Nafarrera euskalkiaren adibideekin osatutako bideoa, euskalki horren ezaugarrien erakusle. Euskara galzorian egon den tokietako hiztunak ere badatoz bideoan.
Mailak: Batxilergoa
Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan
Ikasgaiak: Euskara eta Literatura
Gaiak: Euskara
Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:
Bideoa ikusi aurretik:
Gaiaren aurkezpena egingo du irakasleak. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu.
-Zer dakizue nafarrera izenez ezagutzen den euskalkiari buruz? Zer ezaugarri ditu?
-Nafar bat imitatu nahi izanez gero, zer hitz erabiliko zenituzkete? (Erran, bertze, arras, aunitz...). Saiatu imitatzen!
-Zer iritzi duzue nafar euskarari buruz? (Ulerterraza/ulertzeko zaila, polita/itsusia…).
Bideoa ikusi bitartean:
Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin gehien ateratzeko.
Bideoa ikusi ondoren:
-Ulertzeko arazorik izan al duzue? Berdin hitz egiten al dute bideoko guztiek?
-Zer-nolako harremana duzue beste euskalki batzuekin? Kontatu zuen esperientziak.
-Euskalkia galtzen joan da Nafarroako toki batzuetan. Bideoan agertzen diren batzuk euren herrietako azken hiztun zaharrak dira, gazteek batua ikasi baitute). Zein da euskalkien egoera Nafarroan gaur egun?
-Zuen ustez, batuak zenbat eragiten die euskalkiei? Euskalkiak aldatzen ari al dira? Hala baldin bada, hori zer da, ona ala txarra? Abantailak eta desabantailak aipatu.
Nafarroako herri batzuek nafar-lapurteraren ezaugarri nabariak dituzte (Zugarramurdik, Urdazubik eta Luzaidek, adibidez). Nafar euskarak badu antzekotasunik nafar-lapurterarekin, lexikoan adibidez ('Nafar-lapurtera' bideoa ere ikus daiteke).
Nafarroako beste zenbait herrik, ostera, erdialdeko euskararen (gipuzkeraren) ezaugarri ugari dituzte (ikus sortaldeko azpieuskalkiko herriak):
Gipuzkoan, berriz, Bidasoako herrietako hizkerek nafarreraren eta nafar-lapurteraren eragina dute (adibiderako, ikus Hondarribiko Ahotsak). Tarteko euskalkitzat hartzen dira horiek ere.
Ikus dezagun mapetan (Koldo Zuazoren mapak dira; informazio gehiagorako, ikus Zuazoren euskalkiak.eus webgunea ere):
Nafarreraren mapa
Gipuzkeraren mapa
Iturria: Wikipedia
Nafarreraz | Nola da euskara batuan? | ||
Lexikoa
|
Euskalkiko hitzak | ||
Aldaerak | |||
Aditza eta morfologia |
|||
Fonetika (bideoa berriz entzun) |
|||
Sintaxia |
"Lexikoa" atalean, hitzak eta aldaerak bereiztea komeni da:
3-4 ikasleko taldeetan ipinita, ikasleak taulan ahalik eta hitz gehien jartzen saiatuko dira. Eskuz beteko dute taula.
Talde bakoitzean bozeramailea eta idazkaria izendatuko dituzte, eta ordenagailu bat izango dute (Wifi konexioarekin). Irakasleak gdoc bat sortuko du taula huts batekin, eta dokumentu horretan aldaketak egiteko baimena emango die taldeetako idazkariei.
Taldeek lana amaitzen dutenean, guztien lana bateratuko da: talde bakoitzeko bozeramailea jasotako hitzak esaten joango da, eta talde horretako idazkaria hitzak gdocs-en partekatutako taulan apuntatzen joango da. Pantaila handian ipini daiteke gdocs-eko taula hori, denek ikusi ahal izateko.
Ondoren, lexikoan jarriko dugu arreta. Berriro ere taldeka jarrita, taulako hitzen sinonimoak topatuko dituzte, ahalik eta gehien (adibidez: arrunt = arras, oso, zeharo, guztiz, txit). Eta aldaeren kasuan ere berdin: ahal den aldaera gehien (forma guztiak onartuko dira aldaeratzat (adibidez: zenbait, zonbait, zonbeit, zomeit, zumait....). Horretarako, Ahotsak-eko Corpusa eta Orotariko euskal hiztegia baliagarri gerta litezke.
Zer egin batutako hitzekin? Lexiko eta aldaerekin dominoko fitxak sortu ditzakete: fitxa pila bat prestatu eta gero jolastu!
Ez da komeni ikasle guztiek herri berak aukeratzea eta errepikatzea. Nola egin aukeraketa? Zer herri hautatu argi ez dutenentzat, aukera bat da Nafarroako herrien zerrendara joatea eta bideoa/audioa igota duten herriak zeintzuk diren begiratzea. Ikurra agertzen da horrelakoetan.
Ekialdeko nafarra aparteko beste euskalki bat zen. Duela gutxi desagertu da: lehenengo erronkariera desagertu zen (1991) eta ondoren zaraitzuera. Hori bai, azken hiztunen grabazio batzuk ditugu Ahotsak.eus atarian. Nahi izanez gero, posible da erronkariera eta zaraitzuera aukeratzea (audio grabazio zaharrak).
Tarteko euskalkiren bat ere aukeratu daiteke, nafarreraren eta beste euskalkiren baten nahasketa dena (adibidez, Hondarribikoa, Aranokoa...). Beraz, ikasleek Nafarroako edo nafar eragineko edozein euskara aukeratu dezakete.
Bukatutakoan, ikaskideei egindako lanaren berri emango diete, ahoz. Lehenengo, bideo pasarte hori zergatik aukeratu duten eta hiztuna nor den, nongoa -herria mapan kokatu-, adina, biografiako daturen bat... azalduko dute. Gero, bideo/audio pasartea ipini, ikasgelan ikusi/entzun, eta identifikatu dituzten ezaugarriak zein diren esango dute. Bukatzeko, iritzia emango dute jorratutako euskalkiaz -hizkuntzalaritzaren ikuspegitik-, hiztunari buruz, lan-prozesuari buruz... Ikasle bakoitzak erabaki dezala.
ESKEMA POSIBLE BAT |
|
Lehenengo lana: taldeka ipini (4-5 lagun), eta gai bat aukeratzea. Hona hemen aukera batzuk (posible da ikasleek beste batzuk proposatzea ere: adibidez, Nafarroako herri jakin bateko euskararen historia).
GAI POSIBLEAK |
1. Euskararen galera Nafarroan, mendez mende: mapa batean kokatuta |
2. Galeraren zergatiak. Ikerketarako abiapuntu moduan “Transmisioaren etena” eta “Euskararen zapalkuntza” bideoak ikus ditzakete. |
3. Nafarroako eta Iparraldeko euskararen arteko lotura, Nafarroako historiaren ondorio. (Nafarroako erresuma, Albreteko Joana erregina, Joanes Leizarraga...) |
4. Erronkarieraren ezaugarriak eta historia. Azken hiztunak, berreskuratzeko asmoak, adibideren bat... |
5. Zaraitzueraren historia eta ezaugarriak. Gartxot, Itzaltzuko bardoa (komikia eta pelikula) |
6. Euskararen gaur egungo egoera Nafarroan: zonifikazioa, eremu “mistoa”, ofizialtasun aldarrikapenak... |
7. Nafarroan euskara berreskuratzeko egindako ekimenak (euskara elkarteen eta ikastolen lana... herri/zonalde bat aukeratu daiteke; adibiderako, Altsasu. |
Dokumentazio bideak: Internet, liburuak, hedabideak... Elkarrizketak egitea ere posible da (adibidez, adituei edo euskara berreskuratzeko lanetan dabiltzanei).
Talde guztiek ahozko aurkezpenak egingo dituzte, ikaskideei egindako ikerketaren berri emateko (adibidez Genially bezalako programaren bat erabilita; argazkiak edo bideoak erabiltzea komenigarria litzateke, bisualagoa izateko). Iritzi-trukea egingo da aurkezpen bakoitzaren ostean.
Aurretik prestatuko dute gidoia: galderak eta erantzunak. Hiztunak nafarreraz mintzatuko dira eta, horrenbestez, testua euskalki horretan prestatuko dute. Pertsonaiak karakterizatu (kazetariak, adinekoak...), eta entsegatu egingo dute. Ondoren, elkarrizketaren antzezpena egingo dute, ikaskideen aurrean.
Ahotsak-en egiten duten moduan, elkarrizketa grabatu egin daiteke eta gero antzezpentxo guztiak gelan ikusi beste egun batean (norbere burua ikusita ere asko ikasten da).
4. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena/azalpena/antzezpena egingo dute ikasleek, gelakideei euren lanaren emaitzak ezagutarazteko. Horiek bideoz grabatzea interesgarria izan daiteke, irakasleak ez ezik ikasleek beraiek ere baloratu ahal izateko. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak).
Ebaluazio-irizpideak
Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:
Edukiari buruz
-Ea gaiak bere interesa piztu duen.
-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.
Ikaste-prozesuari buruz
-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.
-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.
-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.
-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.
Bere komunikazio-gaitasunei buruz
-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.
-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.
-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.
Talde-lanari buruz
-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.
-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.
Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:
– Ea gai den zenbait erabilera-eremutako ahozko eta ikus-entzunezko testuak interpretatzeko eta balioesteko, eta horretan, ea bereziki kontuan hartzen dituen hezkuntzan eta hedabideetan sarri-sarri erabili ohi diren testuen funtzio soziala.
– Ea badakien ahozko aurkezpenak egiten eta ea gai den, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz, aldez aurretik prestatutako eskema bati jarraitzeko.
– Ea modu aktibo, erreflexibo eta pertinentean parte hartzen duen ikaskuntza helburu duten ahozko interakzioetan, eta horretan, ea gai den azalpenak eta argudioak modu pertinente eta egokian emateko.
– Ea gai den zenbait erabilera-eremutan erabili ohi diren euskarri digital eta analogikoko idatzizko testuak interpretatzeko eta balioesteko, eta horretan, ea bereziki kontuan hartzen duen azalpenezko testuek (1. mailan), pertsuasiozko testuek (2. mailan), iritzi-artikuluek eta zientzia-dibulgazioko testuek zer funtzio sozial duten eta zer balio transmititzen dituzten.
– Ea gai den, aldez aurretik egindako plangintza bati jarraituz, gaurkotasun handiko gaiei eta curriculumarekin, hizkuntzarekin nahiz literaturarekin lotutako gaiei buruzko idatzizko testuak zorrotz, argi eta akatsik gabe ekoizteko (azalpenezko eta argudiozko testuak, batik bat).
– Ea, testuak interpretatzean eta sortzean (hezkuntzan sarri-sarri sortu ohi diren azalpenezko eta argudiozko testuak batik bat), gai den hizkuntzaren planoei buruzko ezaguerak modu erreflexiboan identifikatzeko eta erabiltzeko.
– Ea gai den ikasturtean zehar landutako literatura-lan eta -pasarteetako edukiak interpretatzeko, eta horretan, ea erabiltzen dituen literatura-formei, -garaiei eta -egileei buruzko ezaguerak.
– Ea gai den, ikasturtean landutako garai eta mugimenduetako lanik adierazgarrienak irakurri ondoren, testu-iruzkin kritikoak egiteko.
– Ea badakien hizkuntza-aniztasunaren berri, eta ea gai den errealitate hori kontzeptu sozio-linguistikoak erabiliz kritikoki interpretatzeko.
– Ea gai den, informazioa bilatzean, aukeratzean, komunikatzean eta zabaltzean, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu autonomo, eraginkor eta kritikoan erabiltzeko.
– Ea gai den hizkuntzak ikastean tartean diren ikaskuntza-prozesuez gogoeta egiteko, eta horretan, ea baduen konfiantzarik bere gaitasunetan.
Felix Razkin (Arbizu, 1947): Suertia iruittu giñen guk Arbizun apeza oso euskalduna eta euskalzalia zela eta dena, dena euskeaz eitten ziñenan. Oseake, mezak eta dena, gauza guziak, dena euskeaz eta, gaiñea, gartzelea´re eman ziñenen horrengatik, ezta? Bertako hango sekretaiyuk eta hango ez dakit nok, medikubek-eta, salatuta, ezta? Dena euskeaz eitten zubela eta erdeaz ez zubela eze eitten eta... gartzelin egondu huben apeza hoi. Eta harri esker –Juan Goikoetxea apeza— harri esker, ba, guk euskera oso ongi ikasi giniñun. Bueno, itxen, aparte, baiña geo harreki´re bai. (Oharra: Razkinek noka hitz egiten dio elkarrizketatzaileari)
Maravillas Iturralde (Baztan, 1930): Dena eskuara, eskuara. Han beti eta orai ere… orai ere dena eskuara da. Guk beti eskuaraz.
Mattin Galarza (Larraun, 1940): Hemen euskeraz? Euskeraz ia dena!
Maravillas Iturralde: Erdaraz ez zen ja ere.
Felix Razkin: Eskolara faten hasi nitzen garaien, zazpi-zortzi urtekin hasiko niñunen, ze orduben eskolaa´re ez giñunen faten! Oseake, txikiten. Ta faten giñeenien, kasualidadez, Arbizuko maistra bat zionen eta, orduben, maistra horri dena… bearek euskeaz eitten ziunen, nolabaitt´e erdeaz ez giñakiun…! Ba orduben dena euskeaz.
Maravillas Iturralde: Maistruak zakin bakarrik erdaraz, bertziak denak eskualdunak giñen. Apeza ere eskualduna zen… denak eskualdunek!
Manuel Mundiñano (Etxarri-Aranatz, 1918): Hemen gehienak euskeaz. Gehienak. Baldin bazien maistruan seme o sekretaiyuenak eta zibillanak eta hoik, nolabait ez zakibien, etortzen ziren kristo etxeti…! Pues hoik erdeaz eitten zebien. Ta gu haiei abo xulora begire, jakin, erdeaz jakin be.
Delia Telletxea (Eratsun, 1944) eta Pilar Telletxea (Eratsun, 1942):
- Pilar: Etxen-eta beti euskaraz.
- Delia: Euskaraz, bai, bai, bai.
- Pilar: Oain, ordun eskolan euskaraik ez.
- Delia: Eskolan ez, ez, ez.
- Pilar: Plazan´e…
- Delia: Errekreoko denboon, gure denboon…
- Pilar: Entzuten bazuen euskara…
- Delia: … ez zen libre hitz eittea.
- Pilar: … kastigue igual maistrak.
- Delia: Bai, bai, bai.
- Pilar: Edo maixuk.
Manuel Mundiñano: Eta ez zigun uzten erdeaz ezta… Aitzen baldin bazigun erdeaz, han zoon bara. Hola eskua jarri ta danba! Euskeaz eitteati.
Fermin Zelaieta (Sunbilla, 1939): Ni behin oroitzen naiz, ez nun ulertu zer erraten arittu zen maestra eta aldamenin naukenari galdetu [nion]: “Hi, zer erran dik horrek?”. E? Eta aittu ziten maestrak… bo! Bi liburu hartuta, hola, kastigatuta.
Delia Telletxea: Eta guri ez ziguen emaitten, baiña gure aman denboon-ta, anillua izaten [hun]. Azkena euskaraz hitz ein zunak anillue bestek hitz eitten [zun] arteño berak ibili ber, kastigu bezala.
Felix Razkin: Bueno, guk´e meistrubeki bai, e. Gero, zahartxoo izendu giñeenien, eta eskolaa fan giñeenien, orduben meistrubek eitten zigunen, bueno, ba, euskeaz eitten bagiñuben zigortu ta hoi´re bai.
Delia Telletxea: Apezak eitten zigun erriste, erdaraz sumatzen bagiñuzen, eta andereñok euskaraz sumatzen bagiñuzen.
Felix Razkin: Bizi, bizi, igual ez zitteken euskeaz erabat bizi, baiña, bueno, ez daola lehengo retxazoik behintzat ez daola, ezta? Garai betian guk ezautu dittuun retxazo hoik, e…
Patxi Castillo (Bera, 1992): Nere atatxi, attan partez, nola Santanderrekoa den, pues, attak euskeraz daki indioek bezela eta, saiatu zen, esfuertzoa in zun nik euskera sumatzeko ttiki-ttikitatikan itxian.
Amaia Elizagoien (Baztan, 1994): Neri´re beti dago istorioak kontatzen… Gainera, iten ditu pile bat pertsona diferentiak imitetu badu abilezia aunditz jendiai harrapatzeko bere berexitasuna, ez? solasteko moduen ta hola. Ta, orduen, betidanik gustetu izan zaizkio gerrako istoriek edo, pues, baserrien kontatzen zirenak ta halakuak kontatzea aunditz. Etxetik jaso dut aunditz, erraten ahal da, bai ipuinen lotura hoi, bai literaturarekiko edo aho… Azkenean ere bai aho-transmisio hoi jaso dutela, ez? erraten ahal da.
Felix Razkin: Eta euskera, ba, beno, eskee… nola euskeaz bizi izan naizen, ba, neretako ezinbestekua dun.
Unai Urroz (Doneztebe, 1993): Hori bai, itxin bederen bai, beti… beti euskaraz.
Itsaso Elizagoien (Etxalar, 1995): Gu bizi bizi euskaraz bizi gara.
Felix Razkin: Eta nik itxen-ta betik… ez bakarrik hoi, seme-alabei-ta nik noketan-ta itten zonat, ezta? Ba zubei bezela. Ta, ba, hoi itten zonat. Eta nik nere lehengo… ikesi… neri eman diteena, ezta? gurasuk eman diteena, hoi, neonek erakusten zonat.
Galdutako euskara berreskuratzen
Jose Angel Irigarai (Donostia, 1942): Bueno, gure familia Auritzetik heldu da, aitaren aldetik batez ere. Eta aita, hala ere, aitatxi mugitu baitzen Auritzetik Berara, Bidasoarat, ba, han sortua zen. Baina famili guzia Auritzetikan. Adibidez, ba, amatxi eta gero, ba, Auritzeko familia ere bai eta… Nahiz eta arras higatua izan, Auritzen euskara arras higatua baita, baina gure familian eta zonbait familietan-eta mantentzen zen. Eta gero osaba ere bagenuen, puska bat, adar bat, Baztan aldean, Bidasoa… Baztanen, batez ere. Eta harat ere joatearekin… Orduan, horri esker ere mantentzen zen garai hartan arras higatua zen euskararen erabilpena.
Pedro Senosiain (Anue, 1930): Nere adinekoak Urritzolakoak lehenago denak euskeraz aritzen ziren. Denak, denak, denak. Nere lehengusuk eta denak.
Julian Beunza (Lantz, 1927): Pues hori, gure ama Aritzukoa zen eta Aritzun euskera… Hemen baiño gehiago orenean iten zuten. Gure denboran. Bai, bai, bai.
Pedro Senosiain: Bai, oaiñik itten dute pixkot, bai, baiño gaztiak ere han gehiena erdaraz aritzen dire. Oraiñik bai izein de euskeraz aritzen direnak bakar batzuk, biño galdu da dagonian.
Jesus Amado Larraza (Etxarri-Aranatz, 1918): Iturgoiengook famelikuak bezela giñun ta han, han ez zan… ihork ez zun euskeaz eitten eta nik bakarrik ein biher euskera.
Julian Beunza: Hori pasten da… pues, hemengo euskera galdu de ya arrunt, zergatik ez da… ez gaude usetuek.
Jesus Amado Larraza: Alsasun denak dakiye euskeaz zaharrak. Baiña geo nolabaitt´e hainbeste ferrobiaiyo estaziyo aurriin, kanpoko jendia asko etorri dan, pues, haik erdaldunek etorri ta “se fastidió el vasco de Alsasua”. Zaharrak hitz eitten due oaiño´re bai, baiña…
Julia Arregi (Abaurregaina, 1940): Batzure zemeit urtez izan ze, pues, persegituik euskera. Ta gorrengatik utzi gindue elekatzea.
Julian Beunza: Erraten zuten… hemen beti izenak dire karabineroak. Ta hoiek denak hondarreko ya, pues, denak erdaldunek, erdaldunek, erdaldunek, erdaldunek… Eta haiekin batian utzi. Denak.
Julia Arregi: Guk etxean elekatzen gindue euskera eta gero fan eskolara eta maistruak ez zuen nahi gori. Eta geroztik, pues, gor kortatu ze.
Inazio Etxarren (Arakil, 1938): Dena erderaz, eskolan-ta ya erderaz. [Bai, eta ya lagunekin eta dena…?] Dena erderaz.
Ignacia Erbiti (Atetz, 1928) eta Roman Irurita (Atetz, 1937):
- Ignacia: Gure aitte ta amak elkarrekin itten zuten euskeraz jolasa eta gurekin in bihar zutelaik erdaraz.
- Roman: Erdaraz, gurekin erdaraz.
Julian Beunza: Hemen berien, itxe hontan berien, aite ta amak euskaldunek. Beren artian… Eta gu badakizu nola daukegu… nola ikesi giñuen? Aite ta amak beren artian, nahi ez zutelaik gu jartzia, orduan iten zuten euskera. Eta guk… hondarreko jarri!
Ignacia Erbiti: Eta guri… Guregana, gurekin iten zutelaik jolasa, erdaraz. Bai. Biño, ez dakit, ikesi giñuen! Gero giñuzen lehengusuak… lehengusuak-eta bagiñuzen euskaldunek, Etxalekukoak, eta…
Inazio Etxarren: Guk euskeraz… leheno morroi bat izan giñun Azkaratekoa. Azkarate, Araiz, valle Araiz. Ta harrekin´e pixkat nik ikasi neen.
Julian Beunza: Orai pues hasi dire ya mutiko batzuk, zergatik eskolan ere erakusten diote.
Ignacia Erbiti: Orain pixkat bat gehixeago, zergatik gaztiak ikesi dute euskeraz.
Julian Beunza: Bai, neri gustatzen zaide aunitz euskera! Ez dakit zer nahi nian euskera ongi jakintzia…!
Inazio Etxarren: Ta oain´e bai ez dakit… ez dakit ongi hitzek esan, baiño, ahal baldin badut, euskaldunen bat harrapatzen badut, “kinkili-kankala” baiño aurrera.
Julian Beunza: Maite, arrunt maite diat euskera, arrunt maite, bai, bai. Behiekin-ta banago, beti euskera iten diet.
Inazio Etxarren: Gaiñera, nik, pues, orduen idiekin ibiltzen zen alorrean. Eta nere lagunek esaten [zun]: “Mira, ese le llama a los bueyes de otra manera”. Osea, idiei hitze “Aida”, “Honea”… Haiek ez zuen… pues “Ven aquí” o erderaz. “Mira, ese le habla distinto que nosotros a los bueyes”.
Julian Beunza: Nahiago dute behiek ere euskera! Bai! Baietz! Sartzen direnien itxen, “Ala! Lekure! Lekure segiden!” joaten dire, bai, segiden. Ta ez zaide gustetzen erdera! Ez du plantik iten!
-Nafarrera bost euskalki nagusietako bat da. Bere barnean daude Nafarroako hizkerarik gehienak, bazter batetik bestera alde nabaria dagoen arren.
-Gai honekin lotutako beste bideo batzuk:
Bizkaiera (mendebaldeko euskara)
Gipuzkera (erdialdeko euskara)
-Euskalkiei buruzko beste bideo batzuk:
Euskalkiak hezkuntzan eta hedabideetan
Euskalkiak: ezin elkar ulertu?
-Ikus nafarreraren ezaugarriak Ahotsak.eus webgunean. Ikus Koldo Zuazoren euskalkiak.eus.