Ezagutzen al dituzu euskaraz idazten zuten garai bateko emakumeak? Euskal literaturako bost emakume idazle ezagutuko ditugu (XVII-XIX. mendeetakoak): Maria Estibaliz Sasiola, Bizenta Mogel, Rosario Artola, Mayi Ariztia eta Katalina Eleizegi.
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Balio etikoak
Gaiak: Genero-berdintasuna, Literatura
Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak
Bideoa ikusi aurretik
Euskal literaturaren historiako emakumeei buruz hitz egingo dugu, bideoaren bidez haietako batzuk ezagutuko ditugulako. Aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderak egin ditzakegu:
- Duela berrehun urte, aukera berdinak al zituzten neskek eta mutilek idazteko? Zergatik?
- Ezagutzen al duzue sasoi bateko emakume idazlerik (literatura unibertsalekoa ere izan daiteke)? Zerrenda osatu.
- Zuen ustez, zer motatako literatura, zeri buruzkoa, idatziko zuten emakumeek?
- Nor izan zen euskaraz idatzi zuen lehen emakumea?
- Ezaguna egiten al zaizue Rosario Artola izena? Eta Bizenta Mogel?
- Emakumezkoak diren zer euskal idazle ezagutzen dituzue? Bota izenak!
Bideoan agertzen direnak: Patri Urkizu, Marijo Olaziregi, Iratxe Retolaza eta Anabel Ugalde ikerlariak eta Yolanda Arrieta idazlea.
Bideoa ikusi bitartean
Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Bideoa ikusi ondoren
- Bideoko bost emakume idazleen ezaugarriak zerrendatu, errepikatzen diren ezaugarriak bereziki (ikasketa-maila, zer idatzi zuten, nolako familia zuten...).
- Familian gizonezko idazleak izateak lagundu egin al zien emakumeei? Itzala ere egin al zieten ala argia bakarrik?
- Koldo Mitxelenak “mujer excepcionalmente despejada” bezala deskribatu zuen Bizenta Mogel. Zer esan nahi zuen? Zer pentsamendu egon daiteke ideia horren atzean?
- Bada Maria Estibaliz Sasiolaren egiletza zalantzan jartzen duenik, XVII. mendeko eskuizkribuan bere izena agertzen den arren. Harritzen al zaitu horrek? Gauza bera gertatuko al litzateke, gizonezkoa balitz?
- Bizenta Mogelek ikasi egin nahi zuela esan zuen, eskatu egin zuen. Erraza izan zela uste al duzue?
- Genero literario guztiak ez daude berdin baloratuta. Adibidez, haur literatura gutxiago baloratu izan da. Zergatik uste duzue haur literatura emakumezko idazleekin lotzen zela? Orain ere hala al da?
Antzerkigintzari keinu bat egin diezaiokegu, hausnarketatxo bat eskaini, bideoan aipatutako idazleetako bat antzerki-testuen egilea izanik:
- Antzerkigintzan, XX. mendearen aurretik, gizonezkoek egiten zituzten emakumeen rolak toki batzuetan. Zergatik zela uste duzue?
- Antza denez, Antzinako Grezian emakumeek mitoak edo gai herrikoiak bakarrik antzezten zituzten, inoiz ez gai intelektual edo kultoak. Rol horrek noiz arte iraungo zuela uste duzue?
Bideoan azaltzen diren bost emakumeak ez dira euskal literaturan izan diren bakarrak. Bost adibide dira. Izan ere, XIX. mendearen amaieran jaiotako gehiago ere izan ziren, adibidez Emakume Abertzale Batzakoak: Karmele Errazti Etxakin (1885-1954), Julene Azpeitia (1888-1980), Tene Mujika (1888-1981), Sorne Unzueta Utarsus (1900-2005)...
3. Bideo gehiago. Emakume idazleei eta euskal literaturari buruzko bideo gehiago ikusi daitezke, informazioa osatzeko. Euskal literaturako emakumeei buruz lanketa sakonagoa egin nahi izanez gero, adibidez, gaur egungo emakume idazleen iritziak batzen dituen bideoa ikusi eta komentatu daiteke (proposamen pedagogikoak ere baditu): Idazlea emakumea denean. Interesgarria da Marijo Olaziregiren testigantza hau ere: Emakume idazleak ikusezin.
Euskal literaturari buruzko beste bi bideo hauek ere ikusteko eta lantzeko modukoak dira, nahiz eta ez duten genero-ikuspegia jorratzen:
Ahozko literaturari dagokionez, historiako emakume bertsolariei buruzko bideoa ere baliagarria gerta daiteke, duela mende batzuk emakumearen rolak nolakoak izan zitezkeen irudikatzeko: Emakumeak bertsolaritzan (XV-XIX).
4. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke, talde txikietan. Lau adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin de
Horretarako, talde txikietan banatuta, bideoan agertzen diren emakumeei buruzko informazio gehiago aurkitu dezakete ikasleek. Talde bakoitzak emakume bat aukeratu dezake (posible da bideoan agertzen ez den emakume bat aukeratzea ere, garaikidea).
Ondoren, bakarkako lana etorriko da. Idazle bat aukeratu, eta haren testuingurua kontuan hartuta, ikasleak eguneroko bat idatziko du honakoak azalduz: bere eguneroko bizitza nolakoa zen, zer lan egiten zituen, ikasteko zailtasunak, emakumea izateagatik zituen betebeharrak, lanak argitaratzeko orduan izan zituen arazoak… Adibidez, Bizenta Mogelek espresuki eskatu behar izan zuen berari ikasketak emateko. Familiarekin izan zuen elkarrizketa nolakoa izango zen? Zein argudio erabiliko zituen?
Egunerokoa idazteko 2 irizpide: - Luzera: gutxienez orrialde bat - 1. pertsonan egongo da idatzita (idazlea ni izango banintz bezala) |
Idatzitako egunerokoa ozen irakurriko dute ikaskideen aurrean, egindako lana partekatzeko. Ozen irakurtzeko, garrantzitsua da hitzezkoak ez diren baliabideak ezagutzea edo gogoraraztea (erritmoa, isiluneak, tonua, bolumena...). Horretarako, Pako Eizagirreren azalpenak kontuan izan ditzakegu, aditua baita lan horretan (Aittu.eus webgunearen sortzailea da): Testua ezagutu eta barneratu (00:30-01:40). Bideo honen bigarren zatian ere ozen irakurtzeari buruz dihardute: Idazketa tailer baterako aholkuak (10:30 minututik aurrera).
Guztiak irakurri ondoren, komentatzeko tarte bat ireki daiteke: egunerokoen antzekotasunak identifikatu, sinesgarritasunaz hitz egin, testuak irakurtzeko moduak aipatu...
Herriko liburutegira joan, eta euskarazko liburuen analisi bat egitea da proposamena. Adibidez, nobedadeen artean egin daiteke azterketa edo urte zehatz bateko uzta aztertu: 2023koa, 2022koa... Literatura-genero bakoitzean zenbat dira emakumeek idatzitako lanak? Eta gizonezkoenak? Konparazio behar bezala egiteko, ehunekoak ateratzea ere komeni da (adibidez, eleberrietan % 35 emakumezkoa eta haur literaturan % 55).
Internetez ere egin daiteke, herri batzuetako liburutegietako webguneek nobedadeak sareratzen dituztelako. Adibidez, Eibarko Liburutegiak, Arrasateko Bibliotekak, Hernaniko Liburutegiak eta Berrizko Liburutegiak webgunean atal bereziak dituzte, euren nobedadeak ezagutarazteko.
Taldeka, collage bat egitea proposatzen da. Idazleen argazkiak, liburuen azalak, genero literario ezberdinak irudikatzen dituzten marrazkiak, koloreak, esaldiak… erabiliko dituzte. Ondoren, aurkezpen txiki bat egingo dute hausnartu dutenarekin. Collageak ikastetxean zintzilikatu daitezke.
2021ean Planeta Saria irabazi zuen Carmen Mola idazleak. Saria jasotzeko orduan, ordea, hiru gizonezko agertu ziren eta haiek jaso zuten saria. Ordura arte, inork ez zuen fisikoki benetako Carmen Mola ezagutzen, eta orduan jakin zen emakumezko baten izenaren atzean hiru gizon zeudela. Saria jaso ondoren, hiru gizonek esan zuten euren burua ezagutzera emateko unearen zain zeudela: “Salto bat eman nahi genuen eta jauzi handi batez ezagutzera eman”. Horrek zeresan handia sortu zuen, bai literaturaren munduan eta baita sare sozialetan ere. Emakumezkoek idatzitako liburuak saltzen dituen Madrilgo liburu-denda batean, berria jakin eta ordu gutxitara Carmen Molaren liburu guztiak erretiratu zituzten, honako txio honekin batera:
Iturria: Twitter
Horrelako edo antzeko txio asko daude. Adibidez, Tània Verge Berdintasuneko kontseilariak hiru idazleek “hutsalkeriaz” jokatu zutela kritikatu zuen eta adierazi zuen ez zutela inolako beharrik emakumezko baten izenaren atzean ezkutatzeko, “ez dutelako inolako diskriminaziorik jasaten”.
Planeta Sariak 70 sari eman ditu, horietako 13 emakumezkoei (Carmen Mola kontuan hartuta). |
Gaiari buruz gehiago sakontzea proposatzen dugu: gizonezkoen ezizenak erabili zituzten emakume batzuei buruzko informazioa lortzea, aipatutako kasu honi buruzko informazio gehiago lortzea... eta egunkari batean argitaratzeko moduko iritzi-artikulu bana idaztea.
Iritzi-artikuluak idazteko, adibide batzuk ikus ditzakegu (“Iritzi-artikuluen ereduak” dokumentua). Kontuan hartu:
Ondoren, iritzi-artikuluak gelakideen aurrean irakurri, eta iritzi-trukea egin daiteke.
Hona hemen informazio-bilketarako eta aurkezpenerako puntu posible batzuk:
Aukeratutako idazlea edozein garaitakoa eta lekutakoa izan daiteke. Literatura unibertsaleko emakume batzuen adibideak:
Murasaki Shikibu 978?-1016 |
Emily Dickinson 1830-1886
|
Doris Lessing 1919-2013 |
Christine de Pizan 1364-1430 |
Virginia Woolf 1882-1941 |
Patricia Highsmith 1921-1995 |
JaneEmily Brontë Austen 1775-1817 |
Gabriela Mistral 1889-1957
|
Nadine Gordimer 1923-2014 |
Mary Shelley 1797-1851 |
Agatha Christie 1890-1976 |
Toni Morrison 1931-2019 |
Emily Brontë 1818-1848 |
Simone de Beauvoir 1908-1986 |
Alejandra Pizarnik 1936-1972 |
Aurkezpena Prezzi edo antzeko baliabideren bat erabilita egin daiteke.
5. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena edo irakurketa egingo dute ikasleek, euren lanaren emaitzak gelakideekin partekatzeko. Aurkezpen guztien ondoren,
galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ahal dela, jarduerak grabatu egingo dira, bideoz (ondo egindakoez eta hobetu beharrekoez jabetzeko eta etorkizuneko beste ekoizpen batzuekin alderatzeko). Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea komeni da.
Ebaluazio-irizpideak
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
Ikaste-prozesuari buruz
Bere komunikazio-gaitasunei buruz
Talde-lanari buruz
Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:
Maria Estibaliz Sasiola (Deba, ...-1611)
Patri Urkizu (Lezo, 1946): Lehen euskal idazlea, emakume idazlea.
Anabel Ugalde (Arrasate, 1956): Eta badirudi, ba, giro kulto samarrean hazitako neska bat eta poesia idatzi zuena.
Patri Urkizu: Esan dezakegu, ez baitugu beste informaziorik, bere letraz idatzi zituela eta horek konserbatu zaizkigula. Hiru poema. Bi seguruna bereak, berak asmatuta, amodiozko istorioak; beste bat da herri kanta bat: "Goiko mendian elurra daidi –elurra dago–, beheko aldian izotza" edo. Agertu dira poema hoiek Lazarragaren eskuizkribuan, bukaeran, eta letra ezberdinez eta hizkera ezberdinez. Lazarragarena Larreakoa da, arabarra, eta hau debarra.
Anabel Ugalde: Bai, badirudi hor agertu zirela, baina hor ere hasi dira esaten... ez ote den... baina, bueno, bere izena agertzen da egile moduan, orduan, zergatik ez, ezta?
Patri Urkizu: Orduan emakume dotore, familia oneko bat zen. Eta XVI. mendean baziren beste horrelako dexente gaztelar literaturan. Adibidez, Santa Teresa, izan zen modelo bat: Teresa de Cepeda y Ahumada eta bere liburuak oso arrakasta haundiya izan zuten. Eta hoiei deitzen zieten "puellae doctae", hau da, emakume "dokta"k zirenak, latina ikasi zutenak, grekera ere bai... Orduan, ba, goi mailako emakume bat, hori izango litzake lehenbiziko idazlea.
Bizenta Mogel (Markina, 1782-1854)
Iratxe Retolaza (Donostia, 1977): Bixenta Mogel da hola, ba, askotan aipatzen den lehen izenetariko bat, ba Ipuin onak argitaratu zuelako 1804. urtean. Alegien bilduma bat da, ba alegia horiek egokitu egin zituelako. Eta Bixenta Mogel oso figura interesgarria da, batetik, garai hartan liburuak euskeraz argitaratzea oso zaila zelako, ba, bueno, egitura guztiak kontra zeudelako, liburuak argitaratzea oso garesti zelako ta... Zergatik izan zuen aukera Bixenta Mogelek liburu bat argitaratzeko? Bueno, batetik, ba, izan zuelako Mogel osaba, besteak beste, irakasle etxean, jaso zuelako hezkuntza etxetik. Hori egia da berak askotan esaten duela berak aldarrikatu behar izan zuela bere anaien hezkuntza bera nahi zuela etxean, baina lortu zuen hezkuntza hori –klase altuko emakume batzuek lortu zuten hezkuntza– etxean jasotzea. Eta horietariko bat izan zen Bizenta Mogel. Eta gero, ba, osabaren bitartez ere, ba, liburugintzaren tripak-eta ezagutzen zituelako eta aukera izan zuelako, ba, bueno, dirua lortzeko argitalpen hortarako.
Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Etxean ikasi ahal izan zuen, hizkuntzak eta abar, etxean jaso zuelako instrukzioa. Hau da… Eta, ordun, horrek… horregatik harridura eragiten du emakume, lehenengo emakume honek. Mitxelenak esaten zun "mujer excepcionalmente despejada". Ez dakit zerk harritzen zuen Mitxelena hainbeste. Baiño da Bizenta Mogel. Eta Mogeltarrei buruz asko dakigun bezala –Peru Abarka… e? batez ere osabarenak, bai?–, berataz ez hainbeste eta bere bizitzaz ere ez.
Iratxe Retolaza: Alegiak egin zituen eta alegiak izan ziren gero XIX. mendean euskal literaturan, ba, indar haundia izan zutenak. Genero literario horrek hartu zuen indarra gero XIX. mendean. Baina gero kuriosoa da bera izan dela alegiak sortzen lehenengotarikoa eta askotan berak alegiak egin zituela esaten da eta, orduan, haur literatura dela... nolabait kontsideratuta literaturaren beste kanon batean, baina XIX. mendean alegiak asko egin ziren euskal literaturan eta aitzindaria izan zen hortan ere, ez?
Patri Urkizu: Literatura poesia moralizantea, kritikoa zena neurri batean gizonen eta emakumeen ohitturekin, zeren animalien bitartez kritikatzen zittuzten hoiek, ohittura txar hoiek. Ba, orduan, ba, honek euskeratzen dittu. Bide berri bat irekitzen du.
Yolanda Arrieta (Etxebarria, 1963): Ba oso emakume interesantea izan zan. Klaro, aurreiritzi asko entzun dittut nik, e, Bizentaren inguruan: "Hori mojatxo bat zan" ta...
Iratxe Retolaza: Orduan, testuinguru hortan, non elebakar gehienak emakumeak ziren eta euskaldun eta emakume izatea diskriminazio-egoera bikoitza zen, ba, bapatean Bizenta Mogelek testuinguru hortan liburu bat argitaratzen du eta, gainera, argitaratzen du liburu bat hitzaurre batekin. Eta hitzaurre horretan esaten du: ba badakit liburu hau irakurriko duen edozeinek esango duela zer egiten duen neskato batek liburuak egiten. Nola dan posible berak jostorratza eta haria eta gorua erabiltzen jakiteaz gain, ba, hizkuntzak eta halako ezagutza eta… Gainera, klasikoak lantzen ditu, ez dira herri-ipuinak; lantzen ditu klasikoak, Ilustrazioaren testuinguruko genero literario bat. Eta oso interesgarria da nola bera badan konsziente jada lehenengo liburutik, argitalpenetik bertatik, hitzaurretik, ba, besteek emakumetzat irakurriko dutela eta berak jada egiten du hori kokatzeko eta horri erantzuteko ariketa. Ez?
Anabel Ugalde: Itzulpenak ere bai! Itzultzaile lanetan ere ibili zan, eta gabon-kantak ere egin zituen.
Iratxe Retolaza: Argitaratu zituen ere gero bertsoak eta abar eta abar, eta bere bertsoetan, adibidez, ba, politikaz hitz egin zuen, Foruen inguruko gerren inguruko ikuspegiak garatu zituen eta abar, eta bar. Ez?
Yolanda Arrieta: Eta gero, ba, Karlistada aurretik Bilboko bertsuak eta... Jendeak esaten du gauza gehiago ere idatzi zituela, baino beti zegoenez gerraren bat, ba, erre egiten ziren paperak eta gero ez zitzaion balorerik ematen.
Rosario Artola (1869-1950)
Anabel Ugalde: Rosario Artola. Bueno, honek, ba, beste bide bat ireki zuen eta da aldizkarietan publikatzeko bere lanak.
Patri Urkizu: Artolatarrak. Mogeldarrak ziren Markinakoak, e –eta Eibar–, eta hauek donostiarrak. Bere aitta, Ramon, izan zen ere poeta oso ona, oso parte hartu izan zuna... batez ere Euskal Herria izan zen aldizkari bat 1820tik ba 1920ra edo, eta hor asko idatzi zun eta han argitaratzen zuten gauza dexente. Eta izan zituen seme-alaba batzuek eta haien artean famatuena izan zen Pepe Artola.
Anabel Ugalde: Gitarra-eta jotzen zuen. Beste aurreiritzi bat daukagu, ez? Gitarra ez dala hemengoa, baina bai, hemengoek gitarra jo izan dute. Eta emakumeek ere jo... eske zergatik ez zuten joko?
Patri Urkizu: Eta postaletan agertzen dira, garaiko postaletan, Pepe Artola eta Rosario Artola. Donostiako bi pertsona tipikoak bezela, ezta? Eta Rosario Artolak bere gitarra jotzen ere bazekien eta poemak publikatu zittuen; 50 bat poema ezberdin badittu idatziak.
Mayi Ariztia (Sara, 1887-1972)
Patri Urkizu: Diharassarri bere osaba zen eta idazle oso ona, apaiza. Orduan, honek ere apaizen babesean ikasi zuen, eta gero, Aita Donostia eta Joxe Migel Barandiaranekin ere izan zuen harremanak eta Amattoren uzta 34ean, ba, bai, ipuin bilduma bat oso-oso politta –eta edizio politta, gainera– egin zuen. Ariztia da bere… bueno, Frantzian, badakizu, emakumeek senarraren abizena hartzen dutela eta zen baztandar bat, Pedro Ariztia, bere senarra.
Mari Jose Olaziregi: Haur eta gazte literaturan Mayi Ariztia inportantea izan zen, baino haur literatura aipatu det eta da, badakizue, emakumeek idatzitako literatura, haur literatura, ya hasten garenean zehaztapenak sartzen edo literatur-motak matizatzen, ya bazterkeriara zoaz eta ez ziren hain bisible izan. Hori da, hori da kontua.
Katalina Eleizegi (Donostia, 1889-1963)
Iratxe Retolaza: Katalina Eleizegi izan zen antzerkigile bat, antzerkiak idatzi zituena. Eta Katalina Eleizegi kokatzeko, kokatu behar dugu XX. mende hasieran, ba, bapatean antzerkigintzak hartzen du indar haundia eta, gainera, Eusko Iztundea badago Donostian bertan. Eta lehenengo aldiz ere antzerkigintzan ematen zaio lekua emakumeari, ze aurretik, aurreko mende batzuetan, emakume rolak gizonek egiten zituzten. Eta, orduan, antzerkigintza bada modu bat emakumea plazara ateratzeko; plazara ateratzeko, oholtzara ateratzen delako, eta, horrekin batera, hasiko dira antzerkigileak testuak egiten. Eta horietako bat da Katalina Eleizegi.
Patri Urkizu: Nafarroan maistra bezela ibili zen beti eta idatzi zituen antzerki mordoxka, antzerki historikoak. Nik uste dut hau konstante bat izan dela euskal teatroaren historian. Drama historikoak.
Iratxe Retolaza: Eta oso-oso... bueno, ikuspegi katolikoa zuen. Esan nahi dut, bere mundu ikuskera nahiko tradizionala zen. Baina ikuspegi tradizional hori izanda ere, egin zuen ekarpena izan zen emakumeak oholtzan eta plazan jarri zituela, protagonista gehienak emakumeak izan zirela eta gero, egia da, ba, emakume batzuetan bestelako genero-posizio txiki batzuk, berrikuntza batzuk, ekarri zituela garai hartako antzerki tradizionalean. Eta gero, garai hartan oso irakurria eta saritua izan zen, eta euskal antzerkigintza zan kultur-testuinguruan genero indartsuena. Orduan, esan dezagun, kanonean oso indartsu eta erdigunean zegoen pertsona bat zan.