Sehaska-kantak

Ahoz aho transmititzen diren kanten artean, besteak beste, sehaska-kantak daude, umeei lotarako kantatzen zaizkienak. Bideo honetan hainbat sehaska-kanta batu ditugu.

Mailak: DBH, LH, HH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Abestiak

4,99 puntu 5 izarreko maximotik
146 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:

  • Garai bateko bizimodua ezagutzeko interesa
  • Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa
  • Kantak ezagutzeko eta kantatzeko grina
  • Ahozko jarduna ezagutu, erabili eta balioesteko gogoa

 

Bideoa ikusi aurretik:

Haur-kantak izango ditugu hizpide, bereziki sehaska-kantak, aurre-ezagutzak aktibatzeko. Gisa honetako galderak egin ditzakegu:

-Zer nolako kantak gustatzen zaizkizue? Zer estilotako musika eta taldeak?

-Ezagutzen duzue kanta tradizionalik? Zer haur-kanta dakizkizue? Eta zer sehaska-kanta? Noiz eta nola ikasi dituzue?

-Zeintzuk dira zuen haurtzaroko abestiak (memoria emozionala)?

 

Gelan aipatu diren haur-kanta batzuk kanta ditzakegu. Abestia ezaguna baldin bada, letra Interneten bila dezakegu guztiok batera kantatu ahal izateko.

 

Bideoa ikusi bitartean:

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
  2. Ikasleek euren arreta erakarri duten pasarteak gogoan har ditzatela.
  3. Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez, naturako elementuei erreferentzia egiten zaie abesti askotan: billotsa (bildotsa, arkumea), amilitxa (amilotsa txori bat da), papar gorridun txoritxoa (txantxangorria izan daiteke)…
  4. Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztia barneratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren:

  1. Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-Ezagutzen al zenituzten entzun ditugun sehaska-kantak? Gustatzen zaizkizue?

-Adinekoak kantuan entzuteak zer sentipen eragiten dizuete? Zer nolako harremana duzue zuen aitona-amonekin?

-Kanta horiek entzunda, gogoratu al duzue beste kantarik?

-Egon al da abestien eta jakintzen transmisiorik zuen familietan (gurasoen, aitona-amonen, senideen… bitartez)? Oroitzapenik ekartzen al dizuete?

Betiko kanta-jolasen trasmisioa bideoa ikus dezakegu, eta umetako kanta eta jolasak gogoratu (ikus proposamenak ere, gai horretan sakondu nahi izanez gero).

Guztion artean bideoko 3-4 abesti aukera ditzakegu, gustukoenak. Letra inprimatu (ikus “Testua” atala), eta guztiok batera kanta ditzakegu.

  1. Jolasa. Euskarazko kanta tradizional ezagunak txistu-doinuan kantatuko ditugu, letrak abestu gabe. Batek txistuka kantatuko du eta gainerakoek abestia zein den asmatu beharko dute; txandaka egin daiteke: aldiko batek txistu eginda. Adibiderako: Maritxu nora zoaz, Boga boga...

Gela laupabost taldetan banatuta egin daiteke jolasa, eta 10-15 minutuko tartea eskaini lanketari.

 

 4. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Hiru adibide  eskaintzen dira hemen. Ikasleek aukera dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere (edo proposamen bat baino gehiago egin):

 

  • “Zu zeu elkarrizketatzaile”. Ikasleak kazetari bihurtuko dira, ahozko ondarearen biltzaile. Elkarrizketatzaile bihurtu, eta herriko kantak jasoko dituzte (haur-kantak eta sehaska-kantak bereziki, baina besteak baztertu gabe), adinekoei elkarrizketak eginez. Talde txikietan banatu (2-3 ikasle), eta talde bakoitzak pertsona bat elkarrizketatuko du, abestiak jasotzeko. Galdetegia guztien artean presta dezakete gelan.

Hona hemen galdetegia osatzeko kontuan har ditzaketen gai batzuk:

 Ume-kantak

  • Lotarako kantak: “Txikitxo polit hori”, “Nere maitea, nere polita”, Binbili Bonbolo”, “Kukua eta amilotsa”, “Haurtxo txikia”, “Nere maite polita”, “Lotxu eginda”...
  • Umeak negar egiten duenean eta mina hartzean: “Txilin txilin maña”, “Miña-miña kura miña”…
  • Erritmikoak (altzoan, korroan…): “Arre-arre Mandako”, “Andra Joxepa tronpetan”, “Aitak amari gona gorria ekarri”, “Bat, bi, hiru, lau…”
  • Esku-jolasak: “Txalo Pintxalo”, “Arrautzaren ipuina”, “Lehenengotxu hori”…

Kanta-jolasak

  • Txingoka/sokasaltoan ibiltzekoak, biribilean jarrita egitekoak, esku-jokuak...

Jaiekin eta erlijioarekin lotutakoak

  • Gabonetakoak: “Urte barri barri”, “Erregenetakoa”, “Trakatran trakatran hiru errege”, “Gabon-gabonete”
  • San Juanetakoak, San Nikolas…
  • Elizako kantak

Bertsoak

  • Bertsolarienak eta herrikoiak (egile ezagunik ez dutenak)

Eguneroko lanekin lotutakoak

  • Arto zuritzean, ardi-zain zebiltzala... kantatzen zituztenak

Oharra: kanten testuingurua jasotzea ere garrantzitsua da: abesti bakoitza noiz, non eta nola ikasi zuten eta norekin kantatzen zuten.

Elkarrizketa bideoan grabatzea gomendatzen dugu (ikus jarraibide orokorrak), gero ikasgelan ikusi ahal izateko, eta komenigarria litzateke elkarrizketatuari argazkia ateratzea ere. Ikasleek aurkezpen txiki bat prestatuko dute (elkarrizketatuaren biografia laburra, adibidez; nondik ezagutzen duten, etab.), bideoa erakustearekin batera ikaskideei azalpenak emateko.

Ondoren, lanketarekin jarraitzeko, aukera batzuk:

  • Grabazio guztietako kanta politenekin ikus-entzunezkoa(k) prestatzea, sare sozialen bidez ikastetxean zein herrian zabaltzeko (lan hau egiteko bideoak editatzeko programaren bat ezagutu behar dute eta ereduak eman beharko zaizkie). Posible da gero grabazioak Ahotsak.eus artxibora bideratzea (adibiderako, ikus Lekarozko institutoko ikasleek egindako grabazioak).
  • Bideoen erakustaldia egin daiteke ikastetxean eta sare sozialen bidez ere zabaldu.
  • Ume-kanta tradizionalen bilduma osatu ostean, ikasleek abestiak kantatu eta grabazio berri musikatu bat egin dezakete (horretarako, musika-tresnak jotzen dakiten ikasleak beharko lirateke).

 

  • Sormena lagun”. Musikak eta abestiek sormenerako aukera asko ematen dituzte. Kantak sortzea izango da erronka, eta helburu nagusia ondo pasatzea. 2-3 laguneko taldetxoak osa daitezke, sormen-prozesua kolektiboa izan dadin.

Pauso posible batzuk:

  1. Bideoko doinuren bat edo bertso-doinuren bat aukeratu
  2. Letra aldatu (osorik edo hitz solteak; adibidez: Ikusi nuenian nik zure begia / iruditu zitzaidan izartxo argia). Naturako elementuak, metaforak, hitz-jokoak eta baliabide literarioak erabili. Gaia librea izango da: ateratzen dena (ez dauka sehaska-kanta izan beharrik).
  3. Abesti berria barneratu/ikasi.
  4. Ikaskideekin partekatu: kantatu.
  5. Iritzia trukatu agertu diren gaiei eta baliabideei buruz (errepikapena, metaforak…).

 

  • Testigantza bila”. Euskarazko haur-kantak ezagutuko ditugu, eta kanta horiek aztertu (edukia eta forma). Horretarako, informazioa bilatuko dugu, eta ondoren aukeraketa egin. 2-3 laguneko taldeetan egin daiteke.
  1. Ikusi dugun bideoko kantez gainera, beste haur-kanta batzuk topatu (adibiderako: Amaren bularra, Imanolen haur-kanta, Loa-loa masusta, Egizu lo…): bideoak, letrak, kanta-liburuak… Ikus Kanten kantoia webgunea ere.
  2. Bi kanta aukeratu (ez daitezela oso laburrak izan, mamia izan dezatela), gustukoenak, eta aztertu:

-Doinua eta erritmoa: zer sentipen eragiten digu? (lasaitasuna, alaitasuna, tristura, goxotasuna…)

-Edukia: Zer kontatzen du? Nola kontatzen du? Zer baliabide darabiltza horretarako?

-Kantaren testuingurua: egile ezagunik baduen, noizkoa den…

  1. Ikaskideekin partekatu, aurkezpen txiki bat eginez: aukeratutako kanten berri eman (bideoak ipini, kantatu, azalpenak eman).

 

5- Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere: kanta, ikus-entzunezkoa, aurkezpena… eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea, ahozko jardunen bilakaera ikusteko. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea komeni da. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak

 

Ebaluazio-irizpideak:

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.


Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:

- Ea buruz dakizkien bertsoak eta kantak (tradiziokoak nahiz egungoak), eta errezitatu nahiz abesten dituen.

- Ea interpretatzen duen euskal kulturako ondarean aurkitu daitezkeen adierazpen, esaera edota kanta-jolasen esanahia, eta horiek erabiltzen dituen.

- Ea literatura-adierazpen herrikoietatik jasotako adierazpen-baliabideak sormenez erabiltzen dituen.

- Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak.

- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.

- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak.

- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.

- Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean.

- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen.

- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen.

- Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia.

- Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak.

- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.

- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen.

- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei.

- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.

- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.

- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.

- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.

- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.

- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.

- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.

- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.

- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…).

- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.

- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak.

- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen.

Haurtxo maite

Xerafina Iriarte (Donostia, 1932):

Haurtxo maite,
lotan zaude,
sehaskan negarrez.
Atoz, bai, nere bihotzean.
Hator, bai, nere bihotzean.
Abesti maitale.
Abesti maitale.

Bonbolontena

Ana Mari Axpe (Arrasate, 1946):

Bonbolontena, ene laztana,
ez egin lorik basoan,
azeritxuak eruango zaitu
erbia zeralakoan
.

Luzia Inzunza (Mañaria, 1925):

Ene maite polita,

ez egin lorik basuan,

Azeritxuak jan ez zaiezan

billotsa zarialakuan.

Azeritxuak jan ez zaiezan

billotsa zarialakuan.

 

Horra hor goiko

Bixente Pagoaga (Arrasate, 1946):

Horra hor goiko hareztitxo baten
kukuak umiak egin dittu aurten.
Kukuak egin amilitxak (amilotsak) jan
Huraxe [ere] kukuaren zoritxarra zan.
Looooo...

 

Obabatxue

Santi Villareal (Amorebieta-Etxano, 1935):

Obabatxue lo ta lo

zeuk orain eta neuk gero

Zeuk gura dozun orduren baten

bixok egingo dou lo ta lo

 

Tipi-tipie

Xerafina Iriarte (Donostia, 1932):

Tipi, tipi, tipi, tipie

nere andre maitie

Txokolatez beteta

gaukagu titie

 

Ume txikia negarrez dago

Manoli Andonegi (Donostia, 1922):

Ume txikia negarrez dago
ama emaizu titia
Aita gaiztua tabernan dago
pikaro jokalariya

 

Rin eta rin

Teresa Erkiaga (Lekeitio, 1927):

Lotan nago,

begixak itxita

Rin eta rin,

ezin lorik egin

 

Lotxo engañadoria

Luzia Arrizabalaga (Aramaio, 1923):

Lotxua lotxo gozo 
lotxo engaiñadorie
lotxo gozuak engaiñauko dau
Edurne gurie

 

Haurtxo polita

 

Xerafina Iriarte (Donostia 1923):

Haurtxo polita sehaskan dago

Zapi txurian txit bero

Amonak dio: ene potxolo

egin aguro lo lo

Horregatikan, ene potxolo

egizu aguro lo lo

Txakur haundia etorriko da

egiten ez badezu, egiten lo

Horregatikan ene potxolo

egin aguro lo lo

lo lo

 

Txikitxo polit hori

Leandra Otxoa (Arrasate, 1924):

Txikitxo polit hori,

zeu nere laztana

Katiatu nindazun

libria nintzana

Libriak libre dira

zu ta ni katigu,

biok biziko gera

zuk gura badozu

Celestina Oteiza (Bergara, 1916)

Txikitxo polit hori,

norena norena?

Norena izango naiz, ba,

aitena ta amena

 

Haurra logale dalako

Mertxe Olabe (Bergara, 1930):

Haurra logale dalako

lotxo nahi nuke egin

Begi bat itxia du ta

bestia zabal ezin

Hoba hoba lotxoa

lotara gure umetxoa

Farolarekin etorriko da

papar gorridun txoritxoa

 

Bi goxo

Antzuolan jasotako kanta

Emango dizut bi goxo

Orain bat eta bestia gero

Bai, bai, bai, bai, bai, bai

Ez, ez, ez, ez, ez, ez

Ikusi nuenian nik

ai zure begia

iruditu zitzaidan (bis)

izartxo argia

  • Kantekin eta kantagintzarekin lotutako beste bideo batzuk, gaian sakontzeko baliagarriak gerta daitezkeenak:

-Kanta tradizionalak eta generoa

-Euskal kantagintza berria

-Hiru kanta herrikoi

-Betiko kanta-jolasen transmisioa

  • Ikus Ahotsak Ikasgelan webguneko kanta eta jolasen fitxak ere (50 fitxa baino gehiago daude). 

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza