Oñatiko gazteen artean hitanoa bizirik dago, baina mutilek bakarrik darabilte. Nesken artekoa, noka, galtzen joan da. Nola eta zergatik? Noka hitz egiten duten herriko emakumeei galdetu diegu.
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Euskara eta Literatura, Balio etikoak
Gaiak: Genero-berdintasuna, Euskara
Proposamen honek ikasleengan jarrera hauek bultzatzea du helburu
Bideoa ikusi aurretik
Gaiaren aurkezpena egingo du irakasleak:
-Hitz egiten al duzue hika? Hala bada, norekin?
-Ezagutzen dituzue tokako aditz-formak? Eta nokakoak?
-Zuen inguruan hitz egiten al dute hika? Hala bada, nork norekin?
-Gustatzen al zaizue? Ez badakizue, gustatuko litzaizueke jakitea?
-Zer ezaugarri ditu hitanoak zuentzat? (informala, zakarra-goxoa, hurbilekoa-arrotza, zaharkitua-guay-a…)
-Mutilen artean hedatuago dago hitanoa. Zergatik izan daiteke?
Hitanoa galtzen joan da azken hamarkadetan, bereziki emakumeen artean. Oñatiko kasua ezagutuko dugu: hika dakiten hainbat emakumezkoren iritziak entzungo ditugu.
Bideoa ikusi bitartean
Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Bideoa ikusi ondoren
-Zer iruditu zaizue bideoa? Komentatu agertu diren arrazoiak.
-Zuen ustez, egon daiteke genero-diskriminaziorik hitanoaren galeran?
-Neskek hitanoa ikastea ahalduntzeko tresna bat izan al daiteke?
-Gustatuko litzaizueke eskolan hitanoa lantzea? Baliagarria al da lagunarteko jardunerako?
Hika berreskuratzen: esperientziak
4. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Lau adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek horietako bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin dezakete.
Bideokamerarekin edo poltsikoko telefonoarekin grabatzea komeni da, gero grabatutakoa ikaskideekin partekatzeko. Ikus elkarrizketak egiteko jarraibide orokorrak. Argazki bat ateratzea ere ondo legoke. Bideoa erakutsi aurretik, elkarrizketatuari buruzko datu batzuk emango dituzte ikasleek: izen-abizenak, biografia laburra, nondik ezagutzen duten...
Grabazio guztiekin bideo-muntaia egin dezakete, OpenShot programarekin, elkarlanean. Nola erabili erakutsiko zaie. Bideo hori ikastetxean eta herrian zabaldu daiteke. Grabazioak gero ahotsak.eus ahozko ondarearen artxibora ere bideratu daitezke (adibiderako, ikus Donostiako San Ignazio ikastetxeko ikasleen proiektua).
-Hitanoa berreskuratu beharko litzateke? Zergatik?
-Emakumeen ahalduntzerako tresna bat izan daiteke?
-Hitanoak genero-binomioa indartzen al du?
-Berreskuratuz gero, erabilera-arauak errespetatu egin behar al dira ala malgutasunez joka dezakegu?
-Nola berreskura daiteke, zer jarduera eta ekintzarekin?
Kattalin Miner militante feministak noka erabiltzea erabaki zuen, beste feminista batzuek bezalaxe (ikus testigantza). Noka erabiltzeak zer ematen dion azaltzen du testigantza honetan. Arauak malgutzearen alde dago eta hitanoak genero-binomioa indartzen duen ala ez eztabaidatzea “eztabaida tranposoa” iruditzen zaio. Ikus Kattalinen bideoa.
Hitanoaren erabilera-ohiturak aldatzen eta malgutzen doaz denborarekin. Ikus erabilera-ohiturei buruzko bideoa: Hika zeinekin?
Bideo honetan, berriz, noka berreskuratu eta modan jartzeko zer egin daitekeen azaltzen dute Oñatiko hainbat emakumek: Zer egin noka modan jartzeko?.
Ikasleek aipatu diren gaien inguruko iritzia emango dute. Iritzi-artikulu labur bana egingo dute, gero ikaskideen aurrean ozen irakurtzeko. Irakurketarako Pako Eizagirreren azalpenak kontuan izan ditzakegu (Aittu.eus webgunearen sortzailea da): Testua ezagutu eta barneratu (00:30-01:40).
Artikulua idazteko, berriz, hona hemen aholku batzuk:
|
Argudiatzeko erabiltzen diren estrategia linguistiko batzuk ikus ditzakegu, testuak idazten hasi aurretik (ahozko jardunean erabiltzen direnak dira, baina gehienek idatzirako ere balio dezakete):
Argudiatzeko testu-antolatzaile eta esamoldeak |
1-Norberaren burua inplikatu/Arrazoitu |
Nire iritziz... Nire ustez... Uste dut... Iruditzen zait... -(e)la... Askok uste dugu... Nire ikuspuntutik/esperientziatik... Nik beti esaten dut... Gustatuko litzaidake... Nahi nuke... Ez nuke nahiko... Nik neuk... -(e)lako... -(e)nez (gero).. Bait-... Kontuan hartuta... -t(z)eagatik/earren... -(r)i esker... dela medio/kausa/bide... Bistakoa denez... Honegatik/horregatik/hargatik... |
2-Baieztatu/Ezeztatu/Zalantzan jarri |
Ziur... Jakina... Noski baietz... Egia borobila... Bistakoa da... Dudarik/zalantzarik gabe... Ez dago zalantzarik... Eztabaida ezina da... Behar-beharrezkoa da... Konturatzen naiz... Onartzen dut... Ulertzen dut... ...-z konbentziturik nago Ezinezkoa da... Gezurra galanta... Hori diona oker dago... Sekula halakorik... Ez nago batere ados... Hori ez da egia... Onartezina da... Ez dakit ba... Beharbada... Agian... Ez dut argi ikusten... Hori ez da guztiz zuzena... Ez nuke esango... Izan liteke, baina... Badirudi, baina... Zaila da sinestea... |
3-Kontrajarri/Kontrastatu/Ñabardunak egin |
Dena dela ere... Hala eta guztiz ere... Esanak esan... Edozein modutan... Hori horrela izanik ere... Zernahi gisaz (ere)... Nolanahi/edonola ere... Datorrena datorrela... Hori gora-behera... Nahiz eta... -n arren... ba-.... ere... Baina... Kontuan hartu, baina... Kontuan izan behar da, bestetik... Ados, baina... Kasu honetan, ordea... Horren aurka esan... Aurrekoaren kontrara... Baldin eta... Beti ere... Kasu honetan... |
4-Negoziatu/Konbentzitu |
Nirekin bat etorriko zara... Ados bazeunde, gustatuko litzaidake... Hala nahi bazenu... Onartuko bazenu... Gogorarazi nahi dizut... Zera uler dezazun gustatuko litzaidake... Utz iezadazu azaltzen... Zera ziurtatzen dizut... Egoeraz jabe zaitez... Zure lekuan jarrita... Zu ni bazina, ulertuko zenuke... Ezin duzu zeure horretan jarraitu... Adostasunera heltzeko... Bion mesederako... Eskertuko nuke... |
5-Harikaldu/Ondorioztatu/Bukaera eman |
Ildo horretatik... Hari horri tiraka... -(r)i dagokionez... Jakin badakigu... Beraz... Honela/horrela/hala... Esanak esan... Kontuan izanik... Honen/horren ondorioz/kausaz... Bada... Ondorioz... Honela/horrela/hala... Bukatzeko/amaitzeko... Amai dezadan esanez... Azkenik... Behin honaino iritsita... |
(Taulako informazioaren iturri nagusia: Konbentzitzeko argudiatu sekuentzia didaktikoa)
Talde bakoitzean aldiko pertsona bat irtengo da erdira, eta antzeztu egingo du (taldekide batek bideoan graba dezake):
”Hitz egin neska batek bezala” ”Hitz egin mutil batek bezala” ”Kantatu neska batek bezala” ”Kantatu mutil batek bezala” |
Nola hitz egiten dute mutilek? Eta nola neskek? Zer keinu, hitz, bolumen, tonu... erabilita? Zenbat espazio hartzen du bakoitzak? Hitanoa lotzen al duzue mutil/gizon izatearekin eta hitz egiteko modu batekin?
Jarduera egin ostean, bideo hau ikus daiteke eta komentatu: Nesken modura.
Ondoren, irakurketa egin daiteke ozenki. Irakurketarako Pako Eizagirreren azalpenak kontuan izan ditzakegu (Aittu.eus webgunearen sortzailea da): Testua ezagutu eta barneratu (00:30-01:40).
5. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena egingo dute ikasleek, burututako lana gelakideekin partekatzeko.
Ebaluazio-irizpideak
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
Ikaste-prozesuari buruz
Bere komunikazio-gaitasunei buruz
Talde-lanari buruz
Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:
Marilu Orueta (Oñati, 1962), Kontxi Martinandiarena (Oñati, 1960) eta Pili Etxeberria (Oñati, 1960):
- Marilu: Guk etxian beti… guk hiru ahizpok betik ein dou…
- Pili: Guk be bai, guk be bai.
- Marilu: … bueno, eta anai-arreben artian! Anai-arreben artian be hika.
- Kontxi: Hika?
- Marilu: Dana hika.
Mila Maiztegi (Oñati, 1949): Gure artian dana zan hika.
Enkarna Grisaleña (Oñati, 1928) eta Xeferi Erostarbe (Oñati, 1933):
- Enkarna: Gure denporan eskolan danak hi, e?
- Xeferi: Bai.
- Enkarna: Neskailla-mutiko danok bata bestiai hi.
Jesusa Zumalde (Oñati, 1947): Ta oin be, ba, hola, mutillak be bai, baiña emakumiak ez.
Nati Altube (Oñati, 1949) eta Karmen Iñurritegi (Oñati, 1936):
- Karmen: Neskan artian oso gutxi.
- Nati: Nik nesken artian ez dot entzuten.
- Joxepi: Ez, ez.
- Esperanza: Gutxi, gutxi, oso gutxi.
- Pilar: Ke ba. O bapez. Ez dakit.
- Esperanza: O bapez.
Edurne Olalde (Oñati, 1958) eta Mertxe Odriozola (Oñati, 1956):
- Mertxe: Ez, ez, ez, ta gaztiak bapez.
- Edurne: Ke ba, gaztiak bapez.
- Mertxe: Esaten dotsut, gurian alabiak-eta kuadrillan danak euskeraz itten daue, baiña hika…
- Edurne: Bai, guriak be bai, baiña hikaik ez.
Maider Irizar (Oñati, 1975): Hor baxaon edade bat mutikuak bai hika hasten diena. Mutikuak ba, hor edade baten hasi dittun. A ta auzoko beste mutiko batzuk be, gure edade inguruko beste mutil batzuk be, nik hika entzuten dittunat oin, nahiko normal, gehixenian hika itten xonai. Baiña neskon artian ez don hori pasau.
Marilu Orueta (1962): Klaro, galduta dauena garbi dau. Geuk itten dou –nik uste dot– azkenetakuak hika eta galduta dauena, neska artian behintzet, garbi dau.
Edurne Olalde eta Mertxe Odriozola:
- Mertxe: Azkenengo…
- Edurne: Azkenetakuak. Nik ez dot uste gure ondorenguak…
- Mertxe: Gure… 8-10 urte goittik behetik, hortxe.
Alaia Beitia (Oñati, 1985): Nik uste dot izan dala gauza bat itxi in dana pasaitten eta, konturatu garenerako, up, si ixa, ixa galdu dou! Ze azkenengo generaziñuak asko ebalten daueinak ba izango dia gaur egun ya 70 urten bueltan dabitzenak, o 50etik 70era bueltan dabitzenak. Ze ya 40kuak ez dozu entzuten ta gu 30ekuak be ez eta gaztiaguak gutxiau.
Mirari Guridi (Oñati, 1955), Agurtzane Zumalde (Oñati, 1956) eta Koldo Zumalde (Oñati, 1957):
- Koldo: Baiña zeatik mutillak 22-23-24-25 urtekuak euron artian euren modura itten xonai hi eta neskaak neskaa artian…
- Agurtzane: Bapez.
- Koldo: Zeatik…?
- Agurtzane: Neretako bape eztauela itten.
- Koldo: Hor arrazoin bat, hor arrazoin bat egongo don.
Marilu Orueta, Kontxi Martinandiarena eta Pili Etxeberria:
- Pili: Baiña eurak euren etxian ez baxonai hola itten, zela ikasiko xonai ba?
- Marilu: Klaro, ba hoixe don ba. Eske eurak aitta-amak… aitta-amak be sekula ez xaue ingo hika. Klaro, sekula etxaue itten hika.
- Kontxi: Zeuen artian bai, baiña gero eurak seme-alabakin eztaue ingo.
- Marilu: Sekula ez daue itten.
- Kontxi: Orduan…
- Marilu: Ez, ez, ez dakixei.
- Mari Tere: Klaro, in in bihar xate eurai.
- Jesusa: In in bihar xate.
- Mari Tere: Nok in biher doste?
Maria Jesus Markuleta (Oñati, 1952), Mila Maiztegi (Oñati, 1949) eta Belen Zumalde (Oñati. 1963):
- Belen: Nik neuk ez dot asko aportau nere alabiakin, adibidez. Eske ez dakitt… igual hortik doia. Klaro.
- Maria Jesus: Bai, klaro, lehenengo pausua ez badou guk txiki-txikittatik…
- Belen: Nik neuk nere alabiakin ez dot itten.
Eli Igarzabal (Oñati, 1947): Nere seme-alabak belarrixa indda dakoi, badakixe, baiña eurakin ez dou in eta hor, ba, eten… eten da.
Marilu Orueta, Kontxi Martinandiarena eta Pili Etxeberria:
- Marilu: Distinziñua, amak itten ebena: amak anaieiri hika eta guri zuka.
- Kontxi: Bai, bai.
- Marilu: Eta zeatik ez dakitt.
Bittori Goitia (Oñati, 1928), Enkarna Grisaleña (1928) eta Xeferi Erostarbe (1933):
- Enkarna: Nik mutikuei sobretodo baiña gehixenei hi, e.
- Xeferi: Bai, bai.
- Elkarrizketatzailea: Eta neskaillei zeatik ez?
- Enkarna: Ez dakitt ba, fiñak… fiñaguak dialako. Koldoi hi esaten xat bai eta haren arreberi zu, zu esaten dostet.
Pili Irazabal (Oñati, 1953) eta Beatriz Irizar (Oñati, 1948):
- Beatriz: Hor transmisiño faltia egon don nere ustez.
- Pili: Baiña transmisiñua falta… transmisiñua ez don izan itxi daueilla izteiatik, batzuk itxi izan xone gurata. Ez xone transmitiu pentsaitten ebeilako ez zala egokixa hola berba ittia.
Kontxi Martinandiarena (1960): Jo, edukaziño faltia edo. Gure amai edukaziño faltia pentsaitten xakon. Bai.
Pili Irazabal (1953): Batzuk bai, ba, guraso batzuk pentsaitten ebein zakarragua zala edo, bueno, hori kendu in bihar zala apur bat gure hizkuntzatik, ez?
Maider Irizar (1975): Eta argi dau hori: nunbaittetik etorri dala mespretxu bat, nik ez dakitt erlijiñuak euki dauen zerikusixa o zerk euki daben, baiña zatartzat, hori, hizkuntziaren ezaugarri bat zatartzat jo xonai. Klaro, xakon estamentuekin eta jerarkiakin-eta loturia, ezta?
Mari Karmen Inza (Oñati, 1953), Marije Ugarte (Oñati, 1956) eta Beatriz Ugarte (Oñati, 1961):
- Beatriz: Ez xaonan oso ondo ikusitta. Gu gitzonan oso basarritarrak, puntakuak.
- Marije: Bai, baserri…
- Beatriz: Eta kalegiro eta garai hartan erderaz eruaten zonan gehixau…
- Marije: Baiña giro ilustrau samarretan ez zonan, hika pentsau be ez.
- Beatriz: Hika pentsau be ez.
Mari Tere Azkoitia (1948): [Bai, bai, nik uste dot guk konplejua euki doula]. Bai, zeatik kalera etorri eta kalian hika ittia… hola uf.
Rosa Igartua (Oñati, 1952): Geure konplejuak, nik uste dot, baserritar konplejuaatik, eta igual guk garai hartan fin-fin ingo geben: hika igual etxian itxitta ibilliko giñan.
Zumalde ahizpak: Eugeni (1949), Nati (1946), Ana Mari (1944) eta Arantxa (1951):
- Arantxa: Gu holako konplejuakin ibilitta, gero erakustia? Hori be entendiu in bihar da.
Marilu Orueta (1962): Igual bai izango da baserrittik datorren gauza bat eta igual hori be galtzen fan da, baiña mutikuak… mutikuak ez dakitt zeatik manteniu dauen eta neskak ez. Ez dakitt, eske rarua, rarua da.
Esperanza Aiastui (1942): Esaten daue, gaiñera, emakumiak hika ittia itsusixagua dala… gizonezkuak ez, baiña emakumiak.
Maria Jesus Markuleta (1952), Mila Maiztegi (1949) eta Belen Zumalde (1963):
- Mila: Guk “las caxeras” esaten oskuenian ta erderaz itten gebenian, mutillak euren artian euskeraz itten euen. Ta inkluso kalekuak be bai.
- Maria Jesus: Eta ez dakitt gaiñera mutillai ta hola “kaxeros” horreatik iñoiz esan izan xaten.
Zumalde ahizpak: Eugeni (1949), Nati (1946), Ana Mari (1944) eta Arantxa (1951):
- Ana Mari: ba igual nere kasuan: Araozko lagunak etorri eta geure artian hika hasi, eta mutillak burla.
Maider Irizar (1975): Mutikokeixakin edo zakarkeixiakin bai lotu izan dala, ez? emuten dau. Eta ba hori: gizon artian ibiltteko gauza bat. Eta, orduan, ba, emakumiairi pegaitten ez dosten zeoze balitza moduan.
Mertxe Arregi (1953): Hor igual egongo da matxismo apur bat be baitta: egongo don hori be? Zeatik, klaro, neskaak emuten dau hika badabitz hola gauza zakarra edo baldarra dala, ez?
Jone Arriaran (Oñati, 1937): Emakumia zan halaxe: izan biha zan suabiagua, izan biha zan edukadiagua, eta izan biha zan. Gizakumia, berriz, baldarragua izan biha zan.
Nerea Agirre (Oñati, 1977): Hika itten dauen emakumia da igual baldarra edo… baldarkixa edo, ez dakitzu? Bai? Eta, ba, gizonezkuan artian ez. Gizonezkua, ba, gizonagua incluso. Ez dakitt.
Marije Ugarte (1956): Ez zunan jasua, ez zunan dotoria. Zunan txusma hizkuntza. Hori. Eta mutikuak beti euki xone eskubide gehixau txusma izateko be, biharrezkua bada. Lotsabagiau izateko… eskubide horraik izan dittun beti… emakumiok fiñau, zintzuau, esanekuau… beti izan bihar izan xonau.
Aintzane Agirre (Oñati, 1981): Beti demostrau biharra, ezta? Beti txukun eta edukaziñuakin eta zuka eta berorika baldin badon hobeto, ez? Ondio… “con más respeto” esaten dana, ez?
Mila Bengoa (1949): Gizonak astokeixa bat ittia, ba, bueno, normala zan, baiña guk ittia ez. Oseake, baloraziño desberdiña dako soziedadian emakumienak eta gizonenak.
Nerea Agirre (Oñati, 1977): Klaro, holako zartada bat soltaitten zeben hika igual, eta eztakitzu? “Kaxera!” O “Ke kaxera!” Gaiñera erderaz: “ke kaxera!” Orduan, ba, ya anulau edo… jare itten dozu. Bai. Baztertu moduan, ez dakitt. Baztertu o… ez zan guay.
Belen Zumalde (1963): Oin bai, alkartetan emakumiak sartu gara, ta leku askotan, ez? Baiña hor gauza asko egon dia urte askotan gizonezkuanak bakarrik zianak eta ondiok jarraiketan daue leku askotan, eta hor nere ustez asko landu daue eurak eta manteniu daue.
Enkarna Grisaleña (1928): Beste alternatiba bat euken gizonak. Emakumia ez zan faten tabernara be, gizonak euren eskubide danak…
Marilu Orueta (1962): Zeatik guk zenbat deporte ta zenbat in dou ba han zerian? Mutillak bai, baiña guk ez, e.
Maider Irizar (1975): Etxetik kanpoko eremu sozial hori gizakumiak beti euki xonai, ezta? dala aisialdixan edo dala lantokixan, ezta? Ze ya etxetik kanpora, bueno, etxetik kanpora lana in izan dauenak beti izan dittun gizakumiak, ezton? Eta egixa da hor bizirauteko eremu bat euki dabela gizakumien arteko hika horrek. Eta emakumiak, berriz, etxetik kanpo lana itten geruau hasi dittun, ya emakumien arteko hika hori galduta euela. Eta, orduan, biharbada bai, gizakumien hikak bizirik iraun xon, hain zuzen, hori euki dabelako maila sozialeko eremu hori, ezta, erabiltteko. Berdiñen arteko talde horreik, gizakumienak.
Bittori Goitia (1928): Horreatixek galdu da gero: gutxitxuau ebali, ezauntxuai bakarrik in, eta gero azkenera orduko, ba, gutxittu.
Zumalde ahizpak: Eugeni (1949), Nati (1946), Ana Mari (1944) eta Arantxa (1951):
- Nati: Nik uste dot fan gariela galtzen-galtzen-galtzen…
Jone Arriaran (1937): Klaro, eta gero holaxe galtzen da.