Desberdintasun handiak al daude euskalkien artean? Ulertzen al dugu elkar? Zein oztopo ditugu? Zer egin ulermena bideratzeko? Iparraldeko zein Hegoaldeko gazteen testigantzak batu ditugu bideo honetan.
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Euskara eta Literatura
Gaiak: Bizikidetza, Euskara
Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:
Ikasle (-bikote) bakoitzak egokitutako hiztun horren/horien bideo-pasarte bat aukeratuko du, interesgarria iruditzen zaiona, eta minutu bat transkribatu (idatziz ipini). Hitz bereziak ere apuntatuko ditu, eta haien esanahia bilatu.
Lana egin ondoren, egindakoa gelakideekin partekatuko du, aurkezpen txiki bat eginez. Hauek izan daitezke aurkezpeneko gida-lerroak:
- Hiztuna(k) nor d(ir)en azaldu
- Nongoa(k) d(ir)en zehaztu. Herriaren kokapena
- Zer euskalki hitz egiten du(t)en esan
- Pasarte hori aukeratzearen zergatia(k) argitu
- Pasarteari buruzko iritzia eta azalpenak eman (edukia eta esateko modua)
- Bideo pasartea ipini
- Egoera edo istorioa pentsatu
- Pertsonaien izaera eta jarrerak zehaztu
- Gidoitxoa idatzi: gertaerak eta elkarrizketak
- Rolak banatu eta atrezzoa zein jantziak pentsatu
- Entseguak egin
- Ikaskideen aurrean antzeztu
Esketx bakoitza ikusi eta berehala, galdera hauxe egingo dugu: pertsonaiek lortu al dute elkar ulertzea? Erantzuna ezezkoa baldin bada, publikoak (ikaskideek) egoera konpontzeko proposamenak egingo ditu, eta segidan bigarrenez antzeztuko dute, baina proposatutako aldaketak sartuko dituzte (modu inprobisatuan).
Esketxak grabatzea proposatzen dugu. Hala, ikasleek euren esketxa ikusteko eta hurrengorako zer hobetu dezaketen erabakitzeko aukera izango dute.
|
HERRIA |
HITZAK, ADITZAK, ESAMOLDEAK, AHOSKERA… |
Bizkaieraz |
|
|
Lapurteraz
|
|
|
Nafarreraz
|
|
|
Gipuzkeraz
|
|
|
Egindako lana partekatuko dugu, eta guztion artean taula bakarra osatzen joan. Zalantzak argitu, iritziak trukatu…
Ondoren, ikasle bakoitzak gustatu zaion hitzen bat aukeratuko du (posible da bideoan agertu ez den beste hitzen bat izatea ere, euskalki batekoa baldin bada), eta esaldi bat osatuko du (umoretsua baldin bada, hobeto), betiere hitz horrekin bat datorren euskalkia erabiliz. Gelakideekin partekatuko du:
- Zergatik aukeratu dut hitz hori?
- Esaldia esan
Euskalkiak eta umorea bideoa ikus dezakegu, eta baita Gazteen euskara ere, besteak beste, euskalkietako hitz gehiago ezagutzeko.
1- Hainbat euskalkitako esaldiak eta hitzak erabiltzea (sinonimoak, esaterako: hitz egin, mintzatu, berba egin, solastu). Horrekin gidoitxo bat egin, eta ikasleek euren buruak bideoan (poltsikoko telefonoarekin egin daiteke) grabatzea hitz horiek esaten. Marrazkiak eta irudiak ere erabil ditzakete.
2- Elkarrizketak egitea, euskalki diferenteak jasotzeko (irakasleei, herritarrei…). Grabatutakoarekin euskalkien inguruko erreportaje moduko bat osatzea. Galderak guztien artean prestatu eta elkarrizketak bideoan grabatzea gomendatzen dugu (grabazioak egiteko, ikus jarraibideak). Aukera bat: gero grabazioak Ahotsak.eus artxibora bideratzea (adibiderako, ikus: Donostiako ikastetxea eta Lekarozko institutua).
3- Abestiak erabiltzea. Abesti bat sor dezakete euskalkietako hitzekin. Edo jada existitzen den abesti bat edo zati bat erabili (adibiderako, ikus Gontzal Mendibilek kantatzen duen Bagare abestia, eta abesti horren bertsio rockeroa). Lipdub bat ere presta dezakete (esate baterako, ikus Gizon arruntaren koplak).
Euskalkia bizirik dagoen herrietan bertako euskalkia erabiltzea litzateke politena: herriko euskalkiaren aldeko bideoa egitea. Girotzeko, Ondarruko berbak, Geuk be ondarrutarrez eta Oiartzungo euskara bideoak ikus ditzakegu.
5. Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere: esketxa, ikus-entzunezkoa, azalpena… eta, ahal dela, bideoan grabatzea, ahozko jardunen bilakaera ikusteko. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak.
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, erabil ditzakegun galderak:
Edukiari buruz:
Ikaste-prozesuari buruz
Bere komunikazio-gaitasunei buruz
Talde-lanari buruz
Manex Agirre (Aramaio, 1982):
-Bai, pasetan jat igual irratixen entzun zuberotarren bati elkarrizketa, eta ostia, kosta!
Maddi Sarasua (Itsasu, 1995):
-Nik nahiago dut mintzatu hegoaldekoekin gipuzkoarrez. Errexagoa egiten zait eta iduritzen zait lapurtarrez mintzo naizelarik, ez dakit, komunikazioa beharbada ez etena, baina trabatua dela, ez naizela gehiago bere… biziki desberdina da, ez dakit.
Olatz Arriola-Bengoa (Bilbo, 1986):
-Hor badago muga bat eta tontakeri bat da ze hizkuntza bera da baina ya, hizkuntza bera da baina euskalki desberdina da eta ez dakizu, ez dakizu…
Irati Seijo (Lekeitio, 1992):
-Askotan daukagu guk joeria: “Ba ez banau ulertzen bere problemi da, ez da niria”. Osea, esaten moduan: “Hau neuri da, nehi bozu zuk nigana etorri, etorriko zara. Ni zugana ez naiz jungo”.
Andere Gonzalez (Getxo, 1988):
-Eta jenteari jolin, askok igual hamendik ez badekozu ohiturarik euskeraz iteko normalean erabiliko dozu igual batue, ez? Hamen ikasi dozune edo ikastolan ikasi dozune edo. Klaro, zoiez Lekitto batera, berba itten dotsu nonok, eta igual ez dotsazu aittuten! Baina eske normala da. Igual bestien partetik be bai egon bi(ha)ko zan igual apur bet… Txo, txo, baja, a ver!
Ander Goikoetxea (Lekeitio, 1990):
-Jo, eurentzat igual, zailtasuna badauko, lekittarrekiko, euskaldunbarri bat, euskeraz ikasittako pertsona bat pada edo… bardin jako! Lekittar itten xako edo erderaz itten jako. Euskera batuan Lekitton ez dozu entzungo berbetan iñor be… Jo, hori bada neretzako akats bat… oso oso garrantzitsua. Osea, diñot: pertsona bat euskeraz ikasten dau, eta erderaz ingotsazu [ingo dotsazu] berba?! Ostra. Ta Lekitto moduko herri baten!
Ane Garai (Bilbo, 1987):
-Ulertuko (do)tsat, ez jat ulertuko? Jo, lehenengoan esatie ezer bale, bigarrenien ya… fu.. Orduen hor bai ya ikusten dozu apur bet hori: ba muga bat esaten dozune… mmmm, kostaten dana igual muga hori pasetie, ez?
Ainhoa Sarasua (Itsasu, 1997):
-Bo, nik orain arte iten nuen hola ere, aldatuz beti, eta hor uda hontatik beti lapurtarrez, jende guztikin eta hola, eta sentitzen nuela adibidez bizkaitar batekin mintzatzean nik usaian beti, bo denek, nere ustez, gure lagunek ere hegoaldeko jendearekin nahiz eta ez euskalkia aldatu, ez daizkigu euskalki guztiak, azentua pixka bat aldatzen dugula. Eta justuki bizkaitar horrek pixkat aldatzen zuen azentua, eta sentitzen nuen ene azentua hartzen zuela pixkat. Eta orduan nere ustez bon, ez da… Erraiten dugularik “bai, beti guk dugu aldatzen”, da guk aldatzen dugulako azkenean. Beharbada aldatzen ez bagenu, agian haiek aldatuko lukete edo.
Andere Arriolabengoa (Aramaio, 1982):
-Kontaukot [kontauko dot] anekdota bat, izenik ez noie esaten, baiñe Zarauzko euskal jai batzutan Gipuzkoako bertsolari batekin juntau nintzen, eta ez gitzen elkar ulertzen. Egixe da ordu txi...
Manex Agirre:
-Bai, kalimotxo batzuk edanda!
Andere Arriolabengoa:
-Baina ez gitzen elkar ulertzen, eta orduan in geben trato bat eta zan: berak bizkaieraz ingo auela eta nik gipuzkeraz. Hola elkar ezagutze… ulertarazteko. Eta bueno, txarto ez zan urten esperimentue.
Manex Agirre:
-Ondo? Orduan bai ulertu?
Andere Arriolabengoa:
-Bai!
Ander Goikoetxea:
-Ba hizkera aldatze hori ba nik in bihar dot ba igual udalekutan, ni euskal udalekutan juten nazenian ba umiakin berba itteko, gehixenak giputxak baldin badira ta hori, ba euskera batuan iñ bihar izaten dot berba, eta bueno, nik hori personalmente nahiko natural eruaten dot hizkera aldatzeko... euskera batua berba ittia nahiko natural eruaten dot.
Ekhi Zugasti (Eibar, 1985):
-Neri ointxe personalmente pasau jatana izan dok… Nere neskia ointxe Iruñakua dok. Eta hasieran berakin komunikatzeko asko joten najuan euskera batura, bai whassappez eta bai berbetan, ze uste najuan ez zestala ulertuko. Eta bueno, ba ya denporatxua batera, eta azkenian ba e… berak esan jestak, gainera: “Baina eidazu zuk itten dozun moduan! Neri ez idazu ein…”. Ze, gainera, urtetzen jata… urtetzen jata super artifiziala, osea, ez naiz ni, ez dakit zelan esplikau, ez?
Maialen Chantre (Bera, 1991):
-Hemen Berako lagunekin solasten naiz hemen iten genun bezela baina unibersidadera joan ta, ya pues Euskal Herri guztiko jendeakin, aldatzen… nahi gabe aldatzen dut. Badakit hitz batzuk ez dizkidatela ulertzen… edo ya arraro begitzen diatela eta hola… orduan pues bai mantentzen da hemengoa eta nabaritzen diate nongoa naizen, bainon ez dut berdin egiten. Ta beraiekin nagonikan erraten diate: “Joe, ze azentoa duzun, hangoa”. Eta hemengoekin egon ta, sumatzen baldin badiate hangoekin solasten telefonoz-edo, errango diate: “Jo, nola aldatzen duzun zure hizkuntza, hangoekin solasteko”. Orduan, ya sortzen da nahaste bat hor…
Patxi Castillo (Bera, 1992):
-Bai, bai, neri… bueno, geroz eta gehio ibiltzen naiz Gipuzkuan, eta hemen erraten diate gipuzkoartzen ari naizela eta han alderantziz.
Iraitz Beitia (Eibar, 1987):
-Eibarren dakau euskera bat oso nahasixa. Harrapatzen dau Gipuzkoakua, Bizkaikua, ez-dakit-ze… ta nik bai aldatzen dotena igual lagunekin ta baino gehixau da por-ejemplo lanian dakauz Markiñakuak, Ondarrukuak, ta ez dot itten igual Markiñakuekin berba, Ondarrukuekin be ez… eta Azpeittikuekin be ez. Orduan bai euren… adaptatzen naiz pixkat euren hitz egiteko modura. Eta nahi dot esan: joe, askotan ez da erreza, porke oso itxi itten dabe eurak berba.
Andere Arriolabengoa:
-Bueno, bizkaittarren artien be bai, e. Nik gogoratzen dot nire klaseko lehenengo egunien lekittar bat auen... bueno, hasi zan berbetan eta iñok etzauen [ez auen]... osea, eta Bilbon... osea, etzauen iñok ulertzen! Kostau jakun... bera be bai, moldatu in bihar... berak be moldatu in biher izan eban apur bat bere euskerie bestiok ulertu ahal izeteko, ze bestela ezinezkue zan.
Andere Gonzalez:
-Igual Iparraldien bai euki dot arazotxue eta ulertzeko, ostras.
Garazi Lopez de Uralde (Getxo, 1988):
-Bueno, baina hor bion partetik ba pazientzia apur bet edo lasaitasuna, ze beittu, danok gabiz euskaraz berba itten, ba jarri zeuk be zure partetik be bai.
Andere Gonzalez:
-Bai, bai, bai.
Garazi Lopez de Uralde:
-Ta moldatuko gara.
Andere Gonzalez:
-Azken finean... klaro baietz.
Garazi Lopez de Uralde:
-Bai Iparralden bai Ondarrun, berdin dost.
Manex Agirre:
-Ni personalki ez jat pasau inor ez ulertzie. Bueno, aber, igual Anderek esan dauena bai da egixe, ez? Baten bat etorten bada eta braun! Eta zu gainera harrapatzen baldin bazaittu preparau barik, ez? Ba esaten dozu: “Ostia! Esan berriro mesedez”, ez?
Garazi Lopez de Uralde:
-Ez dot esaten batua erabiltzea, osea, diñot bakoitzak bere hizkuntza edo euskalkia apur bat moldatzea besteari lana errazteko. Nik bez ez dot… ez dakit batua erabiltzearena… aberasgarriago da nire ustez, bakoitzak berea erabiltzea.
Manex Agirre:
-Bai, pasetan da, bai, eta hori nik uste dot konplejo barik onartu biherra daukule. Ba batzukin lehelengo zeran, lehenengo bueltan zaile dala, bigarren bueltan esango nauke ya problemarik ez dauela, zea zuk jartzen badozu zure aldetik eta berak be bai, batuara juan barik, ez dau biharrik, ba ez dau problemarik, nik uste.
Garazi Lopez de Uralde:
-Ba ritmoa moldatu eta ez dakit, hobeto ahoskatu... jajaja apur bet lasaiago.
Andere Gonzalez:
-Intentzioa jartzea.
Garazi Lopez de Uralde:
-Bai. Jarrera kontue da, ez dakit.
1.- Euskararen aldaerak dira euskalkiak, herrian herriko hizkerak. Euskalki nagusiez gainera, azpieuskalki ugari daude. Ikus euskalkien mapa eta ezaugarriak.
2.- Euskalkiek euskara batua aberasten dute. Besteak beste onura hauek ekar ditzakete:
3.- Ikus euskalkiei buruz prestatu ditugun beste bideo-fitxa hauek ere:
4.- Hizkera informalari buruz, berriz, beste bi bideo-fitxa hauek ditugu: