita.

Gatazka bat izango da antzezlanaren erdigunea: bi ikuspegi kontrajarri. Baina ikuspegi kontrajarriak dituena pertsona bakarra (protagonista) izango da, eta ez du jakingo zer egin. Protagonistak beste bi pertsona izango ditu aldamenean, eta biak ala biak bera konbentzitzen saiatuko dira. Bakoitzak bere ikuspegia izango du, noski. Pertsonaia hauei Aliatua eta Zapaltzailea deitu diezaiekegu.

“Zapalduen antzerkian” zapalkuntza-egoerak lantzen dira, arrazarekin, genero-ikuspegiarekin eta abarrekin lotutakoak.

Adibide bat:

Amaiak Bartzelonara joan nahi du, dantza eskola batera. Hori da bere ametsa txikitatik. Enekok, bere mutil-lagunak, ez du nahi, eta esaten dio joaten bada distantziaren erruz haien arteko harremana bukatu egingo dela. Mireiak, ordea, ametsa betetzera animatzen du. Zer erabakiko du Amaiak?

Gure proposamena inprobisazioa lantzea da. Hiruko taldeak egin, rolak banatu eta egoerak emango dizkiegu, eta elkarrizketak inprobisatu egingo dituzte. Hori bai, lehenengo inprobisazioan amaiera beti bera izango da: protagonistak benetan nahi duena ez egitea erabakiko du, etsaiari/zapaltzaileari kasu eginez.

Jarraian:

Amaiak Bartzelonara ez joatea eta Enekorekin geratzea erabakiko du.

Antzezlantxoa amaitzean, publikoari (gelakideei) galdetuko zaio zer egingo luketen istorioari beste amaiera bat emateko: protagonistak bere benetako nahia bete dezan, alegia. Zer eta nola esan proposatuko diete aktoreei, eta halaxe egingo dute. Bigarren aldiz antzeztuko dute, modu inprobisatuan oraingoan ere, baina beste amaiera batekin.

Amaiak Bartzelonara joatea erabakiko du, eta Enekorekin duen harremanak, sendoa baldin bada, iraungo duela irudituko zaio.

 

Ikasleek asma ditzakete egoerak. Beste hiru adibide:

  • Lanean kontratu gabe dagoen etorkina. Protagonista: Langilea. Larunbata jai hartzeko baimena eskatu dio nagusiari, lagun baten ezkontzara joateko, eta hark ezetz esan dio. Zapaltzailea: nagusia. Aliatua: lagun bat.

 

  • Ama-alabak. Protagonista: alaba. Lagunekin asteburu-pasa joan nahi du, baina ama adinekoa da eta txantaia emozionala egiten dio, bakarrik utz ez dezan. Zapaltzailea: ama. Aliatua: lagun bat.

 

  • Nudismoa egin nahiko lukeen emakumea, baina ez dena ausartzen. Lagun batek (zapaltzailea) lotsarazi egiten du eta besteak (aliatua) animatu. Kasu honetan bi lagunak bere buru barruko eztabaidaren isla besterik ez dira.

 

5. Ekoizpena partekatzea. Ekoizpena dena delakoa izanda ere, ikasleek beti ahozko aurkezpena/azalpena/kontaketa egitea proposatzen dugu, ahozkotasuna lantzeko, eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea, ahozko jardunen bilakaera ikusi eta aztertu ahal izateko. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea komeni da. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak.

 

Ebaluazio-irizpideak

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.


Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:

– Ea gai den zenbait erabilera-eremutako ahozko eta ikus-entzunezko testuak interpretatzeko eta balioesteko, eta horretan, ea bereziki kontuan hartzen dituen hezkuntzan eta hedabideetan sarri-sarri erabili ohi diren testuen funtzio soziala.

– Ea badakien ahozko aurkezpenak egiten eta ea gai den, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz, aldez aurretik prestatutako eskema bati jarraitzeko.

– Ea modu aktibo, erreflexibo eta pertinentean parte hartzen duen ikaskuntza helburu duten ahozko interakzioetan, eta horretan, ea gai den azalpenak eta argudioak modu pertinente eta egokian emateko.

– Ea gai den zenbait erabilera-eremutan erabili ohi diren euskarri digital eta analogikoko idatzizko testuak interpretatzeko eta balioesteko, eta horretan, ea bereziki kontuan hartzen duen azalpenezko testuek (1. mailan), pertsuasiozko testuek (2. mailan), iritzi-artikuluek eta zientzia-dibulgazioko testuek zer funtzio sozial duten eta zer balio transmititzen dituzten.

– Ea gai den, aldez aurretik egindako plangintza bati jarraituz, gaurkotasun handiko gaiei eta curriculumarekin, hizkuntzarekin nahiz literaturarekin lotutako gaiei buruzko idatzizko testuak zorrotz, argi eta akatsik gabe ekoizteko (azalpenezko eta argudiozko testuak, batik bat).

– Ea, testuak interpretatzean eta sortzean (hezkuntzan sarri-sarri sortu ohi diren azalpenezko eta argudiozko testuak batik bat), gai den hizkuntzaren planoei buruzko ezaguerak modu erreflexiboan identifikatzeko eta erabiltzeko.

– Ea gai den ikasturtean zehar landutako literatura-lan eta -pasarteetako edukiak interpretatzeko, eta horretan, ea erabiltzen dituen literatura-formei, -garaiei eta -egileei buruzko ezaguerak.

– Ea gai den, ikasturtean landutako garai eta mugimenduetako lanik adierazgarrienak irakurri ondoren, testu-iruzkin kritikoak egiteko.

– Ea badakien hizkuntza-aniztasunaren berri, eta ea gai den errealitate hori kontzeptu sozio-linguistikoak erabiliz kritikoki interpretatzeko.

– Ea gai den, informazioa bilatzean, aukeratzean, komunikatzean eta zabaltzean, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu autonomo, eraginkor eta kritikoan erabiltzeko.

– Ea gai den hizkuntzak ikastean tartean diren ikaskuntza-prozesuez gogoeta egiteko, eta horretan, ea baduen konfiantzarik bere gaitasunetan.

Euskaldunon konplexuak

Mikel Urdangarin (Zornotza, 1971): Uste dot euskaldun kopurua igo dala eta euskararekiko harremana leundu in dala. Esan nahi dot, lehen… erdaldun dan jendeantzat ere uste dot euskararen presentzia ohikoagoa egin dala, ezta? jende horrentzat. Arroztasun sentimendu hori gutxitu egin dala. Arroztasun sentimendu hori diluitu egin biharko da egunen baten, ezta? Nolabaitteko herri elebidun bat ezagutzeko, ba, pausuak emon behar dira eta hoietako bat hori da, ezta? Lehenengo eta behin euskaldun ez dan jendeak arroztasunez ez begiratzea euskaldun mundua. Hori gertatu izan da asko. Oraindik ere bada hola bizi dauenik, baiña zorte apur bategaz marginala bihurtuko da denboraz jende hori, belaunaldi berriek bultzatuta. Etorriko dire garai hobiak, nik uste, baldin eta erabaki ausartak hartzen badie, baldin eta konplejurik gabeko erabakiak hartzen badie eta, batez be, guk, euskaldunok, konpleju barik jokatzen badogu bizitzan. Hori ezinbesteko ariketa da. Esan nahi dot… Uste dot gure… euskaldunak bai hamen, Gasteizen, bai Zorrontzan, bai edozein Euskal Herriko txokotan, daukagun etsairik haundiena da geure burua. Ez Espaiñia, ez Madrilen hartzen diren legeak, onartzen diren legeak. Etsairik nagusiena, iñoiz izan bagenu, Frankismo garaian eta beste sasoi batzutan oso modu, gaiñera, zehatzean, ezta? identifikatu ahal bada kanpoan egon zala etsaia, gaur egun etsaia barruan dago eta gu gara. Eta “gu” hori da “gu” akonplejatu bat; da guk euki geinkenik eta handicapik haundiena. Eta aldi berean esaten dozu: “Baiña hortxe dago giltza eta hortxe dago soluziñoa”. Euskaldun bat akonplejatuta sekulako trajedia da.

Hizkuntza-ereduak

Ruben Sanchez (Gasteiz, 1975): A ereduan ikasi duzu edo B ereduan ikasi duzu eta gero eskatzen dizute euskara mail bat ez daukazuna, ezin izan duzuna hartu. Hori da desastre bat. Eta gaur egun oraindik ere Gasteizen A ereduko eskola bat baino gehiago dago. Eta, orduan, esaten duzu: joe, ze kulpa daukate hemen ikasten ari direnek? Ez daukate errurik. Eta gero aterako dira hemendik eta ez dakite euskara. Eta hori beraientzako da arazo bat; arazo bat lan egiteko, arazo bat komunikatzeko jente batekin, arazo bat zure inguruan gertatzen ari dan kultur batekin, ezin duzulako ulertu. Gu orain ari gara egiten bi laburmetrai eta gurekin dagoenetako batek ez daki. Eta, orduan, bueno, guk berarekin hitz egiten dugu erderaz, baina igual gu biok euskaraz ari gara eta berak etengabe dauka gabezi hori. Ez? Hutsune hori. Eta ze kulpa dauka? Egin ahal du, jakina, ahalegina ikasteko, baina askotan ere nik uste dut mundu euskaltzaletik oso arin esaten dela hori. Hizkuntza bat ikastea, hizkuntza gutxitu bat ikastea, ez da… a! Ez. Inbertitu behar duzu denbora eta diru pila bat! Ez da debalde! Nere arreba joan zen Bartzelonara eta lehenengo egunetik bazeukan katalana ikasteko aukera debalde. Hemen ez dago hori! Hemen zure dirua eta denbora dezente inbertitu behar duzu euskara ikasteko. Hau da, ez da… “Joe, ba ikasi!”; “Joe, ba, ikasi? Ba ikasi zuk txinera!”. Ez? Osea, neri… Jakina, hemengo hizkuntza da, hemengo, hemengo eta hemengo eta… baina zuri ez badizute eskolan eman eta zure etxean ez badago euskararen aldeko jarrerarik, ba, zu apartatu zaituzte mundu horretatik, eta gero esaten dizute ikasteko.

Kultur-eredu globalizatuak

Onintza Enbeita (Muxika, 1979): Geur egun 16-17-18… 20 urte dekozen edonok –40 dekozenak be bai– ikusten deu “Mujeres y hombres y viceversa”, entzuten dauen musikie ehuneko larogeta hamar inglesez edo gaztelaniaz da –Saihestezine da! Zuk irratixe ipintten badozu, denda batera bazoaz, edozein lekuten musika hori dau–, ikusten dauzen pelikulen ehuneko ehun praktikamente dire gaztelaniaz eta, ziñera joaten bazara, Hollywood-eko eredu konkretu batekoak, irakurten dabezen liburuen ehuneko ez dakit zenbat dire erderaz edo inglesez edo… euskeraz ez. Orduen, klaro, gure badozu bere modie beste bat izetie, ba, modie zerk sortzen deu? Ba, guzti horrek. Orduen, hori ez badogu aldatzen, ba, joango dire gurie ez dan beste moda batera. Eta da… saihesteziñe. Hamabost urtegaz danok joan gara modara, e! Nik hamabost urtegaz entzuten neuen Su ta Gar, entzuten neuen Negu Gorriak eta ez dakit zer. Orduen, klaro, oin beste batzuk die. Eta hamabost urtegaz danok segidu dotseu modieri. Klaro, gure sasoien zan superguay estilo hori jerse haundidxek, ez dakit zelako prakak… tipo makarrilla edo holan. Eta oin, ba, hori, adibidez, aldatu ein da eta oin hori ez da modan dauena. Eta oin modan dauena, ba, ez dire ez dakit zelako euskal taldiek. Eta gero, klaro, euskal taldiek burue ataraten badabe, juango gara atzetik eta ebai eingo dotsegu esaten komerzialak diela. Eta, orduen, gure mundu txiki hau –ze hiru milloi gara dan-dan-danok kontuten hartute ta hortik euskeldunek izengo gara milloi bet–, klaro, gure mundu txiki hau guk mugatzen badogu eta guk esaten badogu hau bai eta hau ez, iñok ez dau… modie iñok ez deu segiduko. Ta gero Euskal Telebistak eitten dauen gauze bakarra bada Telecincok eitten dauzen programak imiteu, Gu ta gutarrak eta ez dakit zer…! Emoten dabezen ereduek dire atze-atzeka jausteko modukoak. Ba, zer leporatuko dotset nik hamabost urteko bateri? Eske “modie segitzen dozu”. Onbre, klaro. Klaro! Neuk be segitzen neuen hamabost urtegaz! Eta oin be bai geuze askotan. Eta, orduen, nik uste dot hor batzutan euskeldunen akatsa-edo dala pentsetan dogu modiek ez doskule eragiten eta eragiten dau, klaro. Eta gu bizi gara bi estatu haundi-haundi-haundi eta zentralistaren erdidxen.

Look abertzale” erreportajea

Gorka Artetxe (Hendaia, 1987): “La Semaine du Pays Basque” astekarian agertu zen titularra, ez,“Look abertzale” jartzen zuena, eta bertan abertzaleen look berezi bat aipatzen zuten. Gero horri buruz egin zuten artikulua biziki gaizki egiña, funtsik gabekoa edo sakontasunik gabekoa, oso ariña eta oso… Aurreiritzi ainitz erabiltzen zituen eta egitzat jotzen zituen aurreiritzi ainitz. Beraz, aski lotsagarria iruditu zitzaidan. Bai, pentsatzen dut egin zitekeela artikulu aski interesgarri bat horri buruz, ez dakit, datu batzuk erabiliz. Edo umoretik hartuz gero, egin zitekeen. Ez dakit. Egin zitekeen beste molde batean, baina egin zuen moldean… Hasteko, titularraren gainean emana zen: look/itxura; artikulu hori irakurriko zuten euskal abertzaleek ulertu ahal izateko zer zen look hitza. Horrekin hasten zen eta hori zen euskaraz idatzitako hitz bakarra. Eta beste erreferentzia guztiak, bueno, aski lotsagarriak. Adibidez, bizarra zergatik uzten zuten abertzaleak: ba, ekintza bat egin eta hurrengo egunean bizarra moztu eta itxura desberdina ukan ahal izateko. Lokarriak zergatik sartzen zituzten zapatetan: ekintza bat egin eta korrika fite joan ahal izateko. Mais, hola, testualki hola idatzia zen. Beste bat zen: begirada batekin aski da ulertzeko pertsona baten reibindakazio politiko globala. Begirada batekin. Hola. Zer reibindikazio eta hori ez zuen aipatzen. Hori, […] aski lotsagarria eta euskal abertzale munduaren irudi biziki… ez dakit, biziki itxia, biziki… ez dakit… Bai, eta artikulua adibidez hasten zen esanez: “kalean aurki ditzakezue, gurutzatu ditzakezue”.

Gizonen sexualitate-eredua

Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984): Sexualitate maskulinoa oso presente dago. Ez dago besterik inguruan. Baina zer da presente dagona? Benetan plazerra da presente dagona? Benetan…? Iruditzen zait gizon askok gozatu ahalko luketela gozatzen dutena baino askoz ere gehiago. Baina beraiek jaso duten sexualitate eredua eta gaur egun pixka bat… ez? Ez det nik pornoaren kontra hitz egingo, inundik inora, baina dagon eredu nagusia zein da? Eta zer ematen digu horrek? Eta, adibidez, ba, bertsotan nesken artean sexualitateaz pila bat eta erotikaz kantatzen degu pila bat. Eta igual hor askatu gera, hor sentitzen geralako seguru, badakigulako zertan ari geran: ari gera konpartitzen, ari gera elkar ezagutzen. Eta tartean, esan nahi det, bollerak eta heteroak eta danak. Baina ez da gizonekin bezela. Askotan sentitzen degu: “buf! hau esaten baldin badet, gero zer erantzun etorriko da? Nola ulertuko du publikoak?”. Hor uste det… zein… ez dakit ze artistak esaten zun, baina feminismoarentzako gorputzaren errepresentazioa beti izan dela gatazkatsua, bi indar kontrajarri daudelako nolabait. Batetikan, autorrepresentazio beharra, behar haundia daukagula ez gaitzaten kanpotik irudikatu, eta guk esateko nolakoa dan gure sexualitatea, nolakoa dan gure gorputza, nola sentitzen degun. Baina, bestetik, autorrepresentazio horrek edo representazio horrek beti dauka modu sexistan irakurtzeko arriskua. Eta, orduan, beti horrekin gatazkan edo kontzientzia horrekin ari gera, bertsotan ari geranean edo idazten ari geranean. Nik beti esaten det, iruditzen zait, adibidez, gure literaturan erotikak oso pisu txikia dauka. Gizonenean ere bai, e! Oso-oso txiki… –batez ere gizonenean esango nuke– oso txikia. Eta nik sinisten det benetan idazle hoien bizitzetan erotikak beste leku bat daukala, literaturan daukana baino haundiagoa, baina bada halako terreno bat ihes egiten dioguna. Iruditzen zait.

-Jean-Michel Adam-en arabera (1987) narrazioa, deskribapena, argudioa, azalpena eta instrukzioa dira ahozko testu-generoak. Argudiozko testuen barruan, berriz, iritzia dago.

-Testu-generoak lantzeko, beste bideo batzuk ere badauzkagu:

-Bideo hauek ere baliagarriak gerta daitezke:

 

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza