Francoren diktadura garaian, emakumeak lantegietatik etxera bidaltzeko lege bat jarri zuten (1942-1961). Ezkontzean, lana uztera derrigortzen zituzten.
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Balio etikoak
Gaiak: Genero-berdintasuna, Oroimen historikoa
Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu
Bideoa ikusi aurretik
-Zuen amonek lanik egin al zuten etxetik kanpo? Eta aitonek?
-Zuen amonek izan al zuten ikasketak egiteko aukerarik? Eta aitonek?
-Zuen ustez, emakumeek beti izan al dute lanerako aukera? Libre al ziren etxetik kanpo lan egiteko ala norbaiten baimena behar zuten?
-Emakumeek lanean jarraitzen al zuten ezkontzen zirenean?
Emakume gehienek egiten zuten lan etxetik kanpora momenturen batean: etxera dirua eramateko (askotan anaien ikasketak ordaintzeko erabiltzen zen, gainera). Hori bai, ezkontzen zirenean, ohikoa zen lana uztea. Lanean jarraitu nahi zuenak senarraren baimena behar zuen.
2. Lanbidea ikasketekin oso lotuta egoten da. Garai batean emakume gehienek ez zuten ikasketarik egiten. Ez zeukaten unibertsitatera joateko aukerarik. Eta joaten zirenek “nesken ikasketatzat” hartutakoak egiten zituzten.
-Ba al dakizue zer ikasketa ziren “nesken ikasketatzat” hartzen zirenak? (Haur eta helduen zaintzarekin eta heziketarekin lotutakoak: erizaintza, irakasle ikasketak…)
-Gaur egun, ba al dago bereizketarik mutilen eta nesken artean ikasketei dagokienez? (Erizaintza, irakasle ikasketak, ingeniaritza, hegazkin pilotu, lanbide heziketa…)
-Eman iritzia eta eztabaidatu.
Bideo hau ikus daiteke, eta komentatu, ea gure iruditeriarekin bat datorren ala ez.
Bideoa ikusi bitartean
Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Bideoa ikusi ondoren
-Zergatik behartzen zituzten emakumeak lana uztera, ezkontzen zirenean?
-Familia ugariak bultzatzeko diru-sariak ere bazeuden. Zergatik?
-Zer sentitu duzue bideoa ikusita?
Emakumearen irudi tradizionala berreskuratu zuten frankismo sasoian: etxekoandre eta ama ona, elizkoia eta lagunkoia, senarrari men egingo ziona. Umeak-etxea-eliza trilogia naziarekin egin zuten bat. Hainbat neurri hartu zituzten norabide horretan.
Emakumeen garai bateko egoera erakusten duten beste bi bideo hauek ere ikus daitezke: Emakumea lan munduan eta Emakumeen “soldaduska”.
Banaka edo binaka egin daiteke: albiste bat aurkitu (adibide batzuk: “Inkesta: lanean diskriminatuta”, “Inkesta: pandemiaren eragina soldata arrakalan” eta “Elkarrizketa: emakume etorkinen diskriminazioa lan munduan”). Laburpena egingo dute, eta ahoz azaldu eta iritzia eman, gelakideen aurrean. Aurkezpen txiki bat presta dezakete, adibidez prezi programarekin; erabiltzen ez badakite, ereduak erakutsiko zaizkie.
Elkarrizketak laburrak izango dira eta bideoz grabatuko dituzte —bideokamera edo sakelakoa erabilita—, gero gelakideei erakusteko. Aurkezpen txiki bana egingo dute bikote guztiek, eta elkarrizketatuari buruzko datuak ere emango dituzte (izena, nongoa den, zein harreman duten harekin, etab).
Grabazio guztiekin bideo-muntaia egin dezakete, OpenShot programarekin, elkarlanean. Nola erabili erakutsiko zaie. Bideo hori ikastetxean eta herrian zabaldu daiteke. Grabazioak ahotsak.eus ahozko ondarearen artxibora ere bideratu daitezke.
Gizonez mozorrotzen ziren emakumeak, “gizonezkoen eremuetan” aritzeko. Ikasteko, lan egiteko, bidaiatzeko...
Ustez gizonezkoenak ziren ikasketak egin zituzten lehenengo emakumeak nortzuk izan ziren (nazioartean, Europan, Euskal Herrian...). Gaur egun unibertsitateak emakumez beteta daude, baina sasoi batean ikasle guztiak gizonezkoak ziren.
Egindako ikerketaren emaitza ikaskideekin partekatuko dute. Informazioaz gainera, gaiarekin lotutako argazkiak lortuko dituzte: aitzindariak izan ziren emakumeenak. Ondoren, argazkiekin collagea ere egin daiteke, guztiek batutako informazioarekin eta irudiekin.
4. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena egingo dute ikasleek, gelakideei euren lanaren emaitza erakusteko. Aurkezpenak laburrak izango dira eta grabatu egingo dira bideokamerarekin. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea komeni da (irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak
Ebaluazio-irizpideak
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
Ikaste-prozesuari buruz
Bere komunikazio-gaitasunei buruz
Talde-lanari buruz
Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:
Tere Arregi (Donostia, 1929): [Elkarrizketatzailea: Lana utzi zenun ezkontzeko?] Bai, bai. [Orduan hori zan ohitura, ez?]. Hori zan, hori zan ohitura. Ohitura, gaiñea, ohitura baiño gehio hori uste det eskatzen zizutela, ez? Hori eitia. Nere garaiyian nik uste det baietz. Gero ez, baiñon…
Martina Iturrioz (Lasarte-Oria, 1933): Iten zuen Michelin-en eta beste tailler guztitan ezkondutako jendia kanpora, bialtzen gintuen, eta hor moztutzen zan. Oseake… ez zeon… fabrikan ez zeon segitzeikan aurrea.
Maria Concepcion Beraetxe (Lasarte-Oria, 1925): Ezkontzen zianian, ordun, fabrikatikan fuera. Hemen bakar batzuk bazian geldittu zianak, baiño ez dakit hoik ze misteriyo zuen fabrikan geatzeko. Baiño gehienak, geihenak, gehienak, ezkondutakuan, fuera. Nik lau ahizpa dittut Michelin-en ibilitakuak eta denak, ezkondu dianian, utzi in bihar izandu due.
Micaela Sasiain (Lasarte-Oria, 1929): Bialdu itten zuen, baiño badakizu ze itten zuen? Firmatuazi sartu baiño leheno. Firmatuazi, ezkondutakuan atea in bihar zula.
Miren Garmendia (Donostia, 1940) eta Kattalin Garmendia (Donostia, 1938):
- Miren: Bai, ordun derrigorrez utzi behar gendun. Ordun firmatuazi itten ziguten papertxo bat, esanez ez ziñala bueltatuko gehio.
- Kattalin: Bueno, alargun gelditzen baldin bagiñan…
- Miren: Ordun bai, alargun gelditzen baziñan. Baiña orduan ere bost urte eo zan, e? Bost urteko epe batean alargun geatzen baziñan, bueltatu lezakezu Tabacaleraa, baiño bestela ez. Firmatzen zendun paper bat ezin ziñala gehiago bueltatu.
Luixita Zabala (Errenteria, 1932): [Elkarrizketatzailea: Lana utzi behar zan ezkontzeko, ezta?] Utzi in behar… Legez zan. [Behartuta ziñaten]. Bai. Geo esan diate ez zeola legeik. Zeatikan nik behin periodikuan –etxian dakat gordeta– in nun protesta Diario Vascon. [Bai, ba, neri esan diate bazeola lege hori, atea zala, e?] Eta, orduan, utzi in behar zendun. Ematen zizuten zea… nik periodikuan jarri nun bezela, “despido encubierto”, osea, soldata bat: hainbeste urtengatikan hainbeste diru. Nik kobratu nittun hamahiru milla pezeta uste det. Orduan diru asko zan, e! Diru asko zan. Horrekin ezkontza ordaindu gendun, biajia in gendun, etxian ez gendun zorrik in eta, gaiñetikan, milla pezeta sobratu zitzaizkigun. Osea… Hillabete pasa gendun, e! Madriden eta Burgosen eta hola. Eta orduan diru asko zan!
Mari Tere Paskual (Errenteria, 1931): Orduan legea zeon. Lege hori atera zen garai hartan, el año 53, 1953an, eta ematen zizuten “finiquito” esaten zioten. Hillabete… osea, urteko hillabete baten soldata. Orduan, gutxi… Gogoratzen naiz, gaiñea, bederatzi milla pezta –peztak zien, klaro– bederatzi milla pezta likidatu ziaten nere lana. Osea, azkeneko lanak in ta gero Gabonei tokatzen zaiona eta udarako… “18 de julio” orduan esaten zitzaion ematen zen diruari. Eta hori eta dana barrenan zeola, bederatzi milla. Eta horrekin ya kanpora. Baiño esan baziguten, bueno, pues kaja bat badago jarraitzeko, gero, pues ya jubilatzen zeanian posibilidadia izateko zerbaitt´e kobratzeko, baiño ez ziguten ezertxo´re esan.
Damiana Etxaiz (Astigarraga, 1936): Ordun bazan legia zerbaitt ere… ezkontzian zerbaitt´e dirua ematen zuen. Eta gu ezkondu giñan urtian, nunbaitt, ordun kendu in bihar zuela-o zabaldu zan eta gu bastante ezkondu giñan urte hortan.
Axen Egaña (Donostia, 1937): Bai, eta gero ya ni 61ian ezkondu nintzan eta, nola ezkondu nitzan, lana utzi bihar izan nun, ezin nun jarraitu lanian. [Elkarrizketatzailea: Derriogortuta?] Bai, bai, bai, bai. Orduan, ematen zizuten urte bakoitzetikan hillabete bat ordaintzen zizuen eta ya zea, etxea. Bai. Eta gero handikan –uste det zala 62an– uste det ya jarri zutela emakumiak posible zutela lana ittia. Pero bueno, ya ez nintzen ya joan.
Luixita Zabala (Errenteria, 1932): Eta esan zian: “Noiz ezkontzeko asmua dezu?”, “Ba udara hontan”, “Ba hitz ein zazu nobiyuakin ta urte pare batian… –atzeatzeko ezkontza, ez?– eta ofizinan sartu zaitez”. Ta ke ba… Joxemari ez zeon zea... gehio atzeatzeko. Ya hiru urtera eta lehenbailehen ezkondu eta kitto. Baiñan gero damutu in naiz, e!
Mari Tere Paskual (Errenteria, 1931): Obligatu in zidaten. Nik jarraituko nun, baiño obligatu in ziaten. Eta gero hor gelditu nitzan, nahiz eta nik zazpi urtean lana egin, ez zuten kotizatu nere… nik egin nun denborako zea. Eta “SOVI” edo hori sartu zenian, ta nik 65 urte egin nittunian, joan nitzan “La vida laboral” edo hori ikustea eta hiru hillabete-edo falta zen “SOVI”ra iristeko. Osea, geldittu nitzan… ezer gabe.
Margari Garbizu (Lezo, 1927): Ezkongaietan zerbait banitzan, ezkondu eta ezer ez…