Antzinako garraioei buruzkoa da bideo hau, eta lekukoek gipuzkeraz dihardute. Garraioei buruz gehiago jakiteaz gainera, erdialdeko euskalkiaren edo gipuzkeraren ezaugarriak aztertzeko balio du.
Mailak: Batxilergoa
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Euskara eta Literatura
Gaiak: Garraioak
Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:
Bideoa ikusi aurretik:
Gaiaren aurkezpena egingo dugu. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu.
-Zer dakizue erdialdeko euskarari edo gipuzkerari buruz? Non hitz egiten da? Zer ezaugarri ditu?
-Gipuzkera imitatu nahi izanez gero, zer hitz erabiliko zenituzkete? Baduzue erreferentziarik? Saiatu imitatzen!
-Zer iritzi duzue gipuzkerari buruz? (Ulerterraza/ulertzeko zaila, polita/itsusia…)
Ikusiko dugun bideoa gipuzkeraz da, eta sasoi bateko garraioei buruzkoa, gure aitona-amonek ezagututako garraioen ingurukoa, hain zuzen.
-Zer garraio uste duzue agertuko direla? Zeintzuk ezagutzen dituzue? Bota!
Bideoa ikusi bitartean:
Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin gehien ateratzeko.
Bideoa ikusi ondoren:
-Ulertzeko arazorik izan al duzue ?
-Zer ezaugarri ditu gipuzkerak?
-Hizkera aldetik, zer nabarmenduko zenukete? Berdin hitz egiten al dute bideoko guztiek? (Batzuek 'zaldiya', 'ebiya', 'kamiyua'... azkoitiarrak eta zumaiarrak 'dilijentzixa/e').
-Zertan dira desberdinak gipuzkera eta batua? Erreparatu diezue aditz-formei?
-Ezagutzen al zenituzten bideoan aipatzen dituzten garraioak? Kontatu zuek garai bateko garraioei buruz entzundakoak.
-Zer iruditu zaizkizue bideoan kontatutako anekdotak?
Tarteko hizkerak ohikoak izaten dira euskalkien mugetako herrietan eta ez da erraza izaten hizkera horiek euskalki batean edo bestean sailkatzea, bietatik jasotzen baitituzte ezaugarriak. Nafarroako zenbait herritako hizkerek, esaterako, gipuzkeraren ezaugarriak dituzte (ikus gipuzkeraren sortaldeko azpieuskalkiko herriak). Hori dela eta, tarteko hizkeratzat hartzen dira, euskalki-nahasketa dutelako.
Gipuzkoako Bidasoako herrietako hizkerek, berriz, nafarreraren eta nafar-lapurteraren eragina dute (adibiderako, ikus Hondarribiko Ahotsak). Tarteko hizkeratzat hartzen dira horiek ere.
Ikus dezagun mapan tarteko hizkerak zeintzuk diren eta Gipuzkoako zer eskualde ez dauden kokatuta gipuzkeraren barruan (Koldo Zuazoren mapa da; informazio gehiagorako, ikus Zuazoren euskalkiak.eus webgunea ere):
Gipuzkeraren mapa
Iturria: Wikipedia
3. Azken ekoizpena: Hainbat ekoizpen gara daitezke. Lau adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin dezakete.
Gipuzkeraz | Nola da euskara batuan? | ||
Lexikoa | Euskalkiko hitzak | ||
Aldaerak | |||
Aditza eta morfologia | |||
Fonetika (bideoa berriz entzun) | |||
Sintaxia |
"Lexikoa" atalean, hitzak eta aldaerak bereiztea komeni da:
3-4 ikasleko taldeetan ipinita, ikasleak taulan ahalik eta hitz gehien jartzen saiatuko dira. Eskuz beteko dute taula.
Talde bakoitzean bozeramailea eta idazkaria izendatuko dituzte, eta ordenagailu bat izango dute (Wifi konexioarekin). Irakasleak gdoc bat sortuko du taula huts batekin, eta dokumentu horretan aldaketak egiteko baimena emango die taldeetako idazkariei.
Taldeek lana amaitzen dutenean, guztien lana bateratuko da: talde bakoitzeko bozeramailea jasotako hitzak esaten joango da, eta idazkariak gdocs-en partekatutako taulan apuntatuko ditu. Pantaila handian ipini daiteke gdocs-eko taula hori, denek ikusi ahal izateko.
Ondoren, lexikoan jarriko dugu arreta. Berriro ere taldeka jarrita, taulako hitzen sinonimoak topatuko dituzte, ahalik eta gehien (adibidez: arrunt = arras, oso, zeharo, guztiz, txit). Eta aldaeren kasuan ere berdin: ahal den aldaera gehien (forma guztiak onartuko dira aldaeratzat (adibidez: zenbait, zonbait, zonbeit, zomeit, zumait....). Horretarako, Ahotsak-eko Corpusa eta Orotariko euskal hiztegia baliagarri gerta litezke.
Zer egin batutako hitzekin? Lexiko eta aldaerekin karta-jolasa sortu dezakete: hitz bikoteen zerrenda bat egin dezake talde bakoitzak eta, ondoren, hitz bakoitzarekin karta bana sortu. Kartoi-mehea erabili dezakete horretarako. Posible da bikote bakoitzak marrazki bera izatea.
Nola jolastu? Karta guztiak buruz behera ipini, eta jokalari bakoitzak bi kartari emango die buelta. Jasotako kartek bikotea osatzen badute, beretzat hartuko ditu eta, bestela, berriz lehengo lekuan utzi beharko ditu. Orduan, hurrengo jokalariaren txanda izango da. Helburua ahalik eta bikote gehien eskuratzea izango da.
Bikoteen ordez hirukoteak osatu nahi badituzte (3 sinonimo/aldaera) ere posible da, baldin eta guztiak kopuru berekoak badira (denak hirukoteak). Kasu horretan, karta-jolasa beste bat izango litzateke, familien kartekin egiten dena gutxi gorabehera: karta guztiak banatu, eta galdetzen joan, txandaka: “Badaukazu 'Zonbait'?”. Baldin badauka, eman egingo dio. Ez badauka, hurrengoaren txanda da. Ahalik eta familia gehien lortzea izango da helburua.
Ez da komeni ikasle guztiek herri berak aukeratzea eta errepikatzea. Nola egin aukeraketa? Zer herri hautatu argi ez dutenentzat, aukera bat da Gipuzkoako herrien zerrendara joatea eta bideoa igota duten herriak zeintzuk diren begiratzea. Ikurra agertzen da horrelakoetan.
Tarteko hizkeraren bat ere aukeratu daiteke, nafarreraren edo bizkaieraren eragina duena (adibidez, Lezokoa, Elgoibarkoa...). Kasu horretan, gipuzkeraren ezaugarriak identifikatu beharko dituzte.
Bukatutakoan, ikaskideei egindako lanaren berri emango diete, ahoz. Lehenengo, bideo pasarte hori zergatik aukeratu duten eta hiztuna nor den, nongoa -herria mapan kokatu-, adina, biografiako daturen bat... azalduko dute. Gero, bideo pasartea ipini, ikasgelan ikusi/entzun, eta identifikatu dituzten ezaugarriak zerrendatuko dituzte. Bukatzeko, iritzia emango dute jorratutako euskalkiaz -hizkuntzalaritzaren ikuspegitik-, hiztunari buruz, lan-prozesuari buruz... Ikasle bakoitzak erabaki dezala.
ESKEMA POSIBLE BAT |
|
Jolasteko modua eta arauak ikasleek beraiek asmatuko dituzte; talde bakoitzak bereak (harrapaketa-jolasa, lasterketa, adimen-jolasa... nahi dutena izan daiteke). Jolastu egingo dute, eta hala jolasa ebaluatzeko eta hobetzeko aukera izango dute. Ondoren, jolasaren ezaugarriak eta arauak idatziz ipiniko dituzte, euskalki batean (talde bakoitzak bat aukeratu dezala, beste taldeetakoei esan gabe; ezin da norberaren euskalkia izan, graziarik ez lukeelako izango).
Beste taldeetako kideei euren jolasa nola den azalduko diete, ahoz. Inportantea izango da euskalki horretako ahalik eta hitz gehien erabiltzea, eta ezaugarriak nabarmentzea. Izan ere, beste taldeek zer euskalki den asmatu beharko dute. Ez hori bakarrik: jolasaren ezaugarriak-arauak errepikatu beharko dituzte, berriro esan, baina ez edozein eratara: beraiek aukeratutako euskalkia erabiliko dute.
Euskalkiak asmatzen trebeak baldin badira, denek jolastuko dute hiru jolasetan. Ariketa honen helburua euskalkiak lantzea, irudimena martxan jartzea eta ondo pasatzea da. Ariketa egitera kanpora ateratzea edo areto handi batera joatea komeniko litzateke.
Elkarrizketak egin aurretik, jarraibide orokor batzuk ematea ere komeni da. Lana egindakoan, talde bakoitzeko kideek aurkezpen txiki bat egingo dute, grabazioa erakustearekin batera, prozesua azaltzeko (elkarrizketatuaren biografia laburra, elkarrizketaren zergatia eta abar).
Ondoren, hainbat lanketa egin daitezke grabazio horiekin:
Ondo legoke grabazioak Ahotsak.eus-era bideratzea, ahozko ondarearen artxibora (adibiderako, ikus Donostiako San Ignazio ikastetxeko ikasleen proiektua).
5. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena/azalpena egingo dute ikasleek, gelakideei euren lanaren emaitzak ezagutarazteko. Horiek bideoz grabatzea interesgarria izan daiteke, irakasleak ez ezik ikasleek beraiek ere baloratu ahal izateko. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak.
Ebaluazio-irizpideak
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
-Ea gaiak bere interesa piztu duen.
-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.
Ikaste-prozesuari buruz
-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.
Bere komunikazio-gaitasunei buruz
-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.
-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.
Talde-lanari buruz
-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.
Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:
– Ea gai den zenbait erabilera-eremutako ahozko eta ikus-entzunezko testuak interpretatzeko eta balioesteko, eta horretan, ea bereziki kontuan hartzen dituen hezkuntzan eta hedabideetan sarri-sarri erabili ohi diren testuen funtzio soziala.
– Ea badakien ahozko aurkezpenak egiten eta ea gai den, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz, aldez aurretik prestatutako eskema bati jarraitzeko.
– Ea modu aktibo, erreflexibo eta pertinentean parte hartzen duen ikaskuntza helburu duten ahozko interakzioetan, eta horretan, ea gai den azalpenak eta argudioak modu pertinente eta egokian emateko.
– Ea gai den zenbait erabilera-eremutan erabili ohi diren euskarri digital eta analogikoko idatzizko testuak interpretatzeko eta balioesteko, eta horretan, ea bereziki kontuan hartzen duen azalpenezko testuek (1. mailan), pertsuasiozko testuek (2. mailan), iritzi-artikuluek eta zientzia-dibulgazioko testuek zer funtzio sozial duten eta zer balio transmititzen dituzten.
– Ea gai den, aldez aurretik egindako plangintza bati jarraituz, gaurkotasun handiko gaiei eta curriculumarekin, hizkuntzarekin nahiz literaturarekin lotutako gaiei buruzko idatzizko testuak zorrotz, argi eta akatsik gabe ekoizteko (azalpenezko eta argudiozko testuak, batik bat).
– Ea, testuak interpretatzean eta sortzean (hezkuntzan sarri-sarri sortu ohi diren azalpenezko eta argudiozko testuak batik bat), gai den hizkuntzaren planoei buruzko ezaguerak modu erreflexiboan identifikatzeko eta erabiltzeko.
– Ea gai den ikasturtean zehar landutako literatura-lan eta -pasarteetako edukiak interpretatzeko, eta horretan, ea erabiltzen dituen literatura-formei, -garaiei eta -egileei buruzko ezaguerak.
– Ea gai den, ikasturtean landutako garai eta mugimenduetako lanik adierazgarrienak irakurri ondoren, testu-iruzkin kritikoak egiteko.
– Ea badakien hizkuntza-aniztasunaren berri, eta ea gai den errealitate hori kontzeptu sozio-linguistikoak erabiliz kritikoki interpretatzeko.
– Ea gai den, informazioa bilatzean, aukeratzean, komunikatzean eta zabaltzean, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu autonomo, eraginkor eta kritikoan erabiltzeko.
– Ea gai den hizkuntzak ikastean tartean diren ikaskuntza-prozesuez gogoeta egiteko, eta horretan, ea baduen konfiantzarik bere gaitasunetan.
Garai bateko garraioak
Joxe Migel Olano (Donostia, 1937): Zuk kontun euki jende oso gutxik zutela ordun kotxia, e! Ta, ordun, jendia moitzen zan oso gutxi. Ez da oain bezela! Oain hartzen… edozein… Ez, ez.
Iñaki Arregi (Andoain, 1927): Gu kamiyuan futbolian ibiltzen giñan. Ta futbolian ez baloiakin, igual zean batzuk, trapukin indako katxarron bat eta… “Hi! Kotxia datorrela!”, hola, bat o beste, e! Hoi milla beatzirehun ta hogeita hamar berrogei tarte hortan behintzat iya kotxeik ez zan.
Anita Tolosa (Urnieta, 1941): Ez zan izaten ez kotxeik ta ezer ez zan izaten. Zerbaitt´e bihar baldin bazan, Atallua oiñez.
Patxi Maiza (Ordizia, 1933): Ni barrio hontaa etorri nitzanen bizi izatea, ba, ni ezkondu nitzen 67n eta barrio hontan zeren 1, 2, 3 kotxe eta nik ekarri non laugarrena.
Martin Zabala (Andoain, 1926): Gerra aurretikan automobil bat bakarra zan Andoaiñen. Ta bi kamioi.
Patxi Gabilondo (Ordizia, 1927): Kotxek ordun gutxi. Oso gutxi. Ordun oso gutxi. Kotxek noiz… oain hasi die asko! Gehiegi.
Luxio Aranburu (Andoain, 1936): Baiño izandu zan tipo bat oso… nunbaitt´e buru-azkarra ta badakizu ze esan zun? […] “Hemen egunetik egunera kotxe gehio zeudek, e! Oandiken ezautuko diau kotxe bat hemen dijuala eta bestea ya han azaltzen bestea, e! Ezautuko diau oandikan!” esan zun, e. Pentsa zazu, e. Ze aurreratuta. Karretera hontan. Hoi esaten dizut igual oan dala hirurogei urte. Hortxe, hirurogei urteko kontua. Asmatu zun, bai. Joe! Baiña ikusten zun harek etorkizuna nola zetorren, e!
Felix Durandegi (Donostia, 1937): Gu, adibidez, ni gaztetan Hernania ta Usurbilea ta batea eta bestea bizikletaik ez zeon… ez bazeon, ba, oiñez juten giñan. Eta bi aldiz pentsatu gabe, gaiñea!
Gumer Irastortza (Irun, 1931): Errenteira joateko saltzea edo Donostira, juten giñen baserritikan oiñez, karga dena hartuta, estaziyoaiño. Eta gero han tranbia hartu ta Errenteira. Bizimodu oso goorra ttiki-ttikitatiken.
Benita Arabaolaza (Ezkio-Itsaso, 1914): Ordun oiñez ibili bihar izaten zan! Ta astuakin.
Joana Iraola (Tolosa, 1924): Ba astookin ibiltzen giñen. Ez zeon kotxeik eta. Bideik´e ez zeon ordun kotxia ibiltzeko.
Luxio Aranburu (Andoain, 1936): Ni astoakin goatzen naiz. Tolosako hortan Uzturrea astoakin. Bai, bai, goatzen naiz ni. Astoakin ibiltzen giñan.
Gumer Irastortza (Irun, 1931): Ta gero astua bialtzen genun bakarrik itxea —ez zen oaingo kotxiak eta zeak—, bidia bazekiyen eta kamiyoz kamiyo ixkiñatikan astua itxea.
Maria Rosario Iradi (Hernani, 1933): Gero asto haundi bat bagendun eta harrek ematen zizkigun lanak! Beida, nik hemen… hau astuan koska da.
Pedro Mari Illarreta (Donostia, 1937): Hor beste zean batzuk astuakin, beste batzuk zaldi-karruakin… Dena zaldi-karruakin. Astuakin´e bazan bat, Errekakua, hua astuakin ibiltzen zana azkena-o uste det hua izango zala. Astua kargatu ta kale-xextotan. Ta bat baiño gehio burun jarri. [Buru gaiñian?] Bai, kale-xextuak. Kale-xextua badakizu zer dan: zabalik, hola… metro bat, hola. Ta hua bete ta jarri burun ta… Jo, jarri ta, heldu gabe, taka-taka-taka.
Juana Erauntzetamurgil (Donostia, 1924): Oiñez asko juten zian lehen. Buru-xexto haundi hoietan bi marmitak […] ttentte-ttentte hartu ta taka-taka-taka, asko juten zian oiñez´e, e!
Joana Iraola (Tolosa, 1924): Ja! Beharko! Ta earki kargatuta! Zuk ze uste dezu? Oaingo bizimodue zala? Ai, gaixua!
Maria Rosario Iradi (Hernani, 1933): Kalea etortzen zan ama esniakin-ta eta geo, etxeakuan, ba, gantxillua eo beti labore ttikik izaten zittun astuan gaiñian —orduerdi bateko bidia edo hola astuan gaiñian juten zan, maldan gora— eta itten zittun, ba, labore ttikik. Ai, zuek ez dakizue pobre izatia ze politta dan! Eta, ba, bidian hola. Eta zerbiziyo earrak itten zizkan, zeatikan, aizu, orduerdi bateko ibilpidia kentzen ziyon eta, gaiñea, laboria itten zun.
Zalgurdiak
Pilar Kortadi (Donostia, 1927): Asto-karruakin ibiltzen giñan Herreraa, Herreraiño. Hor ematen zan esnia ta tratua-ta ematen zan, ta geo, familiya hazitzen bezela, gehio iten zan eta ordun ya hasi giñan, ba, zaldi-karruakin Donostira. Ta zaldi-karruan handik hona etorri in behar da, e! Haizia ta kazkabarra ta. Geo toldua jarri zitzaion zaldi-karruai. Ya ordun ondo. Haize hotza hartzen zendun ta aurretik hasten zitzaizun ebiya, baiño aurretik hartzen zendun zira bat honea parea bitartian ta ez ziñan bustitzen.
Joxe Aierbe (Donostia, 1934): Oso gutxi zian garai hartan zaldi-karrua zutenak.
Inaxi Altuna (Donostia, 1941): Martutenen, adibidez, ba, etxe gehienetan zeon zaldi-karrua.
Joxe Mari Irizar (Donostia, 1940): Donostia juten giñan garaiekua. Berdura, berdura ta esnia, Donostira horrekin eamaten zan. Nik karneta atea nun bitartian holako batekin Donostira juten nitzen. [Zenbat urtera arte?] Hemezortzi urtera arte. Bitartian ez zeon ateratzeik karnetik eta… Hamalau urtekin hasi ta hemezortzi urtera arte horrekin juten giñen.
Jose Javier Azpitarte (Azkoitia, 1920): Sasoe baten dilijentzixe. Hori nere… ni umie nitzela izengo zan. Dilijentzixe egoten zan. Arrure juten… Arrure ta Elgoibarrea juten zan. Bai, zaldixekin. Dilijentzixe.
Miren Sasieta (Urretxu, 1933): Nere gizonan aitta juten zan zaldikin. Klaro, urte asko dia, baiña zaldikin eamaten zittuen Zestonara jendia. Ta gero ez dakit nun itten zuen… transbordo. Konparazio bateako, hemendik ez dakit noa jungo zian, Azkoittira o lo ke sea, ta han gero beste batzuk.
Akelino Elosua (Zumaia, 1913): [Hango] aittonak zaldidxak eukitzen zitun ta, zea, dilijentzidxa bezela karro bat.Taxista zan orduan hura, Azpeitira-ta jendia emateko. [Dilijentziakin?] Bai. Ta automobillak atea ziala o inbentatu ziala, ta harrek esaten omen zun “Bai, datozela nere alboa, Itziarko aldapan gora guazenian! Zeak, automobil berri hoiek, datozela nere alboa, aber zein juten dan han Itziarko aldapan gora!” Pentsa zazu ze mentalidade e, garai hartan!
Xabier Goenaga (Donostia, 1937): Nik zaldi-kotxiak ezagutu ditut Donostin, baiñon gutxi. Baiño oaindik bazeuden. Ta Amara… Ni Amaran bizi izandu naiz ta han inguruan bazeuden, ba, karro… zaldi-kotxe… jendian kotxe hoiek zituztenak eta han etxian bajuan zaldiyak gordetzen zituzten ta…
Maria Lekuona (Hernani, 1926): Zaldiya ta karrua hartu – zaldi haundi bat bagenun— eta juntatzen giñan Enriketa eta hoik denak eta han hartu ta eamaten nittun Ereñotzua mezetaa. [Zuk zeorrek?] Nik neonek, bai, bai. Zaldiya ta karruakin. Bai. [Hara!] Bai, bai. Oiñez jun o diferentziya earra zeon harekin jun!
Tranbia
Bittori Zapiain (Astigarraga, 1929): Ordun tranbiak izaten zian! Gero autobusak jarri zian, baiño Hernanitikan Donostiaiño tranbian.
Bitoriana Artola (Lezo, 1918): Errenteira oiñez. Eta Errenteritik tranbian.
Joxe Aierbe (Donostia, 1934): Tranbia, Hernaniko tranbia, hor pasatzen zan eta tranbian.
Martin Zabala (Andoain, 1926): Tranbia pasatzen zan ordubetetik ordubetea, bat Tolosa aldea eta bestia Donostia aldea.
Arantxa Agirre (Amasa-Villabona, 1933): Bai, tranbia zan ordun Tolosaa juteko ta danetaa tranbia. Ez dakit zenbat denboatikan, porke beti retrasuakin ta hola ibiltzen zan. Uuu! Hoi akordatzen naiz ni. Tren… Ta gu jun izandu gea trenea ta ez etortzen ta oiñez jun izandu gea Tolosaa. Bai, hoi akordatzen naiz.
Miren Mendarte (Errenteria, 1929): Zian tranbiak, baiñon zian erekiyak, saihetsetikan denak erekiyak. [Barandillakin bezela, ez?] Bai, eta toldo batzuekin. Egualdi txarra egiten baldin bazun, euri pixkat edo, tolduak jaisten zittuzten, eta, gaiñeakuan, zian erekiyak. Eta jardinera hoietan, erekiyetan, juten giñan Donostira.
Maria Jesus Otaegi (Donostia, 1928): Beira, zian alki batzuk… Tren txu-txu bezela? Haundiyan, baiña bi aldetatik irikiya. Ordun, sartzen ziñan batetik eta bestetik jeitsi, segun nun geratzen zan espaloia. Eta kortinak hola, hola bilduta, egualdi ona iten bazun. Oso polita zan. Ta gizona tranbian manibelai ematen. Oso-oso polita. Hori udarakoa, e! Pentsa ze lujoak, e!
Jose Mari Arbelaitz (Hondarribia, 1932): Paseo Colon, Irunen merkatu zaharra leheno han zeon… oaingo herriko etxian aurrian zen merkatu zaharra eta han iten zuen bira iten zuen. Rail batetik sartu eta bestetik atea iten zen ta han iten zen jitratu. “Aguja”, “aguja” deitzen zaio.
Joxe Antonio Huizi (Andoain, 1937): Joan gea denborapasa ta han guar… zea, aguja kanbiatzeko zea. Hoi badakizu nola izaten dan: burniya ta gero goian bola. Saltsan ari nitzala, jo-ta juan zaigu goitik behera! Hasi gea iyo nahiean ta, klaro, behera… zea, hua koskatikan behera jeitsiya zeon ta behia urruti ta gu hua altxatzeko ez giñan aillatzen. Ta hor sumatu deu “klin-klin-klin-klin” tranbian kanpanilla. “Aiba dios”! Korrika abittu giñan, harrobin gorde giñan… Ta tranbia ez geiñekin o Donostitikan zatorren Tolosa aldea o Tolosatik zatorren Donostia aldea. Ta halako batian karrasik eta zea, eta Donostitikan […] tranbia zatorrela, zea, errebuelta hola itten zun ta errebuelta hola in biharrian jo-ta tranbia ra! ta jo-ta karreteran erdia atea zan! Gaur aiña automobil izan bazan…! Eta, bueno, tranbia berriz´e pertxak-eta sartu ta atzeaka bota ta jarriko zuen zea ondo ta geo martxa tranbia. Ta gu ixil-ixilik etxea. Ta geo izengoittiya etxian `Guarda-agujas´ jarri ziyaten.
Trolebusa
Juan Joxe Azkue (Donostia, 1938): Geo trolebusak jarri zittuzten.
Pedro Mari Illarreta (Donostia, 1937): Bi pertxakin, zea, kabletaa. Azken batian trena bezela. Nola kablian juten dian? Ba trolebusak hola ibiltzen zian Donostin.
Pedro Iraola (Amasa-Villabona, 1941): Kurpillakin, kurpil haundikin ta nahi dun tokia juten dana. Anda dios! Zer ote da hoi? Ta autobusak, baiño pertxakin. Elektrikuak, pertxakin. Ta hor [Munoizubin] ez zeon elektrizidadia jartzeik ta jeisten zan kobradoria bi pertxai hartu ta kendu itten zan. Ta beak belozidadia ekartzen zunakin zubiya pasa. Ta geo jarri eziñik, geldik igual zea ta, jarri eziñik, zeak, pertxak, berriz.
- Benito: Oain autobusak dabiltzan bezela, trolebusak, pertxakin.
- Juan Mari: Bai, pertxakin.
- Jose: Pertxakin, bai.
- Benito: Ta mutil-koskorran zea, jugada, izaten zan –sokakin izaten zian pertxak– heldu sokatatik eta pertxak atea trolebusai. Geatu itten zan.
- Juan Mari: Klaro, ez zan ibiltzen.
- Benito: Korri! Martxa!
- Jose: Elektrikuak zian ta.
Juan Joxe Azkue (Donostia, 1938): Klaro, argiyan indarrakin ibiltzen zian haik´e. Ta pertxa hoik atea [dizka] ta haik subak!
Pedro Mari Illarreta (Donostia, 1937): Ta atzian jun ta soka bat zakaten ta ra! tira, atea bere tokitikan ta autobusa… txoferra atea ta… Klaro, jetsi in bihar ta berriz jartzea. Ta kriston… Ta guk korri! Beti gaiztokeiyak iten.
-Erdialdeko euskalkia, ‘gipuzkera’ izenez ere ezaguna, Gipuzkoan hitz egiten da bereziki (Nafarroako herri bakan batzuetan ere bai); hori bai, ez Gipuzkoa osoan: zenbait herritan mendebaldeko euskara (‘bizkaiera’) darabilte. Erdialdeko euskara esangura handikoa gertatu da euskararen ibilbidean, bertan oinarritu delako, gehienbat, euskara batua.
-Gai honekin lotutako beste bideo batzuk:
Bizkaiera (mendebaldeko euskara)
-Euskalkiei buruzko beste bideo batzuk:
Euskalkiak hezkuntzan eta hedabideetan
Euskalkiak: ezin elkar ulertu?
-Ikus gipuzkeraren ezaugarriak Ahotsak.eus webgunean. Ikus Koldo Zuazoren euskalkiak.eus.