Nafar-lapurtera

Lapurdiko eta Nafarroa Behereko hizkeren arteko aldea txikia denez, multzo berean sartu ohi dira: nafar-lapurtera. Euskalki horren ezaugarrien erakusle diren adibideekin osatu dugu bideoa.

Mailak: Batxilergoa

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Euskara

3,65 puntu 5 izarreko maximotik
97 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatuko diren jarrerak:

  • Garai bateko pentsaera ezagutu nahia
  • Euskarari buruz hausnartzeko interesa
  • Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea
  • Herri hizkerak ezagutu, erabili eta balioesteko gogoa
  • Euskalkien aberastasunaz jabetu eta haien erabilera sustatzeko irrika

 

Bideoa ikusi aurretik:

Gaiaren aurkezpena egingo du irakasleak. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu.

-Zer dakizue Ipar Euskal Herriko euskalkiei buruz? Zenbat euskalki daude (nafar-lapurtera eta zuberera) eta non hitz egiten dira?

-Nafar-lapurterak zer ezaugarri ditu? Ezaguna da zuentzat? Baduzue entzuteko aukerarik?

-Iparraldeko hiztun bat imitatu nahi izanez gero, zer doinu eta zer hitz erabiliko zenituzke? (Bon, untsa, jin...). Saiatu imitatzen! Erreferentziak falta zaizkizue?

-Zein iritzi duzue nafar-lapurterari buruz?(Ulerterraza/ulertzeko zaila, polita/itsusia…).

 

Bideoa ikusi bitartean:

  1. Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak konparatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen. Bideoak bi zati ditu; osorik ikusiko dugu, eta zatika ere bai ondoren.
  2. Ikasleek euren arreta erakarri duten pasarteak gogoan har ditzatela.
  3. Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez, kaskoinez (gaskoieraz; hizkuntza horretan), bolanjeria (okindegia), nehor (inor), katixima (haurrentzako kristau-hezibidea , katekesia), untsa (ondo), doaika (doike, duda gabe), punizione/punitu (zigorra/zigortu), ukan (eduki), kadira (aulkia), bon (beno, tira, frantsesez), usaia (ohitura), jin (etorri), kazeta (egunkaria), ainitzetan/anitz (askotan/asko), atxiki (gorde, mantendu), deus (ezer), behinpin (behinik behin, behintzat), finitu (bukatu), betu (behatu, zaindu), ipularra/soropila (belardia), enetako/ene irudiko (niretzat/nire ustez), arrunt/biziki (oso, zeharo)…

Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazioari ahalik eta etekin gehien ateratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren:

  1. Ulertu dutela ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu, denok elkarrekin. Hona hemen horretarako balio dezaketen galdera batzuk:

-Izan al duzue ulertzeko arazorik? Berdin hitz egiten al dute bideoko guztiek? (Euskalkiak: ezin elkar ulertu bideoa ere ikus daiteke)

-Harremanik ba al duzue Iparraldeko hiztunekin? Kontatu zuen esperientziak.

-Euskaraz hitz egiteagatik “punitu”, zigortu egiten zituztela diote batzuek. Entzun al duzue halakorik lehenago? ('Euskararen kontrako neurriak' bideoa ere ikus daiteke)

-Euskararen galera ere aipatzen dute. Zein da euskararen egoera Iparraldean gaur egun? Hizkuntza ofiziala al da? Ehuneko zenbatek hitz egiten du euskaraz Lapurdin, Nafarroa-Beherean eta Zuberoan? Non hitz egiten da gehien? Zer adinetakoak dira? (estatistikak begiratu ditzakete)

-Euskara batuaren beharra ere aipatzen da bideoan, elkar ulertzeko komenigarria dela denok euskara estandar bat ezagutzea. Zer iritzi duzue zuek? Batuak eraginik ba al du tokian tokiko euskalkietan?

-Euskara onaren fama duten herriak Hazparne, Garazi eta Sara direla diote bideoan... Zuentzat nongoa da euskara ona, garbia, polita...? Eta nongoa txarra, ulergaitza, itsusia...? (Ez dago euskara onik/txarrik; ikus Euskalkiei buruzko iritziak bideoa)

 

3. Iparraldeko euskalkiak. Historian zehar Lapurdiko eta Nafarroa Behereko hizkerak bereizi egin diren arren, haien arteko aldea txikia da egun eta multzo berean sartu ohi dira: nafar-lapurtera. Zuberoan, berriz, zuberera mintzatzen da.

Aipagarria da euskara batua sortzeko lapurtera klasikoa (Axular) eta gipuzkera hartu zituztela oinarri moduan. Lapurdiko herri batzuetako hizkerak gipuzkeraren eragina du. Tarteko hizkerak ohikoak izaten dira euskalkien mugetako herrietan eta ez da erraza izaten hizkera horiek euskalki batean edo bestean sailkatzea, bietatik jasotzen baitituzte ezaugarriak.

Miren eta Gorka Artetxe anai-arrebek gipuzkeraz eta lapurteraz hitz egiten dute, narutaltasunez darabiltzate bi erregistroak, eta elkarrizketatzaileak batetik bestera aldatzera gonbidatzen ditu bideo-pasarte hauetan:

Bideo-pasarteak ikusi, eta hizkerak konpara ditzakegu:

-Doinua, hitzak... asko aldatzen al dira? Egin zerrendatxo bat!

-Zuei erraza egiten al zaizue erregistroz aldatzea? Berdin hitz egiten al duzue inguruan dituzuen guztiekin?

Nafarroa Behereko herri batzuetako hizkeran (Amikuze aldean) eta Bardoze herri lapurtarrean, berriz, nabaria da zubereraren eragina.

-Zuen ustez, antzekoak al dira zuberera eta nafar-lapurtera? Zer desberdintasun dituzte? ('Zuberera' bideoa ikus daiteke edo Ahotsak-eko pasarte bat ipini zubereraz; adibiderako, Hoqui anai-arreben hauxe).

Nafarroako herri batzuetan, ostera, nafar-lapurteraren ezaugarriak aurki daitezke (Zugarramurdi, Urdazubi eta Luzaide herrietan, adibidez).

Nafar-lapurterak badu antzekotasunik nafar euskararekin, lexikoan adibidez ('Nafarrera' bideoa ere ikus daiteke). Berdinak edo antzekoak diren hitzak topatu ditzakete ikasleek, taldetxoetan jarrita. Zerrenda bana egin, eta ondoren bateratu.

Ikus dezagun mapetan (Koldo Zuazoren mapak dira; gehiago jakiteko, ikus Zuazoren euskalkiak.eus webgunea ere):

 

Nafar-lapurteraren mapa

Nafar-lapurteraren mapa

Zubereraren mapa

Zubereraren mapa

Iturria: Wikipedia

 

4. Azken ekoizpena. Hainbat ekoizpen gara daitezke. Lau adibide eskaintzen dira hemen. Ikasleek bat aukeratu dezakete edo ordezko bat proposatu, edo proposamen bat baino gehiago ere egin dezakete.

 

  • “Hitzen arrastoan”. Nafar-lapurteraren ezaugarriei erreparatuko diegu. Testua banatuko diegu ikasleei (ikus “Testua” atalean), eta euskalki horren ezaugarriak zein diren aztertuko dute. Talde txikietan egingo dute lan eta, ondoren, partekatu. Nafar-lapurteraren ezaugarrietako batzuk ikus ditzakegu lehenengo, lana errazteko: ikus nafar-lapurteraren ezaugarriak Ahotsak-en. Ondoren, taula hau ere baliagarria gerta dakieke:

 

   Nafar-lapurteraz Nola da euskara batuan?

Lexikoa

 

Euskalkiko hitzak    
Aldaerak    

Aditza eta morfologia

 
   

Fonetika (bideoa berriz entzun)

 
   

Sintaxia

 
   

 

"Lexikoa" atalean, hitzak eta aldaerak bereiztea komeni da.

  • Lexikoa: hitzak. Euskalki baten erabiltzen den hitz berezia; beste euskalkietan jatorri desberdineko beste hitz batekin adierazten dena. Adibidez: abade / apaiz.
  • Aldaerak. Euskalki batetik bestera hitz batek hartzen dituen forma desberdinak. Adibidez: apaiz/apez, zonbait/zenbait.

 

3-4 ikasleko taldeetan ipinita, ikasleak taulan ahalik eta hitz gehien jartzen saiatuko dira. Eskuz beteko dute taula.

Talde bakoitzean bozeramailea eta idazkaria izendatuko dituzte, eta ordenagailu bat izango dute (Wifi konexioarekin). Irakasleak gdoc bat sortuko du taula huts batekin, eta dokumentu horretan aldaketak egiteko baimena emango die idazkariei.

Taldeek amaitzen dutenean, guztien lana bateratuko da: talde bakoitzeko bozeramailea jasotako hitzak esaten joango da, eta idazkariak gdocs-en partekatutako taulan apuntatuko ditu. Pantaila handian ipin daiteke gdocs-eko taula hori, denek ikusi ahal izateko.

Ondoren, lexikoan jarriko dugu arreta. Berriro ere taldeka jarrita, taulako hitzen sinonimoak topatuko dituzte, ahalik eta gehien (adibidez: arrunt = arras, oso, zeharo, guztiz, txit). Eta aldaeren kasuan ere berdin: ahal den aldaera gehien. Forma guztiak onartuko dira aldaeratzat (adibidez: zenbait, zonbait, zonbeit, zomeit, zumait...). Horretarako, Ahotsak-eko Corpusa eta Orotariko euskal hiztegia baliagarri gerta litezke.

Zer egin batutako hitzekin? Zerrenda bat osatu dezakete, batzuk aukeratu —ikasle adina, adibidez—, eta orritxo batean ipini bakoitza. Ikasle bakoitzak orritxo bat (hitz bat) hartuko du, eta sinonimo bila ibiliko dira gelan, parekoa aurkitu arte. Osatutako bikote edo taldetxo bakoitzak bere izena aukeratuko du, eta, horretarako, egokitu zaien hitza edo sinonimoak erabiliko dituzte (adibidez, Arrunt-arruntak, Punituak...). Beren burua aurkeztuko dute ikaskideen aurrean, aukeratu duten izena esanda, eta zergatia azalduko dute.

Sortutako taldeek azken ekoizpena elkarrekin egin dezakete; oso handiak baldin badira, bitan bana daitezke.

 

  • “Testigantza bila”. Ahotsak.eus webgunean hainbat testigantza daude nafar-lapurteraz. Ikasleek testigantza bana bilatu beharko dute webgunean, banaka edo binaka. Minutu bat aztertu, eta euskalkiaren ezaugarriak identifikatuko dituzte. Aurreko taula erabil dezakete horretarako.

Ez da komeni ikasle guztiek herri berak aukeratzea eta errepikatzea. Nola egin aukeraketa? Zer herri hautatu argi ez dutenentzat, aukera bat da Lapurdiko eta Nafarroa Behereko herrien zerrendara joatea eta bideoa igota duten herriak zein diren begiratzea da. Ikurra agertzen da horrelakoetan.

Amaitutakoan, ikaskideei egindako lanaren berri emango diete, ahoz. Lehenengo, bideo pasarte hori zergatik aukeratu duten eta hiztuna nor den, nongoa -herria mapan kokatu-, adina, biografiako daturen bat... azalduko dute. Gero, bideo/audio pasartea ipini, ikasgelan ikusi/entzun, eta identifikatu dituzten ezaugarriak zerrendatuko dituzte. Bukatzeko, iritzia emango dute jorratutako euskalkiaz -hizkuntzalaritzaren ikuspegitik-, hiztunari buruz, lan-prozesuari buruz... Ikasle bakoitzak erabaki dezala.

 

ESKEMA POSIBLE BAT
  • Aukeratutako herria
  • Hiztunaren datuak (izen-abizenak, adina, biografia)
  • Pasarte hori aukeratzeko arrazoia
  • Hiztunak kontatzen duena (edukia)
  • Kontatzeko modua. Hizkeraren ezaugarriak: lexikoa, aldaerak, sintaxia, fonetika...
  • Iritzia

 

  • “Bestearen azalean”. Besteren larruan jartzeko ordua da, antzerkia eginez enpatia lantzeko. Bi-hiru pertsonaren artean nafar-lapurteraz antzerki-esketx txikiak sortzea proposatuko zaie ikasleei (nahikoa da bakoitzak pare bat esaldi esatea). Gaia: librea. Antzeztutako txiste bat ere izan daiteke. Bide-lerro posibleak: 
    • Istoriotxoaren/anekdotaren nondik norakoak erabaki
    • Pertsonaien izaera eta jarrerak zehaztu
    • Gidoitxoa idatzi: gertaerak eta elkarrizketak. Lehenengo, euskara batuan egin dezakete testua, eta gero, aurretik ateratako ezaugarriekin testua nafar-lapurteraz ipintzen saiatu, edo behintzat euskalki horren ukitua ematen.
    • Rolak banatu
    • Entseatu
    • Ikaskideen aurrean antzeztu

Tonua exajeratzen saia daitezke. Hori bai, asmoa ez da euskalki hori lotsagarri uztea, inondik inora. Arrisku hori ikusiz gero, euskalki guztiekin egin daiteke ariketa, euskalki guztien ezaugarriak nabarmen utziz. Umorea da jarduera honen helburua, ondo pasatuz ikastea. Ikus Euskalkiak eta umorea bideoa ere, euskalkiek jolaserako eman dezaketen aukeraz gehiago jakiteko.

 

  • “Ika-mika”. Euskalkiak/batua eztabaidak soka luzea du. Batuaren sorrera gatazkatsua izan zen, zaila: hiztun batzuk baztertuta sentitu ziren (batutik urrutien dauden euskalkietako hiztunak batik bat). Euskara batua eta euskalkiak bideoa ikus daiteke.

Gaur egun inork ez ditu zalantzan jartzen euskara batuaren balioak eta funtzioak. Euskara batua eta euskalkiak elkarren osagarri direla ere badiogu: euskalkiek batua aberasten dutela. Alabaina, batzuetan oreka ez da erraza. Ez dakigu euskalkietako hitzak batuan txertatzen (zeintzuk erabil daitezke, batuan gabiltzanean?).

Euskalkiak indarra galtzen ari dira herri batzuetan... egunetik egunera hitzak eta egiturak desagertzen dira, eta aditz-forma okerrak ugaldu. Eta fenomeno hori ez dute denek berdin bizi. Batzuek euskalkiei eusteko ahalegina egin behar dela diote, aberastasun hori ez galtzeko, euskara gero eta pobreagoa delako. Besteek, prozesu naturala dela eta ez dagoela ezer egin beharrik euskalkiak mantentzeko: batua zabaltzea dela inportanteena. Horregatik, batzuek eskoletan tokian tokiko euskalkia erakutsi beharko litzatekeela uste dute, batuarekin batera. Besteek, berriz, ezetz diote, euskalkiak ahozkorako direla, kaleko hizkera informala, eta ez dutela tokirik eremu formaletan, eskolan eta hedabideetan, adibidez.

Ikasleek eztabaidatu egingo dute, bi taldetan banatuta: batzuk euskalkiak babestearen eta biziberritzearen alde egongo dira eta besteek ez dute beharrezkoa ikusiko. Eztabaidatzen hasi aurretik, talde bakoitzak argudioak pentsatu, zerrendatu, adostu eta partekatuko ditu.

-Zerbait egiten al da eta egitea komeni al da euskalkiak mantentzeko? Euskalkiak galduko balira, zer? Inportako lizuke?

-Zerbait egin behar bada, zer?

-Eskoletan, hedabideetan... zer leku izan beharko lukete euskalkiek?

Ikus bideo hau: Euskalkiak hezkuntzan eta hedabideetan.

Ikasleek eztabaidatu egingo dute, bi taldetan banatuta: batzuk euskalkiak babestearen eta biziberritzearen alde egongo dira eta besteek ez dute beharrezko ikusiko. Eztabaidatzen hasi aurretik, talde bakoitzak argudioak pentsatu, zerrendatu, adostu eta partekatuko ditu.

Adibiderako, ikus taula hau:

 

                                                                          ARGUDIOAK

 

 

 

EREMU FORMALEAN EUSKALKIAK SOBERAN

  • Euskara estandarra izateak elkar ulertzea ahalbidetzen du, eta euskalkiek ez.
  • Batuak euskarazko literatura, hedabideak, hezkuntza... posible egin ditu. Euskalkiek ez dute lekurik hor, salbuespenak salbuespen.
  • Euskalkiek ahozkorako bai, baina hizkuntza arauturako ez dute balio. Nola idatzi euskalkietan?
  • Euskalkiei balioa emateak euskalkirik ez dutenak bigarren mailako euskaldun sentitzea ekarri dezake, gutxiago sentitzea.
  • Euskaltegietan lehentasuna euskara bultzatzea da, eta errazena batua erakustea: euskalkiek zaildu egiten dute euskara ikastea.
  • Euskalkiak etxean eta kalean transmititu dira beti, ahoz, eta horrela segitzea da naturalena.
  • ...

 

 

 

EUSKALKIAK EREMU GUZTIETAN BEHARREZKO

  • Euskalkiak eskoletan erakutsi/erabili beharko lirateke (batuarekin batera, tokian tokikoa), ikasleen euskara aberasteko.
  • Eskoletan hizkera informala (gazte hizkera) eta ahozkotasuna lantzea beharrezkoa da (bestela, erdaretara jotzen da) eta euskalkiek aukera hori ematen dute.
  • Hedabideetan euskalkiak gehiago entzunez gero, errazagoa izango litzateke euskalki diferenteak ulertzea eta baloratzea.
  • Euskalkiak gaitzetsi/baztertu egin dira, eta hiztun asko konplexuz beteta daude: euren euskara ez dela ona uste dute. Hori aldatzea komeni da.
  • Euskalkiek nortasun-marka (bestela, denak berdin) eta naturaltasuna ematen dute; batua artifiziala gerta daiteke batzuetan.
  • Aniztasuna eta aberastasuna: jolaserako aukera ematen dute (sinonimia, hitz-jokoak, doinuak...), eremu informaletan zein formaletan.
  • ...

 

Nork bere iritziak defendatzeko, argudioak eta azalpenak erabiliko dituzte ikasleek. Besteen iritziak entzun eta adostasunetara iristea komeniko litzateke: ez da lehia bat, eta ez dago galtzailerik edo irabazlerik. Eztabaida formalen ezaugarriak azalduko ditu irakasleak: nola argudiatu, zer formula edo testu-antolatzaile erabiltzen diren, eta abar (ikus sekuentzia didaktiko hau, bereziki 84-85 orrialdeak).

 

 5. Ekoizpena partekatzea. Ahozko aurkezpena/azalpena/eztabaida egingo dute ikasleek. Horiek bideoz grabatzea interesgarria izan daiteke, irakasleak ez ezik ikasleek beraiek ere baloratu ahal izateko. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea. Irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak).

 

Ebaluazio-irizpideak

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio-gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde-dinamika ala arazoren bat izan duen.


Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio-irizpideak:

– Ea gai den zenbait erabilera-eremutako ahozko eta ikus-entzunezko testuak interpretatzeko eta balioesteko, eta horretan, ea bereziki kontuan hartzen dituen hezkuntzan eta hedabideetan sarri-sarri erabili ohi diren testuen funtzio soziala.

– Ea badakien ahozko aurkezpenak egiten eta ea gai den, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz, aldez aurretik prestatutako eskema bati jarraitzeko.

– Ea modu aktibo, erreflexibo eta pertinentean parte hartzen duen ikaskuntza helburu duten ahozko interakzioetan, eta horretan, ea gai den azalpenak eta argudioak modu pertinente eta egokian emateko.

– Ea gai den zenbait erabilera-eremutan erabili ohi diren euskarri digital eta analogikoko idatzizko testuak interpretatzeko eta balioesteko, eta horretan, ea bereziki kontuan hartzen duen azalpenezko testuek (1. mailan), pertsuasiozko testuek (2. mailan), iritzi-artikuluek eta zientzia-dibulgazioko testuek zer funtzio sozial duten eta zer balio transmititzen dituzten.

– Ea gai den, aldez aurretik egindako plangintza bati jarraituz, gaurkotasun handiko gaiei eta curriculumarekin, hizkuntzarekin nahiz literaturarekin lotutako gaiei buruzko idatzizko testuak zorrotz, argi eta akatsik gabe ekoizteko (azalpenezko eta argudiozko testuak, batik bat).

– Ea, testuak interpretatzean eta sortzean (hezkuntzan sarri-sarri sortu ohi diren azalpenezko eta argudiozko testuak batik bat), gai den hizkuntzaren planoei buruzko ezaguerak modu erreflexiboan identifikatzeko eta erabiltzeko.

– Ea gai den ikasturtean zehar landutako literatura-lan eta -pasarteetako edukiak interpretatzeko, eta horretan, ea erabiltzen dituen literatura-formei, -garaiei eta -egileei buruzko ezaguerak.

– Ea gai den, ikasturtean landutako garai eta mugimenduetako lanik adierazgarrienak irakurri ondoren, testu-iruzkin kritikoak egiteko.

– Ea badakien hizkuntza-aniztasunaren berri, eta ea gai den errealitate hori kontzeptu sozio-linguistikoak erabiliz kritikoki interpretatzeko.

– Ea gai den, informazioa bilatzean, aukeratzean, komunikatzean eta zabaltzean, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu autonomo, eraginkor eta kritikoan erabiltzeko.

– Ea gai den hizkuntzak ikastean tartean diren ikaskuntza-prozesuez gogoeta egiteko, eta horretan, ea baduen konfiantzarik bere gaitasunetan.

Angèle Mendiburu (Makea, 1931): Etorri nizalaik, Baionan, merkatüan, entzuten zinuen asko eskuaraz eta kaskoinez.

Manex Lanatua (Ahatsa, 1948): Mundua dena, hemen, inguruko…genuen jende guzia eskuaraz mintzo zen. Eskuara mintzo zuten. [Denak?] Denak, denak, denak, denak.

Angèle Mendiburu: Eta horgo, Baiona ttipiko denda gehienetan eskualdunak ginen. Ba, ba. Harategiak ala bolanjerian eta…ala ondoan zen “Guyenne Gascogne” deitzen zen lehenao, han ere eskualdunak ziren. Eta bolanjerian ere, hiruetaik biak eskualdunak ziren.

Manex Lanatua: Orai ez da batere gauza bera. Orai hemen berean, Ahatsan berean, eskualdunak gira minorian. Hori da. Eta lehenago kanpotarra zen minorian, bakar batzuk besterik ez ziren. Beraz, hek, haiek—nik ezagutzen ditut zonbait— haiek euskara ikasten zuten. Euskara ikasten zuten, beharrezkoa zen, ez zuen beste nehork mintzatzen frantsesik eta.

Gratien Jocou (Beskoitze, 1935): Haurrak ginelaik, guk katixima eskuaraz ikasten ginian. Eta bazitüan bizpalau familia, aite-ta-amak ez baitzien eskualdunak, hek frantsesez egiten zuten bere katixima.

Xelextin Saroiberri (Urepele, 1919): Eskuaraz mintzatzen ginen elgarren artian, nahiago giniin ba frantsesez baino! Ez gainakin biziki frantsesa eta eskuaraz usatiak ginen, ta bai... Hartako, ez baiginen gero untsa segitzen eskolan, aizu, frantsesa ez giniin untsa egiten ta. Nahi zuten ikastia're, doaika, hareatik ez ginuzten uzten, hareatik.

Zelie Haranberri (Izura, 1929): Ta hor´e punizione bazinian eskuaraz ari izanik. Hola zun ordian. Moda. Ez zun euskaraik egiten ahal, ordian frantsesa behar zin.

Manex Lanatua: Ni oroitzen naiz eskolan, nik ere ukan dut, e. Hemen arbela bat ezartzen zidaten eta idatzia zen: “Je suis basque, je suis bête”E? “Eskualduna naiz, zozoa naiz”. Ikusten duzu? Eskuara mintzatzen ginuelakotz.

Xelextin Saroiberri: Eskuaraz mintzatzia bera gaizki zen. Punitzen gintuzten. A, ba, ba, ba.

Erramun Negelua (Gamarte, 1935): Geo hantik atera ta gu elgarrekin eskuaraz ari ginen! Ba, bistan dena!

Extefana Irastorza (Hendaia, 1925): “Ama, baduzu kadira bat jartzeko?” ta “Ba. Zertako?” ta “Jar zaite. Eskolan eskuaraz erakutsiko dut!”, “Aaa. Zuk eskuaraz erakutsiko duzu eskolan?? Eta ni "punni" egon naiz eskuaraz hitz bat in nuelako?" Eta orduan, nere buruan baitan, nere baitan, pasa zen zerbeit "A! horra zure norbeit… —ez, ez nuen hola pentsatu—, hi ere norbeit bahitzela hire eskuararekin!"

Maddi Sarasua (Itsasu, 1995): Eta gauza da, Itsasun pasa dena… Bon, denetan pasa dena ene ustez, e, mais generazio batek, hain gaizki ikusia zen, debekatua eskoletan ta hola, galdu duela euskara eta hartu duela usaia mintzatzeko frantsesez. Eta bai etxeetan ere transmisio hori etena izan da.

Extefana Irastorza: Gue ondotik ez da eskuara xaharrik gehio, e! Nik’e nahasten ditut hitz batzuek. Gaztiekin edo irratiakin edo…

Emile Larre (Baigorri, 1926): Ta luzaidar guziekin ni eskuaraz ai nuk. Baina han nizalaik, jin kazeta(r)en erosten jin dadila beste luzaidar bat, beren artian ez dek eskuaraik adituko. Eta eskuara enekin nik bezala badakie! Eta ene eskuara bera die! Gogorra da, e, hori. Izigarri. Plazaratze hori edo… Gero, han gutiago direlakotz edo urrungo herri bat direlakotz…

Maddi Sarasua: Ikasi dutenek ikasi dute ainitzetan edo ikastolan… Adibidez, guk ikastolan ikasi dugun euskalkia, beraz, ez da itsasuarra, eta amak ere ikasi duena, be ez da izan… Enfin. Ta beste batzuk halere atxiki dute etxean baserriko hizkuntza eta hoiek badute, gazte hoiek… Gaur egun, halere, badira, bai, holako batzuk badutenak euskara etxeko hori, mais biziki desberdina da ikastolan ikasi dugunaen…

Joaquin Arizaga (Biriatu, 1929): Nik uste normal da ikastolan eskuara jartzia. Orai, [ni berzela zein da?] Bestela, Bilbaora joaten baze, ez duzu deus konprenituko, nik behinpin ez dut asko ingo, ta zuk ezta, ta Xuberora joaten banaiz'e ez!

Emile Larre: “Euskara” hitza bera. Ba, hori ere jadanik eta... zer artian, reboluzione artian. “ Ze? Gu eskualdunak gira nornahi baino gehiao! Hori aitu diau beti! Ze…? Eta ez dugu deus´e… Gu baino eskualdunagorik nehor ez da!”. “Ba, bainan Eskual Herria ez da hemen fini”.

Joaquin Arizaga: Nahi badugu eskuara bat izan, behar dugu denak igual ikasi! Ez?

Extefana Irastorza: Eskuara behar baldin badugu betu, bon, utzi behar da jakintsuneri edo responsabilitatia duteneri, mais, nik... eta gustura egiten dut eskuara xaharra... eskuara xaharren errespetua ere izaitia. Zeren nere aitak nere eskuaran... nik aita ta amakin ikasi dut eskuara, eta gero ikusten dut baditugula hitz anitz galduak.

Jean Haritxelar (Baigorri, 1923): Bakotxak badu bere zera, bere euskalkia. Bainan elgarrekin ari gara. Eta hor nik uste dut badela holako erakaspen bat: jenden artean hizkuntza bat, bakotxak baduelarik beste hizkuntza —enfin, euskalkia—. Eta bere euskalkia atxikitzen duela.

Samuel Biscay (Aiherra, 1988) eta Leire Barbier (Aiherra, 1988):

- Samuel: Gure hitz…

- Leire: Bai, ari naiz pentsatzen…

- Samuel: “Untsa”.

- Leire: Zuk “untsa”?

- Nik “untsa” beti.

- Elkarrizketatzailea: “Untsa” asko esaten duzu?

- Untsa. Nik beti. Untsa. Be Aiherran [...] hasi ginuen parezkatzea hori nuen lehenik… enfin, bitxi egin […]. Nik “untsa” beti […] eta beraiek “untsa” ez ulertzen. Haientzat “untsa” da arrunt iparraldea bakarrik. Enfin. Eta ene ustez… Nik uste nuen “untsa” denek ulertzen zutela.

Extefana Irastorza: Hor jaten... jarrita dien toki hori, guk “ipularra” deitzen dugu.
“Ipularra”. Nun da killua? Ipularrian. Bon. Ipularra. "Sorropila" zonbeitek, guk "ipularra", lehenoko eskuara xaharrian.

Leon Telletxea (Urruña, 1925): Biziki… Ba, pollita zait Hazparne aldekua, la région de Hazparne. Horko eskuara gustatzen zait, Nabarrekoa baiño gehio. Horra. “Zetako?” errain nauzu. Ez dakit. Nere beharrietako… [Goxuago?] Ba, Hazparren aldekua.

Mixel Sainte-Marie (Landibarre, 1926): Hazparnekua. Hazparnekua hootako hobena, e. Ba. Enetako. […] Guria hobena.

Leon Arambel (Aldude, 1932): Bazien saratarrak. Hek… hek eskuara guria baino pollitagoa iruditzen, e. Ba. [Politxao?] Politxao. [Bada guria baino pollitagorik oraino?] Ba, alderdi hartakuak… ene iduriko, e! Ene iduriko.

Mixel Sainte-Marie: Amikuzek badu bere hizkuntza bat berexa, e. Ta Landibarren ez da biziki pratikatzen, e. Ez. Donapaleuk… Donapaleutik harat Amikuze. Guk nahiago dugu Garazikua. Garazi eta Hazparne.

Pierre Etxeleku (Arbona, 1923): Bo, finitzeko, eskuarak segi dadiela hola, behar den bezala, eta hemengo usaiak segi daitziela.

-Historian zehar Lapurdiko eta Nafarroa Behereko hizkerak bereizi egin diren arren, haien

arteko aldea txikia da egun eta multzo berean sartu ohi dira: nafar-lapurtera.

-Gai honekin lotutako beste bideo batzuk:

Gazteak euskalkian

Gipuzkera (erdialdeko euskara)

Zuberera

Bizkaiera (mendebaldeko euskara)

Nafarrera

-Euskalkiei buruzko beste bideo batzuk:

Euskara batua eta euskalkiak

Euskalkiak hezkuntzan eta hedabideetan

Euskalkiak eta umorea

Euskalkiak: ezin elkar ulertu?

Euskalkiei buruzko iritziak

-Ikus nafar-lapurteraren ezaugarriak Ahotsak.eus webgunean. Ikus Koldo Zuazoren euskalkiak.eus.

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza