LGTBIQ+ mugimendua

Euskal Herrian LGTBIQ+ mugimenduak izan duen bilakaera ezagutaraztea da bideo honen helburua: 70eko eta 80ko hamarkadetako mugarriak. Horretarako, mugimenduko hainbat kide elkarrizketatu ditugu.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Balio etikoak

Gaiak: Genero-aniztasuna

1,44 puntu 5 izarreko maximotik
181 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak

  • Nortasun sexualarekiko eta orientazio afektibo-sexualarekiko
    errespetua erakustea
  • Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz
    entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Diskriminazio guztiekin kritiko agertzea
  • Homofobiaren eta transfobiaren aurkako jarrera aktiboa azaltzea
  • Inguruan dugun aniztasuna ezagutu eta baloratzeko nahia izatea

 

Bideoa ikusi aurretik

Aurre-ezagutzak aktibatzeko, gisa honetako galderak egin ditzakegu, bideoa LGTBIQ+ mugimenduari buruz dela esanda:

-Ezagutzen al duzue LGTBIQ+ mugimenduaren historia?

-Noiz eta nola hasiko zen garatzen Euskal Herrian?

-Zein zen homosexualen egoera frankismo aurretik eta ostean?

-Inoiz entzun al duzue “Alfer eta Gaizkileen Legea”ri buruzko zerbait?

-“Gay” hitzak zeinentzat balio duela uste duzue?

-Homosexualen aurkako jarrerarik eta ekintzarik jasan edo ikusi al duzue?

-Ba al dakizue zer ospatzen den ekainaren 28an? Nondik dator ospakizuna?

 

LGTBIQ+ kolektiboko hizki bakoitzaren esanahia ezagutzeko, beste bideoaren aurretik bideo hau ere ikusi daiteke: LGTBIQ+

 

Bideoa ikusi bitartean

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu.
  2. Bideoan zehar ulertzen ez dena azaldu, eta behar beste aldiz ikusi. Hiztegi aldetik dituzten zalantzak argitu. Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren

  1. Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-Zer iruditu zaizue bideoa? Zer da gehien harritu edo hunkitu zaituztena?

-Emakumeek sexualitaterik ez zutela uste zela esaten da bideoan. Zer esan nahi dute horrekin? Emakume lesbianarik ba al zegoen?

-Homosexualitatea buruko gaitz gisa ikusten zen eta “sendatzeko” hainbat tratamendu ematen zituzten. Zer iritzi duzue horri buruz? Oraindik ba al dago uste hori (munduko toki batzuetan)?

-Stonewall-eko liskarren ondoren eta gaur egunera arte aldaketa handiak egon direla uste al duzue?

-Ezagutzen al zenuten EGHAM elkartea?

-Zergatik uste duzue mobilizatu zela hainbeste jende Francisen hilketaren ondoren? Hiltzailea polizia izateak baldintzatu al zuen egoera?

-Aurpegia emateko zailtasunak aipatzen dira bideoan. Zirkuko animaliak bezala sentitzen ziren. Zer iruditzen zaizue morbo hori?

-Emakumeen kasuan zailagoa zen homosexualitatea agertzea. Zergatik? Gaur egun berdin ikusten al dira mutil eta neska homosexualak? Aldaketarik egon al da?

 

Koldobikek bere kasua azaltzen du bideo-pasarte honetan, zenbat kostatu zitzaion lesbiana moduan agertzea eta zergatik: Lesbianak zirela aitortzeko beldurrak.

La Otxoaren Libérate abestia osorik entzun, eta komentatu egin daiteke.

Gaian gehiago sakontzeko, bideo hauek ere ikusi daitezke (proposamen pedagogikoak dituzte):

 

LGTBIQ+ mugimenduaren historia osatzeko, posible da informazio gehiago bilatu, eta guztien artean puzzlea osatzea.

  • Stonewall-eko istiluak
  • Homosexualentzako kartzelak
  • Francisen hilketa
  • HIESaren ondorioak
  • Erreferenteak sexu-askapen mugimenduan: Mikel Martin, La Otxoa...

 

Taldeka ipini, talde bakoitzak gai bat aukeratu, eta hurrengo saioan topatu dutena partekatu dezakete.

 

  1. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen garatu daitezke, talde txikitan. Lau adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin dezakete.

 

  • “Zu zeu elkarrizketatzaile”. Ikasleak elkarrizketatzaile bihurtuko dira. Garai batean homosexualekiko zer ikuspegi zegoen eta ikuspegi hori nola joan den aldatzen jakiteko, etxekoei eta ingurukoei elkarrizketak egitea da proposamena.

 

Galdetegiak talde txikitan banatuta prestatu daitezke eta, ondoren, talde handian partekatu eta osatu. Era honetako galderak egin daitezke:

  • Frankismo garaian jakiten al zen herrian nor ziren homosexualak? Mutilak ala neskak ziren? Zer esaten zen haietaz? Nabaritzen al zitzaien?
  • Ba al zegoen jazarpenik homosexualen kontra? Nola defendatzen ziren? Herrian gelditzen ziren ala alde egiten zuten?
  • Nola bizi izan zenuen HIESaren agerpena, hilgarria zen garai hori? Zerekin lotzen zen? Zer entzuten zen?
  • Aldatu al da homosexualekiko ikuspegia? Eta zure iritzia aldatu al da?
  • Entzun izan al dituzu "marikoia" eta "tortillera" bezalako hitzak mespretxuz edo modu iraingarrian erabiltzen? Ezagutu al duzu eraso homofobo edo transfoborik?
  • Ba al dago sexu-askapenerako mugimendurik herrian? Zein dira erreferenteak? Badira herritik kanpo militatzen dutenak?

 

Elkarrizketatuaren arabera (adinekoa, gaztea...), galdetegia moldatu egin beharko da. Lana bakarka edo binaka egin daiteke. Elkarrizketak bideoan grabatuko dituzte, telefono mugikorrarekin edo bideokamerarekin. Inportantea: horizontalean grabatu eta tripodea erabili! Eta ziurtatu audioa ondo entzuten dela (mikrofonorik erabiltzen ez bada, kamera oso urruti ez ipintzea komeni da).

Ondoren zer? Elkarrizketatutako pertsonaren biografia labur bat osatu, eta jasotako testigantzaren laburpena egingo dute idatziz, bideoa erakutsi aurretik azalpenak eman ahal izateko. Azkenik, bideo-muntaketa egingo dute, argazkiak (Interneten bilatu) eta musika ere sartuta (bideoak editatzeko programaren bat erabiltzen erakutsiko zaie).

Emaitza gelan aurkeztuko dute, ahozko aurkezpen txiki bat eginez:

  • Azalpena: prozesuaren nondik norakoak (nor elkarrizketatu den, zergatik, non, esperientzia nolakoa izan den, zer izan den zailena, zer politena…)
  • Bideoa erakutsi

 

Ikasle (bikote) bakoitzak pertsona bat elkarrizketatuko du. Adin eta profil desberdinetako pertsonak elkarrizketatzea da helburua: homosexualak, heterosexualak, familiakoak (aita, amona, izeba...), lagunak, gazteak, adinekoak...

Bideo onenak aukeratuta, bideo-emanaldia egin daiteke ikastetxean. Posible da baita ere aurkezpen guztien ondoren elkarrizketatuetako batzuk aukeratu, eta pasarte desberdinekin beste bideo bat sortzea. Irudiak zabaltzeko, elkarrizketatuak jakinaren gainean egon behar lirateke.

 

  • “Testigantza bila”. Testigantzak bilatu, eta haien inguruan hausnartzera gonbidatuko ditugu ikasleak.

 

Ahotsak.eus webgunean hainbat testigantza aurkitu daitezke LGTBIQ+ kolektiboari buruz: frankismoko legeak, elizaren indarra, homosexuala izatearen estigma, jipoiak eta zigorrak, emakumearen sexualitate eza… hona hemen batzuk:

 

Binaka edo hirunaka jarrita, bideo-pasarte bat aukeratuko dute Ahotsak.eus webgunean bilaketa eginda (https://ahotsak.eus/gaiak/020403/). LGTBIQ+ kolektiboarekin zer ikusia izango du (talde bakoitzak bideo-pasarte desberdina aukeratzea izango litzateke interesgarriena; nola egin? Aukeratu ahala, izenburua arbelean ipintzen joan daitezke, eta ezingo da errepikatu. 185 pasarte daude aukeran!).

Pasartea ikusi, eta iritzi-trukea egingo dute. Ondoren, aurkezpen txiki bat prestatuko dute, gelakideen aurrean azaltzeko, gehienez ere hamar minutukoa.

  • Zer azaltzen da bideoan? Nork? Laburpena egin
  • Zergatik aukeratu dugu? Zergatik da interesgarria?
  • ritzia eman
  • Bideoa ikusi

 

  • “Iritzia eman”. Eraso zein jarrera homofobo eta transfoboak abiapuntu moduan hartuta, ikasleek iritzia emateko modua aurkituko dute, sormena baliatuta.

 

Francisen hilketa mugarritzat hartzen da: orain dela 44 urte gertatu zen arren, gaur egun ere izaten dira eraso homofobo eta transfoboak. Estigmatizazioa eta gorrotoa ez dira desagertu. Zer diote homofobiari buruzko ikerketek? Horri buruzko artikulu batzuk: Homofobia Gasteizen, Homofobia ikastetxeetan eta Homosexualitatea Iparraldeko ikastetxeetan.

Azken urteetan gertatu diren jazarpenetatik bat aukeratu, informazioa bilatu, laburpen bat egin eta gaiari buruzko iritzia ematea proposatzen da. Hona hemen adibide bat: Eraso homofoboa Villabonan. Nahi izanez gero, inguruko kasu erreal bati buruz edo kasu pertsonal bati buruz ere egin daiteke lana. Jarrera homofoboak ere izan daitezke: ez dauka indarkeria fisikoa egon beharrik (adibidez, "marikoi" hitzaren erabilera modu iraingarrian).

Lana banaka egingo dute eta amaieran bakoitzak gelan aurkeztuko du bere lana. Idazlan bat izan daiteke, baina baita kartela, bideoa, bertsoa, poema, performancea edo komikia ere. Ikasle bakoitzak erabaki dezala zer egin nahi duen.

Ondoren, emaitza ikastetxean partekatu daiteke: lanak eskolako korridoreetan jarrita, adibidez.

 

  • “Sormena lagun”. Sormena erabiltzera bultzatuko ditugu ikasleak, baina ikuspuntu positibo batekin. Abesti askatzaileak sortuko dituzte.

 

Proposamen hau talde txikitan egin daiteke. Helburua: sexu-askapenaren aldeko abestia sortzea. Hainbat modu daude, gutxienez hiru:

  1. La Otxoaren Libérate edo antzekoak (sexu-askapena aldarrikatzen dutenak; adibidez, Plumofobia edo Soziedad Alkoholikaren Sin Barreras) euskaratu
  2. Gustuko abesti bat aukeratu, eta letra aldatu
  3. Bertso-doinu bat aukeratu, eta bertsoa(k) sortu

 

Taldetxo bakoitzak bere abestia aurkeztuko du. Elkarrekin kantatuko dute (horretarako, posible da jatorrizko abestia erabili, eta karaokea egitea); mozorrotu ere egin daitezke edo era berezian jantzi. Zuzeneko musika erabiltzea ere posible da, noski: gitarra joaz abestea, adibidez.

Lehiaketa bat antolatu daiteke gelan; helburua ez denez lehiakortasuna sustatzea, ez da saririk egongo, baina batzuetan lehiak sortzera animatu dezake. Abesti bozkatuena izango da irabazlea.

Hona hemen sexu-askapena aldarrikatzen duten abesti batzuk, euskaraz: Berri Txarrak taldearen Lotsarik gabe eta Yogurinha Morovaren Eraso sexistarik ez. Inspirazio-iturri moduan balio dezakete, abestia sortzeko garaian.

 

  1. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena edo emanaldia egingo dute ikasleek, euren lanaren emaitzak gelakideei ezagutarazteko.

 

Ebaluazio-irizpideak

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:


Edukiari buruz

  • Ea gaiak bere interesa piztu duen.
  • Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-
    asko.

 

Ikaste-prozesuari buruz

  • Ea bideoa eta adinekoen testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
  • Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
  • Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
  • Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan
    dion.

 

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

  • Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.
  • Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai
    izan den.
  • Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

 

Talde-lanari buruz

  • Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
  • Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.

 

Irakaslearen ebaluazioa. Irakasleak ikasleak ebaluatzeko, kontuan har
ditzakeen irizpideetako batzuk:

  • Ea bideoetako testigantzen garrantziaz jabetu den eta interesa erakutsi duen.
  • Ea enpatiarik erakutsi duen bideoko pertsonekin.
  • Ea LGTBIQ+ kolektiboaren historia eta historian zehar eskuratutako lorpenak ezagutzen dituen.
  • Ea emakume eta gizonen arteko eskubide-berdintasunaren aldeko jarrera argiak adierazten dituen, haien orientazio afektibo-sexuala edozein izanik ere.
  • Ea hainbat eremutan (publizitatea, informazioa, txisteak, eskola eta abar) emakumeari edo LGTBIQ+ kolektikoari buruz ageri diren gizarte-estereotipoak biltzen eta aztertzen dituen.
  • Ea emakumea edo LGTBIQ+ kolektiboko kideak gutxietsi eta diskriminatzea dakarten estereotipo, aurreiritzi eta rolak baztertzen dituen.
  • Ea kultura-elementuen (estereotipoak, rolak eta abar) eta emakumeen edo LGBTIQ+ koletiboaren diskriminazioaren arteko lotura azaltzen duen.
  • Ea sexu-diskriminazioaren eta indarkeriaren aurkako jardunak proposatzen dituen.
  • Ea LGTBIQ+ kolektiboari buruzko informazioa bildu duen eta haien aldarrikapenak barneratu dituen.
  • Ea ikaskideekin eztabaidatuz gogoeta egin duen trans kolektiboaren egoeraren inguruan eta eskolan zein gizartean duen ikusgaitasunaren inguruan.
  • Ea LGTBIQ+ kolektiboa gutxiestea, diskriminatzea eta/edo haren aurkako indarkeria sustatu eta justifikatzea dakarten estereotipo, aurreiritzi eta rolak gaitzesten dituen.
  • Ea EHGAM eta GEHITU elkarteen ezaugarriak, funtzioak eta programak ezagutzen dituen.
  • Ea ikerketan informazioa lortzeko gaitasuna erakutsi duen, iturriak bilatzeko orduan.
  • Ea informazio hori bere gogoetak eta ikuspuntua egituratzeko edo eraldatzeko erabili duen.
  • Ea talde-lanean ondo moldatu den, berdinen arteko harremanean iradokizunak eginez eta ikaskideen iritziak errespetatuz.
  • Ea bere iritziak eta hausnarketak partekatu dituen, horretarako txanda errespetatuta.
  • Ea ahozko ekoizpean ondo moldatu den, komunikatzeko gai izan den.

Sexu-askapenaren historia Euskal Herrian

 

Koldobike Mujika (Errezil, 1951): Basakeriak egin dira homosexualen kontra.

Imanol Miner (Errenteria, 1974): LGTBI pertsonak represaliatuak izan dira, osea, frankismoa hasi aurretik, bitartean eta ondoren.

Koldobike Mujika: Ley de Vagos y Maleantes. Elektroshock eta guzti erabiltzen zien homosexualen kontra. Elektroshock.

Josebe Iturriotz (Ordizia, 1978): Mugimendu LGTBaren erronka politikoak beti, osea, lehendabizikoa, existitzeko eskubidea, ez? Gaixotasun, gaixo mentalak bezala definituak, homosexualak, geroago transexualitatea, toki askotan eta hemen barne kartzelan sartzeko mehatxuarekin. Nik ezagutu izan dut jendea, ez, lege horrekin kartzelaratua izan zena, ez? Eta bueno, badirudi ere egon zirela reformatorio antzeko hoiek, ez, homosexualak sendatzeko toki hoiek.

Imanol Miner (Errenteria, 1974): Langraitzeko espetxean ere badaude lekukotzak eta, osea, maritxu izategatikan, homosexual izateagatikan, atxilotutako pertsonak asko izan omen ziren. Osea, espetxeetako bat izan zan.

Koldobike Mujika: Emakume lesbiana batek egin zun estudio bat errepresioa emakumeen arloan, lesbianen arloan, eta oso emakume gutxi kartzelara. Baiño hor berriz topo egiten degu sakonean zegoen arazoekin: emakumeok ez dugu sexualitaterik.

Imanol Miner: Ez zen konsideratzen emakumeek sexualitaterik zutenik, ondorioz, ez zegoen lege urraketarik.

 

1969. New York, Stonewall

 

Koldobike Mujika: Stonewall. 1969an gertatutakoa. Pub bat zen eta han elkartu egiten zian homosexualak eta transexualak ere bai, e? ezin ditugu hoiek ahaztu. Eta Poliziarekin borroka hasi zan eta borroka potentea izan zan haien artean.

Imanol Miner: Enegarren sarekada egitera zihoala Polizia, sartu zenean, ba, izan zan lehenengo aldia jendea ya nazka-nazka-nazka eginda, Poliziari oldartu egin zitzaioneko lehenengo aldia da. Oldartze horren ondorioak izan ziren liskarrak, eta liskarrak luzatu ziren, antza denez, hainbat egunean.

Koldobike Mujika: Eta, orduan, hori geratu da ikono mugimendu LGTBren barruan. Eta, gainera, ekainaren 28an gertatu zenez, handik aurrera, mundu mailan, 28an ospatzen da LGTBIren eguna.

 

1977. EHGAM elkartearen sorrera

 

Imanol Miner: Mugimendu autoeratuak frankismoaren amaierarekin batera hasiko dira. 76ko Durangoko Liburu eta Disko Azokan Euskal Herrian ideia. Antonio Kintanak Imanol Alvarezi proposatzen dio Gay Liberation Front moduko bat egitea, Britania Handian berak ezagutu zuen mugimendu haren moduko bat Euskal Herrian egitea, eta EHGAM horrela sortzen da 1977an.

Ibai Fresnedo (Portugalete, 1985): Uste dut 83an jada legalizatu zutela elkarte bezela, eta hortik aurrera, ba, erreferentea izan da Euskal Herri mailan, aitzindaria izan zalako, ez bakarrik Euskal Herrian, estatu mailan ere bai. Ze uste dut estatu mailan EHGAM izan zala bigarren elkartea sortu zana sexu-askapenaren bueltan.

Imanol Miner: EHGAM izena, Euskal Herriko Gay Askapen Mugimendua bere jatorrian, geroago Gay-Les. Gay hori ulertu behar da bere hitzaren jatorrian zuen esanahiarekin. Ingelesetik hartua da eta ingelesez oraindik ere gay hitza erabiltzen da gizonezko, emakumezko eta denak sartzen dira gay hitzaren baitan. Hasieratikan EHGAMen sorreran emakumeek parte hartzen dute, gizonekin batera.

Koldobike Mujika: Aldi berean Donostiako Asanbladan bazegoen talde bat, Comisión de Lesbianas, eta elkarrekin antolatzen zian ekitaldiak. E? Ze gu, lesbiana gisa, EGHAMen ez zegoen lesbiana asko, militatzen esan nahi det. E? Gu, feministak, batez ere emakume mugimenduan mugitzen ginen.

Kattalin Miner (Hernani, 1988): Lehen LGBTI eskubideen aldeko manifestazioa 77an da, Bartzelonan. Kronikek esaten dute 4.000 bat pertsona juntatu ziala. Ojo. Eta, bueno, baino ez zituzten Rambletan 100 metro baino gehio in, ze hori izan zan. Hurrengo urtean ya Bilbon, Madrilen, Sevillan ere... egiten da, ez?

Ibai Fresnedo: Eta gero ya Euskal Herrian, 78an, Bilbon.

 

1979. Francisen hilketa

 

Imanol Miner: Francisen hilketa, 1979ko ekainaren 10eko goizaldean, Oreretako Iztieta auzoko Apolo dantzalekuan. Kalez jantzitako polizia batek Francis akatzen du eta horrek eragiten du nolabait sexu-askapeneko mugimendua Gipuzkoan plazara ateratzea. Vicente Vadillo Francis andaluziarra zan eta, bueno, Oreretan bizi zan eta berak lan egiten zuen gaueko ikuskizunen... bueno, ba, trabestituta performatzen zuen. Kontua da Francisek amaitzen duela, buruan, osea, aurpegian tiro bat jasota. Francis hil eta arratsalde horretan bertan herrian dantzaldia-eta izaten zan Zumardian eta dena bertan behera utzi zuten eta mobilizazioa egin zuten.

Koldobike Mujika: Eta horrek sortu zun, baino bapatean, bapatean mogimendu bat. Eta goatzen naiz hor, Bulebarren, nik uste det homosexualek deituta, egindako lehenengo manifestazioa. Eta jendetza, e? Jendetza izan zen. Aldi berean, egia da represioarekin lotuta zegoela, eta hemen garai hartan errepresioaren kontrako sensibilitate haundia zegoela.

Ibai Fresnedo: Francisen gertakaria bai izan zala oso mugarri potentea; batzuk deitzen diote Euskal Herriko Stonewall-a. Ez nuke esango gure Stonewall-a izan zenik, baina bai izan zala nahiko erabakiorra.

Imanol Miner: Gure Stonewall txikia –demagun– hori da, ze horrek inpakto haundia du ez bakarrik Gipuzkoa, Euskal Herri osoan eta Euskal Herri osoko sexu-askapen mugimenduan.

Kattalin Miner: Eta hortik aurrera oso mugimendu potente bat egondu da herri hontan, ez?

 

1979. La Ochoaren Libérate

 

Ibai Fresnedo: Kulturalki ere, bueno, eferbeszentzia moduko bat hasi zan ematen, ez? Eta hor uste dut urte horretan, 79an, Ley de Peligrosidad Social hori bertan behera utzi zutenean, La Ochoak egin zuela kanta bat, Libérate deitzen zana... bueno, izenburuak dena esaten digu, ez?

Imanol Miner: Beste mugarri garrantzitsu bat: Bilboko jaietan, ba, Aste Nagusiko kanta hit-a nolabait gaur egun esango genukeen bezala, kanta sonatuena La Ochoak kantatutako Libérate izan zan.

Ibai Fresnedo: Baina horrek asko eragin zuen jendearengan, seguraski, ba, bere burua erreprimitzen zebilen jende bat edo armairuan jarraitzen zuen jende batek hori entzunda lagundu ziolako armairutik ateratzen.

Imanol Miner: Eta liberate hori, kanta hori, Euskal Herriko sexu-askapenaren banda sonoran leku nabarmena duen kantetako bat da.

 

80ko hamarkada: aurpegia ematen

 

Imanol Miner: Hortikan aurrera ya hasiko dira, ba, aitzindariak, aitzindari maritxu eta lesbianak aurpegia ematen.

Koldobike Mujika: Lotsa. Gure artean bakarra zan ausartzen zana aurpegia ematen. Harek ez zun problemaik ez etxean, ez inun, eta guk leku guztietan. Esan nahi det ez dala errexa. Eta bizkarrez emanda argazkia atera, eta horrela atera medioetan. Eta bizikleta-martxa... lesbianak ez zirenak batez ere ateratzen zian. Besteok mmm, ulertzen? Ez gaitzaten ikusi.

Imanol Miner: Orduan zan... “Ei, ei, ei marikoiak aterako dirala, maritxuak aterako diala...” osea... Lesbianak zeintzuk dira? Maritxuak zeintzuk dira? Klaro, aurpegia jarri behar zitzaien.

Koldobike Mujika: Eta hua izan zen... zer kontatuko dizut? Manifestaziora jun: alde batean eta bestean gainezka, jendeak ikustera. Morboa, morboa jendearen aldetik. Nik uste det espaloietan jende gehiago manifestazioan baino. Morboaren bila. Zirkoan bezela. Hori hasieran horrela izan zen.

Ibai Fresnedo: Ikusten zituzten, ba, hori, zirkuko animaliak izango balira bezela, eta argazkiak ateratzen zizkieten eta... bueno.

 

80ko hamarkadaren erdialdera: HIESa

 

Koldobike Mujika: Hiesa, bai, 80ko hamarkadan.

Imanol Miner: Horren guztiaren, olatu guzti horren zean hasten da poliki-poliki lekua egiten Hiesaren gaia, horrek dakarren, horrek atzetik dakarren itzal, beldur, estigma eta kakazahar guztiarekin. Horrek suposatzen du eten bat.

Josebe Iturriotz: Hori oso gogorra izan zan, oso-oso gogorra izan zan. Nere herriko referenteak nola joan ziren, ez, maritxu neretzako oso-oso inportanteak eta. Eta gehiengoak hiltzen zirenak gizonezkoak ziren, bainan, jo, kolpea izan zan denontzako, ez? Sarearentzako kriston kolpea izan zan.

Imanol Miner: Klaro, ba, bapatean hustea oilotegiak, topalekuak, beldurrez eta zeuden apurtxoak beldurrez, eta jendea topatzen hastea ospitaletan eta jendea ze baldintzetan hiltzen, ze orduan hil egiten zian.

Josebe Iturriotz: Zer nolako politikak garatu ziran Hiesarekin, eta ze gogorra izan zen zentzu horretan, ez? Inorri ez zitzaion inporta maritxuak eta yonkiak hiltzea, ez? Eta orduan mugimendu –eta hau bai izan zan internazionalki– mugimendua zentratuta zertan? Ba Hiesaren kontrako borrokan, ez?

Imanol Miner: Jendea kalera atera behar izan zan, mobilizazio haundiak egin behar izan ziren, elkartasun ariketa haundia izan zan eta seguraski sexu-askapen mugimenduak hor bigarren autoeratze zera bat bizitu zuen.

Ibai Fresnedo: Sexu-askapenaren borrokaren agenda politikoaren erdigunean jarri behar izan zan Hiesaren afera, eta hortik, agenda politiko horretatik, Hiesaren bueltako horretatik hasi zitzaion ematen garrantzia sexu praktika osasuntsuei eta prebentzioari eta abar, eta horrek ekarri ditu hainbat kanpaina.

Imanol Miner: Ze orduan arrisku-taldeetaz hitz egiten zan. Osea, arriskutsua ya giza-taldeak ziren. Gero ya hori desmontatu egin zan eta arrisku-praktiketaz hitz egitera mugatu, eta jendea berbideratu eta: ez, ez dago arrisku-talderik, arrisku-praktikak daude.

Koldobike Mujika: Hildako asko eragin zitun gaitza izan zen, eta orduan hor hasi zen indar haundia hartzen preserbatiboen erabilera.

Imanol Miner: Hiesak markatu zuen aurre bat eta ondoren bat.

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza