Elgoibarren jasotako Santa Agedako bi kopla, Elgoibarko umeek abestuta.
Mailak: LH, HH
Proiektuak: Elgoibarko Udalak babestuta, Jira bueltan: 50 kanta eta jolas
Gaiak: Abestiak
Elgoibarren jasotako bi kopla horiek Elgoibar ikastolan ikasi zituzten 4 urteko umeek.
Santa Ageda egunean edo bezperan kantatzeko aproposak dira. Ikastetxean kanta daitezke, baina baita Santa Ageda eskean ere.
Joles ta joles etxekotxuak
nik joten dizut atia,
nik joten dizut atia eta
konsolatzeko jentia.
Etxeko Andra Marixa
esango dizut egixa:
etxe hontako oilo pintanak
sapaixan dauka habixa.
Santa Ageda edo Santa Agata egunean (otsailak 5) edo bezperan etxez etxe kanta-eskean (Santa Ageda eskean) joateko ohitura aspaldikoa da. Sasoi batean mutilak bakarrik ateratzen ziren eskean, soldaduskara joateko adina zutenak. Soldadu joan aurreko agur modukoa izaten zen. Jatekoa ematen zieten eta baita diru pixka bat ere, eta afari ederra egiten zuten horrekin. Azken hamarkadetan ohitura aldatuz joan da, eta gaur egun neskek ere hartzen dute parte; bilakaera ezagutzeko, ikus Eskoriatzako bideo hauek:
Asko dira Santa eskeko kantak eta koplak. Herritik herrira aldatu egiten dira. Askotan inprobisatuak ere izaten ziren, etxeko andreari, jaunari edo alabari eskainiak. Askotan kunplimenduak egiten zizkieten (alabak loreekin parekatu, etxekoandrea amabirjinarekin, etxeko nagusiaren eskuzabaltasuna goraipatu…).
Elgoibarko Maria Ormaetxeari jasotako bi kopla proposatu genituen Elgoibarko ikastolako umeei erakusteko, herrian bertan jasotakoak zirelako. Ormaetxeak berak beste bi ere kantatzen ditu beste bideo honetan:
Belia dago haitzian
beran gaixoko etxian,
etxe hontako maiorazkua
apenas dagon etxian.
Etxian bada etxian
ez da etorriko hutsian
esku batian arrautzak daukaz
bestian lukainka paria,
horri gutxi iritxitta
pezeta biko pagia.
Hona hemen Ahotsak proiektuan jaso dugun beste kopla polit bat:
Dios te salve bakailo jale
Bost eta sei hamaika
Txorixorikan ez baldin bada
berdin zaiola lukainka
Itziar eta Kristina Mendikute (Andoain)
Ezer ematen ez zuten etxeetan kantatzen zuten kopletako bat:
Atso mondrongo-mondrongo
Hik ez don asko emongo
Hik emondako limosniakin
Ez xonau asko edango
Luzia Inzunza (Mañaria)
Santa Ageda kopla ezagunenak beharbada hauexek izango dira, gehien zabaldu direnak:
Zorion, etxe hontako denoi!
Oles egitera gatoz,
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz.
Ez gaude oso aberats diruz,
ezta ere oinetakoz.
Baina eztarriz sano gabiltza,
ta kanta nahi degu gogoz.