Gazteak euskalkietan hizketan agertzen dira bideo honetan: mendebaldekoan (bizkaieraz), erdialdekoan (gipuzkeraz), nafarreraz, nafar-lapurteraz eta zubereraz. Bost euskalki nagusien ezaugarrietako batzuk ezagutzeko balio du.
Mailak: Batxilergoa
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Euskara eta Literatura
Gaiak: Euskara
Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:
Bideoa ikusi aurretik
1-Gaiaren aurkezpena egingo dugu. Gazteak eta euskalkiak izango da hizpidea, aurre-ezagutzak aktibatzeko.
-Zer euskalki ezagutzen dituzue? Zer iritzi duzue euskalkiei buruz? Zuentzat, zein da zailena ulertzeko?
-Euskalkirik baduzue, nolakoa iruditzen zaizue (zaila/erraza, polita/itsusia…)?
-Zer harreman duzue beste euskalki batzuetako jendearekin? Elkar ulertzeko arazorik bai?
-Gazteek eta adinekoek berdin hitz egiten al dute? Zuen ustez, zer alde daude?
2-Euskalkien gaineko aurreiritzi eta usteei buruz hausnartzeko, bideo labur hau ikus dezakegu: Euskalkiei buruzko iritziak.
-Nongoa da euskararik onena bideoan agertzen direnentzat? Beraiek nongoak dira? Zuen ustez, garbi hitz egiten al dute?
3-Euskalkitegia jokoan arituz, ikasleak euskalkiekin zer moduz moldatzen diren ikus dezakegu. Ea zenbat asmatzen dituzten!
Bideoa ikusi bitartean
1-Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
2-Ikasleek euren arreta erakarri duten pasarteak gogoan har ditzatela.
3-Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez, ulertzeko zailak diren euskalkietako hitzak: trufatu (zub. iseka egin, burla egin), biherra (bizk. lana), aitzineko (naf. aurreko), arrunt (naf. oso), gasna (zub. gazta), atxemaiten (naf-lap. igartzen, nabaritzen)…
4-Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztiaz jabetzeko.
Bideoa ikusi ondoren
1-Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
2-Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu, denok elkarrekin. Hona hemen horretarako balio dezaketen galdera batzuk:
-Testigantza guztiak ondo ulertu dituzue? Gustatu zaizue nola hitz egiten duten?
-Zer euskalki dira euskara batutik gehien aldentzen direnak? Zertan igartzen da?
-Zer testigantza izan dira ulertzeko zailenak? Zergatik? Aipatu ezaugarri batzuk.
-Euskalkirik baldin baduzue, zer euskalki edo azpieuskalkitan kokatuko zenukete? Aipatu ezaugarri batzuk.
-Gai aldetik, ba al dago bereziki interesgarria iruditu zaizuen testigantzarik? (Adibidez, Iparralde-Hegoalde harremana). Gai horri buruzko iritziak partekatu.
Euskalkiari eutsi ala moldatu bideo-pasartean, norberaren euskara moldatzeaz dihardute. Beste honetan, berriz, Iparraldeko gazteen hizkera: Etxepare Lizeoko ikasleen euskara.
-Aldatzen al duzue zuen hizkera beste euskalki batzuetakoek errazago ulertzeko?
-Gazteek ba al dute euskalkiak erabiltzeko joerarik?
3-Jolas bat egingo dugu, euskalkien arteko diferentziez ohartzeko eta euskalkien aberastasunaz jabetzeko. Euskalkietako hitzak izango dira lehengaia, tokian tokiko aldaerak, sinonimoak. Hona hemen adibiderako hitz batzuk:
ONDO
|
|
TXIMELETA
|
|
TRIKU
|
|
KORRIKA
|
|
POLIKI
|
|
Taldetxoka banatu, eta lehiaketa bat egin daiteke, ea zer taldek topatzen dituen kontzeptu bera adierazteko hitz desberdin gehien. Hori bai, denbora mugatua izango da eta ezingo dute Internet erabili!
Bideo hau ere ikus daiteke, girotzeko (jatorria: Eitb): Nola esaten da 'ligatu' Maulen, Bilbon eta Azpeitian?
4-Azken ekoizpena. Hainbat ekoizpen gara daitezke. Lau adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin dezakete.
Euskalki bakoitzaren oinarrizko bereizgarrietako batzuk ikus ditzakegu lehenengo (inprimatuta ematea da aukera bat), lana errazteko: Euskalkien ezaugarriak. Euskalkien mapan euskalkien mugak begiratu, eta bideoan agertzen diren herriak Euskal Herriko mapan kokatzea ere ondo legoke, non dauden eta zer eragin izan ditzaketen ikusteko.
Ondoren, taula hau baliagarria gerta dakieke. Bideoa behin baino gehiagotan ikustea komeni da, hitzei ez ezik fonetikari ere erreparatzeko:
|
LEXIKOA: HITZ BEREZIAK |
ADITZA ETA MORFOLOGIA |
FONETIKA: AHOSKERA (z>s, ts, tz, ü, r, j...) |
ERDAREN ERAGINA (gazt/fr) |
GIPUZKERA Tolosa
Zarautz
Hondarribia |
|
|
||
BIZKAIERA
Markina-Xemein
Elgoibar
Muxika |
|
|
|
|
NAFARRERA
Baztan
Doneztebe
Etxalar |
|
|
||
NAFAR-LAPURTERA
Aiherra
Donapaleu
Itsasu |
|
|
|
|
ZUBERERA
Zalgize-Doneztebe |
|
|
Erdaren (gaztelania, frantsesa) eragina ez ezik (adib makulu-hitzak: bueno, bon, mais, pues…), euskara batuaren eragina ere azter daiteke (adibidez, Elgoibarko euskaran ez da geneukan aditza erabiltzen).
Beste aukera bat, euskalkien ezaugarriez jabetzeko: euskalkietako testuak euskara batuan jartzea.
Euskalki berezienetan gehiago sakondu nahi izanez gero, ikus Zuberera eta Mendebaldeko euskara: bizkaiera bideoak ere.
Bukatutakoan, ikaskideei egindako lanaren berri emango diete, ahoz. Lehenengo, bideo-pasarte hori zergatik aukeratu duten azaldu dezakete; gero, bideoa ipini, ikasgelan entzun, eta identifikatu dituzten ezaugarriak zerrendatu ditzakete. Edukiari buruz ere iritzi-trukea egin daiteke gelan, interesgarria baldin bada.
-Nor elkarrizketatu? Euskalkian ondo moldatu behar du (adinekoen artean, aukera gehiago euskara aberatsa izateko).
-Zer jaso? Hizkera jasotzea da helburua, baina edukia ere pentsatu behar da. Seguruenez, garai bateko kontuei buruz hizketan hitz eta esamolde jatorragoak esango ditu (aukera bat: gelan gai bat/batzuk erabaki eta denei horri buruz galdetzea. Adibidez, lehengo eta oraingo euskara, umetako jolasak, antzinako ogibideak, herria nolakoa zen…). Galdetegia prestatu: galderen zerrenda. Inprobizazioari tarte bat uztea ere garrantzitsua da: elkarrizketan bertan galdera berriak sor daitezke, elkarrizketatuak kontatzen duenaren araberakoak.
Elkarrizketa bideoan grabatzea proposatzen dugu (ikus jarraibide orokorrak). Ondoren, hainbat lanketa egin daitezke grabazio horrekin:
1-Jasotakoa aztertu. Grabazioaren zatitxo bat aukeratu, eta jasotako euskalkiaren ezaugarriak aztertu. Ondoren, gelakideekin partekatu.
2-Bideo-erreportaje labur bat prestatu , grabatutako irudiekin (horretarako, editatzeko programaren bat erabiltzen erakutsiko diegu, adibideak emanez). Bideo-erreportajea sarean zintzilikatu.
3-Elkarrizketa idatziz jarri, egunkari digital edo blog baterako (titulua, azpititulua, sarrera, galde-erantzunak, argazkia, azgazki-oina…).
Ondo legoke grabazioak Ahotsak.eus-era bideratzea, ahozko ondarearen artxibora (adibiderako, ikus Donostiako San Ignazio ikastetxeko ikasleen proiektua).
Egindako lana gelakideei aurkeztea eta azalpenak ematea izango da betiere azken pausua.
Binaka presta ditzakete testuak/esketxak. Ikaskideen aurrean ahoz esan edo antzeztu. Ikaskideek zer euskalki den asmatu beharko dute.
Girotzeko, ikus Euskalkiak eta umorea bideoa.
5- Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere: azalpena, aurkezpena, antzezlana, bideoz jasotako adierazpena… eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea, ahozko jardunen bilakaera ikusteko. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak.
Ebaluazio-irizpideak
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
-Ea gaiak bere interesa piztu duen.
-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.
Ikaste-prozesuari buruz
-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.
Bere komunikazio-gaitasunei buruz
-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.
-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.
Talde-lanari buruz
-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.
Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:
– Ea gai den zenbait erabilera-eremutako ahozko eta ikus-entzunezko testuak interpretatzeko eta balioesteko, eta horretan, ea bereziki kontuan hartzen dituen hezkuntzan -(2.mailan) eta hedabideetan- sarri-sarri erabili ohi diren (1. mailan) azalpenezko / (2. mailan) zientzia-dibulgazioko- testuen funtzio soziala.
– Ea badakien ahozko aurkezpenak egiten -(1.mailan) curriculumeko edukiekin lotutakoak / (2) gaurkotasun handiko gaiekin lotutakoak-, eta horretan, ea gai den, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz, aldez aurretik prestatutako eskema bati jarraitzeko.
– Ea modu aktibo, erreflexibo eta pertinentean parte hartzen duen ikaskuntza helburu duten ahozko interakzioetan, eta horretan, ea gai den azalpenak -(2.mailan) eta argudioak- modu pertinente eta egokian emateko.
– Ea gai den zenbait erabilera-eremutan erabili ohi diren euskarri digital eta analogikoko idatzizko testuak interpretatzeko eta balioesteko, eta horretan, ea bereziki kontuan hartzen duen (1. mailan) hezkuntzan / (2. mailan) hedabideetan sarri-sarri erabili ohi diren testu horiek –(1. mailan) azalpenezko testuak / (2. mailan) pertsuasiozko testuak, iritzi-artikuluak eta zientzia-dibulgazioko testuak, batik bat- zer funtzio sozial duten eta zer balio transmititzen dituzten.
– Ea gai den, aldez aurretik egindako plangintza bati jarraituz, gaurkotasun handiko gaiei eta curriculumarekin, hizkuntzarekin nahiz literaturarekin lotutako gaiei buruzko idatzizko testuak zorrotz, argi eta akatsik gabe ekoizteko (1.mailan) hezkuntzan sarri-sarri sortu ohi diren azalpenezko testuak, batik bat / (2. mailan) argudiozko testuak, batik bat.
– Ea, testuak interpretatzean eta sortzean (1. mailan) hezkuntzan sarri-sarri sortu ohi diren azalpenezko testuak batik bat / (2. mailan) argudiozko testuak batik bat, gai den hizkuntzaren planoei buruzko ezaguerak modu erreflexiboan –(2. mailan) eta autonomoan- identifikatzeko eta erabiltzeko.
– Ea gai den ikasturtean zehar landutako literatura-lan eta -pasarteetako edukiak interpretatzeko, eta horretan, ea erabiltzen dituen literatura-formei, -garaiei eta -egileei buruzko ezaguerak.
– Ea gai den, ikasturtean landutako garai eta mugimenduetako lanik adierazgarrienak irakurri ondoren, testu-iruzkin kritikoak egiteko.
– Ea badakien hizkuntza-aniztasunaren berri, eta ea gai den errealitate hori kontzeptu sozio-linguistikoak erabiliz kritikoki interpretatzeko.
– Ea gai den, informazioa bilatzean, aukeratzean, komunikatzean eta zabaltzean, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu autonomo, eraginkor eta kritikoan erabiltzeko.
– Ea gai den hizkuntzak ikastean tartean diren ikaskuntza-prozesuez gogoeta egiteko, eta horretan, ea baduen konfiantzarik bere gaitasunetan.
ERDIALDEKOA: GIPUZKERA
Julen Telleria (Tolosa, 1990):
-Guk ikuste genun, hoixe, gu baiño zaharragok ia kasi denak ai ziela lokaletan-ta sartzen. Eta geo oso forma politte zan baita neskakin-da… arrimatzeko-edo esango deu, ze, klaro, ordun ibiltzen giñan —pensa, oaiñ´e hogeita zortzi mutil gea kuadrillan— ordun´e denak mutillek eta neskak´e aparte. Eta gu baiño zaharragok-eta ikusi izan ditteu, klaro, lokal bat hartu igual haundi xamarra, eta denan arten —oaindiken´e diru gehiegi nola ez genuken izaten, ba— denan arten paatu beharren, beste kuadrilla batekin, igual neska kuadrilla batekin-o juntatu eta denak lokalen. Eta hoi probatu izan deu guk, esperimentu hoi, baita´re: neska kuadrilla batekin lokala konpartittu. Gure kasun ez zan oso ondo atea. Baiño ezautzen ditteu: gu baiño zaharragok-eta badaude Tolosan kasi ia kuadrilla bat in duenak lokaletiken hasi —mutil batzuk, gaiñea, eskola diferentetakok eta edade diferentetakok— eta uain ia kasi denak kuadrilla bakarra bihurtu duena lokalangatiken.
Eli Thomas (Zarautz, 1992):
-Nik ikusi det /ikusiet/ azken urte hauetan emakumia, batez ere hogeta hamar urte, hogeta bost hogeta hamabost urte bitarteko emakumiak, gero ta gehio ai diala animatzen. Ta nik uste det dala´re bai asko igual udaran ikastaro bat in o ikusi, ta gero hobetu nahi hori ta orduan entrenamentu habek oso ondo etortzen dia, no? Azkenen, ba, pixkat… pixkat hobekuntza hori… ba iteko. Ze, azkenen, surfa kirol nahiko zailla da. Orduan, udaran bakarrik ite badezu ta ikastaro bat, ez dezu iñoiz ikasiko. Ber dezu pixkat… jarraipen bat, ondo ikasteko.
Jonas Ormabera (Hondarribia, 1987) eta Axier Unanue (Hondarribia, 1987):
- Jonas: Hombre, herriya…
- Axier: Arrantza-ta badago.
- Beti izan da inportantia arrantza.
- Eta egongo da. Baiño igual ez lehen bezela, ez?
- Ez, oain gutxigo. Oain ia arrantza ta hori… Lehen… Gaur bertan egon naiz batekin komentatzen ta esaten zun: “Joe, nere garaian arrantza ona bazen, nabaritzen zen, arrantzaliaken semiak etortzen ziela plaiera berrikin”. Ta erraten duzu: “Joe, arrantza ona euki dute”. Eta txarra bazuten, pues, dendan iten zen apuntatu, ez zutelako nundik atera, ez? Oain ez da hainbeste ikusten. Oain arrantzan ez dago… Hondarribiko proportziyo askoz txikigo bat bizi da arrantzaz eta bestiak, pues, beste lanetan saiatzen gera. Eta itsasuakin influentzia nik, berez, bizi izan naizenian barrenen, itsasotik urruti, bota dut faltan. Eta itsasoko influentzia… ba! Nik uste igual ere kresalak ere ero puntu hori ematen duela Hondarribiyan.
- Bai.
-Badago hola ero puntu bat esaten duzula…
- Ero haizia.
- Ez dakit ero haizia den itsasotik etorki dena o menditik etorki dena, baiño zerbaitt´e badela bai.
MENDEBALDEKOA: BIZKAIERA
Xabat Urresti (Markina-Xemein):
- Bua, kopilotuan lana… Kanpotik emoten dau, hori, ba, danak… askok pentsetan dabe, bertan mundun ez dabillenak pentsetan dau, ba, hor juten zarie albun ta, ba, pasiun zoiezela. Baiña, bueno, kopilotuan biherra nik uste dot inportantie dala. Ta lehelengo hasten da, ba, pixkat karreria organizau ta—normalin kopilotuan partetik izeten da— ba inkripziñoiek ein, hotelak hartu biher badie edo zoze ein biher bada, pixkat karreria antolatu.
Zuhaitz Gurrutxaga (Elgoibar, 1980):
- Guk oporretara juteko aukeria geneukan, eta negarrez juten giñan gu Saloura edo Gironara ero, negarrez, ze gure lagunak eta gure lehengusuak San Migelen zaozen jolasian, ta guk oporretara jun biher gendun. Rarua zan. Hamalau-hamabost urte arte ez gendun nahi handik ateratzerikan. Gero, nik uste dot hamabost urtekin, ba, ya neskak-eta gustatzen hasten jatzuz eta hor, nerabetasun hortan, ya Elgoibarrera jeisten hasi giñan larunbatetan. Bestela, asteburu guztiak San Migelen, urten be.
Onintza Enbeita (Muxika, 1979):
- Ni muxikarra naz eta euki dotez kuadrillen muxikarrak eta gernikarrak, ez? Joera haundixe euki doguleko Gernikerako. Eta nik pentsetan dot hemen, Muxiken, gure artien, euskera maillie edo herriko euskerie mantentzen dala oso ondo gaztien artien edo nire generaziño —ya ez hain gazte edo ez dakit zer garen— honen artien. Eta kuadrillen be ikusten dot espresiñoetan, jentieri ba burle eitteko… ba katxondeoko giro horretan eta hor, ba igerten jaku ba oso… oso leku euskaldunetik gatozela edo holan.
NAFARRA
Amaia Elizagoien (Baztan, 1994):
- Ba arrunt ttikie, ze oroitzen naiz bertso-eskolan hasi nintzenetik, ez dakit edukiko nituen bortz edo sei urte, baiño oroitzen naizen gauz bet da bertso-eskolara hasi baiño aitzineko egunian gan nintzela amangana negarrez eta erran niola: “Ama, nola hasi behar naiz bertso-eskolan ez badakit idazten eta irakurtzen!”. Eta amak erran zautan: “Bueno, lasai, moldatuko zara”. Eta hoi, arrunt ttikie nintzen. Oroitzen naiz nere bertso-eskolan denak zirela ni baiño aise koxkorragokoak. Eta beti, ni ez naiz oroitzen, e? Baiño anekdota bezala kontatuko datzuet erraten nautela, bueno, lehenengo egunian edo, pues, jarri ziaten aulki batian, eta bertziak kantari. Ta orduen, momento batian, igo nuela eskue ta Estitxu Arozena zen nere irakaslia eta erran niola: “Baiño, Estitxu, ni oin zertara etorri naiz hona, izatera mazeta bat? Nik nahi dut kantatu!”, eta bertzeak: “Bueno, bueno, benga”. Eta orduen paratu zautan bertsotan. Baiño bai, beti izan omen dut holako desparpajo hoi edo… bai, hola. Eta, bai, oroitzapen hoi badut.
- Ikusterako orduan? Bai. Egia errateko, gustatzen zait —ahal bada— aurrin egon, jaleo guzin. Hori… Ba! Ez banago lehertua edo hola, bai, gustatzen zait jaleo guzin. Ta bada batzutan igual zait, musika adittu ta aski dut, baiño bertze batzutan igual aurrin, biño gustatzen zait… ai naiz dena begira, biño begia —ez dakit—hola ukerka edo errateko modun pixkot beti´re baterira… Hori, fijatzen naiz baterian.
Irune Elizagoien (Etxalar, 1993) eta Itsaso Elizagoien (Etxalar, 1995):
- Itsaso: Batzuk erran izan digute: “Biño zuek limitatzen zate bakarrik trikitixara —ta arrazoi dute— ta aditu beharko zenuten bertze musika estiluk ere”. Hagitz gutti aditzen dugu bertze musika estilua.
- Irune: Egia da, e.
- Hori, arrazoi (du)te! Ta hala da. Biño ez dakit beti gure trikitixakin ta gure… ta ez dugula igual beharrik sentitu bertze deus aditzeko. Igual egunen batin nazkatuko gara honekin ta ordun hasiko gara!
NAFAR-LAPURTERA
Samuel Biscay (Aiherra, 1988) eta Leire Barbier (Aiherra, 1988):
- Leire: Nik atxemaiten dut gu gehiago joaiten girela hegoalderat. Adibidez, hor izan naiz… Guk… Adibidea pesta, zeren ta gu gehienbat da pestarentzat. Adibidez ni hor izan naiz Lekeitioko pestetan eta, ta ari ginen… gainera, ez zen ainitz jende eta ari ginen gu pentsatzen gure… heiek ez dira sekulan heldu hola pesta batera nun ez den nehor. Ez da sekulan hegoaldekorik… Atxemaiten dut gu errexago joaiten girela.
- Samuel: Bai, [ez da] gure ikuspundua, mais egia. Egia da. Egia da hegoaldekoak ez direla ikusten.
- Edo ez ditugu ikusten edo joaiten dira beti ber lekuetarat ta ez dakigu beharbaa… Mais nere ikuspundua da iparraldekoak, gu hasteko joaiten girela gehiago hegoaldekorat hegoaldekoak…
- Hek gauza bera erranen dute beharbaa!
- … hunat baino. Ez! Nik aipatua dut, Lekeition justuki erraiten ginuen… ari ziren: “Mais zer ari zirezte?” Enfin, bon, “Iparraldetik etorri zirezte?”, “Bai, bai”.
Pettan Prebende (Donapaleu, 1986):
- Nik hamasei urte nituelarik, aski arraro zen Bilbora joaitea. Orai uste dut hogei urteko gazte batentzat Bilbo hor berean dela. Orduan, aixago joaiten gira urrunago besta egitera, bai.
- Gaur egun atxemaiten dut gazteak, bertso munduko gazteak, biziki elkartuak direla ta hor paper biziki garrantzitsua jokatu dute bertso-udalekuek. Bai, zinez. Eta inportantea izan da ene ustez hor ere izaitea iparraldeko jendea udaleku hoietan, zeren ta mais gazte hoiek jiten dira Baionara, heldu dira bertso saioak entzutera. Gu… betidanik gu izan gira mugitu girenak hegoalderat eta hor hoiek ere heldu dira. Pesta batzuetara, EHZra, Euskal Herria Zuzeneanera, tak!, jin ziren.
ZUBERERA
Joana Hoqui (Zalgize-Doneztebe, 1992) eta Bettan Hoqui (Zalgize-Doneztebe, 1991):
- Bettan: Nitaz trüfatzen dük. Düela hamabost egün neska eijer bati gazna saltzen beineion /benion/…
- Joana: Eta gü elestan ai güntian neskatila horren anaiaekin. Eta gü… Eta hegoaldetiarrak zütian, ordüan ez günian untsa alkar kunprenitzen. Eta gü irriz karkazaz ai güntian gure artin Bettan ai zela “gazna saltzen”. Eta ordüan neskatila horren anaiai erran… ez dik deus´e kunprenitü zentako irriz ai ginen eta erran diot, bai, ene anaia ai zela bere arrebai “gazna saltzen”. Eta [haik usteken dik] erraiten ginuelaik “gazna saltzen” erran nahi züela…
- Ligatzen.
- Ligatzen. Erran ditak: “A! Züek hola erraiten düzüe! Gük erraiten dizügü…” ez dakit nola zen, txartela zerbait´e.
- Ez dakit.
- Bo, hola. Ordüan geroztik irri egiteko erraiten diagü “gazna saltzen”.
-Euskalkien mapa eta ezaugarriak.
-Euskalkiekin lotuta bideo hauek ere baditugu Ahotsak Ikasgelan webgunean (gehienek proposamen pedagogikoak dituzte):
Mendebaldeko euskara: bizkaiera