Garai batean ez zen emakume trikitilaririk ikusten plazetan. Ateratzen zirenek fama txarra hartzen zuten. Bideo honetan zenbait panderojole eta soinujole aipatzen dira: Maurizia Aldeiturriaga, Primi Erostarbe, Juliana Zubizarreta, Ramoni Pikabea eta Romualda Zuloaga.
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Balio etikoak
Gaiak: Genero-berdintasuna, Aisialdia
Maixa Lizarribar (Altzo, 1971): Trikitixa orduan dena gizonezkoen mundu bat zen. Emakumeak eukitzen zun, ba, panderojolearen papera eukitzea bazeuken, bainon plazetan ez ziren ikusten. Nik gerora jakin det etxeetan bazeudela, baino orduan plazetan ez zen ikusten. Ordun, gizonezkoen mundu bat zen. Ezin zuten atera plazetan, ez? Plazetara. Emakumeak zirelako.
Juan Mari Beltran (Donostia, 1947): Nik uste det hor.... asko izan direla emakumeak, asko, baina da, segun ta ze garaietan, oso gaizki ikusia izan da hori publikoa izatea.
Maixa Lizarribar: Argazkiak daude azkenen, ez? Argazki zaharretara juten geanen, argazki pilla bat dao eta emakume asko dao panderoekin; eta soinuakin, ez? Bai, eta anekdotak daude, bua, pilla bat.
Juan Mari Beltran: Baino emakume publikoak ziren eta emakume publikoa ez zegon ondo ikusia. Baina bazien.
Maixa Lizarribar: Nik beti esaten det, gure... referentzi bezela esaten deu orduan Maurizia zeola, baina Maurizia asko zeuden. Ez zeon bat bakarra. Asko zeuden.
Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein, 1994): Bere burue animetan eban eta, bai, oso adibide ona da, batez be, gaiñera, bizipozetik bizitzeko hau dana, nik uste dot. “Aupa Maurizia”k sinbolizatzen dau ba hori: bai, bale, iñok ez gaittu txalotzen, ba geuk gure buru, baiña, gaiñera kriston ondo pasauko dogu ta gu guazen bizitzera pozetik, ez hainbeste sufrimentutik.
Maixa Lizarribar: Hori da. Sinbolo bat bihurtu da Maurizia.
Ainara Ortega (Hernani, 1980): Eta aupa Maurixia eta egongo zian Maurixia gehio, e, egongo zian.
Juan Mari Beltran: Maurizian garaikok eta aurrekok asko izen haundikoak daude Euskal Herri osoan, bainan ez zeuden ondo ikusiak, ze eta musikaria personaje, personai, publikoa da eta, publiko izateko, gizonezkoa izan behar zen.
Maixa Lizarribar: Mauriziak zeukan babesa zan, jotzera juten zenean, alboan zeukana bere senarra zela, ez? Nik lehenengo emakumea ezagutu nuna plazan Mamen Maltzeta izan zan: panderoa jotzen, 9 urte zittula ikusi nun txapelketa baten. Bera izan zan ikusi nun lehenengo emakumea. Eta nik etxean esaten nun: eta hori zergatik bai? Ez? Eske bere aitakin zegoen jotzen. Ez? Beti plazetara ateratzeko bazeon halako babes bat, ez? Anaia, aita, senarra... ez? Horren babesean ateratzen zan plazara. Eta ordun plazatan ezagutzen genittun emakumeak –hori da, ez?– babes batekin zeuden plazan. Baina emakume pilla bat zeuden. Etxeetan.
Juan Mari Beltran: Maurizia bezain zaharra eta Maurizia ibili den beste horrenbeste edo gehiago Primi Erostarbe oñatiarra.
Alazne Azkue (Donostia, 1936): Beti erromeri batetik bestera gurasoakin juten giñen. Amak pandereta jotzen zun. Beti jendiak eskatu iten ziyon irrintziak eta irrintzi zoragarriak... iten zitun. Berak beti esaten zun Araotzen, Araotzen bera saiatu zan asko astuakin juten zanian, mendi batetik… herri batetik bestera, menditik juten omen zan astuakin. Eta han, bakar-bakarrik, mendian, irrintziak jo ta ke. Irrintziak. Eta bere itzalakin dantza.
Maixa Lizarribar: Irrintzi berezia zuen berak ere, ez? Eta “Heldu, heldu aurreko neska gaztiorri” kantatzen zun, irrintzia botaz, ez?
Alazne Azkue: Nik ez dakit nola esaten zun: “Heldu, heldu, heldu, heldu aurreko neska gazte horri, gerri-gerri-gerritik eta gero pixkat beheroxiotik”.
Maixa Lizarribar: Bai, hor daude… hori, ba, kontatuak daude, ez? emakumeak. Bai, baina daude hori, ba... emakume hoiek, eske batzuek debekatua zuten, debekatua zuten ikastea, jotzea, ez? ze bakarrik jo zezaketen etxean, jotzen uzten baldin bazien, ze anaiek ikasten zuten, baino neskak ez, ez? Eta ordun beti ezkutuan ikasten zuten. Nere amatxik jotzen zun soinua, etxean. Bueno, ez dakit, orduan okurrittu ere ez zitzaion egingo kalera ateratzea, ez?
Alazne Azkue: Bere amai begiratuta, seguraski, hola ikasiko zun. Bere aita soinujolia zan, ama panderista... taberna bat zuten eta tabernan ibiltzen zian jo ta ke.
Jose Mari Iriondo (Azpeitia, 1938): Juliana Zubizarretari... Gelatxok ez zuen pandero jotzaileik ez zuen ematen, baina Gelatxok beti eramaten zuen panderua, Gelatxo Zaharrak, han uzten zuen, norbaitek jo nahi bazuan. Eta, ikusi ezkero, Julianai “Hi, jo ezan", eta jotzen zuen. Eta, orduan, Julianak kopla berdiek kantatzeatik jendiak txanponak botatzen zizkiyon. Ta, orduan, kopla berdiek kantatu eta txanpon mordoskiakin juten zan etxera, hoiek beretzako zien ta. Eta Primi Erostarbek berdiñe iten zuen. Kopla berdiek kantatu ta txanponak.
Alazne Azkue: `Amona berde´ deitzen ziyoten askotan. "Zu amona berde zea, e", deitzen ziyoten askotan, bai.
Juan Mari Beltran: Ramoni Pikabea, Oiartzunen, soinujolea; motea omen zeukan `La comehombres´. Festaz festa soinua bizkarrean hartuta asko ibili dia.
Maitxo Sagardia (Oiartzun, 1926): Biño andriorrek, bere soiñua juaz, korro gaitza itten zun Altzibarren dantzan, ta bea ere, bere soiñua juaz, dantzan ibiltzen zen. Oso dotore. Oso dotore.
Juan Mari Beltran: Ramoni Pikabea Lesakaiño juten zen oiñez jotzea eta hemen alde guztietan aritzen zen jotzen. Baiñan fama onik ez zeukan.
Jose Mari Iriondo: Baiña haiek zian, haiek zian, ba, fulanan maillako. Hau da, herriko apaizen aurrian ta gurasuen aurrian ta…"ba! hoiek, fulana hoiek".
Juan Mari Beltran: Plazaz plaza ibiltzen zena: Romualda Zuloaga. Eta hoi baiño, Maurizia baiño zaharrago nere izeba Frantziska [Allin] jaiero panderoa jotzen, eta gazte guztiak dantzan, eta apaiza beti han zeukala, ez?
-Trikitixa gizonezkoen mundua izan da duela hamarkada gutxirarte. Hori bai, antzinako garaietan badirudi bestela izan zela. Trikipediak hala dakar: "Autore zaharrek zioskuten trikitixa, hasieran, pandero hutsarekin kantatzen eta dantzatzen zela, eta emakumeek erabiltzen zutela. Panderojolea, betalde, kantaria izan dugu beti. Esku-soinua azaldu baino lehenagoko bikoteetan, garrantzi berezia zeukan emakume panderojoleak, bera zen kantaria. Eta laguna bertsolaria zuen kasoan ere, ez zen isilik egongo: Segurako Itsuak (Joakin Luzuriaga, 1824an jaioa, gitarrajolea) andreak eta biek kantatzeko bertsoak egiten zituen, elkarri jarritakoak".
-Hona hemen sasoi bateko emakume trikitilarien zerrenda bat (askoz gehiago izan ziren, baina haien izenak ez dira gureganaino iritsi):
Antonia Aranzeta, Iurreta (disko batean batean parte hartu zuen, 1920ko hamarkadan) |
Juliana Esnaola “Muxillo” 1892-1974, Elgoibar (“Gelatxo” trikitilariaren emaztea) |
Pantxike Zubizarreta “Markonesia”, Elgoibar |
Felisa Bermeosolo 1899-, Ereño |
Eulali Gandiaga 1900-, Iurreta |
Juanita Bermeosolo 1903-, Ereño |
Frantziska Argiñena 1903-1923, Alli |
Maurizia Aldaiturriaga 1904-1988, Zeberio |
Primi Erostarbe 1907-1995, Araotz (Oñati) |
Kastora Irigoien 1908-1994, Lezama |
Juliana Zubizarreta 1910-2006, Elgoibar |
Martzelina Zubizarreta, Elgoibar (Julianaren ahizpa, Zestoara ezkondua) |
Juanita Gorroño 1913-, Ibarruri (Muxika) |
Romualda Zuloaga 1913-1971, Galdakao |
Felisa Arribalzaga 1922-2015, Muxika |
Antonita Beristain 1936-2020, Azkoitia |
Maria Jesus Sarrionandia 1909-2002, Zornotza (Xabier Amurizaren ama) |
-1970ean lehen Trikitixa Txapelketa Nagusia antolatu zen, eta horrek gazte asko trebatzea ekarri zuen, tartean neskak.
-90. hamarkadan, "trikitixaren boom-a" gertatu zen: ikusi "Soinu Txiki 3" erreportajea. Trikitixa, baserritik kalera artikulua ere irakurri daiteke.
-Gaur eguneko emakume musikariei buruz gehiago jakiteko:
-Emakume idazleak bideoan beste kultur eremu bateko egoera azaltzen da: euskal literaturakoa.