Literatura modernoa: hastapenak

Kostunbrismotik modernitatera: zeintzuk izan ziren euskal literatura modernoko lehen lanak? Zer ezaugarri zituzten? Nolakoak ziren ordura artekoak? Literaturaren XX. mendeko bilakaera ezagutzeko eta ulertzeko bidea ematen duen bideoa.

Mailak: Batxilergoa

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Literatura

4,11 puntu 5 izarreko maximotik
9 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:

  • Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Garai bateko bizimodua eta kultura ezagutzeko interesa
  • Literatur ondarea ezagutu, erabili eta balioesteko gogoa
  • Irakurtzeko zaletasuna
  • Idazteko eta literatur lanak sortzeko irrika

 

Bideoa ikusi aurretik:

Gaiaren aurkezpena egin: euskal literatura modernizatu zuten lanak izango ditugu hizpide. Aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderak egin ditzakegu:

-Zer da literatura modernoa zuentzat? Zer ezaugarri ditu?

-Gauza bera al dira modernismoa eta modernotasuna?

-Zeintzuk dira euskal literatura modernoko lehen lanak? Bota izenak eta izenburuak.

-Nolakoa zen euskal literatura gerraurrean?

-Gerraostean, frankismoan, zentsura egon zen. Zer dakizue horri buruz?

-Zuentzat inportantea al da irakurtzen duzuena modernoa izatea? Zergatik?

 

Bideoa ikusi bitartean:

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
  2. Ikasleek euren arreta erakarri duten pasarteak gogoan har ditzatela.
  3. Ezagutzen ez dituzten hitzak, izenak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez, Nabokov-en Lolita aipatzen da, Verlaine, Mallarmé, Ruben Darío, Telesforo Monzon, "Orixe", frantses sinbolistak, existentzialismoa, modernismoa...

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin gehien ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren:

  1. Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-Ezagutzen al zenituzten bideoan aipatzen diren idazleak eta lanak?

-Zeintzuk dira ezagunenak zuentzat? Irakurri dituzue?

-Gai aldetik (suizidioa, abortua, pederastia...) modernoak iruditzen al zaizkizue?

-Zein izango lirateke gai modernoak gaur egun? (Sare sozialak, COVID-19a...)?

 

"Teknika berriak" aipatzen dituzte bideoan, ordura arte erabili gabekoak. Denboraren kronologia haustea edo denboran saltoak egitea izango litzateke horietako bat. Literaturan ohikoa da denboran saltoak egitea (elipsia), denbora luzatzea eta baita laburtzea ere (sintesia). Ikus Harkaitz Canok horri buruz dioena: Elipsia eta sintesia (00:40-01:40). Eta iritzi-trukea egin.

Literatura modernoa hiru ezaugarrirekin lotzen du Marijo Olaziregi irakasle eta kritikariak:

  1. Giro urbanoarekin, metropoliarekin.
  2. Ni-aren adierazpidearekin, barne-gatazkekin.
  3. Formarekin: kontatzeko moduarekin.

-Ados al zaudete?

-Izan daitezke “modernoak” duela 60 urte sortutako lanak? Noiz arte? Betiko? “Modernotasuna”ren kontzeptua ez al da aldatzen?

-Zer da “modernismoa” literaturan? Eta artean? Iker ezazue!

Bideoan ez datoz 50-60 hamarkadetako literatur-lan guztiak. Forma aldetik aldaketa ekarri zuten mugarri batzuk aipatzen dira soilik. Olaziregik beste autore eta lan batzuk ere aipatzen ditu pasarte honetan, lehen nobela poliziakoa barne: Ohiturazko prosa nagusi. Poeten artean, Xabier Lete ere nabarmentzekoa da. Ez Dok Amairuko kideetako bat izan zen.

 

3. Primo de Riveraren diktadura amaitu zenean, II. Errepublikan (1931-1936), Euskal Pizkundea deitua gertatu zen: loraldi bat euskal kulturan (literatur lanak, antzezlanak, lehenengo ikastolak...).

Aipagarria da sasoi horretan euskara estandarizatu gabe zegoela, eta Sabino Aranak eta hark bultzatutako garbizaletasunak eragin handia izan zuten orduko idatzietan. Olaziregik neologismoz (adibidez, telefonoa: urrutizkiña) betetako euskara horri buruz dioena: Euskara trinkoa (01:08-02:23).

1936ko gerrak goitik behera aldatu zuen guztia. Etena ekarri zuen, eta zapalkuntza: euskaraz argitaratzeko debekua, besteak beste. Euskal kulturaren bigarren loraldia 60ko hamarkadan gertatu zen (Ez Dok Amairu, euskalduntze-alfabetatzea, argitaletxeak...).

Horrekin lotuta, bideo hauek ikusi eta komentatu daitezke:

 

4. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin dezakete.

 

  • “Hitzen arrastoan”. Bideoan aipatzen diren literatura-lanak hobeto ezagutuko ditugu, irakurri gabe ezin baita jakin nolakoak diren.

Gure proposamena 10 liburu eskuratzea da, eta bakoitzetik zatitxo bat irakurri eta aztertzea. Orrialde bat edo poema bat izan daiteke. Irakasleak egin dezake aukeraketa, eta ikasleei testuak banatu.

Euskaldunak. Nikolas Ormaetxea “Orixe”

Biotz-begietan. Xabier Lizardi

Bide-barrijak. Estepan Urkiaga “Lauaxeta”

Garoa edo Kresala. Txomin Agirre

Harri eta herri. Gabriel Aresti

Leturiaren egunkari ezkutua. "Txillardegi"

Egunero hasten delako. Ramon Saizarbitoria

Elsa Scheelen. J.L. Alvarez Enparantza "Txillardegi"

Haur besoetakoa. Jon Mirande

Isturitzetik Tolosan barru. Joxean Artze

 

Ikasle guztiek irakurriko dituzte proposatutako testu-zatiak. Ondoren, binaka ipini eta bikote bakoitzak testu bat azter dezake (zozketa egin). Horretarako, taula hau baliagarria gerta dakieke:

 

Gaia: zeri buruzkoa da?  
Lekua eta garaia: non, noiz... gertatzen da?  
Denbora: orainaldian ala lehenaldian? Ordena: kronologikoa ala saltoak denboran?  
Pertsonaia(k): izaera, ezaugarriak...  
Narratzailea: 1. pertsonan, 2. pertsonan ala 3. pertsonan? Orojakilea, protagonista ala lekukoa?  
Estiloa: sotila ala barrokoa? Esaldi laburrak ala luzeak? Nolako hitzak darabiltza?  

 

Egindako azterketatxoa eta ateratako ondorioak ikaskideekin partekatzeko, ahoz emango dituzte azalpenak.

Gehiago irakurtzeko gogoz geratu denak hortxe ditu liburuak. Irakurtzera gonbidatu! Egunero hasten delako liburuak, esaterako, ez du gaurkotasunik galdu, ez gai aldetik, ezta idazkerari dagokionez ere. Irakurtzera animatzen baldin badira, egun batean literatura-tertulia egin daiteke.

Jon Miranderen Haur besoetakoa Vladimir Nabokov-en Lolita (1955) lanarekin konparatzen dute, baina bideoan iritzi kontrajarriak daude. Aukera bat: bi liburuak irakurri, eta iritzi-trukea egitea. 50eko eta 60ko hamarkadetan nazioartean sona izan zuten beste liburu batzuk irakurtzea ere proposatu dezakegu. Hona hemen banaka batzuk (zerrenda luzea egin daiteke, noski):

 

Zekale artean harrapaka, J.D Salinger (1951)

Godoten esperoan, Samuel Beckett (1952)

Eraztunaren elkartea, J. R. R Tolkien (1954)

Eulien ugazaba, W. Golding (1954)

Lolita, Vladimir Nabokov (1955)

El almuerzo desnudo, William S. Burroughs (1959)

El tambor de hojalata, Gunter Grass (1959)

Matar a un ruiseñor, Harper Lee (1960)

Koronelari ez dio inork idazten, Gabriel García Márquez (1961)

Laranja mekanikoa, Anthony Burgess (1962)

Rayuela, Julio Cortázar (1963)

Odol hotzean, Truman Capote (1966)

2001: Una odisea en el espacio, Arthur C. Clarke (1968)

Bideoan aipatzen diren beste idazle batzuen lanak ere ekar ditzakegu gelara, lehenagokoak: Verlaine, Mallarmé, Ruben Darío, Jean-Paul Sartre, Simone de Beauvoir... eta baita irakurritako  lanek gogorarazten dizkiguten beste liburu batzuk ere (adibidez, Gustave Flauberten Madame Bovary). Onena, irakurketa-promosamenak ikasleen interesen arabera moldatzea.

 

  • “Gaur egunera begira”. Literaturaren eta musikaren artean lotura handia dago. Poema eta testu asko abesti bihurtu dira. Are gehiago: askotan ez dugu jakiten egilea zein den.

"Nire aitaren etxea" poema irakurri eta iritzi-trukea egin:

 

Nire aitaren etxea
defendituko dut.
Otsoen kontra,
sikatearen kontra,
lukurreriaren kontra,
justiziaren kontra,
defenditu
eginen dut
nire aitaren etxea.
Galduko ditut
aziendak,
soloak,
pinudiak;
galduko ditut
korrituak,
errenteak,
interesak,
baina nire aitaren etxea defendituko dut.
Harmak kenduko dizkidate,
eta eskuarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
eskuak ebakiko dizkidate,
eta besoarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
besorik gabe,
sorbaldik gabe,
bularrik gabe
utziko naute,
eta arimarekin defendituko dut
nire aitaren etxea.
Ni hilen naiz,
nire arima galduko da,
nire askazia galduko da,
baina nire aitaren etxeak
iraunen du
zutik.

Ondoren, entzun "Nire aitaren etxea" olerkiaren bertsio musikatu hauetako batzuk:

 

The friday's crew taldearen bertsioa
Eñaut Elorrietaren bertsioa
Bittor Aiaperen bertsioa
Norte Apache taldearen bertsioa
Fernando Unsainen bertsioa
Saltarraren bertsioa

 

-Zein da gehien gustatu zaizuen bertsioa? Zergatik?

 

Harkaitz Canok Oskorri musika taldearen bitartez ezagutu zituen Gabriel Aresti idazlearen lanak: Aresti, Oskorriren bidez.

Joxean Artzeren eta Xabier Leteren poemekin ere gauza bera gertatzen da. Mikel Laboak kantatutako letra asko Artzerenak eta Leterenak dira: Txoria txori (hainbat bertsio ditu, bertsio flamenkoa tartean) eta Izarren hautsa ezagunak, adibidez.

Ikasleentzako proposamena: euskal idazle batek idatzitako letra duen abesti bat topatzea (bakarka ala binaka egin daiteke), eta, ahal dela, abesti horren historia ere bai. Ikerketatxoaren emaitza gelakideekin partekatuko dute, ahozko aurkezpen txiki bat eginez. Hona hemen aurkezpenean erabil dezaketen eskematxoa: 

  • Abestiaren izenburua esan
  • Letraren egilea nor den
  • Abeslaria nor den
  • Abestiaren historia (noiz sortua, gaia, testuingurua, musikariak idazlearekin zuen harremana...)
  • Abestia entzun
  • Iritzia eman eta iritzi-trukea egin

 

  • “Sormena lagun”. Egin dezagun liburu-objektu-disko bat, Isturitzetik Tolosan barru inspirazio-iturri moduan hartuta. Gaur egun askoz errazagoa da 60ko hamarkadan baino. Ez dira alferrik 60 urte igaro! Aurrerapen asko izan dira: letra tipoak, edizio-programak, online autoeditatzeko aukerak ...

Ikasle bakoitzak testutxo bat sor dezake: narrazio labur bat, poema bat... Gai bat aukeratzea lagungarria gerta daiteke, batasuna emango dio proiektuari.

Ikus Idazketa tailer baterako aholkuak bideoa eta proposamenak ('Jolasten' eta 'Sormena lagun' atalak bereziki), sormena aktibatzeko beharra izanez gero.

  • Gaia/objektua/ikurra/sentimendua... aukeratu
  • Sormen librea: ikasle bakoitzak bere lana (testua, marrazkia...) sortu
  • Sormen-lanak partekatu. Testuen kasuan, irakurketa ozena egin
  • Dena elkartu, eta erabaki: letra tipoak aukeratu, tamaina, diseinua (marrazkiak egin ditzakete)... eta lanak banatu
  • Liburua osatu: maketatu eta inprimatu. PDF moduan ere zabaldu daiteke, modu digitalean
  • Grabaziorako: testuak grabatu eta audioari musika ipini (bideoa baldin bada, irudiak ere bai)

 

5. Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere: ikus-entzunezkoa, ipuin-kontaketa, audio-ipuina… eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea, ahozko jardunen bilakaera ikusteko. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea komeni da. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak).

 

Ebaluazio-irizpideak

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.


Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:

– Ea gai den zenbait erabilera-eremutako ahozko eta ikus-entzunezko testuak interpretatzeko eta balioesteko, eta horretan, ea bereziki kontuan hartzen dituen hezkuntzan eta hedabideetan sarri-sarri erabili ohi diren testuen funtzio soziala.

– Ea badakien ahozko aurkezpenak egiten eta ea gai den, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz, aldez aurretik prestatutako eskema bati jarraitzeko.

– Ea modu aktibo, erreflexibo eta pertinentean parte hartzen duen ikaskuntza helburu duten ahozko interakzioetan, eta horretan, ea gai den azalpenak eta argudioak modu pertinente eta egokian emateko.

– Ea gai den zenbait erabilera-eremutan erabili ohi diren euskarri digital eta analogikoko idatzizko testuak interpretatzeko eta balioesteko, eta horretan, ea bereziki kontuan hartzen duen azalpenezko testuek (1. mailan), pertsuasiozko testuek (2. mailan), iritzi-artikuluek eta zientzia-dibulgazioko testuek zer funtzio sozial duten eta zer balio transmititzen dituzten.

– Ea gai den, aldez aurretik egindako plangintza bati jarraituz, gaurkotasun handiko gaiei eta curriculumarekin, hizkuntzarekin nahiz literaturarekin lotutako gaiei buruzko idatzizko testuak zorrotz, argi eta akatsik gabe ekoizteko (azalpenezko eta argudiozko testuak, batik bat).

– Ea, testuak interpretatzean eta sortzean (azalpenezko eta argudiozko testuak batik bat), gai den hizkuntzaren planoei buruzko ezaguerak modu erreflexiboan identifikatzeko eta erabiltzeko.

– Ea gai den ikasturtean zehar landutako literatura-lan eta -pasarteetako edukiak interpretatzeko, eta horretan, ea erabiltzen dituen literatura-formei, -garaiei eta -egileei buruzko ezaguerak.

– Ea gai den, ikasturtean landutako garai eta mugimenduetako lanik adierazgarrienak irakurri ondoren, testu-iruzkin kritikoak egiteko.

– Ea badakien hizkuntza-aniztasunaren berri, eta ea gai den errealitate hori kontzeptu sozio-linguistikoak erabiliz kritikoki interpretatzeko.

– Ea gai den, informazioa bilatzean, aukeratzean, komunikatzean eta zabaltzean, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu autonomo, eraginkor eta kritikoan erabiltzeko.

– Ea gai den hizkuntzak ikastean tartean diren ikaskuntza-prozesuez gogoeta egiteko, eta horretan, ea baduen konfiantzarik bere gaitasunetan.

Euskal literatura: kostunbrismotik modernotasunera

 

Gerra aurreko literatura

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Zuk hizkuntza ofizial bat ez badaukazu, hizkuntza ofizial babestu bat, unibertsitate bat, hau da, sistema literario deitzen diogun hori ahula danean, ahula, ba irakurle gutxi, alfabetatu gutxi... Azkue kejatzen zen mende hasieran ta esaten zun: “ba 300 bat izango dira euskal irakurleak”. Irakurle gutxi baldin badaukazu, sistema ahula daukazu. Idazle profesionalik ez, eta gero batez ere euskal literatura mende hasierakoa beste… helburuei erantzuten zion literatura bat zan. Hartzen dezu Txomin Agirreren obra eta, bueno, bere helburua zan euskaldun idealen mundu bat irudikatzea: euskaldun jatorrak. Fededunak, euskaldunak eta eredu bat: baserritarrak edo arrantzaleak. Bai?

Juan Martin Elexpuru (Bergara, 1950): Bi nobela beti aittatzen dira, ez? Garoa eta Kresala. Bata baserri girokua eta bestia itsas girokua... Txomin Agirreren zeretan, ikusten da oso, bueno, kostunbristaz gain tradizionalistak direla, ta pixkat gorapaitzen da basarrixa eta balore tradizionalak, eta… Eta, bueno, ba, begi txarrez ikusten dira pixkat gorrixak direnak edo idea barrixak edo sozialistak edo batez be fediakin zerikusixa daukatenak, ezta? erlijiñua kuestionatzen dabenak eta.

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Ordun, euskal abertzaletasun tradizional modu batekin lotutako literatura da, eta ordun ohiturazko prosa bat da: ohiturak ematen dira aditzera. Ez? Ez da gizarte... hirietan sortzen doan gizarte moderno, aurrerapenean sinesten duena, barne-gatazkak aditzera ematen dituena... Ez da literatura modernoa zentzu hortan edo forma edo idazketari garrantzia ematen diona

Juan Martin Elexpuru (Bergara, 1950): Bazeuan orduan be banguardia bat, batez be poesian, ez? Lizardi eta Lauaxeta eta… Horrek, ba, kanpoko joeren berri be bazeuken eta, bueno, literatura aurreratua eta ona iten zeben, ezta?

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Beraiek bazekiten poesia modernoa zer zen, irakurtzen zituzten frantses sinbolistak... Verlaine eta Mallarmé eta holakoak eta… edo, bueno, Ruben Darío edo dena delakoak, hau da, modernismotzat ulertu izan da edo lehenengo moderno… poesia modernoa, eta hori saiatu ziren euskarara ekartzen, gaiak berrituz.

 

Gerrak ekarritako etena

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Gerra aurretik sortzen dan mugimendu hori, mugimendu kultural inportantea, pizkundearekin, ba, pikutara bidaltzen du kolpeak. E? Kolpe militarrak pikutara bidaltzen du.

Patri Urkizu (Lezo, 1946): Lauaxeta eta beste hiruzpalau idazle ere fusilatu zituzten, eta benetan tragedia haundi bat izan zen, ez bakarrik Euskal Herri osoarentzat, baita ere, noski, euskal kulturarentzat. Eta euskal literaturari, ba, kalte haundia egin zion.

Juan Martin Elexpuru (Bergara, 1950): Gerraostian lehelengo, hasiera-hasieran hori be esan bihar da zentsurak ez zaban ezer ez argitaratzen lagatzen, ez antzerkirik eta ez ezer, gutxienez 10 urtian, osea, 1940tik 50era arte nik uste dot hor basamortu bat daola. Ez? Ezin zan, osea, debekatuta zeuan.

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Ba, bueno, jazarpen izugarria jaso zuen euskal kulturak eta euskal literaturak, debekua praktikoa zelako publikatzeko eta malgutu zanean, malgutu zen literatura mota batentzat, ez? Ahozko literaturak edo irakaskuntza erlijiosoak eta… horiek ez zuten hainbesteko minik egiten, baina euskara jaso eta landu baten aldeko apostuak mina eta zensura frankista gogorra jaso zuen.

Juan Martin Elexpuru (Bergara, 1950): Ezin izan zan argitaratu ezer, behintzat estaduaren barruan. Ba Mejikon gauza batzuk, Telesforo Monzonen obra batzuk, Guatemalan gauza batzuk, Argentinan... "Orixe"ren zerak, Euskaldunak, eta Monzonen poemak eta... hortaz gain gauza asko ez zan zertu, ba ya generaziño berrixa etorri zan arte.

 

Gerraostea: 50eko hamarkada

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Jose Luis Alvarez Enparantza, bera da lehenengo euskal nobela modernoaren egilea, Leturiaren egunkari ezkutuarena, eta hori da lehenengo euskal nobela modernoa. Literatura modernoa lotzen degu hainbat ezaugarrirekin. Batetik, lotzen degu giro urbano batekin, metropoliarekin. Ordun, hau da multitudean gizakia, multitudeko kide izanda, sentsazio hori. Modernotasuna lotzen degu baita ere ni-aren adierazpidearekin, niaren barne-gatazken, hausnarraren adierazpidearekin. Modernotasuna lortzen degu formarekin, hau da, nola: idatzi horrek hartzen duen garrantziarekin.

Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi" (Donostia, 1929): Nik asko irakurtzen nun garai hartan, literatura; orain egiten ez detena, baina garai hartan bai. Horren ondorioz, ni konturatu gabe, pues pentsatu nun, ba, 1. personako nobela bat egitea, existentzialismoaren kezkakin, eta abar. Eta pixkat, ba, horrek guztiak eman zun… hori eman zun.

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Eleberri existentzialista bat da, ta daukagu lehenengo heroe gatazkatsua: Leturia. Bizimoduaren edo izatearen angustia kontatzen duena.

Patri Urkizu (Lezo, 1946): Eta suizidioa. E? Hori zen, azken finean, Leturiaren egunkari ezkutuan gaztearen... bere buruaz beste egitea, baina oso ongi kontatua. Eta, gainera, Ferrolen uste dut zegoela soldaduskan "Txillardegi" momentu hartan. Eta garai hartako gazte kezkak.

Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947): "Txillardegi"k gehiago jo zuen existentzialisten esparrura. Bainon Sartrek edo Simone de Beavoirrek idatzi zezaketen nobela bat idatzi zun "Txillardegi"k. Osea, garaikidea, garaikidea, lehenengo aldiz.

Patri Urkizu (Lezo, 1946): Ikaragarria izan zen jaso zuen erantzuna. Zeren, bueno, garai hartan ia gehientsuenak apaizak ziren idazten zutenak, eta prentsan agertu ziren, Jakinen, Arantzazuko errebistan, ba, agertu ziren gauza oso gogorrak "Txillardegi"ren kontra eta... oso kritikoak.

 

60ko hamarkada

Harri eta herri

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Gero poesia soziala, Harri eta herrirekin, frankismoari aurre egiteko, bueno, gauzak esateko modua...

BernardoAtxaga (Asteasu, 1951): Gabriel Aresti idazle poeta izateaz gain, sekulako eragilea zan. Hori da, ba, eragile ikaragarria zan.

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Sarasolak behin aipatu zuen –ez, behin baino gehiagotan– best-seller bat izan zela Harri eta herri, ze saldu zela masibo… masiboki.

Juan Martin Elexpuru (Bergara, 1950): Alde batetik, hoixe, langileriaren poesia, ezta? Nolabait… Eta, gainera, Bilboko ikuspegi batetik eta erdaldundutako leku batetik eta paraje industrial gris eta keetsu batetik eginda.

Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947): Etena euskal literaturan gertatu zan Arestirekin. Ez genun euskeraz guk beste hizkuntzatan irakurtzen genun bezalako libururik, Arestirena izan zan lehenengoa. Eta gutako askorentzat izan zan kolpe bat: “Ala! Euskaraz ere egin daiteke beste literatura mota bat”.

Patri Urkizu (Lezo, 1946): Egia da Harri eta herri liburua ederra izan zela. Aurkikuntza haundia izan zen denontzat. Irakurri genituen, ikasi genituen buruz hango poema asko...

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Bueno, oraindik irakurtzen dezu "Nire aitaren etxea", eta jo! Bueno, ez da mezuarekin asmatu zuela, baizik gero poesia bikainak. Bikainak dira.

Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947): Zan kaletarra, zan kultoa, zan garaikidea, zan garaikidea… zan guk beste hizkuntzatan irakurtzen genuna.

 

Egunero hasten delako

Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944): Gero ni joan nintzen Friburgora, eta han erabaki nuen nobela bat egittea, eta hor Egunero hasten delako idatzi nuen.

Juan Martin Elexpuru (Bergara, 1950): Teknika berri batzuk, literaturan beharbada beste leku batzuetan eta beste herri batzuetako literaturan erabiltzen ziranak, baina euskaraz artian zertu barikuak, ba, erabili barikuak. Bai. Bai, bai, inportantia izan zan.

Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944): Euskeraz genittun aukerak hain ziren eskaxak, irudittu baizitzaidan, ba, bazegoela gauza hola erdi moderno edo garaiari erantzungo zion zerbaitt idaztea, ezta?

Patri Urkizu (Lezo, 1946): Nobela oso ona da, suposatzen du salto, jauzi haundi bat gure euskal literaturan, batez ere teknika aldetik.

Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947): Literatura garaikidea. Noveau Romance zan momentu hortan… puntaren puntan eta berak hura ekarri zuen.

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Dudarik gabe modernoa dala. Eta, gainera, bertan zeuden kontateknika hoiek lotzen gintuzten XX. mende hasierako mendebaldeko eleberri europearraren iraultzarekin: Proust, Joyce... bai, berritasuna ekarri zuten, iraultza nobeleskoa ekarri zuten hoiekin guztiekin.

Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975): Orain dela gutxi berrirakurri dut eta, bueno, txunditu egin naiz berriro.

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Gaiaren gaurkotasunak, abortoak, begira oraindik ze gaurko gaia den eta ze gatazka daukagun eta gizartean ze fikzio eta ze salaketa eragiten dituen eta zein den… Hori aldarri, apologia bat zen, abortoaren aldeko aldarri bat.

Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944): Ba, egia esan, gaiaren aldetik nahiko ausarta izan nintzen. Ausarta edo inkoszientea, ez dakit. 14-15 urtekin akordatzen naiz Mutrikura joan nintzela, eta kanpaia jotzen zuten, eta badakizu herrietan batez ere, ez? Hildako kanpaia jotzen dutenean, herri osoa, ba, tristetuta, goibelduta. Eta egun hartan galdetu nuenean zer gertatu zan, nor hil zan edo, neska gazte bat eta haurdun zegoela bere buruari, bere sabelari, zehazki, tiroa jota hil zan. Ez? Bere buruaz beste egin zuen. Eta joe, iruditu zitzaidan, ba, den bezela, akojonantea, ez? Harrigarria gertatu zitzaidan, Suitzan bizitzen, nola hemen hain dramatikoa izan zittekeen asuntu bat, nola ba Suitzan, ba, bueno, grabea izanik ere… ez det esango nik abortatzea zinera joatea denik, ezta? Eta neurriak jarri behar dira, ba... abortatu behar ez izateko, ezta? Baina ez da hain tragikoa. Eta, bueno, nik ikusten nuen horrela bizi zala Suitzan, ezta? Jendea, ba, bueno, ataka horretan ikusten zuenean bere burua, ba, bueno, ba, abortatzen zala eta han ez zala ezer gertatzen, ez? Eta idea hori izan zan, ez? Errealitate hori, ba, dramatizatu gabe kontatzea. Neska bat haurdun gelditzen da, abortatzen du eta kitto.

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Oraindik irakurtzen dut eta… jo! ba oso freskoa egiten zait, oso freskoa, eta da bere idazkera, bere forma… bueno, faszinatzen nauna.

 

Elsa Scheelen

Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975): Elsa Scheelen da beste sorpresa ikaragarri bat, irakurtzen duzunean, ez? Ba pixkat… Nik uste dut, gainera, Egunero hasten delako atera zen urte berekoa-edo dela, ez? Eta bai, bi hoietan ikusten da euskal literatura moderno baten eta kulto baten baita ere, ez? Ze ze pertsonaia klasez ari gara hitz egiten, ez? Ez dira… Orain arteko… Ordura arteko euskal literaturan ez zeuden modu horretako pertsonaiak protagonistak, ez? Beste intelektualidade batetik hitz egiten duten pertsonak dira eta garaiko kezketan oso txertatutak daude, bai politikoki eta bai sozialki. Eta bai, perspektiba, gaur egundik begiratuta, 50 urte beranduago, mirari bat eta guzti iruditzen zait horrelako nobelak idatzi izana sasoi horretan.

Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947): Elsa Scheelen. Eta, klaro, Elsa Scheelenek zitun kezka intelektualak; ordezkatu zitezkeen edozein Europako literaturarekin. Eta Ramon Saizarbitoria abortoa zan… orduan, bi gauzak izan zitezkeen argitaratuak edozein hizkuntzatan.

Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975): Bai nobela batek eta bai besteak badaukate kutsu oso europearra eta ez da kasualidadea, ez? Beharbada garai hartan inkonzebiblea zen zenbait gairi buruz hitz egitea, ez bazenuen nazioartekotzen zure personajeen eta zure geografien panorama. Eta hori oso ongi egiten dute bi nobela hoiek, ez? Pixka bat arnas berria dira zentzu guztietan, bai kokapen aldetik, gaitegi aldetik, personajeen aldetik...

Juan Martin Elexpuru (Bergara, 1950): Maitalea zeukan han eta gero ez dakit zer, eta... Klaro, hori zan guretzat pornografia bezela, ezta? Zeozer… ze pasatzen da hemen, ez?

Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947): Biyak dute lehen aldiz eleberri batean protagonista emakume bat, eta ama ez dan emakume bat bi kasutan, eta ama izan nahi ez duen emakume bat bi kasutan. Eta gure literaturan ordura arte emakumeak amak ziran. Gizonen amak, gainera, ez alaben amak.

 

Isturitzetik Tolosan barru

Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975): Esango nuke Isturitzetik Tolosan barru performatibitatearen aldarri bat dela, ez? Objetua eta gero egin zituzten irakurketa guzti hoiek, kaligramak direla, hitzarekin modu jolasti batean hitzak lantzea, itzulipurdikatzea, arauak apurtzea… hori ere literatura da. Arauak apurtzeko gida bat izan daiteke literatura. Eta hori zen, ez?

Juan Martin Elexpuru (Bergara, 1950): Liburu-objeto bat, baina zoragarrixa. Zan... zeuzkan holako zerak, bueltaka eitten zien abaniko moduko zerak, gero desplegatzen zian zerak, gero, ez dakit, era guztietako dibujuak… Bueno, zan liburu bat…! Gero disko bat be bai... Bai, arte obra bat zan. Hor parte hartu bihar izan zeben, nik uste… Klaro, hori inprentan ez zan bape erreza. E? Hori… nik uste dot gauza asko eskuz eta pegauaz-ta ein ziela Zarauzko, ba, Itxaropenako zerian, inprentan.

Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975): Bai, niretzako liburu inpreszindiblea da, ez? Batez ere daukan hitzekin eta estetikarekin daukan ikuspuntu apurtzaile, iklonokasta, jolasti hori, Artzek zeukana.

Patri Urkizu (Lezo, 1946): Saiatzen zen bere obrak, poemak, objetu ederrak izan zitezen, ezta? Eta, hortarako, arkitektoekin hitz egiten zuen: hitzen tamaina, tipografia, nola organizatu...

Juan Martin Elexpuru (Bergara, 1950): Eta liburu hori joya bat da. Esan nahi dot, hori etxian daukanak gorde daixala ondo, ze da, ba, ez dakit, Picasso bat eukitzia moduan.

 

Haur Besoetakoa

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Miranderen modernitateaz zeinek egingo du duda? Eta beste moderno batek publikatu zuen, hirurogeta hamarretan, moderno bati esker, Aresti. Ze Mirandek jaso zuen zentsura… Beti hitz egiten degu zentsura frankistaz gure artean, baina elizaren zentsuraz ere hitz egin beharko genuke, eta asko hitz egin beharko genuke. Ze ez zuen Mirandek inungo babesik.

Patri Urkizu (Lezo, 1946): Bainan ez zen lehenago argitaratu, Mitxelenak, Egan aldizkaria zuzentzen zuenak esan ziolako –eta, klaro, zensura haundia zegoen garai hartan, eta esan zion–: “Hori argitaratzen baldin badugu, akabo errebista. Orain bai itxi egingo digutela”.

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Danek uko egin zioten Haur besoetakoa kaleratzeari.

Patri Urkizu (Lezo, 1946): Lolitaren kontua da, gutxi gorabehera. Bai. Iniziazio bat eta, egia esan, pasioz betetako istorio bat da... eta, noski, ba, pedofilo baten kontu hori euskal letretan agertzea, hori ba eskandalu izugarria zen.

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Protagonista bera izaera nahiko aristokratikoa duen gizaki bat da, maitemintzen dana eta desiratzen duena 11 urteko ume bat. Ta ordun hor sartzen gara Lolitaren mito klasikoarekin, ez bakarrik Nabokov-en eleberrian kaleratzen dana, baizik askozaz´e izaera klasikoagoa duen mitoarekin. Bai? Pederastia, nahi duzun bezala, sartzen gara tabuarekin, tabu erabatekoarekin, eta ordun desira eta euren… ba eszena hoiek. Bai?

Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975): Lolitarekin egin den erkaketa erabat absurdo horrek nik uste det kalte haundia egin diola liburu horri, ez? Ze zuk esaten baduzu Haur besoetakoa dela euskal Lolita, ez zara egiten ari justizia. Gainera, ez zara egiten ari justizia bi gauzengatik: bat, ez delako eta bestea, Lolita ere ez delako ondo interpretatua eta irakurria izan. Ez? Azkenean Nabokov-ek pena haundia zeukan, ikaragarria, garaiko gizarteak, neurri haundi batean Kubrick-en pelikularen erruz, egin zuen Lolita nobelaren irakurketaz edo interpretazioaz. Ez zen batere Nabokov-en asmoa, nobela arretaz irakurtzen bada, ez zen batere bere asmoa Lolita probokatzaile baten eta pertsona heldu batekin sortzen den harreman horren apologia egitea, inolaz ere, gero askok interpretatu duten bezala. Ez?

Mari Jose Olaziregi (Lasarte-Oria, 1963): Nik izugarri maite dudan eleberria da. Oso ongi idatzitakoa, bai, oso koherente mantentzen ditu narratzailearen ahotsa... bertute asko ditu.

 

-Bideo honen jarraipena: Literatura: 70eko hamarkada

-Lotutako beste bideo batzuk:

-Bideo honetan 60ko hamarkadan jarri dugu begirada, euskal literatura modernoaren lehen lanetan bereziki. Ez datoz argitaratu ziren lan guztiak, ezta gutxiago ere. Hainbat adituren ikuspegitik mugarri gertatu direnak bakarrik datoz. Hauexek:

-Jon Miranderen “Haur besoetakoa” nobela (1954an idatzia, 1970an argitaratua)

-Txillardegiren “Leturiaren egunkari ezkutua” (1957), “Peru Leartzako” (1960) eta “Elsa Scheelen” (1969) nobelak.

-Ramon Saizarbitoriaren “Egunero hasten delako” (1969).

-Gabriel Arestiren “Harri eta herri” (1964). Poesia soziala.

-Joxean Artzeren “Izturitzetik Tolosan barru” liburu-disko-objektu artistikoa (1969).

-60ko hamarkadako beste lan aipagarri batzuk, bideoan ez datozenak:

-Hainbat poesia-lan, besteak beste: Xabier Leteren Egunetik egunera orduen gurpillean (1968), Bitoriano Gandiagaren Elorri (1962), Joan Mari Lekuonaren Herenegun (1950) eta Mindura gaur (1966)...

-Jon Etxaideren nobela historikoak. Alos-torrea (1950), Joanak joan (1956) eta Gorrotoa lege (1964).

-Lehen nobela beltzak. Jose Antonio Loidiren Hamabost egun Urgainen (1955), Mariano Izetaren Dirua galgarri (1962), Txomin Peillenen Gauaz ibiltzen dana (1967)... ikus Marijo Olaziregi literatur adituaren pasarte hau.

-Xabier Gereñoren lanak (Olaziregiren pasartea).

-Bideoan gerra aurreko eta erbesteko egoera ere azaltzen da, oso gainetik bada ere: Txomin Agirre nobelagilearen lanak eta Lizardi eta Lauaxeta poetena (ikus https://ahotsak.eus/lasarte-oria/pasarteak/las-030-010/ eta https://ahotsak.eus/bergara/pasarteak/ber-342-005/ pasarteak).

Bideoan ageri ez diren beste lan batzuk:

-Nikolas Ormaetxea 'Orixe'. Eusko Olerkiak (1933), Barne-muinetan (1934) eta Euskaldunak (1935ean idatzia, 1950ean argitaratua).

-Erbesteko nobelak: Jose Eizagirreren Ekaitzpean (1948), Sebero Altuberen Laztantxo eta Betargi (1957), Juan Antonio Irazustaren Joañixio (1946) eta Bizia garratza da (1950)...

-Erbesteko poesia-lanak: Telesforo Monzonen Urrundik (1945) eta Gudarien Egiñak (1947),

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza