San Joan bezpera

Nola ospatzen da zure herrian San Joan bezpera? Hona hemen San Joan inguruko hainbat kantu eta usadio, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak.

Mailak: DBH, LH

Ikasgaiak: Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia, Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen ezaguera

Gaiak: Ohiturak, Abestiak

4,27 puntu 5 izarreko maximotik
99 iritzi guztira
Hainbat lanketa egin daitezke bideo honekin bai LHn eta bai DBHn ere. Edukia lantzeaz gainera, bertsoak aztertzea proposatzen da hiztegia lantzeko. Entzundako bertsoek zer esan nahi dute? Ulergarriak dira? 


1. proposamena


-Bideoa ikusi eta komentatu. Zure herrian nola egiten da San Joan sua? Zer botatzen duzue sutara?

-San Joanekin lotutako abestirik badakizue? Zein? Kantatu. Beste abesti edo esaeraren bat ikas dezakegu. Kartulinetan idatzi eta horman jarri.

-San Joan suaren ohitura nola sortu zen azaldu. Zergatik egiten da sua? Zertarako? Noizko ohitura da?

-Urtean gertatutako gauza txarrak idatzi ditzakegu, gero sutara botatzeko.

2. proposamena

-San Joanekin lotutako bideo gehiago ikusi:

Hasierakoa:

San Juen

Arrautza bi kolkuen, beste bi altzuen

Subiak eta zapuak eta txar guztiak erre, erre!

Artuak eta garixak eta gauza on guztiak gorde, gorde!

Biba San Juen!

Miren Zuazabeitia (Aretxabaleta, 1930):

-San Juan bizperia be izeten zan oso inportantia, oso inportantia! Eta oin ekarten daue egunez eta txopua eta… ezta? Baina han zan merittua basarri baten hartzia txopua eurak enterau barik! Ta kalera ekarri, basarrittarrak jakin barik. Baina oin egunez ta ekarten daue, baina orduan gabien. Aurretik baekixen nun, nora fan biha zien ta. Baina baekixien danak, e! Eurenera ez bazan, aldamenekuen basarrikua izango dala, baina txopua hartuko dauela. Ifini eitten da txopue, plaza erdi-erdixen.

-Zeintzuk joaten ziran bila?

-Kinttuak. Kinttuak. Ez dakit zenbat denboran egoten zan ifinitta. Aza bat, punta-puntan. Eta aurten ifintten badauen altu, ba hurrengorako urteko kinttuak ba altuagua. Eta holan. Eta ifintten zan azia. Oin ikurriña ta ifintten daue, baina azia.

Joxe Mari Soroa (Usurbil, 1932)

-Ordun zan surik haundiyena zeinek eiten zun. Baina hori ez zan txarrena! Kalexartarrak etorri errekatik barrena, eta igual guri sua ematen ziguten garaia baino lehen!

-A bai?

-Bai ba, eta joe, guardiyan egon bihar zan! Ezta muittu re! Suan ondon, zea. Egur bilatatik eta, ezta muittu re. Eta gero, aber suik haundiyena zeinek iten zun. Ta:

Dios te salve, ongi etorri,

gabon Jainkuak diyela

legiarekin kunpli dezagun

aita San Juanen bezpera

Han goien-goien langetan

eperra dago kantetan

Kalexarreko nagusi jaunak

kaka egin du galtzetan

Jajaja. Kalexarrekuaidi… eta haik gugatikan! Ta hola aritzen giñan.

Isidro Ugarte (Durango, 1924)

San Juan, San Juan

Arraultza bi kolkuan, beste bi altzuan

Sorginak eta lapurrak erre, erre!

Viva San Juan!

Hori, sua eiñ… ta amak-eta erakutsi oskuen... Ta beren ganetik salto eiñ ta zan, San Juanen bezperan horixe, kantu hori eiten oskuen.

Pantxi Matxain (Donostia, 1928):

Ez baldin bazizuen ateik irikitzen, o ez baldin bazizuen kasoik iten, esaten giñuzen:

Eman bihar badezu, eman in zazu

ta bestela esan zazu

Ate ondora hotzak hiltzera

amak ez gaitu bialdu

-Baina hori zan… atez ate juten ziñatenian?

-Atez atez, bai.

-Ze ematen zuten ba?

-A, ba propina! Ta oilaskuak eta txorixua ta…

-A bai, e?

-Bai, bai, bai. Etxetan.

-Hori San Juan bezperan ere bai, e?

- San Juan bezperan ateratzen giñan, gaubian.

Juanita Zelaia (Markina-Xemein, 1918)

-Ta gero, urteten gendunin, aurreskua eitten zan. Gizonezkuak aurreskua eitten eben, eta neskak etaraten zittuen, ta zelaixen… ta ikusgarri!

Bixente Pagoaga (Arrasate, 1946):

-Ta kantau itten zan. Eta orduen izeten zan, e, lehenengo San Juanen… ba zela Mondrauekua zan, ba San Juanen himnue kantetan zan, eta gero kantu bat euen:

Erre, erre, erre, erre!

Garixa eta artua gorde!

Subak eta zapuak erre! 

Miren Zuazabeitia:

Igaz ere Sain Juan Sain Juan zan eta

aurten ere Sain Juan Bautista

Jesukristoren lehengusua zan

Sain Juan Sain Juan Bautista

Hau da egia, dana, guztia

kontsolatutzeko Euskal Herria

Hau da egia, dana, guztia

kontsolatutzeko Euskal Herria

Bukaerako kantua:

San Juan de poxpolitaña

zapatu arratsaldian

ama-alabak tronpeta joten

motroilo baten ganian

Urra-urra-urra San Juanetan

dantza egingo du eper ganetan

  • San Joan festa ala sanjoanak. Donibane jaia bezala ere ezaguna. Ekainaren 24an.
  • Ez Euskal Herrian bakarrik. Ipar hemisferioan udako solstizioaren hasiera ospatzeko egiten den jaia da, bereziki Europan. Urteko egunik luzeena ekainaren 21a edo 22a da.
  • Aspaldiko ohitura da. Jatorri paganoa du. Elizak Erdi Aroan bere egin zuen. Ordutik San Joan batailatzailea santuaren izena darama (Done Ibane).
  • San Joan bezperako sua da ekitaldi nagusia. Suaren bueltan kantatu eta dantza egitea. Gaitzak eta izpiritu txarrak sutara bota. Sorginen gaua ere deitzen diote.
  • San Juanekin lotutako ohitura gehiago ere badaude, jatorri paganokoak. Urarekin lotutakoak, osasuntsu egoteko: iturri, putzu eta erreka batzuetako urarekin garbitzea; goizeko ihintzaren gainean oinutsik ibiltzea. Etxeko atarian lizarraren, erramuaren edo elorri zuriaren adarrak jartzea, tximistatik babesteko.
  • Elizak zergatik lotu zuten jai hori San Joanekin? Urarekin duelako lotura, Jordan ibaian Jesukristo bataiatu zuela esaten da. Suari buruzko erreferentziak ere badira: «Fruitu onik ematen ez duen zuhaitz oro moztu eta sutara botako da», predikatu omen zuen batailatzaileak.
  • Euskal Herriko herri gehienetan ospatu ohi da San Joan eguna. Horrez gain, sanjoanak herriko jai nagusiak dira hainbat herri eta auzotan.

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza