Nola sortzen da irakurzaletasuna? Etxetik dator, familiako ohituren eraginez? Norberak bere kabuz egiten duen prozesu pertsonala ote? Ikastetxeetan susta daiteke?
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Euskara eta Literatura
Gaiak: Euskara, Aisialdia
Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:
Bideoa ikusi aurretik:
Irakurzaletasuna izango da jorratuko dugun gaia, aurre-ezagutzak aktibatzeko. Gisa honetako galderak egin ditzakegu:
-Irakurzaleak zarete? Hala bada: nola zaletu zineten? Bestela: zaletzeko aukerarik ikusten duzue? Nola?
-Nolako liburuak gustatzen zaizkizue? Zer generotakoak? (Intriga, fikzioa, drama, umorea…). Eta zer estilotakoak? (Sakonak, arinak…)
-Aipatu gehien gustatu zaizkizuen liburuak. Zer dute erakargarri? (Istorioa, idazteko modua…)
Bideoa ikusi bitartean:
Bideoa ikusi ondoren:
-Ados zaudete bideoan esandako gauzekin (zerekin bai/ez)?
-Egin duzue negarrik edo barre-algararik liburu bat irakurtzen? Zer ematen dizue literaturak zuei?
-Zein iritzi duzue eskolarako irakurri beharreko liburuei buruz?
-Literatura “ona” eta “deskafeinatua” aipatzen ditu Uxue Alberdi idazleak. Ados zaudete?
-Zuen ustez, zer egin daiteke irakurzaletasuna bultzatzeko?
-Zuei errazago egiten zaizue erdaraz irakurtzea euskaraz baino? Hala bada, zergatik?
-Egia al da euskaraz ez dagoela liburu-aukera zabalik, ala ezagutza falta da?
4. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Hiru adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek aukera dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere (edo proposamen bat baino gehiago egin).
-Liburu bat aukeratu eta irakurri
-Idazlea nor den esan
-Liburuan zer kontatzen den azaldu
-Iritzia eman, zer gustatu zaizun eta zer ez adieraziz
Ikus Booktuberboom lehiaketarako prestatutako bideo batzuk. Adibiderako: Sara izeneko gizona, Atlas sentimentala, Beti oporretan, Behi euskaldun baten memoriak, Bilbao-New York-Bilbao, Gose jokoak, Nola heldu naiz ni honaino
a. Lehenengo, ahots diferenteak lantzeko jolasak egin ditzakegu. Izan ere, izaeraren eta tamainaren arabera, ahotsa asko alda daiteke. Estereotipoekin jolastuko dugu, hitz egiteko modu markatuekin.
-Animaliak: otsoa, inurria, hartza…
-Pertsonaiak: sorgina, basajauna, iratxoa…
-Pertsonak: ume txikia, adinekoa, makarra, pijoa…
Bideo-pasarte honetan Joxe Mari Karrere ipuin-kontalariak pertsonaiak eraikitzeko orduan euskarak dituen mugak aipatzen ditu: Estandarren falta.
b. Ondoren, gustuko ipuin labur bat aukeratuko dugu. Ikasle bakoitzak berea (binaka ere egin daiteke, eta rolak banatu: bat narratzailea izan daiteke eta besteak pertsonaien ahotsak egin ditzake).
c. Irakurketa ozena egiteko prestaketak egingo ditugu. Hona hemen Pako Eizagirreren aholkuak: Testua ondo ezagutzea komeni. Ikus Eizagirrek prestatutako ipuinak, Aittu webgunean; adibiderako, Ka-kardantxilo.
-Pertsonaiak aztertu eta pertsonaien ahotsak erabaki (denek ez daukate ahoskera berezia izan beharrik)
-Erritmo-aldaketak eta tonua erabakitzeko probak egin (eredu batzuk ikusita).
-Pausak, isiltasunak noiz egin erabaki, eta testuan markatu.
d. Ipuina ozen irakurri, eta ahotsa grabatuko dugu.
f. Grabazioa bideo bihurtu, edizio-lanak eginda. Ipuinari musika eta irudiak jarriko dizkiogu. Marrazkiak ipuin-liburuetatik har daitezke (bukaerako letretan jatorria adierazita) edo, bestela, nork bere marrazkiak egin ditzake.
g. Azken emaitza ikaskideekin partekatu. Bideo guztiekin emanaldia egingo dugu.
-10 esaldi idatzi, ahalik eta literarioenak, grazia daukatenak, norberaren obsesioei buruz
-Ikaskideekin partekatu: idatzitakoa irakurri
-2-3 gustukoenak aukeratu
-Esaldien irakurketa ozena egin. Esaldiak nola irakurri entsegatu (tonu eta erritmo egokiarekin irakurtzeko)
-Izenburua asmatu
-Grabaketak egin (izenburua eta obsesioak)
-Edizio-lana egin, esaldi guztiak bateratu eta obsesioz betetako bilduma osatzeko. Eta musika sartu!
Lanketarekin jarraitzeko, ideia batzuk:
-A aukera: Emaitza CD batean grabatu (eta CDaren azala egin)
-B aukera: Bideo bihurtu (azalaz gainera, argazkiak eta marrazkiak erabili; norberak egindakoak izan daitezke edo beste iturri batzuetatik hartutakoak: kasu horretan iturriak adierazi, bukaerako letretan)
-Grabazioa entzun/ikusi, gelan. Prozesuaren eta emaitzaren gaineko iritzi-trukea egin
-Grabazioa sare sozialetan ipini
Ebaluazio-irizpideak:
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, erabil ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
-Ea gaiak bere interesa piztu duen.
-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.
Ikaste-prozesuari buruz
-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.
Bere komunikazio-gaitasunei buruz
-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.
-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.
Talde-lanari buruz
-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.
Irakasleak aintzat har ditzakeen ebaluazio-irizpideak:
-Ea, laguntzarekin, irakurtzen eta entzuten dituen hainbat generotako literatura-testuak, eta horien esanahi bateratuak sortzeko jardueretan parte hartzen duen.
-Ea ikuspegi kritikoarekin irakurtzen edo entzuten dituen inguruko hainbat egoera soziolinguistikorekin lotutako testuak.
-Ea bere mailarako luzera egokia duten testuak gero eta autonomia handiagoz irakurtzen dituen; testu horiek, hain zuzen, hainbat euskarritan daude eta askotariko helburuak dituzte.
-Ea irakurtzen dituen hainbat literatura-generotako testu egokituak, eta ea irizpide propioak agerian uzten dituen bere gozamenerako literatura-obrak aukeratzean (ahozkoak, idatziak edo horiekin lotutako beste arlo artistikoetakoak).
-Ea aktiboki hartzen duen parte dramatizatze-,birsortze-, memorizatze- eta errezitatze-lanetan, eta, erritmoa, ahoskera, azentua eta intonazioa zaintzeaz gainera, antzezpen-estrategia errazak erabiltzen dituen.
-Ea identifikatzen dituen ahozko literaturaren hainbat adierazpenen oinarrizko ezaugarriak, bai eta horiei dagokien generoa ere.
-Ea ipuinak, txisteak... etorri handiz eta bizi narratzen dituen.
-Ea literatura-adierazpen herrikoietatik jasotako adierazpen-baliabideak sormenez erabiltzen dituen ahozko adierazpenetan
-Ea aztertzen duen landutako literatura-obren edukia, aldez aurretik emandako argibideak jarraituz: kontaketa-elementuak, narratzailearen egitekoa...
-Ea literatura-narrazio bateko elementu bereizgarriak aztertu eta identifikatu ondoren, horri buruz duen iritzia ematen duen; halaber, edukia planifikatu eta, aipatutako elementuei dagokienez, arreta gehien piztu dioten alderdiak arrazoitzen dituen.
-Ea, irizpide propioak erabiliz, bere gozamenerako literatura-obrak aukeratzen dituen (ahozkoak, idatziak edo horiekin lotutako beste arlo artistikoetakoak).
-Ea aktiboki hartzen duen parte literatura-lanarekin lotutako elkarrizketa batean, eta bere esperientziak eta ikuspegia adierazten dituen.
-Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.
-Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.
-Ea euskalkien aberastasunaz jabetzen den. Eta (2. mailan) ea aztertzen eta balioesten duen hizkuntza estandarrak eta euskalkiek euskararen iraupenean eta transmisioan duten funtzioa.
-Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.
-Ea identifikatzen dituen euskararen eta gaztelaniaren arteko ukipen-egoeraren ondorioz sortutako fenomenoak, eta egoera zehatzak aztertzen dituen (2. mailan).
-(2. mailan) Ea errealitate soziolinguistikoa ikuspegi kritikoz interpretatzen duen eta euskararen normalizazio-prozesuarekiko konpromisorik agertzen duen.
-Ea bideoa behar bezala ulertu duen eta ulertu ez duena argitzen saiatu den.
-Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak.
-Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.
-Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.
-Ea bere diskurtsoan egokitzapenarekin, tonuarekin, keinuekin, gorputzaren jarrerarekin edota kortesia-arauekin lotutako alderdiak erabiltzen dituen.
-Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen, arrazoituz.
-Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.
-Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen.
-Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei.
-Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.
-Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.
-Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.
-Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.
-Ea autoebaluazio- eta autozuzenketa- estrategiak erabiltzen dituen ahozko erabilera hobetzeko.
-Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.
-Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.
-Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…).
-Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak.
-Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen.
Ainhoa Basterra (Astigarraga, 1991):
-Ditugu ya liburuk etxian, ez dakit, ez geala kabitzen, baino betidanik irakurri dugu denok etxean, laurok. Eta denetarik eta beti… pues… ez dakazu ze irakurri? Ba erosiko degu, begiratuko deu eta hortan… arropan ez, ez diate emango dirua erosteko, baina liburutan bai. Liburuk beti-beti… eta daukagu adibidez elektroniko hori baino nahiago… bueno, nik adibidez, eta etxian ere, nahiago deu liburu-liburua.
Andoni Amadoz (Leitza, 1999) eta Saioa Mateorena (Leitza, 1999):
-Nere gurasok e bai asko irakurtzen due.
-Nere gurasok e bai.
-Ta pues lehen, orain dela gutxi, pues, 2. DBHn edo ez dakit noiz hasi nintzen gehiago irakurtzen baino, klaro, eske hainbeste ikusten dittuzu zure gurasoak sofan eserita irakurtzen eta edo ohean daudenen irakurtzen… ta pues hori ya itsasten joaten zaizu pixkanaka-pixkanaka.
Malen Barriola (Leitza, 1999):
-Bai, bai, osea etxen’e bai amak ta uzten zizkin liburuk o… ez dakit, gustora irakurtzen dot.
Saioa Mateorena (Leitza, 1999):
-Ba nere etxean beti gurasoak beti saiatu die bultzatzen irakurtzea, ta ba makinatan-ta gehio ibili beharrean pues bultzatzen saiatu zaizkit beti. Bai nei eta nere anaiai, irakurtzeko gehio.
Oihane Zuberoa (Erronkari, 1993):
-Nik txikitan oso gutxi irakurtzen nuen, baino gero poliki-poliki hasi zen. Oroitzen naiz eskolan ginela, irakasle bat genuen, Erratzukoa: Miren. Eta Nafarroako olerki txapleketara edo lehiaketara aurkezteko esan zigula, eta lagun batek eta biok esan genuen: bueno, “pues goazen egitera” eta holako poematxo txiki bat egin nuen, eta ondo atera zan, eta lehenbiziko saria irabazi nuen, eta eman zidaten diruarekin oroitzen naiz bi poesia liburu erosi nituela, eta nik uste dut hori hartzen dudala beti mugarri bezala.
Saioa Mateorena (Leitza,1999):
-Ni akordatzen naiz, gogoan dauket pues norbaitt etorri klasera eta “bua liburu hau irakurri dot eta oso politte da”. Ta pues esatezu “a pues igual politte da, nere lagunari gustatu bazaio zeatik neri ez?” Ta orduan igual zu animatzen zinela hurrengorako zu liburu hori irakurtzen. Eta hola uste det pues elkarrei eragina itten giñola.
Lidia Sanchez (Astigarraga, 1990):
-Dakat lehengusiña bat asko irakurtzen duela, baino asko-asko… gustatzen zaio pillo bat. Ta nik uste dut ba hortik atera nuela afizioa, ez? Esan nuela egun baten “ba bueno, liburu bat irakurriko dut, aber…” ta bueno, ta nik uste dut hortik, ze gero etxean irakurleak ez dia.
Oihane Zuberoa (Erronkari, 1993):
-Nire aita irakurzalea da baina hoi, esaten dizut, ni gaztetan, gaztetxo nintzenean zero, zero patatero. Anti-anti. Igual ere moda da, ez? “Ay, qué mierda leer”, ez? Beti azkeneko momentuan laburpenak egiten aitari negarrez “Ai, lagunduuu”. Eta baina gero igual heldutasuna hartzen zoazen heinean… eta azkenean nik uste irakurtzen ere eroso sentitzen naizela edo.
Saioa Mateorena (Leitza, 1999):
-Nei e bai, gustatzen zait orokorren irakurtzea, segun ze. Baino eske kontue da irakurtzen jartzea kostatzen zaitela, eta engantxatzea. (A, neri ez). Baino bestela bai, gustatzen zait irakurtzea.
Andoni Amadoz (Leitza, 1999):
-Nik normalen irakurtzen ttut ba misteriozko liburuk edo polizin liburuk… ez? Eta segittun. Osea, irakurtzen hasten naiz eta ez dut… seittun bukatzeittot liburuk.
Beñat Altzelai (Leitza, 1999):
-Bai, bueno, oain ya asko ez, biño lehen umetan asko irakurtzen nun, adibidez Harry Potterren liburuk, ez dakit, 8 bat urtekin irakurri nitun gehienak. Baino azken urtetan ya, azkeneko 2-3 urtetan gero eta gutxio.
Lur Albizu (Artazu, 1993) eta Artzai Gaspar (Zirauki, 1997):
-Nik txikitatik, ez dakit, beti irakurri izan dut pila bat.
-Nik txikitatik bai.
-O sea, gero badaude garaiak, e. Daude garaiak non ez duzun bate irakurtzen, bueno nik behintzat, e. Batzutan segun eta garaia eta ez dakit zer… ez dut bate irakurtzen, gero ez naiz gelditzen… osea pixkat…
-Niri ere berdina, e.
-Gorabeheratsua baina irakurtzea pues betidanik, ez dakit.
-Agian engantxatzen zaitu libururen batek, ez, ematen diozu hor bi aste edo ta gero deus ez. Zalea bai. Bai.
Ainhoa Basterra (Astigarraga, 1991):
-(Eta liburu batek adibidez engantxatu, engantxatu dezake? Ze punturaino?) Autobusean irakurtzen, paradan apuratzen… hor oaindikan exerita irakurtzen, ni bai, ni engantxatu nau. Bai.
Artzai gaspar (Ziburu, 1997):
-Nik uste, ez dakit, aurkitzen duzunean idazleren bat konektatzen duzula bere idazteko moduarekin… ez duzu gehiegi jakin behar, irakurri eta interpretatu. Eta segun eta nola sentitzen zaren momentu horretan interpretatzen duzu modu batean edo bestean, gehiegi jakin gabe horretaz aparte. Ez dakit, poema batekin triste bazaude uler dezakezu modu batean, bestean…
Andere Gonzalez (Getxo, 1988) eta Garazi Lopez de Uralde (Getxo, 1988):
-(Zer irabazten du gazte batek aisian irakurriz gero?) Ba nitzako, adibidez, hizkuntza. Edo... ondo pasatzea, txisteak, holakoak, barre egitea liburu bategaz, euskaraz izitea. Azkenean hor diñozu, ostras! Benetan. Edo negar egitea, berdin zait, liburu bat irakurtzen! Sentitzea. (Egin duzue negar?) Bai, eta negar.
-Bai, bai, asko.
-Liburu bat leiduten? Seguru, bai, bai, bai, askotan.
Lidia Sanchez (Astigarraga, 1990):
-Nik gazteleraz irakurtzen dut. Euskeraz irakurtzen nuenean ba izaten zen eskolatik bidaltzen zizuten liburuak.
Ainhoa Basterra (Astigarraga, 1991):
-Bai, hori da. Eta historia igual ona da baino… errexagoa, askoz errexagoa erderaz. Ez dakit.
Saioa Mateorena (Leitza, 1999):
-Euskeraz ez daolako erderaz bezain aukera zabala eta batez’e gazteentzako liburutan.
Lidia Sanchez (Astigarraga, 1990) eta Ainhoa Basterra (Astigarraga, 1991):
-(Gazteleraz gehiago irakurtzearena… arrazoia non dago? Zuen gabezi bat da? Edo euskal literaturaren gabezi bat da?) Puf… nik uste dut bihak.
-Bai, hori esan behar nuen. Ez det ezagutzen euskal literatura nolakoa izango den, baino egiten zait, adibidez, bueno ez det bukatu, hori gertatu zait, ez det bukatu, bai, polita da liburua baino ez det bukatu, euskera egiten zait, ez dakit nola esan, zuzenegia edo… hitz batzuk… ez dakit… oso….
-Baino gero’e bai istorioak, ez dakit, desberdinak iruditzen zaizkit euskerazkoak eta gaztelerazkoak. Izan daiteke ohitura daukadalako gazteleraz irakurtzeko. Baiño desberdinak egiten zaizkit.
Garazi Lopez de Uralde (Getxo, 1988):
-“Behi euskaldun baten memoriak”. Ba bueno… eske liburu batzuk dauz… gazte batzuei ez derrigortu gauza horiek irakurtzen. Badagoz aproposagoak diren beste batzuk. Nire ustez ba “Kutsidazu bidea, Ixabel” oso aproposa da. Bai lantzeko ez dakit… euskara ikasleekin ez dakit… Baina jo, azken finean hizkuntza menperatzen duen batekin… ba oso ondo pasatu dezake hori irakurtzen edo antzerkia ikusten edo… dena delakoa. Baina beste batzuk esaten duzu: “puf, nahiago dut beste bat”.
Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984):
-Ze liburu gomendatzen dizkiezue? Ni batzutan harritua geratzen naiz. Benetan horiek gomendatzen dizkiezue? Joe ba nik beste hauek gomendatuko nizkieke, ez? Iruditzen zait literaturzaletasuna sustatzeko eman behar dala literatura ona. Ze irakurle izango ez dana… eta onak ez du esan nahi zaila, e. Esan nahi det, iruitzen zait maila guztietako literatura ona dagola. Baina askotan ematen diegula literatura deskafeinatua. Osea, errexaren izenean txarra, bai, edo gatzik gabea. Eta orduan lortzen deguna dala benetan irakurzale izango litzakena edo gustua dionak irakurtzeari, frustratzea eta izango ez dana ez da izango literatura txarra emanez gero, ez?
Lur Albizu (Artazu, 1993) eta Artzai Gaspar (1997, Zirauki):
-Suposatzen dut helburuetako bat dela gutxienez irakurzaletasuna bultzatzea edo, eta puff. Oso zaila da. Da obligazio bat, agindu bat eta ez doa haruntzago. Ez dago pasiorik, ez dakit nola esan.
-Denbora tarte bat duzu irakurtzeko, irakurri behar duzu gainera osotasunean, hor presio handiarekin… gero azterketa egin… osea, horrek ez du batere laguntzen.
-Ez dago gozatzera bideratua igual.
-Hori da, hori da. Modua, orduan, izango litzateke arazo handiena.
Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984):
-Irakurri dutenaren gainean azterketa eskatu beharrean, edo galderak egin beharrean, ba lan sortzaileak eskatu. Hartu ba ez dakit Alaine Agirreren “Ixa hil da”. Obsesio bat kontatzen du. Bueno, zuek badaukazue obsesiorik? Bale. Idatziko ditugu hamar esaldi, ahalik eta literarioenak, grazia daukatenak, zuen obsesioei buruz? Eta gero egingo dugu danen artean grabaketa bat eta egingo dugu CD bat obsesioz betea? Eta gero jarriko diogu musika? Eta batek egingo dio azala? Eta ez dakit, ez? Gatza. Eta entusiamo pixka bat.
Andere Gonzalez (Getxo, 1988) eta Garazi Lopez de Uralde (Getxo, 1988):
-Nik egiten dodana da… nire klasetan irakurtzen dugu ozen. Eta zegon lista bat, eta eurek esan eben “bat amenoa, bat apurtxo bat…” eta justo aukeratu eben hori, “Nahiago nuke mutila banintz”. Eta sexualitateagaz lotute dau, hizkuntza apur bet be badeko kalekoa, orduen jo ba barre batzuk botaten doguz. Hori danon artean irakurtzeana ta batek barre ta besteak tal oso aberatsa da, bai bai. Eta gero ya talde bakoitzak…
-Liburu berria hautatu dozue e, guk irakurri gendun ikastolan!
-Berri-berria, eurek hauteta eben e, osea eurek in eben. Nik esan notzen nai ebena jarri gendun, bakoitzana bilatu gendun argumentua zetaz egoan eta esan eben “hori, sexua” ordun hori. Eta ba oso ondo doie e azkenean ozen irakurtzearen kontu hori be bai eurentzako bai zelan berba in, aurrez, zelan… entzun iten dira be bai, orduan… Baina gero be bai intimoa da, beste parte batetik, nik uste dot hori ez? Negar iteana eta, ez dozu bizitzen eskolan irakurtzen badozu liburu bat bardin.
-Ez da gauza bera.
-Orduan be bai, bidaltzen diet, nik nire partetik irakasle moduen etxian irakurtzeana. Sentitzeko, bizitzeko… eta gero ya saiatzen naz esaten eurena be bai irakurri beharko ebela. Azkenean, joe, ezberdina da zuk liburu bat jan egiten dozunean, eta dinozunean “ostras” negarrez zauz etxien zu bakarrik, eta dinozu “bua”, ez?
Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984):
-Nei zeatik gustatzen zait literatura? Benetako gauzak pasatzen zaizkidalako. Nik ikasi iten det irakurtzen ari naizela, harritzen naiz, hunkitzen naiz… Aurrekoan idatzi nion Harkaitz Canori ba bere azkenengo liburuarekin bi aldiz egin detela negar malkotan, eta esaten non uf, aspaldi ez zitzaidala hau gertatzen. Noizbehinka gertatzen zait, ez, baina… ba bai, hunkitu egin naiz, eszitatu egin naiz, irakurtzen. Gauza asko gertatu zaizkit. Eta hori da bizitza. Esan nahi det, hortara eraman zaitzakete beste hamaika gauzak ere baina literaturak ere bai.