Genero-rolak

Patriarkatuak dakartzan genero-rolei buruzkoa da bideo hau. Mutil ala neska moduan sozializatzeak zer ondorio dituen azaltzen dute elkarrizketatuek, eta 'heteroaraua' zer den ere esplikatzen dute.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Balio etikoak

Gaiak: Genero-berdintasuna, Genero-aniztasuna

5 puntu 5 izarreko maximotik
Iritzi 1 guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak

  • Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Genero-nortasun eta orientazio afektibo-sexual guztiekiko errespetua erakustea
  • Sexu eta genero diskriminazioarekin kritiko agertzea
  • Indarkeriaren eta zapalkuntzaren aurkako jarrera aktiboa azaltzea

 

Bideoa ikusi aurretik

Aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderak egin ditzakegu:

-Asko hitz egiten da patriarkatuaz, baina zer da? Nola azalduko zenukete?

-Eta zer da heteropatriarkatua? Gauza bera al da? Zergatik ipintzen zaio "hetero" aurrizkia?

-Zer da "heteroaraua"? Heterosexualitatea araua al da?

-Zer da generoa? Eta zer dira genero-rolak?

-Gizartean berdin tratatzen al dira neskak eta mutilak? Zer esan nahi du "neska/mutil moduan sozializatua" izateak? Zer ondorio ditu horrek?

 

Bideoa ikusi bitartean

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu.
  2. Bideoan zehar ulertzen ez dena azaldu, eta behar beste aldiz ikusi. Hiztegi aldetik dituzten zalantzak argitu. Ezagutzen ez dituzten hitzak, izenak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez, multzoen teoria, genitalidadea, generizatu, asimetrikoa, sozializatu, bulimika, objetualizazioa, hegemonikoa, estereotipoak, produkzio-erregimena, normatiboa, falazia, heteropatriarkatua, heteroaraua, heterodestinua, koreografia...

 

Kontzeptu batzuk:

Patriarkatua. Gizonek nagusitasuna duten gizartea, gizonen eta emakumeen parekotasunik ez dagoena. Matriarkatua: emakumeek nagusitasuna duten gizartea.

Generoa. Eraikuntza soziala da: gizarteak sexu bakoitzari (alua eta zakila) egozten dizkion ideia, espektatiba eta ezaugarriak (adibidez, alua dutenak neskak dira eta makilatu egiten dira eta gona daramate; zakila dutenak mutilak dira eta futbola gustatzen zaie).

Genero ez-bitarra. Mutil/neska generoekin identifikatzen ez den pertsona.

Trans edo transgeneroa. Jaiotzean ipini dioten sexua ez datorrenean bat bere genero-nortasunarekin. Bat datorrenean zisgeneroa da (gehiengoa). Gaiari buruz gehiago jakiteko Trans izatea bideoa ikus daiteke.

Genero-rolak. Mutil/neska generoaren arabera ipintzen dizkiguten eta jokatzen ditugun rolak, dauzkagun jarrerak (adibidez, mutilek espazio publikoa hartzea edo neskek zaintza-lanak egitea).

Mutil/neska moduan sozializatzea. Gizarteak mutilei/neskei jarritako genero-rolen arabera heztea eta harremantzea.

 

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

  1. Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-Zer iruditu zaizue bideoa? Ados al zaudete esaten dutenarekin? Identifikatuta sentitu al zarete nolabait?

-Egia al da mutilek espazioa errazago hartzen dutela eta ahotsa gehiago altxatzen dutela? Eman adibideak.

-Egia al da neskek besteak zaintzeko joera agertzen dutela? "Besteentzat" egotekoa?

-Neskentzat inportanteagoa al da edertasuna mutilentzat baino? Hala bada, zergatik?

-Josebe Iturriozek ilea luzea zeraman mutilaren kasua kontatzen du: goitizena ipini ziotela eta azkenean ilea moztea erabaki zuela. Ezagutzen al dituzue "genero-rolak" betetzen ez dituzten pertsonak? Zer egiten dute? Ingurukoen onarpenik ba al daukate?

-Harreman sexualei buruz ere hitz egiten dute bideoan: txortaldiaren koreografia itxia, plazeraren zentralitatea, aktiboa/pasiboa... sexualitatearen inguruko zer nolako erreferentziak dituzue (zinema, pelikulak, pornoa, heziketa...)?

-"Ez da inor eskapatzen", dio Kattalin Minerrek. Heteroarauak denoi eragiten digula, hetero izan ala ez. Eman zuen iritzia.

 

Gehiago sakontzeko eta adibide gehiago ezagutzeko (janzkera, umorea, ligatzea, parranda...), ikusi bideo hau eta bertan agertzen diren proposamen pedagogikoak: Matxismoa ezkutuan?. Beste bideo hau ere oso lotuta dago jorratzen ari garen gaiarekin: Maitasun erromantikoaren mitoa.

LGTBIQ+ siglak dituen kolektiboa hobeto ezagutzeko, berriz, bideo hau ikus dezakegu. Sexu aniztasunari buruzko bideo hau ere gomendagarria da.

 

3. Sozializatzeko moduei eta genero-rolei buruz hitz egin dezakegu eta iritzi-trukea egin. Ikasleei galdetuko diegu zerk sentiarazten dituen gaizki eta zerk ondo, zer den inportantea beraientzat, onartuak sentitzeko. Binaka jarri daitezke, beraien artean hitz egin, eta gero talde handian partekatu.

"Neska/mutila izanda, nigandik hau espero da"...

"Onartua sentitzeko, niretzat inportantea da"...

"Gaizki sentitzen naiz hau egiten badut"...

"Burla egingo lidakete hau egingo banu"...

 

(Adibidez: Neska izanda, nigandik txukun janztea eta ezaugarri femeninoak izatea espero da. Niretzat inportantea da itsusi ez sentitzea eta besteei ederra iruditzea. Egoista sentitzen naiz ez baditut ingurukoak zaintzen. Besazpietako ileak ez banitu kenduko, burla egingo lidakete).

 

4. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke, talde txikietan. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo talde bakoitzak proposamenetako bat egin dezake.

 

  • “Jolasten”. Eskulanak egingo ditugu, collagea. Taldetxoetan elkartu, eta horma-irudiak edo muralak egingo dituzte ikasleek, gai honen inguruan: patriarkatua zer den eta zer ondorio dituen, sortzen dituen genero-rolak.

Murala egin aurretik, "ideia zaparrada" egitea komeniko litzateke. Hona hemen tiraka hasteko hari posible batzuk:

Iturriozek bideoan aipatutako multzoen teoria erabili dezakete: Zakilak/Aluak. Zerrendatu: zerekin lotzen da zakila edukitzea? Eta alua edukitzea?

Zerrendatu: ezaugarri femeninoak eta ezaugarri maskulinoak

Zerrendatu: zer ezin dut egin mutila/neska naizelako?

Zerrendatu: zer egitera bultzatzen naute mutila/neska naizelako?

 

Murala egiteko, nahi duten teknika eta materialak erabil ditzakete: margoak, aldizkariak, marrazkiak, argazkiak...

Muralak prest daudenean, talde bakoitzak bere murala erakutsiko du eta azalpenak emango ditu: zer egin duten, zergatik eta nola. Ondoren, gelakideek iritzia eman dezakete: muraletik zer gustatu zaien eta zergatik esango dute.

Horma-irudietako batzuk ikastetxean ipini daitezke, korridoreetan.

 

  • “Sormena lagun”. "Zaila da amorrua ateratzea, moda ez segitzea, ez pintatzea, ez depilatzea...", dio Miren Arangurenek bideoan. Adibidez, neskek ile luzea eramatea eta mutilek motza: zenbateraino da norberak erabakitakoa eta zenbateraino moda kontua? Zenbateraino edertasun kanon batzuk betetzea?

Sormen-lan honetan genero-rolei buelta ematea izango da erronka. Zer zigortzen du gizarteak? Zigortzen duen hori ipiniko dugu agerian, modu zehatz batean janzteko eta mugitzeko derrigortasuna.

Bi aukera:

  1. Argazkiak erabiltzea. Argazkiak atera: adibidez, neskak itsusi, garrasika, bibotearekin, ilearekin besazpietan... mutilak ezpainak pintatuta, gonekin... Kontuz: beste generoa erridikulizatu gabe. Helburua ez da mutilez/neskaz mozorrotzea. Inportantea da serio hartzea. Egiten ausartzen ez garen hori egitea izango litzateke erronka.
  2. Bideoa grabatzea. Beste aukera bat esaldi probokatzaileekin bideo bat sortzea izan daiteke: "Kokoteraino nago ipurdian azkura ematen didaten tangekin". "Haserretzen baldin banaiz, histerikoa naiz?". "Asko ligatzen baldin badut, puta naiz?". "Indarrik ez baldin badaukat, ez naiz gizona?". "Ez naiz isilduko eta ez naiz geldi egongo!". "Besazpietan ileak dauzkat, eta zer!?". "Metrosexuala naiz eta zer?". "Begiak pintatzen baditut, ez naiz mutila?".

    Lanaren emaitza gelakideekin partekatuko dute, eta sormen-prozesua azalduko dute. Iritzi-trukea sustatuko da.

    Argazki-erakusketa edo bideo-emanaldia egin daiteke ikastetxean. Edo biak batera, talde batzuek argazkiak eta beste batzuek bideoak egiten badituzte.

 

  • “Zu zeu elkarrizketatzaile”. Elkarrizketa laburrak egin ditzakete, kalean, "heteropatriarkatua" eta "heteroaraua" kontzeptuen inguruan, eta bideoan grabatu. Binaka egin dezakete. Helburua: heteroaraua zalantzan jartzea. Heteroarauari buruz hausnarketa eragitea.

Galdera hauek eginda sortzen diren erreakzioak (harridura, adibidez) eta erantzunak jasotzea proposatzen dugu:

"Zer iritzi daukazu heterosexualei/heterosexualitateari buruz?"

"Eta zu, zergatik zara heterosexuala?"

 

Kontuan izan behar da ez direla ohiko galderak, heterosexualitatea delako araua. Ohikoagoa izango litzateke homosexualitatea zer iruditzen zaien galdetzea. Jende asko (adinekoa batez ere, baina ez adinekoa bakarrik) harrituta geratu daiteke, eta posible da momento horretan homosexuala eta heterosexuala kontzeptuak nahastea ere... Lan honen helburua ez da inor erridikulizatzea eta, bideoa osatzean, kontu handia izan behar da jasotako erantzunekin. Helburua hausnarketa eragitea da: zer gertatzen den heterosexualitatea zalantzan jartzen denean.

Lanarekin hasi aurretik bideoa non erabiliko den erabakitzea ere inportantea da: ea barne erabilerarako izango den soilik (gelarako) ala zabaldu egingo den (ikastetxean, sare sozialetan...). Horrek jendearen parte-hartzea ere baldintzatu dezake.

Bideoen iraupena gehienez 5 minutukoa izango da eta gutxienez minutu batekoa. Bideo-edizioa beharrezkoa izango da grabatutako testigantzak elkartzeko (edizioari buruzko argibideak emango zaizkie ikasleei). Taldekideen artean lanak banatu ditzakete: adibidez, hiru baldin badira, batek grabatu egin dezake, besteak galderak egin eta hirugarrenak editatu.

Egindako lana gelakideekin partekatuko dute. Bideoa erakutsi eta azalpenak eman: elkarrizketak egiteko prozesua nolakoa  izan den (zaila, erraza, anekdotak...). Bideo guztiak ikusi ondoren, iritzi-trukea egingo dute.

 

5. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena edo erakustaldia egingo dute ikasleek, gelakideei euren lanaren emaitzak ezagutarazteko. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ahal dela, jarduerak grabatu egingo dira, bideoz (ondo egindakoez eta hobetu beharrekoez jabetzeko eta etorkizuneko beste ekoizpen batzuekin alderatzeko). Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak.

 

Ebaluazio-irizpideak

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

  • Ea gaiak bere interesa piztu duen.
  • Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

 

Ikaste-prozesuari buruz

  • Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
  • Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
  • Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
  • Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

 

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

  • Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.
  • Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
  • Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

 

Talde-lanari buruz

  • Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
  • Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.

 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har ditzakeen irizpideetako batzuk:

  • Ea bideoetako testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.
  • Ea enpatiarik erakutsi duen bideoko pertsonekin.
  • Ea patriarkatua zer den badakien eta zer ondorio dituen jabetzen den.
  • Ea genero-rolak identifikatzen eta auzitan jartzen dituen.
  • Ea emakume eta gizonen arteko eskubide-berdintasunaren aldeko jarrera argiak adierazten dituen, haien orientazio afektibo-sexuala edozein izanik ere.
  • Ea hainbat eremutan (publizitatea, informazioa, txisteak, eskola eta abar) emakumeari edo LGTBIQ+ kolektikoari buruz ageri diren gizarte-estereotipoak biltzen eta aztertzen dituen.
  • Ea emakumea edo LGTBIQ+ kolektiboko kideak gutxietsi eta diskriminatzea dakarten estereotipo, aurreiritzi eta rolak baztertzen dituen.
  • Ea kultura-elementuen (estereotipoak, rolak eta abar) eta emakumeen edo LGBTIQ+ koletiboaren diskriminazioaren arteko lotura azaltzen duen.
  • Ea sexu-diskriminazioaren eta indarkeriaren aurkako jardunak proposatzen dituen.
  • Ea ikaskideekin eztabaidatuz gogoeta egin duen genero-rolen inguruan eta eskolan zein gizartean duen ikusgaitasunaren inguruan.
  • Ea ikerketan informazioa lortzeko gaitasuna erakutsi duen, iturriak bilatzeko orduan.
  • Ea informazio hori bere gogoetak eta ikuspuntua egituratzeko edo eraldatzeko erabili duen.
  • Ea talde-lanean ondo moldatu den, berdinen arteko harremanean iradokizunak eginez eta ikaskideen iritziak errespetatuz.
  • Ea bere iritziak eta hausnarketak partekatu dituen, horretarako txanda errespetatuta.
  • Ea ahozko ekoizpean ondo moldatu den, komunikatzeko gai izan den.
 

Josebe Iturrioz (Ordizia, 1978): Gogoratzen dittuzu multzoen teoriak? Nola matematikan esplikatzen zizkiguten gauzak multzoekin, ez? Eta, orduan, multzo batean egongo dira A letra guztiak eta beste multzoan B letra guztiak... ba hori da gizon eta emakumeen definizioak, ez? Genitalidadearen arabera, hemen egongo dira zakiltxoak dittuztenak eta beste poltsan aluak dittuztenak, eta hortikan ez da inor mugittuko, eta beraien arteko harremanak izango dira X.

Miren Aranguren (Iruñea, 1981): Sistema patriarkalaren oinarrian esango nuke dagola lehenengo kontu bat dala ia gauza guztiak bitan banatzeana. Eta, bueno, lehenengoa da emakume eta gizonaren izendapena edo binarismo sexuala, ez? Generizatzen ditula pertsonak eta ez hori bakarrik, ez? ezaugarri batzuk ematen dizkie bai emakume eta gizon izendatzen dituzun gorputz hoiei eta botere harreman batean jartzen ditu, ez? botere asimetrikoan. Alegia, jerarkia bat sortzen du eta gizonak guztiz pribilegiatzen ditu.

Iñigo Etxezarreta (Donostia, 1995): Mutil moduan sozializatua izateak suposatzen du, adibidez, espazio publikoa hartzea, espazio publikoan egotea –txikitatik, e!–: klasean gehiago hitz egitera, futbol kanpoan erdian egotera, altuago hitz egitera, gorputzarekin espazio gehiago hartzera... Hori izan daiteke bat, espazio publikoa. Klaro, guk denbora guztian gure erreferentzia nagusiak gizonak baldin baditugu eta, gainera, espazioa hartzen duten gizon batzuk bezela, horrek suposatzen du, seguruena, pentsatzea pixkat mundua gurea dela, eta horrek autoestiman seguru eragina du, gure bizitza-espektatibetan eragina du, gure aspirazioetan... eragina du, ez direlako zalantzan jartzen.

Rina Cabeza (Azkoitia, 2002): Zenbat  jende bulimika egon da, ez? Ez dakit, atzenin, ba, gizartik transmititzen dun eredue dalako emakume argal batena eta horra ez bazea amoldatzen, ba, psikologikoki eragin eitten dizu ba gizartiaatik, ez? 

Iñigo Etxezarreta: Beldurra ez sentitzea, ez? eta hori… eske ikaragarria da. Beldurrik ez sentitzea bortxatua izatearena, zalantzan jartzearena zure burua, zure gorputzarekiko egongo diren objetualizazio guzti horiek sentitu behar ez izatea...

Josebe Iturrioz: Emakume hegemonikoa, patriarkatuak definitu duena goxoa bezela, ahula bezela, amatasun instintua duena, ez duena ahotsa altxatzen, neurri batzuk izan behar dittuena, bere bizitzan gauzarik inportanteena edertasuna izan behar du... maitasuna aurkitzea noizbait… Guzti hoiek badira erabiltzen dittugun elementuak emakume politiko hoiek definitzeko, erabiltzen ari garena da patriarkatua bera gure buruak definitzeko. Orduan, ba, nik uste baita ere zentzu horretan emakume izateko eta gizon izateko modu desberdinak aurkitu beharko genituzke…

Miren Artetxe (Hendaia, 1985): Azken baten, zertako gauden hezita, ez? neska bezela sozializatuta edo gizon bezela sozializatuta, gauza desberdinak eskatzen zaizkigu, ordun gaitasun desberdinak garatzen ditugu… Adibide bat jartzeaatik, ba, neska bat gaixotzen zaigu edo ematen dio… konortia galtzen du neska batek talde haundin eta segitun eukiko ditu bi neska albon, erizain lanetan. Askoz rarogoa da ikustea bi mutil, eta gainontzekok delegatzia zaintza lana bi mutil hoiei, ez? Neskak beti… bueno, ba, zaintza hoi, adibidez, hoi txorakeri bat da, baiño hori oso garbi ikusiko da.

Miren Aranguren: Txiki-txikitatik erakusten zaigu ere besteenganako... besteenganako in behar degula emakumeok, ez? Izan behar degula besteentzat, nolabait, eta horregatik egon behar degula guapa besteentzat, egon behar degula isilik hobeto besteentzat, egon behar degula baketsu besteentzat... eta horregatik, ba, da oso zaila ateratzea amorrua, ez segitzea moda, ez pintatzea, ez depilatzea... ez… bueno, gean bezela edo guk nahi degun bezela izatea. Askotan itsutu iten gea, ze oso zaila da jakitea guk benetan zer nahi degun, dazkagulako, bueno, ba kanpo eragin eta eraso pila bat. Orduan, bai, eguneroko borroka dao.

Josebe Iturrioz: Nik eskolan ikusten dittut ume asko kategoria hegemoniko hoietatik aldentzen direnak eta gizarteak gogor zigortuko dittu, bere genero-rolak eta esterotipoak bete ditzaten. Etxean segun zer ikusten dan, eta egia da, gainera, badarela beste elementu batzuk familiak berak ez dittunak kontrolatzen regulatu egiten dittuztenak umearen jarrerak, ez? Esate baterako, ba, ume bati adin batean panpinak gustatzen bazaizkio edo soinekoren batekin eskolara jutea edo, ez da ezer gertatzen. Baina adin batetik aurrera bai, ez? Gogoratzen dut ikasle bat esaten zuena, ez? LHan ya ilea luzea zuen eta hasi ziran berarekin sartzen LHn eta DBH lehenengo mailarako ya moztu egin zuen ilea. Ez? Eta, gainera, goitizena jarri zioten.

 

Kattalin Miner (Hernani, 1988): Hor arazoa sortzen diona jendeari da "hetero" horrek eta arazoa sortzen dion jendea heteroa dalako, esan nahi det, transexuala dalako ez. Heteroaraua eta heteropatriarkatua. Bueno, da aurreizki batzuk pixkat kostatu zaiguna txertatzen eta nik uste det gero eta errexago esaten ditula jendeak eta ulertzen ditula jendeak, ez?

Josebe Iturrioz: Esango nuke heteroaraua dala gizartearen produkzio-erregimen bat, nun determinatzen diren gorputzen nortasunak eta nolakoak izan beharko diren beraien harreman sexualak, espeziearen produkzio mota jakin batetara eramateko. Eta forma jakin hori izango litzateke, nun aita, eta aitak balio batzuk dittu, amak beste balio batzuk dittu eta unitate familiar kapitalista eta normatiboa bermatzen den, ez? Hori da heteropatriarkatua. Eta horrek suposaten duena da hor murgilduak dauden gorputzak nortasun markatu batzuk izan behar dituztela.

Kattalin Miner: Ulertzea heterosexualitatea hautu edo desira sexual edo lehentasun sexual bat bezela falazia bat da gaur egun. Falazia bat da, inor ez dalako armariotik ateratzen, heterosexuan bezela. Falazia bat da heterosexualidade presuntzio bat dagoelako gizarte honetan, dagoelako eraikuntza heteroarautu bat, hau da… eta heteroa esaten dugunean ez da ya zure desira sexuala, da horrek guztiak daukan antolakuntza, ez? Heteoarauak esan nahi du bikotera bideratua dala, umeak eukitzera bideratua dala, familiaren eraikuntza X bat egitera bideratua dala... Horregaitik izan leike lesbiana pareja heteroarautu bat. Ulertzen diazu? Pixkat konplikatzearren kontzeptua, ez?

Miren Aranguren: Askotan hitz egiten degu patriarkatuaz edo heteropatriarkatuaz, bai? nolabait indarra jartzeko ere arau heterosexualak dakan garrantzian gure jendartean. Arau heterosexuala esaten degunean, ez degu esaten bakarrik zein gustatu behar zaigun edo zeinekin oheratuko gean, bai? baizik eta, bueno, sistema politiko, ekonomiko eta sozial oso bat da.

Kattalin Miner: Ez du inporta zeinekin egiten duzun txortan. Baita ere inporta du, ez? Ze heteroarauak esaten du baita ere gorputz bakoitzak sexuan euki behar dun lekua zein dan. Hola dago eraikita, ez? bat aktiboagoa da, bestea pasiboa da; bat da zuloa, bestea da sartzailea; baten plazerra da zentralidadea, bestearena da kasualidadea... Eta abar, eta abar. Orduan, heteroaraua hori da, ez?

Josebe Iturrioz: Noraino iristen den heteroaraua, ez? Txortaketaren koreografia bat markatzen du, ez? nun ya emakume bat eta gizon bat enrollatzen direnean, zu emakumearen paperean bazaude, eta neri hau gertatu izan zait zeatikan enrollatu naiz bai neskekin eta mutilekin, ez? Eta, orduan, mutilekin koreografia erabat itxia dago. Txortaldia ere markatua dago, ia zeintzuk izango diran pauso hoiek. Orduan, ba, azken finean, nortasunaren… ba, hori, erroetara juten dan erregimen politiko, sozial eta sexual bat.

Kattalin Miner: Bueno, jende bat ofenditzen da: zer du txarretik heterosexuala izateak? Ba zuk jakingo dezu, ni ez naiz... Baino ez gera hortaz ari. Egin zazu larrutan nahi dezunakin edo ahal dezunakin, ta gizarte antolakuntza batez ari gera, ez? eta destinu batez, ez? heterodestinu eta heteroarau batzuz, denoi eragiten diguna, e? denoi eragiten diguna. Ez gea inor eskapatzen.

  • Genero-rol terminoaren azalpena Wikipedian. Elo Mayok Pikara magazinean idatzitako artikulua
  • Genero-rolak jaiotzen garen momentuan hasten dira. Neska txikiari "printzesa" eta "zer polita zaren/zauden!" bezalakoak esaten dizkiogu; mutikoari, berriz, "bihurri" eta "morrosko" bezalakoak. Jantziak eta jostailuak ere generoaren arabera bereizita daude: arrosa/urdina, panpina/traktorea... Ikus Pentsatu erosi aurretik bideoa. 
  • Genero-rolak haur literaturan: Argia aldizkariko artikulu interesgarria. Genero-rolak iraultzen saiatzen diren haur literaturako lan batzuk: Munstro arrosaNik ere nahiko nuke mango bat, Arturo eta KlementinaTximeleta-belarriakMunduko karramarrorik ertainenaPrintzesek ere puzker egiten duteGerrak ez du etenik, Hankaz gora du amak mundua, Daniela pirataLeotoldePippi itsasorako asmotanMomoGu gara marimatrakakMarie CurieTangoMartin
  • Lau urteko umeekin egindako ikerketa eta genero-rolak lantzeko esku-hartze proposamen bat: Genero-rolak eta estereotipoak haur hezkuntzan (EHU, 2020). 

 

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza