Gerra, ume eta gaztetxoen begietatik

"Zer da gerra?" izeneko dokumental labur honen helburua gerra umeen begietatik erakustea da. Horretarako, 1936ko gerra garaian ume eta gaztetxo zirenen lekukotasunak erabili ditugu, eta gaur egungo gaztetxoen testigantzekin batu.

Mailak: DBH, LH, Batxilergoa

Ikasgaiak: Euskal Herriko Historia

Gaiak: Oroimen historikoa

4 puntu 5 izarreko maximotik
142 iritzi guztira

Batzuetan iruditzen zaigu adineko jendearen bizitza zuri-beltzekoa izan zela, antzinako filmak bezalakoa. Eta zaila gertatzen zaigu haiek ume garaian irudikatzea. Dokumental honetan gerra garaian zuten adina jarri dugu, eta adin horietako gaur egungo ume eta gaztetxoak ere grabatu ditugu, kontraste gisa. Zein desberdinak izan ziren batzuen eta besteen bizitzak... eta hala ere, umeak beti ume. 

Gaur egungo ikasleei gerra zer den azaltzeko balio du bideo honek, pentsarazteko. 1936ko gerraren ondorio latz haiek ezagutu ditzaten, eta sasoi bateko ume/gaztetxo haien lekuan jar daitezen, "adinkidea" izateak ematen duen gertutasunetik. 

 

Bideoa ikusi aurretik:

1.  Gaiaren aurkezpena egingo dugu. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu.

2.  Gerra izango dugu hizpide:

-Hemen egon al da gerrarik? Noiz? Zer gertatu zen?

-Entzun duzue gerrako konturik etxean?

-Posible ikusten duzue gerra etortzea?

-Zer egingo zenuke gerra baldin badator?

-Gaur egun munduan zein tokitan daude gerran? Zergatik?

Bideoa ikusi bitartean:

1.  Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2.  Euren arreta erakarri duten pasarteak gogoan hartu.

3.  Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu.

4.  Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztia barneratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren:

1.  Ulermena ziurtatu. Zalantzak argitu.

2.  Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-Zer sentitu duzue bideoa ikustean? Ezerk harritu al zaituzte? Eta hunkitu? Eman iritzia.

-Lortu al duzue bideoan agertzen diren adinekoak (1936ko gerra garaian ume zirenak) ume moduan irudikatzea? 

-Zein dira gerrak dakartzan ondorioak? Gerra denak antzekoak al dira? Eztabaidatu. Iritziak jaso.

-Zer gertatu zen hemen, gure herrian, gerra garaian?

 

Lanketa posible batzuk: 

Hainbat ekoizpen gara daitezke. Hiru adibide (ikasleek aukeratu dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere edo proposamen bat baino gehiago egin):

  • Zu zeu elkarrizketatzaile”. Ikasleak kazetari bihurtuko dira, ahozko ondasunaren biltzaile. Talde txikietan banatu (2-3 kide), eta talde bakoitzak adineko euskaldunen bati (amona, aitona, bizilaguna, familiako ezaguna...) elkarrizketa egingo dio, eta 1936ko gerrari buruzko bere esperientzia kontatzeko eskatu: zer gertatu zen bere herrian, bere familian... Elkarrizketa bideoan grabatzea gomendatzen dugu (ikus jarraibide orokorrak), gero ikasgelan ikusi ahal izateko, eta komenigarria litzateke elkarrizketatuari argazkia ateratzea ere. Ikasleek aurkezpen txiki bat prestatuko dute (elkarrizketatuaren biografia laburra, adibidez; nondik ezagutzen duten, etab.), bideoa erakustearekin batera ikaskideei azalpenak emateko. Jasotakoarekin, hainbat lanketa egin daitezke ondoren ere. Hiru aukera:
  1. Grabazio guztietako pasarte onenekin ikus-entzunezkoa(k) prestatzea, sare sozialen bidez ikastetxean zein herrian zabaltzeko (lan hau egiteko bideoak editatzeko programaren bat ezagutu behar dute eta ereduak eman beharko zaizkie).
  2. Bildutako testigantzak idatziz jarri, eta ondoren ikasleak narratzaile gisa jardutea, irratsaio bat sortuz. Sustatuko duguna: herriko hizkera erabiltzea, naturaltasunez eta adierazkortasunez. Adibide gisa, ikus Leitzako irratsaio hau.
  3. Ederra litzateke gero grabazioak ahotsak.eus  artxibora bideratzea (adibiderako, ikus Donostiako San Ignazio ikastetxeko proiektua).
  • “Testigantza bila”Gerrako Ahotsak webgunean testigantza mordoa dauzkagu gerrari buruz. Ikasleek testigantza bana bilatu beharko dute webgunean (banaka edo 2-3 laguneko taldeetan). Herrikoa bertakoa edo beste herriren batekoa izan daiteke, baina testigantza esanguratsua izan dadila. Transkripzioa daukan bat aukeratu dezakete, errazagoa gertatzeko. Zer egin ondoren? Aurkezpen txiki bat presta dezakete. Lehenengo, elkarrizketatua aurkeztu eta bideo pasarte hori zergatik aukeratu duten azalduko dute, gero bideoa ipini eta iritzia emango dute. 
  • “Mundu zabalean”. Gaur egun munduko toki askotan daude gerran. Taldeka jarrita, munduko gerren errepasoa egingo dugu. Talde bakoitzak gerran dagoen herrialderen bat aukeratuko du, eta ikerketa egingo du: nola sortu zen gerra, zergatik, errefuxiatuen egoera... Aurkezpen txiki bat prestatuko dute, jasotakoa ikaskideekin partekatzeko.

Beste aukera bat: errefuxiatuekin lan egiten duen erakunderen bateko ordezkaria gelara eramatea, eta ikasleek elkarrizketa egitea (aurrez galderak prestatuta); ondoren, idatziz jarri (egunkarietako elkarrizketen ezaugarriekin: argazkia, azgazki-oina, titularra, azpititularra...) eta ikastetxean ezagutarazi dezakete. Bideoan grabatuz gero, ikus-entzunezkoa sare sozialetan zabal daiteke.

Gerrari buruzko bideo gehiago ere baditugu. Adibidez hauxe (ikus gehiago testuingurua atalean):

Euskararen kontrako neurriak

 

 

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza