Euskaraz bizi nahia eta ahaleginak. Horixe da bideo honen oinarria. Euskaraz bizi nahi duten eta hirietan edo eremu nahiko erdaldunetan bizi diren hainbat pertsonaren testigantzekin osatuta dago.
Mailak: DBH
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Euskara eta Literatura
Gaiak: Euskara, Aisialdia
Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:
Bideoa ikusi aurretik:
-Posible al da hemen ehuneko ehunean euskaraz bizitzea? Non bai/ez?
-Euskaraz bizi nahi al duzue? Zergatik bai/ez? Eman arrazoiak.
-Lehenengo hitza zer hizkuntzatan egiten duzue normalean?
Bideoa ikusi bitartean:
Bideoa ikusi ondoren:
-Zuek bizi izan al duzue bideoan kontatu dituzten esperientzien antzekorik? Kontatu.
-Koherenteak zarete esaten eta egiten duzuenarekin?
-Euskalduna izatea nekagarria dela diote bideoan. Ados zaudete?
-Diferentea da herri txiki batean ala hirietan bizi? Eremu euskaldunetan eta erdaldunetan?
-Leku batzuetan zailagoa da euskaraz egitea? (Banketxe batean, adibidez)
-Egoera deserosoa al da ez dakiela uste duzuen pertsona bati euskaraz egitea? (Beldurrak, konplexuak…)
-Erantzun txarrik jaso duzue inoiz, euskaraz egiteagatik?
TELP ikastaroaren berri eman, ezagutzen ez badute, zer den eta zertarako den azaldu.
Esne Beltza musika taldearen Euskaraz bizi nahi dut abestia erabil dezakete oinarri moduan (ikus beste bertsio hau ere).
Jarrai daitezkeen pausoak:
Galderak denen artean prestatu, eta elkarrizketak bideoan grabatzea gomendatzen dugu (grabazioak egiteko, ikus jarraibideak). Aukera bat: gero grabazioak Ahotsak.eus artxibora bideratzea (adibiderako, ikus: Donostiako ikastetxea eta Lekarozko institutua).
Jarduera hau binaka edo hirunaka egin daiteke. Hona hemen gidalerro posible batzuk:
Antzinako historia:
-Noiztik hitz egiten da euskaraz?
-Ba al du seniderik? Euskara beste hizkuntza batzuekin lotzen duten teoriak
-Non hitz egiten zen? Eta gaur egun? Bilakaera aztertu
Historia hurbila:
-Frankismo garaiko zapalkuntza
-Euskararen aldeko mugimenduak eta lanak: hezkuntza, aisialdia, komunikabideak, euskaltegiak…
Talde txikietan egiteko moduko jarduera da. Informazio-bilketa egin ostean, ahozko aurkezpen bat egitea proposatzen dugu, eta horretarako teknologia berriak erabiltzea (adibidez: Prezzi).
Ebaluazio-irizpideak:
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, erabil ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
-Ea gaiak bere interesa piztu duen.
-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.
Ikaste-prozesuari buruz
-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.
Bere komunikazio-gaitasunei buruz
-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.
-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.
Talde-lanari buruz
-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.
Irakasleak aintzat har ditzakeen ebaluazio-irizpideak:
-Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.
-Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.
-Ea euskalkien aberastasunaz jabetzen den. Eta (2. mailan) ea aztertzen eta balioesten duen hizkuntza estandarrak eta euskalkiek euskararen iraupenean eta transmisioan duten funtzioa.
-Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.
-Ea identifikatzen dituen euskararen eta gaztelaniaren arteko ukipen-egoeraren ondorioz sortutako fenomenoak, eta egoera zehatzak aztertzen dituen (2. mailan).
(2. mailan) Ea errealitate soziolinguistikoa ikuspegi kritikoz interpretatzen duen eta euskararen normalizazio-prozesuarekiko konpromisorik agertzen duen.
-Ea bideoa behar bezala ulertu duen eta ulertu ez duena argitzen saiatu den.
-Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak.
-Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.
-Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.
-Ea bere diskurtsoan egokitzapenarekin, tonuarekin, keinuekin, gorputzaren jarrerarekin edota kortesia-arauekin lotutako alderdiak erabiltzen dituen.
-Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen, arrazoituz.
-Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.
-Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen.
-Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei.
-Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.
-Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.
-Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.
-Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.
-Ea autoebaluazio- eta autozuzenketa- estrategiak erabiltzen dituen ahozko erabilera hobetzeko.
-Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.
-Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.
-Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…).
-Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak.
-Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen.
Ane Pedruzo (Gasteiz):
-Ehuneko ehunean euskeraz bizitzea ba ez da erreza baina gero eta errezagoa da ere bai.
Alaitz Bengoetxea (Irun):
-Bai ahal dela, ahal ahal da.
Olatz Bengoetxea (Irun):
-Bueno, ehuneko ehunean ez dakit.
Alaitz Bengoetxea (Irun):
-Ez, ehuneko ehuna ez baina nik tabernetan beti euskeraz eskatzen dut eta, nahiz eta erdalduna izan, ulertu egiten dit. Ez badu ulertzen, ya pasatzen naiz erderara. Dendetan berdin.
Ane Pedruzo (Gasteiz):
-Ahalegina egin behar duzu, zure partetik. Ni adibidez orain, bueno, daramat urte pare bat hiru urte, dendetara noanean, tabernetara, saiatzen naiz lehenengo hitza euskeraz egiten eta oso sorpresa politak eramaten dituzu; eta joan okindegi batera eta lehenengo hitza euskaraz egin, eta ikustea zure atzeko gizonak ere entzun duela, eta egiten duela… ba da kriston poza! Esaten duzu: beitu, zure mikroan baina eragiten zaude, ez?
Karmele Jaio (Gasteiz):
-Ta nik uste dut, Gasteizen gertatzen da Gasteiz barruan ere Gasteiz asko daudela, eta gauza bat da alde zaharretik ibiltzea, eta alde zaharrean edo bueno, ba, irtetzea eta bueno, nik uste dut euskeraz egin dezakezula, eta pixkat bermatuta daukazula ba ulertuko dizutela eta abar. Baina joan zaitez beste auzo batzuetara, eta… diferentzia haundiak daude oraindik, ez?
Jordi Serra (Gasteiz):
-Agian hemen, Gasteizen, euskera entzun daitteke batez ere alde zaharrean, ez? Ba justo alde zaharrean ni ez naiz gehiegi ibiltzen, baina lagunekin bai mugitzen garela ba hoixe, ez? Taberna batetik bestera ta hola ibiltzen gara batzutan. Ba orduan, taberna horietan ere, ba beti lehenengo hitza euskaraz da. Ta bueno ulertzen ez badigute, orduan bai egiten dugu ez ahalegina hizkuntza aldatzeko, ba, bestela ez e, bestela ez dugu izaten arazorik, eskatzen dugunerako ba tabernari guztiek ulertzen digute eta arazorik gabe.
Iker Mundiñano (Iruñea):
-Ez dut uste gaur egun guztiz euskaraz bizi gaitezkeenik, ez dut uste, ez dut uste zeatik administrazioarekin ditugun harremanetan, dendari askorekin ditugun harremanetan, udaltzaingoekin haiekin ditugun harremanetan… eremu askotan Iruñeak edo gizarteak berak eskatzen dizu gaztelera, eta nik uste ez dela egongo Iruñean egun osoa euskaraz egiten duenik. Egongo da baten bat akaso, baino ez dut uste.
Olatz Arriola-Bengoa (Bilbo):
-Nik uste dut hiri batean, gure kulpa da askotan, e, baina esaten dugu: jo, eske herri batean askoz errexagoa da euskeraz egitea… ze ba igual dendariak euskeraz daki eta ez dakit-zer. Bilbon aitzakia hori jartzen dugu eta askotan gure errua da ze guk ez dugu lehenengo hitza euskeraz egiten eta ez gara konturatzen gero eta jende gehiagok dakiela!
Ane Garai (Bilbo):
-Bai. Ta sarritxen, depende nora, ez? Esaten dozu: bankora, ez naz joango euskeraz… zegatik ez?
Mikel Urdangarin (Gasteiz):
-Egia da Gasteizen euskaraz bizitzeak eskatzen dotsula ahalegin bat. Ohetik altxa eta arpegia garbitu aurretik esan biha dotsazu zeure buruari: “Mikel, ahalegindu zaittez euskaraz bizitzen gaur ere bai”. Esan nahi dot: “Joan zaittez bankura eta lehenengo hitza euskeraz… integratu euskera zure eguneroko bizitzan”, erdaraz bizi dan batek egin behar ez dauen ariketa. Eta euskaraz bizi nahi dugunok egunero egin behar duguna eta oso-oso nekagarri bilakatu laikena.
Ane Pedruzo (Gasteiz):
-Bai, askotan ematen du ba guk dugula ardura guztia eta gu joan behar gara, eta lehenengo hitza eta badaude egunak ez duzunak egin nahi eta zaudela nekatuta edo haserre eta ez duzula gogorik ba horrelako batean sartzeko, ez?
Edurne Azkarate (Oion):
-Askotan sentitu izan dut nekea, edo pentsatu izan dut: joder, eske zergatik izan behar da hain zaila? Osea, ze zaila dan euskalduna izatea, ez?
Mikel Urdangarin (Gasteiz):
-Euskaldun izateak esfortzu bat eskatzen dau. Hemen, Euskal Herri osoan. Herri batzuetan gutxiago, beste batzuetan gehiago.
Olatz Arriola-Bengoa (Bilbo):
-Bai, askotan ematen du lotsa ematen digula guri lehenengo hitza euskeraz egiteak eta eske lotsa ez dakienak pasatu beharko luke eta ez guk,ez? Osea ematen du Zuk egiten diozu euskeraz eta ez dizunez ulertuko “ai ze lotsa ez didala ulertu”. Ez, ez. Agian berak jakin beharko luke. Edo ez. Baina bueno ez da ezer pasatzen. Zu zoaz euskeraz eta ez badaki ba erderaz iten diozu eta punto.
Andere Gonzalez (Getxo):
-Gu mugitzen garen tabernetatik egia da eskatuten zule euskeraz eta atenditzen dotsuela ondo, bai, osea atendiduko dotsue normalean euskeraz edo ez badau ulertzen saiatuko da edo holako zeozer… baian gure inguru hortik urtetzen bazara nik uste dot erdera dekozule, orduen jo, ba puntu amorru hori… badekozu azkenean, joe.
Garazi Lopez de Uralde (Getxo):
-Gainera, taberna batera joatea eta Coca Cola bi eskatzea eskatzea eta askotan “No te entiendo” ta “nola ez dozula ulertzen? 2 eskuagaz egin badotsut? Ta holako amorru puntu bet. Apur bat frustrantea da.
Ane Pedruzo (Gasteiz):
-Niri inoiz gertatu zait, taberna batean: “Laranja zuku bat”. Eta tabernariak: “¿Qué?”. “Laranja zuku bat. Laranja, zumo?”. “¡Si quieres te hablo en chino!”. Horrela, e. Eta orduan ya sartzen zara, pixkat berotzen zara, ez? “No, es que aquí no se habla chino pero euskera sí. Y te he dicho laranja”, laranja, barkatu, baina hori ulertzen da, “eso se entiende”. “No, no, pero yo si quieres te puedo…”. Eta ya esan: “Mira, ¿sabes qué? No me pongas nada. No quiero nada. No pasa nada. Eskerrik asko. Agur”. Eta zoaz kalera, eta esaten duzu: “Bueno, ba beitu! Beste ondoko taberna honetara noa”. Zenbat taberna daude Gasteizen? Pillo bat!
Ane Garai (Bilbo):
-Nik normalean itten dot euskeraz eta oin batez be horretaz… bueno, oin… azken urteetan horretaz konziente izan nazelako eta esan dot “ez, ez, ni euskeraz joango naz”. Gura badost berak erderaz eiñ eta ni euskeraz ulertu, perfekto.
Ane Pedruzo (Gasteiz):
-Ondo pentsatuta, zer? Bueno ba arazoa ez da zurea , berea da. Hasteko, ez daki hemen ofiziala den hizkuntza bat, ari da galtzen mundua ikusteko beste modu bat, nerekin enpatizatzeko aukera bat galdu du ere bai, eta ez naiz jarriko berarekin eztabaidan, uste dudalako… bere argudioak… ez dakit, ez dugu maila berean eztabaidatuko. Orduan, erantzun txar bat? Bale ba beitu, ez naiz berriro bueltatuko. Eta bazoaz eta ya esta! Ez? Harrotasun horrekin ere bai, e.
Jordi Serra (Gasteiz):
-Ba hoixe: erosketak egiteko orduan, adibidez, ba nik ya saltoki batzuk dittut ba justo euskaldunak dienak eta han egiten dittut erosketak. Bai, eta klaro ba jakinda euskaraz egitten dotela ba horixe, euskaraz egiten didate eurek ere. Ta orduan, ba horixe, harreman hori daukagu ta hizkuntza honetan.
Ane Pedruzo (Gasteiz):
-Nik aukeratu dut euskeraz bizitzea eta gainera izan da zerbait progresiboa, ez da izan betiko kontu bat. Eta harro nago ere ba bere garaian klik hori sentituz izanaz ze hori ba… eskolan euskaraz ikasi nuen, unibertsitatean ere bai, baina nere euskararen erabilera mugatzen zen arlo batzuetara. Agian ikasketetara, lagun batzuekin egiten nuen euskaraz… baina egunerokotasunean gazteleraz bizi nintzen. Eta beti izan da oso gaizki eraman izan dudan gauza bat, zeatik sentitzen nintzen oso inkoherentea. Esaten nuen “joe, ni euskalduna naiz, noa hortik aldarrikatzen euskalduna naizela, baina gazteleraz, ez?”.
Ane Garai (Bilbo):
-Egin bihar doguna da apur bet, Billbo mailan batez be, apur bet ba saiatu normalizatzen edo apur bet arlo guztietara eroaten, ez, euskera? Ez bakarrik umeakaz. Ba bankoan, tabernan, edozein lekutan.
Ane Pedruzo (Gasteiz):
-Nere ustez poztasun gehiago ematen ditu atsekabeak baino. Orduan, ehuneko ehunera iristeko bide horretan, uste dut horrelako jarrerekin ba bagoazela bidetxo hori egiten, ez?
Alaitz Bengoetxea (Irun):
-Egin egin daiteke, ze nik uste gero eta gehiago garela dakigunak.
Olatz Bengoetxea (Irun):
-Edo ulertu behintzat, ez?
Alaitz Bengoetxea (Irun):
-Ulertu, hori da. Edo onartzen dugunak beste hizkuntza bat dagola ta saiatu batzuk ba “kaña bat” esaten badezu ba “kaña bat” edo eskerrik asko edo agur eta kaixo beti euskeraz.
Ane Pedruzo (Gasteiz, 1985):
-Eta ez baduzu egiten, ez duzu jakingo erantzun txar bat izango duzun, ez duzu jakingo erantzuna ona izango den, ez duzu identifikatuko euskaldun berri bat toki horretan… Orduan, egin behar da!
Lotura duten bideoak
-Euskararen egoera gerraostean:
Gerraostea: euskararen zapalkuntza
Gerraosteko ikastola klandestinoak
Euskararen transmisioaren etena
-Gaur egun:
Euskalkiak hezkuntzan eta hedabideetan