Betiko kanta-jolasen transmisioa

Ahozko literaturan kantagintza eta jolasa eskutik helduta doaz maiz. Zazpi kanta-jolasekin osatu dugu bideoa. Adinekoen testigantzetan oinarrituta, Eibar, Elgoibar eta Aretxabaletako umeek kanta-jolasak ikasi eta erabili egin dituzte.

Mailak: DBH

Proiektuak: EIMA 2.0. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan

Ikasgaiak: Euskara eta Literatura

Gaiak: Aisialdia, Kanta-jolasak

4,80 puntu 5 izarreko maximotik
5 iritzi guztira

Ikasleengan bultzatu nahi diren jarrerak:

- Garai bateko bizimodua eta kultura ezagutzeko interesa

- Gizabanako oro errespetuz tratatzeko asmoa. Denen iritziak arretaz entzun eta kontuan hartzeko borondatea

- Kantatzeko eta jolasteko irrika

- Ahozko ondarea ezagutu, erabili eta balioesteko gogoa

 

Bideoa ikusi aurretik:

  1. Gaiaren aurkezpena egingo dugu. Aurre-ezagutzak aktibatuko ditugu.
  2. Betiko kantak eta jolasak izango ditugu hizpide, aurre-ezagutzak aktibatzeko. Gisa honetako galderak egin ditzakegu:

-Nolakoak dira ezagutzen dituzuen kanta-jolasak? Zerrendatu egingo ditugu (biribilean egitekoak, sokasaltokoak, zotz egitekoak, esku jolasak, aulkiaren jokoa…).

-Non eta nola ikasi zenituzten kanta-jolas horiek?

-Zuen gurasoek egiten zituzten jolasak berdinak al ziren? Eta aitona-amonenak? Iritsi al da zuengana garai bateko kanta-jolasik?

-Gustatuko litzaizueke antzinako kanta-jolasak ezagutzea? Zergatik?

 

Bideoa ikusi bitartean:

1.Bideoa ikusi aurretik zituzten aurre-ezagutzak eta bideoa ikusi bitartekoak alderatu, ea aurrez hitz egindakoarekin bat datozen.

2.Euren arreta erakarri duten pasarteak gogoan hartu.

3.Ulertu ez dituzten hitzak, esaerak edo erreferentziak apuntatu. Adibidez, Txantxurrillo edo Txantxibiri abestia garai bateko bizimoduaren isla da. Senide asko izaten ziren etxeetan, eta diru gutxi egoten zen. Aho gehiegi, elikatzeko. Horregatik, garrantzitsua zen seme-alabak ezkondu eta etxetik joatea; alabak bereziki. Semea izaten zen maiorazgoa, etxejabe bihurtzen zena, eta hari fundamentua izatea eskatzen zitzaion. Burla-haizea duen kanta da, abestikoari ez baitzaizkio alabak ezkontzen, eta semeak ganora gutxikoa dirudi (bizarra egin gabe izatea eta arropa zaharrekin ibiltzea da horren erakusle).

4.Bideoa behar adina aldiz ikusiko dute, informazio guztia barneratzeko.

 

Bideoa ikusi ondoren:

  1. Ulermena ziurtatu. Zalantzak argitu.
  2. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

-Ezagutzen al zenituzten ikusi ditugun kanta-jolasak?

-Horiek ikusita, gogoratu al duzue beste kanta-jolasik?

-Zer iruditzen zaizue aitona-amonei jasotakoa haurrei erakustea? Etxeetan ematen al da transmisio hori? Lehen sutondoan hainbat belaunaldi elkartzen ziren. Gaur egun, berriz… zein dira, zuen ustez, gertatu diren aldaketa handienak (teknologia berriak, guraso biak lanean, familia txikiagoak, aitona-amonekin bizi ez…)?

-Kasu batean, kantari kutsu erlijiosoa kendu diote: ‘Andra Joxepa tronpetan’ kantan, “kristoren zoragarri, jarri belaunbiko, Adora Jesukristo” zatia kendu dute. Ondo ikusten duzue kanta-jolasak garai berrietara moldatzea?

  1. Bideoan ikusitako kanta-jolasetako bat (edo gelan aipatu direnetako bat) aukeratu, eta jolas egin dezakegu (gelan dugun espazioa eta aukerak kontuan hartuta).

 

  1. Azken ekoizpena:Hainbat ekoizpen gara daitezke. Lau adibide (ikasleek aukera dezakete, eta baita ordezko beste ekoizpenen bat proposatu ere edo proposamen bat baino gehiago egin):

 

  • “Zu zeu elkarrizketatzaile”. Ikasleak kazetari bihurtuko dira, ahozko ondasunaren biltzaile. Elkarrizketatzaile bihurtu, eta herriko kantak eta jolasak jasoko dituzte, adinekoei elkarrizketak eginez. Talde txikietan banatu (2-3 ikasle), eta talde bakoitzak pertsona bat elkarrizketatuko du, bere umetako kanta eta jolasen berri izateko. Galdetegia guztien artean presta dezakete, gelan.

Elkarrizketa bideoan grabatzea gomendatzen dugu (ikus jarraibide orokorrak), gero ikasgelan ikusi ahal izateko, eta komenigarria litzateke elkarrizketatuari argazkia ateratzea ere. Ikasleek aurkezpen txiki bat prestatuko dute (elkarrizketatuaren biografia laburra, adibidez; nondik ezagutzen duten, etab.), bideoa erakustearekin batera ikaskideei azalpenak emateko.

Ondoren lanketarekin jarraitzeko aukera batzuk:

  1. Grabazio guztietako kanta eta jolas politenekin ikus-entzunezkoa(k) prestatzea, sare sozialen bidez ikastetxean zein herrian zabaltzeko (lan hau egiteko bideoak editatzeko programaren bat ezagutu behar dute eta ereduak eman beharko zaizkie). Posible da gero grabazioak eus artxibora bideratzea (adibiderako, ikus Lekarozko institutoko ikasleek egindako grabazioak).
  2. Jasotako kantak HHko edo LHko ikasleei erakustera joatea.
  3. Umeak bideoan grabatuz gero, materiala Ahotsak proiektura bidali eta Ikasgelan webgunerako bideo-fitxa berriak ere sor ditzakete (ikasleak agertuko lirateke egile gisa).
  4. Bideoen erakustaldia egin daiteke ikastetxean eta sare sozialen bidez ere zabaldu.

 

  • “Historia egiten”. Ikasgelan webgunean sasoi bateko kanta eta jolas ugari daude jasota, eta bakoitzak bere fitxa dauka. Talde txikietan jarri (2-3), eta taldetxo bakoitzak kanta/jolas bat edo bi aukeratuko ditu (ez badira ados jartzen, zotz egin dezakete):

1-Alpargatak urratuta

11-Astoka

21-Dingilin-dangolon

2-Amandre gorringo

12-Artalataiko

22-Don don Kikilikon

3-Andre Madalen

13-Potxoloka

23-Dona dona katona

4-Antontxu zara zu

14-Binbili-bonbolo

24-Egurretan

5-Arre arre mandako

15-San Juan Portaletaña

25-Tren txartelak

6-Goazen baratzera

16-Haria mataza

26-Txingoka

7-Horra hor goiko

17-Kastorrean

27-Katarramixon

8-Kukurruku

18-Maru-marutxo

28-Libiri eta labero

9-Txirikiletan

19-Orratzetan (+punta eta buru)

29-Tortolosak (hartzea eta jiratzea)

10-Txakurtxua

20-Txapa lasterketa

30-Txingor-gainean

Bideoak ikusi, fitxak aztertu (informazio guztia begiratu) eta sarean informazio gehiago bilatuko dute. Ondoren, aurkezpen txiki bat prestatuko dute. Gelakideen aurrean ahoz (paperik gabe) azalduko dituzte aukeratutako/egokitutako kanta edo jolasen nondik norakoak. Puntu hauek izan ditzakete kontuan:

-Kanta edo jolasaren izena

-Kantatu (kanta baldin bada)

-Jakingarriak/testuingurua (non eta nori jasotakoa da? Beste bertsiorik badauka? Historia pixka bat)

-Jolas-arauak (nola jolastu? Zer behar da? Zein adinetarako da aproposa?)

-Erakustaldi txiki bat egin (posible denean; antzerki pixka bat egin dezakete, ume txikiak imitatuz adibidez)

-Bideoa erakutsi

Fitxak hobetzeko proposamenik izanez gero, jarri harremanetan Ikasgelan webgunekoekin eta helarazi. Eskertuko dute.

 

  • “Jolasten”. Bideoan agertzen diren kanta-jolasak (edo beste batzuk; ikus Ikasgelan webguneko guztiak) ikasi, erabili eta txikiagoei erakutsi, ikastetxean:

Txakurtxua http://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak/txakurtxua

Atxia-motxia http://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak/atxia-motxia

Andra Joxepa tronpetan http://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak/andra-joxepa-tronpetan

Kiskilla-miskilla http://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak/kiskilla-miskilla

Arriola marriola http://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak/arriola-marriola

Kukua korroan http://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak/kukuarena

Kukua txaloka http://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak/kukuarena-ii

Txantxibiri edo txantxurrillo http://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak/txantxibiri-edo-txantxurrillo

Taldeka ipini (4-5 ikasle) eta zirkuitoa egin dezakegu, kanta-jolasak ikasteko. Talde bakoitzak jolas bat prestatuko du. 2 ikasle jolasa esplikatzen eta kanta erakusten geratuko dira, txandaka, gune bakoitzean, gainerakoak gunez gune doazen bitartean.

Ondoren, bozketa egin daiteke, eta jolas politenak aukeratu, gero HHkoei edo LHkoei erakusteko. Egun bat jarri daiteke, umeekin patioan jolasak egiteko. Ahal bada, lanketak bideoan grabatzea da onena, aurrera begira ere erabiltzen jarraitu ahal izateko (bideo muntaia txiki bat ere egin daiteke grabatutako kanta eta jolas guztiekin; horretarako, ikasleek edizio programaren bat ezagutzea komeni da).  

 

  • “Sormena lagun”. Kanta-jolasak asmatuko ditugu. Sokasaltorako jolas gutxi dago euskaraz. Eta berdina gertatzen da txalo joz egiten diren esku jolasekin; gehienak gaztelaniaz dira. Zerrenda ditzatela bururatzen zaizkien sokasalto eta txalo jolas guztiak.

Talde txikietan jarri, eta berriak asmatuko dituzte. Letra hutsetik sor daiteke, edo bestela posible da ezagutzen dituzten abesti edo bertsoak kanta-jolas bihurtzea ere. Erabili irudimena!

Sortutako kanta-jolasak gelakideei azaldu, eta denek elkarrekin jolas dezaketa. Bideoz grabatzea ondo legoke, eta sortutako kanta-jolas guztiekin muntaia txiki bat ere egin daiteke (ikasleei edizio programaren bat erabiltzen erakutsi). Ondoren, umeei erakustea izango litzateke onena; sortutakoaren transmisioa egitea, alegia.

 

5- Ekoizpena partekatzea. Azken ekoizpenaren emaitza ahoz ematea lehenetsiko da, emaitza dena delakoa dela ere: kanta, jolasa, aurkezpena… eta, ahal dela, bideokamerarekin grabatzea (ahozko jardunen bilakaera ikusteko). Aurkezpen guztien ondoren, galderentzat, hausnarketentzat eta iritzientzat tartea izango da. Ikasleek ahozkoa eta idatzizkoa bereizten ikastea komeni da, eta pixkanaka ahozko jardunean gero eta hobeto moldatzea (irizpideak proposatzeko, irakasleari baliagarri gerta dakizkioke: ahozkoaren ezaugarriak eta baliabideak). 

 

Ebaluazio-irizpideak:

Ikasleen autoebaluazioa. Ikasleek beraiek autoebaluazioa egiteko, egin ditzakegun galderak:

Edukiari buruz

-Ea gaiak bere interesa piztu duen.

-Ea gaiari buruz ikasi izanaren sentsazioa duen: gutxi-zerbait-dezente-asko.

Ikaste-prozesuari buruz

-Ea bideoa eta testigantzak baliagarriak gertatu zaizkion.

-Ea ikaste-prozesua gustukoa eta eraginkorra izan den berarentzat.

-Ea informazioa bilatzeko arazorik izan duen edo erraza gertatu zaion.

-Ea guztira informazio berri asko jaso duen eta hausnartzeko balio izan dion.

Bere komunikazio gaitasunei buruz

-Ea iritzia lasaitasunez emateko aukera duen ala zailtasunak izan dituen.

-Ea ahozko ekoizpenean lasai sentitu den eta nahi zuena azaltzeko gai izan den.

-Ea pozik dagoen ekoitzitako lanarekin.

Talde-lanari buruz

-Ea talde-lanean eroso sentitu den eta aberasgarria gertatu zaion.

-Ea ondo baloratzen duen talde dinamika ala arazoren bat izan duen.



Irakasleak aintzat hartu ditzakeen ebaluazio irizpideak:

- Ea buruz dakizkien bertsoak eta kantuak (tradiziokoak nahiz egungoak), eta errezitatu nahiz abesten dituen.

- Ea interpretatzen duen euskal kulturako ondarean aurkitu daitezkeen adierazpen, esaera edota kanta-jolasen esanahia, eta horiek erabiltzen dituen.

- Ea literatura-adierazpen herrikoietatik jasotako adierazpen-baliabideak sormenez erabiltzen dituen.

- Ahozko aurkezpen errazetarako, ea informazio garrantzitsua bilatzen eta hautatzen duen, hainbat iturri erabiliz: analogikoak, ikus-entzunezkoak eta digitalak.

- Ea informazioa forma logikoz antolatzen duen, hartzailearentzat ulergarria izan dadin.

- Ea erabiltzen dituen bere diskurtsoan tonuarekin, keinuekin edota gorputzaren jarrerarekin lotutako alderdiak.

- Ea behar besteko autonomia ageri duen zeregina planifikatzean eta egitean.

- Ea erabiltzen dituen ikus-entzunezko baliabideak eta informazio- eta komunikazio-teknologiak, laguntza moduan, ahozko aurkezpenak egitean.

- Ea modu naturalean esku hartzen duen, eta bere ikuspegia azaltzen duen.

- Ea bere iritzia arrazoituz azaltzen duen.

- Ea bereizten dituen informazioa eta iritzia.

- Ea gezurtatzen dituen besteen argudioak.

- Ea dauden ikuspuntuak alderatzen dituen eta berea berrikusten duen.

- Ea zentzuzko ondorioak ateratzen dituen.

- Ea erantzuten dien norberaren esku-hartzeari buruzko galderei.

- Ea galdera eta azalpen egokiak ematen dituen gainerakoek esku hartzen dutenean.

- Ea errespetatzen dituen gainerakoen esku-hartzeak eta txandak errespetatzen dituen.

- Ea parte hartzen duen taldean egiten diren elkarrizketetan.

- Ea gainerakoekin lankidetzan aritzen den, eta, talde-lanak egitean edo arazoak konpontzean, dagozkion erantzukizunak betetzen dituen.

- Ea edonolako bazterketa adierazten duten estereotipoak ez dituen erabiltzen.

- Ea euskararen erabilerari lehentasuna ematen dion hainbat komunikazio-eremutan.

- Ea erabiltzen duen bere euskalkia, hala eskatzen duten komunikazio-egoeretan.

- Ea landutako hizkuntza-baliabideak behar bezala erabiltzen dituen.

- Ea erabiltzen dituen mezuak ulergarriago egiteko eta hartzaileak inplikatzeko estrategiak (adibideak ematea…).

- Ea formulazio egokia aukeratzen duen erregistro formalean eta lagunarteko erregistroan jarduteko; hau da, egoeraren eta bertan parte hartzen duen pertsonaren edo pertsonen arabera egokia dena.

- Ea identifikatzen eta zuzentzen dituen hizkuntzaren hainbat alorretan egindako oinarrizko akatsak.

- Ea akatsak ikaskuntza-prozesuaren partetzat ulertzen dituen eta horiek gainditzeko jarrera positiboa duen.

Txakurtxua

Txakurtxua 
txau-txau-txau

Txerritxua 
kurrin-kurrin

Txilibitutxua 
txiruliruli

A ze neskamotza/mutilmotza
a nauan ni!

 

Atxia-motxia

Atxia, motxia, pirulin pan,
nere semie errotan.
Errota txikiñien klin-klan.
Botikario, kalendario,
Hemen etxien zenbat hatz?
X (zenbaki bat, batetik hamarrera) hatz!

 

Andra Joxepa tronpetan

Andra Joxepa tronpetan

Zein da baserriko onena?
Gure ortuan zer dago?
Azaburua loratzen!
Aitatxo ta amatxo!
Urra-urra, Pepetxo!
A la kinkiñera, 
a la samurrera
(umearen izena) Plazaberriko, 
jira beste aldera!

 

Kiskilla-miskilla

Hiru ta hiru sei
Hiru bederatzi
Hamar hemeretzi
Bat hogei
Kiskilla ta miskilla
Hirurogei!

 

Arriola marriola

Arriola marriola
orratza zorrotza
punta gaitza
hari txarra
tira-bira
zirrin zarran
eta zast!

 

Kukua

Aita, nun egiten du kukuak kabia?
Txantxangorri kabian, lapurtuz tokia.
Tralalala, lapurtuz tokia.

Ama, nun egiten du kukuak kabia?
Txantxangorri kabian, lapurtuz tokia.
Tralalala, lapurtuz tokia.

 

Txantxibiri edo txantxurrillo

Txantxurrillo Kamiñerok / Txantxibiri Kaminok

ez dauka dirurik

Hiru alaba dauzka

ezkondu gaberik

Laugarrena semia

kapote zaharrakin

Konejuba dirudi

bere bizarrakin

Txantxibiri-txantxibiri!...

 

-Abesti herrikoiak oinarri hartuta prestatu ditugun beste bideo-fitxa batzuk:

Hiru kanta herrikoi

Kanta tradizionalak eta generoa

-Bideo-fitxa honetako kanta-jolasak ahoz jasotakoak dira. Ahotsak.eus proiekturako elkarrizketatutako adinekoen testigantzetan daude oinarrituta. Ikasgelan webgunean daude bideo-fitxa guztiak, hiru ataletan sailkatuta: kanta-jolasak, jolasak eta abestiak. Hortaz gainera, Jira Bueltan liburu-DVDa ere prestatu dugu, 50 kanta eta jolasekin.

-Kanten kantoia webgunean, berriz, kantak eta bertsoak ditugu jasota.

-Antzinako kantak eta kantak batzeko hainbat lan egin dira Euskal Herrian mende hasieratik hona. Bilduma horiek ere sarean kontsulta daitezke: Euskal kantutegia (Eusko Ikaskuntza) 5.000 partituraz osatutako kantutegia da; musika MIDI formatuan entzun daiteke.

-Sareko beste lotura interesgarri batzuk:

-Jolasguneak guneko jolasak eta abestiak (Urtxintxa).

-Zuztarretatik ahora proiektuko olgetak eta kantu bilduma (Labayru).

-Ikasbil-HABE webgunean ere badaude hainbat kanta herrikoi.

-Kantuan.net webgunea.

-Musikazblai webgunea.

-Zenbait argitalpen:

-Urtxintxa. Materiala ere badaukate salgai beren webguneko dendan; euskal jolasen hainbat bilduma dituzte, eta Jolasguneko APPa ere bertan jaitsi daiteke.

-Betiko jolasak liburua

-Gurasoek seme-alabekin euskaraz jolas egitea sustatzeko Solasean eta jolasean modulua (HABE).

Utzi zure ekarpena

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza