Sare sozialak eta euskara

Zer nolako pisua dute teknologia berriek gaur egungo gizartean? Zer hizkuntzatan erabiltzen ditugu? Euskarak sare sozialetan eta teknologia berrietan duen presentziari buruzkoa da bideo hau.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Euskara, Aisialdia, Teknologia

4,50 puntu 5 izarreko maximotik
10 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:

  • Errealitate soziolinguistikoa ezagutu eta ikuspegi kritikoz interpretatzeko nahia
  • Euskararen egoeraz eta normalizazio-prozesuaz jabetzeko interesa
  • Sare sozialen eta teknologia berrien erabilerari buruz pentsatzeko gogoa
  • Hizkera formala eta informala bereizteko asmoa
  • Hizkuntza-ohiturak eta jarrerak aztertu, ulertu eta aldatzeko borondatea

Bideoa ikusi aurretik:

Sare sozialei buruz hitz egingo dugu, aurre-ezagutzak aktibatzeko. Gisa honetako galderak egin ditzakegu:

-Zer sare sozial erabiltzen dituzue? Izendatu eta bakoitza zertarako erabiltzen den azaldu.

-Zerrenda osatu. Zein erabiltzen dira gehien?

-Zenbat denbora pasatzen duzue sare sozialetan egunero? Erantzunekin batez bestekoa atera.

-Zer hizkuntza darabilzue sare sozialetan? Norekin eta zertarako euskara/erdara?

-Teknologia berriak euskaraz erabiltzeko aukerarik baduzue?

Bideoa ikusi bitartean:

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.
  2. Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Esate baterako, euskalkietako hitzak: solasteko (hitz egiteko), dauz (daude), dozuz (dituzu), dekot/dakat (daukat), dotsat (diot), aunitz (asko), soberakina (gehiegizkoa), gira (gara)…
  3. Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztia barneratzeko.

Bideoa ikusi ondoren:

  1. Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-Zuek erabiltzen dituzuen sare sozialak bideoan aipatzen direnak al dira? Erabiltzen duzue besterik?

-Gaizki-ulertuak eta haserreak aipatu dituzte. Zuek izan duzue halakorik?

-Zuen ustez, euskara nahikoa erabiltzen al da sare sozialetan? Erabiltzen al dituzue euskarazko app-ak? (Adibidez, Egunean Behin)

-Zer hizkuntzatan dauzkazue eskuko telefonoak? Zergatik?

-Zenbaterainokoa da erdaren eragina sare sozialetan? (Youtuber, fake news, trending topic…)

-Zuen ustez, ahaleginik egin beharko al genuke teknologia berrietan euskara erabiltzeko? Zergatik?

3. Euskaraz komunikatzeko mugarik ba al dugu (erregistro falta, ohitura falta, erakargarritasun falta…)? Euskarak ba al dauka erregistro informalik? Gazte-hizkerari buruzko hausnarketak eta jarduerak egin nahi izanez gero, hiru bideo hauek ikus daitezke (ikus bideo horien proposamen pedagogikoak ere).

 

  1. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Hiru adibide  eskaintzen dira hemen. Ikasleek aukera dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere (edo proposamen bat baino gehiago egin).
  • “Ika-mika”. Bideoan sare sozialen abantaila eta desabantaila batzuk aipatzen dituzte. Gai horri buruzko eztabaida formalak egingo ditugu. Norberaren iritziak defendatzeko argudioak emateaz gainera, gainerakoen iritziak ulertzea eta errespetatzea izango da helburua, eta malgutasuna erakustea.

Horretarako, lehenengo eta behin, taula hau bete dezakegu guztion artean:

 

ABANTAILAK

DESABANTAILAK

 

 

 

 

 

 

 

Ondoren, eztabaida txikiak egingo ditugu (10-15 minutukoak), 6-8 pertsonako taldeetan jarrita:

-A taldekoak (2-3 pertsona): Sare sozialak defendatuko dituzte, erabilera-mugarik gabe. Abantailak nabarmenduko dituzte.

-B taldekoak (2-3 pertsona): Erabilera mugatzearen alde agertuko dira. Desabantailak azpimarratuko dituzte.

-Moderatzaileak (2 pertsona): Moderatzaile batek aurkezpenak (A eta B) eta galderak egingo ditu. Besteak txandak eta hitz egiteko denborak errespetatzen direla ziurtatuko du.

Estilo honetako galderak izan daitezke:

-A taldekoekin hasiko gara. Sare sozialen defendatzaile sutsuak zarete zuek. Sare sozialak inoizko asmakuntzarik onena direla diozue. Eman zuen argudioak.

-Horren aurrean, B taldekoek ba al duzue ezer esatekorik?

-B taldekoak sare sozialak mugatzearen alde zaudete. Gehiegizkoa iruditzen zaizue. Zergatik? Eta nola egin daiteke hori?

-A taldekoek zer iritzi duzue B taldekoek esan dutenari buruz?

-Egia al da sare sozialek menpekotasuna sortzen dutela?

-Osasunaren aldetik kalterik ekar al dezakete?

-Lagungarri al dira komunikatzeko garaian? Zer alde on eta zer alde txar ikusten dituzue?

Hasi aurretik, eztabaidatzeko garaian kontuan hartu beharreko irizpideak aletu ditzakegu (adibidez, baliabideak). Taldeetan rolak banatzeko, zotz egin daiteke. Taldetxoak elkarrengandik aparte jarriko dira, lasai eztabaidatu ahal izateko. Aukera bat: gela diferenteetan jartzea.

Ondo legoke eztabaidak bideoan grabatzea, gero guztiek batera ikusi eta baloratu ahal izateko (eduki aldetik ez ezik, baita ahozko komunikazioaren ikuspegitik ere): ikasleek berek erabaki dezatela zer eta nola hobetu dezaketen. Aurre-testu bezala balio dezakete, hurrengo eztabaida egiten dutenean biak konparatu ahal izateko.

  • Sormena lagun”. Bideo laburrak sortzea izango da erronka, sare sozialetan euskara naturaltasunez erabiltzeko. 2-3 ikasleko taldeetan egin dezakete (edizio-programak erabiltzen ez badakite, oinarrizkoa erakutsi). Hona hemen hiru proposamen, aukeran:
  • Esamoldeak. Euskarazko esamoldeekin jolastuz, 20 segundu arteko umorezko bideoak sortzea, Instagram-erako. Egunerokoan erabiltzen diren esamoldeak izan daitezke edo ez hain ezagunak (esamoldeak aukeratzeko, ikus gazte hiztegia ere). Adibide gisa, ikus Botaba Lehiaketa-rako prestatutako lanak: Aker usaina egon (=usain txarra egon) eta zakutik hartzen joan (=joan pikutara).
  • Iragarkiak. Euskarazko iragarkiak sortzea, 20-30 segundu bitartekoak. Ikus Euspot lehiaketako adibide batzuk (urtero gai bat dago): Sare sozialak, Mugimendua, Piztu bizitza, Gaztetu.
  • Film laburrak. Fikziozko bideoak sortzea, 1-3 minutu bitartekoak. Gaia denen artean aukera dezakete. Film laburren hainbat lehiaketa daude, eta inspirazio-iturri gisa erabil ditzakegu. Hona hemen hiru adibide: Gaztezuloko bideo-lehiaketa, TiTau! eta Biminutuluze.

Helburua ez da lehiaketetan parte hartzea, baina aukera horrek ikasleak animatu egin ditzake. Beraz, martxan dauden lehiaketak zein diren aztertu, eta horiei begira egin ditzakete lanak. Beste aukera bat: lehiaketa ikastetxean bertan sortzea (oinarriak eta arauak ikasleek adostuta; sariak herriko dendek emandakoak izan daitezke).

 

  • Zu zeu elkarrizketatzaile”. Bideo laburrak sortzea da asmoa, sare sozialetan zabaltzeko, baina kasu honetan ikasleak kazetari bihurtuko dira. Erreportaia estilokoak izango dira bideoak (ikusi dugun bideoaren antzekoak izan daitezke edo beste molde batekoak).

Sare sozialei buruzko iritziak jasoko dituzte, gazteak elkarrizketatuta. Banaka edo binaka egiteko moduko jarduera da. Galdetegiak gelan presta ditzakete guztien artean.

Elkarrizketak egin aurretik, ikus jarraibide orokorrak. Egindako grabazioak editatu egingo dituzte (emaitza 5 minututik beherakoa izango da), eta gero ikaskideei erakutsi, ahozko aurkezpen txikiak eginez. Aurkezpena egiteko jarrai ditzaketen puntuak:

- Elkarrizketatua(k) nor d(ir)en azaldu

- Grabazio- eta edizio-prozesua nolakoa izan den (anekdotak, zailtasunak…) esan

- Bideoaren helburua zein den (informazioa ematea, iritzia ematea, kritika egitea…) argitu

- Bideoa ipini

-Ikaskideen galderei erantzun

Aukeratutako bideoak (guztiak izan daitezke edo batzuk) sare sozialetan jar ditzakete. Aukera bat: gero grabazioak Ahotsak.eus artxibora bideratzea (adibiderako, ikus: Donostiako ikastetxea eta Lekarozko institutua).

 

  1. Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere: eztabaida, ikus-entzunezkoa… eta, ahal dela, bideoan grabatzea, ahozko jardunen bilakaera ikusteko. Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak

 

Ebaluazio-irizpideak:

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, erabil ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.

 

Irakasleak aintzat har ditzakeen ebaluazio-irizpideak:

-Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.

-Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.

-Ea euskalkien aberastasunaz jabetzen den. Eta (2. mailan) ea aztertzen eta balioesten duen hizkuntza estandarrak eta euskalkiek euskararen iraupenean eta transmisioan duten funtzioa.

-Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.

-Ea identifikatzen dituen euskararen eta gaztelaniaren arteko ukipen-egoeraren ondorioz sortutako fenomenoak, eta egoera zehatzak aztertzen dituen (2. mailan).

-(2. mailan) Ea errealitate soziolinguistikoa ikuspegi kritikoz interpretatzen duen eta euskararen normalizazio-prozesuarekiko konpromisorik agertzen duen.

-Ea bideoa behar bezala ulertu duen eta ulertu ez duena argitzen saiatu den.

-Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak.

-Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.

-Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.

-Ea bere diskurtsoan egokitzapenarekin, tonuarekin, keinuekin, gorputzaren jarrerarekin edota kortesia-arauekin lotutako alderdiak erabiltzen dituen.

-Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen, arrazoituz.

-Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.

-Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen.

-Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei.

-Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.

-Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.

-Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.

-Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.

-Ea autoebaluazio- eta autozuzenketa- estrategiak erabiltzen dituen ahozko erabilera hobetzeko.

-Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.

-Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.

-Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…).

-Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak.

-Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen.

 

Jonas Ormabera (Hondarribia, 1987):

 -Badut afiziyoa sare sozialetan ibiltzeko eta gustatzen zait ibiltzia.

Ainhoa Basterra (Astigarraga, 1991):

-Bueno, Tuenti hoi atea zanian, giñan denak hor gañea egun osua, eta gero Facebook. Facebook erabiltzen det igual kontaktua mantentzeko pos ez dakit nungo… Bartzelonako lagun bat, edo Inglaterrako beste lagunen bat  edo… baino normalian pos hoi argazkiak eta ikusteko ta oso gutxi, ez det inorrekin hitz egiten.

Beñat Altzelai (Leitza, 1999):

-Guk adibidez asko ibiltzeieu gure arten instagram, Snaptchat, Ask pixkoat’e bai, Twitter…

Malen Barriola (Leitza, 1999):

-Ba Snapa batez’e oain asko erabiltzen dou, sinmas, ya da denak argazki bat atea, bidaltzeyozu nahi dozunari ta bost segundu o zazpi segundu duzu jartzen yozunak dauke argazkie ikusteko, gero borratu itten da.

Beñat Altzelai (Leitza, 1999):

-Ta Ask da, jendeai adibidez in ditzakezu galderak anonimoz edo izena esanda, ta berak nahi badu erantzuten du edo ez.

Ainhoa Basterra (Astigarraga, 1991):

-Eta asko erabiltzen detena da, nik adibidez, Instagram, argazkiyak eta ateatzekua.

Malen Barriola (Leitza, 1999):

-Gero Instagrama pues argazkik iyotzeko sare sozial bat.

Ainhoa Basterra (Astigarraga, 1991):

-Twitter banekan baiño idaztiana ta pos ‘komunian nao’ ta hoi jendiak iten du ta nei tontakeri kristona iruitzen zait.

Beñat Altzelai (Leitza, 1999):

-Nik jarraitu hola ehun ta gehixio, nire lagunek o bestela famosoak o notizik pasatzen dienen  enteatzeko ta holakotako.

Fariba Sheikhan (Gernika-Lumo, 1988):

-Erabiltzen dotena Instagram batez be eta Twiter noizian behin.

Lur Albizu (Artazu, 1993):

-Nik Facebook eta Twitter.

Artzai Gaspar (Zirauki, 1997):

-Facebook eta Twitter, eta gero bueno, WatsAppa.

Lur Albizu (Artazu, 1993):

-Bueno bai hori, mobilean bai. Bai gainera Twitterra osea nik erabiltzen dut tresna bezala, eta enteratzen zara guztiaz, oso bizia.

Artzai Gaspar (Zirauki, 1997):

-Bai hori egia, horren kasuan egia esan tresna… bueno segun erabilera ez, baino adibidez informatzeko ta albisteak eta… modu horretan erabiltzen baduzu bai, ongi dago.

Patxi Castillo (Bera, 1992):

-Igual Twitterren edozer gauza idatzi behar baldin badut, ikusten dut Twitterra hain… betia dagoela gauza erdaldunez esaten dutela “hemen falta dire euskerazko esaldiak” eta orduan kontzienteki jartzen ttut euskeraz nahita. Saiatzen naiz gainera euskera ahalik eta garbien jartzen, nahiz eta nik berez horrela ez solastu, ez?

Fariba Sheikhan (Gernika-Lumo, 1988):

-Normalien izenburuek jartzen detez bai euskeraz bai gaztelaniaz  batez be euskeraz eta gaztelaniaz eta inglesez.

Garazi Lopez de Uralde (Getxo, 1988):

-Nik uste dot gaur egun euskara sare sozialetan egotea beharrezkoa dala, azken finean gazteek, ez hain gazteek, egunerokotasunean erabiltzen dituzte, bai Facebook-a euskaraz eukitzeko aukera edo Gmaila edo dena delakoa ba da pizgarri bat ba haien egunerokotasunean euskara erabiltzeko.

Andere Gonzalez (Getxo, 1988):

-Bai, badauz, adibidez aurrerapausoak in dizenak, ba Twitter euskeraz, edo hashtag traolak ezberdin jartziena, eta jo ba ETBk be bai jartzen dauz ba traolak erabiltzen diz ta holako… ba txiokatu hau, beste hau… bai, bai, egie da. Gero realidadean igual ez dot ikusten erabiltzen danik. Ez dakit nik benetan erabiltzen dan edo ez. Igual gure adineko jenteangan igual gehiau, kontzientzia gehiau dauelako baina igual ez hainbeste gaztiengan. Ez dakit. Adibidez, esango baetzen “bitu, ikastolan zauzen bakoitzien erabili ahal dozuz sare sozialak baina euskeraz”. Seguro esango ebela: “Tomaa! Estupendo, bale. Jarriko euskeraz. Nahi dozun beste!”.

Ane Garai (Bilbo, 1987):

 Nik adibidez Twiter ez dekot baina Facebook bai baia bueno, Facebooken erabilten dot bai euskara, erdera, ingelesa… depende, igual eske gure dotena ez dakit, ekarri badot gogora Mejikoko lagun bet ba erderaz ipiniko dot. Norekin lotura dakon ba orduan erabiliko dot hizkuntza bat ala bestie, baina normalian gehienbat euskeraz. Azkenien nik nire… ta beti igual zeuzer idazteko… agenda, adibidez, zeuzer idazteko dana euskeraz eitten dot.

Beñat Arruti (Usurbil, 1993):

-Bai, osea nere mobila euskeraz dakat, Facebooka euskaraz dakat, Instagrama egia esateko ez dakit nola dakaten  baina bueno, da igual, osea nik nere zea guztik euskeraz, iruzkinak eta zea danak euskeraz idazten ditut.

Patxi Castillo (Bera, 1992):

-Baina bueno, gero ya pertsonekin pues WhasAppez edo Facebook bidez edo, zure parian nor dagon, harekin egingo duzu euskeraz edo erderaz. Normalian euskeraz, hori bai. Bai.

Ane Garai (Bilbo, 1987):

-Eta gero WhatsAppa ba berbaz itten dogun moduan, ez? Ba igual Olatzeri euskeraz idatziko dotsat, baia ez dakit nori igual erderaz, azkenian ohitturian arabera. Momentuan arabera, pertsonan arabera, puf…

Olatz Arriola-Bengoa (Bilbo, 1986):

-Hitzezko hzikuntza, dena den, ez? Nik zuzen esan nahi dut idazten dizut letra guztiak, normalean ez ditut denak jaten, baino bueno gero ba aditzak jokatzeko ba hitzez esango nioken bezela. Igual gero idatzi idazlan batean ez nuke horrela idatziko. Baina bueno ba askotan ba hizkuntza idatzia eta hizkuntza ahozkoa ez delako berdina… edo guretzako ez dogulako berdin erabiltzen.

Maialen Chantre (Bera, 1991):

-Euskaraz, bai. Eta nabaritzen dut igual solasteko orduan gazteleraz aritzen den jende aunitz WatsAppetik euskaraz aritzen da. Ta igual segun ze entornotan edo  aurrez aurre gaudenikan gaztelera gailentzen den tokitan idatziz bai euskara gehiago mantentzen dela.

Patxi Castillo (Bera, 1992):

-Igual da eskolen kontuagatik, ez? Beti ohitura hartu duzu idatzi… idazten duzun gauza bakarra euskaraz izatea… solasteko erderaz iten ahal duzula baina idatzi beti idatzi izan duzu euskeraz, eta euskeraz bukatzia.

Imanol Epelde (Zarautz, 1977):

-Orain adibidez kuadrilan ta ez gea danok batera askotan eoten baina WatsAppian danok gaude, orduan WatsAppian ze hizkuntza nagusitzen da, ez? Orduan e… euki ditugu gorabeherak eta hola baina euskera nagusitu da guztiz, nahiz eta hor egon madrildarra, nahiz eta hor egon bilbotarrak-eta euskeraz zerbait ulertu bai baina iteko zailtasunak dituztenak… haiek erderaz iten dute eta guk euskeraz.

Jonas Ormabera (Hondarribia, 1987):

-WhatsAppa  da herramienta kristona neretzat. Pos lehen esan duguna, ligatzetik adibidez, ez? Pos telefonoa gordetzen baduzu… Pos hurrengoan posible dezu idatzi WatsApp bat.

Ainhoa Basterra (Astigarraga, 1991):

-Baino zerbait hola urgentea baldin bada, ta badakizu igual besteak ez duela erantzungo, ezin duela, edo irakurtzen badu ta ez du erantzun, bua, haserretu baino lehen, nik, nire ikuspuntutik e, hartu deitu, eta arazo gutxiago, diskusio gutxiago, errezago, ez dakit…

Jonas Ormabera (Hondarribia, 1987):

-Bai, gaizki-ulertuak milaka daude, eta sentimentuak ere dira hotzagoak. Azkenean, sentimendu bat, ez da… (ez da berdina esatia aurpegira edo esatia…) Klaro, aurpegira demostratzen duzu ez bakarrik hitzekin, demostratzen duzu gorputz guztiyakin eta…

Lidia Sanchez (Astigarraga, 1990):

-Sare sozialekin uste dut kontuz ibili behar dela, ez? Zein datu sartzen dituzun, nola erabiltzen duzun, zeinekin hitz egiten dezun… (Zer esaten dezun…) Hori da. (Zer idazten dezun…) Azkenean horrek’e bai niri behintzat mesfidantza puntu bat ematen dit.

Jonas Ormabera (Hondarribia, 1987):

-Azkenian esaten dire gauza asko gero igual aurpegiz ez zenituzkenak esango, eta hori da txarra.

Menpekotasuna?

Pettan Prebende (Donapaleu, 1986):

-Puf, telefonoarena aski beldurgarria. Bo, denok telefonoa badugu, eta nik ere batzutan telefonoaren erabilpena… soberakina edo. Beti horrekin gira eta.

Lur Arbizu (Artazu, 1993) eta Artzai Gaspar (Zirauki, 1997):

-Sartuta gaude horretan, ez?

-Erabat.

-Egun osoan mobilarekin edo sare sozialak edo...  Bai.

-Osea nik uste dut egunerokoan sartu dela ta ya ez dela… osea, ez da igual zaletasun bat baizik eta bizitzan sartu den gauza bat, en plan…

-Ya da ohikoena edo.

Ainhoa Basterra (Astigarraga, 1991):

-Telefonoa, osea, orain dena daukagu hor, bai WhatsApp, Facebook, dena… ordun beti telefonoakin. Ni neu gutxienez, ni eta nere ingurukoak beti telefonoarekin. (Bai nik’e bai telefonoarekin…) Eta etxean ere. Guk pixuak ditugu, “ai goran dakat telefonoa!”, ba gora korrika.  Hartu telefonoa…

Jonas Ormabera (Hondarribia, 1987):

-Askotan konturatzen naiz dependientea naizela horrera: nago denbora… askotan amakin sofan onduan, eta ni mobilean eta hitz egin gabe eta ari naiz beste hamar pertsonakin hizketan, amakin hitz egin beharrean baiño.

Beñat Altzelai (Leitza, 1999):

-Etxen ta hola beste deus ez daonez itteko beti… azkenen automatikoa bezela itten da, mobila hartu o WatsAppa beittu edo holako gauzek. Ate dien holako beste gauzek, sare sozial hoitatiken, buelta bat eman ta hola.

Axier Unanue (Hondarribia, 1987):

-Lehen, adibidez, edozein gauza iteko jartzen bazenun ordutegi bat, ordutegi hori mantenduko zan, gaur egun, berriz, dauden teknologiagatikan ba igual “ba ez, ez naiz ailegatuko” edo “aldatzen dugu”, azkenin edozein momentutan badakizu zure ordutegi hori edo zita hori aldatuko dela.

Jonas Ormabera (Hondarribia, 1987):

-Eske zuk hitza eman baduzu hamabitan geldituko zerala zergatik hamabiak bost gutxitan posible duzu hitz hori galdu? Baduzulako herramienta? Ba ez.

Lidia Sanchez (Astigarraga, 1990):

-Baino bueno telefonoa edo mugikorra eskutan badaukazu, ni behintzat lasaiago ibiltzen naiz.

Jonas Ormabera (Hondarribia, 1987):

-Nik uste dela pixkat tokatu zaiguna, posible dugula mugatu? Bai. Posible dugu mugatu, biño gustatzen zaizkit azkenean. Argazkiak ikusi, jendiari zer gustatzen zaion, Facebookean adibidez, Instagramean jendeak ateratzen ditun argazkiak, jendearekin hitz egin. Neri hitz egitea gustatzen zait.

Lidia Sanchez (Astigarraga, 1990):

-Gertatu daiteke telefonoarekin atea ta gero bateriarik gabe gelditu, ez? Ba bueno beste bide batzuk daude, ez? Beste neurri batzuk, kabinak bueno kabinak, bai…

Ainhoa Basterra (Astigarraga, 1991):

-Bai, bai, badaude, existitzen dia. 

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza